Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Karbonoaren bideak

Karbonoaren bideak

Enrike Gisasola 2019/10/19 19:25
Abuztuan Zaraitzuko Esparzan egin ditugu egun batzuk. Txiki bezain atsegina den Murkuzuria kanpina izan dugu aterpe. Gartxot-en ibilbide ederra ezagutu eta nola ez, Europako pago-izeidi handienetakoa bisitatu gabe ezin itzuli: iratzarik gabeko Irati(a).
Karbonoaren bideak

ira-meta desegiten abereen azpigarritarako

Bada gure bailada estuan baserrien arteko bide dotore bat. Harri lau handiek 200m inguruko amildegia gainditzeko moduko pasabidea osatzen dute. Harlauza itzelok zoru malkartsuan finkatutako harri hutsezko horma batek eusten ditu. Ia lurrik gabeko haitzarte humela, errekatxo baten sorburua da.

Lan handia garai bateko uztarrientzat. Auzolanean egin bide zen. Hilabete askotan eta neke handiekin, eta min hartzeko arriskuaren ezpata beti buru-gainean. Lan handiegia, bi baserriren arteko pasabide soilerako. Bestelako azalpenen bat egon behar du tamainako eraikuntzaren zergatia arrazoitzeko. Adiskideren batek, bide horrek aintzinatean auzokideen artekoa baino, trafiko zabalagoa jasango zuela aipatu dit, zehazkiago, Markina zeharkatzen duen Done Jakue bidearekin bat egingo lukeen adar bat. Nik beste beste hipotesi bat dut, akaso bere altzoan egindako hamaika joaetorrietan, harek xurxulatutakoa.

Sosola eta Arrajola arteko harlozazko bidea

Eibarko Arrajola baserria ezagutzen duzuenok badakizue zein sail bikainak dituen. Mugarte bikainak eta 3-4 hektareako soro ikusgarriak baratzegintzarako. Gure udalerrian ez dago beste halako lur-sailik. 1970 hamarkada ingurutik belarrak estaltzen duen arren, aurretik laboreak ziren nagusi, barazkiak, arto eta garia. Emankortasun handiko lur honek Karbono eta nitrogeno erlazio egokia behar du, urtez urte bizimodua ateratzeko lain mozkin lortzeko. Izan ere, K/N indizea da lurraren egoera erakusten diguna. Horrela, erlazio horren balioa lurrean 8.5 eta 11.5-en artean izatea komeni zaigu, onena 10ekoa izanik. Beraz, lurrari fruitua kentzeko aurretik eman egin behar zaio, ongarritu egin behar da, nitrogeno eta karbono eduki nahikoari eutsi diezaion.

Konpost, luhar edo zimaurra erabili ohi da gure inguruan horretarako. Abereen gorotz eta azpiarriak osaturiko nahasketa honen K/N-a, kasu!!, 40koa izan behar du. Alegia, karbono edukia askosaz handiagoa nitrogenoarena baino. Azken hau abereen esteek eraldatzen dute eta guretzat eskuragarri utzi. Eta karbonoa, nondik lortu? Izan ere, azkar eta oparo lortu ezean, eta nahasketa aguro egin ezik, nitrogeno preziatua erabilezin bihurtu eta ura hatzaparren artean bezela ihes egingo du.

Arrajolako laborari finek iñaurkinez aberatsa den mendira igarobidea behar zuten, karbono-bide azkar eta segurua. Eta bai eraiki ere pasabide bikaina bertako landare estimatua etxeratzeko: iratze arrunta, ir(i)a, garoa (pteridium aquilinum).

Gure etxeko terrenoetatik igarotzen den bidetik pasatzen zen gurdikada handia atzean zama gehigarria zeramala, "erremolke bikoitza". Ikusgarria izaten ei zen pasatzeko unea. Arrajolako Salbadora-k aipatu zidan behin, iria ugaritzeko mendia goldatu ere egiten zutela, iratza biziberritzeko. Gaur egun, "landare txartzat" duguna Gipuzkoako Aldundiko mendiko arautegi zaharretan, bere mozketaren debekua ageri zen iraila baino lehenago, galtzearen beldurrez. Izan zuen garrantziaren tamainaz jabetzeko landare-izena duen hilabetea izatea. Eta nola ez, hainbeste abizenen erro: Iregi, Irazabal, Iradi, Irazabalbeitia,Irasuegi,Irastortza,....

Nafarrek Iratitik karbonoa ustiatzen jarraitzen dute. Garorik apenas, egurra da bertatik ateratzen dutena. Abuztuko egunetan iharduten dira joan-etorri etengabean aterpetxo eta etxe-inguruetan basotik ekarritakoa txikitu, bringak egin eta txukun tolestuta pilatzen, txinurriak lez. Etxeak berotzeko biomasa itzelaren jabe direnaren jakitun dira. Horregatik zaintzen eta kudeatzen dute ganoraz mendia. Eskerrak horri, guk, kanpotarrok ere, goza dezakegu inguru aparta. Irakaspen hoberik ba ote ingurumenaren kudeaketa iraunkorraren inguruan?

Eibartarron ira-sailak ere desagertzen ari dira sasien itzalpean. Urteetako iratzaren hondakinok karbonoz asetuko dute lurra, gero, sasiek, oteak besteak beste, nitrogenoz hornituko. Guk baratzean, urtero egin ohi duguna naturak 2 edo 3 hamarkadatan egingo du. K/N erlazio egokia lortzen saiatuko da, izan ere, zuhaitz gazteen beharrak handiak dira. Materia organikoaren metatzea geldituko duen suterik gertatu ezean, emaitza ikusgarria izango da: basoa. Eibarko garapenean horrenbesteko garrantzia izan zuten ikazkinek ondo zaintzen zuten altxorra, eta gure ondorengoei egoki pasa beharko genieekena balizko energi krisiaren atarian, Karbono-bide berriak eraikiz.

Hasteko, zergatik ez aspaldi ez komunalak ziren eta prezioan behea jota dauden mendi-sailak erosi, ondoren kudeaketa-plan egokiak egiteko?

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2019/10/20 08:27
Etxarrin harizti eta pagadiak banatuta zeuden hazienda zutenen artean. Bakoitzak bere saileko orbela jasotzen zuen azpietarako. Lan hori errazteko urtean zehar erabat garbi edukiten zituzten zuhaitz azpiak orbel-jasotzea errazteko.
Enrike Gisasola
Enrike Gisasola dio:
2019/10/20 11:25
Hala da bai Jon. Iria moztutako eremuetan ere, gero, orbela jausitakuan eskuarea pasatzen zen. Izan ere, orbelak garoak ez dituen elementu eta mineralak ditu. Hosto ihartuekin egindako luharra iriarena baino hobea da. Horturako oso egokia.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2019/10/21 09:26
Ederra Enrike! Eskerrik asko halako azalpen aberatsagatik!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?