Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / 100 mendien lehiaketa

100 mendien lehiaketa

Asier Sarasua 2016/01/06 22:10

Antza denez, 1915. urte inguruan antolatu zuten zenbait mendizalek lehenengo mendi-lehiaketa Euskal Herrian. Urte betean 15 mendi ezberdin igotzeko erronka jarri zioten euren buruei. Tontorretan ohiko diren postontzietako lehena ere orduan ipini zuten, Anboton, mendizaleen igoerak nolabait ofizialdu edo neurtzeko asmoz. Handik gutxira, Bilboko eta Eibarko mendizaleek bultzatuta, 100 mendien lehiaketa jaio zen. Eta mende bat geroago ekin diogu guk erronkari, amaitu berri den 2015ean.

Ehun mendien araudia oso erraza da, 100 urtean aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa, PDFan). Garrantzitsuena:

  • 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
  • Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
  • Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
  • Federatuta egon behar zara.

Jaizkibel-Allerru (545 m)

Allerru tontorrean (Jaizkibel, 545 m), Deporreko txartela betetzen, postontzian lagatzeko.

Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gainditutako erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.

Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago: Euskal Herriko 600 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk, batez ere Pirinioetakoak. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehaztuko; zure esku dago.

Hernio (1.070 m)

Hernio (1.070 m) tontorrean, barrenean Errezil.

Esan bezala, 2015eko urtarrilean ekin genion erronkari, asmo eta kopuruak garbiegi izan barik, proba modura, osasunak eta sasoiak zer aukera emango ziguten jakin barik,... Baina oso esperientzia polita izan da lehenengo urteko hau. Asko disfrutatu dut (edo dugu, gehienetan familiarekin joan naizelako), mendi/eskualde berriak ezagutzeko aukera eman digu, eta 20 tontor zapaltzera heldu gara. Hauexek:

Osasuna lagun, hasi berri den 2016 honetan beste 20 igotzeko asmoa daukagu. Ea lortzen dugun!

Zabalaitz (1.254 m)

Zabalaitzetik (Aizkorri, 1.254 m) beherantz, Arantzazurantz, Gorostiaranen barrena.

Ehun mendien lehiaketa

Euskaldunok mendiei lotuta bizi izan gara historian zehar, baina mendizaletasuna nahiko moda berria da, XX. mende hasieran sortua, baserri giroan baino hirietan. Bilbo eta Eibarko mendi taldeak izan ziren aitzindarietako batzuk, esate baterako; industria indartsu zegoen eremuetako klubak.

Hiriak handitu eta industrializatu ahala, kirola egiteko ohitura ere hedatu zen euskaldunen artean. Industria-giro goibeletik ihes egin eta aire librean ariketa fisikoa egiteko premia. XX. mende hasieran sortu zen, eta gutxinaka zabaldu zen gizarte osora, gehienbat lan-baldintzak hobetu ahala (lan-ordu murritzagoak, "zapatu ingelesa", lehenengo oporrak,... hau da, langileek aisialdirako astia "lortu" ahala).

Mendietako postontzien kontua ere garai beretsukoa da; aurrenekoa Anboton ipini zuten, 1915ean, mendi-lehiaketak sustatu eta jendea mendira animatzeko. Gorago esan dudan moduan, 15 mendiko lehiaketa antolatu zuten orain dela mende bat, eta laster Ehun Mendien Lehiaketa izatera pasatu zen, 1918. urtean (10, 20 eta 50 mendien lehiaketak ere sortu zituzten 1915-1930 bitartean).

Mendizaletasunaren lehen urte haietako aitzindarien artean, eibartarrok ere izan genuen gure lekutxoa, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik eta, gehienbat, Indalezio Ojanguren "Kajoitxo" handiarengatik. Bera izan zen 100 mendien lehiaketa burutzea lortu zuen lehen gipuzkoarra 1926an (aurreko guztiak Bilboko mendi taldeetakoak izan ziren), eta ondoren beste 6 aldiz ere borobildu zuen ehunekoa.

100 urte geroago, hementxe gaude gu ere, helburu eta asmo berdinekin, mendian gora-ta-behera. Indalezio! Argi ibili, hire errekorra gaindittu bihar juagu eta!

Indalezio Ojanguren, Astxikin.

Indalezio Ojanguren Kajoitxo, Astxiki tontorrean. Atzean Alluitz. Argazkia: guregipuzkoa.net.

Eibarko Klub Deportiboa
Eibarko Klub Deportiboa dio:
2016/01/07 15:37
Eskerrik asko Asier honen berri argitaratzeagatik!!

Hemen duzu 1930ean Klubak argitaratu zuen boletina, eta bertan dator 100 mendien II lehiaketako araudia eta mendi zerrenda:

https://www.deporeibar.com/[…]/CDE_1930.pdf
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2016/01/07 17:34
eskerrik asko! Artikuluan ere gehitu dut PDF hori.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz