EibarOrg elkartea eta komunitatea - Eibarnauton historia txikia (1998-2014)
1998: Eibartarrak posta-zerrenda sortu da
Luistxo aspertu samar ei zebilen 1998ko apirilean, eta "mailing-list" izena zeukan zer bat sortzea pentsatu zuen (lehendik martxan zeuden BasqueL eta EuskaraZ zerrenden pareko eibartarra). Pentsatu eta egin: Eibartarrak posta-zerrenda sortu zuen, gero laupabost lagun gonbidatu, eta lehenengo mezua bota zuen sarera, 1998ko apirilaren 18an (nire egunean, hain justu ere), historiarako 4 berba: "Eibarko euskaldunentzako zerrenda bat".
Harrezkero 16 urte igaro dira, eta ehundik gora lagunek hartu dugu parte posta-zerrendan, Euskal Herriko posta-zerrenda beteranoena bihurtu arte. Eibartarrak posta-zerrenda eGroups sisteman jaio zen. Hori Yahoogroups bilakatu zen, eta ondoren Postaria/Mailman sistema beregainera pasatu genuen (2004an). Lan dexenterekin, artxibo zaharra berreskuratzea lortu zen, eta Gname-ra pasatzea. Horri esker, urteetan zehar trukatu ditugun 33.000 mezuak kontsultatzeko aukera dugu. Denak euskaraz, denak publiko. Ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, aizuek!
Posta-zerrendak 2004-2008 urteen artean bizi izan zuen garairik oparo eta biziena, sare-sozialen aurreko garaian (ikus estatistiken orria). Harrezkero partaidetza jaitsi egin da, eta Twitter/Facebook-era bideratu, baina oraindik ere nahiko osasuntsu dagoela esango nuke, txakalaldiak txakalaldi.
1998-2000: Eibar.org webgunearen hazia
Luistxo posta-zerrenda astintzen zebilen bitartean, beste eibarnauta batek, Gari Araolazak, 'gure' lehenengo webgunea sortu zuen 1998 urte amaiera inguruan, Geocities plataforma historikoan. Gezurra badirudi ere, oraindik bizirik dago eta sarean ikusi daiteke, Reocities berrizendatuan. Bai, jaun-andreok, horrelakoak ziren webguneak XX. gizaldian!
Mende berriarekin, 2000. urtean, webgune horrek urrats berria eman zuen. Eibar.org elkartea sortu zen (Eibarko Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea) eta webgune berritua aurkeztu genuen: Eibar.org, Eibarko peoria, sanblasa baino hobia. Ez esan ez denik slogan zoragarria! Hori gutxi ez, eta urte hartako Sareko Argia Saria jaso genuen.
Horrelakoxea zen Eibar.org webgunea 2000. urtean:
Ordurako posta-zerrenda ere indarra hartzen hasita zegoen, eta afariak egiten ere hasi ginen, nola ez. Hauxe da gordetzen dugun lehenengo argazkia, 2000. urteko abenduan ateratakoa Itxulanbru soziedadean. Gure lehenengo talde-argazkia da. Ikusten duzuen moduan, andrazko geek asko zebilen bazterrotan:
2004: blog-komunitatea jaioko da
2004ko ekainean gure webgunearen azpiegitura aldatu zen, besteak beste, Mikel Larreategiren laguntzarekin. Zope-CoreBlog azpiegitura aukeratu zen horretarako, Luistxok sarean aurkitutako blog-plataforma japoniar baten eredua oinarri hartuta. Baina hau ez zen izan azpiegitura aldaketa hutsa: berrikuntzarekin batera, blogak heldu ziren Eibarrera!
Ba ote zekien inork zer ziren blogak 2004an? Inork gutxik. Jabi Zabala bazebilen posteatzen, eta Sustatu.com ere blog kolektibo modukoa zen, baina Eibar.org-ko blog-komunitatea izan zen Euskal Herriko lehenengo blog komunitatea. EibarOrg-ko hau izan zen, nolabait, Euskal Herriko lehenengo blogari taldea.
2004ko ekainean izan ziren azkenaurreko lanak, eta probetako lehenengo blogak ere sortu genituen Luistxok eta nik neuk. Ordukoak dira gure lehenengo proba-mezuak, oraindik ere (erdi)ezkutuan egiten genituenak. Uztailerako plataforma martxan genuen, eta hortxe hasi ziren lehenengo probak egiten, gutxinaka, Txikillana lehenengo, gero Kulturala eta Prospektiba (biak ere Eneko Astigarragaren eskutik), Markos Zapiain, Oier Araolazaren Dantzing eta Mikel Larreategi.
Hara, zer itxura zeukan gure lehenengo blog-multzoak 2004ko uztailean (Archive.org webgunetik berreskuratuta):
Hala ere, egutegian egun zehatz bat daukagu markatuta: 2004ko uztailaren 17a. Izan ere, 18-20 lagun elkartu ginen Codesyntaxen eta blog-plataformaren inguruko ikastaroa egin genuen. Egun hori izan zen komunitatearen aurkezpen publikoa, eta ikastaro horrekin batera beste zenbait blogari bildu ziren komunitatera: Iturri, Mendiguren, Amatiño eta Etiam. Eta Unai Morazaren Telezaborra bloga ere gehitu zitzaigun handik gutxira (aurrez beste plataforma batean hasitakoa, baina osorik EibarOrg-ra inportatu genuena). Handik gutxira, 2004ko udazkenean, beste 3 blogari ere gehitu ziren zerrendara (Igor Leturia, Julen Gabiria eta Jose Luis Irigoien).
Hona hemen blogari-gai berriak, adi-adi uztaileko ikastaroan: zer da blog bat? zelan idatzi Interneten? zelan igo irudiak eta editatu bloga?
Urte amaierarako 20 blog inguru genituen gure komunitatean (beste batzuk ere sortu ziren hasieran, baina ez zuten aurrera egin). Handik aurrera, gutxika-gutxika, blogak ugaritzen joan ziren. 2005eko urtarrilean sortu zen, esate baterako, Teknosexua, apirilean Volgako Batelariak, uztailean Elena Lakaren bloga, eta azaroan Kalamuatik Txargainera.
Ordurako ondo errotuta geneukan "eibarnauta" terminoa, nola ez. Izan ere, Eibartik kanpoko hainbat lagun bildu ziren eibartarron ibilbidera, lehenengo posta-zerrendara, eta gero blogintzara. Irunen, Galdakaon, Beasainen, Elgetan, Zarautzen, Arratian edo Slovakian jaio arren, guztiak ziren eibarnauta. EibarOrg existituko zen eurak barik, baina ez zen berdina izango, ezta hurrik eman ere!
2007: azken aldaketa (oraingoz): Plone plataforma
Gure komunitateak bizi izan duen azkenengo aldaketa handia 2007an izan zen, CoreBlog zaharkitua utzi eta Plonera igarotzeko jauzia eman genuenean. Azpiegitura sendoagoa, erabilterrazagoa, modernoagoa... Blogari berriak ere gehitu ziren aldaketen haize berriak bultzatuta (Fernando Muniozguren zena, Asier Arregi, Josu Mendikute, Imanol Trebiño...).
Blogen urrezko sasoia zen, sare sozialen aurreko urte zoriontsuak. La Belle Epoque! Blogak bogan zeuden, blogak ziren norbere iritzia plazaratzeko modu zuzenena, herritarrak konturatu ginen gure ahotsa sareratzeko aukera genuela, eduki-irensle ez ezik, eduki/iritzi sortzaile ere izan gintezkeela. Blogari izatea #Euscool zen, bai jauna!
EibarOrg-en, 10 urteotan, guztira 35 blog inguru sortu dira. Batzuk hil egin dira; beste batzuk erdi-lo daude. Gehientsuenak, baina, oraindik bizirik, eta urte askotarako! Izan ere, 2014an bertan blog berri bi ere ireki ditugu, Jesus Mari "Txilikuren" Logofiloaren txokoa, eta Xabier Etxaniz Rojoren Ate adina maratila. Ongi etorri!
2014: badugu zer ospatu
Dagoeneko 10 urte igaro ditugu blogeatzen; 6 gehiago posta-zerrendan mezu-trukean. Denbora luze honetan 11.000 post baino gehiago idatzi ditugu guztion artean, eta 33.500 mezu trukatu posta-zerrendan. Edukia sortu dugu, argazkiak partekatu, iritzia plazaratu, besteena entzun,... Jokoak argitaratu ditugu, eta TomTom-erako ahotsak grabatu. Afaldu egin dugu, bazkaldu, mundua dominatzeko planak egin, barre asko (eta baita albiste txarrak konpartitu ere). Komunitate bateko kide sentitzearen babesa jaso dugu, ikasi egin dugu, jende aberasgarria ezagutu dugu, eta gu ere aberastu gara. Aitzindari edo bidegile sentitzeko harrotasuna ere eman digu EibarOrg-ko kide izateak. Alfabetatu egin gara; hazi egin gara.
Badugu zer ospatu. Bai horixe!