Herri hizkerak eta euskalkiak, berbak eta hiztegiak.
Ondarruko berbak eta Urdulizko berbalapikokoa
Herri hizkeren eta ahozko ondarearen lekukotasuna jasotzen dituzten bi baliabide berri(tu) ezagutu ditut gaur, biak ere lan ederrak eta interesgarriak, bi egile nekaezinen urteetako lanaren ondorio.
Batek liburutik webgunera egin du jauzia aurten Urdulizen; besteak webgunetik libururakoa Ondarroan, Durangoko Azokarako nobedadea.
Urdulizko berbalapikokoa, liburutik webgunera
XX. mende amaieran hasi zen Iñaki Gilisasti bilbotarra Urdulizko berbak, hizkera eta gramatika jasotzen. Egindako lan guztiaren ondorio izan zen 2003an argitaratutako "Urduliz aldeko berba lapikokoa".
Liburu izandakoa webgune bihurtu du oraingoan eta sarean daukazue kontsultagai Non.eus helbidean.
Maiatzean izan zen webgunearen aurkezpena eta bertan esandakoaren arabera, "bizirik dirauen gure hizkeraren ahozko biltegi erraldoi bat daukagu orain eskura. Egilearen esanetan, ipar bizkaieraren sartaldean diren Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz, Lemoiz, Jatabe-Maruri, Laukiz, Gatika eta Urdulizko aldaera erakusten du non.eus honek, uriboztarren itsasaldean. Urdulizko Udalaren ekimenez, sarean da honezkero 54 orduko soinu artxiboen biltegia, 13.200 berba eta 7.500 esaldigaz. Bertako berbaeratik, euskara batutik zein erderazko sarreratik abiatuta egin daiteke kontsulta".
Ondarruko berba eta istorioak, webgunetik liburura
Josu Arrizabalaga ondarrutarra ere aspalditxo hasi zen bere herriko berbak, esakerak eta abarrak jasotzen. Azken hamarkadetan jasotako guztia sarean online argitaratzea lortu zuen Arrizabalagak iaz, 2023ko urtarrilean, Ondarruberbetan webgunean.
Aurkezpenean esandakoaren arabera, "Ondarroan erabiltzen diren eta erabili izan diren berba, lokuzio, esaera, eta metaforak eskaintzen ditu. Gainera, orrialdeak deskargatzeko aukera ere eskaintzen du. Ez dira, ordea, berbak soilik jaso dituenak, testigantza eta istorioak daude atzetik, ingurukoei galderak egitean grabagailua martxan jarri eta testigantzak jaso baizituen".
Dena dela, oraingoan albistea ez da webgunea bera, webguneko informazio guztia liburu batean ere jaso duela baizik.
Liburu berria Durangoko Azokarako egongo da prest eta Badihardugu Elkartearen mahaian erosi ahalko da. Esku artean izateko gogotsu!
Txiri-txiri, txara-txara... poliki poliki eta china-chana
Pyrenaica aldizkaria irakurtzen ari nintzela jakin nuen Aragoi aldean "china chana" darabiltela "lasai-lasai, poliki-poliki" adierazteko. Sarean begira, hainbat aipamen daude, baita musika-talde bat ere, eta aldaera dialektologikoren bat ere bai, chino-chano adibidez.
Archivo de filología aragonesa (AFA) aldizkarian halaxe dator: Martínez (1997) recoge china-chana con el significado de 'lentamente, sin parar'; Andolz (1992), china chana 'despacito, poco a poco, refiriéndose únicamente al andar'. Es una expresión muy usada en todo Aragón, pero muy especialmente en el Alto Aragón.
Eta Aragoiko hori entzun bezain azkar etorri nintzen ni nirera, Eibarko txiri-txiri adberbiora. Nahiko esamolde arrunta izan da gure herriko hizkeran eta ingurukoetan (mendebalde guztian, seguru asko). Bergarako hiztegian txirri-txirri eta txarra-txarra aldaerak azaltzen dira eta Eibarren txara-txara zein txiri-txara aldaerak ere baditugu. Orotariko hiztegiak eta Labayru hiztegiak ere jasoa dute txiri-txiri, Eibarko aipamena eginez.
Horiez gain, badugu euskara batuan leku handiagoa duen antzeko beste forma bat, tirriki-tarraka (Eibar aldean txirriki-txarraka) esangura berdinarekin (despacio, lentamente; arrastrando los pies).
Tira, besterik gabe, china-chana hori entzun eta gure txiri-txiri, txiri-txara ekarri didala gogora.
Aragoiko "china chana" egituraren inguruan hauxe dio, esate baterako, Ignacio Fríasek: "estamos en presencia de una estructura típicamente ideofónica cuya capacidad expresiva viene dada por la reduplicación y la alternancia vocálica".
Etimologikoki lotuta egon ez arren, seguru asko prozesu berdinak sortutako elementuak dira, euskaraz ditugun beste askoren antzera (firin-faran, kili-kolo, txipli-txapla, mara-mara eta beste dozenaka).
Eta ezin artikulu hau amaitu Eibarko aho-korapilo moduko hau aipatu gabe, ehiza munduarekin lotutakoa eta bizpahiru aldaera dituena. Hemen adibide batzuk:
- txiri-txiri, txara-txara, txitxittara txarara ('poliki-poliki txirtatara txarara', txirtak ehizatzera)
- txiri-txira, txiri-txara, txorittara txarara
- txiri-txiri txara txikira txorittara (T. Etxebarriaren Lexikoian)
- Behin batian nindoiala txiri-txiri txorittara, Txara txikittik berihala... (T. Etxebarriak Ibiltarixanak liburuan)
'Arrainbeltza' Getarian: Cetorhinus maximus (marrazo erraldoia, kolaioa edo arrainbeltza) gure kostaldeko arrainik handiena
Albiste izan zen maiatz hondarrean Zarautz eta Getaria aldean ikusi zen marrazo handia. Gure inguruan ez gaude ohituta hain gertutik ikustera eta harrigarria izan zen Zarauzko hondartzan eta Getariako kaian ikustea 3-4 metro luze zituen ale hau (emea, antza).
Cetorhinus maximus espezieko marrazo erraldoia zen Gipuzkoan ikusitako hau, herriaren arabera kolaio (Hondarribia aldean...) edo arrainbeltz (Zarautz-Getarian...) izenez ezaguna, eta gure kostaldeko arrainik handiena dena (eta munduko bigarrena). Alerik handienek 10 metro luze eta 4 tona har ditzakete. Oso arrain lasai eta baketsuak dira, gizakiarentzat inolaz ere arriskutsuak, eta baleen antzera elikatzen dira, itsasoko ura iragaziz eta animalia txikiak janez.
Arrainbeltza (Cetorhinus maximus). Iturria: Wikipedia, CC-BY-SA.
Zarauzko hondartzan ikusi zen lehenengoz maiatzaren 26an, Zarauzko Gukan irakur daiteke albistea eta ikusi bideoa. Getariako portu barruan ikusi zen ondoren eta biharamonean hilda aurkitu zuten urpekari batzuek Getariko moila kanpoan. Albistea eta bideoa ETBn dituzue. Kostaldera hurreratzen diren marrazo eta zetazeo askoren kasua izaten da hau, makal eta gaixorik daudelako hurreratu lehorrerantz eta berehala hiltzea.
Orain oso gainbehera dagoen arren, duela gutxira arte nahiko ugaria zen gure itsasoan eta arrantzaleen artean oso ezaguna zen marrazo hau. Herriaren arabera arrainbeltz edo kolaio izenez ezagutzen dute arrantzaleek (badirudi Bizkai aldean marmoka-arrain izena ere hartzen duela, baina ez daukat erabat baieztatuta). Hemen Zarauzko artxiboan gordetako 2 argazki, 1925ean harrapatu zuten arrainbeltz batena, 1950-1960 arte nahiko ohikoa izaten zelako arrainbeltzak kai barrura sartzea, aurten gertatu den bezala. Emilia Amilibiaren eta Xanti Iruretagoienaren lagapenak dira argazkiok, Zarauzko artxiboan gordeak.
Arrainbeltza (Cetorhinus maximus) Zarautzen, 1925. Iturria: Zarauzko udal artxiboa.
Esan bezala, arrainbeltz edo kolaioak oso ezagunak izan dira euskal arrantzaleentzat eta lekukotasun ugari bildu izan da horien inguruan gure kostaldeko herrietan. Hona hemen, adibidez, Ahotsak.eus webgunean entzun daitekeen Getariako lekukotasuna.
Arrainbeltza (Cetorhinus maximus)
(Wikipediatik jasotako informazioa)
Arrainbeltza, marrazo erraldoia edo kolaioa (Cetorhinus maximus) ur gaziko arrain kartilaginosoa da. Gure itsasoan aurkitu dezakegun arrainik handiena da, eta munduko bigarren handiena, marrazo balearen (Rhincodon typus) ostean, 10 metro luze izatera iritzi daiteke eta 4 tonelada izatera. Tamaina handi hori izan arren, oso arrain baketsua da, baleen antzera itsasoko ura iragaziz elikatzen baita, eta guztiz kaltegabea da gizakientzat. Oso toleranteak izan ohi dira gizakiekin eta normalean itsasoaren goi ertz aldean ibiltzen dira. Bizkaiko golkoan, XX. mendeko hasiera arte askoz ugariagoa zen eta gure arrantzaleek maiz arrantzatzen zuten. Gaur egun, bere populazioa nabarmenki jaitsi da, eta soilik ustekabean harrapatzen da. Bere urritasuna dela eta, nahiz eta jangarria izan, ez dago bere haragiaren merkatal eskaririk.
Bereziki deigarriak dira bere arrail brankial zabalak, buruaren atzean kokaturik daudenak. Alde dortsaletik bentraleraino doazenez, burua guztiz inguratzen dutela dirudite. Arrail hauetan, hortz-itxurako egitura luze ugari dituzte (1.500 arrail-arkuko), eta hain zuzen horietan zehar itsas ura iragazten dute beren elikagaia den zooplanktona urdailerantz bideratzeko. Oso aho zabala dute, apenas erabiltzen dituzten punta bakarreko hortz txikiez osatutako hainbat ilerekin. Begiak oso txikiak eta biribilak dira. Lehenengo bizkar-hegatsa nahiko handia eta tentea dauka. Isats-hegatsa oso handia da eta ilargi-erdi forma dauka, goiko lobulua behekoa baino zertxobait handiagoa izanik.
Arrain pelagiko hau itsaso artiko eta epeletan aurkitzen da. Ozeano Atlantikoko ekialde zein mendebaldeko kostetatik gertu aurkitu daiteke, eta baita Mediterraneoan, Ozeano Barearen bi alboetan eta beste itsaso epel batzuetan ere. Bizkaiko golkoan nahiko arrunta da, eta maiz sartzen da badia handietara, babes eta elikagai bila.
Obobibiparoa da eta emeak kume bakarra erditzen du haurdunaldiko. Haurdunaldiak 2 urteko luzera izan ohi du eta kumeak 1,5 metroko luzerarekin jaiotzen dira. Heldutasun sexuala 3-4 urteren epean lortzen dute, 5 eta 7 metroko luzera eskuratzen dutenean. 25 urte bizitzera hel daitezke.
Eibarko hika praktikatzeko aplikaziñua gure esku, Appa hi!
Hikak ez jaukan osasun onik, hori bajakiñagu. Eskualde gitxi batzuetan eusten jetsan, gehixago edo gitxiago, baina egoeria kezkagarrixa don. Leku askotan guztiz desagertuta, transmisiñua etenda, irakaskuntzatik ixa desagertuta, eitten dan lekuetan be kalidadez justutxo...
Eibarren be antzerako egoeria jakanagu. 1940 ingurura arte eguneroko berbetia zonan gure herrixan, euskaldun guztientzat zonan eguneroko berbakeria, beste edozein aditz erabiltzia modokua. Eztok eta badok jardutia deitzen jetsen gure zaharrak. Harrezkero, baina, belaunaldi pare batian, ixa guztiz galdu don. Lehenengo andrazkuen artian eta, 1960 ingurutik aurrera, baitta gizonezkuen artian be. Esango naeuken gure belaunaldixa dala hika jaso daben azkenengua (1970 bueltan jaixotakuena), eta askotan oso modu anekdotikuan. Salbuespenak be badagozan, baina 40-50 urtetik beherako zenbat eibartarrek egingo jone hika? Dozena batek?
Batzuontzat, baina, etxe-etxeko kontua don hika eittia, euskeria bestekua. Neri, esate baterako, familixako nagusi gehixenak egin jesten hika, aitxitxa bixak, amona Jexuxak, osaba pare bat eta aittak. Baitta Eibarko adineko ezagun guztiak be, jakina. Eta kate horri eusten ahalegintzen non neu be, lagun eta lankide askokin ez ezik, semiakin eta loibekin be beti hikaz eitten. Egingo ete jone inoiz eurak euren artian? Nekez! Baina tira, guk guriari eutsiko jetsanagu bittartian, transmisiñua ahal dan neurrixan bermatuz.
Candido Eguren Oka Txiki (1907) eta aitxitxa Antonio Sarasua (1912). Eibarko euskerian inguruko zalantzaren bat dakatenian beti pentsatzen dot, "zelan esango leukian aitxitxak?".
Hika berreskuratzeko ahaleginak herri askotan eta modu askuan
Gerra galdua dala emoten jon, orduan, hika berreskuratzen ibiltziak, baina heriotza aurrian ikusitta, hika indartzeko ekimen-sorta ederra sortu don azken urtiotan Euskal Herriko hainbat eta hainbat herrittan (horren guztien barri euki gendunan juan zan asteko Euskal Herriko I. Hika Topaketetan). Ikasmaterixalak, ikastaruak, azterketa linguistikuak, bilketa etnolinguistikuak, ikastetxe mailako plangintzak, webguniak, liburuak, ikasliburuak... Materixal asko eta asko sortu jonagu azkenaldixan Euskal Herrixan. Izan be, gure aldetik behintzat, aitxitxa-amama eta gurasuengandik jaso genduanari eusteko gogotsu jarraitzen jonagu, pentsaurik gainera, euskeria bera indartzeko be tresna egokixa izan leikiala toka eta noka jardutia.
Eta holaxen sortu gendunan 2021. urtian Appa hi! aplikaziñua Badihardugu Euskara Elkartiak eta CodeSyntaxek alkarlanian. Mugikorra erabilitta hika modu errezian praktikatzeko aplikaziñua don Appa hi!. Oñatiko hika ikasteko atala aurkeztu gendunan lehenengo, euskara batukua gero, eta juan zan astian Eibarko hika praktikatzeko eta ikasteko atala be aurkeztu jonagu!
Hantxe egon giñonazen proiektuan parte hartu dogunok, Eibarko Udaleko alkate Jon Iraola, Akebaiko Ane Albisu eta ni neu, Badihardugun eta CodeSyntaxen izenian.
Appa hi!, hika modu errezian praktikatzeko aplikaziñua
Aplikaziñuan alderdi teorikua eta aditz-taulak be topatuko dittuzue, baina ikasketa-prozesuan oinarrixa galdera-erantzun estiloko probak dittun. Egunero 10-15 minutu praktikatzen badittun, 5 astian hika egitten hasteko prest egongo haiz. Edo, behintzat, oinarrixak ezagutuko dittun, bildurra galduko detsan, eta hika erabiltzen hasteko prest egongo haiz.
Horixe izan don gure buruari ipini detsagun erronkia: 35 eguneko epia. Egunero atal barri bat piztuko jan telefonuan: azalpenak, marrazkixak eta bideuak, adibidiekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat daton, zuzen asmatu biharreko partidak. Galdera guztieri zuzen erantzun ezkero, bixamunian beste atal edo gai bat eitteko aukeria eukiko don. Eta aste amaieran errepaso bat eukiko don, eta maila bat igotzeko aukeria. Guztira bost maila dittun gaindittu biharrekuak, aste bakotxeko bana. Noberak bere erritmora egin leiken ibilbidia. Egunero atal bat osatu ezkero, azkarrenak 5 astian lortuko jon atal guztiak osatzia eta hitanuan oinarri guztiak lantzia. Erreza, ezton?
Horixe ba, Eibarko hika ikasi edo praktikatzeko asmua badakan, telefonuakin eta oso modu errezian, hortxe dakan Appa hi!. Duan eta Android zein Apple gailuetarako prest. Hamentxe beste esteka batzuk albiste honen inguruan:
- Gaurdanik eskuragarri dago Eibarko hika modu ludikoan ikasteko atala “Appa Hi!” aplikazioan
- Eibarko hitanoa modu errazean ikasteko atala gehitu diote Appa hi! aplikazioari
- Eibarko hika ikasteko atala ere gehitu diogu Appa hi! aplikazioari
- Appa hi!, euskararen kolore guztiak berreskuratzen, elkarrizketia ..eta kitto! aldizkarixan.
Eta, amaitzeko, Luziana Larreategi, Bartolo Arriola eta Agustin Arana euren gaztetako kontuak kontatzen. Hikan, erregular!
Kikili-makala
Aurrekoan nire burua entzun nuen berba hori erabiltzen, kikili-makala!
Urteak izango dira azkenengoz erabili nuena (eta entzun ere, ez dakit), baina lehengo egunean halaxe irten zitzaidan, barren barrenetik, abrakadabra, dagoeneko ahaztuta neukan esamoldea magikoki berpiztuz esfortzu handiegirik gabe: kikili-makala! Burua zer den!
Euskaltzaindiaren hiztegiak ez dauka jasota, baina Elhuyarrek bai, B (bizkaiera) markarekin. Orotarikoan ere badator, Eibar inguruko adibide batekin (Bergarakoa, Elexpuruk jasota).
Bere oinarrian KIKIL eta MAKAL dituen esamolde batek ezin esangura positiboegia izan! Eta halaxe da, kikili-makala ibiltzea ez baita gozagarria. Erdizpurdi, ozta-ozta, neketan... "a duras penas"; alegia, kikilduta eta makalduta.
Hurrengoan zemuz galdetzen badidazue, beraz, badakizue nire erantzuna: KIKILI-MAKALA!
Kalamua (771 m, Elgoibar) , arrantzaleen "Kala-Muga" adierazten (ei) duen tontorra
Tontorra elgoibartarren eta markinarren artean banatzen duten arren, eibartarrontzat "gure" mendia da zeharo Kalamua. Seguru asko, eibartarrok gehien igotzen dugun mendia, ume-umetatik hasita.
Izenak badu bere zera. Batetik, bi izen dituelako. Kalamua nagusitzen da Gipuzkoa aldean, baina Maaxa (edo Max-mendixa) ere entzuten da mendizaleen artean, batez ere edadetuenen artean (eta gehiago Bizkai aldean, oso oker ez banago).
Beste alde batetik, Kalamua izenaren jatorriaz ere bada beti berriketaren bat. Oinarrian kalamu landarearen izena egon daitekeela aipatu izan da noizbait, oinarri garbiegirik gabe. Baina herri mailan finkatuen dagoen "teoria" beste bat da, "Kala-Muga" delakoarena.
Bigarren ideia horren arabera, arrantzaleek ipinitako izena da Kalamua, eta Kalamuga litzateke jatorriz. Hau da, arrantzaleen kalaren (arrantza-lekuaren) muga adieraziko zien Kalamua mendiak arrantzaleei. Mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe amaitzen zen euren arrantza-kala.
Ez dakit oinarri sendorik ba ote duen (psee...), baina zentzua bai badu, XX. mendera arte mendien kokapenari esker aurkitzen zituztelako arrantzaleek euren arrantzaleku nagusiak, kalak, alegia, kala bakoitza garai eta espezie jakin batzuetarako egokiagoa zelarik (neguan kala hau, udan beste hau, bisigutarako hurrengoa...) eta kala horiek guztiak itsasoan aurkitu ahal izateko, lehorreko puntu geografikoak erabiltzen zituztelako "triangulazioa" moduko bat eginez (portutik neurtutako distantziez gain). Horrekin lotutakoa da, neurri batean, Eibarko Arrateko elizako hormak urtero-urtero zuriz kareztatzeko antzinako ohitura, arrantzaleek bere horma zuriak erraz ikus zitzaten itsasaldetik. Eta ezin da ahaztu Ondarroa eta Berriatua artean ere badela Kalamendi izeneko beste tontor bat, Kalamuatik bertatik ere ikus daitekeena.
Ahotsak.eus webgunean hainbat lekukotasun daude euskal kostaldeko kalen inguruan (izenak, non zeuden, nola lokalizatzen zituzten, eta abar). Hemen azpian gehitu dut Getariako bat, adibiderako.
Hartara, kala jakin baten amaiera litzateke Kalamua (kala-muga) mendia. Kalamua mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe marrazten zuten arrantzaleek kalaren muga.
Egia ote? Noaki! Baina kondairak ederrak dira bere horretan, egia apurren bat izan ala ez.
Ikuspegi zabala Kalamua tontorretik.
Ohar-eranskinak (2023-06-08):
- Kalamua izenaren aipamen historikoak Euskaltzaindiaren EODAn daude batuta. Kalamuaga (calamuaga) aipamen bat dago XIX. mende hasiera ingurukoa. XX. mende osoan ez dago KALAMUA besterik.
- Kalamua horrek -a berezkoa duen ala ez eta gaur egun zelan ahoskatzen den ere eztabaidan izan dugu sarri Eibar-Elgoibar inguruan. Badirudi hiztun gehienentzat berezko -a duela eta Kalamuako, Kalamuatik, Kalamuara... deklinatzen ditugula. Baina egia da, baita ere, hiztun askorentzat ohiko direla Kalamuko, Kalamutik, Kalamura modukoak, eta ez hiztun gazteen artean bakarrik. Eibartarrak zerrendan izan ditugu horren inguruko mezu-trukeak, besteak beste 2008an eta 2023an.
- Parez pare daude Kalamendi eta Kalamua. Hasierako kala- elementu hori berbera ote jatorriz? Lopez de Mendizabalek nolabait lotu egiten ditu Aramendi, Garamendi eta Kalamendi (hasieran GARO partikularekin) bere "Etimología de apellidos vascos" liburuan.
Buztangorri ilunaren habian bideoa: gurasoa txitoak elikatzen eta zirin-zakua batzen
Emailez pasa didate hemen azpian itsatsi dudan bideoa. Etxe bateko patioan habia eraiki du buztangorri ilun bikoteak eta lau txito ari dira hazten, barrena. Gurasoetako bat janariarekin iristean txorikumeak txioka eta txintaka hasten dira eta gurasoak lehenengoari ematen dio elikagaia. Baina ez du alde egiten, bertan geratzen da, begira-begira, txitoak buelta eman eta zirin-zakua egotzi arte. Mokoarekin hartu eta habiatik kanpo darama kakaz beteriko poltsatxo zurixka gurasoak, zirin-zakua, alegia.
Bada, bai, txori batzuek (askotxok) daukaten estrategia da hori: kaka habian egin beharrean, zirinak poltsatxo batean jaso eta gurasoek habiatik kanpo garraiatzea, batez ere jaio eta aurreneko egunetan. Gehienbat paseriformeak eta pizidoak (okilak) dira estrategia hau erabiltzen dutenak.
Zirin-zaku deitzen zaie hegazti horien txitoek sortzen dituzten zaku zurixka eta lirdingatsu horiei, non euren zirina biltzen eta kanporatzen duten. Estrategia etologiko honen helburua bikoitza da. Batetik, habia garbi mantentzea, infekzioak gutxituz; bestetik, habia inguruak zirin-usaina izatea saihesten du, harraparientzat zailago bilakatuz habia bera aurkitzea. Babeserako sistema bat da, hartara.
Txitoak bere kaka habian bertan bota beharrean, zaku itxurako egitura horietan kanporatzen du, zirin-zakuetan, helduak batu eta habiatik kanpora eraman dezan. Kasu batzuetan helduek poltsa horiek jan egiten dituzte; beste askotan, habiatik urrun botatzen. Zenbait espezietan, txorikumeek habiaren ertzean uzten dituzte zakuttoak, gurasoek jaso eta kanpora ditzaten.
Fecal sac deritzo ingelesez poltsa horri (ES:saco fecal eta FR:sac fécal). Ez diot aurkitu inon euskarazko izenik eta halaxe sortu dut artikulua Wikipedian, zirin-zaku izenpean. Egokiena iruditzen zait, baina tira, eztabaidarako prest ;)
.........
Oharra: goiko argazkia Sarah Winnickiri hartu diot Twitterretik. Egile eskubideak ditu, beraz.
"Denporian puruz..." (poderioz)
Amak 80 urte dakaz; neuk be makinatxo bat. Erreza litzake pentsatzia honezkero bere berbetia eta bere euskerian ezaugarrixak ezagunak dittudana, holako kontuetarako belarrixa beti zut eukitzen dot eta. Baina hara nun, juan zan astian hauxe bota zeban:
Hasieran zaila zan, baina denporian puruz ikasi eitten da.
Denporian puruz (edo denporian puruan). Alegia, denborarekin, denboraren poderioz.
Esamoldia ezaguna da, jakina; bizkaieraz ohikua edo (ohiko izandakua, behintzat). Baina harrittu ninduana horixe izan zan, amak 80 urtekin bota zebala hori, barru-barrutik, eta oin arte ez netsala sekula entzun.
Eibarko hiztegi digitalian ondo jasota dago, jakina, adibidiekin (ez puruz, baizik puruan):
- Biharran eta lanan puruan zerbaitt aurreratu eban.
- Jardunan puruan atara zetsan baietza.
- Urtien puruan eiñ eban diru apur bat.
- Mendiko berezko perretxikuak, hobiak dira simaurtzako zeregiñen puruan hartzen diranak baiño.
Elhuyar hiztegixan ez dot topatu; Labayru Hiztegixan bai.
Polittak dira holako ezustekuak, gitxien espero dozunian agertzen diran sorpresatxuak. Aupa ama, gure itturri linguistikua! ;)
Noaki...
Oier Gorosabelek Mastodonen egindako komentarixo batek akordau eragin zestan erdi-ahaztuta neukan esamolde bat, gure aurrekuak sarri samar erabiltzen zebena: noaki.
Gure aitxitxak takian-potian erabiltzen zeban eta Eibartarren Ahotan proiektuan be jaso genduzen lekukotasun batzuk, esate baterako:
- Ha etxia, noaki noizko etxia dan haura, e! (Julian Etxeberria)
- Noaki zenbat denporan Paco Anitua eguardixetan nerekin etortzen zan barriketan. (Arnaldo Bolunburu)
- Beste hau... noaki zer dan! (Roberto Isasi)
Gaur egun "auskalo" (edo "batek daki") esango genduke, baina gure aitxitxa-amama eibartarrak no(r)aki be erabiltzen zeben horren ordez. Jatorriz, seguru asko, 'nork daki' izango zan, jakina, nahiz eta gure sasoirako hori jatorrixori galduta zeuan eta hiztunentzat berba beregaina zan hori noaki hori.
