Ahozko ondarea jaso behar dugu
2003ko otsailaren 26an aurkeztu zen Portaleko areto nagusian Eibarko Hiztegi Etnografikoa lana. Ondoko lerroetan, aurkezpen egunean esandako hitzen laburpena argitaratzen dugu.
Ahozko ondarea jaso behar dugu
Aspaldikoa da Toribio Etxebarriaren Lexicon del euskera dialectal de Eibar lana. Gerra ostean hasi zen berbak batzen, Venezuelan erbesteratuta zegoen bitartean, eta 1966an kaleratu zuen lan zoragarri hori. Lehenengoa izan zen Eibarko euskara jasotzen, eta Euskal Herri osoan ere lehenengoetarikoa izan zen herri hizkerak biltzen eta bultzatzen.
Baina Toribio ez da bakarra izan, eta berak hasitako bidea jarraitu zuten ondorengo urteetan Juan San Martinek, Imanol Laspiurrek, Serafin Basaurik eta beste zenbaitek. Eibarko euskara gero eta hobeto ezagutzen joan gara, eta orain dela lau urte inguru konturatu ginen bazeudela Etxebarriaren lanaren osagarri izan zitezkeen zenbait hitz zerrenda. Batean eta bestean argitaratuta, bagenituen baserriko tresnen izenak, damaskinatuaren inguruko lexikoa, tailerreko hiztegia, txori izenak... Horrela, ba, 1998 inguruan, hor zehar sakabanatuta zeuden lantxo horiek batzea bururatu zitzaigun, denak lan batean bildu, eta Etxebarriaren osagarri izan zitekeen liburutxo bat argitaratu.
Berehala konturatu ginen, ordura arte batutakoa asko izanda ere, beste horrenbeste zegoela batzeke. Gainera, ez genuen nahi berba-zerrenda huts bat kaleratzea; hiztegi bizi bat nahi genuen, jendeak esandako ipuinen artetik ateratako hiztegia, gaur egungo eibartarren ahozko iturritik jasotako hiztegi bat. Hori lortzeko, bibliografia lana laga, eta ahozko bilketa egiten ekin genuen, grabadorak hartu eta elkarrizketak eginez. Dozenaka lagun elkarrizketatu ditugu, eta gure lana beste lan handi birekin aberastu dugu: batetik, Nerea Aretak azken 6 urteotan doktore-tesirako egindako lanarekin; bestetik, Eibarko udalak gure herriko ondare historikoa jasotzeko Eibarko nagusiei Eibartarren Ahotan proiektu barruan egindako ehundaka grabazioekin.
Horrela, Toribio Etxebarriaren lanaren osagarri izan behar zuena, gutxika-gutxika, nahiezta, ahozko iturrietatik edaten eta loditzen joan zaigu, berba berriak jasotzen, marrazkiekin eta argazkiekin dotoretzen... eta bost urte geroago, Eibarko Hiztegi Etnografikoa izeneko seme lodikote hau jaio zaigu.
Asmoak
Zertarako egin horrelako lan bat? zer helburu eduki ditzake bilketa honek? Gutxienez hiru hauek bururatzen zaizkit:
1- batetik, Eibarko eta inguruko hiztegia zehaztea eta bertako ditugun aldaerak eta adierak ematea; Azkuek eta Toribiok batutakoaren osagarri, eta bailarako beste hiztegi batzuen aberasgarri.
2- bestetik, galzorian dauden lanbide, ohitura eta ipuinen berri ematea; etnotestua lan-tresna izanik. Jakina da Euskal Herrian gizaldi honetako belaunaldien artean izan dugun eten kultural eta linguistikoa. Lan honek bere laguntzatxoa izan nahi du, belaunaldien artean oraindik bizirik dagoen hari fin hori oratu eta hurrengo belaunaldiengana eramateko, sekula gehiago etenik izan ez dadin.
3- amaitzeko, jasotako hitzak erabilera berrietarako eskaintzea. Ohiturak eta lanbideak galdu ahala, hitzak ere galtzea normala da, baina hitz horiei adiera berriak ematen jakin behar dugu. Euskarak, sarritan, erdarara jotzen du hitz berrien bila; gure hiztegi zabala hobeto ezagutuz, hor izango ditugu, adiera berriak emanez, euskara berriztu eta aberasteko. Euskarak jakin izan du antzinako berba mordoa jaso eta adiera berrietarako egokitzen. Adibidez, gazte kaletarrek ikastolan ikasi ditugun hausnarketa, mintz, iragazi, ohol, uztarketa, garatu, aztertu, esparru, azaldu... beste adiera batez erabiltzen dira duela ehundaka urte baserri munduan. Gehiago ere behar ditugu, eta asmatzen jardun beharrean, hor ditugu lehengo hitzak, nork erabiliko zain.
Etnotestuak
Liburuaren izenburua Eibarko Hiztegi Etnografikoa da, eta hiru hitz horiek beharrezko dira liburua definitzeko: Eibarkoa da, Eibarko 100 laguni egindako elkarrizketetan oinarrituta dagoelako: kaletarrak eta baserritarrak, auzo batekoak eta bestekoak, andrazkoak eta gizonezkoak... Hiztegia da, jakina. Eta azkenik etnografikoa. Eta etnografikoa, ez bakarrik etnografiarekin zerikusia duten berbak bildu ditugulako, baita gure herriko ohiturak, Eibarren izaera eta historia, ahal zen neurrian erakusten ahalegindu garelako. Eta ez berba-zerrenda huts bat. Lan horretan, berbak baino etnotestuak izan dira oinarria, testu baten barruan hartzen baitute hitzek benetako zentzua eta esangura; testuinguruan hartzen baitu berba bakoitzak benetako bizia eta arima. Lan etnolinguistikoa nahi izan dugu egin; hau da, etnografia eta hizkuntza, biak, moduren baten uztartzea.
Sekulako aberastasuna galzorian
Hiztegian kaleratu duguna, jasotako guztiaren %1a besterik ez da; eta guk jasotakoa benetan dagoenaren zati txiki-txiki bat besterik ez. Aberastasuna, horretara, sekulakoa da. Sekulakoa, bai; baina galtzen dagoena. Denok dakigu azken ehun urteotan zelako azkar aldatu den gure ingurua: ekonomian, gizartean, politikan.... Aldaketa teknologikoen gizaldia izan da XX. gizaldi hau, eta berrikuntza horien atzetik etorri dira gizartean, ekonomian eta ohituretan gertatu diren aldaketa izugarriak. Gure aitxitxa-amamen gaztaroko Euskal Herria orain dela 400-500 urtekoaren oso antzekoa zen; euren bilobek gaur egun bizi duguna, ostera, beste mundu bat da, beste gizarte bat, beste bizimodu bat. Gainera, kontuan izan behar dugu, euskaldunok mendez mende gure ezagutza, jakituria eta kultura ahoz aho transmititzen jardun ondoren, ahozko transmisio hori eten egin dela, eta horrekin batera, bisitari berria heldu dela gurera: erdara.
Ondorioz, orain gutxira arte gure-gureak izan ditugun hainbat ohitura, lanbide, jarduera -eta ondorioz horiei lotutako berba eta ipuinak- desagertzekotan daude, betirako joan behar zaizkigu. Sarritan aipatzen da euskara bizia, ahozko altxor hori, jaso egin behar dela; baina orain arte ezer gutxi egin dugu. Ahozkotasunean jaio eta euskal gizarte tradizional hori ezagutu zuen belaunaldiak 80-90 urte ditu egun.
Eurak dira azken 60 urteotan eguneroko bizimoduan eta hizkeran gertatu den eten hori ezagutu duen atzenengo belaunaldia, eta pekatua litzateke iturri hori gure begien aurrean agortzen ikustea, ezer egin barik atzaparren artetik ihes egiten lagatzea. Gurea bezalako kultura, herri eta hizkuntza txiki batek ezin du horrelako zerbait galtzeko itsukeria edota nagikeria izan. Hemendik, bihotz-bihotzez, eskaera bat egin nahi diot Eibarko Udalari: jarraitu dezala orain arte moduan bilketak egiten eta aberastasun handi hori galdu aurretik jasotzen. Orain ez badugu egiten, hemendik gutxira damutu egingo garelako; eta asko damutu gainera!
Eskerrak
Amaitu aurretik, derrigorrez aipatu behar liburu hau askoren artean egindako lana izan dela. Hasteko, iturri handia izan da udaletxe honek azken hiru urteotan martxan izan duen Eibartarren Ahotan proiektua. Gainera, derrigor aipatu behar, lan honetan zeresan zuzena izan duten bost lagunen izenak: Nerea Areta, Aintzane Agirrebeña, Itziar Alberdi, Leire Narbaiza eta Leire Zenarruzabeitia. Beraien laguntza barik, liburu hau ez litzateke kalean egongo. Eta batez ere eskerrak eman, banan-banan, lekuko guztiei, euren etxeko ateak ireki eta beraien jakituria handiaren zati bat konpartitzeko aukera eman diguten guztiei. Zuek zarete hiztegi honen benetako egileak.
Guri egokitu zaigu beste batzuek orain 40 urte hasitako bidea jarraitzea. Toribiok hasi zuenak jarraipen izugarria izan du azken urteotan, eta Eibarko kantuak, toponimia, aditza, deklinabidea, esaerak, eta ez dakit zenbat gauza gehiago argitaratu dira. Guri lexiko bilketa hau kaleratzearen ardura egokitu zaigu, baina lexiko-bilketa amaierabako lana da; egunen batean argitaratu behar, eta hementxe orain artekoa, baina orain zuen esku dago hiztegi honetan agertzen direnak zuzentzea, erabiltzea, eta agertzen ez direnak batzea.
Eskerrik asko.