Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / #eBird: hegazti-behaketen datu-base mundiala

#eBird: hegazti-behaketen datu-base mundiala

Asier Sarasua 2014/12/30 22:50
Cornell Lab-ek sortutako sareko tresna eta datu-basea. Bi aldiz mundiala: mundu osokoa delako, eta benetan aparta delako.

2002. urtean sortu zuten Estatu Batuetan eBird aplikazioa, Cornell Unibertsitateko Ornitologia Laborategiak eta Audubon Elkarteak. Funtsean, hegazti-behaketak gorde, antolatu eta banatzeko aplikazioa da.

Hasiera batean Estatu Batuetara mugatua zegoen, baina azken urteotan mundu osora hedatu dute, eta orduan etorri zaio benetako eztanda eta ospea. Gure artean ere nahiko ezaguna egiten hasi da (gutxienez ornitologo gipuzkoar eta nafarren artean). Une honetan 169 herrialdetako informazioa jaso eta zabaltzen du, eta hilero 6 milioi zerrenda berri gehitzen zaizkio datu-base erraldoiari. Mundu guztiko hegazti eta ornitologoen datuak, guztiontzat eskuragarri eta zientziaren lagungarri.

Zientzia hiritarra deitzen zaion horren ispilu da eBird. Garai batean, zientzilari "profesionalen" esku zegoen datuak jaso eta aztertzea, baina gero eta proiektu gehiagotan hiritarron esku ere badago lan hori. Zaletuok jasotzen ditugun horiek, ziurrenik, ez dira izango zientzilariek jasotzen dituztenak bezain zehatzak, baina badakizue zer den milioika lagun datuak biltzen izatea? Zer informazio piloa jaso daitekeen?

Ornitologian aspaldi konturatu ziren horretaz zientzilariak, eta esango nuke ohiko bilakatu dela herritarren parte-hartzea hainbat proiektutan, aspaldi-aspalditik, aitzindari izanik: zentsoak, jarraipenak, atlas ornitologikoak, migrazioetako datuak... Hiritarrak dira, kasu askotan, datuak jaso eta elkarbanatzen dituztenak.

Kasu honetan, oso erreminta erraz eta eraginkorra sortu dute Cornell Labekoek. Behin webgunean izena emanda, txori eta hegaztiak ikusi ahala, eBird-eko webgunera igotzen dituzu behaketa horietako datuak, formulario erraz bat erabilita. Eta horrek zertarako balioko du?

  • Norberarentzat oso erabilgarria, urteetan zehar behatutako hegaztien datu-base partikularra kudeatzeko. Zer espezie ikusi dituzun jakingo duzu, datuak herrialdeka zein eskualdeka edo herrika kontsulta ditzakezu, eta abar. Garai batean koadernotxoetan batzen genituen datuak, orain merke-merke sareko datu-base on batean, ondo egituratuta. Oso erabilgarria.

  • Horretaz aparte, beste zaletu batzuen zerrendak eta datuak ere erakusten dizkizu: zer ikusi da azkenaldian Euskal Herrian? Edo zer ikusi zuten atzo Urdaibaiko urmaeletan? Zein da espezie baten fenologia? Noiz eta non ikusten da errazen? Zer espezie bitxi ikusi da Nafarroan aurten? Hau ere oso-oso baliagarria.

  • Zientzilarientzat ere tresna bikaina da. Zaletuok sartzen ditugun milioika datuei esker, besteak beste, distribuzio eta migrazio patroiak aztertzeko aukera ematen die. eBird-ek, gainera, datu interesgarrienak publiko egiten ditu eta mapetan ikusteko aukera daukagu.

  • Bukatzeko, hegaztiak eta natura babesten dituzten elkarte eta erakundeek ere datu egokiak dituzte eskura, erabakiak hartzeko eta administrazioari kontuak eskatzeko.

Guzti honen indarra, jakina, txorizaleon parte-hartzean datza. Hau da, zenbat eta zaletu gehiagok erabili tresna berbera, orduan eta emaitza hobeak izango ditugu komunitate osoak eta aberasgarriagoa izango da guztiontzat. Esan bezala, Gipuzkoan eta Nafarroan datu asko gehitu dira eta, ondorioz, eBird oso erabilgarria da inguru horietan gabiltzanontzat. Araban, aldiz, oso mugimendu txikia dago, eta Bizkaian hala moduzkoa. Iparraldean, berriz, lurraldetasun arazoez gain (Akitaniako datu orokorretan daude Euskal Herrikoak), gainera inguru horretan beste webgune baten "konpetentzia" ere badu.

Adibiderako, datu orokor batzuk: 7 herrialdeetan antzeko ornitofauna izan arren, Nafarroan 300 espezie ikuskatu dira, Gipuzkoan 284, Bizkaian 235, eta Araban 159. Alde nabarmena, erabiltzaileon esfortzuak baldintzatu duena, eta ez lurralde bakoitzaren aberastasunak (soilik).

Kontutxo pare bat ere baditu hobetzeko. Hasteko, esango nuke "sare sozial" izaera indartzea falta zaiola. Ez dago modurik behaketetan iruzkinik lagatzeko, beste erabiltzaile batzuei iradokizunak edo galderak egiteko, eta abar. Bestalde, webgunea bi azpiegituratan banatuta dago, egitura zaharra eta berria, eta nahasgarri samarra da. Beste herrialde edo lurralde batzuetako datuak aurkitzea ez da erraza, eta zenbait azpiataletara heltzea ere ez. Guztia eredu berrira eramango dutela pentsatzen dut, eta ea orduan berrikuntzak eta hobekuntzak ere gehitzen dituzten.

Hala ere, eta laburbilduz, oso tresna erraz, erabilgarri eta eraginkorra. Txorizalea bazara, eman izena eta saltseatu; gustatuko zaizu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz