Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Anfibioen metamorfosia: zapaburutik igelera

Anfibioen metamorfosia: zapaburutik igelera

Asier Sarasua 2015/04/20 22:50

Eibar inguruan igel arrautzak eta zapaburuak hartu genituen, eta etxean hazi genituen igel bihurtu arte. Hauxe da 5-6 aste horiek laburbiltzen dituen bideoa.

 

Datu gehigarri batzuk:

  • Eguneraketa (2015-04-24): etxean izan ditugunak baso-igel gorriak dira, Rana temporaria.
  • Hasierako potzuan 5-6 zapaburu handi eta 30 arrautza inguru jaso genituen. Gerora, beste potzu batetik, beste 3-4 zapaburu gehitu genituen. Prozesu osoak 6 aste inguru iraun zituen. Ustez, behintzat, ez zitzaigun zapabururik hil.
  • Tarteka ura aldatzen genien, baina ez dena batera (bideoan garbi ikusten ez den arren). Tarteka, ontzia garbitzeko ere aprobetxatu genuen. Estetika kontua: ez dut uste zapaburuei ardura zitzaienik (ziurrenik, zikinxea nahiago).
  • Ontzian sortzen diren algak (ia) nahikoa dira zapaburuak elikatzeko. Dena dela, lantzean behin, arrainentzat saltzen duten jateko pixkat ere botatzen genuen. Baina oso gutxi! Lasai, zapaburuak ez dira gosez hilko; aldiz, jateko larregi botata, beharbada bai.
  • Anfibioak izaki bitxi eta erakargarriak dira, euren bizimodu "bitar" horrek (erdi-uretako, erdi-lehorreko) ematen dizkien ezaugarriak direla eta. Arrautzetatik jaiotzen dira eta uretan igarotzen dituzte lehenengo asteak. Gutxinaka, aste batzuetako prozesuaren ostean (metamorfosia) bizimodu lehortarrera egokitzen joaten dira, nahiz eta ia beti ingurune heze edo urtarren inguruan bizi behar diren.
  • Metamorfosi horretan, gorputza erabat eraldatzen dute. Igelaren kasuan, esate baterako: arnas-aparatua aldatzen da (kanpo-zakatzak edo brankiak dituzte hasieran, barne-zakatzak ondoren, birikak amaieran); hankak agertzen zaikie (lehenengo atzekoak; gero aurrekoak); buztana desagertzen zaie; lokomozioa ere aldatu egiten da, buztanarekin igeri egitetik hanken bidez mugitzen hasi arte.
  • Prozesuak ez du beti denbora bera irauten. Asko aldatu daiteke espeziearen eta baita uraren arabera ere (ezaugarriak, tenperatura...).
  • Igelak askatu genituenean, guztiak ez zeuden prozesuaren une berean. Batzuk ia-ia igel ziren; beste batzuk oraindik aurreko hanken faltan; gutxi batzuk oraindik zapaburu. Izan ere, zapaburu guztiak ez dira igel bihurtzen.
  • Disclaimer: ez daukat ideia handirik anfibioen inguruan. Hala ere, gure borondate onenarekin egin dugu, eta helburu nagusi batekin: haurren artean naturarekiko zaletasuna eta errespetua sustatzea. Barkatuko digute herpetologoek eta zapaburuen senideek.

Metamorfosia mirari moduko bat da, naturak eskaintzen dizkigun mirari horietako bat, eta ikusgarria da prozesua bere osotasunean jarraitu ahal izatea. Hala ere, etxean antzeko zerbait egin aurretik, kontuan izan anfibio espezie gehienak arriskuan daudela eta legez babestuta. Zaindu natura!

Eta bideoaz aparte, hemen argazki gutxi batzuk.

Albertok
Albertok dio:
2015/04/21 00:16
Zorionak biologo guztieri. Lehengusu-lehengusiñeri erakutsi beharko detset.
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2015/04/21 08:59
Zein sinplea eta zein ederra! Oso esperimentu polita. Zorionak talde osoari, horrela egiten da-eta zientzia.
Lur
Lur dio:
2015/04/21 15:46
Suerte handixa jakek hire umiek hirekin! Ederra benetan
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2015/04/22 13:24
Aupa, Asier!

Asko gustau jata zuen esperientzixa hau! Beneta edarra umiendako!
Galdera pare bat egitteko dakat, baiña: ze pasatzen da buztanakin? Zelan desagertzen da?
Eta bestia: nun dago aska edar hori?

Zu segi halakuak egitten, oso bihar ona da eta! Milla esker!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/04/23 08:55
@alberto: ondo! ia zer diñuen!
@joxe: eskerrik asko
@lur: ez haiz egon eurekin, eztok?
@leire: buztana "xurgatu" eitten da, apoptosia izeneko prozesu baten bittartez (http://eu.wikipedia.org/wiki/Apoptosi); eta askia.... sekreto! ;-) (Udaletxetik 500 metro ingurura, lerro zuzenian iparralderutz)
Iñaki
Iñaki dio:
2015/04/23 23:19
Ona Asier!

Ziurrenik herpetologoen barkamena lortuko duzu baina txalburuen senideena...
Baimena ematen badiguzu Zirabako facebookan jarriko dugu zure prozesua. Guk ere egin genuen irteera baso-igel gorrien (ingela gorriyen) bila:

https://www.facebook.com/[…]/?type=1&theater

Eta atxikitzen dizut ere beste esteka bat igelen metamorfosia erabiltzen dena, kasu honetan, marrokiar gazte bati gaztelera erakusteko.

http://issuu.com/aranzadi/docs/aranzadiana2011/208

Euskara lantzeko ere erabil liteke ;)

Ondo izan.
asarasua
asarasua dio:
2015/04/24 10:08
Aupa Iñaki! Herpetologo baten babesarekin lasaiago sentitzen naiz ;-)

Facebooken banatzeko arazorik ez, jakina; cc lizentzia daukag, gainera. Nahi duzuen bezala erabili.

Eta Aranzadianako artikulu hori oso interesgarria, Eibarko ikastolan ere zabalduko dut.

Bide batez: gure horiek, igel arruntak izango dira, ezta?

Iñaki
Iñaki dio:
2015/04/24 16:04
Kaixo Asier,

Zuen igelak baso-igel gorriak (Rana temporaria) dira. Espezie eurosiberiarra, gure artean oso arrunta dena baina EHn hegoaldera joan ahala gero eta eskasagoa dena, puntu lehorrenetan ez aurkitzeraino. Aurkitu zenituzten arraultza poltsa horiek, putzuaren ezaugarriak eta ugal garaiak salatzen du espeziea. Negu inguruan ugaldu ohi dira. Aurten azaroan egin dute eta hotzak etorri direnean, berriro otsaila inguruan. Dakizun bezala, ordea, portzentai handi bat bidean geratzen da...(R estrategak).

Aranzadianakoa zabaldu beldurrik gabe eta interesatzen bazaizu, aurreko urtean Ereñotzuko Txirrita Eskolan hiru hilabeteko unitate didaktiko bat burutu genuen anfibioekin, gisa honetako ekintza askoren bidez hainbat ikasgai landu genituelarik...unitate didaktikoa idazten ari gara.

Barkatu txapa...
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/04/24 16:26
eskerrik asko Iñaki!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blogeko gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz