Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Bidaia ornitologikoa Maroko hegoaldera

Asier Sarasua 2025/09/07 16:26
Aurtengo negu amaieran Maroko hegoaldera egindako bidaiaren laburpen txiki bat. Txoritarako leku egoki-egokia euskaldun batentzat.
Bidaia ornitologikoa Maroko hegoaldera

Buztanzuri magrebtarra (Oenanthe halophila)

Aspaldi Maroko bisitatzeko gogoz, aurten izan dugu aukera herrialde eder horretako hegoaldera bidaiatzeko. Turismo kulturalaz gain, turismo ornitologikoa egiteko ere aprobetxatu dugu (Ainhoaren pazientziari esker ;).

Izugarri gustatu zitzaigun ikusitako guztia. Bilbotik Marrakexera hartu genuen hegaldia eta hiri zalapartatsu eta zoro horretan pare bat egun egin ondoren, hegoalderantz jo genuen, lekurik ezagunenetara, besteak beste Essauirara, Atlasera, Ouarzazate ingurura, Ait-Ben-Haddour herrixkara, Todghara, Merzougako basamortura, Erg Chebbiko dunetara..., bidean hegaztiak behatzeko oso toki aproposak diren beste paraje ezezagunago batzuetan geratuta, esate baterako, Oukaimeden eski-estazioan, Boumalne Dadesen, Tagdilt basamortuan eta Draa Tafilalet bailaran.

Gozada bat aukera hori izatea, 10 egunez turismo lasaia eta txori-behaketa aberatsa egiteko aukera. Turismo gutxiko eta tenperatura oso atsegineko sasoian, gainera, hegaztiak behatzeko aukera ere ziurtatuta zegoenean. Negu amaierarako kumaldia oso aurreratuta dago Maroko hegoaldean, migrazioa ere hasita dago eta espezie gehienak oso aktibo daude egun guztian zehar. %100 gomendagarria!

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 01

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 02

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 03

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 04

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 05

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 06

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 07

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 08

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 09

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 10

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 11

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 12

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 13

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 14

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 15

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 16

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 17

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 19

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 20

 

Maroko, bidaia ornitologikoa - 21

 

Bidaiaren erdian, laupabost bat egunez, Hamid izan genuen bidaide, gida ornitologiko lanak eginez. Lehenengoz bizi izan genuen horrelako esperientzia bat, gida baten laguntzarekin bidaiatzearena eta, oro har, esperientzia oso aberasgarria izan zen. Hamiden esperientzia ikaragarria da, txoko eta txori guztiak ezagutzen ditu, eta espezie berezi guztiak behatzeko ahalegin izugarria egin zuen, gu pozik gera gintezen.

Bere laguntzarik gabe nekez helduko ginen heldu ginen bailara, basamortu, duna eta ingurumarietara, eta nekez ikusiko genituen ikusi genituen espezie guztiak eta hain gertutik. Bestalde, horrelako bidaiak argazkilaritzari oso bideratuta daude, hau da, espezieak lasai behatzera baino, txoriei argazkiak ateratzera eta checklist zerrendak betetzera, eta hori ez zitzaidan hain erakargarri egin. 

Guri patxada gehiagoz ibiltzea gustatzen zaigu, presarik gabe, espezie erdiak behatuta ere, txori horien ibilerak lasai disfrutatuta. Baina tira, esan bezala, lehenengo esperientzia moduan gustatu zitzaigun eta esango nuke helburu bezala espezie jakin batzuk behatzea eta, batez ere, argazkiak ateratzea dituen txorizalearentzat gidari aparta dela Hamid, Birdwatching Morocco enpresakoa.

Bidaia ornitologikoa Maroko hegoaldera

Hementxe bidaia ornitologikoaren laburpena, eBirden, behaketa-puntu eta ikusitako espezie guztien zerrendarekin. 

Ez dira espezie asko (87 espezie erraz ikus daitezke Euskal Herrian, baita egun bakarrean ere), baina bai oso bereziak niretako, horietako ia erdia estreinakoak zirelako, bizitzan lehenengoz behatuak. Espezieak ez ezik, kasu batzuetan taldea edo generoa ere estreinekoak ziren guretzat, Argya generoko kalapitariak eta Scotocerca inquieta zoragarria, adibidez. 

Hementxe, bada, eBirden apuntatu genituen txorien zerrenda eta espezie berezienen argazki batzuk.

1 Paita gorrizta Tadorna ferruginea 2
2 Eper afrikarra Alectoris barbara 7
3 Haitz-usoa Columba livia 1
4 Pagausoa Columba palumbus 2
5 Usapal turkiarra Streptopelia decaocto 20
6 Usapal senegaldarra Spilopelia senegalensis 2
7 Ganga tandoduna Pterocles senegallus 19
8 Ganga koroaduna Pterocles coronatus 1
9 Zata egiptoarra Caprimulgus aegyptius 3
10 Sorbeltz arrea Apus pallidus 10
11 Sorbeltz txikia Apus affinis 60
12 Kopetazuri arrunta Fulica atra 2
13 Antxeta mokogorria Chroicocephalus ridibundus 3
14 Kaio hankahoria Larus michahellis 100
15 Kaio iluna Larus fuscus 100
16 Zikoina zuria Ciconia ciconia 5
17 Ubarroi handia Phalacrocorax carbo 11
18 Mokozabal zuria Platalea leucorodia 1
19 Koartzatxo txikia Egretta garzetta 1
20 Koartzatxo itzaina Ardea ibis 5
21 Koartza hauskara Ardea cinerea 2
22 Zapelatz handia Buteo rufinus 1
23 Basamortuko hontza Bubo ascalaphus 2
24 Okil handia Dendrocopos major 3
25 Okil berde magrebtarra Picus vaillantii 1
26 Belatz gorria Falco tinnunculus 2
27 Hego-belatza Falco biarmicus 1
28 Belatz handia Falco peregrinus 1
29 Antzandobi handi arrunta Lanius excubitor 2
30 Mika magrebtarra Pica mauritanica 12
31 Belatxinga mokogorria Pyrrhocorax pyrrhocorax 25
32 Belatxinga mokohoria Pyrrhocorax graculus 3
33 Basamortuko erroia Corvus ruficollis 1
34 Amilotx urdin afrikarra Cyanistes teneriffae 2
35 Kaskabeltz handia Parus major 1
36 Ibis txoriandrea Alaemon alaudipes 1
37 Txoriandre mokolodia Ramphocoris clotbey 1
38 Txoriandre buztanbeltza Ammomanes cinctura 1
39 Basamortuko txoriandrea Ammomanes deserti 2
40 Kutturlio mokolaburra Galerida theklae 30
41 Kutturlio arrunta Galerida cristata 3
42 Hegatxabal adarduna Eremophila alpestris 25
43 Hegatxabal sahararra Eremophila bilopha 7
44 Txoriandre arrunta Calandrella brachydactyla 3
45 Haitz-enara eurasiarra Ptyonoprogne rupestris 3
46 Enara arrunta Hirundo rustica 1
47 Bulbul arrunta Pycnonotus barbatus 9
48 Txio arrunta Phylloscopus collybita 2
49 *Scrub Warbler Scotocerca inquieta 2
50 Txinbo kaskabeltza Sylvia atricapilla 1
51 Txinbo sahararra Curruca deserti 7
52 Basamortuko txinboa Curruca deserticola 1
53 Txinbo burubeltza Curruca melanocephala 2
54 Ezkai-txinboa Curruca conspicillata 3
55 Kalapitari arrea Argya fulva 6
56 Erregetxo bekainzuria Regulus ignicapilla 2
57 Arabazozo beltza Sturnus unicolor 8
58 Garraztarroa Turdus viscivorus 2
59 Zozo arrunta Turdus merula 4
60 Txantxangorria Erithacus rubecula 1
61 Moussier buztangorria Phoenicurus moussieri 2
62 Buztangorri iluna Phoenicurus ochruros 3
63 Harkaitz-zozo urdina Monticola solitarius 1
64 Pitxartxar burubeltza Saxicola rubicola 4
65 Buztanzuri arrunta Oenanthe oenanthe 1
66 Basamortuko buztanzuria Oenanthe deserti 1
67 Buztanzuri ipurgorria Oenanthe moesta 4
68 Buztanzuri beltza Oenanthe leucura 1
69 Buztanzuri kaskazuria Oenanthe leucopyga 3
70 Buztanzuri magrebtarra Oenanthe lugens 4
71 Mendi-tuntuna Prunella collaris 2
72 Etxe-txolarrea Passer domesticus 20
73 Basamortuko txolarrea Passer simplex 4
74 Harkaitz-txolarrea Petronia petronia 50
75 Buztanikara horia Motacilla cinerea 2
76 Buztanikara zuria Motacilla alba 1
77 Negu-txirta Anthus pratensis 25
78 Txonta afrikarra Fringilla spodiogenys 3
79 Gailupa hegalgorria Rhodopechys sanguineus 50
80 Gailupa tronpetaria Bucanetes githagineus 1
81 Txorru arrunta Chloris chloris 2
82 Txoka arrunta Linaria cannabina 30
83 Txirriskila arrunta Serinus serinus 1
84 Gari-berdantza Emberiza calandra 3
85 Mendi-berdantza Emberiza cia 1
86 Hesi-berdantza Emberiza cirlus 1
87 Berdantza sahararra Emberiza sahari 4

 

 

Spotted Sandgrouse - Asier SarasuaGanga tandoduna

 

Crowned Sandgrouse - Asier SarasuaGanga koroaduna

 

Zata egiptoarra - Asier SarasuaZata egiptoarrak

 

Zata egiptoarra - Asier SarasuaZata egiptoarra

 

Zapelatz handia (cirtensis) - Asier SarasuaZapelatz handia

 

Basamortuko hontza - Asier SarasuaBasamortuko hontza

 

Hego-belatza - Asier SarasuaHego-belatza

 

Basamortuko erroia - Asier SarasuaBasamortuko erroia

 

Basamortuko erroia - Asier SarasuaBasamortuko erroia

 

Ibis txoriandrea - Asier SarasuaIbis txoriandrea

 

Ibis txoriandrea - Asier SarasuaIbis txoriandrea

 

Ibis txoriandrea - Asier SarasuaIbis txoriandrea

 

Txoriandre mokolodia - Asier SarasuaTxoriandre mokolodia

 

Basamortuko txoriandrea - Asier SarasuaBasamortuko txoriandrea

 

Basamortuko txoriandrea - Asier SarasuaBasamortuko txoriandrea

 

Kutturlio arrunta (magrebtarra) - Asier SarasuaKutturlio arrunt magrebtarra

 

Hegatxabal adarduna - Asier SarasuaHegatxabal adarduna

 

Hegatxabal adarduna - Asier SarasuaHegatxabal adarduna

 

Hegatxabal sahararra - Asier SarasuaHegatxabal sahararra

 

Hegatxabal sahararra - Asier SarasuaHegatxabal sahararra, gaztea

 

Common Bulbul (Common) - Asier SarasuaBulbul arruntak

 

Scrub Warbler - Asier SarasuaScotocerca inquieta

 

Scrub Warbler - Asier SarasuaScotocerca inquieta

 

Scrub Warbler - Asier SarasuaScotocerca inquieta

 

Txinbo sahararra - Asier SarasuaTxinbo sahararra

 

Txinbo sahararra - Asier SarasuaTxinbo sahararrak, gazteak

 

Fulvous Chatterer - Asier SarasuaKalapitari arrea

 

Fulvous Chatterer - Asier SarasuaKalapitari arreak, gazteak

 

Fulvous Chatterer - Asier SarasuaKalapitari arrea

 

Moussier buztangorria - Asier SarasuaMoussier buztangorria

 

Moussier buztangorria - Asier SarasuaMoussier buztangorria

 

Harkaitz-zozo urdina - Asier SarasuaHarkaitz-zozo urdina

 

Basamortuko buztanzuria - Asier SarasuaBasamortuko buztanzuria

 

Basamortuko buztanzuria - Asier SarasuaBasamortuko buztanzuria

 

Red-rumped Wheatear - Asier SarasuaBuztanzuri ipurgorria

 

Red-rumped Wheatear - Asier SarasuaBuztanzuri ipurgorria

 

Buztanzuri kaskazuria - Asier SarasuaBuztanzuri kaskazuria

 

Mourning Wheatear (Maghreb) - Asier SarasuaBuztanzuri magrebtarra

 

Mourning Wheatear (Maghreb) - Asier SarasuaBuztanzuri magrebtarra

 

Desert Sparrow - Asier SarasuaBasamortuko txolarrea, arra

 

Desert Sparrow - Asier SarasuaBasamortuko txolarre bikotea

Desert Sparrow - Asier SarasuaBasamortuko txolarrea, haima batean

 

Desert Sparrow - Asier SarasuaBasamortuko txolarrea, emea

 

Txonta afrikarra - Asier SarasuaTxonta afrikarra

 

Crimson-winged Finch - Asier SarasuaGailupa hegalgorri afrikarra

 

Crimson-winged Finch - Asier SarasuaGailupa hegalgorri afrikarra

 

Crimson-winged Finch - Asier SarasuaGailupa hegalgorri afrikarrak

 

Crimson-winged Finch - Asier SarasuaGailupa hegalgorri afrikarra

 

Berdantza sahararra - Asier SarasuaBerdantza sahararra

 

 

Etxe-ehunzangoa, 'Scutigera coleoptrata'

Asier Sarasua 2025/08/31 12:40
Gure inguruko ehunzago edo kilopodorik ohikoena, ziurrenik. Handi samarra, bizia, bizkorra; animalia zoragarria!
Etxe-ehunzangoa, 'Scutigera coleoptrata'

Etxe-ehunzangoa

Etxe-ehunzangoa (Scutigera coleoptrata) agertu zaigu sukaldeko harraskan. Argazki batzuk atera eta hantxe askatu dugu kanpoaldean.

Leku hezeak gustatzen zaizkio (ehunzango guztiei bezala) eta gizakion eraikuntzetara egokitu da. Ohikoa da etxe barruan aurkitzea. Hortik datorkio inguruko hizkuntza gehienetan daukan izena, ciempiés doméstico, house-centipede, centpeus domèstic, centopeia caseira, eta abar.

Mediterraneo inguruko lurraldeetako espeziea da, nahiz eta azken mendean ia mundu osora zabaldu den gizakiari jarraituz. 

Neurriz nahiko handia da eta ohiko dira 4-5 cm inguruko aleak, gure sukaldean agertu zen hau bezalakoak. Gainera, bere hanka luuuzeek itxura handiagoa ematen diote. 
Hamabost hanka-pare izan ohi ditu eta hanka horiek erabiltzen ditu antenekin aurkitzen dituen harrapakinak harrapatzeko. Ehiztari nekaezina, etengabe ari da armiarma eta intsektu txikiak ehizatu eta jaten.

Etxe-ehunzangoa, 'Scutigera coleoptrata' - 01

 

Etxe-ehunzangoa, 'Scutigera coleoptrata' - 02

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingearen dantza koloretsua

Asier Sarasua 2025/08/28 23:45

Bertizko parkean paseatzen ari ginela, 5-6 txoritxo ikusi genituen urrunera, gau-lore batzuen inguruan. Bertaratu ahala konturatu ginen ez zirela txoriak, ezkerte-esfingeak baizik, Agrius convolvuli

Esfingidoen familia zabal eta ezaguneko kidea da ezkerte-esfingea edo ezkerte-sitsa (1). Geldirik dagoela sits arras apala ematen du, arre-grisa eta bereizgarri nabarmenik gabea, baina hegan hasten delarik piztuko da sinfonia, kolore, soinu eta dantza ederrekoa.

Hasmentan bere neurriak harrituko gaitu, arrunt hazia baita; ondoren, bere gorputz gorri-zuriaren dirdirari begira geratuko gara; akabailan, bere dantzari so.

Halaxe egon ginen gau-loreen inguruan hegan eta elikatzen aritu ziren bitartean, mugikorrarekin 5-6 aleko taldetxoaren goiti-beheitiei begira. Ikusgarriak iruditzen zaizkit abiadura normalean eta are harrigarriago abiadura motelean grabatutako irudietan (bideoaren erditik aurrera).

Ezkerte-esfingea, Agrius convolvuli

Eurasian eta Afrikan nahiko hedatuta dago, baita Australian ere, eta espezie migratzailea da. Esan bezala, neurri handikoa da, Europako lepidoptero handienetakoa baita (85-105 mm bitarteko hego-zabalera). Kolorez grisaxka da, baina bizkarraldean marra arrosa, beltz eta zuri deigarriak ditu. Marka horiek ez dira ikusten animalia atseden hartzen ari den bitartean eta bere kolore gris nabarra lagungarri zaio enborren edo harrien gainean pausatu eta kamuflatzeko. 

Bere gorputza bezain luzea den proboszidea dauka eta nektarra xurrupatuz elikatzen da. Ikaragarria da proboszidea mugitzeko eta loretxoen barruan sartzeko daukan trebetasuna.

Esfinge honek konbolbulazeoen taldeko landareetan erruten ditu arrautzak, ezkerte beltzaren (Convolvulus arvensis) eta ezkerte zuriaren (Calystegia sepium) gainean, adibidez, eta hortik datorkio bere latinezko izena, Agrius convolvuli. Beldarrak kolore bizikoak dira, marroi, zuri edota berdeak, eta nahiko handiak, eta elikatzeko ere ezkertearen hostoak jaten dituzte maiz.

Ezkerteei lotutako espeziea izenik, gure inguruko hizkuntzetan ere ezaugarri horretatik abiatu dira izen arrunta ezartzeko orduan, izen zientifikoari segika: esfinge de la correhuela, borinot de les corretjoles, sphinx du liseron, Windenschwärmer, convolvulus hawk-moth, sfinge del convolvolo eta abar.

...

(1) Euskaraz ez diot izen arrunt espezifikorik aurkitu, baina esango nuke ezkerte-esfinge edo ezkerte-sits egokiak izan daitezkeela. Halaxe erabili dut artikulu honetan, baina jakina, proposamen txiki bat besterik ez da eta askoz hobeto aztertu beharko da proposamen zehatzago bat egin ahal izateko (edo beharbada lepidopterologoek dagoeneko badute beste izenen bat!).

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 01

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 02

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 03

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 04

 

Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus), tundrako eta mendi garaietako hegazti zangaluze berezi hori

Asier Sarasua 2025/08/24 14:50
Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus), tundrako eta mendi garaietako hegazti zangaluze berezi hori

Txirri lekopoduna, 'Eudromias morinellus'

Atzo goizean, nafar Pirinioan genbiltzala, hegazti txiki bat agertu zitzaigun hanka artean. Hegaldi laburtxo bat egin ondoren 5 metro ingurura geratu zitzaigun, lasai asko, adi-adi gure ibilerei begira. Harrituta begiratu nion, ezustean harrapatu ninduelako: Txirri lepokoduna da barren!

Pultsua bizitu zitzaidan eta harrapataka jo nuen mugikorra hartu eta kamera piztera. Bizitzan estreinakoz ikusten nuen txori zangaluze bakan eta berezi hau. 

Berezia baita txirri lepokoduna (Eudromia morinellus, lehen Charadrius morinellus). Bere taldeko hegazti zangaluze gehienak kostaldean eta hezeguneetan aurkituko ditugun bitartean, txirri txiki hau tundran kumatzen da (Eskandinavia eta Errusia iparraldean) eta Euskal Herrian batez ere mendi garaietan aurkituko dugu, migrazio sasoian, Pirinioetako goi larreetan (baita Nafarroa hegoaldeko lautada idorretan ere).

Txori polita da, batez ere kumaldiko jantziak prest dituenean. Moko motz beltza, hanka ez-oso-luze berdexkak, sabelalde gorria eta bekain argi zabala buru grisean nabarmen, kokoteraino luzatuz; horrekin batera, espezieari izena ematen dion lepoko marra zurikaila ere deigarria da (batez ere kumaldiko lumajean).

Euskal Herrian ikusten ditugunek, normalean, lumaje apalagoa dute, gazteek bezala, neguko jantziekin heltzen direlako gurera. Gorramendin aurkitu genuen txirria adibiderako.

Tundratik Euskal Herrira, Afrikarako bidaian pausaleku. 25.000 txirri lepokodun geratzen omen dira Europa osoan; gure begien aurrean txori berezi horietako bat ikustea zorte eta espektakulu zoragarria izan ziren. 

Oso leku bakartietan kumatzen denez, ez da gizakiaren beldur eta ez du ihesik egiten. 10 minutuz egon ginen bere ondoan, argazkiak eta bideoak ateratzen. Eta hantxe laga genuen, aurkitutako toki berean, atseden hartzen eta elikatzen, Afrikara eramango duen hurrengo etaparen zain.

Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) - 01

 

Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) - 02

 

Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) - 03

 

Txirri lepokoduna, Eudromias morinellus, habitata, ugalketa eta elikadura

Txirri lepokodunak Eurasiako tundran kumatzen dira, leku isolatu eta bakartietan. Intsektuz eta armiarmaz elikatzen dira batez ere, nahiz eta noizean behin moluskuak, lur-zizareak eta landareak ere jaten dituzten. Janari gehiena lurrean aurkitzen du, landaretza edo harri artean, eta bere moko laburra baliatuz harrapatzen du.

Espezieak alderantzizko sexu-dimorfismoa erakusten du, hau da, emearen koloreak arrarenak baino deigarriagoak dira. Kumaldiko dantzaldia ere emeak egiten du, arrak erakartzeko. Ez bakarra, gainera, sarritan hainbat arrekin parekatzen delako aldi berean. Lurrean egindako zulo txiki bat besterik ez da habia, belarrez erdi-estalia. Bikoteak bakarka edo kolonia solteetan ugaltzen dira.

Emeak 3 arrautza inguru erruten ditu eta arrari uzten dizkio txitaldiaren lan nagusiak (arrautzak berotu eta txitoak haztea). Emeek ere laguntzen dute tarteka lanbide horretan, baina gehienetan beste eme batzuekin taldetxoak osatzen dituzte eta firin-faran aritzen dira, ugalketa-lanak alde batera utzita. Inkubazioak 24-28 egun irauten du eta txiten garapena oso azkarra izan ohi da. Hilabetera txirri gazteak prest daude euren kabuz bizi izateko eta heldu zein gazteek Afrikarako bidea hartuko dute abuztua orduko.

Esan bezala, espezie eurosiarra da eta Eskandinavia iparraldeko eta Errusiako tundran ditu populazio nagusiak. Eskozian ere kumatzen da eta Mongolian ere bada beste populazio bereizi bat. Alpeetan eta Pirinioetan ere geratzen dira populazio erreliktiko txiki-txiki batzuk eta bikote banaka batzuk kumatzen dira oraindik bertan.

Negua Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko eskualde idorretan igarotzen du, Magreben hasi eta Iraneraino.

Abuztua eta iraila bitartean, ugaltze osteko migrazioan, ale gutxi batzuk ikus ditzakegu Euskal Herrian, gehienbat Pirinioetan edo Nafarroa hegoaldeko ordoki lehorretan. Hala ere, ez da maiz eta erraz ikusten den espezie eta esan liteke gure lurraldean ezohiko espeziea dela (are gehiago Bizkaian eta Araban). Udaberriko migrazioa oraindik eta ixilagoa du eta arraroa da gure inguruan alerik ikustea apiril-maiatzeko pasean.

Zortedun, beraz, atzo izandako bizipen eder honekin!

 

Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) - 04

Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis)

Asier Sarasua 2025/08/19 11:30
Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis)

Baso-barraskiloa, 'Cepea nemoralis'

Aurrekoan aipatu genituen hemen barraskilo arruntaren gora-beherak, baina Euskal Herrian dozenaka 'molusku gastropodo lehortar' ditugu, alegia, dozenaka barraskilo edo marraskilo edo barekurkuilu edo karkoil..., nahiago duzuen moduan.

Ugari eta ikusgarrienen artean beste hauxe dugu, baso-barraskiloa (Cepea nemoralis). Barraskilo arrunta baino pixkat txikiagoa, hau ere Europa osoan bizi da. Askoz koloretsuagoa da eta oso aldakorra izan liteke kolore aldetik, marra hori, gorri, arre, larrosa edota beltzekin. Oskolaren ertza beltza izan ohi da.

Birigarroen jaki gogokoenetako bat ;)

 

Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis) - 02

 

Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis) - 01

 

Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis) - 03

 

Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis) - 04

 

Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa)

Asier Sarasua 2025/08/18 16:55
Gure kalendulak jaten zebilen barekurkuilu eder honi begira ibili naiz goizean. Izan ere, barraskiloak hipnotikoak dira, euren antena-erro mugikor horiek, oin gihartsu sendo eta ibilera kaotiko hori, aho txikitxo karraskari hori... Hipnotikoak! Ornitologoa ez banintz, malakologoa nintzateke ;)
Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa)

Barraskilo arrunta

Seguru asko hauxe da Euskal Herrian dugun barraskilorik ugari eta arruntena, izenak iradokitzen duen moduan: barraskilo arrunta. Gure ortuetan gehien ikusten duguna izateaz gain, gure sukaldaritzako elementu garrantzitsu ere izan da azken belaunaldietan (tira, belaunaldi gazteagoek horrelako gutiziak baztertzen hasi diren arte, behintzat).

Ohiko den guztia bezalaxe, halaxe gertatzen zaigu animaliarik arruntenekin ere, euren xarma eta edertasuna ez dugula behar bezala apreziatzen (beharbada, ezta "ikusten" ere, ohikotasunak ezkutatuta).

Gaur goizean gure kalendulak jaten zebilen barekurkuilu eder honi begira ibili naiz. Izan ere, barraskiloak hipnotikoak dira, euren antena-erro mugikor horiek, oin gihartsu sendo eta ibilera kaotiko hori, aho txikitxo karraskari hori... Hipnotikoak! Ornitologoa ez banintz, malakologoa nintzateke ;)

Euskarazko izenei dagokionez, hiru forma nagusi daude Euskal Herrian molusku hauek izendatzeko: 

  • barraskilo (barraskil, marraskilo, marrakilo, marrakulu...)
  • barekurkuilu (barakuilu, barakorkoil, barekukula...)
  • karakol (karakoil, kakol, karkoil, kurkuil...)

Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa) - 01

Barraskilo arrunta, Cornu aspersum

Helicidae familiako moluskua da barraskilo arrunta; Gastropodoen klasekoa (oskol bakarra daukaten moluskuen taldekoa, alegia). Gure ikasketa garaian Helix aspersa deitzen zen, baina duela pare bat urte, azterketa genetikoei esker, ikerlariak konturatu dira ez dela Helix generokoa eta izena moldatu diote, Cornu aspersum da orain. 

Europan bada oso-oso antzekoa den beste espezie bat, Helix pomatia, baina Euskal Herrian ohikoagoa da Cornu aspersum. Esango nuke argazkikoa horixe dela, Cornu aspersum barraskilo arrunta.

Europa osoan bizi da eta Euskal Herrian ere ohikoa da eskualderik gehienetan, Nafarroa hegoaldeko lekurik idorrenetan izan ezik.

Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa) - 03

 

Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa) - 04

 

Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa) - 06

 

Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak

Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak hauexek dira (ingelesezko Wikipediatik jaso eta euskarazko Wikipediara igo ditugu).

Helduek 25-40 mm-ko diametroa duten oskol gogorra dute, lau edo bost kiribil dituena. Oskola marroi iluna izan ohi da, gaztain koloreko ikutuekin eta lerro eta orbanekin. Ahoa handia dute, ertz zurixka eta tolestua duena. Oskola ia beti eskuinera kiribilkatuta dago, eta ezaugari taxonomikoa da, baina ezkerraldeko adibide arraroak ere ezagutzen dira.

Gorputz bigun eta mukitsua du, marroi-grisa; oskolaren barruan erabat ezkutatu dezake. Erasotzen dutenean, muki sendo bat jariatzen du erasotzaileak uxatzeko. Ez du operkulurik, baina tenperatura baxuetan edo lehorrean epifragma deritzon mukizko mintz mehe lehorra sortzen du oskolaren ahoa itxi eta babesteko.

Udako bero eta lehorraldian estibazio izeneko lo-egoeran sartzen da eta neguan, berriz, hibernatu egiten du. Gainera, deshidratazioa kontrolatzeko mekanismoak ditu.

Buruan lau erro edo "antena" ditu: goikoak handiagoak dira eta argi-sentsoreak dituzte (begiak); behekoak ukimen eta usaimen-organoak dira. Ahoa buruaren azpiko aldean dago, aurrean, eta erradula izeneko kitinazko egitura dauka janaria marraskatzeko (hortz txikiak dituen mihi sendo baten antzeko egitura).

Eibarko TUPI tabernian historixia eta izenan jatorrixa, 'Petit Tupinamba'

Asier Sarasua 2025/08/15 17:30
"Ponme un Tupí!"

Gure gazte sasoian Eibarko tabernarik ezagunenetakua zan Tupixa. Berez, 'Tupi-azpi' zan guk ezagutu genduan tabernian benetako izena, aurrerago leku beretsuan egondako 'Tupi' tabernian azpixan zabaldu zebelako 'gure' Tupixa 1970-1980 inguruan.

Eibarko beste hainbat tabernatara moduan, eskilara pikar batzuk jaitsitta sartzen zan bertara, eta andra haundi bat zan ugazaba. Barria eskumatara zekan eta egurrezko mahai eta aulki bajuak erdixan, jaixetan baztartu eitten zittuenak. Sartu eta eskumatara sukaldia zekan, metalezko pertsiana batekin ixten zan leiho zabal batekin (sukaldia tarteka zabaltzen zan). Hilbera eta Katu-kaliakin batera, esango neuke gure lehelengo ibileretako topagune garrantzitsua izan zala Tupixa guretako (eta gure belaunaldiko askorendako). 

Sekula ez detsat buelta askorik emon tabernian izenan jatorrixari. Baina hara nun, egunotan 'La colmena' eleberrixa irakortzen, eta oin-ohar batian hauxe topatu dot: 

TUPÍ: establecimiento en que se sirve café y otras bebidas. El nombre procede inicialmente, por abreviación, de una de las marcas - Tupinamba- de una cafetera catalana que instaló en Madrid puntos de degustación en los que se servía café a precio módico como propaganda.

RAE-n hiztegixan ez dago aipamenik. Izan be, izen komertzial bat zan Tupí hori, frankizia moduko bat, Tupinamba kafe markiak zabaldutako kafeterixak edo, nahiz eta Tupí marka-izena orokortu egin zan eta edozein kafeterixa txiki izendatzeko balio zeban 1900 inguru haretan (arrakasta komertziala, bistan da). Baqué be ahalegindu zan oin dala urte batzuk antzerako estrategixa komertziala erabiltzen, Hemen, kafeari Baqué esaten diogu.

Aspaldi desagertu zan kafeterixeri 'Tupí' deitzeko ohitturia, baina kafe marka horrek bizirik jarraitzen dau eta gaur egun be laburdura hori darabil publizidaderako, Ponme un Tupí!

Hortxe, ba, Eibarko Tupixan izena nundik datorren, kafe-marka kataluniar batek XX. mende hasieran sortutako kafetegi eta tabernetatik; nahiz eta eibartarrok euskerazko doinu, azentu eta fonetikara ekarri genduan, Tupí erdaldunetik, Túpixa esdrujulara.

1908an zabaldu zeben Petit Tupinamba tabernia Untzaga kalian

XX. mende hasieran zabaldu zeben Tupi tabernia Calbeton kaleko 1. peoran, Untzagako plaziakin hirutxurra eitten, Calbeton kalia oindiokan Untzaga kalia zanian (Fermin Calbetonek oindiokan ez zeban nahikua merito egin Eibarren kale bat izateko; Eskola Armerixia eraikitzeko emon zeban laguntziagaittik jaso zeban bere omenezko kalia 1915 inguruan). 

1908ko apirilian izan zan inauguraziñuori eta albiste izan zan Eibarren. Sarian bila hasi eta Facebooken topatu dot inauguraziñuan inguruko artikulua, Tomas Etxaluzen eskutik (errata eta guzti, zelan ez ;) ).

En la calle de Unzaga se inauguró un Petit Tupinamba, siendo bautizado con el nombre de "Tupí-Bar", a cuyo acto su dueño, don Francisco Bueno, invitó a todos los corresponsales de la Prensa, celebrando una gran afaire-merienda (sic). - Tomás Echaluce

Pueblo Vascon be lerro batzuk idatzi zittuen:

Anteanoche, en la calle Unzaga, frente al Salón Teatro, se inauguró un pequeño establecimiento, arreglado con sumo gusto y el cual creemos hará negocio, por ser de nueva creación. Es un diminuto Tupinamba, donde se despachan copas de cerveza por 10 céntimos, café y variados comestibles á precios muy reducidos. 

Klub Deportibuan lokaletako bat be hantxe egon zan 20 urtez, 1932ko martxuan 6xan inauguratu eta 1951 arte, Kluba Toribio Etxeberria kaleko lokalera (orduan Dos de Mayo kalia) eruan zeben arte.

Untzagako arkupietan beste taberna bat be bazeguan, 'Gau-txorixa' (gero Kutxan bulegua eta Guridi tabernia egon dira bertan); eta errepidian bestekaldian 'Nocheneko tabernia' (1960 amaieran Untzagako torria jaso zeben bertan).

Tupixan jatorrizko egurrezko etxe zaharra bota egin zan 1960 hasieran, eraikin barrixa jasotzeko. Tupi tabernian tokixan Margola tintorerixia ipini zeben (gaur egun Ikatz) eta azpixan gure 'Tupi-azpixa' zabaldu zeben handik gitxira, gure gazte denporako oroitzapen mordua ekartzen deskuzena.

San Juan kaleko Jazman tabernia itxi zanian, 2004ko udan, Tupira eruan zeben bertako plantxia eta Tupixan jarraittu zeben Akondia berde famosuak eitten; ordurako gu ya nagusittuta, eta sasoi hori ez genduan hainbeste ezagutu. Tabernian egituria, itxuria eta girua be aldatuta zeren harrezkero, barria ezkerretara mobiduta eta abar. Ordurako gu ya beste paraje batzuetan mobitzen giñan.

Handik gitxira, Tupi tabernia eskuz aldatu zan, eta gaur egun Akara deitzen da sasoi bateko Tupixa, leku berian dagon arren.

Hara ba! Tupinamba kafia erosteko gogua sartu jata, horraitiok! 

........................

 

Erretrato zahar batzuk erreferentzia moduan

Hementxe inguru hori 1910 - 1987 bittartian.

Untzaga, Alfonso X pabelloia eta Tupi tabernia (c.1910)

Untzaga plazia 1910 inguruan. Gau-txoriko etxiak jaso barik, kiosko atzian Alfonso X. zine-aretua ikusten da ('Pabelloia' izenez ezagutzen zana) eta eskumatara Tupixa. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.

Fermin Calbetón, Tupi taberna parean, Eibar (c.1915)

Fermin Calbetón Eibarren (eskumatik bigarrena) 1915 inguruan, Untzaga kaliari bere izena emon zetsenian. Atzian Tupixa, egurrezko atari polittakin. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.

Tupi taberna, CDE, Untzaga, 1930 inguru

Calbeton kalia (1935 inguru). Ezkerretara Salón Teatrua; eskumatara, ertza eitten, Tupixa eta, 1. pisuan, banderekin, Klub Deportibuan lokala. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.

"Ponme un Tupí!"

Tupixa, Petit Tupinamba, Untzagako plazako kantoian, Calbeton kaliakin ertza eitten (1950 inguru?). Marradun oihalak dakaz zabalduta, kerizia eitteko. Eskumatara Nocheneko tabernia zanan hondarrak. Handik gitxira, 1960. hamarkada amaieran, Untzagako torria eraiki zeben bertan.

Gau-txori taberna, Eibar, Gautxorixa, Untzaga

Eibartar kuadrillia Gau-txorixan, Untzagako arkupietan, Tupi aldamenian (1948). Argazkixa: Antonio Sarasua.

Tupi taberna botatzen, Plazaola 1961

Tupixan etxe zaharra botatzen, 1961. urtian. Argazkixa: Benigno Plazaola.

Tupi-azpi tabernan

Gazte kuadrillia Tupixan, 1987. urteko udan.

Tupineko ertza, 2025. urtian.

Untzaga plazia, 2025eko udan. Hiru eraikin ikusten dira bertan. Gautxorineko etxia, Tupinekua eta Untzagako torria.

  • Gautxorixa: XX. mende hasieran Alfonso X. zinema-aretua egon zan bertan, "Pabelloia". Erre egin zan eta 1930 inguruan hasi ziran Gautxoriñeko etxia jasotzen eta gerra ostian amaittu. Gau-txori tabernia egon zan bertan pare bat hamarkadaz; gero, Kutxa, Guridixa eta Kerizpia.
  • Tupixa: erdiko eraikina. Lehen azaldu dogun moduan, 1960 hamarkada hasieran eraiki zeben gaur egungo eraikina. Tupi-azpixaz gain, Eibarresa, Margola tintorerixia eta Ikatz egon dira bertan. Gaur egun Eibarresa itxitta dago eta Tupi-azpixa Akara bihurtuta.
  • Untzagako torria. Gerra aurretik Nocheneko tabernia egon zan bertan eta gerra ostian Salon Teatrua atzeko partian. 1960. hamarkada amaieran dana bota eta Untzagako torria eraiki zeben.

AviList zerrenda dela eta, historia apur bat munduko hegaztien zerrenden inguruan

Asier Sarasua 2025/08/08 18:50
Munduko hegazti guztiak biltzen dituen zerrenda bateratua argitaratu da ekainean, AviList. Orain arte 3-4 zerrenda ezberdin genituen eta nahastea handi samarra zen. Orain, munduko aditu guztiak elkartu eta zerrenda bakar eta bateratua argitaratu dute, AviList. Aitzakia hori abiapuntu, munduko hegaztien zerrenden inguruko laburpen historiko txiki bat egiteko aprobetxatu dut.
AviList zerrenda dela eta, historia apur bat munduko hegaztien zerrenden inguruan

Gabai arrea (Wikipediatik)

Albiste handi-handia izan da txoriburuontzat AviList zerrenda argitaratzearena. Izan ere, munduko hegazti guztien lehenengo zerrenda bateratua da AviList, azken 20-25 urteotan izan dugun anabasa askatzera datorrena. Ekainean argitaratu zuten paperra Biodiversity and Conservation aldizkarian eta Avilist.org webgunean kargatu dute ondoren informazio guzti-guztia. 

Orain arte, munduko hegaztiak zeintzuk eta zenbat ziren jakiteko, hiruzpalau zerrenda ezberdin kontsultatu behar genituen eta espezie askotan desadostasunak zeuden. Wikipediak, AviBasek, IUCN zerrendak edo eBirdek, bakoitzak bere irizpideak jarraitzen zituen eta zoramen txiki bat zen txorizaleontzat, ez baikenian, esate baterako, gabai arrea (Calonectris sp.) espezie bakarra zen, ala bi, ala hiru.. (gabai arre mediterraneoa, atlantikoa, Cabo Verdekoa...); edo koartzatxo itzaina Bubulcus ibis edo Ardea ibis izendatu behar ote genuen.

Zorionez, mundu mailako 5 erakunde nagusiak elkartu dira, tartean taxonomia kontuetan aditu handienak, eta zazpi urteko lanaren ostean munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bakarra argitaratu dute, AviList, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin. Dena sarean, irizpideak argi, prozesu gardena, eta informazio guztia txorizaleontzat eskuragarri, online eta urtero-urtero eguneratzeko aginduarekin. 2025. urteko ekaineko zerrenda izan da lehenengo bertsioa eta une honetan 11.131 hegazti espezie onartzen ditu AviList zerrendak, 2.376 genero, 252 familia eta 46 ordenatan banatuta. Albiste handia, hartara!

Albistea foro eta webgune guztietan azaldu da (hemen Cornell, eBird, BirdLife eta Avilist webguneetako albisteak), eta euskaraz zabal landu da Txoriak.eus webgunean: "AviList: munduko hegazti guztien aurreneko zerrenda bateratua".

Nire aldetik, hartara, AviList zer den eta zein garrantzitsua den azaldu ordez, abagunea aprobetxatuko dut gai honekin lotuta dagoen beste kontu bat aipatzeko, labur bada ere: munduko hegazti-zerrenden historia eta txori-espezie kopuruak. 

Munduko hegaztien zerrendak: abiapuntua

Aristotelesek eta beste autore klasiko batzuek egindako aipamenez aparte, zoologia modernoaren abiapuntua Lineoren "Systema naturae" (1758) lana izan zen. Lineo edo Carolus Linnaeus naturalista eta zientzilari suediarra izan zen (1707-1778) eta taxonomia modernoaren oinarriak ezarri zituen, talde taxonomikoen kontzeptua garatuz eta gaur egun arte iraun duen sistema binomiala ezarriz. Berea da esaldi famatu hau, "Nomina si nescis, perit et cognitio rerum", alegia, "Izenik ez badakizu, beraietaz dakizuna ere desagertzen da". Bizidun guztientzat izenak ezartzen saiatu zen (izen zientifikoak) eta berea da izaki bizidunen aurreneko antolaketa eta zerrenda sistematiko modernoa, non 554 hegazti-espezie identifikatu eta zerrendatu zituen, bakoitza bere izen zientifikoarekin.

Lineoaren zerrenda oso mugatua zen, garaiko ezagutza eta baliabideen oso menpekoa eta Europako espezieak jasotzen zituen batez ere. Hasierako zerrenda horren ostean, Ernst Mayr biologo alemaniarraren lana aipatu behar da; 1946an argitaratutako "The number of species of birds" (Auk 63:64-69) artikuluan 8.616 espezie identifikatu zituen. Eta ondorengoa ere bota zuen: "txori-espezie berriak aurkitzeko garaia amaitzear dago". 

Bien bitartean, James Peters ornitologo estatubatuarra ere lanean hasita zegoen. Berak 1931. urtean hasitako lana beste batzuek bukatu zuten bere heriotzaren ostean eta 16 liburukitan munduko hegazti guztiak biltzeko saiakera egin zuten 1931-1987 urteen artean. Petersek beste ehunka espezie erantsi zizkion Mayersen zerrendari eta, ematen zuenez, 16 liburuki horietan zeuden munduko hegazti-espezie guztiak. "Kitto! Hauxe da dagoena!" pentsatuko zuen Petersen lantaldeak 80. hamarkada zoriontsu hartan.

Genetikaren, biologia molekularraren eta bioakustikaren indarra

Dena genekielakoan, lasai asko geunden txorizaleok 1990. urte buelta hartan, baina harrezkero, eta batez ere XXI. mende hasieran, iraultza handi pare bat zeuden gertatzear zientziaren esparruan. Ordura arte, batez ere ezaugarri morfologikoetan oinarritzen zen txori espezieak banatzeko eta sailkatzeko modua (museoan gordetako aleen azterketen bidez), baina azken hamarkadetan ikusi da hori ez dela nahikoa.

Batetik biologia molekularraren eta genetikaren iraultza gertatu da. Ikerketa-metodo berriei esker bizidunen genomak aztertzeko eta alderatzeko aukera sortu zaigu. Hegaztien genomak aztertzen hasterakoan, ikerlariek berehala ikusi zuten morfologikoki ia-ia berdinak ziren hainbat hegazti, genetikoki aldenduta zeudela. Eta, alderantziz, morfologikoki ezberdinak ziren zenbait hegazti, genetikoki berdin-berdinak zirela (morfo ezberdina izan arren, espezie berbera zirela, alegia). Filogenia modernoak erakutsi zuen hegaztien zuhaitz ebolutiboan uste baino askoz ohikoagoak izan direla ezberdinen arteko konbergentziak eta berdinen arteko dibergentziak, espezie mailako sailkapena uste genuena baino aaaaskoz konplexuago bilakatuz. 

Beste iraultza handi bat bioakustikaren alorrean gertatu da. Teknologia berriei esker, gero eta errazagoa izan da hegaztien soinu eta kantuak grabatzea, gordetzea, konparatzea eta aztertzea. Gainera, teknologiak merketu ahala, grabazio horiek egin eta partekatzeko aukera herritar guztien eskuetara iritsi da eta, horren ondorioz, duela 20 urte nekez imajina genezakeen audio-grabazio bildumak ditugu, gehienak online, libreak eta dokoak (Xeno-canto eta MacAulay library, adibidez). Eta grabazio horiek garrantzi handikoak izan dira espezieak identifikatzeko eta deskribatzeko orduan. Hemen ere, genetikarekin gertatu den bezala, ikusi da espezie berekoak zirela uste zen hainbat txoriren kasuan, oso desberdin abesten duten taldeak daudela, elkarrengandik banatuta eta hibridaziorik gabe. 

Iraultza horien ondorioz, garai batean finkoa eta aldaezina zirudien munduko hegaztien zerrenda izugarri hasi zen aldatzen, urtero-urtero, XXI. mende honen hasieratik aurrera. Euskal Herrian ohiko den kaio hankahoria, esate baterako, 90. hamarkadan Larus cacchinans izendatzen genuena, Larus argentatus bilakatu zitzaigun bapatean, eta Larus michahellis ondoren, kaio hauskara superespeziearen sailkapenak findu eta hobetu ahala; eta mundu mailan, une honetan ia 10 espezietan dago banatuta garai batean espezie bakarra zen kaio ezaguna.

Horri gehitzen badiogu herrialde tropikaletan egindako laginketak eta ikerketak izugarri handitu direla eta espezie tropikalen inguruko ezagutza exponentzialki hazi dela, ez da arraroa Mayren eta Petersen garaiko 8000-9000 espezieko zerrenda, 10.000 espeziera igotzea laster batean, eta 11.000 espeziera ondoren.

Hegaztietan gertatutakoaren antzekoa jazo da gainontzeko taldeetan ere, noski (datuak ez diren arren horren argiak eta onartuak). Adibidez, 2005 urtetik hona, ugaztun-espezieen kopurua %20 inguru hazi da eta anfibio zein narrastiena %50 inguru.

Hartara, esan bezala, aldaketak ugaritu eta azkartu egin dira azkenaldian eta horrek nolabaiteko kaosa ere sortu zuen zerrenda eta sailkapenetan. Anabasa hori orrazteko asmotan, erakunde edo ikerlari-talde bakoitzak bere irizpideak hartu zituen eta bere zerrenda "ona" sortzen hasi zen, eta zerrenda aldaezin bakarraren garaitik, zerrenda aldakor anitzetara igaro ginen, bakoitzak berea. Zenbat buru, hainbat aburu.

Hegaztien sistematikaren alorrean azken 2-3 hamarkadak 'kaosaren garaia' izan direla esan dezakegu. 

Clements, Howard & Moore, IOC eta HBW/BirdLife zerrendak

Munduko hegaztien zerrendei dagokienez, 90. hamarkadaz geroztik 4 izan dira mundu mailan erreferentziazkoak izan direnak. 

  1. Clements Checklist of Birds of the World. 1974. urtean argitaratu zen paperean lehenbizikoz eta liburu formatuan 2007an azkenengoz. Urte hartan Cornell Lab of Ornithology erakundeak hartu zuen bere ardura eta harrezkero online dago eta ia urtero eguneratu izan da; sarean argitaratzen eta urtero eguneratzen hasi zen lehenengo zerrenda izan zen. Cornell Unibertsitateak eta bere ekosistema osoak darabilen zerrenda da (Merlin Appa, eBirdBirds of the World eta abar). 
  2. International Ornithological Community (IOC) World Bird List. Hasiera batean ingelesezko izen arruntak estandarizatzeko eta bateratzeko pentsatutako proiektua izan zen (2006), baina gutxinaka taxonomiarantz jo zuen eta azken urteotan hauxe izan da mundu mailan gehien jarraitu den zerrenda. Besteak beste, Wikipediak darabilen zerrenda da IOC. Hau ere azken urteotan online aurkitu daiteke eta urtero eguneratu izan da. 2025. urtean 15.2 bertsioa argitaratu du.
  3. Handbook of the Birds of the World (HBW) and Birdlife International Illustrated Checklist of the Birds of the World. 2014-2016 bitartean papelean argitaratua, harrezkero urtero eguneratu izan da online. Zerrenda honek ere garrantzi handia dauka, mehatxatuta dauden espezieen IUCN zerrenda gorriak erabiltzen duelako eta nazioarteko legedi eta kontserbazio-hitzarmen askotan erreferentziazko zerrenda delako.
  4. Howard & Moore Complete Checklist of the Birds of the World. Hauxe izan zen munduko hegazti guztiak liburu bakarrean biltzeko lehenengo saiakeretako bat, 1980. urtean, eta bere garaian garrantzi handia izan zuen. Hala ere, 2014an eguneratu zen azkenengoz eta azkenaldian indarra galdu du eta erdi-utzita dago. AviList proiektuan ere ez dira sartu.
Erreferentzia nagusi izan diren 4 zerrenda desberdin horien alboan, tarteko erabakiak hartu dituzten hamaika egitasmo eta argitalpen ere izan dira, edo goiko zerrenden bertsio zaharren bat erabiltzen dutenak, eguneratu barik, eta beste makinatxo bat aukera desberdin. Kaosaren garaian, horixe izan da egoera, kaotiko samarra eta mundu honetan gabiltzan guztiontzat buruhauste-iturri amaigabea.

Zerrenda global bateratu bakarrerantz (2018-2025): AviList

Kaosaren garaiak utzitako ondorioak, beraz, nabarmenak izan dira azken urteotan. Nahasmena handia izan da ornitologo, txorizale eta zientzilarientzat. Desadostasun horiek arazoak sortzen zituten hegaztiak babesteko legedietan, ikerlarien arteko datu-trukaketetan zehaztasun falta zegoen, taxonomia-eztabaidak etengabeak ziren... Azken batean, egoera horrek saltsa handia sortzen zuen ornitologiaren inguruko alor guztietan, dela ikerketan, dela dibulgazioan, dela kontserbazio-lanetan. 

Adibide bat ematearren, eguneko harraparien artean espezieen %32an desberdintasunen bat zegoen munduko 4 zerrenda nagusien artean. Ez zen, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula. Hegazti guztiak kontuan hartuta, 1500-2000 espezie inguru ziren zerrenda batetik bestera aldatzen zirenak.

Ondorio nabariena datuak trukatzeko orduan sortzen zen. GenBank DNA-bankuan datuak partekatzean (DNA sekuentzien nazioarteko errepositorioa), adibidez, inkongruentzia taxonomikoak azaleratzen direlako, ikerketa zientifikoen emaitzen azterketa eta interpretazioa zalantzan jarriz. Edota sarean aurkituko ditugun datu-base erraldoien arteko datu-trukaketa eta emaitzen interpretazioa izugarri zailduz, dela GBifeBird, Macaulay Library, Xeno-canto, iNaturalist eta beste horrenbeste.

Egoera horretaz jabeturik, mundu mailako eragile nagusiek batzar garrantzitsu bat izan zuten 2018an Vancouverren eta erabaki zuten behar-beharrezkoa zela munduko hegazti guztien zerrenda adostu eta bateratu bakarra izatea, eta horretarako sortu zuten Working Groups Avian Checklist (WGAC) lantaldea. Lehenengo urratsak nekesak eta mantsoak izan ziren, baina 2020az geroztik bilerak eta koordinazio-lana arindu egin dira eta horrelaxe sortu da AviList, munduko hegazti guztien zerrenda bateratu eta bakarra

Orain arte nahiko ixilpean eramandako lanak argia ikusi du 2025eko ekainaren 11an, informazio guztia AviList.org webgunean argitaratu dutenean, batez ere Munduko hegaztien zerrenda bateratu hori. Horrekin batera, prozesuaren inguruko informazio orokorra, aurkezpen-bideoa eta beste zenbait atal ere zabaldu dituzte, eta iragarri dute lantaldean hartutako erabaki guztien txostenak eta bozketen emaitzak ere online ipiniko dituztela udazkenetik aurrera, gardentasun osoz. 

Emaitza ez ezik, prozesua bera ere izugarri gustatu zait: elkarlana eta adostasuna bilatzea, komunitate osoaren onerako diren irizpide argiak ezarri eta plazaratzea, egindako lana gardentasunez aurkeztea...

Horregatik guztiagatik, erreferentziazko lana izango da AviList hau, munduko beste bizidun-talde batzuetan ere aplikatzeko modukoa. Izan ere, hegaztien kasuan nolabaiteko anabasa bazegoen, sakonen ikertutako animalia-taldea izanda... zer ez dago ugaztunen, arrainen, anfibioen eta narrastien kasuan!?!? (ornogabeak ez aipatzearren!). 

Eta neurri batean, gure intereseko gaietara ekarrita... munduko hegaztien euskarazko izenak finkatzeko orduan ere, AviList zerrendarako erabili diren metodologia eta irizpideetako asko ere oso baliagarri izan dakizkiguke. Behin urrats bat emanda, goazen hurrengoak luzatzera!

 

................

Argazkia: Richard Crossley, CC BY-SA 3.0, Wikipedia.

Eibar inguruko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2015-2025

Asier Sarasua 2025/07/17 15:55
2025eko udaberrian SACRE programan eta Eibarren jasotako datuen laburpena, 10 urteko (2015-2025) datu-segida historiko eta laburpenarekin batera.
Eibar inguruko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2015-2025

Birigarroa

Hegazti habiagileen jarraipen-programa da SACRE (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras), Espainia mailan SEO erakundeak kudeatua. Duela 10 urtetik hartzen dut parte, Eibar inguruko eremuaren jarraipena eginez (besteak beste, aurretik blog honetan 20182019 eta 2023 urteetako datuak, adibiderako).

Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, berriz, SACRE. Beste jarraipen-programa eta Atlas proiektu zehatz eta sakonagoak ere badira, jakina, Euskadiko hegazti habiagileekin egin genuena, esate baterako, irudi zehatzagoa ematen dutenak; baina SACRE eta SACIN ere eraginkorrak dira, besteak beste, metodologia erraz samarrarekin eta esfortzu txikiarekin, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiteko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko. 

Jarraipen-programa bakoitzak bere metodologia darabil. SACREri dagokionez, behatzaileok aurrez zehaztutako 10*10 km-ko lauki bat aukeratu behar dugu (nire kasuan Gipuzkoako WN4080 laukia, Eibar-Elgoibar-Etxebarri hartzen dituena) eta 20 behaketa-puntu zehaztu behar dira (irizpide zientifiko eta metodologiko batzuk jarraituz). Ondoren, urtero ibilbide berdina egin behar da, 20 puntu horietako bakoitzean 5 minutu geratuz eta ikusten eta entzuten diren hegazti guztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).

SACRE 2023, txantxangorria

Txantxangorria (Erithacus rubecula).

 

SACRE segida historikoa, WN4080 (Eibar-Etxebarri-Elgoibar) 2015-2025

Behatzaile bakar batek toki jakin batean behatutako espezieak ez dira ezeren adierazgarri. Horretarako hartzen dira ehundaka lagunen datuak hogeitaka urtean, eta horiekin bai azter daitezke joerak

Baina tira, 10 urteko segida batek ematen digu, gutxienez, Eibar - Markina - Etxebarri - Elgoibar ingurumari honetako espezie nagusiak zeintzuk diren (Markina-Xemein oso zeharka ukitzen dut). 2015ean hasitako ibilibide honetan guztira 70 espezie desberdin identifikatu ditugu (ikus azpiko taula) eta horietako 15 hauek dira 100 ale baino gehiago zenbatu dituztenak; lasai asko esan liteke gure inguruko udako espezierik arruntenak direna: sorbeltz arrunta, etxe-txolarreabasahatea, zozoa, txepetxa, etxe-usoa, txonta, belabeltza, txantxangorria, uhalde-enara, kardantxiloa, enara ipurtzuria, txinbo kaskabeltza, kaskabeltz handia, txio iberiarra.

Espezie forestalak edota eskaera anbiental gutxikoak dira gehienak, eta bestela, herriguneei lotutakoak (sorbeltzak, txolarreak, usoak, basahateak, enarak...).

Bestalde, 9 espezie behin bakarrik ikusi ditut eta, horietako batzuk, behintzat, esango nuke ez direla WN4080 eremu honetan kumatzen, pasean ikusi ditudala, kasualitatez: liztorjale eurasiarra, miru gorriagabiraia, zuhaitz-belatza, kuliska txikia, lepitzulia, pitxartxar nabarra, baso-txinboa eta okil beltza.

Azken hori, okil beltza, izan da 2025eko izarra, duda barik. Lehenago ere behatu izan dugu Eibar alde honetan, inoiz Galdaramiñon, inoiz Arrate inguruan... baina aurtengoa izan da SACRE programan agertu den lehenengo urtea, azkenaldian Euskal Herrian izan duen zabalkunde nabarmenaren ondorio. Kasu honetan, esango nuke bikoteren batek dagoeneko baduela habia gure eskualdean.

Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Okil beltza (Dryocopus martius).

Eta hona hemen 10 urteko segidaren laburpena. 

ESPEZIEA 2015 2016 2017 2018 2019 2022 2023 2024* 2025 GUZTIRA
Koartza hauskara 0 0 0 0 0 1 3 1 1 6
Ahate musketaduna 0 0 0 0 0 1 2 0 0 3
Basahatea 34 41 74 55 34 49 78 26 58 449
Liztorjale eurasiarra 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Miru beltza 0 0 2 0 0 0 2 0 2 6
Miru gorria 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Sai arrea 8 3 6 10 5 15 4 0 21 72
Gabiraia 0 0 1 0 0 0 0 0 0 1
Zapelatza 2 3 3 3 5 2 4 1 2 25
Arrano txikia 0 0 0 2 0 1 0 0 2 5
Belatz gorria 0 0 0 0 0 1 0 0 1 2
Zuhaitz-belatza 0 0 0 0 0 0 0 0 1 1
Uroiloa 3 4 3 2 1 1 5 3 1 23
Kuliska txikia 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Kaio hankahoria 1 0 6 2 0 1 1 0 1 12
Etxe-usoa 26 69 32 45 39 42 26 6 21 306
Pagausoa 3 0 0 4 3 2 12 0 5 29
Usapal turkiarra 6 10 8 7 7 2 3 0 1 44
Kuku eurasiarra 4 2 3 2 3 0 2 0 0 16
Sorbeltz arrunta 87 191 105 121 155 89 244 38 182 1212
Lepitzulia 0 0 0 0 0 0 0 1 0 1
Okil berde iberiarra 3 2 5 4 3 7 3 1 1 29
Okil beltza 0 0 0 0 0 0 0 0 1 1
Okil handia 1 0 1 0 2 2 0 0 1 7
Uhalde-enara 0 31 20 12 28 25 42 4 27 189
Haitz-enara 3 0 0 0 0 0 1 0 1 5
Enara arrunta 4 5 7 0 9 13 2 5 14 59
Enara ipurtzuria 14 19 16 24 15 17 23 10 26 164
Uda-txirta 6 5 1 1 0 1 1 0 3 18
Buztanikara horia 4 7 6 2 4 17 9 6 7 62
Buztanikara zuria 10 7 6 5 4 9 16 6 9 72
Ur-zozoa 0 2 0 0 1 0 0 0 0 3
Txepetxa 29 38 38 46 39 38 35 16 30 309
Txantxangorria 18 18 17 30 25 22 19 17 33 199
Buztangorri iluna 8 7 5 19 15 12 13 9 12 100
Pitxartxar nabarra 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Pitxartxar burubeltza 0 4 5 3 3 0 6 1 5 27
Zozoa 45 37 37 49 35 53 68 15 59 398
Birigarroa 9 8 13 5 12 19 8 5 12 91
Garraztarroa 0 1 1 0 0 0 0 0 0 2
Errekatxindorra 0 0 0 0 2 0 2 2 0 6
Sasi-txoria 3 0 1 3 3 1 1 1 1 14
Txinbo kaskabeltza 0 19 18 6 13 24 30 12 30 152
Baso-txinboa 0 0 0 1 0 0 0 0 0 1
Txio iberiarra 14 16 11 13 15 9 13 1 9 101
Erregetxo bekainzuria 3 5 5 5 2 11 7 1 10 49
Euli-txori grisa 2 1 1 0 2 1 0 0 3 10
Euli-txori beltza 0 2 0 0 0 0 0 0 0 2
Buztanluzea 0 3 2 2 0 0 0 0 0 7
Kaskabeltz txikia 0 0 0 0 0 2 0 0 0 2
Amilotx mottoduna 3 2 0 0 0 0 0 0 0 5
Pinu-kaskabeltza 1 1 2 1 1 1 0 1 1 9
Amilotx urdina 0 2 0 1 0 1 0 0 5 9
Kaskabeltz handia 13 18 17 25 11 13 11 5 12 125
Garrapoa 1 0 0 0 1 3 0 0 3 8
Gerri-txoria 4 5 3 4 5 4 7 2 7 41
Antzandobi arrunta 1 3 0 3 1 1 2 2 0 13
Eskinosoa 2 2 0 2 2 0 4 0 1 13
Mika 0 0 0 1 2 3 1 1 9 17
Belabeltza 31 32 41 26 36 36 27 12 34 275
Erroia 0 0 1 0 0 0 0 0 2 3
Arabazozo pikarta 0 0 0 0 0 2 0 0 0 2
Etxe-txolarrea 29 39 43 29 60 103 110 76 144 633
Txonta 36 37 42 39 48 23 43 12 20 300
Txirriskila 21 10 8 5 11 17 4 4 2 82
Txorrua 0 0 1 3 2 4 12 2 8 32
Kardantxiloa 18 25 23 12 22 33 19 4 12 168
Txoka 0 3 0 0 1 0 0 0 0 4
Gailupa 2 0 3 1 1 1 1 0 2 11
Hesi-berdantza 0 0 0 0 0 1 0 0 1 2
ALE KOPURUA 512 739 643 635 688 736 930 309 856 6048
SP. KOPURUA 42 43 44 45 48 48 35 51 70

 * 2024an bisitaldi bakarra egin ahal izan nuen.

Esan bezala, 70 espezie dira guztira (6.048 txori). Horrek ez du esan nahi espezie gehiago ez denik bizi gure eskualdean, baizik eta metodologia, behaketa-puntu eta data hauetan zaila dela aurkitzea, besteak beste gautar guztiak (hontz zuria, urubia, zata...), eta habitat zehatzagoetan bizi diren beste zenbait, esate baterako etze-txinboa (Kalamuako magalean aurki daiteke, baina SACRE programan ez gara bertatik pasatzen).

Taulan ikusten den beste kontu bat dabehatutako espezie eta ale kopuruak pixkat bat gora egin duela urteekin. Ziur nago horrek ez duela adierazten WN4080 lauki honetako txoriak ugaritu egin direnik, baizik eta hegaztien kantuak identifikatzeko nire gaitasuna handitu egin dela azken 10 urteotan eta horrexek eragin duela irteera bakoitzean detektatu eta identifikatutako espezie-kopurua apur bat handitzea. 

Sai arrea

Sai arreak (Gyps fulvus) ez du habiarik egiten gure eskualdean, baina sarri ikusten dira Urkiola aldetik etorritako aleak.

Bukatzeko, hemen 2025eko maiatzean eta ekaina hasieran egin ditudan aurtengo 2 bisitaldietan WN4080 laukiko 20 behaketa-puntuetan ikusi/entzun ditudan espezieak eta ale kopuruak. 

  • Koartza hauskara 1
  • Basahatea 58
  • Miru beltza 2
  • Sai arrea 21
  • Zapelatza 2
  • Arrano txikia 2
  • Belatz gorria 1
  • Zuhaitz-belatza 1
  • Uroiloa 1
  • Kaio hankahoria 1
  • Etxe-usoa 21
  • Pagausoa 5
  • Usapal turkiarra 1
  • Sorbeltz arrunta 182
  • Okil berde iberiarra  1
  • Okil beltza 1
  • Okil handia  1
  • Uhalde-enara 27
  • Haitz-enara 1
  • Enara arrunta 14
  • Enara ipurtzuria  26
  • Uda-txirta 3
  • Buztanikara horia 7
  • Buztanikara zuria 9
  • Txepetxa 30
  • Txantxangorria 33
  • Buztangorri iluna 12
  • Pitxartxar burubeltza 5
  • Zozoa 59
  • Birigarroa 12
  • Sasi-txoria 1
  • Txinbo kaskabeltza 30
  • Txio iberiarra 9
  • Erregetxo bekainzuria 10
  • Euli-txori grisa  3
  • Pinu-kaskabeltza 1
  • Amilotx urdina 5
  • Kaskabeltz handia 12
  • Garrapoa 3
  • Gerri-txoria 7
  • Eskinosoa 1
  • Mika 9
  • Belabeltza 34
  • Erroia 2
  • Etxe-txolarrea 144
  • Txonta 20
  • Txirriskila 2
  • Txorrua 8
  • Kardantxiloa 12
  • Gailupa 2
  • Hesi-berdantza 1


Okil handia

Okil handia (Dendrocopos major).

Liztor buztingileak etxeko leihopean anfora erromatarrak laga zizkigunekoa

Asier Sarasua 2025/07/08 10:05
Ederra ezustekoa etxeko leihoaren ertzean anfora itxurako 12-14 kapsula txiki aurkitu ditugunean. Buztinez egindakoak eta marasmaz beteta. Zer ote? #Spoiler: Eumeninae familiako liztor buztingileren baten lan harrigarria da.
Liztor buztingileak etxeko leihopean anfora erromatarrak laga zizkigunekoa

Liztor eumeninoa

Aurreko batean erlamino fin-fin bat ikusi genuen etxe barruan bueltaka. Altzarien ertzetara hurreratu, han-hemen begiratu... Harritu gintuen bere jarrerak (zerbaiten bila zebilela ematen zuen) eta harritu gintuen bere gerri finak, erlaminoa izateko ere, fina baino finagoa. Ez zen gure artean ohiko diren liztor edo erlamino (1) horietako bat, espezie berezia zen (hemen alboko argazkikoaren antzekoa).

Tira, joan zen erlamino hori eta hara non egun batzuetara, leihora hurreratu eta hanketan buztin zatiak eta hildako marasma mordoa aurkitu ditugun. Kontxo! zer ote nekropoli hau?

Gora begiratu, eta leihoaren ertz batean buztinezko egituratxo batzuk aurkitu ditugu. Anfora itxura dute, tapa eta guzti, eta 12-14 inguru dira. Batzuk dagoeneko apurtuta daude, leihoa ireki-ixtean guk geuk zartatuta. Beste batzuk ostera, oraindik oso-osorik.  

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

Liztor buztingileak leiho ertzean eraikitako anfora itxurako egiturak.

Ezustekoak ez dira hor amaitzen. Hautsitako anforak eskuetan hartu eta barruan dozenaka marasma edo armiarma txiki daude. Kontxo! anforak elikagaia biltegiratzeko erabili ditu hemen norbaitek!

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

Erlabio edo liztor buztingileek elikagaiz betetzen dituzten euren kapsulak, kasu honetan marasmaz, liztor-larbak elikatu ditezen.

Wikipediara jo eta hantxe aurkitu dut anforen egilea. Hain zuzen ere, aurreko egunean etxe barruan bueltaka aurkitu genuen liztor gerri-fina, Eumeninae taldeko liztor buztingileaEumeninoak liztorren Vespidae familiako subfamilia bat dira. Oso talde zabala da eumeninoena (200 genero eta 3000 espezie), gehienak hori-beltzak eta ehiztari bakartiak. Gizakiontzat ez dira inolaz ere arazo edo arrisku. Inguruko hizkuntzetan liztor buztingile (2) izena ematen zaie (potter wasp, avispa alfarera, guêpe potière, Töpferwespen, eta abar), hain zuzen ere, talde honetako zenbait espeziek buztinezko egiturak egiten dituztelako, ontzi, anfora edo katilu itxurakoak, arrautzak errun eta larbek euren bizitza bertan pasa dezaten, goxo-goxo, amak lagatako elikagaia janez.

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

Hautsitako anforen barruan bilatuta, gehienetan oraindik ez zen larbarik ageri, marasma hilak baizik ez, baina pare batean liztor-larba lodikoteak aurkitu genituen.

Liztor buztingile arren bizitza laburra eta bizkorra da, emea ernaldu eta kitto, aste gutxitako bizitza. Emeena, aldiz, luzeagoa eta lanez betea. Izan ere, lokatza, lurra eta ura erabilita, buztinezko egitura huts horiek eraikitzen dituzte. Barruan arrautza bana errun, eta laster jaioko den larba elikatzeko janariz betetzen dituzte kapsulatxoak, gehienetan armiarmak edo beste intsektu batzuen larbak (kakalardo eta tximeletenak, adibidez).

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, miligramo batzuetako pisua daukan intsektu txikiarentzat. Zenbat joan-etorri buztina lortu eta 10-15 anfora horiek eraikitzeko; gero arrautza bana errun; amaitzeko, dozenaka eta dozenaka mamorrotxo ehizatu, kapsulak bete eta etokizuneko larbei elikagai nahikoa lagatzeko. Baita amaieran tapa perfekto batekin itxi ere. Ikaragarria!

BBCko dokumental honetan ederto ikusten da, David Attenborough-ren ahots ahaztezinarekin.


Esan bezala, 12-14 kapsula inguru aurkitu genituen leihoan. Erdiak-edo hautsi egin ziren leihoa ireki-ixtearekin batera. Beste erdia bertatik askatu eta albora pasa genituen. Hautsitakoen artean, pare bat ziren barruan larba zeukatenak; gainontzekoetan armiarma hilak baizik ez (larba ez zen jaioko edo). Hemen irudi batzuk. 

 

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

 

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

 

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

 

Liztor buztingilearen kapsulak, larbak elikatzeko armiarmaz beteta.

 

....................

(1) Liztor, listafin, erlabio (erlamino) edo kurumino (kurubio), lau izenak sinonimo dira eta laurak erabiltzen dira Euskal Herrian zehar Vespidae familiako kideak izendatzeko (avispa ES; Guêpe FR).

(2) Ez dut aurkitu euskarazko izen arrunt espezifiko eta estandarizaturik eumeninoentzat, baina esango nuke liztor buztingile (edo ontzigile) egokia izan daitekeela. Halaxe erabili dut artikulu honetan, behintzat. Dena dela, ez da hau proposamen zehatz bat: familia osoa ondo aztertu beharko litzateke liztor, liztortzar, listafin, kurumino eta erlabioen izen arruntak behar bezala zehaztu ahal izateko, jakina. 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz