Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskal literatura klasiko ezinbestekoa

Euskal literatura klasiko ezinbestekoa

Asier Sarasua 2011/02/18 09:45
Datorren asteetarako irakurgai bila nabilenez... Ausardia pixkatekin eta lotsa gutxiagorekin, euskal literatura klasikoaren liburu interesgarrienen zerrenda egin dut. Edozein euskaldunek ezagutu eta irakurri beharko lituzkeen 30 lan. Badut lana, bai.

Literatura klasikoa aipatzen dudanean, zentzu zabalenean esaten dut. Hau da, 1975. urtea baino lehenago argitaratutako lanak aukeratu ditut. Muga historiko bat, demokraziaren etorrera eta euskararen zabalkundea; euskara batuaren eta normalizazioaren hasiera eta bla-bla-bla...; data borobila.

Beste hizkuntza batzuetan desberdin jokatuko genuke, seguru, baina esan daiteke euskal literaturan 1965-1970. urtera arte ez dela hasten literatura modernoa (Txillardegiren eta Saizarbitoriaren lanekin, besteak beste). Hortik aurrerakoa, 1975etik aurrerako zerrenda egitea, askoz zailagoa begitantzen zait, kantitatez eta kalitatez izugarrizko jauzia eman zelako 10 urte eskasean.

Oharra. Ez dut zerrendan sartu:

  • ez gramatikarik eta ez apologiarik ez euskara ikasteko gidalibururik.
  • ez gai erabat erlijiosoa duen lanik. Katiximak, dotrinak eta abarrak.
  • ez ikasmaterialik .
  • ez zatika eta aldizkarietan argitaratutako ipuin eta poemarik.

Norbaitek esango du euskal produkziorik gehiena utzi dudala horrela kanpoan, eta egia da. Baina tira, azken batean, "literatura" eta "liburuak" aukeratu ditut (zentzurik zabalenean). Hala ere, salbuespenen bat edo beste ere egin dut, nire ustez merezi zuenean. Balio literarioa (eta linguistikoa) hobetsi dut. Baita garai batean mugarri izan zirelako edo euskal literaturan leku berezia dutelako (1. eleberri ahalegina, edo 1. saiakera liburua, poesian bide berriak urratzea, eta abar), edo bere garaian arrakasta handia izan zuelako (nolabaiteko best sellerrak).

Ikusiko duzunez, goiko irizpideak jarraituz, kanpoan geratu dira klasiko gehienak (Leizarraga, Etxeberri, Larramendi, Astarloa...). Baita XIX-XX mende bitarteko hainbat idazle handi ere, euren lanak beste ezaugarri batzuk izan dituelako (ipuinak, itzulpenak, literatur kritika, iritzi-artikuluak, saiakera...). Esate baterako, Jean Hiriart-Urruti, Nemesio Etxaniz, Felipe Arrese-Beitia, Piarres Larzabal, Jean Diharce "Iratzeder" eta Jokin Zaitegi. Eta nola ez, hiru handiak: R.M. Azkue, J.M. Barandiaran eta Koldo Mitxelena. Horiek ere irakurri eta ezagutu beharra dago, jakina, baina zerrenda honetatik kanpo daude.

Hona hemen nire 30eko zerrenda:

  • Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare, 1545)
  • Lazarragaren eskuizkribua (Joan Perez de Lazarraga, 1567)
  • Guero (Pedro Axular, 1643)
  • Atsotizac edo Refrauac eta O-ren gastaroa neurthitzetan (Arnaut Oihenart, 1657)
  • Eusqueraren berri onac (Agustin Kardaberaz, 1761)
  • Peru Abarka (Juan Antonio Mogel, 1802; 1881an argitaratua)
  • Ipuin onac (Bizenta Mogel, 1804), emakume baten 1. argitalpena?
  • Piarres Adame (Juan Bautista Elissamburu, 1889) 1go euskal nobela? amaigabea
  • Kresala (Txomin Agirre, 1906) 1go euskal nobela?
  • Buruchkak (Jean Etxepare "Medikua", 1910) kazetaritza lanen bilduma
  • Abarrak (Ebaristo Bustintza "Kirikiño", 1918) bilduma
  • Bide barrijak (Esteban Urkiaga "Lauaxeta", 1931)
  • Biotz begietan (Xabier Lizardi, 1932)
  • Arantzazu euskal-poema (Salbatore Mitxelena, 1949) gerra osteko lehenengo euskarazko lana
  • Euskaldunak (Nikolas Ormaetxea "Orixe", 1950) forma eta asmoarengatik, euskal poema epikoa baita
  • Milla euskal olerki eder (Santi Onaindia, 1954; bilduma)
  • Amabost egun Urgainen (Joseba Andoni Loidi, 1955) 1. polizia-eleberria
  • Joanak Joan (Jon Etxaide, 1955)
  • Leturiaren egunkari ezkutua (Jose Luis Alvarez "Txillardegi", 1957) 1. euskal nobela modernoa
  • Illtzalleak (Martin Ugalde, 1961) 1. ipuin liburu modernoa?
  • Mendekoste gereziak eta beste (Jean Etxepare "Gaztea", 1963)
  • Gorrotoa lege (Jon Etxaide, 1964)
  • Harri eta Herri (Gabriel Aresti, 1964) mugarria euskal poesigintzan eta literaturan
  • Huntaz eta Hartaz (Jose Luis Alvarez "Txillardegi, 1965) lehen saiakera liburua
  • Egunero hasten delako (Ramon Saizarbitoria, 1969)
  • Isturitzetik Tolosan barru (Josanton Artze, 1969)
  • Euskal Elerti 69 (Askoren artean, 1969) bilduma
  • Hunik arrats artean (Angel Lertxundi, 1970) 
  • Haur besoetakoa (Jon Mirande, 1970)
  • Hizkuntza, etnia eta marxismoa (Joxe Azurmendi, 1971)
  • Herriaren lekuko (Rikardo Arregi, 1972)
  • Itsasoak ez du esperantzarik (Luis Haranbur-Altuna, 1973) garai hartako best-sellerra
  • Hiru gizon bakarka (Bitoriano Gandiaga, 1974)


Batek beste 5 gehituko lituzke, beste batek 5 kenduko. Baina uste dut gehienok bat egingo genukeela goiko zerrendako hautagai gehientsuenekin. Edo ez? Ea zer diozuen...

leire
leire dio:
2011/02/18 23:16

Aupa, Asier! Zerrenda egokixa! Nik 17 irakorri jittuaraz osorik, eta 18.ena katiauta jakat aspaldixan. Batzuk ederrak dittuk, oso edarrak. Eta niri neuri, Jon Etxaiden nobelak ikaragarri gustatzen jatazak, bat izan ezik danak jittuaraz irakorritta! Lauaxetaz eta Lizardiz, zer esan? Gustora noizian behin, atzera be poemaren bat berriro irakortzia! On egin!

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2011/02/18 12:36

Irizpide interesgarriak, Asier. Baita zerrenda ere. Horietatik, bakarrik bost liburu irakurri ditut hasi eta buka. Eta beste zazpi, atalka, erabat amaitu barik. Hala ere, aitortuko dizut gehienak ere nahiko urrun daudela nire liburu kutunen zerrendatik. Eskerrik asko, hala ere, gaia plazaratzearren.

xme
xme dio:
2011/02/19 23:04

... XIX. mendeko idazle zoragarri batzuen falta sentitu dut, motibazio erlijiosoz aritu arren, kontagintzaren artistak direnak, eta liburuak badituztenak: Prai Bartolome (Euscal errijetako olgueta...), Frantzisko Lapitz (Bi saindu escualdunen bizia...), Agirre Asteasukoa (Eracusaldiak).

Gero, egia da, liburuaren irizpide horrekin, alde batera geratzen direla gure poeta zahar gehienak (Iztueta, Iparragirre, Bilintx, Etxahun, Zaldubi...), eta artikulugile bikainak (Hiriart Urruti, Zerbitzari...).

Hala eta guztiz, oso zerrenda ona. 75etik 00ra arteko beste bat egitera ausartuko zinateke, azken 10 urteak alde batera utzita?

Ricardo Gómez
Ricardo Gómez dio:
2011/02/18 18:59

Zerrenda oso interesgarria, Asier. Nolanahi ere, lan zaharrenen kasuan behintzat (baina ez soilik) zein testu hautatzea bezain garrantzitsua da testu horren zein edizio hautatzea ere. Testu baten edizo guztiak ez dira baliokideak; hortaz, hautapen egokia eginez gero, errazago lortuko dugu lan hori egoki eta osoki ulertzea, baita testuaren balio literarioaz hobeki gozatzea ere.

asier
asier dio:
2011/02/21 10:56

@joxe: ba bai, arrazoia. Nire lanik kuttunenak ere ez dira izango, ziurrenik. Eta euskaraz idatzitako 30 lanik onenak ere ez, jakina (horko batzuk onak ere ez, beharbada). Baina euskal literatura ulertzeko eta ezagutzeko ezinbesteko direla bai, hori uste dut. Izan ere, horixe baita euskal literatura klasikoak eman duena; ez askoz gehiagorik.

@ricardo: eta nola jakin zein aukeratu? hortxe koxka "neofitoentzat" ;-) Nik neuk faltan botatzen du horrelako gaiak landuko eta azalduko dituen blog bat. Euskal literaturaz, edizioez, argitalpen zahar eta berriez, mintzatuko den blog bat. Inor ez da animatzen?

@leire: ba nik, hasi eta amaittu, 5 besterik ez. Zerrendako beste askotxo gainbegiratuta edo zatika irakorritta, hori bai (klasiko gehixenak, eskolarako). Baina oso-osorik 5 besterik ez. Ointxe dihardut seigarrenakin: "Amabost egun Urgain'en". Gustora dihardut.

@xme: Bartolome eta Agirre sartzekotan egon nintzen... baina azkenean muga nonbait jarri behar. Eta artikulugile eta poetena ere hortxe zegok, jakina. XIX.-XX. mendeko idazle asko-ta-asko falta dituk. Baina hori beste zerrenda bat litzatekek: "Euskal idazle klasiko ezinbestekoak" edo holako zeozer. Hire bloga berrabiarazteko aitzakia ederra ;-) Eta ez, ez nauk ausartzen 1975-2000 bitarteko idazlan onena egiten. Baina beste batzuek (zuok idazleok) egindakoa plazaratu nian orain dela gutxi :-) http://eibar.org/blogak/sarasua/archive/2011/01/18/euskal-idazleak-gaur-j-m-torrealdai-1977 Eta zerrenda da: Obabakoak (B. Atxaga); Otto Pette (A. Lertxundi); Narrazioak (J. Sarrionandia); Hamaika pauso (R. Saizarbitoria); Babilonia (J. M. Irigoien); Espainolak eta euskaldunak (J. Azurmendi); Ehun metro (R. Saizarbitoria); Gizona bere bakardadean (B. Atxaga); Ni ez naiz hemengoa (J. Sarrionandia); Azukrea belazeetan (I. Mujika).

Nik horko 5-6 hartuko nituzkek; ez guztiak. Eta hi, ados hago? Hirea egiterik? Benga, animo! ;-)

Anonimoak dio:
2015/11/02 13:15
Aupa, Asier:
Lan-kontuekin nabil eta zure aspaldiko testu hau topatu dot. Denporaz kanpo, baina irunzkin txiki bat: Bixenta Mogel bera edo Arantxa Urretabizkaia (Zergatik panpox?). Halako emakume baten batzuk be merezi dabe lekua zerrenda horretan. Eta Itxaro Bordaren bat edo beste, eta Laura Mintegirenen baten bat be, honezkero klasiko bihurtu dira. Zer diñozu?
ane, beti denporaz kanpo ,-)))
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/11/03 09:53
ummm... azkenengo hirurak ezin sartu! 1975 arteko "antologixia" proposatzen dot. Hortik aurrerakua dexente zaillagua iruditzen jata. Bixentari bai egin geinkixo tartetxua. Ados, iradokizuna onartuta ;)
Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz