Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Owls of the Eastern Ice" (J. Slaght). Ornitologo gazte bat hontz arraro baten bila Dersu Uzalaren lurraldean

"Owls of the Eastern Ice" (J. Slaght). Ornitologo gazte bat hontz arraro baten bila Dersu Uzalaren lurraldean

Asier Sarasua 2022/07/01 11:20
Vladimir Arsenievek 1908 inguruan nola, halaxe jardun zuen Jonathan Slaght gazteak 100 urte geroago, Errusia ekialdeko Ussurie-Primorie eskualdeko baso eta haranak exploratzen, munduko hontzik handi eta arraroenaren bila. Dersu Uzala pelikula ikusi duenak ezingo du saihestu ehiztariaren itzala aurkitzea liburu honetako orrialdeetan.

Jonathan Slaght amerikar gaztea, ornitologoa eta biologia ikaslea, tesirako gai bila hasiko da 2005 inguruan eta hara non amaituko duen Errusia ekialdeko haran urrunetan bizi den Blakistonen hontz arrantzalearen ekologia, bizimodua eta ugalketa aztertzen. Eta bere kontserbaziorako plan bat garatzen, munduko hontzik arraroenetakoa delako hontz erraldoi hau, desagertzeko zorian dagoena.

Behin ikerketa eta tesia amaituta, liburu honetan bildu ditu 2005-2010 bitartean Primorie eskualde basatian bizitako bere ibilerak: Owls of the Eastern Ice: The Quest to Find and Save the World's Largest Owl. Hainbat sari garrantzitsu jaso dituen idazlana, besteak beste, The Times aldizkariaren Nature Book of the Year 2020, Wilson Literary Science Writing Award eta Smithsonian Magazine Best Science Book 2020 saria.

Natura basatia, pertsonaia-sorta sailkaezina eta animalia berezi bat (hontz arraro bat) dira liburu eder honetako protagonistak. Eta naturak sortzen digun liluraren eta beharraren inguruko hausnarketa, bere landa-lana egiteko natura basatiaren sustarretan murgiltzeko erabakia hartu duen ikerlari baten begiradapean.

Esan bezala, Blakistonen hontz arrantzalea (edo hontz mantxuriarra, Bubo blakistoni) da liburu honetako protagonista nagusia. Espezie ezezaguna da hontz mantxuriarra, arrantzalea, ingurune basatietan bizi dena eta mehatxatua. Munduan ez dira egongo 2000 ale baino askoz gehiago, ehunka gutxi batzuk Japonian eta gainontzekoak Errusia ekialdeko ibai-haranetan. Baso helduak eta zuhaitz sendoak behar ditu habia egiteko; eta arrantza ugariko ibai garbiak elikatzeko (neguan ere izozten ez direnak). Horixe da liburu honetako protagonista, hontz ezezagun handi hori. Slaght izan da espezie hau ondoen aztertu duen ikerlarietako bat eta liburu honi esker ezagutuko dugu nola bideratu zuen bere ikerketa eta hontz honen biologia hobeto ezagutzeko eta bere habitata kontserbatzeko egindako ibilbidea.

Blakistonen hontz arrantzalea

Argazkia: Takashi Muramatsu (CC BY 2.0)

Hori guztiori non? Ba, garai bateko Mantxuria aldean, Errusiako Primorie eskualde basatian, Errusiak, Txinak eta Koreak bat egiten duten parajean; Sikhote-Alin mendilerroaren magalean eta Amur eta Ussuri ibaien arroetan. Hartz arreen, Amurreko lehoinabarren, tigre siberiarren... eta Dersu Uzalaren lurraldeetan.

Slaghtek ez dauka Akira Kurosawaren lirikotasunik eta maixutasunik egoerak eta pertsonaiak deskribatzeko orduan, baina polito eramaten gaitu Dersu Uzalak hainbeste maite zuen lurraldera, hontz mantxuriarraren inguruko xehetasun guztiak emanez, aparteko lurralde zoragarri batean eta pertsonaia-sorta berezi-berezi baten laguntzarekin. Oro har, liburu gomendagarria naturzaleentzat, zer esanik ez ornitologoentzat. Gaztelaniaz ere badago: "Búhos de los hielos del este".

"Búhos de los hielos del este" (J. Slaght)

Había recorrido más o menos medio kilómetro cuando oí el dúo. El eco llegaba desde río arriba hacia donde yo me dirigía, un ululato en cuatro notas a unos dos kilómetros de distancia, más o menos. Era lo más cerca que había estado de una pareja de manchúes en plena vocalización, y el dúo más claro que había oído hasta entonces. Aquel sonido me dejó clavado en el sitio. Ciertos ruidos del bosque -el balido de un ciervo, el disparo de un rifle, incluso el gorjeo de un pajarillo cantor- son estallidos sonoros que te llaman la atención de inmediato. El dúo de los manchúes era algo distinto. Susurrante, grave e integrado en el entorno, el ulular era un latido que recorría el bosque, se ocultaba entre el crujir de los árboles e iba recortando los recodos de los rápidos del río. Era el sonido de algo muy antiguo, algo que estaba en su lugar exacto.

...

etiketak: natura, liburuak, literatura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz