Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Lizarbakar ala Lizar bakan?

Gari Araolaza 2025/01/19 17:25
Tolosako toki ederrenetako bat Urkizutik gora dago, Herniozabal mendira igotzeko azken atsedengunean. Lizar bakar eta bakan bat dago bertan, baina ez da erraza toki horren izena zein den asmatzea.
Lizarbakar ala Lizar bakan?

Lizar bakan esaten duen kartela

Aspaldi igo gabe geunden eta kartel (guretzat) berria ikustean harritu gara. "Lizar bakan" jartzen du kartelak. Gu "Lizarbakar" zelakoan tokiaren izena (elkartuta), eta beste norbaitek ere kartela zuzendu dio, N-ari gurutze bat jarriz eta R bat azpian idatziz.

Pentsatu dut etxera iristean ikertuko nuela gaia, Interneteko iturriak bilatuta. Pixka bat argitu dugu, eta ez dirudi "Lizar bakan" horren pistarik dagoenik, aurkitutako toki guztietan "Lizarbakar" erabiltzen da.

Aipatzen dudan leku horretaz

Toki hau mendi-lepo bat da, ditugun beste hainbeste bezala. Tolosako Urkizu auzotik goraka hasi, Artegietako gaina hartu, baso ederraz gozatu, Mendikute eta Albizturrera doan bidea albo batera utzi eta eskumara, bideak gora egiten du Herniozabalen gailurraren bila. Une batean lepo batera iritsiko gara, Herniozabalerako azken aldapak hartu aurretik.

Lepo horrek berezitasun bat du, lizar eder bat dago bertan.

lizarbakar-lainotuta-2023-04-22 12.56.41.jpg
Lizarbakarreko lizarra

Gure protagonista duela bi urteko udaberri egun batean. Ezkerrean ikusten da Herniozabalerako malda.

lizarbakarretik-Uzturre-Tolosa-2023-04-22 13.29.57.jpg
Han albotik ikusmira

Artegieta ingurutik Uzturre eta Tolosa

lizarbakarretik-Mendikutera-2023-04-22 13.02.57.jpg
Lepotik Mendikute eta Albizturrera bistak

Lizarra eta inguruko paisaia, Mendikute eta Albiztur aldera begira gaudela.

lizarbakar-bidean-Artegietako-gainean- basoa-2023-04-22 12.36.23.jpg
Artegieta alboko basoa

Lizarbakarrera goazela, Artegieta pasatuta baso eder hau aurkituko duzu. Uste dut Donostiako musika hamabostaldiko kontzerturen bat egin zela hor bertan noizbait, autoz bertara iritsi daitekeela aprobetxatuta.

Zein da tokiaren izena?

Euskalduna izate hutsagatik filologiako hainbat gai konbalidatzen dizkigutela entzuna daukat, baina hala ere ez da erraza tokiaren izena argitzea.

Lizarbakar Jaurlaritzan

Jaurlaritzaren toponimia sisteman lizarra mendebalderago jarri dute. Hau ez da zuzena egia esateko, baina mapa honetan ikasi dut agian lepo horrek Artzubi izena daukala, Muñoaundieta tontortxoa eta Zelaitxiki zelaiaren alboan. Ala Artzubi beste nonbaitekoa ote da? Izan ere Artzubi erreka Hernialde herritik gertuago ateratzen da, Monteskue auzotik gertu.

Eta lepoaren izena Artzubi balitz eta Lizarbakarra zuhaitzaren izena? Agian hori da soluzioa.

Lizarbakar Foru Aldundiko mapetan

Antzerako iritzia du Foru Aldundiko b5m zerbitzuko mapak. Baina ez da harritzekoa, oker ez banago bien artean informazio hau partekatzen dute eta.

Lizarbakar Tolosako toponimia mapan

Azkenean Tolosako toponimia mapan begiratu dut, 2015eko edizioan. Hemen ere Lizarbakarra aipatzen da. Are gehiago, ekialdera hasten den errekari Lizarbakarraerreka izena eman diote. Erreka honek eta zeharkatzen duen basoak aparteko kapitulu eta bisita bat merezi dute, batez ere euria egin ondorengo egunetako batean. Bere ibilbidean Hernialde eta Tolosa bereizten ditu eta sorpresa ederrak eskaintzen ditu ikuspegi askotatik, baita Lost telesailaren jarraitzaileentzat ere, baina ez dut espoilerrik egingo. Zuek deskubritu!

Hain toki eta zuhaitz ederra da, Bide Ertzean taldeak ere kantua egin ziola: Lizarbakar

Tokia ezagutzea gomendatzen dizuet, batez ere datorren udaberrian. Egun eguzkitsu batean ere, Muñoaundieta edo Zelaitxiki toki zoragarriak dira, etzan eta belarretan lasai egoteko, errekorren bat hautsi nahi duen laguna 1.011 metro dituen Herniozabal mendira igotzen den bitartean (bai, Hernio mendilerroaren azken tontorra da hau).

Toponimia adituren bat salan?

Hemen azaldutako toponimoetan zuzenketak gustora egingo nituzke MAPAN. Informazio zehatzen bat baldin baduzue, bota erantzunetan eta gustora zuzenduko dut MAPA.

Eibarko lokal hutsen mapa

Gari Araolaza 2023/06/15 19:25
Zenbat lokal komertzial huts daude Eibarren? Hori erakusten da mapa honetan.
Eibarko lokal hutsen mapa

Denda-lokal hutsak

Datuak irekiak dira, OpenStreetMap-en gehitu daitezke berriak edo oker daudenak zuzendu.

Mapa osorik ikusteko, hementxe: Eibarko denda-lokal hutsak

Pantaila osoan ikusi

Nola egin honelako mapa mashup bat?

Osagai hauekin:

  • OpenStreetMap: datu biltegia eta elkarlanerako gunea
  • uMAP: mapa pertsonalizatuak sortzeko aplikazioa
  • Overpass Turbo: OpenStreetMap-etik datuak filtratu eta ateratzeko tresna

Bestalde, Overpass Turboko datuak uMAP-en zuzenean eguneratzeko errezeta eskura duzue.  (Bai, datuak automatikoki eguneratzen dira OpenStreetMap-etik ordubeteko epean)

Nola gehitu lokal berriak mapan?

Twitterren jarri dut hau azaltzen duen bideo labur bat

Autopistako tag-en desberdintasunak Gipuzkoan

Gari Araolaza 2023/03/18 18:30
Tolosaldeko lagun batzuk kexaka, ze injustizia den orain autobidea ordaintzen hasi behar dutela. Ez dira kontziente AP-8-aren inguruan bizi garenok 40 urte daramagula ordaintzen.
Autopistako tag-en desberdintasunak Gipuzkoan

Bidegiko TAG-ak biztanleko

Bidegin eman dizkidate datuak eta grafika hau prestatu dut:

Bidegiko TAG kopurua biztanleko (ehunekotan)

Grafikak bi datu adierazten ditu:

  • Udalerri bakoitzeko tag kopurua (zirkuluaren tamainaren arabera)
  • Udalerri bakoitzean tag/biztanleko ratioa (kolore eskalan)
Datuak deskargatzeko aukera ematen du grafikak

Emaitza esanguratsuak:

  • A-8-aren ardatzeko udalerrietan dago autopistako tag gehien.
  • Bergara-Beasain ardatzeko (Deskargako autobiaren ingurua) herri txikietan dago ehuneko handiena (Handik gertu, Zeraingo herritarren %55ak dauka tag-a).
  • Tolosatik Donostiarako tartean dago tag ehuneko txikiena.
  • Kostaldeko herrietan ere bereziki ehuneko handia dago.
  • Pasaian dago ehuneko txikiena (%8)

Hipotesiak

Soziologo izaten ausartzen, hipotesi batzuk:

  • Herri handietan tag behar gutxiago dago lana/ikasketak herrian bertan daudelako kasu askotan.
  • Herri txikietan tag ehuneko handiagoa dago normalean, herritarrak beraien jardunetarako beste herrietara mugitu behar izaten direlako.
  • N-1-aren inguruan ez dute tag-ik behar, ez dutelako inoiz peajerik ordaindu.
  • A-8 eta AP-1 inguruan behar da tag gehien, bidesari gehien hor ordaintzen direlako.

Bonus track: A-636-aren egoera

Deskargako autobidea (A-636) kasu berezia da, lehenengo aldiz jarri delako martxan gelditu beharrik gabeko bidesari sistema, norberaren matrikula, ibilgailuaren tamaina eta (balego) tag-a detektatzen dutela martxan goazela. Oso erosoa tag-a daraman auto batentzat eta batez ere kobratu behar duen erakundearentzat.

Baina tag-ik ez daramaten autoen bidesaria kobratzeko sistema eta araudia pentsatu duten politikari edo/eta teknikariek entzumen edo psikologia test bat pasatu beharko lukete. Ez dago informaziorik webgunean edo paperetan, instrukzio nahasiak eta entzungor erabiltzaileen kexei. Erabiltzaile bat edo beste Arartekora iritsi dela entzun dut baina beraiei zuzentzeko asmorik ez zaie nabari urtebete ondoren.

Wordle-an euskaraz jokatzeko laguntzailea

Gari Araolaza 2022/02/05 07:20
Hitzak aurkitzeko nire mugekin etsituta, modako jokuan jokatzeko tresna bat prestatu dut.

Bolaran daude Wordle euskaraz eta Berbaxerka hitz jokoak. Azalpen askorik ez da behar, hitzak asmatzea da gakoa. Aditzek edo deklinatutako hitzek ez dute balio, erroek bakarrik.

Berbaxerka utzi nuen, denbora asko dedikatu behar zen eta.

Wordle gehiago gustatzen zait, baina askotan gelditzen nintzen etsituta, hitzak asmatu ezinik. Orduan letren arabera hitzen filtroak egiteko tresnatxo hau egin nuen eta orain denontzat jarri dut:

Wordle laguntzailea

Hasierako hitzak

Bestalde, estatistikoki neurtu dut zeintzuk diren partida hasteko hitz onenak, hau da, sarrien azaltzen diren letrak dituztenak. Honek lagunduko dizu hasierako bi hitzetan letra gehien asmatzen:

  • ATERI
  • ZOLDU

Partida hitz hauekin hasten baduzu ikusiko duzu errazago egingo zaizula jokoa.

Eibarko baserrien mapa

Gari Araolaza 2021/03/25 22:05
OpenStreetMap + Overpass Turbo erabilita egindako mapa bat, froga moduan. Aurrekoan toponimoekin egin bezala, oraingoan baserriekin bakarrik.
Eibarko baserrien mapa

Eibarko Baserrien mapa

Datuak OpenStreetMap-en kargatuta daude eta handik filtro bat jarri dut, baserri guztiak mapan ateratzeko. Datu hauek beste formatu geografiko batzuetan (GeoJSON, GPX, KML...) ere ateratzeko aukera ematen du Overpass Turbok.

Mapa hau uneoro eguneratzen da. Baserri berri bat azaldu edo aldaketaren bat gertatzen bada, eguneratua azalduko da mapa.

Datuei begira, niretzat deigarriena eta ezezaguna izan da zenbat baserri dauden oraindik Eibarko herrigunean (autopista eta saihesbidearen arteko zatia herrigune kontsideratuta): Asolaigartza, Pitxargain, Ibargain (hau galdu zen, ezta?), Bolingoa, Urkiditorre, Otaolaerdikoa. (baserri bezala hartuko ditugu nahiz galduta duten nekazari izaera, guztiek edo gehienek behintzat).

Datuak aztertu eta filtroak aldatzeko, hementxe aukera: Overpass Turbo

Eibarko Toponimia Mapa GPSrako

Gari Araolaza 2021/02/06 12:20
2005. urtean Eibarko Udalak aurkeztutako landa eremuko toponimia mapa OpenStreetMapen dago gaurtik aurrera.

Mapa eder hau Itziar Alberdi eta Asier Sarasuak egin zuten eta hementxe jarri zuen Asier berak deskargatu eta inprimatzeko moduan: Eibarko Toponimia Mapa

Orain OpenStreetMap-en datubasean kargatzen bukatu dut eta hemendik aurrera Kortalarrañeta, Ikaztoi edo Potrozulora joan ahal izango duzue GPSa eskuan hartuta. Izan ere, OpenStreetMap-eko datuak beste hainbat aplikazio eta webgunetara zabaltzen dira. Nik mendirako ibiltzen dudan telefonoko aplikazioan ere bai, adibidez: Organic Maps

Bestalde, kontutan izan ezagutza informatiko minimoekin informazio hau deskargatu daitekeela osorik edo zatika galbahetuta, GPS-an sartzeko, Excel batera pasatzeko, zentsuak egiteko, ikerketak egiteko, beste proiektu batean berrerabiltzeko... nahi duzuenerako.

Bukatzeko, niretzat faktore garrantzitsua izan daiteke tresna hau baserri eta landa eremuko tokietara zerbitzuak iristeko laguntza handia izan daitekeela, adibidez anbulantziak, suhiltzaileak, banatzaileak eta abar.

Hementxe datuok filtratuta: Eibarko toponimo eta baserriak

Non ikusi daitezke Eibarko toponimoak integratuta?

Hainbat webgune eta zerbitzutan:

Baserriak Katalangoatik

Gari Araolaza 2020/11/14 21:10
Goizeko ibilaldian Eibarko baserrien argazki bat atera eta arratsaldean identifikatzen ibili naiz denborapasan.
Baserriak Katalangoatik

Mandiola auzoko baserriak

Ea akats asko ez dudan egin, detektatzen badituzue esan eta zuzenduko ditut. Eibarko Toponimia Mapa erabili dut gida moduan.

Baserriak Katalanguatik

Tamaina handian ikusteko klik hemen

Twitterren esan dudan bezala, gero Eibar zatarra dela esango dute, baina hori esaten duenak ez daki begiratzen.

Eibarko kale izenen zerrenda

Gari Araolaza 2019/10/06 09:45
Askotan nahasmena egoten da Eibarko kale, plaza eta bideen izenekin, beste herri guztietan bezala, bestalde. Benetako izena zein den, zein grafiarekin idazten den, eta abar. Hori argitu asmotan bildu dut Eibarko kale izenen zerrenda.
Eibarko kale izenen zerrenda

Eibarko kale izendegia

Izan ere, nik dakidala ez dago zerrenda ofizialik, legalki boletinean ateratako edo udal batza batean adostutako kale izenen zerrenda publikorik. Izendapen blokeak egin izan dira (trantsizio garaian adibidez) baina gero zerrenda pixkanaka zuzentzen joan da, izendapen berriak sartuz, ortografia aldaketak eginez, eta baita erreferendum bidez izenak aldatuz ere.

OpenStreetMap proiektuan kale izen guztiak jartzen eta zuzentzen joan gara azken urteotan. Badakizue Wikipediaren estiloko mapa bat dela, kolaboratiboa, datu bat falta bada edo oker baldin badago bertan zuzentzeko minutu bat besterik ez da behar. Gero, MyOSMatic tresna erabili dut kale izenen zerrenda ateratzeko eta bide batez inprimatzeko moduko mapa ateratzeko.

Eta hortxe dago emaitza: Eibarko kale izendegia, gazteleraz callejero de Eibar esango geniona.

Okerren bat edo falta den zerbait ikusten baduzue gustora egingo dugu zuzenketa, edo zuek egin OpenStreetMap-en. (Izan ere hau idaztean detektatu ditut maiuskulekin lotutako akats txiki batzuk eta zuzenduko ditugu ahal den lasterren)

Ez dago jadanik Dos de Mayo edo Generalisimo esateko aitzakiarik aizu! Ofizialki duela 40 urte kendu zituzten izen horiek!

Udalaren webgunean badago kale izendegi bat, baina nere ustez ez da baliagarria dituen akatsengatik. Hasteko enpresa partikular batek sortu eta kudeatutako zerrenda da, ez da udalak egindako zerrenda "ofiziala". Bestetik, ikuspegi oso "español-neutrotik", ez du kontutan hartzen ez dela "KALEA, TXIRIO" edo "KALEA, SOSTOA TARREN" esaten, baizik eta "Txiriokale" edo "Sostoatarren kalea". Gainera dena maiuskulaz egotean ez dago modurik jakiteko "Urki Kurutzekua kalea", "Urki kurutzekua kalea" ala "Urki kurutzekua Kalea" idatzi behar den.  Konsistentzia gutxi ere badu, Zergatik "SOSTOA TARREN" baina aldiz "ZULOAGA-TARREN"? Eta abar.

Jatetxeak Lea-Artibai eskualdean

Gari Araolaza 2019/08/12 09:20
Oraindik gelditzen dira garai bateko jatetxeak, egurrezko lurrak, etxeko betiko postreak, adineko jendea sukaldean, marabilla hori...
Jatetxeak Lea-Artibai eskualdean

Niko jatetxeko ispilua eta altzariak

Asteburua Lea-Artibai inguruan eman dugu eta aurkitu dugu oraindik gelditzen direla garai bateko jatetxeak: egurrezko lur eta hormak, kroketa, entsalada eta piper berdeak, paella (omnipresente), legatza eta txuleta, betiko postreak, natilla eta gatzatua barne (bai! abuztuan azkeneko gatzatu kargamentua aprobetxatu genuen), adineko jendea sukaldean eta zerbitzatzen beraien estilo bereziarekin, telazko ahozapi handiak plater konbinatu bat jateko, prezio normalak... marabilla hori!

Joan zaitezte itxi baino lehen!

  • Klaudio Jatetxea, Amoroton (Oleta auzoa, Lekeitiotik oso gertu) 946 84 18 03
  • Zarrabenta, Aulestin, herri erdian. 946 27 90 04
  • Niko Jatetxea, Markinan. Herri erdian dagoen zelai ("prau") horretan 946 16 75 28 

Hiru aipatu ditut baina gehiago probatzeko aukerarik ez dugulako izan. Ziur nago gehiago daudela zain beraien tomate eder, entsalada goxo, kroketa mundial, paella, txuleta eta hegaluzearekin zuen zain, Munitibar, Ea, Ondarroan edo Berriatuan.

Amañako igarilekua

Gari Araolaza 2019/07/04 07:05
70. hamarkadan jaio ginenon ametsa Eibarren igerilekua izatea zen. Ez genuen imajinatzen gerra aurretik ere Eibarren "igarilekua" egon zenik.
Amañako igarilekua

Eibarko planoa 1940 inguruan - Egogain-Amaña ingurua

Askotan entzunda eta argazkiren bat ikusita, baina aste honetan Eibarko industria-sarearen berreraikuntza 1938-1942 erakusketan plano gainean bere kokapena argi eta garbi ikusi ahal izan dut. (Bide batez, ez galdu erakusketa eder hau, Armagintzaren museoan daukazue 2019ko uztailak 19 arte.)

Igerilekua (Igarilekua Eibarren) gaur egungo San Andres nagusien egoitzaren parean zegoen, Ego ibaiaren ura desbideratu eta saltoak eta guzti egiteko jarrita. Gaur egun "Slow" taberna dagoen tokian edo agian Ermua aldera metro batzuk haruntzago. Gaur errepidea dagoen tokian ibaia pasatzen zen garai hartan. Felix Arrietak detaile gehiago eman zituen, igerilekua betetzeko modua eta eraikitzeko moduaz Eibarko lehen bonbardaketari buruzko kontaketa zirraragarrian.

Amañako igerilekua 1930
Ume taldea Amañako igerilekuan. (Argazkiaren jatorria ezezaguna)

Beste argazki honetan argi ikusten da Alfaren hasierako eraikina, lehen unean Ego ibaiaren ezker aldean, eta badirudi igerilekuak zanga egiteko pretil ederra zeukala.

Amañako igerilekua
Amañako igerilekua Alfa atzean duela (Ojanguren fondoa, Eibarko Udala)

Jakina denez, gero Alfa handitu zen eta askoz luzeago egin zen, Barrenenguaraino. Argazki honetan ikusten da nola ibaia estali zuten, Amañako zubitik begiratuta:

Amañako zubia
Amañako zubia atzean Alfa ikusten dela (Argazkiaren jatorria ezezaguna)

Beste igerilekuak Eibarren

Uste dut garai batean Jose Etxeberria "Kerido"-ri entzun niola beste igerileku bat aipatzen, Casa del Pueblo gaineko terrazan zegoela eta umeei igeriketa ikastaroak ematen zizkietela, gerra ondoren uste dut. Norbaitek entzun du horrelakorik? 1954ko ortofotoan ez da hainbesterako bereizten.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon