Beaskokalea, galtzeko bidian dagon toponimua
Lekitton, bertako jentian artian ondo ezaguna da Beaskokalea izena. Esango neuke, gaur egunian be, bizi-bizi dagon toponimua dala: bai forma "osuan" (Beaskokalea), baitta herri-hizkera informalaguan be, "Bixkokalia" kontrakziñoian.
Berto-bertoko toponimua da ganera: euskeraz, "goiko" eta "beheko" kontzeptuak adierazteko modu asko dagoz, eskualdien arabera aldatuten dirazenak. Esate baterako, beste leku batzuetan izen bereko basarrijak bereizteko, "guena", "aurtena" eta "barrena"moduko partikulak (Arandoguena / Arandoaurtena / Arandobarrena) erabiltzen dirazen modura, Lekitto inguruko herrijetan "gojeasko" eta "beasko" izan dira historikoki hori adiarazoteko formak.
Horrek partikulok forma ezbardiñak hartu leikie. Kasu honetan, "gojeasko / goxeasko / goixku", alde batetik, eta "beasko / bixko" beste aldetik izango geunkez. Inguruko toponimo askotan ikusi geinkez, forma zaharrian (Gabikagojeaskoa abizenian adibidez), zein ahozko kontrakziñoiagaz (Gizaburuko Lariz Goixku eta Lariz Bixko basarrijen izenetan, esate baterako).
Ganera, Beaskokalea ondo dokumentatako izena da: plano, dokumentu administratibo, artikulu eta bestelako argitalpen askotan dator. Pixkat arakatzia baiño ez dago, tradiziño sendua daukon izena dala egiaztateko (kasu honetan "Beaskokalea" forma zaharrian). Halan be, azken urtietan "Beheko Kalea" izenan erabilpena goraka doia; gaur egungo kale-errotulaziñoian be izen horixe dago.
2014 urtian, bertan fisioterapia kontsulta bat ipiñi bihar nebanez, sobriak, txartelak eta bestelako materialak prestau bihar izan nebazan: horretarako, kakanahaste horretan izen ofiziala zein zan jakin nahi izan neban, hankarik ez sartzeko. Horretarako, Udalera jo neban.
Maite Garamendi artxibozainak argittu eustan ez eguala izen edo irizpide ofizialik: Francoren diktadura ostian kale izendegija eguneratu zanian, lehengo errejimenakin lotutako izenak kendu eta barrijak ipiñi zirian. Bixkokalian kasuan (frankismo osuan bere izenari eutsi eta gero!) itxuraz noonorek izena "ondo idaztia" pentsa eban; eta halaxen itzuli zan batuerara, beste barik (ezelako erabagi ofizialik hartu barik). Asmo onez egingo zan, seguraski; baiña argi dago ez zala erabagi zuzena izan. Ordutik ija 50 urte pasa diranian, iñok ez dau akats hori zuzentzeko ekimenik bultzatu. Eta on arte erreza zan konponketia (errotulaziñoia aldatu, eta listo) azken urtietan korapillatzen dabil: interneteko kartografian erabilpena (OpenStreetMaps, GoogleMaps...) gero eta zabalduago dago, eta bertan izen hori azaltzen danez, mapok erabiltzen dabezen enpresen erreferentziazko izena (garraiolarijak, banatzailliak, erakunde ofizialak, eta edozein) Beheko Kalea bihurtu da. Aste honetan bertan gertatu da: Beaskokalera nere izenian zuzendutako karta bat hortik bueltaka ibilli da, eta azkenian neure etxeko buzoian sartu dabe... Atea kalian!
Honenbestian, iñork ez badau ezer egitten izen hori aldatzeko, Lekittok bere kale izen zaharrenetako bat galduko dau urte gitxittan. Dagoeneko mapa ofizialetatik desagertu da; eta ez da denpora asko pasako ahozko erabilleran be gauza bera gertatzeko.
PD: ni neu ez naiz lekittarra, beraz hau argitaratu aurretik kontua "pata negrako" herrikide batzuekin kontsulta dot. Poztu naiz, funtsean pentsamentu honetan bat datozelako. Ganera, ñabardura garrantzitsuak egin deustez, hamentxe kopijako dodazenak:
(Iñaki Madariaga)
"Beaskokalea" izena 1510etik dokumentata dago, forma ezbardiñetan: Veaxcocallea (1615, Velilla), Viezcocalea / Vearcocalea (1735-1740, Descripción anónima), Beascocalea (1824, 1857-1875, 1910-1927), Veascocalea (1824, Valle de Lersundi eta Censos de Población), Beasco calea (1857, Munibe), Beascocalea 1894 (Larrazabal). 1979ra arte hauxe izan zen izen ofiziala.
Iturriak:
-
DEL VALLE DE LERSUNDI, Joaquín. 1977. La primitiva villa de Lequeitio. BRSVAP 33:147-177. Donostia.
-
VELILLA IRIONDO, Jaione. 1996. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV al XVIII. EHU, Bilbo.
(Sabiño)
"(...)1979an gehienok giñan analfabeto euskaran, eta zeozer alfabetatu egoana batuan egoan alfabetatuta. Herrian gehienok esaten genuen Bixkokalia eta Bekokalia, Beasko hori gaztelania begitanduten jakun. Ez genekien Gizaburuko Bixko eta Goixko horiek Beasko eta Gogeasko zirela jatorriz; ez genekien zergatik batean kotxea, bestean kotxia, hurrengoan kotxie eta Ondarroan kotxi esaten genuen. Batuan, ez ziguten kontatu zertan zan euskal fonetismoa eta askok oraindik ere ez dakite zertan dan.
1979an Batalla de Otranto, calle general Franco eta Plaza de España desagertu ziran, Tenderia Dendari bihurtu eta, tartean, Beaskokalea galdu genuen. Eskatu daigun berreskuratzea (...)"