Inguruan galdezka hasi eta konturatu naiz noaki honen erabileria nahiko murritza dala. Ahotsak-eko datu-basian bilatuta, 4 lekukotasun agertu jakuz, danak Eibarkuak. Inguruan be seguru erabiltzen zana, baina ez dot topatu adibiderik (ezta lagunen artian galdetuta be). Eta denporan be, esan doten moduan, badirudi honezkero guztiz galdutako esamoldia dala. Nere inguruan inkesta txiki bat egin eta gure adinetik beherako gehixenendako ezezaguna da honezkero Eibarren.
Hementxe Ahotsakeko adibidiak, Julian Etxeberria (01:07), Arnaldo Bolunburu (02:40) eta Roberto Isasi (05:20). Zelako garrantzixa daken Eibartarren Ahotan eta Ahotsak moduko proiektuak eta ahozko corpus historikuak!
Perikia, karta-jokoetako komodina edo jokerra
Luistxok atera zuen gaia aspaldi Eibartarrak posta-zerrendan, Karta honi 'Perika' edo 'Perikia' esaten dionik bada hor nonbait? eta, Iñaki Irazabalbeitiaren txio bat aitzakia, hona ekarri ditut zenbait ohar, ikusita berba honi buruzko informazio gutxi dagoela sarean.
Eta bai, 'perikia' esaten diogu Eibarren karta horri, komodinari, esate baterako Heraclio Fournierren karta zaharretan clown koloretsu dantzari baten irudia daukana, nahiz eta beste hainbat forma eta itxurarekin ere agertuko zaigun.
Eibarren ez ezik, pentsatzen dut beste inguru batzuetan ere halaxe izango dela, euskaraz zein erdaraz, baina, esan bezala, sarean ez dugu aurkitu erreferentzia larregirik.
Elhuyar hiztegiak ez du perikarik jasotzen (komodin eta joker maileguak ematen ditu euskarazko ordaintzat) eta Euskaltermek ere gauza bera (kasu honetan informatikara egokituta).
Eibarko Hiztegi digitalean ere ez da ageri (harrigarria, mea culpa! gehitu beharko dugu!), baina gure herrian berba arrunta izan da gure adinetik gorako belaunaldientzat. Euskaraz zein erdaraz, hainbat karta-jokotan (txintxoia, kulepea, pokerra...) jokoaren beraren saltsa dira perikak.
Orotariko Hiztegiak bai du jasoa 'perika' terminoa, ohar honekin: caballo de bastos usado como comodín. Ohar hori ez dakit erabat zuzena den, ordea, komodin funtzioa ez duelako beti txaldunak egiten, beste beltzekoren bat (txota, erregea) edo batekoa (gure kasuan bateko kopa) izan daitekeelako perika hori, jokoaren (eta kuadrilaren, herriaren, ohituraren...) arabera.
Berba horren jatorriari buruz, ezin datu larregi eman. Gaztelaniazko mailegua dela dirudi lehen begiratuan... baina ez dirudi gaztelaniaz ere hedadura zabalegirik duenik, Googlen oso aipu gutxi daudelako azalduz perika hori zer den eta izena nondik datorren. Hego Ameriketan jokatzen den Truco venezolano jokoaren azalpenetan aurkitu dut gure perikaren antzeko zeozer izan daitekeen ganorazko aipu bakarra: El perico es el 11 que tenga la misma pinta o palo de la vira y la perica es el 10.
Pentsatzen hasita, eibartar dexente joan zen garai batean Venezuelara... ;)