Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Viaje por el país de los recuerdos (T. Etxebarria)

Viaje por el país de los recuerdos (T. Etxebarria)

Toribio Etxebarria Ibarbia

"Viaje por el país de los recuerdos" (Toribio Etxebarria) 3. edizioaEgo Ibarra, Eibarko Udala, 2005
ISBN: 84-89696-38-1
Hitzaurrea: Asier Sarasua Aranberria

2005eko ekainaren 17an aurkeztu zuen  prentsaurrean Ego Ibarra Batzordeak Toribio Etxebarria Ibarbiaren Viaje por el país de los recuerdos liburuaren 3. argitalpena (Ego Ibarra, 2005). Edizio faksimila izan da eta hitzaurrea egiteko zortea izan dut.

Viajeren lehelengo argitalpena 1968an izan zen eta 500 ale atera ziren, berehala agortu zirenak. 1990an Kutxak bigarren edizioa kaleratu zuen, beste 1000 ale. Itxuraz nahikoa ez, eta liburua aspaldi zegoen agortuta, eta Eibarko udalak berriro argitaratzea pentsatu du, beste 1000 ale, edizio faksimilean eta Ego Ibarra batzordearen eskutik (*oharra: 2018an beste edizio bat ere argitaratu da, Viajes liburuaren 4. edizioa, 2005eko edizioa ere agortuta baitzegoen).

Liburu garrantzitsua da eibartarrondako, garai bateko Eibar irudikatzen digun liburu zoragarria. Nik aspaldi irakurri nuen lehen aldiz, 20 urte inguru izango nituen. Liburu honetan aurkitu nuen Toribio Etxebarriaren figura (lehenago ere ezagutzen nuen bere lana Lexikoitik), eta liburu honetan aurkitu nuen nire aitxitxa-amamen Eibar, gerra aurreko Eibar ireki, liberal, bizi eta aberatsa.

Toribio 1887an jaio zen eta 1936an joan behar izan zen Eibartik, gerra hasi eta berehala. Viaje por el país de los recuerdos liburuan sasoi hori marrazten digu idazleak. Gazte denborako Eibar gogoratuz, sasoi horretako argazkia damaigu Toribiok, gatz eta piperrez betea, Eibarrek izan zituen urte zalapartatsu haietako bizipenak, pasarteak, pertsonaiak eta ohiturak zorroztasun handiz marraztuz. Gerra aurreko Eibarko gizartearen eta eguneroko biziaren argazki ezin zehatzagoa eskaini zigun Etxebarriak, begirada erabat pertsonaletik egindako gogoeta-saioa den arren.

"Viaje por el país de los recuerdos" (Toribio Etxebarria)
'Viaje' liburuaren 2. eta 3. argitalpenak. Lehenengo edizioan bezala, hauetan ere Urkiko gurutzea azaltzen da azalean.

Liburua 1968an kaleratu zuen arren, Viaje askoz lehenago idatzitako lana da, 1949an, eta 1956an gainbegiratua. Hasiera batean, denborapasa gisa osatu zuen lan hori, bere ustez ez zuelako argitaratzeko hainako garrantzirik:

¿Valía la pena ocuparse en recordar estos particularismos que sólo pueden importar a la familia, estas cosas locales que se refieren a un pequeño pueblo perdido en un rincón distante de la tierra, estas nimiedades que a lo sumo gustarán una docena de amigos, que cada año que pasa son menos?

Eskuizkribuak lagun eta senideen artean banatu zituen eta, beraien harrera ona ikusita, egileak 8o urteak beteta zituela erabaki zuen argitaratzea, 1967ko hondarrean. Ez zuen izan astirik liburua kalean ikusteko: lan eder hau 1968ko urrian argitaratu zen Mexikon, egilea hil eta lau hilabetera.

Toribio eta Claudia
Toribio eta bere emazte Claudia, Viaje eta Lexicón lanetan lankide eta bidelagun izan zuena.
Liburuaren helburua, egileak dioskun moduan, xumea da oso, baina ez nolanahikoa: berak ezagututako Eibar nolakoa zen bere bilobei erakustea. Eibarko historiaren sasoi hori ezagutu eta ulertu nahi duenak liburu honetan aurkituko du horretarako altxor agortezina. Zoragarri azaltzen dizkigu, zehaztasun osoz, Eibarrek eta eibartarrek 1890-1936 bitartean bizi izan zituzten gertaera nagusiak, herriko giroa, zein garai hartako pertsonai ezagunenak. Politika eta gizartea, kultura eta kirola, jaiak eta atsekabeak. Eibarko gizartearen eta bizimoduaren irudi zorrotz eta zehatza da. Gertaera solteen bilduma osatu baino, historia lokala egiten du Etxebarriak.

Lexicón del euskera dialectal de Eibar liburuarekin batera, hauxe da, nire ustez, egilearen lanik borobilena. Edozein eibartarrek irakurtzeko modukoa; edo irakurri beharrekoa (sarri pentsatu izan dut eskoletan ere landu beharko liratekeela pasarte batzuk).

Liburu honen orrialdeetan aurkituko duzu garai bateko Eibarren arnasa, eta bidez batez, Eibarrek izan duen izenik handienetarikoa ezagutzeko aukera ere izango duzu: Toribio naturazale eta irakurzalea, idazle eta pentsalaria, hutsetik hasi eta goi mailako kultura-maila lortu zuen autodidakta, Arratetikuen euskeria jaso eta maite izan zuen euskaltzalea.

"Viaje por el país de los recuerdos", 3. edizioaren hitzaurrea

Orain dela hile batzuk Eibarko udaletik deitu zidaten, ea Viaje por el país de los recuerdos liburuaren 3. edizio honi hitzaurrea egingo ote nion. Zelan esan ezetz horrelako zerbaiti? Erantzunkizun handia ere bazen, baina zortea izan da niretako aukera hau izatea. Ahalik eta zuzenena eta zehatzena izaten ahalegindu naiz. Etxebarriaren bizitzari buruzko zenbait datu jaso eta zabaltzen lagundu badut, pozik geratzen naiz.

Lau atal nagusitan banatu dut hitzaurre hori: Egilea eta herria (Toribioren bizitza eta lana bere herrian eta sasoian kokatuz), Toribio Etxebarriaren bizitza (Eibarren 1887an jaio eta 1968an Caracasen hil arteko gorabeherak), Toribio Etxebarriaren pentsamendua (filosofia, politika, erlijioa, natura eta euskara), eta Toribio Etxebarriaren lanak (bere bizitzan zehar argitaratutako liburuen eta beste lan batzuei gainbegirada, hemen azpian erantsi dudana).

Hemen duzue hitzaurrea, PDF formatuan, interesatzen bazaizue.

 

Toribio Etxebarriaren bibliografia

"Viaje por el país de los recuerdos" (Ego Ibarra, 2018)
Etxebarriaren lanen azken argitalpena, 'Viaje' liburuaren 4. edizioa (Eibarko Udala, 2018).
Toribio Etxebarria Ibarbiaren idazlanen zerrenda. Liburu, liburuxka eta bilduma nagusiak bakarrik sartu ditut. Zerrenda honetatik kanpo, hainbat eta hainbat itzulpen, poesia eta artikulu kaleratu zituen.

Badirudi Etxebarriak gehienbat beretzat idazten zuela. Batzuetan denborapasa gisa, beste batzuetan gauzak ez ahazteko edo bere herria oroimenean gordetzeko, sarritan bere ideiak eta pentsamenduak antolatzeko eta argitzeko. Halaxen aitortzen du, behinik behin, apaltasunez, bere liburu gehienen hitzaurreetan.

Adibidez, Tres Ensayos lanaren hitzaurrean: “Puesto a sacar a la vergüenza pública los pensamientos que en días perdidos ensayara a poner en el papel, como aliviadero de las horas penosas que el destino puso en los caminos de mi vida, por lo demás insignificante...”. Edo Metafísica a Urcola liburuan; “El que esto escribe (...) compuso a ratos y a modo de honesto pasatiempo, una especie de ensayo...”. Eta Ibiltarixanak lanaren hitzaurrean: “...no me ha movido ninguna ambición crematística ni de fama literaria y nadie puede quitarme las horas plácidas que me ha proporcionado el trabajo...”.

Bere bizitzan zehar zituen tarte hutsak aporobetxatu zituen Etxebarriak liburuak idazteko. Tres Ensayos, adibidez, 1939an Bartzelonan gerran zegoen bitartean idatzi zuen, eta ondoren, Melun-en (Frantzian) lanik gabe igarotako asteetan amaitu eta gainbegiratu zuen. Metafísica a Urcola ere, Caracasera iritsi eta lana bilatu bitartean idatzi zuen. Gainontzeko liburuak ere antzera.

Toribio Etxebarria, bibliografia

Lanik gehienen izaera eta egitura ere, gehienetan ez da liburu baten eredu arrunta: urteetan zehar jasotako anekdoten bildumak, diario itxurakoak, olerki solteak... Bere asmoa, hasiera batean, ez zen lan horiek argitaratzea.

Azkenik, 80 urtera bidean zela hasi zen bere lanak kaleratzen, urteetan zehar txindurrien moduan isilpean baina etenik barik egindako lan ugariak argitaratzen. Eta hiru urtean 6 liburu eta beste hainbat lan kaleratu zituen. Bera hil ondoren ere beste 3 kaleratu dira.

  • Fundamentos científicos del socialismo Conferencia familiar leída en el Centro Obrero el día 20 de diciembre de 1910 por Toribio Echevarria: primera de la serie organizada por la Juventud Socialista de Eibar. 1911. Imprenta Antonio Bueno, Donostia. 40 o.; 15 cm.
  • La liga de Naciones y el problema Vasco. 1918. Casa del Pueblo, Imprenta Victor Fernandez, Eibar. 19 o.; 21 cm.
  • Lexicón del Euskera dialectal de Eibar. Euskera. 1963-1964, VIII-IX, 53-130.
  • Lexicón del Euskera dialectal de Eibar. Euskera, 1965-1966, X-XI, 1-658.
  • Metafísica a Urcola. 1966. Imprentas Modernas, Mexico. 202 o.
  • La experiencia socialista en España, vista desde mi pueblo. 1966. Editorial Pablo Iglesias, Mexico. 170 o.; 18,5 cm.
  • El hijo del hombre. Vida pública de Jesús de Nazaret según los Evangelios con algunas glosas. 1966. Mexico. 374 o.; 19 cm.
  • Tres ensayos. Del trabajo, la Sabiduría y la Oración. 1967. Impresiones Modernas, Mexico. 152 o.; 19 cm.
  • Ibiltarixanak. Arrate'tikuen izketango alegiñak. 1967. Itxaropena argitaletxea, Zarautz. Juan San Martinen hitzaurrea. 495 o, 21 cm. Bigarren argitalpena, 1993 [Hitzaurrea Antxon Narbaiza].
  • Ondakiñak. Egan, 1978-1979, XXXVIII, 33-133 [Aurkezpena, Juan San Martin].
  • Flexiones verbales y lexicón del euskera dialectal de Eibar. 1986. [Hitzaurrea Juan San Martin]. Eibarko udala.
  • Viaje por el país de los recuerdos. 1968. Impresiones Modernas, Mexico. 432 o.; 22 cm. Bigarren argitalpena, 1990 [Hitzaurrea Juan San Martin]. Hirugarren argitalpena, 2004 [Hitzaurrea Asier Sarasua Aranberri]. Laugarren argitalpena, 2018 [Hitzaurrea Miren Narbaiza].
  • Epistolario 1941-1946. Indalecio Prieto, Toribio Echevarria. 1991. Eibarko udala. Juan Pablo Fusiren hitzaurrea.
  • Recordando la guerra. Diario de viaje de un refugiado español. 1992. La Cultura del Exilio Vasco saileko 7. zenbakia. J.A. Ascunce, Donostia. Luis Castellsen hitzaurrea.

Toribio Etxebarria, bibliografia (02)

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz