Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibar sutan eta Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirila amaieran (bideoa)

Asier Sarasua 2022/05/22 08:50
1937ko apirilaren 24-25 bitartean frankistek Eibar bonbardatu zuten, miliziano eta gudari Errepublikazaleek 7 hilabetez Eibarren ezarritako gerra-frontea hautsiz. Eibartarrek herria hustu zuten, Bilbo alderantz ihesi, eta soldadu frankistak, Mola eta Soltxagaren agindupean, Eibarrera sartu ziren (apirilaren 25-26 inguruan). Frankistak Eibarrera sartzean grabatutako irudi historikoak hartu eta bideo txiki bat editatu dut, irudiak nolabait ordenatuz, lekuen izenak erantsiz eta musika gehituz. Horrela sartu ziren frankistak Eibarrera.
Eibar sutan eta Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirila amaieran (bideoa)

Mola eta Soltxaga Eibarren (Eibarko Udal Artxiboa).

1936ko uztailean altxatu ziren matxino frankistak Errepublikaren aurka eta handik gutxira ezarri zen Eibarko Frontea izenez ezagutzen dena, 1937ko irailerako: Gipuzkoa frankisten esku zegoen eta errepublikazaleek Ondarroa - Eibar - Elgeta - Otxandio arteko lerroan eutsi zioten Frankoren gudarosteari (laburpen txiki bat egin nuen Gerra Zibila Eibarren beste post honetan).

Eibar erdi-inguratuta geratu zen: Kalamua, Elgoibar, Karakate eta Bergara frankisten esku zeuden eta 7 hilabetez eraso zuten bonbaz eta tiroz Eibarko herria. Negu osoan erasoei eutsi ostean, 1937ko apirilean gainditu zuten frankistek errepublikazaleen defentsa. 1937ko apirilaren 20an Mola jeneralaren armadak gogor eraso zuen Intxorta, Elgeta eta Elorrio aldea eta apirilaren 24-25 artean jaso zuen Eibarrek bonbardaketarik gogorrena. Hegazkin italiarrek 7 tona bonba baino gehiago jaurti zituzten eta herria txiki-txiki eginda laga zuten. Eibartarrek ihes egin behar izan zuten Bilbo alderantz, bai oraindik herrian geratzen ziren azkenengo zibilek, bai errepublikaren aldeko soldaduek ere.

Apirilaren 26 inguruan sartu omen ziren frankistak ordurako hutsik zegoen Eibarrera eta irudiak grabatu zituzten garaipena lekukotzeko. Pelikula horiek (edo zati batzuk) Youtuben ikusi daitezke. Uste dut orijinalak Espainiako Filmategian daudela, baina ez dut lortu ez erreferentziarik, ez egiletzaren daturik. Ezta data zehatzik ere (Eibar sutan ikusten da eta apirila amaierako irudiak izan behar dira, baina ezin jakin zehatz noiz grabatutako irudiak diren).

Frankistek Eibarrera sartzean grabatutako irudi horiek hartu eta editatu egin ditut, musika eta azpititulu batzuk gehituta. Irudiak berrantolatu ere egin ditut, ahal izan dudan modurik egokienean ordenatuz. Garbi dago irudiak gutxienez 2 egun ezberdinetan daudela grabatuta (ezin jakin irudi guztiak 1937ko apirilekoak direnik ere), eta lortu ditudan irudien kalitatea ere ez da oso ona. Hala ere, uste dut gertatutakoaren lekukotza moduan baliagarri direla, lehendik ere eskura daukagun beste material askorekin batera, gertatutakoa hobeto ezagutu eta ahaztu ez dezagun. 

Ohar batzuk:

  • Esan bezala, irudiak Youtuben aurkitu ditut. Uste dut Espainiako Filmategikoak direla, baina ez dut lortu ez erreferentziarik eta ez egiletzaren daturik.
  • Sarean aurkitu ditudan irudi horiek nahiko anabasa dira (irudiak errepikatuta, orden zehatzik gabe...). Seguru asko irudi gehiago eta hobeak ere egongo dira. Esate baterako, frankisten irudi gehiago egotea espero daiteke, garaipena ospatzen (plano motz txikiren bat besterik ez dago, matxinoak Untzagan eta, ondoren, UGTren Pablo Iglesias batailoiaren bandera bat eskuan).
  • Irudiak 3 multzo handitan banatu daitezke: 1.- Maltzagako irudiak (zubia errekan dago, errepublikazaleek botata, seguru asko); 2.- Eibar sutan agertzen den irudiak, plano batzuetan urrundik eta gehienetan herriaren erdialdeko planoekin (Txirixokale, Ifarkale, Elgetakale...); 3.- Traveling bat, Azitainen hasi eta San Andreseraino, Bidebarrietan gora. Azken irudi horietan ez da ikusten surik eta kerik; seguru asko egun batzuk geroagokoak dira (nahiz eta nik besteekin tartekatu ditudan).

Eskutxi (1.185 m) eta Ungino (1.099 m) mendien inguruan ibilaldi zoragarria Gorobel mendilerroan (Aiaraldea)

Asier Sarasua 2022/05/10 09:10
Aiarako Añes herritxotik Aroko Lepora abiatu eta Gorobel mendilerroko 3 tontor igo genituen, bueltan-bueltan, Aro (1.127 m), Eskutxi (1.185 m) eta Ungino (1.099 m), Euskal Herriko parajerik ederrenetako batean.

Esango nuke Aiarak eta Gorobel mendilerroak ez dutela euskaldun gehienon artean benetan merezi duten lekurik eta izenik. Izan ere, nire ustez, Euskal Herriko parajerik zoragarrienetako batzuk aurkituko ditugu bertan.

Bizkaiak, Arabak eta Burgosek bat egiten duten erpinean aurkituko dugu Aiarako udalerria. 24 herri txikik osatzen dute udalerria (besteak beste, Arespalditza, Luiaondo, Maroño, Kexaa, Murga...), eta 141 km kuadroko hedadura dauka, Aiaraldea eskualdeko zabalena.

Inguru ederra da Aiara, bere baso, zelai, herritxo eta errekazuloekin; eta Aiarako txoko gehienetatik begiratuta, Gorobel mendilerroaren ikuspegi aparta aurkituko dugu hegoalderantz. Hantxe eman genuen itzuli eder bat duela egun batzuk.

Aiarako Añes herritxotik abiatu giñen, Aroko Leporaino doan hala-holako bidezidorretik gora, eta Gorobel mendilerroko 3 tontor igo genituen, bueltan-bueltan, Aro (1.127 m), Eskutxi (1.185 m) eta Ungino (1.099 m); eta behin bidezidor nagusira jaitsita, handik berriro Aroko Leporaino. 

Gorobel mendilerroa: Ungino, Eskutxi eta Peña Aro

Gorobel mendilerroaren ikuspegi paregabea, Aiaratik. Parez pare Eskutxi; ezkerretara barrenean Ungino; eskuineko erpinean Aro.

Añes herria (Aiaraldea)

Añes herria, Aiaran. Atzean Burgosko Merindadeak.

Arco de San Vitores, Gorobel - Salvada

San Vitoresen aldarea, Aroko lepoan (Gorobel mendilerroa).

Peña Aro (Gorobel mendilerroa)

Aro (1.127 m) eta Eskutxi (1.185 m) arteko amildegi eta labar ikusgarriak. Han barrenean Eskutxi mendiaren tontorra eta azpian Aiaraldea.

Eskutxi (1.185 m), Gorobel mendilerroa

Eskutxirako bidean.

Ungino (1.099 m), Gorobel mendilerroa eta Aiaraldea

Eskutxi (1.185 m). Bere azpian Maroñoko urtegia eta Aiarako herriak eta lurrak. Handik aurrerako ibilbidean zehar, Ungino (1.099 m) eta Iturrigorri/Tologorri (1.073 m) izango ditugu beti pare-parean, Euskal Herriko ikuspegirik ederrenetakoa den honetan.

Eskutxi mendia (1.185 m), Gorobel mendilerroa

Haitz-enara, sai arre, sai zuri, mendi-txirta, hegatxabal, belatxinga eta antzeko beste hegazti menditar batzuen bizitoki dira Gorobelgo ingurumari hauek.

Ungino (1.099 m), Gorobel mendilerroa

Unginoren eta Tologorriren silueta nahastezinak.

Ungino (1.099 m) mendia, Gorobel mendilerroa

Aiara, Ungino tontorretik.

Unginoko zelaiak

Unginoko laua. Hemen azpitik Unginori aldatu egiten zaio orain arte ikusi diogun gaileta itxura.

Unginotik Portillo de Aro ingururantz

Ungino atzean laga eta Gorobelgo mendilerroaren zati honetako bidezidor nagusia hartu genuen. Bueltan-bueltan ibilbidearen hasierara itzuli ginen, Aroko leporaino.

Portillo de Aro, aparkalekua

Aroko lepoko aparkalekua. Bertara igotzeko bidezidorra halamoduzkoa da, baina tira, gure kotxe zaharra ere heldu zen.

"Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa", Eibarko 100 emakumeri jasotako lekukotasunekin osatutako bideoa

Asier Sarasua 2022/05/06 15:55
1905 eta 2003 bitartean jaiotako 100 emakume, berbetan, andrazkoek azken 100 urteotan bizitako trabetaz eta gainditutako oztopoetaz.
"Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa", Eibarko 100 emakumeri jasotako lekukotasunekin osatutako bideoa

Eibarko emakumeak

2022ko martxoan "Berdintasunaren bide luzea" izeneko erakusketa egon da ikusgai Eibarko Portalean. 1900etik 1985era bitartean euskal emakumeek igotako aldapak eta bidean aurkitutako zailtasunak islatu ditu Eibarko Udalak, Ego Ibarrak eta EHUk antolatutako erakusketa honek.

Erakusketarako ikusentzunezko bat ere osatu du Egoibarrak, Badihardugu Elkartearen laguntzarekin, Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa, Eibarko 100 emakume ingururi jasotako lekukotzetan oinarritutako bideoa.

Bideoaren montajea xumea da, nahita. Ez dago musikarik, ez testu gehigarririk, ez argazkirik...; ez dago txiribita eta parafernaliarik. Hitza bakarrik, berbia: 100 emakume eibartar, berbetan, haretaz eta honetaz. Andrazkoen jarioa, azken 100 urteetan izan dituzten oztopoak bistaratuz, egungo gazteen diskurtsoarekin alderatuz, gogoetarako tartea irekiz, lehengoak eta gaurkoak parez pare ipinita. Ikusleon esku geratzen da hariak lotzea, 100 urteko ibilbidearen mataza osatzea.

1905ean jaiotakoa da hizlari nagusiena; 2003koa gazteena. Lekukotasun gehienak nagusienei jasotakoak dira eta XX. mendearen lehenengo erdian jaiotako andrazkoen bizitza, bizimodua eta ikuspegia ematen digute; baina tarteka gaur egungo gazteenak ere sartzen dira. Krak! Ehun urteko aldea, Eibarko emakumeen bizimoduan, diskurtsoan, oztopoetan, aukeretan. 

Gerra zibila Eibarren: testuingurua eta garaia ulertzeko baliabideak

Asier Sarasua 2022/04/29 19:55
Joan zen astean 85 urte bete ziren Eibarko, Durangoko eta Gernikako bonbardaketetatik. 1937ko udaberrian bonbardatu zituzten matxinatu frankistek 3 herriok. Gernikakoa da ezagunena (latzena ere izan zen), baina Eibarkoa ere ez da ahaztekoa. Herria txiki-txiki eginda geratu zen. Aitzakia hori hartuta, sareko esteka eta baliabide batzuk zerrendatu ditut gaiaren inguruan.

Data esanguratsua izan da aurtengo apirilaren 24a. Orain dela 85 urte bonbardatu eta hartu zuen gudaroste frankistak, Mola generalaren agindupean, Eibarko herria. Gernikan eta Durangon moduan, Eibarren ere hainbat ekitaldi antolatu dira aurten urteurrena gogoratzeko, Jesus Gutierrez historialariak koordinatuta.

1936ko irailean hasi ziren lehenengo bonbardaketak; 7 hilabetez eutsi zioten Eibarko miliziano eta gudariek erasoari; apirilaren 24-25 bitartean Eibar lurrez eta airez bonbardatu ondoren sartu ziren frankistak Eibarrera, herria birrinduta laga ostean, "herriaren %75 txiki-txiki eginda geratu zen".

Ondorengo lerroetan laburpen historiko txiki bat egin dut eta zenbait esteka eta baliabide zerrendatu ditut gai honen inguruan: Gerrak Eibarren izan zituen ondorioak, lekukotasunak, Eibartarren Ahotan eta Ahotsak proiektuetan protagonistei egindako elkarrizketak, Ahotsak.eus proiektuko gerrako baliabideak, adituen hitzaldiak, ikusentzunezkoak, eta abar.

Zorionez material asko daukagu gai honen inguruan. Ea gutxinaka denon artean ezagutarazten dugun, batez ere gertatutakoa ahaztu ez dezagun.

Gerra zibila Eibarren: Eibarko frontea

1936ko uztailean gerra zibila piztu eta gutxira, Frankistek Gipuzkoa ia-ia osoa hartu zuten, nahiko modu erraz eta azkarrean. Matxinatuen helburua Eibarrera lehenbailehen sartzea zen, herri errepublikazale sinbolikoa zelako eta arma-lantegiak zituelako, baina hain zuzen horrexegatik, errepublikazaleek ere Eibar gogor defendatzeko ahalegina egin zuten, eta baita lortu ere. 1936ko iraila amaieran gerrako frontea Ondarroa-Eibar-Elgeta-Otxandio artean egonkortu zen eta hantxe eutsi zioten Errepublikaren aldeko miliziano eta gudariek Frankoren gudarosteari, 6 hilabetez, tiro eta bonba azpian. 1937ko apirilera arte.

Esan bezala, Gipuzkoa gehiena frankisten esku zegoen, Irunen hasi eta Elgoibar eta Bergararaino. Arrate, Kalamua eta Karakate ere matxinatu frankisten esku geratu ziren gerra hasi eta nahiko bizkor. Errepublikazaleek Eibarren eta Elgetan eutsi zioten erasoari. Eta ez zen makala izan eraso hori.

Lehenengo bonbardaketa abuztuaren 29an izan zen eta eibartarren 16 babesleku inprobisatu behar izan zituzten. Hortik aurrera, 7 hilabetez, hegazkin italiar eta alemaniarrek sarri bonbardatu zuten Eibar, Arratetik jaurtitzen zituzten bonba eta tiroak ahaztu barik. Ez dago datu ofizial zehatzik, baina ehunka pertsona hil zirela kalkulatzen da.

Eibarko frontea edo guda deitu izan zaio 7 hilabetez Eibar inguruan izan zen liskargune eta erresistentzia-puntu honi. Miliziano eta gudariek egindako defentsa horri esker, lehenengo Euskal autonomia estatutua onartu ahal izan zen eta Jose Antonio Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen.

1937ko apirilaren 24-25eko bonbardaketa eta Frankistak Eibarrera sartzea

Erasoek iraun zuten 7 hilabete horietan Eibarko herria husten joan zen. Zibil gehienak, gutxinaka-gutxinaka Durangalderantz eta Bilborantz joan ziren, ihesi eta babes bila, kasurik gehienetan beste senide batzuen etxeetara. Eibar babesten zeuden soldaduek ere Durangon eta Bilbon zituzten euren agintari nagusiak.

Negu osoa eutsi ondoren, martxoa-apirilean heldu zen frankisten azkenengo erasoa. Hegazkin alemaniar eta italiarren laguntzarekin, frankistek lehenengo Durango bonbardatu zuten martxoa amaieran eta apiril hasieran, herria txiki-txiki eginez. Apirilaren 20an, berriz, Molaren armadak gogor erasotu zituen Intxorta eta Elgeta. Eibar inguratuta geratuko zen beldurrez, agintari errepublikazaleek herria ebakuatzeko agindua eman zuten eta Eibarren geratzen ziren azkenengo zibilek Bizkai alderantz egin behar izan zuten, euren etxeak atzean utzita.

1937ko apirilaren 24 eta 25 bitartean frankistek gogor bonbardatu zuten Eibar eta herrian geratzen ziren azkenengo soldaduek ere herria utzi behar izan zuten, horietako batzuk Durango eta Bilborantz; beste batzuk Gernikarantz (non biharamunean beste bonbardaketa batek harrapatuko zituen). Azken eraso horretan 75 lagun inguru hil ziren Eibarren, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.

Herria sutan zegoela, apirilaren 26an sartu zen Molak eta Soltxagak gidatutako gudaroste matxinatu frankista Eibarrera, alemaniarrek Gernika bonbardatzen zuten bitartean.

Eibar eta Elgeta galduta, Errepublikaren aldeko gudari eta milizianoek atzera egin behar izan zuten eta apirilaren 30erako Ermua, Markina, Lekeitio, Durango, Gernika eta Bermeo ere erori ziren. Frankistak Bilboko burdin hesiraino heldu ziren eta ez zuten askorik behar izan Bilbo eta Euskal Herri osoa euren eskuetan hartzeko.

"Gerrako gure ibillerak" (Pepe Bolunburu)

Ihesaldi honen lekuko dira Pepe Bolunburuk idatzitako kopla adarjotzaile hauek, "Gerrako gure ibillerak":

Oraintxe kontatuko dizuet
gure gerrako historia:
egin genduan bizimodu bat
guztiz ikaragarria,
denbora dana pasatu degu
hegazkiñen igesian;
purga beharrik ez degu izan
gerra denbora guztian.

Guregatikan ez dute esango
balientiak geranik,
zaratatxo bat entzun orduko
hasitzen giñan igesik;
gu geran baiño azkarragorik
oraindik ez da ikusi,
Kiputxaneko Periko berriz
danon artian nagusi.

Eibar aldetik urten genduan
antxitxiketan Deustura,
Deustutik berriz estu ta larri
joan giñan Cabezónera
Cabezóndikan Borinesera
Borinestikan Navara,
Navatik berriz Candasera ta
sartu ginduzten barrura.

Izugarrizko bizimodua,
jarri digute oraintxe,
ondo neurtuta daukagu ura,
ogirikan ez sobrante,
eskabetxeko sardiña latak,
txorizo ta txokolate;
berriro ere "kalabazia"
haziko jaku bastante.

Gerra zibila Eibarren: lekukotasunak eta baliabideak

Hona hemen gaiarekin lotutako zenbait material, baliabide eta esteka.

Errepublikaren aldarrikapena, Eibar 1931 (Eibarko Udala, 2001)

Gerra Zibila Eibarren (Badihardugu Elkartea - 2013)

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena, Jesus Gutierrezen hitzaldia

Harek umiak (gerrako umeen inguruko ikusentzunezkoa (Egoibarra, 2017)

Frankistak Eibarrera sartzen

 

Hegaztien inguruko nire saiorik gogokoenak: Somormujo, Moixons eta Subalpine

Asier Sarasua 2022/04/28 14:55
Podcast, VOD plataforma eta Twitch kanalen sasoi honetan, hiru saio hauek dira astero-astero nire arreta jasotzen dutenak: "La radio del somormujo" irratsaioa, "Subalpine Live" Twitch saioa eta "Parlem de moixons" podcasta. Gehiago ere badira, baina hiru horiek dira sekula galtzen ez ditudanak.

La radio del somormujo

 

Subalpine Live Twitchen

Aipatu nahi ditudan 3 saioen artean berriena da Twitcheko Subalpine izeneko hau (2021eko abenduan hasi ziren), baina oso denbora gutxian arrakasta handia lortu du. Eta ez da arritzekoa, saio honen hiru gidariak bikainak direlako, ezagutza demasekoak eta dibulgatzaile apartak.

Esan behar dut zain-zain egoten naizela, ea eguazten gaua noiz helduko, Twitcheko euren kanala telebistara bota eta nire asteroko dosia zuzen-zuzenean irensteko. Delizia bat.

Saio honen kasuan, 4 atal finko ditu emankizun bakoitzak: azken asteko berri ornitologikoak, hurrengo asterako aurreikuspena, identifikazioaren txokoa eta bere Local Patch-az jarduten duen gonbidatua (orain arteko gehienak oso-oso ondo aukeratutakoak izan dira, gainera).

Guille Rodríguez, Marcel Gil eta Ana Rivas daude egitasmo honen atzean, garai bateko SubalpineBlog proiektuarekin hasi eta orain Twitchen aurkituko ditugunak astero. Youtuben eta Ivooxen ere aurki ditzakezu orain arteko saio guztiak. Hona hemen azkena (lehenengo 30 segunduak ez dira entzuten; gero bai):

 

Parlem de moixons

Ornitologiari buruzko beste podcast interesgarri bat, Katalunian sortua eta katalanez, Parlem de moixons. Màrius Domingol eta Enric Pàmies-ek ordu t'erdiko saioa egiten dute hilean behin. Hau ere Ivooxen eta Spotifyn entzungai. Antolaketa eta gai aldetik beharbada oinarrizkoagoa da podcast hau, baina gidari onak ditu eta gonbidatuak ere, oro har, interesgarriak. Oso gustura entzuten dut, audioaren kalitatea nahiko justutxoa izaten den arren. Katalana praktikatzeko aukera ere bada, aizuek.

Zer aurkituko dugun Parlem de moixons podcastean? Ba, una mica de tot: quins ocells es mouen a cada època, actualitat, com reconèixer els cants de diferents espècies, com diferenciar ocells similars, quins llibres són els més recomanables, significat d'algunes paraules ornitològiques, etimologia dels noms dels ocells, llocs on observar aus a Catalunya i entrevistes a ornitòlegs i aficionats del país.

 

"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak)

Asier Sarasua 2022/02/24 21:35
"Anjel Markano jauna degu pilotua, gazte-gaztetatikan estudiatua; harek hartzen duanian martxa diretua, laster izango gera Amerikatuak".
"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak)

"Ardurabakuen aeroplanua" (Esti Gonzalezek lagatako erretratua)

Eibarko Aratustiak ez dake Tolosakuen izenik, baina gure herriko jairik garrantzitsuenetakuak izan dira beti. Gaur egungo gaztiak pentsau leikie gauza modernua dirana, baina ezta hurrik emon be! Orain dala 100 urte be, bardin-bardin alkartzen ziran kuadrillak, bardin-bardin aukeratzen koko-jantzixa, bardin-bardin urtetzen zeben kalera jai-giruan, eguen zurixan hasi eta hausterre eguneraino.

Izan be, esango neuke 1920-1936 arteko sasoia izan zala aratustiak gure herrixan euki zeben garairik aberatsena. Eibartarren Ahotan proiektuan jasotako lekukotasunak entzun eta ikustia besterik ez dago; edo Indalezio Ojangurenek Eibarko kuadrilla eta konpartseri ataratako erretratuak.

Gerra aurreko sasoi haretako aratustiak gogoratzeko orduan, Anjel Markanon izena agertuko jaku beste guztien gainetik. Anjel Markanok eta beran kuadrilliak, "Ardurabakuen aeroplanua" eraiki zeben eta Anbrosio Atxa "Itsasok" bertsuak ipini kuadrilla horren konpartsiari. Bertso-sorta luzia da Anbrosio Atxak idatzittakua, handik askora Oskorrik ezagun bihurtutakuak; hementxe zatirik ezagunena (eta oso-osorik orrialde honen amaieran).

"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak) Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.

Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.

Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.

Itxuria danez 1929ko aratustietan izan ziran Markano eta kuadrillian ibilerak, Eibarko kalietan barrena, kantuan eta diru-batzen (baitta Ermuan be); halaxe agertzen da goiko erretratuan atzeko aldian, "Carnavales de 1929". Eibarko Udalak argitaratutako "Eibar kantuz kantu" kantu-liburuan diñuenez, ostera, 1930eko aratustietan izan ei zan. Urtebeteko gora-beheriak ez dauka garrantzi berezirik, 100 urte geruago be oindiokan eibartarron (eta ermuarren) ondare izaten jarraitzen dabelako Atxak sortutako bertsuok.

Markanon semiak diñuanez, Isasi kaleko 23an eraiki zeben aeroplanuori. Haundiegixa egin be: atetik ezin pasatu eta kalera ataratzeko orduan berriz desmontatu bihar izan zeben, kalian ostera be zatixak batu eta hegazkina bigarrengoz josteko.

Zer eukiko ete zeben buruan Markanok, Regilek, Etxeberriak eta Esnaolak? Zergaittik erabagiko zeben aeroplano bat eraikitzia? Ez jatan arrarua irudittuko euren umetzaruan Eibarren izandako hegaldi ezagun bat eukitzia goguan Ardurabakuen aeroplanua eraikitzeko orduan, Marius Tercé pilotuak Tutulutik Otaolaerdira egindako hegaldixa, Eibarren sekula ikusi zan lehenengo abioiana. Demasa!

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (01)

Marius Tercé pilotu frantsesa, Eibarko Otaolaerdiko (Otolerdiko) zelaixan, 1913ko San Juan egunian. Argazkixa Indalecio Ojangurenena ei da eta Kutxa Fototekan ei dago, baina ez dot topatu benetako erreferentziarik eta orijinalik. Saretik hartutako irudixak dira.

Marius Tercé pilotu frantsesak 1913an Eibarren egindako hegaldixa goguan

Markano 1902an jaixo zan (beran lagunak be antzera, seguru asko) eta hamaika urte zittuanian, 1913. urtian, eibartar guztiak harrittuta laga zittuan ikuskizuna ezagutu zeben: lehenengo aeroplanua agertu zan Eibarko zeruan. Urtietara be, euren zahartzaruan, 1913an ume ziran harek guztiak ahaztu ezinda zeuken Tercén hegaldixana.

Eibarren ikusittako lehenengo makina hegalarixa! Seguru nago Markanok eta kuadrilliak sarri aittatuko zebela Marius Tercén hegaldixa, Isasi kalian aeroplanua eitten zeren bittartian, "gogoratzen dok Zezenplaza gainetik pasau zanian! Zelan dominatzen zeban aeroplanua, gora-ta-behera, ezker-eta-eskuma? Ze zuan ha!". Zelan ahaztu 10 urtekin bizi izandako holakorik?

Antonio Iturriozek (1900-1985) be antzerako ipoiña idatzi zeban 1958an, Egazkiña izenburukua. Bertan kontatzen dau, 10 urte besterik ez zekezela, 1910eko San Antoniuetan, zelan juan ziran Eibartik Durangora beste aeroplano bat ikustera (Durangoko harek metro gitxi batzuk besterik ez zittuan egin hegan, lurrera jausi eta erre aurretik).

Noticias de Gipuzkoako albiste honetan oso ondo jaso zeben 2013an, erretrato eta guzti, ehun urte lehenagoko San Juanetan gertatutakua. Herrixan diru-batzia egon zan aurreko hilabetietan Marius Tercé pilotua eta bere Deperdussin monoplanua Eibarrera ekartzeko. Casino Amistad eta Casino Artista arduratu ziran antolaketiaz eta  "Comisión para la Fiesta de la Aviación" izeneko batzordia be sortu zan dana ondo juan zein.

Tutuluko basarrixan pareko zelaixa lautu zeben hegazkina bertatik aireratu zein (gaur egungo San Kristobal auzo gainian), eta hangarra eta harmailak be jaso zittuen. Ganoraz, jakizue!

Hegazkina trenian heldu zan, horraittiok; trenian eta zatika, San Juan bezperan. Handik Tutuluko hangarrera eruan zeben, Eibarko gazte-kuadrilla guztiak atzian zittuala, dultzaineruen pare, eta Tutulun bertan montau zeben Deperdussin izeneko tramankulu hegalarixa.

Eta 1913ko junixuan 24an, arratsaldeko 6etan, heldu zan eibartar guztiak espero zeben momentua: Tercé aeroplanora igo, motorra ixotu, eta hantxe urten zeban hegan Tutuluko zelaittik Untzagako plaza aldera, txalo-zaparrada artian.

Kroniken arabera, istripu txikiren bat be euki zeban hegazkinak, baina halan da be, arratsalde osua egin zeban Eibarren jira-bueltaka, Tutulutik urten eta Otaolaerdiko gari-sailetan lurra hartzeraino. Handik burdi gainian atzera Tutulura igo eta berriz hegan hasteko.

Eibartarrak pozarren; Cayetano Kareagak damaskinautako erlojua erregalau zetsen frantsesari, eskertza moduan. Erregular!

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (02)

Eibarren ikusittako lehenengo aeroplanua, Tutuluko zelaittik urten eta Zezenplaza gainian. Atzian parrokixia. Eibartarrak harmailetan eta zelaixetan, begira eta txaloka.

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (03)

Donostia aldian be ibili zan Marius Tercé.

 

"Ardurabakuen aeroplanua" (Anbrosio Atxa 'Itsaso', 1930)

Kanta berri batzuek
dittugu atara,
aitzen emoten gatoz
herri honetara;
Aeroplanuan juateko
asmuetan gara,
bihar urtetzen degu
Ameriketara.

Guk ez degu izango
Gauza hoberikan,
Bihar ondo armozau
Goizian-goizetikan;
Ez degu eramango
Barrutik hotzikan,
Bildur gabe joateko
Lañu gañetikan.

Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.

Bihar urtetzen degu
Guziok aidian,
Ikusiko gaittuzu
Agurka bidian;
Ondo urtetzen besku,
Daukagun idian,
Ez gera etorriko
Beste urte bian.

Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.

Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.

Nueva Yorkera guaz
Lehelengo runbuan,
Handik Brasileraño
Berriz hurrenguan;
gero, Polo Nortera,
hirugarrenguan.
Bazterra billaukogu,
Badago munduan.

Polo Norten ei daude
hain paraje baltzak,
harako egin dittuguz
aproposko galtzak;
Eskuetan harturik
galtzairuzko lantzak;
ez gaittezan han galdu
hotzak edo hartzak.

Izotzez eiñda ei dago
Hango mendi dana,
Hara gora igotzen
Izangou lana;
edukitzen badegu
Edana ta jana,
Esperantza badegu
Llegauko gerana.

Igotzen badegu hango
Mendi tontorrera,
Begiratukou handik
Zer daon bestaldera;
Biderikan ikusten
Badegu aurrera,
Laster llegauko gera
Mundu baztarrera.

Aparatugiñan eiñ dogu
urte bixan lana,
hortan gastatu dogu
geure diru dana;
oin berriz biderako
bihar dogu jana,
horregatik eskatzen dogu
errialtxo bana.

Horra, berri-berriak
Guk hamabi bertso,
Esanaz nola diran
Gure paradiso.
Jainkoari eskatzen diogu
Osasuna oso,
Berriz hona etortzeko
Danok animoso.

"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021), Hernaniko natura, ondarea eta hizkera

Asier Sarasua 2022/02/13 01:05
Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea: euskara, ezagutza, sinesmenak...

Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek urteak daramatzate Hernani inguruko naturarekin loturiko ahozko ondarea biltzen. Ziraba ingurumen-proiektuarekin hasi ziren lehenengo (2013); Burbunak eta etsayak dokumentala izan zen ondoren (2015); eta Gure faunari eta florari begira (2021) liburuarekin borobildu dute duela 10 urte hasitako lana. 

Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki jaso eta gizarteratu dituzten bi egileek, horretarako gaitasun bereziz hornituak biak. Liburua erosgai duzue liburudendetan eta hitzaldiak ere ari dira ematen herririk herri.

Gure faunari eta florari begira liburuaren sarrerarako berba batzuk eskatu zizkidaten eta plazer handiz idatzi nituen hemen azpian datozenak (Zalduaren dekalogoa hankaz gora jarrita, aix, seguru asko!). Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtuko da, honezkero bihurtu ez bada, Eñautek eta Iñakik osatu duten proiektu-sorta zoragarri hau. Bejondeizuela!

 

"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021)

Abiada bizian doan bizi zoro honek gutxitan ematen digu astirik patxadarako eta atzera begiratzeko, gure nagusiekin elkartu, euren ezagutza jaso eta gureganatzeko. Transmisioa deitzen zaion horri bidea emateko. Horregatik maite ditut, esku artean duzuen liburu honek bezala, gure arbasoek gizaldiz gizaldi metatutako jakintza jaso eta gureganatzen digutenak. Are gehiago, emaitza hain ederra denean.

Gogoratzen dut Iñaki ezagutu nuen eguna, nola elkartu ginen Eibarko taberna batean eta zelan kontatu zidan buruan zeukaten proiektua, Hernani inguruko natur ondarea eta ahozkotasuna uztartzen zituena. Hasiera batean herriko animalia eta landareen inguruko izenak eta gaiak biltzea zen helburua, baina hori baino askoz gehiago da 10 urteko lan honen emaitza. Izan ere, desagertzear den mundu baten ikusmira damaigute, begi bistakoa baita azken bi belaunaldietan izandako aldaketa itzela eta ondarearen transmisioan izan den etena. Agirrek eta Sanz-Azkuek tradizio haren azken elur malutak jaso dituzte eta guztion esku ipini, betirako urtu aurretik.

Egileek ondo dioten bezala, ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena, eta hari horri tiraka jardun dute Hernaniko ondare natural eta linguistikoaren hariak batzen eta guri erakusteko moduan josten. Animalia eta landareen izenetatik eta hitz solteetatik hasi eta arbasoen mintzoa jaso arte, On Joxemiel Barandiaranek bere garaian azpimarratu zuen bezala, hitzak beren mamiarekin jaso behar baitira, ez huts eta azal.

Eta zein mami zoragarria ondu diguten, alajaina! Flora, fauna, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa... zenbat gai interesgarri eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Ogirik onena bezalakoa, sendoa bezain arola eta zaporez betea.

Beharleku horretan bide erdia eginda zuten egileek, egia esateko. Irakasle eta narturzalea bata eta hizkuntzalaria bestea, biak ere biak ahozkotasunaren eta ondarearen zale eta dibulgaziorako gaitasun berezkoarekin. Ezagutza eta trebetasun hori nabarmena da orriotan, irakurleak berehala ikusiko duen moduan. Gainera, hori nahikoa ez eta beste hainbat laguni ere eman diete ahotsa orriotan barrena, ogi-orea haziz hazi aberastuz: Txomin Agirre, Orixe, Lazkao Txiki, Txirrita, Arrese-Beitia, Mokoroa, Damaso Intza.. eta batek daki zenbat gehiagoren oihartzuna ere bildu digute Hernaniko egungo lekukoen doinuarekin batera. Horren guztiorren emaitza, alderdi zientifikoa eta dibulgatiboa uztartzen dituen azterlana, zehatza bezain gertuko eta herrikoa, harrapatzen zaituen luma biziz idatzia.

Sarri aipatu izan da Juan Garmendia Larrañaga etnografoak esaten ohi zuena: hiztun bat hiltzen den oro, hiztun horren ahotsa itzaltzen den oro, herri-jakituriaz beteriko liburu oso bat erretzen dela berekin. Gurean ere urteek euren lana egingo dute, baina esango nuke hernaniarren begi-bihotzetan dagoen ezagutza eta jakintzaren entziklopedia osoa salbatu dutela Iñakik eta Eñautek ahanzturaren su-garretatik.

Duela 80 urte inguru argitaratu zuen Resurrección Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan erreferentziala. Orain hau daukagu, ia mende bete geroago Agirrek eta Sanz-Azkuek ondu duten hau; Hernaniko herriaren yakintza biltzen duen eta etorkizuneko antzeko lanetarako eredu izango den Burbunak eta etsayak. Atzera begiratzeko ez ezik, baita aurrera begiratzeko ere.

 

Amaritu (786 m), Arrato mendilerroa (Araba)

Asier Sarasua 2022/02/09 10:10
Apodakatik abiatuta, igoera erosoa Arrato mendilerroan barneratzeko.

Gasteiz ipar mendebaldean aurkituko dugu Arrato mendilerroa, Zuia eta Urkabustaiz udalerrien lurretan. Mendilerro txikitxoa da, mendi ez oso garaiekin eta ez oso ezagunekin, baina inguru polita iruditu zitzaigun larunbat goiza igarotzeko.

Amaritu mendia (786 m) aukeratu genuen semeak eta biok neguko goiz eguzkitsu batean igotzeko. Apodakatik abiatuta bide garbi, eroso eta atsegina da, baita haur txikiekin egiteko ere. Bizpahiru bidezidor eta mendibide daude gailurrera igo eta jaisteko; eskuinaldekotik igo eta ezkerraldetik jaitsi ginen gu.

Arrato mendilerroa eta Gasteiz ipar ekialdeko inguru hau ezagutzeko aitzakia bat. Hurrengorako apuntatuta daukagu Armikelo (888 m), mendilerro bereko gailur nagusi eta altuena.

 

Amaritu (Araba) - 06

Apodaka (Zigoitia, Araba).

Amaritu (Araba) - 01

Apodaka inguruan amezti txikiak daude.

Amaritu (Araba) - 02

Bidea garbia da, erosoa eta malda txikiarekin; ez dago galtzerik. 

Amaritu (Araba) - 03

Amaritu (786 m) tontorrean; parean Gorbeia.

Amaritu (Araba) - 04

Amaritu gailurra (786 m), Arrato mendilerroan. Parean Armikelo (888 m), mendilerroko tontorrik garrantzitsu eta garaiena (Zuia-Gorbeialdea, Araba).

Amaritu (Araba) - 05

Gasteiz iparraldeko bista ederra dago Amaritu tontorretik. Inguruko gailur eta mendilerro nagusiak ere pare-parean geratzen dira: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Elgea, Entzia, Gasteizko mendiak, eta abar. 

100 mendien lehiaketa - 2021eko igoerak

Asier Sarasua 2022/01/31 21:40

Mendiko gure erronka txikiarekin jarraitzen dugu. 2015ean hasi genuen 100 mendien lehiaketa eta, txiri-txiri, Euskal Herriko mendiak ezagutzen jarraitzen dugu. Familiako kide bakoitza bere erritmoan, nik honezkero lehenengo 100 mendiak igota eta besteak, gutxi-asko, 100 mendien zerrenda osatzen eta helmugara heltzen.

Euskal Mendizale Federazioaren oinarrien arabera, 100 mendien lehiaketan urtean 20 mendi igo daitezke lehenengo ekitaldian. Behin lehenengo 100 mendiak igota, hortik aurrera 25 markatu ditzakezu urtean. Zaharrontzat abantaila txiki bat, pentsatzen dut ;)

2021eko mendiak - Alkaxuri

Alkaxuri (edo Hirubelakaxkoa). Inguru zoragarria, Baztan iparraldean, Urritzate eta Aritzakun bailara ezkutuen gainean.

Hauexek dira 2021ean igo ditudan 25 mendiak (eta 2 extra):

  • Erdella (682)
  • Oketa (1031)
  • Lagarte-Almitxuri (811)
  • Krabeliñaitz (607)
  • Muela (1055)
  • Baldaburu (469)
  • Girizu (1279)
  • Urkulu (1423)
  • Txurruko punta (991)
  • Legunbeko haitza (1128)
  • Aratz (1445)
  • Itxogana (1063)
  • Monjardin (Deio) (894)
  • Montejurra (1045)
  • La Plana (1388)
  • Larraineta (1118)
  • Tellamendi (834)
  • Elosumendi (886)
  • Lapazarra (1785)
  • Ütziagaina (1621)
  • Tontorramendi (386)
  • Babio (583)
  • Hirubelakaskoa (965)
  • Jarindo (895)
  • Mandoegi (1046)
  • Izazpi (973)
  • Munagirre (781)

2021eko mendiak - Leunbe

Legunbeko haitza, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia (Urbasa-Entzia mendilerroa).

2021eko mendiak - Mandoegi

Mandoegi eta Urepel, lehengusu-loibekin. Leitzalarreatik gora, oso-oso mendi-buelta polita egin genuen udazkenean.

2021eko mendiak - Txurruko punta

Oso sorpresa polita izan zen Altzania mendilerroan egin genuen ibilaldia. Otzaurtetik hasita, buelta eder eta erraza. Han barrenean Txurruko punta, guztiz gomendagarria.

2021eko mendiak - Montejurra

Montejurraren silueta nahastezina da Lizarraldeko edozein txokotatik. Udako egun gris batean igo genuen.

2021eko mendiak - Girizu

Behorren jakinmin infinitu hori. Girizu tontorrean (Orreaga, Nafarroa Garaia), 2021eko maiatzean.

2021eko mendiak - La Plana

Kodesko mendilerroa ez da oso ezaguna gipuzkoar gehienontzat, baina bista zoragarriak ditu. Kodesko santutegitik igo ginen La Plana eta Joar aldera. Oso ederra, igoera, paisaia, pareko mendien panoramika.

2021eko mendiak - Babio

Amurrio, Babio tontorretik. Haur txikiekin ere egin daitekeen tontor txiki baina erakargarria.

2021eko mendiak - Lapazarra

Larra aldeko paisaia karstiko nahastezina. Belaguatik Lapazarrarako itzulia nahiko erraza da, uneoro ikuspegi ederrak begi parean.

Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak

Asier Sarasua 2022/01/30 21:50
Azken hilabeteotan Euskal Herriko harrespil edo mairu-baratze ederrenetako bi ezagutuko ditugu: Oieleku (Gipuzkoa) eta Okabe-Ilarrita (Nafarroa Beherean). Egitura megalitikoak eurak ez ezik, inguruak ere eder-ederrak dira.

Euskal Herrian ditugun monumentu megalitikoen artean ugarienak dira harrespil edo cromlechak. Orain dela 4.000-5.000 urte inguru eraikitako egiturak dira, zutarriekin edo menhirrekin sortutako monumentu zirkular-eliptikoak. Euskal mitologiaren arabera jentilak (edo mairuak) izan omen ziren harrespil hauek sortu zituztenak eta horregatik ezagutzen ditugu jentil-baratze edo mairu-baratze izenez.

Kromletxak egitura funerarioak ziren, antzinako hilobiak, eta erabilera erligiosoa omen zuten. Hala ere, badirudi garai hartako gizakien bilgune ere izan zitezkeela, nolabaiteko topagune eta bizitza sozialaren erdigune; nahiko sakabanatuta bizi ziren komunitateen topaleku.

Kromletx hitza galesetik dator (crwm+lech, 'harri zapalen zirkunferentzia'); euskarazko harrespil, aldiz, harri + hespil elkartzetik (hespila, esparrua, artegia edo itxitura).

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (1).jpg

Oielekuko kromletxa edo mairu-baratzea (Bianditz mendilerroa, Oiartzun).

Europa mendebaldeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan aurkituko ditugu antzekoak, Frantzian eta Erresuma Batuan hasi eta Eskandinabiaraino (denok ezagutzen dugu Stonehengeko harrespil ezaguna) eta Euskal Herrian ere nahiko ugariak dira, nahiz eta gure lurraldeko ekialdean bakarrik aurkituko ditugun, Pirinioetan hasi eta Oria eta Leitzaran eskualdeetaraino.

Azken hilabeteetan Euskal Herrian ondoen kontserbatuta dauden jentil-baretzeetako bi ezagutzeko aukera izan dugu: Oielekuko harrespila (Gipuzkoan) eta Okabe-Ilarritako harrespila (Nafarroa Beherean).

Oielekuko harrespila Bianditz mendilerroan dago, Aiako Harriak parke naturalean. Inguruan hainbat harrespil edo cromlech aurkituko ditugu, baina Oieleku Iparra izenez ezagutzen dugun hau da guztien artean zabal eta ikusgarriena.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (2).jpg

'Oieleku iparra' izeneko harrespil edo kromletxa, Euskal Herriko handi, zaindu eta ikusgarrienetakoa. Mairu-baratze honetako harriek erdian elkartzen diren bi elipse osatzen dituzte.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (3).jpg

Oielekuko jentil-baratzea. Barrenean Aiako Harriak.

oieleku-txabola-2021-abendua.jpg

Leku ederra da Oieleku, harrespilak ez ezik, baita inguruko paraje, mendi eta basoak ere, Bianditz mendilerroan (Oiartzun).

Toponimo honek hainbat forma ditu (Oieleku, Oienleku, Oihanleku...), baina Oiartzungo udalak egindako azterketa toponimikoaren arabera, Oieleku da bere forma estandarizatua.

Esan dugun moduan, Oieleku Iparra izeneko harrespila handienaren inguruan beste zenbait monumentu megalitiko ere badaude, horien artean Basateko beste harrespil hau.

basate-kromletxa-2021-abendua (1).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun). Atzean Munagirre mendia (781 m).

basate-kromletxa-2021-abendua (2).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun).

Okabeko edo Ilarritako harrespilak

Eta Gipuzkoatik Nafarroa Beherera, hantxe aurkituko ditugulako Ilarritako harrespilak, Okabeko harrespila izenez ere ezagunak, Okabe mendiaren magalean daudelako (Lekunberri, Nafarroa Beherea), Iratiko basoaren gainean.

Harrespil edo cromlech asko isolaturik agertu ohi dira, baina Ilarritako harrespilak bereziak dira, 26 harrespil baitaude elkarrekin. 1956. urteaz geroztik monumentu historiko izendapena daukate.

Oielekun gertatzen den moduan, Okabe-Ilarrita aldean ere, mairu-baratzeak ez ezik, inguru guztia da benetan ikusgarria eta bisita gozagarri baterako leku aproposa.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (2).jpg

Ilarritako kromletx nagusia, Okabe mendiaren magalean (Nafarroa Beherea).

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (1).jpg

Ilarrita inguruko bista orokorra Okabe mendi tontorretik. Atzean Lapurdi inguruko itsasalde, lautada eta mendiak.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (3).jpg

Okabe mendia (1466 m); Lekunberri, Nafarroa Beherea.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Zorionak 'centenario'! 🤣 Mikel, 2022/03/06 20:25
MENDIAK tresnia eta webgunia aittatzen dozunian, ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:37
Serafin, aspaldiko! Pozten nau zure barri ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:32
Bikaina Asier. Eskerrik asko eta besarkadia Serafin Basauri, 2022/01/31 11:47
Ederra, Asier. Oieleku, bai, baina Okaberen berri ... Amatiño, 2022/01/31 10:51
irati tome tena segurola ponze irati, 2022/01/02 20:24
tome tena segurola ponce irati, 2022/01/02 20:22
oso ona Asier aspaldiko! Serafin Basauri, 2021/10/01 16:27
Eskerrik asko Kepa! Ibilbide ederra da, bai; eta ... asier, 2021/03/21 14:27
Ikaragarri ederra da ibilbidea. Guk atzo egin ... Kepa Sarasola, 2021/03/21 12:44