Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Delikako arroila eta ur-jauzia (Amurrio, Araba)

Asier Sarasua 2021/05/19 06:30
Gorobel mendilerroak (eta Gibillo mendilerroaren buztanak) sortzen duten zirku hau, Nerbioi ibaiaren ur-jauzi ikusgarriarekin, Euskal Herriko inguru ederrenetakoen artean dago. Guk behekaldetik egin genuen ibilbidea, arroilan barrena sartu eta ur-jauziraino.
Delikako arroila eta ur-jauzia (Amurrio, Araba)

Delika arroilako bidezidorra (Amurrio, Aiaraldea)

Arabako Amurrion (Aiaraldea) aurkituko ditugu Delikako arroila eta Delikako ur-jauzia (Nerbio ibaiaren ur-jauzia). Gorobel mendilerroaren magalean sortzen du Nerbioi ibaiak ingurune eder hau eta bi ibilbide egin daitezke bisitatzeko: goitik, Gorobel mendilerroan barrena, edo behetik, Delikako arroilan zehar. Guk bigarren hori egin genuen duela aste batzuk, Nerbioi ibaiaren iturburu eta ur-jauziraino eraman gintuena.

Ibilbidea Delika izeneko herritxoan hasten da (Amurrioko udalerriko herriguneetako bat). Aparkalekua herri sarreran dago; txikia da eta garaiz heldu beharra dago. Herrian ere aparkatu daiteke, baina batzuetan sarbidea itxita dago, garaiaren arabera turista larregi jasotzen duelako herriak. Herri osoa gurutzatu eta Delikako Bidezidorra izeneko ibilbidearen hasiera herri barrenean bertan dago.

Delika herria (Amurrio, Aiaraldea)

Delika herrigunea (Amurrio).

Ibilbidea ondo seinalizatuta dago (puntu berdexka batekin, 2021eko udaberrian). 6-7 km inguruko ibilbidea da (joan-etorria), haurrekin ere erraz egitekoa, azkenengo zatia harri artean egiten den arren (haur txikienentzat zailagoa eta oinetako egokiak beharrezko, errekaren egoeraren arabera).

Lehenengo zatia erraza da, harrizko pista bati jarraituz, kotxeentzat erdi-prestatua. Itzuleran horixe egingo zaizu astunena. Kilometro batera, aldiz, harrizko zubi bat gurutzatzen da eta hantxe hasten da benetako ibilbidea. Mendi-bide zoragarria: landak, zelaiak, ganadua, errekaren soinua... eta Gorobel mendilerroa parean, labar konparaezinekin. Hegaztiak erruz ikusiko ditugu ibilbide osoan zehar: belatxingak eta erroiak; txioak, buztangorriak eta fringilidoak; harrapariak (sai arre eta zuriak, zapelatzak, miruak, belatz gorriak, arrano txikiak...), hegazti-fauna aberatseko ingurunea da hau.

Delikako arroila - 01

Harrizko zubia igarota hasten da benetako ibilbidea. Atseden hartzeko mahai batzuk ere badaude inguru honetan.

Delikako arroila - 02

Hemendik aurrerako ibilbidea oso ederra da, Nerbioi ibaiaren ibilbidea jarraituz, Gorobel mendilerroaren magalean.

Delikako arroila - 03

Basotxoak, landazabalak, belardiak, heskerak, labarrak... 

Errekaren ur-mailaren arabera, hasieratik bizpahiru kilometrora bideak kitto esaten du; ez dago aurrera joaterik. Ur gutxi badago, ostera, aurrera jarraitzeko aukera izango duzu; erreka bazterretik edo errekan barrena jarraitzen du bideak. Ibilbidearen zatirik zailena da, nolabait, baina baita politena ere. Zati honetan paisaia berriro aldatuko da, itxiagoa da, añubea, eta harkaitz-labarrak dira nagusi. Ibilbidea nabarmena da, nahiko masifikatuta dagoen leku honetan egunero aurrera-atzera dabiltzan ehundaka zangoen urratuak ondo markatuta.

Delikako arroila - 04

Aurrera egin ahala, bidezidorra estutu egiten da, arroila ixtearekin batera.

Ur gutxi dagoenean, jakina, ur-jauzia agor egoten da (halaxe egokitu zitzaigun), baina bestalde, ur gutxi izateak bide osoa egiteko aukera ematen dizu, ur-jauziaren oinetaraino, zati askotan errekaren ibilbidean barrena, edo errekaren zigi-zaga behin eta berriz gurutzatuz. Amaieran, ur-jauziaren horma ikaragarriak, Delikako ur-jauzi hau ez baita alperrik iberiar penintsulako garaiena, 220 metrorekin.

Delikako arroila - 05

Nerbioi ibaiaren ur-jauzia, Delika - 02

 

Euskal Herriko ikuspegi ederrenetakoen artean dago Gorobel mendilerroak eta nerbioi ibaiak sortzen duten zirku hau.

Nerbioi ibaiaren iturburua

Nerbioi ibaiaren ur-jauzia eta Delikako Arroila (Amurrio, Araba). Argazkia: Eider Palmou (Wikipedia).


Muela mendia (1.055m), Izkiko parke naturalean #100mendi

Asier Sarasua 2021/05/10 23:15
Mendi-buelta zoragarria Izkiko parke naturalean zehar. Korreseko parkinetik abiatuta eta Muela tontorreraino (Bernedo, 1.055m), ibilbide semi-zirkularrean. Haurrekin egiteko modukoa.

Arabako Mendialdean aurkituko dugu Izkiko Parke Naturala, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Santikurutze Kanpetzu artean kokatuta. 1998az geroztik da parke naturala eta 10.000 hektarea hartzen ditu Izki ibaiak sortutako ibarrean.

Korresen (Arraia-Maeztu) dauka sarbide nagusia baina ez bakarra. Besteak beste Apinaiz aldetik (iparralderago) zein Durruma ingurutik (hegoalderagotik) ere sartu ahalko gara parke natural honetan dauden hamaika mendi-ibilbideetara, maila eta itxura guztietakoak (haurrekin egiteko, bizikletan egiteko, hegaztiak ikusteko...).

Lehenago ere idatzi dugu blog honetan Izkiko mendilerroaren inguruan, Apinaizen hasita San Justi eta San Kosme mendietara egindako ibilbidea aipatu genuenean.

Oraingo honetan Korresetik irten ginen, Izkiko parke naturalak daukan sarbide nagusitik eta, azken 6 urteotan 100 mendien lehiaketarako egin ditugun igoeren artean politenetakoa izan da, zalantza barik, hemen aipatuko duguna. Izan ere, Korresetik Muelara (1.055 m) doan ibilbideak denetarik dauka mendiaz eta Izkiko parkeaz gozatzeko, zoragarria baita.

Korres - Muela (1.055 m), Izkiko parke naturalean

Gorago esandako moduan, ibilbideari parke naturalak daukan sarrera nagusian ekin genion, Korresko parkinean. Ondo hornitutako berdegunea da Izkiko harreragune nagusi hau, eta handik abiatzen diren ibilbideen artean ohikoena da Muelara daramana.

Ibilbidea ondo markatuta dago eta ez dago galtzeko beldurrik. Aparkalekuan Izki ibaia gurutzatzen du eta pista oso nabarmen batetik egiten du bideak. Berehala ezkerretara egin eta ibilbideko lehenengo baso irekietan sartuko gara: ametzak, ezpelak, ipuruak... Araba eta Nafarroako latitude hauetako flora ohikoena izango dugu bidailagun. Basoa tarteka mehaztu egiten da, zabalgune irekiak sortuz eta bista paregabeak ekarriz.

Muela (Izki, 1055m) - 01

Izki ibaia, parke naturalari izena ematen diona.

Muela (Izki, 1055m) - 02

Ibilbidearen hasieran pista nabarmen bat jarraitu behar da 500 metro inguruan; laster egiten du ezkerrerantz eta gorantz, parke naturalean barrena.

Muela (Izki, 1055m) - 03

Lehenengo zati honetako basoa ez da batere itxia. Zuhaizti txikiak dira.

Bidegurutze bat aurkitu dugu ordu erdi ingurura. Hemendik aurrera ibilbide zirkularra egingo dugu: ezkerretik igo gara (Casillako lepora eta Durrumara daraman bidetik) eta gero eskumatik jaitsi (Atxamuino izeneko begiratokitik igaroz).

Muela (Izki, 1055m) - 16

Hasierako ameztia, garaiera batetik aurrera, pagadi bihurtzen da. Guk udaberri hasieran egin dugu ibilbidea, inguru honetako zuhaitzak oraindik ostutsik daudela. Udako basoen berde freskoa zoragarria den arren, neguko soiltasun honek ere txunditu egin gaitu.

Muela (Izki, 1055m) - 04

Ordu bete eskaseko ibilbidearen ostean La Casillako lepora heldu gara. Makaleko ikuspegia dugu gure aurrean: Durruma herri polita oinetara, Bernedo atzerago eta Toloñoko mendilerro ia osoa argazkiari markoa ipintzeko (Castillo de Lapoblacion, Peñalta, San Tirso, Cruz del Castillo, Toloño bera...). EHko bistarik ederrenetakoa iruditzen zait niri neuri.

Muela (Izki, 1055m) - 05

La Casillako lepoan hamarretakoa hartu eta gero ezkerretara egin dugu, Muelako tontor hurbilerantz, pala harritsu eta zabal batean zehar, ipuru artean. 10-15 minutuan heldu gara tontorrera eta oraingo honetan Nafarroa eta araba artean dauden mendiak agertu zaizkigu pare-parean, batez ere Kodes mendilerroa eta bere tontor nabarmenenak diren Joar eta La Plana, edota Lokizko mendilerroa apur bat atzerago. Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau.

Muela (Izki, 1055m) - 07

Muelara igotzen, azkenengo zatia. Atzean Lokizko mendilerroa.

Muela (Izki, 1055m) - 08

Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau. Irudian, eskumatara Kodes mendilerroa eta ezkerretara Lokiz.

Muela (Izki, 1055m) - 09

Muela (Bernedo), 1.055 metro.

Muela (Izki, 1055m) - 10

Muelako tontorra, Durruma ederraren gainean; eta, barrenean Toloño.

Tontorrean ohiko argazki eta bideoak atera eta gero, La Casillara jaitsi gara berriro eta, oraingoan, mendebalderantz egin dugu mendi-labarrean. Peña del Santo mendi-tontorraren magaletik igaro gara, haitzean zulatuta dagoen San Roman (Durruma) baseliza bisitatuz, eta aurrera egin dugu tontortxoraino.

Muela (Izki, 1055m) - 11

Peña del Santo tontorraren magala. Santu hori San Roman da, beheko herriari izena ematen diona: Durruma, euskaraz.

Muela (Izki, 1055m) - 12

San Roman (Durruma).

Muela (Izki, 1055m) - 13

Peña del Santo inguruan bazkaldu eta beherantz egin dugu, betiere oso garbi jarraitzen den bidetxingor batetik. Ibilbidearen zati hau marabilli da. Atxamunioko begiratokitik igarotzen da eta handik behera, pagoz, ametzez eta ezpelez inguratuta egiten duzu igoeran atzean laga duzun bidegurutzeraino. Basoan barrena egiten den kilometro bateko bide-puska hau zoragarria da.

Muela (Izki, 1055m) - 14

Atxamuinoko lepotik beherako bidetxingorra.

Muela (Izki, 1055m) - 15

Okilentzat habitat apropos-aproposa da Izki. Okil berde, txiki eta handiez gain, okil ertaina (Dendrocopos medius) da ingurumari honetako altxorra. Bertan daude Euskal Herriko populazio garrantzitsuenak (eta ia bakarrak).

Atxamuniotik behera egin eta bidegurutzera iristean, ibilbide zirkularra bukatzen da eta berriz hasierako igoera egiteko bidetik jaitsi gara, aparkalekuraino.

Azken 6-7 urteotan egin ditugun mendi ibilaldien artean, gehien gustatu zaigunetako bat izan da. TopTen zerrendan dago, ziur-ziur.

Muela (Izki, 1055m) - 17

 

2020an behatutako hegaztien zerrenda #eBird

Asier Sarasua 2021/02/03 17:55

Azken urteotako ohiturari jarraituz (2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019), hementxe laburbiltzen dut azkenengo 12 hilabeteotan behatutako (eta eBird aplikazioari esker zenbatutako) hegaztien zerrenda.

Lehen begiratuan, pandemia urtea ez zen egokiena hara-hona ibili eta hegazti larregi ikusteko, baina mugikortasuna oso mugatuta izan dugunez, Euskal Herritik ia irten ezinda egon gara urte osoan eta, horren eraginez, gure lurraldean inoiz baino hegazti-espezie gehiago ikusi ditut 2020an, 200 espezie inguruNafarroarantz jo dut ahal izan dudanero eta hortxe igarri da gehien (152 espezie ezberdin). Eibar inguruan eta Txingudin ere ohi baino gehiago ibili behar izan naiz eta hor ere nabaritu da (92 eta 82 espezie, hurrenez hurren). Guretik kanpo, Mallorcako oporrek lagundu zuten ikusitako espezieen zerrenda luzatzen, gurean ezohikoak diren txori klaseak behatzeko aukera eman zidalako.

Ikusitako espezieen artean bakarren batzuk azpimarratzekotan, bizitzan lehenengo aldiz behatu ditudan Kuliska hankahori txikia (Txingudin), berdantza miarritza (Oibarren, Nafarroan), Eleonor belatza eta txinbo balearra (Mallorcan) azpimarratuko nituzke.

Saxicola rubetra, pitxartxar nabarra

Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Europako bisitari ugaria udaberriko eta udazkeneko pase-garaian.

Buztanzuri horia, Oenanthe hispanica

Buztanzuri horia (Oenanthe hispanica), Nafarroako Oibarren.

Basoilo handia, Otis tarda

Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak, Nafarroa hegoaldean oraindik bizirik iraun nahian.

.....................................................................

2020an zehar ikusitako hegaztien laburpena #eBird

Hauxe, beraz, 2020an ikusitako espezieen zerrenda eta kopuruak, zuzenean eBird aplikazioak ematen didan laburpena moztitsatsita.

  • Behatutako espezieak: 221
  • Zenbatutako hegaztiak: 27.668
  • Gordetako behaketa-zerrendak: 173
  • Euskal Herrian: 200 espezie inguru:
    • Nafarroan 152;
    • Gipuzkoan 133;
    • Araban 98;
    • Bizkaian 97;
    • Deba Ibarrean 92 eta Eibarren 64.
Antzara hankagorrizta - Anser anser
Branta musubeltza - Branta bernicla
Beltxarga arrunta - Cygnus olor
Beltxarga beltza - Cygnus atratus
Paita arrunta - Tadorna tadorna
Ahate karolinarra - Aix sponsa
Ahate mokozabala - Spatula clypeata
Ipar-ahatea - Mareca strepera
Ahate txistularia - Mareca penelope
Basahatea - Anas platyrhynchos
Ahate buztanluzea - Anas acuta
Zertzeta arrunta - Anas crecca
Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris
Ahate gorrizta - Netta rufina
Murgilari arrunta - Aythya ferina
Murgilari arrea - Aythya nyroca
Murgilari mottoduna - Aythya fuligula
Galeperra - Coturnix coturnix
Eper gorria - Alectoris rufa
Flamenko handia - Phoenicopterus roseus
Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
Txilinporta urrebelarria - Podiceps auritus
Murgil handia - Podiceps cristatus
Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis
Haitz-usoa - Columba livia
Txoloma - Columba oenas
Pagausoa - Columba palumbus
Usapal europarra - Streptopelia turtur
Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
Ganga azpibeltza - Pterocles orientalis
Basoilo handia - Otis tarda
Kukua - Cuculus canorus
Malkar-sorbeltza - Apus melba
Sorbeltz arrunta - Apus apus
Uroilanda handia - Rallus aquaticus
Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
Kopetazuri arrunta - Fulica atra
Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata
Uroilo urdina - Porphyrio porphyrio
Kurrilo arrunta - Grus grus
Atalarra - Burhinus oedicnemus
Zankaluzea - Himantopus himantopus
Abozeta - Recurvirostra avosetta
Itsas mika - Haematopus ostralegus
Txirri grisa - Pluvialis squatarola
Hegabera - Vanellus vanellus
Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus
Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
Txirritxo txikia - Charadrius dubius
Kurlinta bekainduna - Numenius phaeopus
Kurlinta handia - Numenius arquata
Kuliska gorria - Limosa lapponica
Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
Harri-iraularia - Arenaria interpres
Borrokalaria - Calidris pugnax
Txirri kurlinta - Calidris ferruginea
Txirri arrunta - Calidris alpina
Txirri txikia - Calidris minuta
Istingor arrunta - Gallinago gallinago
Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
Kuliska iluna - Tringa ochropus
Bernagorri iluna - Tringa erythropus
Kuliska zuria - Tringa nebularia
Kuliska hankahori txikia - Tringa flavipes
Kuliska pikarta - Tringa glareola
Bernagorri arrunta - Tringa totanus
Marikaka isatsbihurra - Stercorarius pomarinus
Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus
Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus
Audouin kaioa - Ichthyaetus audouinii
Delaware kaioa - Larus delawarensis
Kaio hankahoria - Larus michahellis
Kaio iluna - Larus fuscus
Kaio beltza - Larus marinus
Txenada arrunta - Sterna hirundo
Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis
Aliota txikia - Gavia stellata
Aliota handia - Gavia immer
Ekaitz-txori txikia - Hydrobates pelagicus
Gabai arrea - Calonectris diomedea
Gabai iluna - Ardenna grisea
Zikoina zuria - Ciconia ciconia
Zanga arrunta - Morus bassanus
Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
Ubarroi mottoduna - Phalacrocorax aristotelis
Koartza hauskara - Ardea cinerea
Koartza gorria - Ardea purpurea
Koartza zuria - Ardea alba
Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
Koartzatxo karramarrozalea - Ardeola ralloides
Amiltxori arrunta - Nycticorax nycticorax
Beltzarana - Plegadis falcinellus
Mokozabal zuria - Platalea leucorodia
Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus
Elano urdina - Elanus caeruleus
Sai zuria - Neophron percnopterus
Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus
Sai arrea - Gyps fulvus
Arrano sugezalea - Circaetus gallicus
Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
Arrano beltza - Aquila chrysaetos
Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
Mirotz zuria - Circus cyaneus
Mirotz urdina - Circus pygargus
Gabirai arrunta - Accipiter nisus
Miru gorria - Milvus milvus
Miru beltza - Milvus migrans
Zapelatz arrunta - Buteo buteo
Hontz zuria - Tyto alba
Apo-hontza - Otus scops
Mozolo arrunta - Athene noctua
Urubi arrunta - Strix aluco
Argi-oilarra - Upupa epops
Martin arrantzalea - Alcedo atthis
Erle-txoria - Merops apiaster
Lepitzulia - Jynx torquilla
Okil handia - Dendrocopos major
Okil berdea - Picus sharpei
Okil beltza - Dryocopus martius
Naumann belatza - Falco naumanni
Belatz gorria - Falco tinnunculus
Eleonor belatza - Falco eleonorae
Belatz txikia - Falco columbarius
Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo
Belatz handia - Falco peregrinus
Urretxoria - Oriolus oriolus
Antzandobi arrunta - Lanius collurio
Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis
Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
Eskinosoa - Garrulus glandarius
Mika arrunta - Pica pica
Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax
Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus
Bele txikia - Corvus monedula
Belabeltza - Corvus corone
Erroia - Corvus corax
Pinu-kaskabeltza - Periparus ater
Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus
Kaskabeltz txikia - Poecile palustris
Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
Kaskabeltz handia - Parus major
Dilindaria - Remiz pendulinus
Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla
Kalandria - Melanocorypha calandra
Pirripioa - Lullula arborea
Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis
Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae
Kutturlio arrunta - Galerida cristata
Tximutxa - Panurus biarmicus
Ihi-txoria - Cisticola juncidis
Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta
Benarriz kaskabeltza - Acrocephalus melanopogon
Benarriz arrunta - Acrocephalus schoenobaenus
Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus
Uhalde-enara - Riparia riparia
Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris
Enara arrunta - Hirundo rustica
Enara azpizuria - Delichon urbicum
Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli
Txio horia - Phylloscopus trochilus
Txio arrunta - Phylloscopus collybita
Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus
Errekatxindorra - Cettia cetti
Buztanluzea - Aegithalos caudatus
Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla
Baso-txinboa - Sylvia borin
Txinbo papargorrizta - Sylvia cantillans
Txinbo burubeltza - Sylvia melanocephala
Sasi-txinboa - Sylvia communis
Etze-txinboa - Sylvia undata
Txinbo balearra - Sylvia balearica
Mendi-erregetxoa - Regulus regulus
Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla
Garrapoa - Sitta europaea
Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla
Txepetxa - Troglodytes troglodytes
Ur-zozoa - Cinclus cinclus
Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris
Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
Garraztarroa - Turdus viscivorus
Birigarro arrunta - Turdus philomelos
Birigarro hegagorria - Turdus iliacus
Zozo arrunta - Turdus merula
Euli-txori grisa - Muscicapa striata
Txantxangorria - Erithacus rubecula
Urretxindorra - Luscinia megarhynchos
Papourdina - Luscinia svecica
Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca
Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus
Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
Harkaitz-zozo urdina - Monticola solitarius
Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra
Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe
Buztanzuri horia - Oenanthe hispanica
Buztanzuri beltza - Oenanthe leucura
Mendi-tuntuna - Prunella collaris
Tuntun arrunta - Prunella modularis
Etxe-txolarrea - Passer domesticus
Landa-txolarrea - Passer montanus
Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia
Buztanikara horia - Motacilla cinerea
Larre-buztanikara - Motacilla flava
Buztanikara zuria - Motacilla alba
Landa-txirta - Anthus campestris
Negu-txirta - Anthus pratensis
Uda-txirta - Anthus trivialis
Mendi-txirta - Anthus spinoletta
Txonta arrunta - Fringilla coelebs
Gailupa - Pyrrhula pyrrhula
Txorru arrunta - Chloris chloris
Txoka arrunta - Linaria cannabina
Kardantxiloa - Carduelis carduelis
Txirriskila arrunta - Serinus serinus
Tarina - Spinus spinus
Gari-berdantza - Emberiza calandra
Hesi-berdantza - Emberiza cirlus
Berdantza miarritza - Emberiza hortulana
Zingira-berdantza - Emberiza schoeniclus

 

Eper gorria, Alectoris rufa

Eper gorria (Alectoris rufa) Leontz inguruan, Nafarroa Garaia.

Txoka bikotea bainatzen, Carduelis cannabina

Txoka bikotea putzu batean freskatzen.

Ihi-txoria, Cisticola juncidis

Ihi-txoriak ehunka ikusi daitezke Erriberako leku askotan, besteak beste Arguedaseko arroz-sailetan.

 

 

2020an ikusitako pelikulen zerrenda

Asier Sarasua 2021/01/01 00:00

Azken urteotan egin dudan moduan, hemen gehitzen ditut urtean zehar ikusitako pelikulak (Letterbox bidez jasota, 2018an eta 2019an moduan). Gehienak familiako beste kideren batekin ikusita, gustuak ahal den moduan uztartzen saiatzen. Betiko moduan, zorretan genituen klasiko batzuk, seme-alabekin berrikusitakoren bat, saga ezagunenetako aleak eta nobedade gutxi, egia esteko. Oro har, uzta polita.

2020an ikusitako pelikulak 02

2020an irakurritako liburuen zerrenda

Asier Sarasua 2020/12/30 00:00
Irakurri ezinda pandemia betean.

Pandemia bizian, ustez denbora soberan, eta inoiz baino gutxiago irakurri dut. Ez dakit zeozer koiunturala izan den, urduritasunak ez didala irakurtzen laga, edo zeozer orokorragoa. Izan ere, gero eta gehiago kostatzen zait liburu batean murgiltzea, erabat erakartzen, harrapatzen, gustatzen zaidan liburu bat aurkitzea.

Aitzakiak aitzaki, zenbakiak garbiak dira: pandemiaren urtean sekula baino gutxiago irakurri dut (ikus 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019). Egia da argazki zaharrak digitalizatzen eta antolatzen ere ordu askotxo egin ditudala, baita beste kontu batzuetan ere, baina tira, nik uste beste zeozer dela, irakurketan kontzentratzea gero eta zailagoa egiten zaidala.

Hementxe aurtengo uzta apala.

  • Notas al pie de Gaza, Joe Sacco (Reservoir books, 2010) Blogean
  • Elkarrekin esnatzeko ordua, Kirmen Uribe (Susa, 20)
  • Las aves ibéricas en la cultura popularAntonio Pestana (Tundra, 2017)
  • Denbora galdu alde, Bitoriano Gandiaga (Erein, 1985)
  • Pajarero, Carlos Lozano (Tundra, 2019) Blogean
  • Gran sol, Ignacio Aldecoa (Noguer, 1969)
  • Pájaros y pajareros, Francisco Grajera (Tundra, 2020) Blogean
  • Oriente Medio, Oriente roto Mikel Ayestaran (Península, 2017) Blogean
  • El halcón maltés, Dashiell Hammett (1929)
  • Batita Haundia, Daniel Landart (1994)

Parrapar berbiaz, ohar eta datu batzuk parra-parra

Asier Sarasua 2020/12/19 23:35
Parraparra da Eibarren, beste leku batzuetako txirrista.

Beste euskalki eta hizkera batzuetako txirristari izen ezberdina ematen diogu Eibarren eta inguruko herrietan: parraparra. Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan zein Eibartarrak posta-zerrendan. Oraingoan, hemen berba horren inguruko ohar eta errefentzia gutxi batzuk.

Erreferentzia historikoak

  • Oinarri onomatopeiko garbiko berba da parra-parra (eta bere forma soila, parra).  Forma horretan edo antzeko ohikoagoetan (barra-barra eta farra-farra) nahi adina erreferentzia historiko ditugu hiztegi eta corpus zaharretan. Ikus Azkueren hiztegia edo Orotarikoa (barra-barra sarreran biltzen ditu aldaera guztiak), esate baterako.
  • Erreferentzia guztien arabera, ugaritasuna eta mugimendua adierazten dute parra-parrak eta antzeko aldaerek (barra-barrak eta farra-farrak); baita mugimenduak sortutako soinua ere, batez ere likikoek sortutakoa (urak, txixak,...), baina baita kanikek edo zerealek jaustean sortzen duten mugimendu eta soinu hori ere. Hortxe jausi jakuz kanikak parra-parra-parra...
  • Seguru asko erro horretatik eratorria da parrastada, bi adiera dituena. Batetik likido isurketa adierazten du (txixa-parrastada/farrastada ederra bota dut sagardotegitik irten eta berehala); gainera, labainkada ere esan nahi du parrastadak (edo parrast egiteak, txirrist egiteak bezala): labaindu eta erortzea, alegia.
  • Lehen begiratuan, txirrist, txirrist egin, txirristada eta txirrista formen parekoa osatuko lukete parra, parrast egin, parrastada eta parraparrak.

Parra-parra, Eibarko mutikoen jolas zaharra izatetik, txirrista berriagoaren sinonimo bihurtzera

Goiko erreferentzietan jaso ditudan ezaugarri guztiak bilduz sortu zen, seguru asko, beraz, parraparra (eta ondoren parrapar) sustantiboa.

Izan ere, ez elektronikarik, ez jostailurik, ez telebistarik ez zegoen sasoi bateko jokoa zen parraparrian jardutearena. Eta zer joko zen ba hori? Juan San Martinek halaxe azaldu zuen zer zen parra-parrean jardutea:

"Generalmente juego de chiquillos que preparaban una pendiente arcillosa con agua (en ocasiones orina) para patinar más rápidamente en el tramo preparado al efecto"

Gu ere halaxe ibiltzen ginen Itzio eskola pareko zelaietako aldapetan, 1975 inguruan: txixa-parrastada bota zelai-maldan behera, mendia lokatz labain bihurtu eta handik behera txirrist egiten jaitsi, parra-parra-parra. Likido-ixurketa eta goitik beherako mugimendu labainkorra, parra-parrean ibiltzearen funtsa.

Gure arbasoen Eibarko hizkeran ohiko berba izan behar zen parra-parra (edo parra-parrean) jaistea, gure inguruko hiztegi guztietan ondo dokumentatu delako. Goiko erreferentzia historikoen bidetik, Toribio Etxeberriak farra onomatopeia eta farrastada jaso zituen; eta horiekin batera, hiztegi berean Juan San Martinek parra-parrean jaistea zer den azaldu zuen (labantzen, txirristaka).

Juan Martin Elexpuruk ere jaso zuen Bergarako aitxitxa-amama nagusienen ahotan, Eibarko erreferentziarekin: "txikitan gonbidautzara Eibarrera joaten ginenean han parra-párran ibiltzen ginen, Maria Angela kaleko eskilaretan".

Gure amak ere gogoratzen du Maria Angela kaleko eskailera horietan jaisten zirela goitik behera parra-parra. Merkatu plaza zaharreko eskaileren albo banatara merkantziak igotzeko aldapadatxo labankorra omen zegoen, eta handik jaisten ziren txirrist eginez, parra-parra, ama eta lagunak. Horixe zen neskentzat leku bakarretakoa parra-parra jaisteko, arropa zikindu barik, jakina, 1950 inguru hartan.

Maria Angela kaleko merkatu plaza, Eibar (1950)

Maria Angelako merkatu plaza zaharra eraiki berria, 1950 inguruan.

Artean ezezagunak ziren Eibarren gaur egungo txirristak, toboganak. Gaur egun ezagutzen ditugun tramankuluak, lehenengo metalikoak (edo zurezkoak) zirenak eta gaur egun plastikozkoak, XX. mende erdia ondo igarota hasi ziren hedatzen gurean eta, batez ere, 1970ko hamarkadatik aurrera. Zanbuluak pixkat lehenxeago; ondoren parraparrak.

Trasto berri horiek Euskal Herrira heltzean txirrista izena hartu zuten lekurik gehienetan eta parrapar(ra) Eibarren. Ordura arte jolas bat (eta adizlaguna) zena, sustantibizatu egin zen parkeetako gailu hori izendatzeko; eta parrapar formarekin lexikalizatu zen, amaierako -a galduta. Ez dirudi zaila izango zenik aldaketa hori; izan ere, "jaitsi zaitte parraparrian" bi zentzutan ulertu daitekeelako: baja deslizándote eta baja por el tobogán.

Euskerazko berba zahar horrek, gainera, bizirik eutsi dio harrezkero Eibarren (zinbili-zanbuluak ez bezala). Forma eta adiera horrekin jaso da azken 20 urteotan gurean egindako azterlanetan: Deba Ibarretik euskararen herrira (Zuazo, 2002), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (Basauri eta Sarasua, 2003) eta Eibarko hiztegi digitala.

Urkuzuko parkia (Plazaola, 1962)

Urkizuko parkea 1962an, berriztu berri. Seguru asko hauxe izango zen Eibarko lehenengo parkea. Zibili-zabuluak ikusten ditut, baina parraparrik ez. Gerora etorri ziren Arrateko biak eta Sakun gainekoa, gure haurtzaroan.

 

Parrapar(ra) jatorrizkotik parrapas berrira

Azken belaunaldietan aldaera bat ere izan du jatorrizko parraparrak; parrapas aldaera ere eman du, berba amaierako -r > -s txandakatzearekin. Parrapas aldaera hori gehienbat erdarazko hiztunen artean gertatu da, non parrapas forma ohikoa den Eibarko erdaldunen artean (eta parrapar, ostera, erabat arrotza); azken belaunaldietako euskaldunen artean ere entzuten da parrapasa, gure aitxitxa-amamen sasoian ez bezala.

Jatorrizko parrapar(ra) forma eta parrapas berriagoa aztertuta, esango nuke bilakaera hori nahiko berria dela eta errazago ulertu daitekeela erdaratik edo erdararen (erdaldunen) eraginez, gutxienez. Bakarren bat haserretu egiten zait hori diodanean (Eibartarrak zerrendako hari honetan, esate baterako), hau da, parrapar(ra) > parrapas bilakaera berria dela, bigarren mailakoa eta erdararen eraginez hobeto ulertu daitekeela, baina tira, uste dut nabarmena dela. Gutxienez berria dela; berria behar du eta, derrigor. Hori adierazten duten datuak, nire ustez:

  • Forma biak jatorri berekoak dira eta parra-parra > parrapar > parrapas bilakaera gauzatu da. Hiztegi guztiak forma historiko bakarrera garamatzate (parra-parra). Jatorri onomatopeiko garbikoa eta ondo dokumentatua (goian aipatu ditut parra-parra / barra-barra / farra-farra formen hainbat erreferentzia). Parrapas ez da hiztegi zaharretan agertzen; Hiztegi Etnografikoan (2003) aldaera moduan jaso genuen.
  • Parrapas aldaera "berria" da. Nik uste 1965-1970 ingurutik honakoa dela, baina tira, 10 urteko gora-behera egon daiteke. Horren alde dago Eibar inguruko nagusien artean ezezaguna zela (Eibar, Elgoibar, Bergara...) eta erreferentzia historiko guztietan parraparra bakarrik agertzen dela. Are gehiago, parrapas aldaera "tobogan" berrien agerpenarekin lotuko nuke, garai bateko lokatz gainean parra-parrean ibiltzetik metalezko parrapar trasto berriak ezagutzera igaro ginenera. Horrek nahiko zentzuzko ematen du, parrapar > parrapas bilakaera gertatu ahal izateko, derrigorrezkoa delako lehenengo parrapar sustantiboa sortuta egotea; toboganak existitzea, alegia.
  • Parrapar > parrapas bilakaera errazago ulertu daiteke erdaratik (edo erdararen eraginaren ondorioz, behinipehin), euskaldun hutsen artean gertatutako fenomeno bat baino. Horren aldeko bi datu badaude (ez erabatekoak, egia da): 1) Eibarko erdaldunen artean forma bat eta bakarra erabiltzen da, parrapas (sekula ere ez parrapar); 2) berba amaierako -r > -s txandakatze hori zaila da euskaratik azaltzea  (ez dakit, hala ere, gaztelaniatik ere erraz ulertu daitekeen). Arraroa ere ez litzateke hau guztiau, besteak beste, erdaldunak zirelako Eibarko garai hartako eskolak eta kaleko giroa.

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Asier Sarasua 2020/11/20 22:05
Mendi-buelta polita Eibar eta Elgoibar arteko auzoetan zehar, Eibarko Urkizutik irten eta Urkizura bertara itzulita. Aasuatik gora irten, Santa Kurutz aldera, handik Akondia ostetik Kalamua magalera jo, Elgoibarko San Pedro - Idotorbe auzora jaitsi eta, Zaturixo erreka gaindituta, berriro Eibar aldera, lehenengo Arrateballeko Arizmendi auzunera eta handik behera berriz Azitain eta Urkizura.
Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Eibar eta Elgoibar artean.

Egungo egoera honek hegoak moztu dizkigula ematen du, ez daukagula nora jo eta ezin dugula ezer berririk ikusi, giltzapean itxi gaituztenetik. Andoni Egañak Zabaldu izendatu zuen, ostera, orain dela 10 egun inguruko bere iritzi-artikulua: "Udalerrira mugatu gaituztenez, balia dezagun aukera gure herriko kale eta errepideak ez ezik, estrata eta gurdi-bideak ere ezagutzeko; baserrien izenak ikasteko; landaredia identifikatzeko; hizkera, noiz-non-zein erabili taxutzeko; herriko historia eta istorioak ezagutu eta kontatzeko".

Halaxe gabiltza gu, behinik behin. Lehenago ere etxezale izan gara, egia esateko, baina azken hilabete honetan (edo hilabeteotan) are gehiago. Etxe inguruan gabiltza, halabeharrez baina gustura, gure zelai eta mendietan barrena, andabideak, erromarak eta heskerak gurutzatuz, pagadian gora eta errekan behera, hur-hurreko inguruak bisitatuz eta gertu-gertuko kontuak ikasiz.

Joan zen asteburuan, esate baterako, Eibar-Elgoibar arteko lau baserri-auzotan zehar eman genuen gure ostera. Patxadaz, bide bazterrean azaltzen zitzaizkigunak begiratu eta arnasten. Luze eta lasai.

 

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate

Pasiada ederra. Luzetxoa baina ez gogorregia (hasierako igoera izan ezik, bestela lasaia).

  • Ibilbidea: 19 km
  • Denbora: 7 ordu
  • Tracka: .... ea sortzen dudan! (baina mendian segi zure senari ;)
  • Bidea: Urkizu - Aasua erreka - Gorostaballe - Santa Kurutz - Usartza - Akondia - Pagola - Kalamuako laua - Urkiola (Idotorbe bailara) - San Pedro - Moru - Legarda - Zaturixo erreka - Arrateballe - Arizmendi - Sumendiaga - Eltzartzaga - Azitain - Urkizu.

Esan bezala, Urkizun hasi eta Aasua errekatik gora hasi genuen ibilbidea. Bere txikitasunean, oraindik ere pagadi polita dago hasierako zatian. Bideak ez dauka galbiderik, sasoi bateko andabide zabala da eta. Basoan zehar egiten da Naiorbe baserrietaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 01

Aasua errekako pagadia. Inguru horretan erraza da okilak, okiltxoriak eta eskinosoak ikustea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 02

Aasua errekako pasabidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 03

Naiorbera doan bide zatia. Naiorben txakurrak egoten dira, zaratatsuak baina normalean lotuta.

Naiorbetik aurrera porlanezko pistak ordezkatu du mendi-bide zaharra. Zati laburra da, 500 metro inguru. Lehenengo gurutzebidean eskumatara hartu eta handik gora berriz hartzen da antzinako estrata zaharra, Sagarbitsa baserri parean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 04

Porlanezko pistan egiten da zati bat, han barrenean eskumatara hartu eta berehala berriz mendi-bidean sartzeko.

Sagarbitsatik Santa Kurutzera doan bidezidorra oso polita da. Aurrerago esan dudan moduan, bide hau oso garrantzitsua izan da hainbat mendez Gorosta eta Mandiola bailarako baserritarrentzat. Gurdi-bidea izaki, nabarmenak dira gurdien joan-etorriek harri bigunean lagatako aztarrenak. Elusburu, Upartiño eta Adarratza parajeak gurutzatzen ditu, zuzen-zuzen, Santa Kurutzeraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 05

Santa Kurutzeko gurdi-bidea, Upartiño partean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 06

Gurdiek harrietan zizelkatutako markak, Adarratza inguruan.

Santa Kurutzeko ermitara heldu baino lehenago bertako eskola zaharra aurkituko dugu. Errepublika sasoian eraiki zuten, analfabetismoa gainditzeko eta hezkuntza landa-eremuetara eramateko egindako plangintza zabalaren barruan, eta 1960. hamarkadara arte Gorosta eta Mandiola bailaretako baserrietako ehundaka haurrek ikasi zuten bertan. Gazte ginenean oraindik egoera onean ezagutu genuen: teilatua osorik, barruko gelak nolabait tente, frontoi txikia atarian eta iturri freskoa aldamenean. Pelotan jardundakoak ere bagara atarian. Gaur egun behea jota dago, baina guretako leku ederra izaten jarraitzen du.

Santa Kurutzeko eskola zaharra, Eibar

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 07

Santa Kuruzko eskola, Eibarko Mandiola bailaran. 60ko hamarkadaraino bertan ikasten zuten inguruko baserrietako umeek. Eraikin ederra da, argitsua, leiho zabal eta bista ikusgarriarekin (Anboto aldeko mendiak irudika ditzakezu leihoetatik begiratzen baduzu). Ez da zaila imajinatzea 20 ikasleko talde bat, maistraren eskolak jarraitzen, leiho zabal horietatik sartzen zen eguzki-izpien azpian.

Santa Kurutz leku estrategikoa da. Eibar gainean kokatua, Gorosta eta Mandiola bailarek bat egiten duten tokian. Baserri-auzo horiek existitzen direnetik Santa Kurutz ingurua eta bertako ermita izan dira auzotarren topagune nagusietako bat. Niretzat Eibarko lekurik ederrena da eta makina bat arratsalde igarotzen ditugu bertan, lagunekin, familian, txoritan. Txorizaleen artean Local Patch deitzen zaio norbere txoritoki kuttunenari. Ba, hauxe da nire Local Patcha. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 08

Santa Kurutz, jendez lepo azkenaldiko konfinamendu-egun eguzkitsuetan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 27

Santa Kurutzeko ermita.

Santa Kurutzen ur pixkat edan, guk eta Iatsek, eta Usartzarako bidea jarraitu genuen. Lehenengo zatia, Illo izeneko parajean, berriz ere mendi-bide zaharrean zehar, Arrateko errepideraino; hortik aurrera, porlanezko pistan, Usartzaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 09

Illo inguruan haritz amerikar gutxi batzuk eta gaztaina-arbola banaka batzuk geratzen dira.

Santa Kurutzetik bertan dago Usartza, eta Usartzatik bertan Akondia baserria eta San Pedro ermita. Paraje eta izen historikoa da Akondia Eibarren. Izan ere, Eibar Eibar izan aurretik ere, dagoeneko azaltzen da Akondiako kofradia agiri zaharretan eta Akondiako 1390erako gudaren hotsak ere heldu zaizkigu kantuz kantu, Ibarguen-Katxopinek bere kroniketan jaso zuen bezala, Akondiako gudako kantan: "Akondia lexar baga...".

Mendi eta haran hauetako biztanleak biltzen zituen Akondiako kofradiak edo bailarak. Gaur egun Akondia izeneko baserria daukagu, Akondia mendia (749 m) bere gainean eta Akondiako San Pedro baseliza alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 10

Usartzatik Akondiara bidean.

Akondiako San Pedro baseliza. XVI-XVII. gizaldiko agirietan aipatzen da lehenengoz, nahiz eta gaur egungo eraikina 1800. urtekoa den, haizete batek bota baitzuen aurrekoa. San Pedron aspaldi ez da mezarik egiten, baina antzina-antzinako ohitura bat gordetzen da bertan: ekainean, San Pedro egun bueltan egiten den konjuroa. Abadeak baserrietako lur-sailak bedeinkatzen ditu hodeiak eta txingorrak jo ez ditzan.

Gaur egun dagoeneko galduta dagoen ohitura hori bizi-bizi egon zen, gutxienez, 1950-1960 ingurura arte. Abadeak auzorik auzo joaten ziren, euren ixipuak astindu ahala baserrietako ortu, gari-soro eta arto-sailak bedeinkatuz. Baita eskupeko ona jaso ere, baserritarren eskutik. Gaur egun oraindik konjuroaren oihartzunak entzun ditzakegu Akondia aldean, baina honezkero ez dago gari-sailik eta artasororik gurean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 11

San Pedro baseliza, Akondia, Eibar.

Akondiatik aurrera jo genuen, lau-lau, Pagolarantz. Gure asmoa ez zen Akondia tontorrera igotzea, magalean zehar bueltan-bueltan Kalamuako lautadara joatea baizik. Horretarako, lehenengo Pagolako Txabola baserriko atari paretik igaro behar da. Harraska eta lixibarri ederrak ditu atari alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 12

Pagolako Txabola baserria. Eibarko garaiena (645 metroko garaieran).

Akondia eta Garagoitti mendiak barrenetik inguratu ostean, berehala heldu ginen Kalamuko laura. Bertan egiten dute bat Eibarrek, Elgoibarrek eta Markinak, lautada txiki honen erdian; hortxe amaitzen da Eibar.

Kalamuko laua bidegurutze handi bat ere bada. Usartzatik, Akondiatik, Kalamuatik (eta Markinatik) eta San Pedrotik (Elgoibartik) datozen bideak elkartzen dira paraje honetan. Antzinaroan ere topagunea izan omen zen, edo hori iradokitzen dute inguru honetan aurkitu diren Kanpaizulo, Diruzulo eta Olaburuko trikuharriek. Deba eta Artibai ibarren arteko muga naturalean gaude, egon ere.

Gaur egun ere bidegurutze eta topagune handia izaten jarraitzen du. Are gehiago pandemia sasoi honetan, 100 lagunetik gora zenbatu genituelako hamaiketakoa jaten geunden bitartean! Gustura egoten zen, egia esateko. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 28

Kalamuko laua. Bertan elkartzen dira Eibar, Markina eta Elgoibar.

Hamaiketakoa egin eta Elgoibar alderantz hartu genuen. Inguru hau txikituta dago gaur egun. Pinua atera berri, pistak kamioien joan-etorriekin triskatuta, lokatza erruz. Hala ere, bidea nahiko polita da Urkiola alderaino. Lehenengo pago gutxi batzuen albotik, xuabe-xuabe; gero, Arrate-Krabelindik datorren bide-zidorrarekin elkartzen denean, pagadi txikian zehar, goitik behera.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 13

Kalamuatik Urkiolara (Idotorbe, Elgoibar) doan bidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 14

Pagadi baten hondarrak, Urkiolara heldu baino lehenago, pinuek inguratuta. Izpi-kerizak jolasti; pakea demasa.

Armaixo baserria da Elgoibarko parte honetan dagoen lehenengoa (edo azkena, bai). Ikuspegi zabala dago bertatik. Idotorbe (edo San Pedro) bailarako goiko zati guztia ikusten da eta barrenean Izarraitz eta Karakate-Irukurutzeta aldea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 15

Idotorbe auzoa, Elgoibar.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 16

Urkiola Txiki baserri parean, Iats eta hirurok.

Hemendik aurrera dena da zuzen eta beherantz, pistan zehar, San Pedroraino. Hantxe egin genuen bazkari-pasada txikia.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 17

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Ogitartekoa jan eta bidean aurrera jarraitu genuen, zapatu arratsalde fresko baina eguzkitsuan. Eibarrera itzultzeko bide nagusia San Pedron bertan hartzen da, zuzenean erreka-zulorantz hartuta. Guk, ostera, Moru mendira doan bidetxoa hartu genuen eta Moruko (458 m) tontorrera ere igo ginen, gure bide nagusitik pixkat aldendu behar izan baginen ere. Etxe alboan izan arren, sekula Morura igo gabeak ginen seirok. Morun bertan Burdin Aroko kastro bat omen dago, baina guk ez genuen aurkitu aztarnarik.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 21

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 20

Makina bat urte pinu artean ezkutatuta egon eta gero, une honetan garbi-garbi dago Moruko tontorra (385 m); Elgoibar aldeko ikuspegi ederra, arratsaldeko eguzki-printzekin.

Moruko igoeran berriz atzera egin eta gure bidera itzuli ginen. San Pedrotik Legarda baserrira doana, pistaz. Auzoko azkenengo baserria da Legarda eta baserrira heldu baino pixkat lehenago beherantz egiten du bideak, Zaturio errekara zuzenean.

Oharra: Legardako baserrikoak ezagunak dira (ibilaldi hau egin genuen arteko baten senideak) eta bisita egitera joan ginen, baina kontuan izan hau ez dela San Pedrotik Eibarrera itzultzeko bide ofiziala. Txakurrak solte izaten dituzte (eta azkenaldian sustoren bat eman omen dute) eta Zaturio inguruko larreetan behiak egoten dira. Hortaz, ibilaldi hau egitekotan, hobeto da Legardara jaitsi barik, San Pedrotik zuzenean Zaturiorantz jotea.

Hortxe dago Elgoibar eta Eibar arteko muga, Zaturio (Saturio edo Saturixo) errekan. Ur-emari handi samarrekoa, bere txikian, inguru honetan egoera onena duten erreketako bat da. Eibar aldeko azkenengo ur-txakur edo igaberak ere Zaturixo errekan ezkutatu ziren, Deba eta Ego errekak zikundu ostean, hainbat lekukok aipatu izan didatenaren arabera; baita 1960 ingurura arte ere.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 22

Legardatik behera (baserria ikusten da goian), Zaturixo errekara bidean, Arantzategi izeneko parajean.

Oraindik bertako landaredi apur bat geratzen da erreka zuloan kukututa, makinetatik ihesi. Haltzak, pagoak, urkiak, gorostiak... Leku zirraragarria da, garai bateko edertasunaren lekuko tristea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 23

Zaturixo erreka gurutzatzen.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 24

Zaturixo erreka. Sasoi batean 3 errota txiki mugiarazten omen zituzten erreka honetako urek. 

Behin Zaturixo gurutzatuta, bidea zabala da. Ondo markatuta dago PR marka zuri-horiekin. Maaldegi izeneko parajea gurutzatzen da (gaur egun gehiena pinua da) eta Arizmendi auzune parera heltzen da bidea, Altun eta Itolatza parean. 

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 29

Arizmendira heltzen, Itolatza izeneko inguruan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 25

Barrenetxe baserria, Eibarko ederrenetakoa, ilunabarrera bidean. Arizmendi auzunean 5 baserri daude, garai batean denak ere Arizmendi baserri nagusiari nolabait lotuta egon zirenak: Arizmendi bera, Arizmendi Zelaikua, Arizmendi Sanjuangua, Arizmendi Guena eta Arizmendi Barrenetxe.

Handik behera porlanezko baserri-bidea hartu genuen, Mendigoitti eta Sumendixa (Sumendiaga) ingurutik igaro eta Azitaingo Industrialdera doana. Eta industrialdetik, Untzeta - La Salle atzean laga eta txiri-txiri berriro Urkizura.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 26

Sumedixa baserri barrenean, bidearen azkenengo metroak egiten.

Pasialekuak

Asier Sarasua 2020/11/07 23:00
Egoeriak aginduta, herri erdixa Pasialekuan juan-etorrixan, orain dala 100 urteko aitxitxa-amamen moduan.
Pasialekuak

Amama Jesusa, Amañako pasialekuan (1933)

Kobidak agindutako taberna bariko lehenengo zapatu honetan, herrittik urtetzeko debekuakin, ohittura barrixetara joan gara herrittar guztiak. Ohittura barrixak... edo zaharrak! Izan be, irudittu jata orain dala 80-100 urteko gure aitxitxa-amamen ohitturetara itzuli garala gaur Eibarren (eta Euskal Herriko txoko askotan, seguru asko).

Danok herrixan, danok leku beretsuetan, danok pasiuan.

Orduan sasoian be bazeguan tabernarik, jakina, baina ohitturak oso desbardinak ziran eta jende gazte, lagun-talde eta bikotien plana ez zan izaten zapatu-domeketako arratsaldietan taberna-zuluetan sartzia 4-5 orduz. Batetik diru gitxi, bestetik emakumezkuak ezin sartu tabernetan; gainera, tabernetako girua be desbardina zan: baso haundixan eta sardandeixen sasoia zan. Txikiteua asmatu barik zeguan oindiokan, sinistia gatx eitten bajaku be.

Herrittik urtetzeko ahalmenik be ez zeuken orduan sasoian. Kotxerik ez, jakina, baina ezta garraio publiko ganorazkorik be edonora juateko. Eta dirua eta astixa be justua: zapatuetan biharra (zapatu inglesa orduan hasi zan zabaltzen) eta domeka goixetan be askotan biharrera. Ahal zebanak goizez mendira, eta arratsaldian herri guztia pasiora.

Herriko leku lauetan sortzen ziran pasialekuetan alkartzen ziran gazte gehixenak, lagun-talde eta bikotiak. Hantxe sozializatzen ziran herrittarrak, alkarrekin egon, barriketan jardun, txantxa eta barre egin, alkarren barri euki, planak egin...

Eibarren bi pasialeku zeguazen. Bata, Estaziño kalia, labur baina dotoria; bestia, zabal eta luziena, Ego errekian albotik Amañan barrena Ermura bidian zoiana. Hantxe pasiatzen zeben bikote hasi-barrixak, zestozain eta guzti. Hementxe nere aitxitxa-amamak, esate baterako, 1932ko eta 1933ko sanjuanetan, nobixotan hasi barri, arropa barrixa estreinatzen, eta tia Mari zestozain lanetan.

Amañako pasialekua, 1933 (02)

Aitxitxa eta amama, Amañako pasialekuan (Otaola inguruan). Atzian Torrekua eta Amañako ospittal zaharra. 1933ko sanjuan txiki eguna.

Amañako pasialekua, 1932 (01)

Amona Jesusa, zarauztarra bera. 1932ko San Juan egunian, 18 urtekin Eibarrera etorri eta nobixo barrixakin pasiuan, Amaña inguruan.

Amañako pasialekua, 1932 (02)

Amona ez zan bakarrik etorri Eibarrera. Bere ahizta Mari be etorri zan, jakina, zestozain eittera. Nobixua benetan serixua zala ziurtatu arte ez zan komeni neska gaztiak bakarrik ibiltzia. Nun eta Eibar gorrixan gainera!

Eta 100 urte beranduago, hementxe gaoz, gure aitxitxa-amamen sasoiko planak eitten ostera be. Tabernak itxitta eta Eibartik urten ezinda, herri erdixa alkartu gara gaur arratsaldian Eibarko pasialeku nagusixan, sasoi bateko pasialeku berian, oin barriztuta eta zatartuta, baina oindiokan be Legarretik pasa eta Amaña zihar Ermuraino doiana.

Hortxe ikusi dogu gure burua, Ainhoak eta bixok, Amañako pasialekuan, batekin topo, bigarrena agurtu, hirugarrenakin berba. Aitona Antoniok eta amona Jesusak zapaldutako bidian barrena. Ez gara hainbeste aldatu!

Erromerixia eta iluntzeko dantzia falta ;)

Amañako pasialekua, Eibar

Amañako pasialeku barrixa, Eibar. Argazkixa: Noticias de Gipuzkoa.

Asteburu bat Nafarroa hegoaldean hegaztien migrazio sasoian: pitxartxar nabarrak, bustazuriak, gangak, kutturlioak eta beste (Bardeak, La Mueda eta Arguedas artean).

Asier Sarasua 2020/10/12 18:10
Asteburu bat Nafarroa hegoaldean hegaztien migrazio sasoian: pitxartxar nabarrak, bustazuriak, gangak, kutturlioak eta beste (Bardeak, La Mueda eta Arguedas artean).

Bardeak

Irailean eguntxo batzuk igaro genituen Nafarroa hegoaldean. Sasoi ederra da mendiaz eta naturaz gozatzeko, eta baita hegaztiak behatzeko ere, udazkeneko migrazioa bete-betean egoten delako.

Oibarreko La Mueda urmaelean Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak ikusi genituen; Arketaseko arroz-sailetan espezie migratzaileen joan-etorria zoratzekoa zen; Bardeak ere ikusgarri zeuden, nola ez, urteko ia beste edozein garaitan bezala, orain gorri, orain berde, orain zuri... Eta Zaraitzu eta Erronkari aldetik transhumantzian hara joandako artzain euskaldunek belaunaldiz belaunaldi toponimian lagatako ondarea ere aurkitu genuen: Landazuria, Belcho, Txirimendia, Sardazuri... toponimia euskalduna Nafarroako Erriberan.

Oharra: zuzenketa txiki bat egin dit Mikel Belaskok Twitterren: Bardea iparraldean badago Erdi Aroko bertako euskal toponimoren bat. Txirimendia da horietako bat. Eskerrik asko Mikel.

Landazuria (Bardeak, Nafarroako Erribera)

Landazuria, Bardeetan (Nafarroako Erribera)

Hegaztiei dagokionez, basoiloak ikustea izan zen ezustekorik handiena. Dozenaren bat geratuko dira Euskal Herrian, bizi-iraun ezinda... ia-ia milagroa izan zen bikote bat ikusi ahal izatea. Ingurune idorretako beste espezie batzuk ere ikusi genituen, besteak beste, ganga azpibeltzak eta bustanzuri beltzak, Euskal Herrian beste inon ikus ezin daitezkeenak. Eremu honetan ugari samarrak diren alaudidoak ere aurkitu genituen (kalandria, hegatxabal, pirripio zein kutturlioak), baina iruditu zaitzaidan oraingoan dexente urriago ez ote ziren.

Harraparien antzera. Espezie nagusiak ikusteko aukera izan genuen (arrano sugezalea, mirotz urdina, zingira-mirotza, miru gorria, zapelatza, gabiraia, belatx gorria, arrano txikia...), baina ez ugariegi, beste urte batzuekin alderatuz gero.

Hezeguneetan txirriak, txirritxoak, kuliskak, ihi-txoriak, lezkariak eta benarrizak aurkituko genituen. Eta Afrikara joatekotan zeuden azkenengo erlatxoriak, Nauman belatzak eta pirripioak ere behatu ahal izan genituen. Gainera, buztanzuri arrunten eta pitxartxar nabarren pase izugarria zegoen. Larre-buztanikarak ere hamaika ikusi genituen, euli-txori beltzekin batera (horiek ere migrazio bizian).

Dozenaka espezie, joan-etorri amaigabean, paraje ezin dotoreagoan. Euskal Herriak ematen dizkigu aukera zoragarri horietako bat!

Saxicola rubetra, pitxartxar nabarra

Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Europako bisitari ugaria udaberriko eta udazkeneko pase-garaian.

Basoilo handia, Otis tarda

Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak, Nafarroa hegoaldean oraindik bizirik iraun nahian.

Mozoloa, Athene noctua

Mozolo sinpatikoak (Athene noctua), borda eta txabolen teilatuetan.

Ihi-txoria, Cisticola juncidis

Ihi-txoriak ehunka ikusi daitezke Erriberako leku askotan, besteak beste Arguedaseko arroz-sailetan.

Hona hemen asteburuan zehar behatutako hegaztien zerrenda.

Basahatea - Anas platyrhynchos
Eper gorria - Alectoris rufa
Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
Haitz-usoa - Columba livia
Txoloma - Columba oenas
Pagausoa - Columba palumbus
Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
Ganga azpibeltza - Pterocles orientalis
Basoilo handia - Otis tarda
Uroilanda handia - Rallus aquaticus
Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
Hegabera - Vanellus vanellus
Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
Txirri arrunta - Calidris alpina
Txirri txikia - Calidris minuta
Istingor arrunta - Gallinago gallinago
Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
Kuliska iluna - Tringa ochropus
Zikoina zuria - Ciconia ciconia
Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
Koartza hauskara - Ardea cinerea
Koartza gorria - Ardea purpurea
Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
Sai arrea - Gyps fulvus
Arrano sugezalea - Circaetus gallicus
Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
Mirotz urdina - Circus pygargus
Gabirai arrunta - Accipiter nisus
Miru gorria - Milvus milvus
Zapelatz arrunta - Buteo buteo
Mozolo arrunta - Athene noctua
Argi-oilarra - Upupa epops
Martin arrantzalea - Alcedo atthis
Erle-txoria - Merops apiaster
Naumann belatza - Falco naumanni
Belatz gorria - Falco tinnunculus
Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis
Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
Mika arrunta - Pica pica
Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax
Bele txikia - Corvus monedula
Belabeltza - Corvus corone
Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
Kaskabeltz handia - Parus major
Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla
Kalandria - Melanocorypha calandra
Pirripioa - Lullula arborea
Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae
Kutturlio arrunta - Galerida cristata
Ihi-txoria - Cisticola juncidis
Benarriz arrunta - Acrocephalus schoenobaenus
Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
Uhalde-enara - Riparia riparia
Enara arrunta - Hirundo rustica
Enara azpizuria - Delichon urbicum
Txio horia - Phylloscopus trochilus
Txio arrunta - Phylloscopus collybita
Errekatxindorra - Cettia cetti
Buztanluzea - Aegithalos caudatus
Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla
Txinbo burubeltza - Sylvia melanocephala
Sasi-txinboa - Sylvia communis
Etze-txinboa - Sylvia undata
Txepetxa - Troglodytes troglodytes
Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
Zozo arrunta - Turdus merula
Euli-txori grisa - Muscicapa striata
Txantxangorria - Erithacus rubecula
Papourdina - Luscinia svecica
Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca
Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus
Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
Pitxartxar nabarra- Saxicola rubetra
Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe
Buztanzuri beltza - Oenanthe leucura
Etxe-txolarrea - Passer domesticus
Buztanikara horia - Motacilla cinerea
Larre-buztanikara - Motacilla flava
Buztanikara zuria - Motacilla alba
Landa-txirta - Anthus campestris
Uda-txirta - Anthus trivialis
Txonta arrunta - Fringilla coelebs
Txorru arrunta - Chloris chloris
Txoka arrunta - Linaria cannabina
Kardantxiloa - Carduelis carduelis
Txirriskila arrunta - Serinus serinus
Gari-berdantza - Emberiza calandra

 

 

 

 

Isats txiki bat daukagu etxian

Asier Sarasua 2020/10/12 12:55
Isatsak, gisatsak eta iatsak... edo filologo baten ibilerak txakurrari izena ipintzeko orduan.

Abuztuan haundittu egin jaku familixia. Aspaldi ez-baixan ibili eta gero, abuztu hasieran, etxian zigortuta gendela, hara nun ikusi neban Eibarko basarri batian txakurkumiak eskintzen zittuela.

Ointxe da gure aukeria pentsatu eta hara juan giñan, Gisasola basarriko Jaione eta Mirenengana, gure txikixan bila. Ekainan jaixua, abuztu amaieran jaso genduan eta honezkero familixako kide bihurtu jaku, ziharo. Ardi-txakur, arratoi-txakur eta koli bizardun nahastia, derrigor urten bihar argi eta bizixa. Mimosa potxola bat, esanekua oso.

Dana izan da erreza berakin, izena ipintzia izan ezik. Hor bai bakotxak bere nahi eta gustuak zekazela! Batak Xipi bota zeban eta hurrenguak Nala; urliak Nas eta berendiak Leia. Nik Urrupin nahi neban eta ixa irabazi... baina azkenian kale. Zakurne sabinianua be pasatu jatan burutik, baina hobeto ez.

Azkenian, hamabost bat egunez izen barik egon eta gero, errora jo genduan: Gisasolaneko alabia izanda, Gisa edo Gisats izan biharko litzake bere izena, basarrixan errotik hartuta. Izan be, Gisasola izenan jatorrixa Gisats-ola da eta.

Gisatsa (Cytisus scoparius) gure mendixetan bizi dan landara lorahorixa da, euskera batuan isats izenakin ezagutzen dana. Adar luze eta malguak daukaz, ostro gitxi eta gure arbasuak erratzak (edo 'isatsak') eitteko erabiltzen zeben. Ez ahaztu, erratzeri 'isatsa' esaten detsela hainbat eskualdetan, itsuskixa Eibarren; animalixen buztanari 'isatsa' deitzia be balitteke jatorriz landaratik eta isats-erratzetik etortzia, hedaduraz.

Gisatsa Cytisus scoparius

Hara ba, bagenkan izen aproposa gure txakurrandako, bere jaiotetxia, naturia eta bere buztan balzuri kiribila batzen zittuana: Gisats!

Baina hor be ezin ados ipini familixako ordezkarixok eta orduan gisats landarian beste aldaera batzuen bila jo genduan Orotariko hiztegira: gisats, isats, isets, izitx, itxes... eta iats!

Eta halaxe izendatu dogu azkenian Gisats-olaneko alabia: Iats!

(bueno, eta Isats, eta Gisats, eta Sats... bakotxak nahi daben moduan deitzen jarraitzen dogu eta! ;)

Ondo etorri, polittori!

Isats 01

Gisasolan

Isats 04

Isats 02

Isats Tontorpen

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Bai, horretxegaittik ekarri juat blogera, ... Asier Sarasua, 2022/06/05 21:54
Eibarko euskalkixa euskera sabindarrian emonda! ... Oier G, 2022/06/05 18:20
Zorionak 'centenario'! 🤣 Mikel, 2022/03/06 20:25
MENDIAK tresnia eta webgunia aittatzen dozunian, ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:37
Serafin, aspaldiko! Pozten nau zure barri ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:32
Bikaina Asier. Eskerrik asko eta besarkadia Serafin Basauri, 2022/01/31 11:47
Ederra, Asier. Oieleku, bai, baina Okaberen berri ... Amatiño, 2022/01/31 10:51
irati tome tena segurola ponze irati, 2022/01/02 20:24
tome tena segurola ponce irati, 2022/01/02 20:22
oso ona Asier aspaldiko! Serafin Basauri, 2021/10/01 16:27