Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / SACIN programa, neguan gure inguruan bizi diren hegaztien jarraipen-proiektua, 2022-2023

SACIN programa, neguan gure inguruan bizi diren hegaztien jarraipen-proiektua, 2022-2023

Asier Sarasua 2023/02/19 21:15
SEOk koordinatzen duen SACIN programan hartu dut parte aurten berriz. Neguan gure lurraldean bizi diren hegazti arrunten jarraipena egiten du programa honek. Hona hemen 2022-2023 negualdi honetako Eibarko datuak.
SACIN programa, neguan gure inguruan bizi diren hegaztien jarraipen-proiektua, 2022-2023

SACIN programa Eibarren, 2014-2023

Espainiako SEO elkarteak koordinatuta egiten da urtero SACIN programa (Seguimiento de aves comunes en invierno). Udako bere parekide den SACRE programak bezala, hegazti ohikoenen jarraipena egin eta epe ertain-luzeko joerak aztertzeko diseinatuta dago eta txorizaleon parte-hartzearekin burutzen da.

Nire kasuan, Eibarko hegaztien jarraipena egiten dut duela 10 urte ingurutik programa bietan, SACINen neguan eta SACREn udan. Pandemia eta osasun-kontuak tarteko, SACINen ezin izan dut behaketarik egin azken urteotan, baina aurten berriro itzuli naiz mendira, ohiko den metodologia, trantsektu eta kontaketetara.

Metodologia erraza du SACINek (programan parte hartzen hasi nintzenean azaldu nuen gutxi gora-behera): neguan zehar 2 irteera egin behar dituzu, abendutik otsailera bitartean, aurrez zehaztutako ibilbide zehatz batean zehar eta ikusten dituzun hegazti guztiak apuntatu (15 minutuko eta 500 metroko 8 trantsektotan). Nire urteroko ibilbidea Sautsin hasten da, Aasua errekan barrena Mandiola aldera igotzen da, handik Santa Kurutz eta Usartzara, eta Kalamuan amaitzen da.

Aurtengo datuetan ez da egon ezusteko berezirik (ikus aurrekoak, 2015, 2016, 2017, 2018). Ez da hori helburua ere, unean uneko aldaketak aztertzearena, milaka behatzaileren datu historikoak bildu eta epe luzeko joerak aztertzea baizik.

Urteroko zenbaki eta espezieak aurten ere. Bi orduko eta 4 kilometroko ibilbide horretan, gutxi gora-behera 35 espezie eta 300 txori behatzen ditut urtero Eibarren. Ohikoenak, aurten ere urtero legez, kaskabeltz handiak, txantxangorriak, zozoak, belabeltzak, hormatxoriak eta txontak. Agertu ez direnak, besteak beste, birigarroa, okil handia, haitz-enara eta txioa, espezie arruntak direnak gure herrian, baina behaketa honetan azaldu ez zaizkidanak.

Aurtengo nobedadea miru gorriak eta ahate musketaduna izan dira. Lehenengoa ohikoa da Gipuzkoan, baina ez horrenbeste Eibarren eta neguan; bigarrena espezie exotiko inbaditzailea da, amerikarra sortzez, baina Euskal Herrian gero eta ohikoagoa. Aurten kontatu ditut lehenengoz SACIN programarako.

Txorizalea bazara, SACIN eta SACRE bezalako zientzia hiritarreko programak izan daitezke zure zaletasuna bideratzeko aukeretako bat. Edo Aranzadiren Zapelatz programa, bestela. Naturaz gozatzen duzun bitartean, zientziarentzat eta hegaztien ezagutzarentzat interesgarriak diren datuak bildu ditzakezu. Zure behaketak eBird eta Ornitho bezalako webguneetan txertatzeak ere garrantzi berezia dauka, eta euskaraz dituzu biak!


2014/15 2015/16 2016/17 2017/18 2022/23 Guztira
Ubarroi handia 2 0 0 0 0 2
Koartza hauskara 0 1 0 0 0 1
Ahate musketaduna 0 0 0 0 1 1
Basahatea 10 9 46 31 71 167
Miru gorria 0 0 0 0 3 3
Sai arrea 0 7 0 0 6 13
Zapelatz arrunta 2 3 3 1 4 13
Belatz gorria 0 0 1 1 1 3
Uroiloa 0 1 5 6 6 18
Kaio hankahoria 0 35 0 0 0 35
Kaleko haitz-usoa 13 7 25 21 9 75
Pagausoa 0 0 0 4 0 4
Okil berdea 5 1 4 1 1 12
Okil handia 0 1 1 2 0 4
Haitz-enara 2 0 0 0 0 2
Negu-txirta 22 14 19 46 8 109
Buztanikara horia 0 5 1 1 6 13
Buztanikara zuria 0 4 3 4 3 14
Ur-zozoa 0 0 2 0 0 2
Txepetxa 14 22 11 19 4 70
Tuntun arrunta 2 0 0 1 1 4
Txantxangorria 33 29 26 28 25 141
Buztangorri iluna 0 1 0 2 1 4
Pitxartxar burubeltza 1 0 1 0 1 3
Zozo arrunta 25 8 29 25 22 109
Birigarro arrunta 3 8 3 3 0 17
Birigarro txikia 3 0 0 0 0 3
Garraztarroa 4 1 2 2 2 11
Txinbo kaskabeltza 0 0 2 0 0 2
Txio arrunta 1 4 1 0 0 6
Erregetxo bekainzuria 3 9 3 0 0 15
Buztanluzea 3 9 3 0 5 20
Kaskabeltz txikia 0 0 0 1 0 1
Amilotx mottoduna 8 5 6 11 3 33
Pinu-kaskabeltza 6 8 4 5 13 36
Amilotx urdina 0 3 0 2 3 8
Kaskabeltz handia 27 14 24 10 13 88
Garrapoa 1 1 4 2 4 12
Gerri-txori arrunta 2 2 2 3 5 14
Eskinosoa 3 3 1 7 4 18
Mika 0 0 0 1 0 1
Belabeltza 15 20 14 19 17 85
Erroia 0 2 0 1 0 3
Araba zozo pikarta 0 0 0 14 0 14
Etxe-txolarrea 29 17 6 10 20 82
Txonta arrunta 15 28 29 18 15 105
Txirriskila arrunta 0 1 0 0 0 1
Kardantxiloa 1 18 3 28 0 50
Tarina 0 4 0 0 0 4
Txoka arrunta 0 0 0 1 1 2
Gailupa 3 2 0 5 2 12
ESPEZIEAK 29 36 31 35 33 51
ALEAK 258 307 284 336 281 1466
etiketak: natura, eibar, sacin, txoriak, seo, fauna
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz