Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / "Eibarko harlauza"

"Eibarko harlauza"

Enrike Gisasola 2018/10/30 10:24
"Pekuliarra da Eibarko harlauza eta bere ezaugarrietan oinarritutako eraikuntza-mota". Horixe esan zidan aurreko baten Javi Lapeyra marrazkilari bikainak. Arakatu ditu Eibarko udaleko hainbat dokumentu zahar eta bai jaso ere "Losa de Eibar" delakoaren erreferentzia bat baino gehiago.
"Eibarko harlauza"

Itzioko harrobia

Hona bi adibide:

"Untzagako pasealekuaren proiektua" Santiago de Sarasola 1867 " ...202 varas cuadradas de losa de las canteras de Eibar de cinco pulgadas mìnimas de grosor para cubrir otra regata y el cauce..." 

"Labaderuaren proiektua, Ramon Cortazar 1897: "..el piso de losa de Eibar..."

 baldintza-plegua

 

Geologiaren ikuspegitik harri eta haitz guzti hauek prozesu luze eta konplexu baten ondorio dira. Jatorria orain 200 miloi urte Bizkaiko golkoan itsaso zabal bat eratu zenean kokatu behar da, plaka europarra eta iberiarraren arteko distentsioa sortu zenean. 65 miloi urterako jada Eusko-Kantauriarra deritzon itsas arro subtropikala zen berau. Bertan sakonera gutxiko guneetan kareharrizko plataformak heterogeneoak osatu ziren besteak beste koralaren hazkuntzaren eraginez. Itsaso honetako sakonera handietan berriz, kontinentetik zetozen ibaiek zekartzaten tupak, marga, eta kareharrien suzesio homogeoak metatu ziren.

Esan bezela materialok geruzetan pilatu ziren itsas arroan. Denborak lagunduta haitz bihurtu eta gorago aipatutako plaken indarrak kontrako norabidea hartu zuenean, geruzak azaleratu egin ziren, gaur egun ezagutzen ditugun mendiak sorraraziz. Kareharria nagusi zen eremuetan, hau da, itsas sakonera txikietan,  mendi karstikoak, Aralar eta beste hainbat.

Sakonera handitan eta kontinenteetako ezpondetan pilatutako sedimentu geruzatuak berriz, lurraren barruko indarrek tolestu eta altzatuta, gaur egun Flysh (isuri alemaniarrez) deitzen ditugun egiturak sortu ziren (Urko mendia kasu). Milaorri itxurako guruzak bigunak eta gogorrak tartekatuta daudenez, bigunak higaduraren eraginez desegin ahala gogorrak maldan behera labaintzen dira ertz zuzeneko harlauza erabilgarri eta lantzeko errezak eskuragarri utziz. (Zumaiko  Flysh ezaguna 1948rarte Europako adokin-honitzaile nagusiena izan omen da). 

Garai bateko harginen burdinazko esku-palanken indarrak naturaren lana imitatu baino ez du egin. Palankaren punta zorrotza haitz-geruza artean toki egokian sartu eta eragitea baino ez dago eraikuntzarako material agortezina lortzeko.  Ziur Eibarko urbanismo azkar eta askotan zoroan eragin duela honek.  Alegia, oiarrizko elementu  egoki, gertuko eta merkea izateak asko lagunduko zuen etxe eta tailerrak konbultsiboki  jasotzeko premiei erantzuteko.esku-palanka

Gure inguruneak baldintzatu du herriaren garapena. Orografia zailak nekazaritza-iharduera  oztopatuz gure arbasoak beste bide batzuk jorratzera bultzatu zituen. Beharrak irudimena sustatu zien. Baina aldi berean baita bestelako oparia eskeini ere kale zein baserriak eraikitzeko edo beste makina bat gauzetarako: Mahaiak, txabolak, mugak, askak, itxiturak, luhanak, teilatuak, kañuak,...(Toribio Etxebarria-nian  "harloza" ikus).

Amaitzeko hona bi proposamen. Bata erreza egiten, bestea zailtxoagoa agian:

 - Ea ibilbidetxoa antolatzen dugun noizbait harrobi zaharrok kokatu eta herri-arkitektura "pekuliar" honen adibide batzuk ikusteko.

- Eibarko udalak DBHko ikastetxe publiko berria eraikitzea Eibarko harlauzaz. Itzioko Bigarren Hezkuntzako eskolak baldintzak betetzen ez omen dituela-ta  itxi behar dutelako eta  Zuloaga Institutuak ere  "baldintza" zalantzagarriak betetzen dituelako (batek daki zein materialekin egina den eta osasun-ikuskapen oso baten azterketa gaindituko ote lukeen zalantza egiten dut). Etorkizuneko gazteek eskertuko ligukete  eta iraganeko eibartarrei egingo geniekeen keinu polita izateaz gain, nondik gatozen  irakasteko modu aproposa litzateke. Eta ez gazteei bakarrik. 

Mikel
Mikel dio:
2018/11/22 17:47
Arrajola eta zuen baserriaren arteko bidean dauden harri horiek ere horkoak izango dira?
Anonimoak dio:
2018/11/22 19:41
Aupa Mikel:
 Arrajola eta gurearen arteko bideko harriak bertan etaratakoak dira. Baserria egiteko erabilitakoak ,beti, baserriaren "buruan" edo "guenean" mendiari kendutakoak dira, gero, grabitate-indarrak garraioan piska bat lagundu zezan. Bi baserrien arteko bideko harri garauetaz ari bazara, horiek bertatik bertara etara eta jarritakoak dira.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?