Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / eBird aplikazioa eta webgunea euskaraz!

eBird aplikazioa eta webgunea euskaraz!

Asier Sarasua 2023/02/05 17:30
Hegaztien behaketak gorde eta partekatzeko balio duen nazioarteko webgunea eta erreminta euskaratu ditugu. Albiste ederra txoriburuontzat!

Duela hilabete batzuetako berria da, baina agenda estuak atzeratu egin du albistea blog honetara ekartzea. Baina bai, uste dut hala ere merezi duela lan honi oihartzuna ematea, tresna bikaina delako eBird plataforma eta euskal txorizaleontzat albiste pozgarria delako.

Ornitologoek hainbat plataforma eta APP ditugu gure esku txori-behaketak gordetzeko eta partekatzeko. Horien artean eBird da mundu mailan erabilienetako bat, dela webgunearen bidez (www.ebird.org) zein APParen bidez (eBird APP). Bada, eBird-en plataforma osoa (APPa eta weba) euskaraz erabiltzeko aukera daukagu hemendik aurrera, Itsas Enara Elkarteko kideok koordinatu eta burututako lanari esker.

Weba eta APPa euskaratzeaz gain, Espainiako SEOrekin elkarlanean, Europako hegaztien euskarazko izendegia ere txertatu dugu eBird-en. Hori ere albiste garrantzitsua da euskaldunontzat, txorien euskarazko izen arruntak estandarizatzeko eta zabaltzeko tresna garrantzitsua izan daitekeelako eBird bezalako plataforma bat. Oraindik ere baditugu hutsune gutxi batzuk, euskarazko izen estandarizaturik ez daukaten espezie gutxi batzuekin, baina ea epe laburrera arlo honetan ere urratsak ematen ditugu. Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan horretan ari gara lanean azkenaldian (eta espero dut epe laburrera albiste berriak izatea gai horri buruz).

eBird plataforma euskaratzeko ahalegina eBird erakundearen beraren ekimenaren ondorio ere bada, plataforma ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko asmoa baitaukate. Orain arte 11 hizkuntzatan erabili zitekeen eBird (besteak beste, ingelesa, gaztelania, portugesa, italiera...) eta azken eguneraketarekin beste bi hizkuntza gehitu dira, txekiera eta euskara. Eleaniztasun-ekimen horren barruan, munduko 12. hizkuntza izan da, beraz, euskara. Albiste ona, euskal txorizaleontzat ez ezik, baita euskararentzat ere.

ebird euskaraz 04

 

Hegazti-behaketak gordetzeko eta partekatzeko plataformen garrantzia

Gero eta gehiago dira txorizaleok gure behaketak jaso eta argitaratzeko erabilgarri ditugun tresnak. Besteak beste, Ornitho.eus daukagu Euskal Autonomia Erkidegorako, Ornitho-navarra Nafarroako behaketak sartzeko, Faune-Aquitaine Iparralderako, Observation.org hegazti zein beste animalia batzuen mundu mailako datuak sartzeko edo Reservoirbirds hegaztien ezohiko behaketen jarraipena egiteko. Guztien artean, ziurrenik eBird.org da mundu mailan arrakasta handiena daukan plataforma.

ebird data statistics 2022

Edozein plataforma erabiltzen dugula ere, oso garrantzitsua da txorizaleok ikusten ditugun hegaztien behaketak horrelako tresna baten bidez jaso eta partekatzea. Izan ere, plataforma hauetan biltzen diren milaka eta milaka erregistroei esker, hegaztien populazioen jarraipena egiteko aukera paregabea eskaintzen diegu zientzilariei, populazioen dinamika aztertzeko, migrazioak ulertzeko, aldaketa klimatikoaren eragina neurtzeko eta, azken batean, hegaztien kontserbaziorako beharrezko diren neurriak hartzeko.

Txorizale bazara eta tarteka-marteka hegaztiak behatzera irteten bazera, zure maila eta maiztasuna edozein delarik, Itsasenaratik animatu egiten zaitugu ikusi dituzun espezien datuak horrelako plataforma batera igotzera. Guztion onerako izango baita.

ebird euskaraz 03

eBird-i dagokionez, Cornell Unibertsitate estatubatuarrak garatutako tresna da. Doakoa da eta mundu osoan dago erabilgarri, gorago esan bezala, 13 hizkuntzatan. eBird-i esker, ikusi ditugun hegaztien zerrendak gorde ditzakegu gure datu-basean eta mundu osoarekin partekatu.

Hegaztien behaketak gorde eta partekatzeko balio duen nazioarteko webgunea eta erreminta euskaratu ditugu. Albiste ederra txoriburuontzat!

Plataforma honen onura bi mailatan neurtu daiteke, hartara: batetik, gutako bakoitzari gure behaketan estatistikak eta jarraipen historiko zehatza egiteko aukera ematen digu, oso modu erraz eta eraginkorrean; bestalde, gorago esan bezala, txorizale guztion artean jasotako milioika datuei esker, ikerketa zientifikoetarako zein kontserbazio proiektuetarako ezinbesteko diren datuak metatzea lortzen dugu. Zientzia hiritarraren garrantzia inon baino gardenago bistaratzen da eBird eta antzeko plataformen balioa aztertzen dugunean.

ebird euskaraz 01

 

ebird euskaraz 02

 

ebird euskaraz 05

 

Amatiño
Amatiño dio:
2023/02/05 22:12
Zorionak. Euskara, txori-kontutan, hamabigarren hizkuntza baldin bada, hona beste zenbait datu esanguratsu, munduko rankingean non dagokeen atzemateko.
https://zuzeu.eus/[…]/
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz