Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Txoriak.eus: 20 urtez jasotako txori-izenak sarean ipini ditut ikusgai

Txoriak.eus: 20 urtez jasotako txori-izenak sarean ipini ditut ikusgai

Asier Sarasua 2017/02/16 21:30
Zaletasun arraro horietako bat. Hogeitaka urte igaro ditut herririk herri, baserritar eta ehiztarien artean txori-izenak jasotzen. Urteetan batutako hori, sarean ipini dut guztientzat eskuragarri, Txoriak.eus webgunean.

Heldu da eguna. Heldu da ordua. Gazte nintzela hasi nuen proiektu hark argia ikusi du azkenean. Bizi-proiektu bat, urteetan zehar zure aisialdiko hainbat ordu eskaintzen dizkiozun horietako bat. Nire kasuan, txorien euskal izendegia jasotzea izan da hori. Eta orain sarean dago guztiontzat ikusgai, Txoriak.eus webguneari esker. Pozik nago! ;)

Biologoa (eta txorizalea), filologoa (eta dialektologiazalea),... nik uste kondenatuta nengoela horrelako lan bat egitera! Badira hogeitaka urte honetan hasi nintzela, han eta hemen txori-izenak jasotzen. Eibarko baserritarren artean egin genuen azterlan etnolinguistiko bat izan zen guztiaren abiapuntua, 1994. urte inguruan. Orduan konturatu nintzen, ordura arte nik liburuetan ikasitako hainbat txori-izen ezezagunak zirela nire herriko bertako baserritarrentzat; eta eurak esaten zizkidaten berbak ere, nik ez nizkiela ulertzen. Zer ziren abijoia, urmakinistia edo txinbo karkarra? Zer abendua eta frutabatzailea?

Horrelaxe, Eibarren hasitako bilketari jarraipena eman nion beste herri, eskualde eta euskalki batzuetan. Lehenengo gure herri inguruan (Elgoibarren, Bergaran, Markinan, Durangaldean,...) eta, ondoren, Euskal Herri osoan zehar. Horrela, 90. hamarkada amaieran, dozenaka elkarrizketa egin nituen 7 lurraldeetako ehiztari, arrantzale baserritarren artean. Guztiak ere adineko eta orain dela 60, 80 edo 100 urteko txori-kontuak aipatu zizkidatenak. Txori-izenak ez ezik, baita txorien inguruko hainbat kontakizun ere: espezie bakoitza non eta noiz ikusten den, nola ezagutzen den, umetako oroitzapen eta kontakizunak, eta abar. Euskaldunok naturarekiko daukagun harremana ez da gutxi aldatu bizpahiru belaunalditan!

Jasotako informazioa datu-base batean gordetzen joan nintzen, baina proiektua geldirik egon da zenbait urtean, noiz argitaratuko zain. Beste beharleku batzuk sortu zitzaizkidan bidean barrena. Eta orain dela bizpahiru urte erabaki nuen, zirt edo zart egin behar nuela; batez ere, jasotako guztia sareratu behar nuela, edonoren esku erabilgarri jartzeko. Horrela jaio da Txoriak.eus webgune eta datu-basea (info gehigarria webgunean bertan eta aurkezpen-albiste honetan).

 

Zer den Txoriak.eus webgunea?

Hitz gutxitan esanda, Euskal Herriko hegaztien inguruko datu-base bat, non 2 motatako informazioa biltzen den. Batetik, txori-espezie bakoitzaren informazio biologikoa (ornitologikoa) jasotzen du: espeziearen ezaugarriak, argazkiak, non eta noiz aurkitu daitekeen, ikus-entzunezkoak,... Eta bestetik (eta batez ere), txorien euskarazko izenen datu-base bat da. Txori bakoitzak zer izen hartzen dituen eskualde, euskalki eta hizkera bakoitzean; nori jaso zaion izen hori, eta bibliografian nola/noiz/nork erabili duen. Kasu batzuetan, lekukoen hitzak ikusi eta entzuteko aukera ere badago, Ahotsak proiektuan jasotako grabazioei esker.

Oraindik ere lehenengo bertsio bat besterik ez da. Une honetan Euskal Herriko 100 txori-espezie nagusienen informazioa dago ikusgai (espezierik arruntenak), baina nire asmoa da 200 espezie ingurura heltzea eta, horrekin batera, espezie bakoitzaren inguruko informazioa ere osatzea. Txori-izenei dagokionez, 2.000 izen ezberdin daude honezkero plataforma horretan kontsultagai. Eta Txoritokiak izeneko atal bat egitea ere intersgarria iruditu zait, Euskal Herrian (eta inguruan) txoriak behatzeko dauden lekurik aproposenak zerrendatuz eta bakoitzaren inguruko informazio praktikoa eskainiz.

Ornitologo asko eta onak ditugu Euskal Herrian, baina nagusiki erdaraz funtzionatzen duen familia da txorizaleona. Webgune honek, besteak beste, informazio ornitologikoa gure hizkuntzan zabaltzeko ahalegina ere egin nahi du, sarean eta euskaraz oso informazio gutxi dagoelako erabiltzaileen esku.

Esan bezala, proiektu honen oinarria azken 20 urteotan egin ditudan 200 elkarrizketa horiek dira (ikus lekukoen zerrenda). Baina, horretaz aparte, txori-izenak zerrendatzen zituzten beste 100 lan bibliografiko ere hustu ditut, azken 150 urteotan idatziz erabili diren txori-izenak jaso ahal izateko. Interesgarrienak XX. mende hasierako zerrenda batzuk dira, euskarazko izen estandarrak finkatzeko orduan oinarri moduan erabili zirelako, eta gaur egungo txori-izen estandarizatuak ere lan haietan oinarritzen direlako.

Ahozko/idatzizko alderaketa hori egitea oso garrantzitsua iruditzen zait, aspaldi konturatu nintzelako euskara estandarrean erabat finkatuta dauden hainbat txori-izen nahiko desegokiak direla. Batzuetan espezie oker bati eman zaio jatorriz beste batena zen izena; askotan gaztelerazko kalko edo ordainak kopiatu dira; beste batzuetan asmatutako edo oker transkribatutako izenak dira finkatu direnak,... Bada ordua gai horri heltzeko, eta hegaztien euskarazko izendegiari orraztu eder bat emateko.

Saiatu gara webgune garbi bat egiten, dagoen informazio guztia ahalik eta ondoen egituratzen, bilatu nahi den hori ahalik eta bizkorren aurkitzeko, eta telefono bidez ere garbi eta eroso ikusteko. Garapen-lan guzti horretan bihotzez eskertu nahi dut Codesyntaxeko nire lankideek (eta bereziki garapenaz gehien arduratu diren Maite Rementeriak eta Urtzi Odriozolak) eskaini didaten laguntza guztia. Eskerrik asko bioi. Eta eskerrik beroena, jakina, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko lantalde osoari (eta bereziki Haizea Odriari, goiko promo-bideoa egitearren), proiektu hau ezinezkoa izango litzatekeelako euren lankidetza barik. Mila esker guztioi!

Eta behin eskerrak ematen hasita, ezin ahaztu urte guzti hauetan, han edo hemen, bidaide izan ditudan guztiak. Gehienbat lekukoak, betiere umoretsu eta abegikor euren ezagutza eta ondare hori transmititzeko prest izan direnak. Eta baita ere, eurek jasotako txori-izenak pasatu dizkidatenei, hala nola Rafa Saizi (Donostia inguruko izenak eta informazioa pasatzearren), Iñaki Sanz eta Eñaut Agirreri (Hernaniko berri ematearren eta etengabe eman dizkidaten animoengatik), edota Mikel Olanori (Tolosaldeko kontuen berri ematearren). Proiektuak, gainera, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du (euskarazko edukiak Interneten zabaltzeko deialdian).

Lehen bertsio bat orain argitaratu dugun hau. Hobetzen, orrazten, aberasten jarraituko dugu. Bitartean, zure inguruan txori-izen gehiago ezagutzen badituzu, edo informante interesgarriren bat ezagutzen baduzu, gustura jasoko dugu zure berri!

 

Alex Gabilondo
Alex Gabilondo dio:
2017/02/17 00:05
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina.
H. Etxeberria
H. Etxeberria dio:
2017/02/17 00:15
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik.
Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue dio:
2017/02/17 19:04
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker zuri!!!
asier
asier dio:
2017/02/19 20:19
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki!
Serafin
Serafin dio:
2017/02/20 17:47
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. Zorionak Asier.
asier
asier dio:
2017/02/21 09:21
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz