Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / EibarOrg blog-komunitateko edukia eta estatistikak 2022. urtean (eta 2008-2022 laburpena)

EibarOrg blog-komunitateko edukia eta estatistikak 2022. urtean (eta 2008-2022 laburpena)

Asier Sarasua 2023/01/20 08:25
Iazko estatistika orokorrak ateratzeaz gain, azken 15 urteotako estatistiken azaleko laburpena egiteko ere aprobetxatu dut, EibarOrg webgune eta komunitate honetako estatistikak, 2008-2022. Blogak oraindik ere irakurtzen dira? Eta blogariok lehen beste idazten dugu?
EibarOrg blog-komunitateko edukia eta estatistikak 2022. urtean (eta 2008-2022 laburpena)

EibarOrg estatistikak, 2008-2022

Aurten 19 urte beteko ditu gure EibarOrg honetako blog komunitateak, badira batzuk! Eta bizirik gaude: azken urtean beste 382 artikulu idatzi ditugu denon artean. Baina asko dira ala gutxi? Eta oraindik irakurtzen ditu inork gure postak?

2022. urteko estatistika orokorrak EibarORG webgunean

Hasteko, EibarOrg webguneak azken urtean izan dituen estatistiken laburpen xume bat egiteko aprobetxatuko dut:

  • 31.166 bisitari izan ditugu; eta 44.461 bisitaldi. Gure serie historiko osoko daturik kaxkarrena izan da.
  • Hala ere, guztira 84.404 orrialde ikusi dira.
  • Bisitaldi bakoitzean 1,90 orrialde ikusi ditu batez besteko bisitari horrek eta 1:38 minutu igaro ditu gure artikuluak irakurtzen (ez da datu txarregia ere).
  • Bisitaldien %55 mugikorretik etorri dira eta %45 PCtik. Mugikorreko bisitek etengabe jarraitzen dute gorantz, baina oraindik nahiko baxua da %55 hori inguruko beste webgune eta hedabide batzuekin alderatuta.
  • Bisitarien %24ak bere nabigatzailea euskaraz dauka konfiguratuta. Oso gutxi, ezta? Eta, hala ere, iaztik 4 puntu igo da (%20 > %24) eta, gainera, inguruko beste webgune batzuetako estatistikak ezagututa, gurea oso datu ona da. Komunitate honetako irakurleen profila islatzen du, nolabait: euskaldun aktiboa eta teknofilo samarra. Guztioi mezua: konfiguratu zuek gailuak euskaraz, gure hizkuntzarentzat hain da garrantzitsua eta
  • Bisiten %44 Google bidez heltzen dira gurera. %34 zuzenean eta %15 sare sozialetatik (horietako %74 Twitterretik eta %23 Facebooketik).

Artikuluei dagokionez

Idatzitako edukiari dagokionez, esan bezala, guztira 382 artikulu idatzi ditugu guztion artean (une honetan aktibo gauden 15-16 blogarion artean). Blog komunitatea sortu genuenetik 14.000 artikulu baino gehiago izan dira, ia-ia.ia denak euskaraz.

Aurten idatzitako artikulu horien artean, irakurraldi gehien izan dituzten bost artikuluak hauexek dira:

Blogari bakoitzak guztira jasotako bisitariei dagokionez, hauexek dira lehenengo bostak (parentesi artean blog bakoitzak izan dituen bisitaldiak):


Eta nire blogean?

Nire blogari dagokionez, 2022an 25 post idatzi ditut, hilean pare bat, batez beste. Kontuan izanda 2004an ireki nuenetik 750 artikulu idatzi ditudala, garbi dago beste urte batzuetako ekoizpenetik behera egon naizela, baina tira, hain alper ere ez naiz ibili.

Idatzitako artikuluen artean hauek dira irakurle gehien izan dituztenak (ozta-ozta 100 irakurleak gaindituta):

Horiekin batera, aurreko urteetan idatzitako beste 5 postek ere jaso dituzte 100 irakurle baino gehiago:

Hori da nire blogeko artikuluen muga gaur egun: 100-200 irakurle asko jota. Asko? Gutxi? Tira, hurrengo puntuan saiatuko naiz galdera horiei erantzuten.

Blogak gainbehera? Idazten dugu? Irakurtzen gaituzte?

Susmoa dut blogean idazten genuenak oihartzun handiago zuela orain 8-10 urte.  Esango nuke normala zela gure blog komunitateko post batzuek 300-400 irakurle lortzea eta batzuetan baita gehiago ere. Artikuluek izaten zituzten erantzunak ere gehiago izan ohi ziren; eta sare sozialetan zuten oihartzuna ere bai.

Estatistika orokorrak ere argigarriak dira*. Hemen duzue EibarOrg blog komunitateak 2008az geroztik izan duen trafikoa (bisitariak, bisitaldiak eta irakurritako orrialdeak).

EibarOrg blog komunitatea - Estatistikak eta trafikoa 2008-2022

Saioak Erab Orrialdeak Orri/saioko Postak
2008 238268 152427 489230 2,05 1284
2009 188064 116822 364519 1,94 932
2010 200731 126096 400011 1,99 1071
2011 163092 109187 303572 1,86 852
2012 122128 77381 232539 1,91 775
2013 115245 70847 212564 1,84 613
2014 86597 56320 165634 1,91 563
2015 89175 61209 155949 1,75 495
2016 88131 61286 152436 1,73 453
2017 93165 66963 147931 1,59 426
2018 61684 44003 104299 1,69 372
2019 55602 40045 91373 1,65 364
2020 60503 43993 107724 1,78 458
2021 53883 35589 99019 1,84 521
2022 44461 31166 84404 1,91 382

 

Orain dela 15 urteko irakurleen eta trafikoaren laurdena daukagu gaur egun. Datu horiek begiratuta, normala da sarri entzun ohi duguna: blogak gainbehera daude eta ez ditu inork irakurtzen. Baina horrela da? Ba, ez horrenbeste, nik uste.

Hurrengo grafika honetan adierazten da 15 urteotan idatzi ditugun artikuluen kopurua (urdinez), artikulu bakoitzak jasotako batez besteko irakurle kopurua (gorriz) eta bisitari bakoitzak batez beste irakurri dituen orrialdeak (horiz).

EibarOrg blog komunitatea, estatistikak 2008-2022 - Argitaratutako postak eta eragindako trafikoa

Ekoizpena izugarri jaitsi da: orain dela 15 urte idazten genuenaren laurdena idazten dugu gaur egun. Baina proportzioan, post horien oihartzuna ez da horrenbeste jaitsi, Artikulu bakoitzak batez beste jasotzen duen irakurle-kopurua eta irakurle bakoitzak irakurtzen duen orrialde-kopurua ez da larregi aldatu (pixkat jaitsi arren). Egia da azken 2 parametro horietan eduki guztiak eragiten duela (19 urteko produkzio osoak eta ez bakarrik azken urtekoak), baina oro har esango nuke estatistika orokorrak pixkat bere neurrira eramaten dituela. Gorago esan dudan moduan, egia da une honetan ez daukagula orain dela 8-10 urteko irakurle kopurua, baina esango nuke neurri handi batean gure ekoizpena dela jaitsi dena, eta ez horrenbeste artikuluen oihartzuna.

Hortaz, egia da blog komunitate honek jasotzen duen trafikoa izugarri jaitsi dela eta komunitate honetako blogariok askoz gutxiago idazten dugula (gutxiago ere bagara). Baina, hala ere, gure inpresioa beste bat izan arren, gure artikuluen eragina ez da horrenbeste jaitsi duela 10-15 urtekoarekin alderatuta.

Hartara, segi beste 20 urtez, lagunok!

 

* 2004 eta 2005eko estatistikarik ez dugu EibarOrg-en eta 2006-2007ko datuek ez dirudite oso fidagarriak; azpiegitura teknikoa ere beste bat zen. Hori dela eta, 2008-2022 tartea hartu dut, datu sendo eta konparagarriak direlako.

etiketak: eibar, eibarorg, 2022, zerrendak
Sosola
Sosola dio:
2023/01/21 12:47
Nere kasuan berotuta hasi nintzan baina Twiterren sartu eta haritzeak alpertu nau. Ea Musk-ek isten duen....
Sosola
Sosola dio:
2023/01/21 13:54
*aritzeak (Horrelakoen aurrean sentitzen dudan segurtasun-"faltak" ere askotan gogaitu eta gogoa kendu; trebezia-falta informatikoa(:).
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2023/01/21 20:37
Esango neuke azkenaldixan atzerako bueltan natorrela ni: azkenengo urtiotan Twitterrek blogari kendutako tokixa berreskuratu nahixan edo! Lehenengo asmua banabil betetzen (Twitterren ordu gitxiago pasatzia); bigarrengua egin bihar oin, bloga sarrixago elikatzia! ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz