Perikia, karta-jokoetako komodina edo jokerra
Luistxok atera zuen gaia aspaldi Eibartarrak posta-zerrendan, Karta honi 'Perika' edo 'Perikia' esaten dionik bada hor nonbait? eta, Iñaki Irazabalbeitiaren txio bat aitzakia, hona ekarri ditut zenbait ohar, ikusita berba honi buruzko informazio gutxi dagoela sarean.
Eta bai, 'perikia' esaten diogu Eibarren karta horri, komodinari, esate baterako Heraclio Fournierren karta zaharretan clown koloretsu dantzari baten irudia daukana, nahiz eta beste hainbat forma eta itxurarekin ere agertuko zaigun.
Eibarren ez ezik, pentsatzen dut beste inguru batzuetan ere halaxe izango dela, euskaraz zein erdaraz, baina, esan bezala, sarean ez dugu aurkitu erreferentzia larregirik.
Elhuyar hiztegiak ez du perikarik jasotzen (komodin eta joker maileguak ematen ditu euskarazko ordaintzat) eta Euskaltermek ere gauza bera (kasu honetan informatikara egokituta).
Eibarko Hiztegi digitalean ere ez da ageri (harrigarria, mea culpa! gehitu beharko dugu!), baina gure herrian berba arrunta izan da gure adinetik gorako belaunaldientzat. Euskaraz zein erdaraz, hainbat karta-jokotan (txintxoia, kulepea, pokerra...) jokoaren beraren saltsa dira perikak.
Orotariko Hiztegiak bai du jasoa 'perika' terminoa, ohar honekin: caballo de bastos usado como comodín. Ohar hori ez dakit erabat zuzena den, ordea, komodin funtzioa ez duelako beti txaldunak egiten, beste beltzekoren bat (txota, erregea) edo batekoa (gure kasuan bateko kopa) izan daitekeelako perika hori, jokoaren (eta kuadrilaren, herriaren, ohituraren...) arabera.
Berba horren jatorriari buruz, ezin datu larregi eman. Gaztelaniazko mailegua dela dirudi lehen begiratuan... baina ez dirudi gaztelaniaz ere hedadura zabalegirik duenik, Googlen oso aipu gutxi daudelako azalduz perika hori zer den eta izena nondik datorren. Hego Ameriketan jokatzen den Truco venezolano jokoaren azalpenetan aurkitu dut gure perikaren antzeko zeozer izan daitekeen ganorazko aipu bakarra: El perico es el 11 que tenga la misma pinta o palo de la vira y la perica es el 10.
Pentsatzen hasita, eibartar dexente joan zen garai batean Venezuelara... ;)