Arrajolatik Sosolarako harbidea (Mandiolaballe, Eibar); delicatessen bat
Eibarko Mandiolaballean daude Arrajola eta Sosola baserriak, elkarren parean, Urkotik behera datorren erreka-zuloak banatuta.
Ba, nonork, nonoiz, harlozaz ('harlauzaz') estalitako harbidea egitea erabaki zuen, baserri bien arteko igarobidea errazteko. Nonork eta nonoiz, ez dagoelako oso garbi noiz egindakoa den (Sosola eta Arrajola baserrietako arbasoek, itxura denez). Garbi dagoena da niretzat Eibarko leku politenetakoa dela 80 metro eskas dituen harbide hau, Urko magalean sortzen den baso mixto eta artadiaren azpian, Abontza ('Abauntzaga') errekaren ainubean.
Inguru pikar eta aldapatsua izanik, lehenengo muga ederra eraiki zuten, aldatsari koska bat jan eta lurrari eusteko. Eta, ondoren, harlauzaz estali zuten, seguru asko bide bazterrean bertan dagoen harrobi txiki batetik ateratako lehengaiarekin. Ez dira harri-xafla bereziki zabal eta zainduak, baina bai gizaldien joan-etorriari aurre egiteko adinakoak, XXI. gizaldira arte iraun eta, gaur egun ere, pasabide eta gozaleku ederra gordez mendizalearendako eta baita inguruko baserri-lanetarako ere. Delicatessen bat!
Eibarko ondarean zer zaindua baldin badago, honetxek beharko luke lehentasunetako bat.
..................................................................
Eranskina (2022-12-28): erantzunetan jasotako iruzkin bat ekarriko dut hona (pixkat egokituta), informazio osagarri oso interesgarria ematen du eta: "Sosolari ere mesede, baina batez ere Arrajolako ortu handiek premiazko zuten ira garraiatzeko egina izan daiteke. Izan ere, Arrajolak ira-tokia Lindariko hegian dauka eta haraino igotzeko Intsausti izeneko amildegia igaro behar zuten, mugaz eta harlozaz baino gandi ezin zitekeena. Garaia zehaztekotan, artoaren etorrerarekin bateratsu egindakoa izan liteke. Horrek emango lieke nahikoa indar horrelako lanetan jarduteko. Eibarko populazio eta tailerretako langileen janari eskaera gero eta handiagoak baratzaren emankortasuna ziurtatzea eskatzen zuen ongarri on eta ugariaren bitartez".
Sosola baserriko Enrike Gisasolak ere aipatu izan du harbide hau bere blogean, hemen eta hemen, esate baterako.
..................................................................
Sosolari ere mesede, baina batez ere Arrajolako ortu haundiak premiazko zuen iria karriatzeko egina ote zen aipatzen nuen. Izan ere, Arrajolak ira-tokia Lindari izeneko egian dauka eta haraino igotzeko Intsausti deitzen diogun amildegia igaro behar zuten, harlozaz baino egin ezin zitekeena garai haietako baliabide urriekin.
Bertatik bertara etaratako harria, eta nere ustez garaia zehaztekotan: artoaren etorrerarekin bateratsu. Harek emango zien nahikoa idar horrelako lanetan iharduteko, eta nola ez Eibarko populazio eta tailerretako langileen janari eskaera gero eta handiagoak baratzaren emankortasuna ziurtatzea eskatzen zuen ongarri on eta nahikoa.