Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko hika praktikatzeko aplikaziñua gure esku, Appa hi!

Eibarko hika praktikatzeko aplikaziñua gure esku, Appa hi!

Asier Sarasua 2023/11/23 22:35
Eibarko hika ikasi edo praktikatu nahi badon, ointxe aukera erreza. Appa hi! aplikaziñua jaitsin eta hortxe daukan Eibarko hitanuan inguruko informaziño guztia, adibidiak, kantu eta bideuak... eta egunero 10-15 minutu eskintzen badetsazan, 5 astian hikan eitten hasteko moduan egongo haiz. Ez haiz damutuko! Aste honetan aurkeztu jonagu Appa hi! aplikaziñuan Eibarko atala.

Hikak ez jaukan osasun onik, hori bajakiñagu. Eskualde gitxi batzuetan eusten jetsan, gehixago edo gitxiago, baina egoeria kezkagarrixa don. Leku askotan guztiz desagertuta, transmisiñua etenda, irakaskuntzatik ixa desagertuta, eitten dan lekuetan be kalidadez justutxo...

Eibarren be antzerako egoeria jakanagu. 1940 ingurura arte eguneroko berbetia zonan gure herrixan, euskaldun guztientzat zonan eguneroko berbakeria, beste edozein aditz erabiltzia modokua. Eztok eta badok jardutia deitzen jetsen gure zaharrak. Harrezkero, baina, belaunaldi pare batian, ixa guztiz galdu don. Lehenengo andrazkuen artian eta, 1960 ingurutik aurrera, baitta gizonezkuen artian be. Esango naeuken gure belaunaldixa dala hika jaso daben azkenengua (1970 bueltan jaixotakuena), eta askotan oso modu anekdotikuan. Salbuespenak be badagozan, baina 40-50 urtetik beherako zenbat eibartarrek egingo jone hika? Dozena batek?

Batzuontzat, baina, etxe-etxeko kontua don hika eittia, euskeria bestekua. Neri, esate baterako, familixako nagusi gehixenak egin jesten hika, aitxitxa bixak, amona Jexuxak, osaba pare bat eta aittak. Baitta Eibarko adineko ezagun guztiak be, jakina. Eta kate horri eusten ahalegintzen non neu be, lagun eta lankide askokin ez ezik, semiakin eta loibekin be beti hikaz eitten. Egingo ete jone inoiz eurak euren artian? Nekez! Baina tira, guk guriari eutsiko jetsanagu bittartian, transmisiñua ahal dan neurrixan bermatuz.

Candido Eguren (1906-2002) eta Antonio Sarasua (1912-2002)

Candido Eguren Oka Txiki (1907) eta aitxitxa Antonio Sarasua (1912). Eibarko euskerian inguruko zalantzaren bat dakatenian beti pentsatzen dot, "zelan esango leukian aitxitxak?".

Hika berreskuratzeko ahaleginak herri askotan eta modu askuan

Gerra galdua dala emoten jon, orduan, hika berreskuratzen ibiltziak, baina heriotza aurrian ikusitta, hika indartzeko ekimen-sorta ederra sortu don azken urtiotan Euskal Herriko hainbat eta hainbat herrittan (horren guztien barri euki gendunan juan zan asteko Euskal Herriko I. Hika Topaketetan). Ikasmaterixalak, ikastaruak, azterketa linguistikuak, bilketa etnolinguistikuak, ikastetxe mailako plangintzak, webguniak, liburuak, ikasliburuak... Materixal asko eta asko sortu jonagu azkenaldixan Euskal Herrixan. Izan be, gure aldetik behintzat, aitxitxa-amama eta gurasuengandik jaso genduanari eusteko gogotsu jarraitzen jonagu, pentsaurik gainera, euskeria bera indartzeko be tresna egokixa izan leikiala toka eta noka jardutia.

Eta holaxen sortu gendunan 2021. urtian Appa hi! aplikaziñua Badihardugu Euskara Elkartiak eta CodeSyntaxek alkarlanian. Mugikorra erabilitta hika modu errezian praktikatzeko aplikaziñua don Appa hi!. Oñatiko hika ikasteko atala aurkeztu gendunan lehenengo, euskara batukua gero, eta juan zan astian Eibarko hika praktikatzeko eta ikasteko atala be aurkeztu jonagu!

Hantxe egon giñonazen proiektuan parte hartu dogunok, Eibarko Udaleko alkate Jon Iraola, Akebaiko Ane Albisu eta ni neu, Badihardugun eta CodeSyntaxen izenian.

Appa hi! Eibar, aurkezpena

Appa hi!, hika modu errezian praktikatzeko aplikaziñua

Aplikaziñuan alderdi teorikua eta aditz-taulak be topatuko dittuzue, baina ikasketa-prozesuan oinarrixa galdera-erantzun estiloko probak dittun. Egunero 10-15 minutu praktikatzen badittun, 5 astian hika egitten hasteko prest egongo haiz. Edo, behintzat, oinarrixak ezagutuko dittun, bildurra galduko detsan, eta hika erabiltzen hasteko prest egongo haiz.

Horixe izan don gure buruari ipini detsagun erronkia: 35 eguneko epia. Egunero atal barri bat piztuko jan telefonuan: azalpenak, marrazkixak eta bideuak, adibidiekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat daton, zuzen asmatu biharreko partidak. Galdera guztieri zuzen erantzun ezkero, bixamunian beste atal edo gai bat eitteko aukeria eukiko don. Eta aste amaieran errepaso bat eukiko don, eta maila bat igotzeko aukeria. Guztira bost maila dittun gaindittu biharrekuak, aste bakotxeko bana. Noberak bere erritmora egin leiken ibilbidia. Egunero atal bat osatu ezkero, azkarrenak 5 astian lortuko jon atal guztiak osatzia eta hitanuan oinarri guztiak lantzia. Erreza, ezton?

Appa hi! aplikazioa, pantaila-irudiak

Horixe ba, Eibarko hika ikasi edo praktikatzeko asmua badakan, telefonuakin eta oso modu errezian, hortxe dakan Appa hi!. Duan eta Android zein Apple gailuetarako prest. Hamentxe beste esteka batzuk albiste honen inguruan:

Eta, amaitzeko, Luziana Larreategi, Bartolo Arriola eta Agustin Arana euren gaztetako kontuak kontatzen. Hikan, erregular!


 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz