Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Eibarko Toponimia Mapa", Eibarko landa-eremuko toponimoen mapa

"Eibarko Toponimia Mapa", Eibarko landa-eremuko toponimoen mapa

2005eko martiaren 10ean aurkeztu zen Eibarko udaletxean "Eibarko Mapa". Izen hori ipini diote, baina benetan, Eibarko mapa toponimikoa da. Jatorrizko helburua, edo helburu nagusia behintzat, Eibarko toponimoak jaso, lekutu eta mapa batean aurkeztea izan da, Eibarren genuen hutsune bat betetzeko asmoz. Egitasmo hau Ego Ibarraren ekimenez gauzatu dugu.

toponimia_01.jpg

Eibarko hiri-toponimia jasota zegoen, baina ez zegoen udalerriaren maparik; ez zegoen hirigunetik aparteko leku-izenik batuta: errekak, mendi-tontorrak, iturriak... guzti horien izenak ez zeuden jasota, ezkutuan zeuden herritar gehienendako. Eta batuta zeuden apurrak ere, ez zeuden araututa.

Helburua, horretara, horixe: Eibarko toponimo eta leku-izenak jaso (ahoz eta idatziz), lekutu, arautu (estandarizatu) eta mapa batean erakutsi. Horretxetan jardun dugu azken bi urteotan (2003-2005).

Ikertzaileak: Itziar Alberdi eta Asier Sarasua
Eibarko udala, Ego Ibarra Batzordea
ISBN: 8489696-39-X (2005)
> Arautu eta onartutako zerrenda: Eibarko toponimoak (PDF, 150 Kb).
> Ikusi eta jaitsi mapa originala (JPG formatuan, 5 Mb)

Eibarko mapa toponimikoa (Alberdi eta Sarasua; Egoibarra, Eibarko udala, 2005)

Klik egin osorik ikusi eta jaisteko (5 Mb)

Bilketa eta azterketa: metodologia, iturri idatziak eta ahozkoak

Lan hau 2003ko maiatzean hasi genuen Itziar Alberdik eta biok, Ego Ibarra batzordearen eskaerari jarraituz. Ia bi urteko bide horretan, Eibarko udaleko hirigintza sailak ere hartu du parte, eta horrez gain, Eibarko Club Deportiboko mendi taldeak, eta beste zenbait herritarrek (Serafin Basauri, Nerea Areta eta Antxon Narbaiza, besteak beste, estandarizazio arazoekin lagundu digutenak). Ininfor enpresa izan da lana bateratu eta mapa kaleratu duena. Toponimia-lan honek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Sailaren dirulaguntza izan du.

toponimia_02.jpg

Lana egiteko bi iturri izan ditugu: idatziak eta ahozkoak. Lehendabizi, Itziar Alberdik, iturri dokumentalak arakatu zituen, Udal Artxiboko agiri zaharretan eta beste hainbat dokumentutan zeuden leku-izen asko eta asko jaso eta datu-basea osatu zuen.

Ondoren, ahozko iturriak aztertu genituen. Baserri batzuk aukeratu, bailara bakoitzeko 5-6 inguru gutxienez, auzo guztia hartuz, eta galdezka jardun genuen. Iturriak, mendiak, basoak, zelaiak, bailarak, errekak... guztien izenak galdetu genituen (45 baserri ingurura jo genuen, hementxe zerrenda).

Galdeketek hiru helburu zituzten:

  • baserritarrek darabiltzaten izenak jasotzea,
  • iturri idatzietan agertzen ziren toponimoak bizirik ote zeuden jakitea,
  • eta izen guzti horien kokapena zehaztea.

Azken batean, iturri idatziak eta ahozkoak elkarren osagarri izan dira: ahozko iturriek esaten ziguten ea idatzizkoak benetakoak ote diren edo bizirik dauden; eta iturri idatziek esaten digute, gaur egun erabiltzen diren izenen jatorria zein den. Esate baterako, baserritarrek urdunditta edo urdendeitta esaten dutenean, zein da leku horren jatorrizko izena? Idatzizkoak esaten digu hori: "urdandegieta".

Zailena Kiñarra-Otaola auzoa izan da. Eibar hegoaldean dago, eguzkiari atzea emanez, eta ainubeetan baserriak ere askoz gutxiago izan ohi dira; ondorioz, toponimoak jasotzeko lekukoak ere gutxiago ziren. Gainera, lehendik zeuden baserri apurrak azken urteotan hustu edo bota egin dituzte Kiñarraga-Otaola inguru horretan (Aixa, Arrazola, Urki, Iparragarre, Kaskarrein, Tutulu, Katalangua...), eta horko bizilagunengana jotzea zailagoa izan da. Hala ere, azkenean lortu dugu batzuekin berba egitea eta hango datuak ere jasotzea, ahal zen neurrian behintzat.

Bilketa lan honen ondoren, 2.000 aldaera inguruko datu-basea antolatu genuen. Guztira 500 toponimo inguru. Lanaren fase hau 2003ko maiatzean hasi genuen, eta urrian amaitu.

 

Toponimiaren edo leku-izenen normalizazioa

Hurrengo urratsa normalizazioa izan da. Aldaera guzti horien artean, zein ipini behar dugu mapan? Horretarako, Ego Ibarra batzordeak Euskaltzaindiari deitu zion eta toponimoen normalizaziorako lantaldea osatu zen 2003ko abenduan. 2004ko uztailera arte jardun dugu lanean.

Euskaltzaindiak Mikel Gorrotxategi (Onomastika Batzordeko Idazkaria) eta Patxi Gale (txostengilea, toponimian aditua) izendatu zituen; Eibarko udalak, berriz, ondokoak: Carmen Retenaga Ego Ibarraburuaren gidaritzapean, ikerlari biak -Itziar Alberdi, Asier Sarasua-, Antxon Narbaiza, Serafin Basauri, Nerea Areta, Inaki Zabaleta (San Andres elizako parrokoa, hagiotoponimoetarako, izan ere, udalak, instituzio legez, ezin baitu ezer esan Elizarenak diren izenetan), Begoña Azpiri Ego Ibarrako idazkaria eta Yolanda Rúiz udal artxibozaina.

Izen bakoitzaren inguruan jardun eta gauzak arakatu ondoren, azkenean, Eibarko Toponimia txostena, 2004ko uztailaren 29an iritsi zen, Eibarko hagiotoponimoen zerrendarekin batera. Patxi Galék lore politak ere bota zizkigun aurkezpenean, esanez Eibarren erabili dugun metodologia eredugarri izan daitekeela datozen urteotan beste herri batzuetako toponimia jasotzeko. Tira, aurkezpenetan botatzen diren berba politak, beharbada, baina gu pozik, zelan ez.

Azken zerrenda ofizial hori eskuan, izenak paperezko mapa batera eramatea zen azkenengo urratsa. Horretarako, Hirigintza Sailak eta Ininfor enpresak lan topografikoa egin zuten, Eibarko mugak, errekak, mendi-bideak eta abarrak euren tokian kokatzeko. Ez da lan erraza izan, gezurra badirudi ere, oraindik ere herrien mugak eta bideak ez daudelako erabat zehaztuta maparik gehienetan.

Eta horrelaxe heldu gara azken puntura, orain egun batzuk egindako aurkezpenera. Lan polita izan da. Ea baliagarri den galzorian zeuden gure leku-izenak betirako gordetzeko!

toponimia_03.jpg

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz