"Euskadiko hegazti habiagileen atlasa" (2016-2020) kaleratu berri da, euskal txorizaleontzat erreferentziazko lana izango dena
Halaxe da, bai! Orain dela egun batzuk aurkeztu da Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 2016-2020, EAEn kumatzen diren txori espezie guztien informazio xehe-xehea ematen duen liburutzarra. Lan handi bat, orain arte sekula egin barikoa eta erreferentziazko bihurtuko dena euskal txorizale guztiontzat.
Proiektua Aranzadi zientzia elkarteak sustatu eta koordinatu du, baina hainbat lagun eta elkarteren parte-hartze eta lankidetzarekin. Guztira 60 txorizalek baino gehiagok hartu dugu parte, landa-lana egiten eta espezieen fitxetako testuak idazten. Gipuzkoari dagokionez, Itsas Enara Ornitologia Elkarteko lagunak ibili gara beharleku honetan eta niri dagokidanez Eibar-Elgoibar-Etxebarri aldea izan da aztertu dudana, Arnoraino.
Egindako lanaren zailtasuna garbi geratzen da konturatzen garenean azkenengo atlasa duela ia 40 urte egin zela, oraingo honen zehaztasun mailakorik ez dela orain arte egin Euskal Herrian (eta inguruan ere gutxi), eta atlasa argitaratzeko 7 urteko lana behar izan dela. Makaleko lana, zehatza bezain zabala Aranzadik egin duena. Pozik bezain harro proiektu honetan gure ale txikia jartzeko aukera izan dugulako eta eskerrak eman hemendik partaide guztiei eta bereziki Aranzadiko lagunei (Juan, Maite eta Olatz), egindako bilketa eta azterketa izugarriarengatik!
Liburua urriaren 4an aurkeztu zen Txingudin eta ondoren EAEko hiru hiriburuetan ere aurkeztu da, lurralde bakoitzeko partaideok bertan ginelarik. Urriaren 17an izan ginen Itsas Enarako kideak Donostian. Atlasa liburu-dendetan eta online erosi daiteke.
Atlasaren Donostiako aurkezpenean, Itsas Enara Elkarteko kideok bertan. 2023ko urriaren 17an.
Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 7 urteko lana
EAEko hegaztien egoera biltzen zuen Atlas bakarra geneukan orain arte, 1985ean Jaurlaritzak ateratakoa eta garaiko metodologia eta baliabideekin egindako. Ondoren, Gipuzkoakoa ere atera genuen 2000. urtean, orduan ere hainbat lagunen parte-hartzearekin eta elkarlanean (Itsas Enara, Gipuzkoako Aldundia eta Aranzadi). Harrezkero, SEO elkarteak Espainiako atlasak ere atera ditu, baina landa-lan zabalagoarekin eta ikuspegi orokorragoarekin.
Oraingo atlas honen helburua izan da, hortaz, garai bateko datuak eguneratzea, horretarako landa-lan finagoa eginez eta atlas modernoek dituzten azterketa estatistikoak aplikatuz.
Atlasa 7 urteko lana izan da. 2016-2020 artean landa-lana egin zen, gure lurraldeko txoko guztietako hegazti-populazioen azterketa sakona eginez. 2021-2022 artean bulegoko lana etorri zen (azterketa estatistikoa, mapak sortzea eta fitxak idaztea). Amaitzeko, azken urtean zehar maketazio eta orrazketa lanetan aritu da Aranzadiko lantaldea.
Landa-laneko metodologiari dagokionez, orain arte sekula erabili ez den zorroztasuna bilatu da. Atlas gehienetan 10x10 km-ko laukietan banatzen da lurraldea (baita 50x50 km-ko laukietan ere) eta horixe da azterketaren oinarrizko eremua. Gure kasuan, 5x5 km-ko laukiak zehaztu ziren eta horien barruan 1x1 km-ko eremuak ere zehaztu ziren, are azterketa doiagoak egiteko. Metodologia zehatz bat adostu zen, parte-hartzaile guztiok jarraitu duguna, bilketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egin ahal izateko eta, horrela, xehetasun handiz jaso ahal izan dugu gure lurraldean dauden hegaztien egoera, banaketa eta ugaritasuna. Esan dezakegu, une honetan EAEn ditugun txorien argazki nahiko zehatza atera dugula. Ez hori bakarrik: zer ez dakigun ere nabarmen utzi du lan honek!
Orotara 180 hegazti-espezieren datuak jaso dira, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie bakoitzaren kasuan bere egoera eta banaketa aztertu da eta kontserbaziorako neurri posibleak ere jaso dira. Gainera, 3 motatako mapak sortu dira, datu nahikoa zeukaten espezie guztietan: presentzia mapak, ugaritasun mapak (edo banaketa modelizatuarenak) eta joera historikoarena (oraingo datuak SEOren duela 20 urteko beste atlas batekin konparatuz). Bukatzeko, espezie gehienetan populazioaren estima bat ere egin da, gure lurralderako lehenengoz.
Lanak 192 ilustrazio eder ere biltzen ditu, Alex Mascarell artista katalanak eginak.
Jasotako datuak eta Atlasean bildutako informazio eta testuak erreferentzia nagusi izango dira hemendik aurrera, txorizaleontzat ez ezik, baita administrazioarentzat ere, zer daukagun jakiteko eta zer/nola babestu behar dugun irudikatzeko. Lan honek garbi utzi duen kontuetako bat da, esate baterako, landazabal, nekazal inguru eta landa-eremuei lotutako espezieen egoera okerrera doala nabarmen.
Espezie ugarienen artean, hauek dira gelaxka guztietan azaldu direnak eta ugaritasun handiena dutenak:
- Txolarre arrunta: 390.000 ale
- Txantxangorria: 330.000 ale
- Txepetxa: 290.000 ale
- Zozo arrunta: 280.000 ale
- Txinbo kaskabeltza: 280.000 ale
Laburbilduz, lan eder eta argigarri bat, hurrengo urteotan errenferentziazko bilakatuko dena euskal naturzale eta txorizale guztiontzat.
20 urte barruko hurrengo Atlaserako nire nahia? Euskal Herriko osokoa izatea, eta euskararen presentzia handiagoarekin. Eta orduan ere guk parte hartu ahal izatea! ;)
Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2023
Azken urteotako ohiturari jarraituz (hemen 2018 eta 2019 urteetako datuak, adibiderako), aurten ere ekin diogu SACRE programari. Espainiako SEO (Sociedad Española de Ornitología) elkarteak gidatzen du SACRE programa (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras).
Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, berriz, SACRE. Bata eta bestea eginez, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiten da, euren bilakaera aztertzeko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko. Ez dira gurean egiten diren jarraipen eta zentso bakarrak. Aranzadi Elkarteak ZAPELATZ programa abiatu zuen 2022an, hegazti harraparien egoera aztertzeko, eta Itsas Enara Elkartearekin batera, Uretako Hegazti Negutarren jarraipen-programan ere hartzen dut parte urtero.
SACREri dagokionez, metodologia erraza dauka. Behatzaile bakoitzak aurrez zehaztutako 10*10 km-ko lauki bat aukeratu behar du (nire kasuan Gipuzkoako WN4080 laukia, Eibar-Elgoibar-Etxebarri hartzen dituena) eta 20 behaketa-puntu zehaztu behar dira (irizpide zientifiko eta metodologiko batzuk jarraituz). Ondoren, urtero ibilbide berdina egin behar da, 20 puntu horietan 5 minutu geratuz eta ikusten eta entzuten diren hegazti guztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).
Txantxangorria (Erithacus rubecula).
Pagausoa (Columba palumbus).
SACRE 2015-2023, Eibar-Etxebarri-Elgoibar
Hona hemen aurten jasotako datuak eta azken urteotako laburpena. Ez da egon ezusteko handirik. Ohiko espezie-kopurua eta, betiko moduan, ohiko hegaztiak nagusi: zozoak, txepetxak, sorbeltzak, txinbo kaskabeltzak, txontak, etxe-txolarreak... Guztira 67 espezie ezberdin ikusi ditut programa honetan zehar 2015etik hona, aurtengoan 48 espezie.
Espezie mailan ez da ikusten oraindik joera garbirik (10 urteko segida ez da nahikoa horretarako). Zerbait nabarmentzekotan, aurten lehenengoz ikusi ditudala zapelatz liztorjalea, miru gorria, pitxartxar nabarra eta kuliska txikia SACRE programa honetan (nahiz eta nekez ugalduko diren Eibarren). Bestalde, aurten ez dut ikusi beste urte batzuetan ohiko izan diren garraztarroa, okil handia, belatz gorria, buztanluzea eta hainbat parido (pinu-kaskabeltza, amilotx urdina eta amilotx mottoduna). Aipagarria da, beharbada, pagausoen bilakaera, 10 urtean garbi ugaritu baita gure inguru honetan.
Ikusi eta entzundako txori kopuruan igoera izan da aurten (930 ale), baina igoera horrek, hegaztien joera baino, txorien kantuak ezagutzeko izan dudan hobekuntza txikia adierazten duela uste dut (duela 10 urte baino hobetxoa naiz lan horretan eta txori gehiago identifikatzen ditut).
Hemen zerrenda osoa, 2015etik honako datuak batuz.
Miru beltza (Milvus migrans).
ESPEZIEA | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2022 | 2023 | GUZTIRA |
Ardea cinerea / Koartza hauskara | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 4 |
Cairina moschata / Ahate musketaduna | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 3 |
Anas platyrhynchos / Basahatea | 34 | 41 | 74 | 55 | 34 | 49 | 78 | 365 |
Pernis apivorus / Zapelatz liztorjalea | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Milvus migrans / Miru beltza | 0 | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 2 | 4 |
Milvus milvus / Miru gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Gyps fulvus / Sai arrea | 8 | 3 | 6 | 10 | 5 | 15 | 4 | 51 |
Accipiter nisus / Gabiraia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Buteo buteo / Zapelatza | 2 | 3 | 3 | 3 | 5 | 2 | 4 | 22 |
Hieraaetus pennatus / Arrano txikia | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 3 |
Falco tinnunculus / Belatz gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 |
Gallinula chloropus / Uroiloa | 3 | 4 | 3 | 2 | 1 | 1 | 5 | 19 |
Actitis hypoleucos / Kuliska txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Larus michahellis / Kaio hankahoria | 1 | 0 | 6 | 2 | 0 | 1 | 1 | 11 |
Columba livia / Etxe usoa | 26 | 69 | 32 | 45 | 39 | 42 | 26 | 279 |
Columba palumbus / Pagausoa | 3 | 0 | 0 | 4 | 3 | 2 | 12 | 24 |
Streptopelia decaocto / Usapal turkiarra | 6 | 10 | 8 | 7 | 7 | 2 | 3 | 43 |
Cuculus canorus / Kukua | 4 | 2 | 3 | 2 | 3 | 0 | 2 | 16 |
Apus apus / Sorbeltz arrunta | 87 | 191 | 105 | 121 | 155 | 89 | 244 | 992 |
Picus sharpei / Okil berde iberiarra | 3 | 2 | 5 | 4 | 3 | 7 | 3 | 27 |
Dendrocopos major / Okil handia | 1 | 0 | 1 | 0 | 2 | 2 | 0 | 6 |
Riparia riparia / Uhalde enara | 0 | 31 | 20 | 12 | 28 | 25 | 42 | 158 |
Ptyonoprogne rupestris / Haitz-enara | 3 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 4 |
Hirundo rustica / Enara arrunta | 4 | 5 | 7 | 0 | 9 | 13 | 2 | 40 |
Delichon urbicum / Enara ipurzuria | 14 | 19 | 16 | 24 | 15 | 17 | 23 | 128 |
Anthus trivialis / Uda-txirta | 6 | 5 | 1 | 1 | 0 | 1 | 1 | 15 |
Motacilla cinerea / Buztanikara horia | 4 | 7 | 6 | 2 | 4 | 17 | 9 | 49 |
Motacilla alba / Buztanikara zuria | 10 | 7 | 6 | 5 | 4 | 9 | 16 | 57 |
Cinclus cinclus / Ur-zozoa | 0 | 2 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 3 |
Troglodytes troglodytes / Txepetxa | 29 | 38 | 38 | 46 | 39 | 38 | 35 | 263 |
Erithacus rubecula / Txantxangorria | 18 | 18 | 17 | 30 | 25 | 22 | 19 | 149 |
Phoenicurus ochruros / Buztangorri iluna | 8 | 7 | 5 | 19 | 15 | 12 | 13 | 79 |
Saxicola rubetra / Pitxartxar nabarra | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Saxicola rubicola / Pitxartxar burubeltza | 0 | 4 | 5 | 3 | 3 | 0 | 6 | 21 |
Turdus merula / Zozoa | 45 | 37 | 37 | 49 | 35 | 53 | 68 | 324 |
Turdus philomelos / Birigarroa | 9 | 8 | 13 | 5 | 12 | 19 | 8 | 74 |
Turdus viscivorus / Garraztarroa | 0 | 1 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
Cettia cetti / Errekatxindorra | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 | 4 |
Hippolais polyglotta / Sasi-txoria | 3 | 0 | 1 | 3 | 3 | 1 | 1 | 12 |
Sylvia atricapilla / Txinbo kaskabeltza | 0 | 19 | 18 | 6 | 13 | 24 | 30 | 110 |
Phylloscopus collybita / Txio arrunta | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Phylloscopus ibericus / Txio iberiarra | 14 | 16 | 11 | 13 | 15 | 9 | 13 | 91 |
Regulus ignicapilla / Erregetxo bekainzuria | 3 | 5 | 5 | 5 | 2 | 11 | 7 | 38 |
Muscicapa striata / Euli-txori grisa | 2 | 1 | 1 | 0 | 2 | 1 | 0 | 7 |
Ficedula hypoleuca / Euli-txori beltza | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
Aegithalos caudatus / Buztanluzea | 0 | 3 | 2 | 2 | 0 | 0 | 0 | 7 |
Poecile palustris / Kaskabeltz txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 |
Lophophanes cristatus / Amilotx mottoduna | 3 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 5 |
Periparus ater / Pinu-kaskabeltza | 1 | 1 | 2 | 1 | 1 | 1 | 0 | 7 |
Cyanistes caeruleus / Amilotx urdina | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 1 | 0 | 4 |
Parus major / Kaskabeltz handia | 13 | 18 | 17 | 25 | 11 | 13 | 11 | 108 |
Sitta europaea / Garrapoa | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 0 | 5 |
Certhia brachydactyla / Gerri-txoria | 4 | 5 | 3 | 4 | 5 | 4 | 7 | 32 |
Lanius collurio / Antzandobi arrunta | 1 | 3 | 0 | 3 | 1 | 1 | 2 | 11 |
Garrulus glandarius / Eskinosoa | 2 | 2 | 0 | 2 | 2 | 0 | 4 | 12 |
Pica pica / Mika | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 3 | 1 | 7 |
Corvus corone / Belabeltza | 31 | 32 | 41 | 26 | 36 | 36 | 27 | 229 |
Corvus corax / Erroia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Sturnus vulgaris / Arabazozo pikarta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 |
Passer domesticus / Txolarre arrunta | 29 | 39 | 43 | 29 | 60 | 103 | 110 | 413 |
Fringilla coelebs / Txonta arrunta | 36 | 37 | 42 | 39 | 48 | 23 | 43 | 268 |
Serinus serinus / Txirriskila | 21 | 10 | 8 | 5 | 11 | 17 | 4 | 76 |
Chloris chloris / Txorrua | 0 | 0 | 1 | 3 | 2 | 4 | 12 | 22 |
Carduelis carduelis / Kardantxiloa | 18 | 25 | 23 | 12 | 22 | 33 | 19 | 152 |
Linaria cannabina / Txoka | 0 | 3 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 4 |
Pyrrhula pyrrhula / Gailupa | 2 | 0 | 3 | 1 | 1 | 1 | 1 | 9 |
Emberiza cirlus / Hesi-berdantza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 |
GUZTIRA: | 512 | 739 | 643 | 635 | 688 | 736 | 930 | 4883 |
Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Nafarroa hegoaldean.
Baztan eta Baigorri artean, Hauza mendia (1304 metro) Izpegitik #100mendi
Hauza mendi ederrak Baztan (Nafarroa Garaia) eta Baigorri (Nafarroa Beherea) haranak banatzen ditu, paraje natural ikusgarrian. Tontorra bera Nafarroa Garaian dago, Baztango lurretan, eta 1.304 metroko garaiera du. Baztango mendirik ikusgarri eta ezagunenetakoa da, zalantzarik gabe. Izpegiko lepotik du biderik samur eta ohikoena (maldatsua, halere), eta handitik ekin genion guk uztaileko azkenengo asteburu eguzkitsuan.
Izpegin bertan ondo markatutako GR nagusia hartu eta sortaldeko magaleko bidea hartu genuen guk, pixkat luzeagoa baina aldapa gutxiagokoa, Usatxarreta eta Aldaburu tontortxoak hegitik gainditzen baitira, bueltan-bueltan, euren tontorrera igo barik. Lehenengo zati hori pagadian zehar dihoa, 20-30 minutu inguruz, bidezidor gora-beheratsu eta zigi-zagatsuan, mendian gozagarri gertatzen diren bidexka horietako batean barrena.
Izpegitik Nekaitzeko lepora bidean, pagadian zehar.
GR markak nabariak dira Nekaitzeko lepora garamatzan ibilbidearen zati honetan.
Behin Usatxarreta eta Aldaburu atzean utzita, Nekaitzeko lepora helduko gara eta, pixkat aurrerago, Elorrietako lepora. Baigorri eta Baztan elkartu izan ditu gizaldiz gizaldi lepo honek eta hantxe hasiko zaigu igoeraren zatirik nekezena, Elorrietako lepoan hasi eta Hauzako gailurrera eramango gaituena.
Nekaitzeko lepoan; pare-parean ikusiko dugu bertatik Hauza handia.
Elorrietako lepoa. Han barrenean Nekaitzeko lepoa eta Aldaburu (926 m). Elorrietako lepoa 830 metrora dago; ia 500 metroko igoera daukagu hemendik tontorrera.
Elorrietatik Hauzarako bideak 2 zati arras ezberdinak ditu. Biak ere malkarrak, baina izaeraz erabat ezberdinak. Lehenengo zatia, neurri handi batean, gerizpean egiten da, pagadian zehar. Bidexka tarteka pagaditik irteten da eta inguruak eskaintzen dizkigun bista ederrez gozatzeko aukera ematen digu. 30-40' inguru behar izan genituen lehenengo zati hau gainditzeko, Harrigorriraino (1.114 m).
Elorrietako lepotik Harrigorrira bidean (harri gorrizko tontor hori da Harrigorri, 1.114 m).
Hemendik aurrera aldats pikarra aurkituko dugu une oro. Dela pagadian, dela pagadi bazterrean.
Behin Harrigorri gaindituta, ibilbidearen izaera erabat aldatzen da. Pagadiko bidetxindorra alde batera laga eta harri artetik gora egin behar da marka nabarmenik gabeko mendian goiti. Arnasa kentzen du bideak eta arnasa kentzen ikuspegi zoragarriak: Garazi, Baigorri, Banka, Urepele... Hegaztiak ere ugari: sai arreak, sai zuriak, erroiak, belatxinga mokogorriak, belatz gorriak... eta arrano beltz bat ere ikusi ahal izan genuen!
Zati hau gainditzeko beste 40' inguru behar izan genituela kalkulatzen dut (gutxi gora-behera), tipili-tapala, txiri-txiri, izerditan. Esan bezala, ahalegina eskatzen dizun mendia da Hauza, baina saria handia denean, gustura hartzen dira ahalegin txiki hauek. Merezi duela Hauzak!
Harrigorri atzean lagata, maldan gora, ia-ia lerro zuzenean, Hauzaraino. Atzean Banka ingurua.
Hauza, 1.304 m.
Hauzatik hegoaldera (sic) begira, Nafarroa Behereko Baigorri eta Banka inguruko haran, mendi eta herriak.
Hauzatik iparraldera begira, Baztan eta inguruko lurrak.
Harrigorri, 1.113 m.
Izpegi, hasiera eta, batez ere, amaierako puntu.
'Xylocopa violacea', erle edo erlastar zurgina (edo arotza)
Burrundarak baino bere tamainak erakarri gintuan. Eiherelarreko tabernan (Garazi, Nafarroa Beherea) garagardoa edaten eta pare parean agertu zitzaigun euli koloreko eta kakalardo neurriko erle hau. Erlea baino, begira behintzat, erlastarra edo erlemandoa da gehiago, bere gorputz sendoa eta neurri handia ikusita.
Izan ere, Europan daukagun erleen artean handienetakoa da Xylocopa violacea erle mandoa, Xylocopa generoko espezierik arruntenetakoa dena. Bere generoko kide gehienek bezala, Xylocopa violaceak ere hildako egurrean egiten du bere habia eta bertan erruten arrautzak. Itxurak itxura, lasai-lasaia da eta nekez erasoko dizu, ezta zirikatuta ere.
Negua lotan igaro ondoren, udaberri erdi-amaieran azaltzen dira eta udan bikote bila aritzen, euren habiak egin eta arrautzak bertan jartzeko. Emeak zurean egingo du habia eta hortik datorkio bere izena inguruko hizkuntza gehienetan: carpentier bee, abejorro carpintero, abella de la fusta, abeilles charpentières...
Euskaraz ez dut aurkitu izen arruntik espezie honentzat, baina guretzat ere egokia ematen du erle zurgina edo erlastar zurgina (arotza?) izenak. Baina, erlea edo erlastarra? Euskalterm begiratuta, "erlastar" izena batez ere Bombus generoarekin lotzen da (Wikipedian bezalaxe), baina azalpen zabalagoa ere badakar, nekazaritzako hiztegian: "Erlearen familiako intsektua, hura baino handiagoa eta iletsuagoa". Hori ikusita, nik uste egokia dela erlastar izendatzea Xylocopa generoko erle mando hau, iletsua izan ez arren.
Xylocopa violacea.
Armañongo Parke Naturala, Enkarterrietan: Armañon, Jorrios eta Kotobasero, Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa artean
2006. urtean izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak Armañongo Parke Naturala, Ranero eta Armañon mendilerro inguruko 3.000 hektarea, Karrantza eta Turtzioz artean banatuta, Enkarterrietan.
Paisaia ederra, nekazal ingurune oraindik nahiko zaindua, Pozalaguako haitzuloa eta Torca del Carlista famatuak, eta Raneroko mendilerroko hainbat gailur eder. Armañongo Parke Naturalak merezi du bisita bat, bizpahiru ez badira. Beti joatekotan eta oporraldi hau aprobetxatu dugu ingurua ezagutzeko.
Enkarterrietako zenbait herri bisitatzeaz aparte, besteak beste merezi duten Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa, batez ere mendi aldean ibili gara, 100 mendien lehiaketak ematen digun bizigarriari esker. Oraingo honetan Armañon, Los Jorrios eta Cotobasero igo ditugu, ez altuegiak baina igoera polita dutenak eta ikuspegi ederra eskaintzen dutenak, Enkarterriak, Kantauri Itsasoa eta Cantabria aldeko mendiak parez pare.
Armañon eta Los Jorrios egun berean igo genituen, Cueto auzotik (Turtzioz) abiatuta. Lehenengo kilometroak porlanezko pista batetik egiten dira, nahi bada autoz gainditu daitezkeenak. Ondoren, Armañonek eta Jorriosek, bakoitzak bere izaera erakutsiko dizkizu: leun eta atsegina lehenbizikoa, mole kalkareo ia gaindiezina bigarrena. Bideak ondo markatuta daude eta begi bistakoak dira, oro har. Hori bai, Armañonera bideratzen diren bide-zidor batzuk oteak eta txilarreak itxita aurkitu genituen; Jorriosen kasuan, kareharrizko hormak gainditu eta tontorrera heltzeko, ezinbestekoa da bidea markatzen duten harri-meta txikien aztarna ez galtzea. Lau orduko buelta izan zen, lasai-lasai eginda, bazkaltzeko tartea hartuta.
Cotobasero oso desberdina da. Karrantzako Aldeacuevas auzunetik hasi genuen igoera eta ez dauka inolako zailtasunik, ez bada behi, zezen eta mastinak ondo gobernatzea (estuasun txikiren bat izan genuen). Cotobaserok oso ikuspegi ederra eskaintzen du Karrantza aldeko auzo guztien erdigunetik.
Itzuliko gara, duda barik.
Armañon (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza).
Txilarreak hesiak hartu ditu Armañongo maldan.
Armañongo gailurra (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza). Alboan du Parapetos tontor txikia eta, iparralderago, argazkiak ikusten den Los Jorrios (839 m).
Karrantza aldeko lurrak. Pozalagua eta Ranero inguruak erdi-erdian; atzerago Ason inguruko mendi garaiagoak (Cantabrian).
Los Jorrios (839 m) Armañon tontorretik.
Armañon abegikorraren alboan, Los Jorriosek gotorleku gaindiezina ematen du azpitik. Ezinbestekoa da bidetxindorraren hasiera ondo hartzea eta harri-metak begiz ez galtzea.
Kantauri itsasoa Los Jorrios tontorretik (839 m), Turtzioz.
Los Jorrios (839 m), Turtzioz (Enkarterriak).
Ganadua eta mastinak ugariak dira Armañongo Parke Naturalean. Ezinbestekoa da oinarrizko segurtasun arauak jarraitzea.
Pomatias elegans barraskiloa, Euskal Herriko lehorreko gasteropodoen artean operkulua daukan bakarretakoa. Nahiko ohikoa da Europa hegoaldeko ingurune kalkareoetan eta zenbait ale aurkitu genituen Los Jorrios magalean.
Turtziozeko Romaña auzoko San Pedro eliza eta zezen-plaza. Turtziozeko lau auzoetan izan dute zezen-plaza bana. Romañakoa XVIII. mendekoa zen, baina 1957an bota eta Gaztelako estiloko beste hau eraiki zuten.
Cotobasero (829 m). Karrantzak dituen 47 auzuneetako asko eta asko ikus daitezke ingurune honetatik.
Lanestosa, bisita merezi duen herri ederra.
'Adenocarpus complicatus' isatsa Eibarren
Fabazeoek landare lekadunen familia osatzen dute (hortik datorkie fabazeo izena). Oso familia zabala da, 15.000 espezietik gora ditu munduan eta Euskal Herrian bertan ere dozenaka espezie aurkituko ditugu. Horien artean faboidea azpifamiliakoak diren eta nahiko antzekoak diren 4-5 genero eta hogei bat espezie aurkituko ditugu, lekadun izateaz gain, denak ere zuhaixka edo mulu itxurakoak, askotan arantzadunak eta lorehoriak.
Seguru asko ote zuria (Ulex europaeus) da ordezkari ezagunena Euskal Herrian, baina beste 4-5 espezie ere ohikoak dira eskualde batzuetan, besteak beste, Genista, Cytisus, Retama eta Genistella generokoak. Ezagunenak eta hedapen zabalena dutenak otabera arrunta (Genista hispanica) eta isats arrunta (Cytisus scoparius) dira. Euskarazko izen arrunta duten bakarretakoak ere badira (eta azken horrek izena ere eman dio gure txakurrari, Iats).
Lehengo egunean, Akondiatik behera Usartzara gentozela, talde horretakoa zirudien zuhaixka-taldea ikusi genuen: metro t'erdiko zuhaixka, adarkatua, lorehoria... Otabera edo isatsa izan zitekeelakoan hurreratu ginen, baina ez, kasu honetan Adenocarpus complicatus espeziea zen parean geneukana.
Mediterraneo bueltan bizi den espeziea da, besteak beste Aljerian eta Marokon. Frantzia hegoaldean eta Iberiar penintsulan ere bizi da, batez ere lur silizeoa daukaten eremuetan.
Euskal Herrian ez da ohikoegia, baina Deba ibarrean agertzen da han-hemen, normalean ez dentsitate altuegietan, bere banaketa Gasteizeraino hedatuz.
Euskarazko izenik ba ote? Ez dirudi, ez diot behintzat inon aurkitu (liburu, datu-base, Euskalterm eta hiztegietan behintzat). Tira, larregi arriskatu gabe, esango nuke lasai dei dakiokeela honi ere isats, dagokion espezifikatzailea gehitu beharko zaion arren.
Esan bezala, Akondia mendiaren magalean aurkitu dugu espezie hau, Pagola baserritik 100 metro ingurura, bide bazterrean bertan. Harrezkero berriz ibili gara inguruan eta badirudi ehundik gora ale daudela Pagola alde horretan.
Wikipedian bere orrialdea sortzeko aprobetxatu dut, ondorengo informazioa erantsiz.
Adenocarpus complicatus fabazeoen familiako landare-espeziea da. Zuhaiska arantzagabea da, altueran 2 metro edo gehiagokoa izan daitekeena, nahiz eta gehienetan txikiagoa den. Adar ugari ditu, dibergenteak, luzeak eta zaluak; adarrak txandakatuta eta luzetara ildaskatuta antolatzen dira. Hosto trifoliolatuak eta txortendunak, lantzeolatuak edo obolantzeolatuak, beheko aldean ile zetatsuz estaliak eta goiko aldean ilegabeak edo ile gutxirekin. Leka luzanga dute, barnean 3-6 hazi dituena. Maiatzetik abuztura loratzen da. Sastrakadi, baso-mendel, ezponda eta, oro har, karerik gabeko leku irekietan bizi da.
Adenocarpus complicatus, Akondia (Eibar), 2023
Eta hemen behean gure Isats (Iats, Gisats, Sats) eta Adenocarpus isatsa ;)
Kaparrondoa (Capparis spinosa)
Kaparrondoa (Capparis spinosa) sasi itxurako zuhaixka bat da, metro bete ingurukoa; arrautza formako hosto mamitsu samarrak ditu eta enbor eta adar arantzatsuak. Mediterraneo inguruan hazten da eta ezaguna da bere ernamuina (eta ez fruitua) jangarria delako. Entsaladan edo beste janari batzuk ontzeko erabilera handiko jakia da kaparrondoa.
Banekien gozoa zena, baina ez bere lorea han deigarria zenik, zuri-arrosa, delikatua eta usain handikoa. Menorcan aurkitu nuen landare hau Cami de Cavalls egiten ari nintzela, Cala En Porterreko sakanean.
Argazkia: CC-BY-SA, Wikipedia.
Munarrikolanda, Euskal Herriko mendirik "txikiena" #100mendi
Euskal Herriko 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu familian, bakoitzak bere erritmora. Unibertsitate fasean murgilduta gaudenez eta Leioako kanpusera joan beharra geneukala aprobetxatuta, Munarrikolanda igo dugu aste honetan. Txirrindulariz beteta aurkitu genuen parajea, gu oinezko bakarrak.
Berango eta Urduliz artean dago Munarrikolanda, eukaliptoz betetako inguru batean, itsaso gainean, eta baditu zenbait ezaugarri, besteak beste, Euskal Herriko mendirik txikiena dela (nolabait esateko, e?).
Izan ere, Euskal Mendizale Federazioaren "Euskal Herriko mendien katalogoan" dauden 597 mendien artean txikiena da Munarrikolanda, bere 255 metroekin. Kostaldean badira hau baino txikiagoak diren kaxko eta mendixkak, jakina (Getariako San Anton, Lekeitioko Talaia, Donostiako Urgull...), baina ez datoz Mendien Katalogoan eta ez dira puntuagarri 100 mendien lehiaketan. Hortaz, zerrenda ofizial horretako txikiena da Munarrikolanda.
Aztarna historikoz betetako gunea ere bada Munarrikolanda ingurua. Hainbat aztarna arkeologiko eta dolmen daude bere maldetako estazio megalitikoan eta tontorrean gerra zibileko aztarnak ere aurki daitezke, bunker zikin baina ondo kontserbatu batekin.
Hortaz, esan dezakegu, Euskal Herriko mendirik txikerrena igo dugula. Orain altuena falta!
Kikili-makala
Aurrekoan nire burua entzun nuen berba hori erabiltzen, kikili-makala!
Urteak izango dira azkenengoz erabili nuena (eta entzun ere, ez dakit), baina lehengo egunean halaxe irten zitzaidan, barren barrenetik, abrakadabra, dagoeneko ahaztuta neukan esamoldea magikoki berpiztuz esfortzu handiegirik gabe: kikili-makala! Burua zer den!
Euskaltzaindiaren hiztegiak ez dauka jasota, baina Elhuyarrek bai, B (bizkaiera) markarekin. Orotarikoan ere badator, Eibar inguruko adibide batekin (Bergarakoa, Elexpuruk jasota).
Bere oinarrian KIKIL eta MAKAL dituen esamolde batek ezin esangura positiboegia izan! Eta halaxe da, kikili-makala ibiltzea ez baita gozagarria. Erdizpurdi, ozta-ozta, neketan... "a duras penas"; alegia, kikilduta eta makalduta.
Hurrengoan zemuz galdetzen badidazue, beraz, badakizue nire erantzuna: KIKILI-MAKALA!
Kalamua (771 m, Elgoibar) , arrantzaleen "Kala-Muga" adierazten (ei) duen tontorra
Tontorra elgoibartarren eta markinarren artean banatzen duten arren, eibartarrontzat "gure" mendia da zeharo Kalamua. Seguru asko, eibartarrok gehien igotzen dugun mendia, ume-umetatik hasita.
Izenak badu bere zera. Batetik, bi izen dituelako. Kalamua nagusitzen da Gipuzkoa aldean, baina Maaxa (edo Max-mendixa) ere entzuten da mendizaleen artean, batez ere edadetuenen artean (eta gehiago Bizkai aldean, oso oker ez banago).
Beste alde batetik, Kalamua izenaren jatorriaz ere bada beti berriketaren bat. Oinarrian kalamu landarearen izena egon daitekeela aipatu izan da noizbait, oinarri garbiegirik gabe. Baina herri mailan finkatuen dagoen "teoria" beste bat da, "Kala-Muga" delakoarena.
Bigarren ideia horren arabera, arrantzaleek ipinitako izena da Kalamua, eta Kalamuga litzateke jatorriz. Hau da, arrantzaleen kalaren (arrantza-lekuaren) muga adieraziko zien Kalamua mendiak arrantzaleei. Mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe amaitzen zen euren arrantza-kala.
Ez dakit oinarri sendorik ba ote duen (psee...), baina zentzua bai badu, XX. mendera arte mendien kokapenari esker aurkitzen zituztelako arrantzaleek euren arrantzaleku nagusiak, kalak, alegia, kala bakoitza garai eta espezie jakin batzuetarako egokiagoa zelarik (neguan kala hau, udan beste hau, bisigutarako hurrengoa...) eta kala horiek guztiak itsasoan aurkitu ahal izateko, lehorreko puntu geografikoak erabiltzen zituztelako "triangulazioa" moduko bat eginez (portutik neurtutako distantziez gain). Horrekin lotutakoa da, neurri batean, Eibarko Arrateko elizako hormak urtero-urtero zuriz kareztatzeko antzinako ohitura, arrantzaleek bere horma zuriak erraz ikus zitzaten itsasaldetik. Eta ezin da ahaztu Ondarroa eta Berriatua artean ere badela Kalamendi izeneko beste tontor bat, Kalamuatik bertatik ere ikus daitekeena.
Ahotsak.eus webgunean hainbat lekukotasun daude euskal kostaldeko kalen inguruan (izenak, non zeuden, nola lokalizatzen zituzten, eta abar). Hemen azpian gehitu dut Getariako bat, adibiderako.
Hartara, kala jakin baten amaiera litzateke Kalamua (kala-muga) mendia. Kalamua mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe marrazten zuten arrantzaleek kalaren muga.
Egia ote? Noaki! Baina kondairak ederrak dira bere horretan, egia apurren bat izan ala ez.
Ikuspegi zabala Kalamua tontorretik.
Ohar-eranskinak (2023-06-08):
- Kalamua izenaren aipamen historikoak Euskaltzaindiaren EODAn daude batuta. Kalamuaga (calamuaga) aipamen bat dago XIX. mende hasiera ingurukoa. XX. mende osoan ez dago KALAMUA besterik.
- Kalamua horrek -a berezkoa duen ala ez eta gaur egun zelan ahoskatzen den ere eztabaidan izan dugu sarri Eibar-Elgoibar inguruan. Badirudi hiztun gehienentzat berezko -a duela eta Kalamuako, Kalamuatik, Kalamuara... deklinatzen ditugula. Baina egia da, baita ere, hiztun askorentzat ohiko direla Kalamuko, Kalamutik, Kalamura modukoak, eta ez hiztun gazteen artean bakarrik. Eibartarrak zerrendan izan ditugu horren inguruko mezu-trukeak, besteak beste 2008an eta 2023an.
- Parez pare daude Kalamendi eta Kalamua. Hasierako kala- elementu hori berbera ote jatorriz? Lopez de Mendizabalek nolabait lotu egiten ditu Aramendi, Garamendi eta Kalamendi (hasieran GARO partikularekin) bere "Etimología de apellidos vascos" liburuan.