Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko basarrixak (1997)

Eibarko basarrixak (1997)

Eibarko basarrixak

Dabit Arriolan omenez

Eibarko baserrien gidaliburua. Eibarko Udala, 1997.

Ane Sarasketa Gojenola, Asier Sarasua Aranberri
1997
Argazkiak: Nagore Bengoetxea Gorritxategi
Eibarko udala; ...eta kitto! Euskara Elkartea
ISBN 84-920188-8-7

Eibarko baserrien gidaliburu hau 1997. urtean kaleratu genuen. Egoibarra Batzordearen eta Eibarko udalaren eskaera jarraituz, Eibarko baserrien inguruko informazioa bilduko zuen liburua lantzen jardun genuen Ane Sarasketak eta biok urtebetez, ...eta kitto! euskara elkartearentzat.

Asmoa ez zen Eibarko baserrien inguruko ikerketa sakon edo azterlan historiko bat egitea, Eibarko baserri guztien zerrenda, kokapena eta egoera jasoko zituen liburu bat argitaratzea baizik. Azken batean, gidaliburu bat egitea izan zen asmoa: zenbat baserri dauden Eibarren, zenbat desagertu diren azken urteetan, zein egoeratan zeuden 1997an, oraindik ere baserriko lanik egiten ote zen horietako bakoitzean eta abar. Gainera, argazki bana ere atera zitzaion Eibarko baserri bakoitzari, 30 urte lehenago Dabid Arriolak atera zituenekin alderatzeko (liburuan argazki biak argitaratu genituen, Dabidek zuri-beltzean ateratako zaharra eta Nagore Bengoetxeak 1996an ateratako berriagoa). Maketatzaile lanetan Maku Oruezabalek jardun zuen.

Liburu honek, gainera, omenaldi txiki bat ere egin nahi izan zion urtebete lehenago hildako Dabid Arriola (1923-1995) ezagunari.

Gidaliburu hau egiteko agindua, hortaz, Egoibarra Batzordetik jaso genuen Ane Sarasketak eta biok eta urtebete inguru igaro genuen bilketa-lan honetan murgilduta. Horretarako, artxibo-lana eta landa-lana egin behar izan genituen.

"Eibarko baserriak" liburua, Asier Sarasua eta Ane Sarasketa

Lehenengo eta behin artxibo-lana eta lan bibliografikoa egin genuen. Eibarko artxiboan zeuden agiri zaharrak arakatu eta gure herriko baserrien aipamen historikoak biltzen jardun genuen. Ez agiri zehatzetaraino joanda (asmoa ez zen Eibarko baserrien ikerketa lan sakon bat egitea eta), baina bai agiri nagusietan agertzen diren baserrien erroldak eta zerrendak aztertuta eta datu historiko nagusiak jasota. Besteak beste, XV, XVI eta XVII. gizaldietako baserri-zerrendak, erroldak, biztanleen zentsoak eta antzeko dokumentuak (besteak beste, 1747, 1812 eta 1887ko baserri-zerrendak).

Bigarren urrats batean, Eibarko baserri guztietara (edo ia-ia guztietara) joan ginen ahozko lekukotasunak jasotzeko, baserriaren historiaz eta une hartan baserriak zeukan egoeraz eta ekoizpenaz. Jausita zeuden baserrien kasuan, ondorengoengana jo genuen informazio horren bila. Labur-labur, azken belaunaldietan baserri bakoitzak izandako berrikuntzak jaso genituen, zeintzuk bizi ziren baserrian (eta noiztik) eta baserrian oraindik ganadurik edo bestelako abererik ba ote zuten.

Lan gogorra izan zen urte bete eskasean Eibarren izandako 220 baserrien inguruko informazioa jasotzea eta tente geratzen ziren 114 baserriak bisitatzea, lekukotasunak jasotzea, bilketa bibliografikoa egitea eta datuei liburu forma ematea; baina sekula egin dugun lanik aberasgarrienetakoa ere izan zen, gure herriko txoko eta bazter guztiak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera eman zigulako. Baserri mundua hobeto ezagutzeko, mendi-bide eta txokoak deskubritzeko, baserritarrekin egindako hamaika berriketalditan gure herriaren historia eta izaera hobeto ezagutzeko. Zenbat ipuin eta kontakizun interesgarri jaso ote genituen Eibarko baserrietako sukaldeetan, kafetesnea edo patxarana eskuetan, baserrietako bizilagunekin sutondoan bilduta, laratzari begira!

Nire kasuan, behintzat, bide berri bat ireki zidan azterlan honek, hurrengo urteetan Eibarko toponimia, Eibarko euskara, Eibarko hiztegia eta Eibarko historia eta ahozko ondarea biltzera eraman ninduena.

Liburua 1997ko abuztuan argitaratu eta iraileko Kofradixa egunean aurkeztu zen Arrateko elizan.

Arrajola baserria eta etxosteko artea (1996)

Arrajola baserria. 1997an oraindik ere ehunka urte zituen arte zoragarri hori zeukan etxostean. Honezkero botata dago.

Eibarko basarrixak (Sarasketa eta Sarasua, 1997)

Eibarko basarrixak, Otaola-Kiñarraga

Liburua 5 atal nagusitan banatuta dago, Eibarko baserri-auzo bakoitzeko bana. Auzo bakoitzak sarrera labur bat dauka, non auzoaren edo baillararen informazio orokorra laburbildu genuen: auzoaren historia laburra, eraikin nagusiak, errotak eta elizak, eta mapa txiki bat.

Ondoren, baserrien fitxak daude: baserriaren argazki zaharra, 1997an ateratako argazkia, datu historikoak, eta baserriaren datuekin osatutako fitxa (bizidunak, lur-sailak, ezaugarri nagusiak, eta abar). Guztira 180 fitxa inguru daude, 114 zutik dauden baserrienak eta gainontzekoak azken urteotan desagertu direnak baina lekukotu ditugunak.

Liburua agortuta dago, baina liburutik ateratako informazioaren laburpena kontsultagai dago Egoibarra.eus webgunean eta auzo bakoitzaren atala PDF formatuan jaitsi daiteke Ego Ibarraren webgunetik:

Arizmendi Zelaikua, txabola (1997)

Arizmendi Zelaikua baserriaren txabola zaharra, gaur egun etxebizitza bihurtua.

Kaskarrain baserria, Eibar

Kaskarrain baserria, 1970 inguruan eraitsia autopista egiteko. Rosario Milikuari esker jaso genuen argazki zahar hau.

Ardantzako baserria (1997)

Sasoi bateko Ardantza baserriaren txabola izandakoa, hainbat urtez Indianokua jauregiaren zerbitzarien etxebizitza ere izan zen. 1997an oraindik zutik zegoen, baina handik gutxira desagertu zen.

Urki Kurutzekua (2002)

Urki Kurutzekua baserria eta etxaurrean zeukan gurutzea, 2002. urtean. San Lorentzo ermita ere bertan zegoen, pixkat goraxeago. Gaur egun Kurutzekua izeneko etxebizitza-blokeak daude Urki gaineko paraje honetan. Gurutzea gorde egin zen eta etxe berrien parkean ezarri zen.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz