Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskal Herrian azkenaldian ikusi den hegaztirik arraro eta bereziena agertu da Lapurdin, 'Ixobrychus sturmii' amiltxori txiki afrikarra

Euskal Herrian azkenaldian ikusi den hegaztirik arraro eta bereziena agertu da Lapurdin, 'Ixobrychus sturmii' amiltxori txiki afrikarra

Asier Sarasua 2023/01/05 20:25
Gure lurraldean sekula ikusi den espezierik arraroena ez bada, gutxi faltako zaio.
Euskal Herrian azkenaldian ikusi den hegaztirik arraro eta bereziena agertu da Lapurdin, 'Ixobrychus sturmii' amiltxori txiki afrikarra

'Ixobrychus sturmii' amiltxori txikia (Wikipediatik, CCBYSA)

Ornithomedia webguneak argitaratu du albistea: Euskal Herrian sekula ikusi gabeko espezie bat agertu da Gabon hauetan Getarian (Lapurdi), Afrikar jatorriko amiltxori txiki bat da, Ixobrychus sturmii espeziekoa. Urtarrilaren 1ean, Urteberri egunean, auto batek jota batu zuten Getariako erdigunean. Handik faunaren babeserako Hegalaldia etxera eraman zuten, osatze aldera, baina itxura ona zuen arren (pisu egokia eta arazo larririk ez), biharamunean hil zen, zoritxarrez.

Ixobrychus sturmii koartzen taldeko amiltxori bat da, Euskal Herriko amiltxori txikiaren lehengusua eta bere generoko txikiena. Kolorez iluna da, azpialde argiagoarekin eta Sahara hegoaldeko hezeguneetan bizi da, Afrikako lurralde tropikaletan. Bere bazka nagusia uretan aurkitzen dituen anfibioak, arrainak eta ornogabeak dira. Hegazti migratzailea da eta tarteka ikusi izan dira ale gazteak euren lurraldeetatik kanpo (batez ere Kanaria Uharteetan), baina Afrika iparraldean erabat ezohikoa da eta Europan are gehiago (esku batekin konta daitezke Europan behatutako aleak).

Eta orain Euskal Herrian agertu da, aurrenekoz, ezbehar baten ondorioz. Izan ere, ezohiko behaketa hauek oso deigarri dira txorizaleontzat, baina ezbeharra dago horien atzean, ia beti: ezohiko baldintzak, hegaztiarentzat egoera estresagarria, noraeza, ezbeharra eta, gehienetan, heriotza.

Bestalde, izenaren "arazoa" ere utzi digu orain bisitariak. Euskarazko zein izen arrunt ipiniko diogu? Amiltxori iluna, amiltxori txiki iluna, Sturm amiltxoria... heldu beharko diogu gaiari! ;)

Afrika tropikaletik Euskal Herrira, zelan eta zergatik?

Horrelakoetan beti geratzen da zalantza txikiren bat, ea norbaiten lorategiren batetik ihes egindakoa izango ote den, baina kasu honetan ia erabat baztertu daiteke hori. Besteak beste, espezie hau etxean haztea oso zaila delako, erabat ezohikoa delako bilduma pribatuetan eta, gainera, ez zeukalako inolako marka edo eraztunik.

Orduan, zelan eta zergatik heldu da Afrikako hegazti tropikal hau Euskal Herrira? Tira, ezin ziur jakin, baina seguru asko azken asteotan Europan izan ditugun tenperatura erabat ezohiko eta tropikalekin egon daiteke lotuta. Inoizko Gabonik beroenak izan baditugu gurean, Afrikatik iritsi zaizkigun haizeen eraginez izan da, hainbat astez oso gogor joten ibili direnak, hemen ez ezik, baita Afrikan ere. Ez litzateke harritzekoa haize horiek bultzatu eta ekarri izana amiltxori tropikal hau gurera, berak nahiezta.

Batez ere, amiltxori honen historia ez delako azken egunotako ezohiko albiste bakarra. Afrikako beste 2 hegazti oso arraro ere heldu dira Kantauriko itsas ertzera, Galiziara hain zuzen ere, Allen uroilo bat (Porphyrio alleni) eta oilanda ipurgorri bat (Porzana marginalis) eta, hiru kasuak berdin-berdinak ez diren arren, bai dira oso antzekoak: uretako 3 espezie tropikal eta afrikar, Europan erabat-erabat ezohikoak direnak eta hego haize gogorren ostean Kantauri itsasoan agertu direnak. Hirurak hil dira, ezohiko behaketa hauen atzean ohiko den historia errepikatuz: hegaztiarentzat egoera estresagarria, ezbeharra eta, gehienetan, heriotza.

Hegazti hau Euskal Herrian ikustea, beraz, demaseko albistea da, ia-ia pinguino bat ikustea bestekoa. Esango nuke azken urteotan gure lurraldean behatu den espezierik harrigarriena izan daitekeela amiltxori txiki hau, nahiz eta Lapurdin aurkitu izanak asko ixildu duen albistetzarra. Urdaibain edo Txingudin azaldu izan balitz sutan leudeke hemengo txoriburuen whatsapp talde eta blogak, baina badakizue, "beste" Getaria hori hain dago urrun batzuen herritik...

Ixobrychus sturmii amiltxoria, Getaria (Lapurdi)

Getarian aurkitu zuten amiltxori afrikarra, Ixobrychus sturmii, Uztaritzeko Hegalaldia etxean sendatzen saiatu zirenean. Argazkia: Ornithomedia.

 

etiketak: fauna, natura, txoriak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz