Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / 2011. urtean irakurritako liburuak

2011. urtean irakurritako liburuak

Asier Sarasua 2012/02/06 01:00
Urtea aurrera doa..., eta oraindik iazko laburpena idatzi barik. Tira, hementxe 2011an irakurritako liburuen laburpen txiki bat. Oro har, urte ona eta emankorra. Autore eta liburu ederrak aurkitu ditut. Damu gutxi.

Azken urteotan berriro berreskuratu dut irakurtzeko ohitura (5-6 urtez, ume txikiak etxean, erdi-utzita izan dudan ohitura). Irakurtzeko modua aldatu dudala ere aitortu izan dut lehenago hementxe bertan; eta liburu bat amaitzen dudanean, irakurritakoaz hausnarketa txiki bat egiteko ohitura hartu dudala ere bai, lerro batzuk idatziz (eta batzuetan publikatuz, hemen edo twitterren). Horrek asko laguntzen dit irakurritakoa hobeto barneratzen; irakurketa-prozesua benetan amaitzen.

Aurreko urteetako ohiturari jarraituta, aurtengoan ere hementxe dator azken 12 hilabeteetan irakurritako liburuen zerrenda. Blog honetan idazten ditudan mezurik "intimoenetakoak" dira irakurritakoaren inguruko hauek. Gauaren bakardadean egindako kontu sekretuak-edo. Benetan diot.

2011. urteari dagokionez, denetik egon da, betiko moduan. Estilo eta gai aldetik, handik eta hemendik edan dut. Hasteko, euskal literatura klasiko ezinbestekoa izendatu nuen zerrenda hartatik tiraka hasi naiz (Amabost egun Urgain'en, Itsasoak ez du esperantzarik,...). Idazle klasiko (eta ez hain klasiko) espainiar batzuengana ere jo dut, batzuk lehenago ere irakurriak eta gustuko nituenak (Sender, Cela, Delibes, Marsé...), beste batzuk aspaldi irakurri nahi nituenak (Vila-Matas, Laforet, Montalbán...). Polizia-eleberriak ere hortxe izan dira, amerikarrak eta eskandinabiarrak (Alta tensión, La mujer de verde...) eta gaur egungo nazioarteko idazle entzutetsu batzuk ere bai (Auster, Coetzee, Baricco...). Bukatzeko, euskal literaturari dagokionez, azken urteotan ospea izan duten (eta irakurtzeko nituen) hainbat lan "berreskuratzen" saiatu naiz (Zazpi etxe Frantzian, Belarraren ahoa, SPrako tranbia, Autokarabana...) eta azken urteko nobedaderen bat ere jausi da zakura (Kevin, Zwei Frauen, eta abar).

Emaitza orokorra? Ona edo oso ona. Zerrendako bospasei liburu izan ezik, beste gehienak gomendatuko nituzke (gehiago edo gutxiago) eta horietako batzuk baita biziki gomendatu ere. Konformatuko nintzateke 2012. urtea aurrekoaren parean balego.

Hona hemen zerrenda, irakurritako hurrenkeran. Gehien gustatu zaizkidan 10-12 liburuak izartxoz markatu ditut.

  • Sakoneta. Xabier Mendiguren. Sustatu 2011. Sustatun kapituluka irakurria.
  • Botchan. Natsume Soseki, 1906 (Impedimenta, 2008). Itxaropen handia nuen honekin, klasiko handi bat, Japonian asko irakurri dena... eta ez, ez nau harrapatu. Nolabait esateko, gaztelaniazko "pueril" adjektiboa jarriko nioke.
  • Amabost egun Urgain'en. J.A. Loidi. 1955. Oharra blogean.
  • Dos cuentos maravillosos. Carmen Martín Gaite, 1993.
  • **Requiem por un campesino español. R.J.Sender, 1950 (Destino, 1980) Ona. Bere gogortasun biluzi eta izugarrian, hunkigarri, xume eta sakona.
  • **100 metro. Ramon Saizarbitoria. Kriseilu, 1976. Oharra blogean.
  • **La familia de Pascual Duarte. Camilo José Cela. 1942. (Destino, 1984). Gogorra, latza. Hiltzaile baten ibilerak garai bateko Espainia txiro eta bazterrekoan. Idazkera asko gustatu zait; historia gogorra.
  • El amante bilingüe. Juan Marsé. Planeta, 1990. Ez da, inondik inora, nire estiloa. Eta, hala ere, azkenean gustua hartu diot.
  • **Belarraren ahoa. Harkaitz Cano. Alberdania, 2004. Oharra blogean.
  • Paris no se acaba nunca. Enrique Vila-Matas. Anagrama, 2003. Ez da txarra, baina luze, errepikakor eta aspergarri samarra egin zait tarteka.
  • Alta tensión. Harlan Coben. RBS, 2010. Azken urteko polizia eleberririk onenen artean omen. Ez nuke hainbeste esango, baina erraz irakurtzen da (hori bai, sare sozialen inguruko trama erabat sinestezina).
  • **Larrepetit. Pello Lizarralde. Erein, 2002. Oharra blogean.
  • Blanco nocturno. Ricardo Piglia. Anagrama, 2010. Oso kritika onak zituen, baina ez nau erabat-erabat konbentzitu. Tarteka zoragarria iruditu zait; tarteka noraezean zebilela. Idazle hegoamerikarrekin hori gertatzen zait batzuetan...
  • Itsasoak ez du esperantzarik. Luis Haranburu-altuna. Kriseilu, 1973. Oharra blogean.
  • Sukkwan Island. David Vann. Ediciones Alfabia, 2010 (jat. 2008). Ez, hau ez. Oso ona ei da (2010eko libururik onena, kritikari batzuentzat), baina ez zait gustatu.
  • **Tierras de cristal. Alessandro Baricco. Anagrama, 1998. Lirikoa, pollita... Estiloa gustatuz gero, ederra. Eta neri gustatu zait.
  • La mujer de verde. Arnaldur Indridason. RBA, 2009 (jatorrizkoa, 2001). Oraingoan Islandiatik datoz hilketak.
  • **Guía del autoestopista galáctico (Douglas Adams, 1979) Anagrama, 2007. Oharra blogean.
  • Valentina Agirre. Olatz Prat. Uztarria, 2009.
  • Ez obeditu inori. Mikel Peruarena. Susa, 2009.
  • Fonetika Fonologia hitzez hitz. Lourdes Oñederra.EHU, 2004.
  • **Zazpi etxe Frantzian. Bernardo Atxaga. Pamiela, 2009. Oharra blogean.
  • El sueño del celta. Mario Vargas Llosa. Alfaguara, 2010. Oharra blogean.
  • La senda oscura. Asa Larsson. Seix Barral, 2010. Ni fu, ni fa.
  • Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian. Bernardo Atxaga. Erein, 1984.
  • Hor hago Kevin? Kevin Heredia. Meettok, 2010. Esperimentu moduan ondo dago. Hondartzarako nobela arin bat.
  • Gipuzkoako Aia herria. Altzola eta Laurgain auzunetako giza urratsa. Juan Garmendia Larrañaga. GFA, 1991.
  • Agurea eta itsasoa. Ernest Hemingay. Elkar, 1990 (Joxemari Iturralde). Ipuin luze bat. Arrantzale kubatar baten 3-4 eguneko borroka arrain handi baten aurka.
  • Pasionaria. Alberto Barandiaran. Elkarlanean, 1998. Pasionariaren biografia; interesgarria, nola ez.
  • Telón. Agatha Christie.Editorial Molino, 1975. Poiroten azkenengo abentura. Gaztetatik apalean neukan... eta aurten irakurri dut, azkenean. Hori zor nien, gutxienez, Poiroti eta Christieri.
  • Autokarabana. Fermin Etxegoien. Pamiela, 2009. Oharra blogean.
  • **Fundación. Isaac Asimov. Bruguera, 1984 (1951). Bigarrengoz irakurria. Ez dit sortu orain dela 25 urteko zirrara, baina hortxe egongo da beti.
  • **Rabos de lagartija. Juan Marsé. 2000. Marsé artista hutsa da.
  • Retratos. Truman Capote. Anagrama, 2000. Capotek 1960 inguruan idatzitako testuak. Garai hartako hainbat pertsonaia ezagunen deskripzioak egiten ditu, zorroztasunez eta abilidade bereziarekin. Marlon Brando, Tennessee Williams, Marilyn Monroe, Elizabeth Taylor, Richard Avedon, Coco Chanel, Isak Dinesen, eta abar.
  • Mi vida al aire libre. Miguel Delibes. Destino, 1989. Liburu autobiografikoa. Delibesek kirolarekin izan zuen hartu-emana kontatzen du (tenisa, igeriketa, ehiza, arrantza, txirrindula, mendizaletasuna, eta abar). Delibes beti gozagarri; oraingoak ez du maila berezi-berezirik (iazko Delibesen uzta hobea, jakina).
  • **Zergatik Panpox. Arantxa Urretabizkaia. Erein, 1985 (1997). 60 orrialde eskaseko liburutxoa. Emakume separatu baten egun bat kontatzen digu, bere barne-hitzen eta pentsamenduen bidez. Semea, lana eta ahantzi ezin duen senarra. Emakume bat protagonista (eta, gainera, narratzaile) lehenengoz euskal literaturan. Bere txikian, asko gustatu zait.
  • **SPrako tranbia. Unai Elorriaga. Elkar, 2001. Hunkigarria.
  • **Verano. J.M. Coetze. Mondadori, 2010. Autofikzioa. Liburu ona; idazle hobea. Hamar puxtarri.
  • El restaurante del fin del mundo. Douglas Adams. Anagrama, 2011 (jatorrizkoa, 1980).
  • Fikzioaren izterrak. Ur Apalategi. Susa, 2010. Ipuin bilduma. Euskadi saria irabazitakoa.
  • Los mares del sur. M. Vázquez Montalbán. Planeta, 1979. Oharra blogean.
  • **La noche del oráculo. Paul Auster. Anagrama, 2004. Oharra blogean.
  • **Nada. Carmen Laforet, 1945. Neska gazte baten ibilerak gerra osteko Bartzelonan. Itogarria, mingotsa. Lan honekin I. Planeta Saria irabazi zuen Laforet idazle gazte eta ezezagunak.
  • Zwei Frauen. Joxean Agirre, 2011. Elkar. Sutsuki gomendatu zidaten, gaur egungo idazlerik onena omen, eta 2011ko libururik onenetakoa. Ondo dago. Desorekatua, aukeran. Azken ipuinak aurreko hirurak estaltzen ditu, sakontasunean, egituran, eta maila guztietan. Azken hori bikaina.
  • Esperando a los barbaros. J. M. Coetzee. Debolsillo, 2010 (1980 jatorrizkoa). Torturaz, zapalketaz, beldurraz. Ezezaguna den hari diogun beldurraz; gureek eragiten digutenaz. Ona, baina niretzat ezkorregia disfrutatu ahal izateko.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz