Gerra zibila Eibarren: testuingurua eta garaia ulertzeko baliabideak
Data esanguratsua izan da aurtengo apirilaren 24a. Orain dela 85 urte bonbardatu eta hartu zuen gudaroste frankistak, Mola generalaren agindupean, Eibarko herria. Gernikan eta Durangon moduan, Eibarren ere hainbat ekitaldi antolatu dira aurten urteurrena gogoratzeko, Jesus Gutierrez historialariak koordinatuta.
1936ko irailean hasi ziren lehenengo bonbardaketak; 7 hilabetez eutsi zioten Eibarko miliziano eta gudariek erasoari; apirilaren 24-25 bitartean Eibar lurrez eta airez bonbardatu ondoren sartu ziren frankistak Eibarrera, herria birrinduta laga ostean, "herriaren %75 txiki-txiki eginda geratu zen".
Ondorengo lerroetan laburpen historiko txiki bat egin dut eta zenbait esteka eta baliabide zerrendatu ditut gai honen inguruan: Gerrak Eibarren izan zituen ondorioak, lekukotasunak, Eibartarren Ahotan eta Ahotsak proiektuetan protagonistei egindako elkarrizketak, Ahotsak.eus proiektuko gerrako baliabideak, adituen hitzaldiak, ikusentzunezkoak, eta abar.
Zorionez material asko daukagu gai honen inguruan. Ea gutxinaka denon artean ezagutarazten dugun, batez ere gertatutakoa ahaztu ez dezagun.
Gerra zibila Eibarren: Eibarko frontea
1936ko uztailean gerra zibila piztu eta gutxira, Frankistek Gipuzkoa ia-ia osoa hartu zuten, nahiko modu erraz eta azkarrean. Matxinatuen helburua Eibarrera lehenbailehen sartzea zen, herri errepublikazale sinbolikoa zelako eta arma-lantegiak zituelako, baina hain zuzen horrexegatik, errepublikazaleek ere Eibar gogor defendatzeko ahalegina egin zuten, eta baita lortu ere. 1936ko iraila amaieran gerrako frontea Ondarroa-Eibar-Elgeta-Otxandio artean egonkortu zen eta hantxe eutsi zioten Errepublikaren aldeko miliziano eta gudariek Frankoren armadari, 6 hilabetez, tiro eta bonba azpian. 1937ko apirilera arte.
Esan bezala, Gipuzkoa gehiena frankisten esku zegoen, Irunen hasi eta Elgoibar eta Bergararaino. Arrate, Kalamua eta Karakate ere matxinatu frankisten esku geratu ziren gerra hasi eta nahiko bizkor; Santa Kurutz errepublikazaleen esku zegoen; Akondiako tontorrean, berriz, 100 metroko tartean ezarri zituzten euren lubakiak batzuek zein besteek, parez pare. Hortaz, Gipuzkoa osoa galdu ondoren, errepublikazaleek Eibarren eta Elgetan eutsi zioten frankisten erasoari. Eta ez zen makala izan eraso hori.
Matxinatuen lehenengo bonbardaketa abuztuaren 29an izan zen eta, zetorkiena aurreikusita, eibartarrek 16 babesleku inprobisatu behar izan zituzten hurrengo hileetako erasoetaz babesteko. Hortik aurrera, 7 hilabetez, hegazkin italiar eta alemaniarrek sarri bonbardatu zuten Eibar, Arratetik jaurtitzen zituzten bonba eta tiroak ahaztu barik. Ez dago datu ofizial zehatzik, baina ehunka pertsona hil zirela kalkulatzen da.
Eibarko frontea edo guda deitu izan zaio 7 hilabetez Eibar inguruan izan zen liskargune eta erresistentzia-puntu honi. Miliziano eta gudariek egindako defentsa horri esker, lehenengo Euskal autonomia estatutua onartu ahal izan zen eta Jose Antonio Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen.
1937ko apirilaren 24-25eko bonbardaketa eta Frankistak Eibarrera sartzea
Erasoek iraun zuten 7 hilabete horietan Eibarko herria husten joan zen. Zibil gehienak, gutxinaka-gutxinaka Durangalderantz eta Bilborantz joan ziren, ihesi eta babes bila, kasurik gehienetan senide eta lagunen etxeetara. Eibar babesten zeuden soldaduek ere Durangon eta Bilbon zituzten euren agintari nagusiak.
Negu osoa eutsi ondoren, martxoa-apirilean heldu zen frankisten azkenengo erasoa. Hegazkin alemaniar eta italiarren laguntzarekin, frankistek lehenengo Durango bonbardatu zuten martxoa amaieran eta apiril hasieran, herria txiki-txiki eginez. Apirilaren 20an, berriz, Molaren armadak gogor erasotu zituen Intxorta eta Elgeta. Eibar inguratuta geratuko zen beldurrez, agintari errepublikazaleek herria ebakuatzeko agindua eman zuten eta Eibarren geratzen ziren azkenengo zibilek Bizkai alderantz egin behar izan zuten, euren etxeak atzean utzita.
1937ko apirilaren 24 eta 25 bitartean frankistek gogor bonbardatu zuten Eibar eta herrian geratzen ziren azkenengo soldaduek ere herria utzi behar izan zuten, horietako batzuk Durango eta Bilborantz; beste batzuk Gernikarantz (non biharamunean beste bonbardaketa batek harrapatuko zituen). Azken eraso horretan 75 lagun inguru hil ziren Eibarren, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.
Herria sutan zegoela, apirilaren 26an sartu zen Molak eta Soltxagak gidatutako gudaroste matxinatu frankista Eibarrera, alemaniarrek Gernika bonbardatzen zuten bitartean.
Eibar eta Elgeta galduta, Errepublikaren aldeko gudari eta milizianoek atzera egin behar izan zuten eta apirilaren 30erako Ermua, Markina, Lekeitio, Durango, Gernika eta Bermeo ere erori ziren. Frankistak Bilboko burdin hesiraino heldu ziren eta ez zuten askorik behar izan Bilbo eta Euskal Herri osoa euren menpe hartzeko.
"Gerrako gure ibillerak" (Pepe Bolunburu)
Ihesaldi honen lekuko dira Pepe Bolunburuk idatzitako kopla adarjotzaile hauek, "Gerrako gure ibillerak":
Oraintxe kontatuko dizuet
gure gerrako historia:
egin genduan bizimodu bat
guztiz ikaragarria,
denbora dana pasatu degu
hegazkiñen igesian;
purga beharrik ez degu izan
gerra denbora guztian.
Guregatikan ez dute esango
balientiak geranik,
zaratatxo bat entzun orduko
hasitzen giñan igesik;
gu geran baiño azkarragorik
oraindik ez da ikusi,
Kiputxaneko Periko berriz
danon artian nagusi.
Eibar aldetik urten genduan
antxitxiketan Deustura,
Deustutik berriz estu ta larri
joan giñan Cabezónera
Cabezóndikan Borinesera
Borinestikan Navara,
Navatik berriz Candasera ta
sartu ginduzten barrura.
Izugarrizko bizimodua,
jarri digute oraintxe,
ondo neurtuta daukagu ura,
ogirikan ez sobrante,
eskabetxeko sardiña latak,
txorizo ta txokolate;
berriro ere "kalabazia"
haziko jaku bastante.
Gerra zibila Eibarren: lekukotasunak eta baliabideak
Hona hemen gaiarekin lotutako zenbait material, baliabide eta esteka.
- Eibartarren Ahotan (1999tik aurrera egindako ehundaka elkarrizketa).
- Gerrako Ahotsak webgunea: lekukotasunak, ikusentzunezkoak eta ibilbide gidatuak, tartean Eibarko batzuk.
- "Al vecindario de Eibar" izeneko bandoa (1936ko irailaren 1ekoa, Eibarren sortu ziren 16 babeslekuen ingurukoa).
- Ahotsak.eus proiektuaren barruan Eibarren jasotako dozenaka lekukotasun Eibarko giro politikoarekin eta gerrarekin zerikusia dutenak.
- Errepublikaren aldarrikapena azaltzen duen bideoa, protagonisten ahotan kontatua (2001ean egin genuen).
- Gerrako irudi batzuk Egoibarra.eus webgunean.
- Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirilean, Espainiako Filmategiko irudiak.
- Eibarko Udalak hainbat liburu ere argitaratu ditu gaiarekin harreman zuzen edo zeharkakoa dutenak: Egoibarra.eus webgunean dago katalogo guztia.
- Hainbat ikusentzunezko ere egin dira gaiaren inguruan, hementxe:
Errepublikaren aldarrikapena, Eibar 1931 (Eibarko Udala, 2001)
Gerra Zibila Eibarren (Badihardugu Elkartea - 2013)
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena, Jesus Gutierrezen hitzaldia
Harek umiak (gerrako umeen inguruko ikusentzunezkoa (Egoibarra, 2017)
Frankistak Eibarrera sartzen
Hegaztien inguruko nire saiorik gogokoenak: Somormujo, Moixons eta Subalpine
La radio del somormujo
Pandemia sasoian ezagutu nuen La Radio del Somormujo, Bartzelonako El Prat irratiko irratsaio bezala hasi eta arrakasta handiko podcast bihurtu dena. Harrezkero nire asteroko pilula bihurtu dut. José David Muñoz (kazetaria) eta José Luis Copete (ibilbide zabal-zabaleko ornitologoa) dira gidari eta oso saio interesgarri eta atsegina egiten dute astero. Hegaztiekin lotutako azken orduko berriak, albistegi ornitologikoa, bidaien kronikak, ikerketa zientifikoen inguruko elkarrizketak,... denetarik. Ivooxen dituzu entzungai kapitulu guztiak.
Subalpine Live Twitchen
Aipatu nahi ditudan 3 saioen artean berriena da Twitcheko Subalpine izeneko hau (2021eko abenduan hasi ziren), baina oso denbora gutxian arrakasta handia lortu du. Eta ez da arritzekoa, saio honen hiru gidariak bikainak direlako, ezagutza demasekoak eta dibulgatzaile apartak.
Esan behar dut zain-zain egoten naizela, ea eguazten gaua noiz helduko, Twitcheko euren kanala telebistara bota eta nire asteroko dosia zuzen-zuzenean irensteko. Delizia bat.
Saio honen kasuan, 4 atal finko ditu emankizun bakoitzak: azken asteko berri ornitologikoak, hurrengo asterako aurreikuspena, identifikazioaren txokoa eta bere Local Patch-az jarduten duen gonbidatua (orain arteko gehienak oso-oso ondo aukeratutakoak izan dira, gainera).
Guille Rodríguez, Marcel Gil eta Ana Rivas daude egitasmo honen atzean, garai bateko SubalpineBlog proiektuarekin hasi eta orain Twitchen aurkituko ditugunak astero. Youtuben eta Ivooxen ere aurki ditzakezu orain arteko saio guztiak. Hona hemen azkena (lehenengo 30 segunduak ez dira entzuten; gero bai):
Parlem de moixons
Ornitologiari buruzko beste podcast interesgarri bat, Katalunian sortua eta katalanez, Parlem de moixons. Màrius Domingol eta Enric Pàmies-ek ordu t'erdiko saioa egiten dute hilean behin. Hau ere Ivooxen eta Spotifyn entzungai. Antolaketa eta gai aldetik beharbada oinarrizkoagoa da podcast hau, baina gidari onak ditu eta gonbidatuak ere, oro har, interesgarriak. Oso gustura entzuten dut, audioaren kalitatea nahiko justutxoa izaten den arren. Katalana praktikatzeko aukera ere bada, aizuek.
Zer aurkituko dugun Parlem de moixons podcastean? Ba, una mica de tot: quins ocells es mouen a cada època, actualitat, com reconèixer els cants de diferents espècies, com diferenciar ocells similars, quins llibres són els més recomanables, significat d'algunes paraules ornitològiques, etimologia dels noms dels ocells, llocs on observar aus a Catalunya i entrevistes a ornitòlegs i aficionats del país.
"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak)
Eibarko Aratustiak ez dake Tolosakuen izenik, baina gure herriko jairik garrantzitsuenetakuak izan dira beti. Gaur egungo gaztiak pentsau leikie gauza modernua dirana, baina ezta hurrik emon be! Orain dala 100 urte be, bardin-bardin alkartzen ziran kuadrillak, bardin-bardin aukeratzen koko-jantzixa, bardin-bardin urtetzen zeben kalera jai-giruan, eguen zurixan hasi eta hausterre eguneraino.
Izan be, esango neuke 1920-1936 arteko sasoia izan zala aratustiak gure herrixan euki zeben garairik aberatsena. Eibartarren Ahotan proiektuan jasotako lekukotasunak entzun eta ikustia besterik ez dago; edo Indalezio Ojangurenek Eibarko kuadrilla eta konpartseri ataratako erretratuak.
Gerra aurreko sasoi haretako aratustiak gogoratzeko orduan, Anjel Markanon izena agertuko jaku beste guztien gainetik. Anjel Markanok eta beran kuadrilliak, "Ardurabakuen aeroplanua" eraiki zeben eta Anbrosio Atxa "Itsasok" bertsuak ipini kuadrilla horren konpartsiari. Bertso-sorta luzia da Anbrosio Atxak idatzittakua, handik askora Oskorrik ezagun bihurtutakuak; hementxe zatirik ezagunena (eta oso-osorik orrialde honen amaieran).
Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.
Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.
Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.
Itxuria danez 1929ko aratustietan izan ziran Markano eta kuadrillian ibilerak, Eibarko kalietan barrena, kantuan eta diru-batzen (baitta Ermuan be); halaxe agertzen da goiko erretratuan atzeko aldian, "Carnavales de 1929". Eibarko Udalak argitaratutako "Eibar kantuz kantu" kantu-liburuan diñuenez, ostera, 1930eko aratustietan izan ei zan. Urtebeteko gora-beheriak ez dauka garrantzi berezirik, 100 urte geruago be oindiokan eibartarron (eta ermuarren) ondare izaten jarraitzen dabelako Atxak sortutako bertsuok.
Markanon semiak diñuanez, Isasi kaleko 23an eraiki zeben aeroplanuori. Haundiegixa egin be: atetik ezin pasatu eta kalera ataratzeko orduan berriz desmontatu bihar izan zeben, kalian ostera be zatixak batu eta hegazkina bigarrengoz josteko.
Zer eukiko ete zeben buruan Markanok, Regilek, Etxeberriak eta Esnaolak? Zergaittik erabagiko zeben aeroplano bat eraikitzia? Ez jatan arrarua irudittuko euren umetzaruan Eibarren izandako hegaldi ezagun bat eukitzia goguan Ardurabakuen aeroplanua eraikitzeko orduan, Marius Tercé pilotuak Tutulutik Otaolaerdira egindako hegaldixa, Eibarren sekula ikusi zan lehenengo abioiana. Demasa!
Marius Tercé pilotu frantsesa, Eibarko Otaolaerdiko (Otolerdiko) zelaixan, 1913ko San Juan egunian. Argazkixa Indalecio Ojangurenena ei da eta Kutxa Fototekan ei dago, baina ez dot topatu benetako erreferentziarik eta orijinalik. Saretik hartutako irudixak dira.
Marius Tercé pilotu frantsesak 1913an Eibarren egindako hegaldixa goguan
Markano 1902an jaixo zan (beran lagunak be antzera, seguru asko) eta hamaika urte zittuanian, 1913. urtian, eibartar guztiak harrittuta laga zittuan ikuskizuna ezagutu zeben: lehenengo aeroplanua agertu zan Eibarko zeruan. Urtietara be, euren zahartzaruan, 1913an ume ziran harek guztiak ahaztu ezinda zeuken Tercén hegaldixana.
Eibarren ikusittako lehenengo makina hegalarixa! Seguru nago Markanok eta kuadrilliak sarri aittatuko zebela Marius Tercén hegaldixa, Isasi kalian aeroplanua eitten zeren bittartian, "gogoratzen dok Zezenplaza gainetik pasau zanian! Zelan dominatzen zeban aeroplanua, gora-ta-behera, ezker-eta-eskuma? Ze zuan ha!". Zelan ahaztu 10 urtekin bizi izandako holakorik?
Antonio Iturriozek (1900-1985) be antzerako ipoiña idatzi zeban 1958an, Egazkiña izenburukua. Bertan kontatzen dau, 10 urte besterik ez zekezela, 1910eko San Antoniuetan, zelan juan ziran Eibartik Durangora beste aeroplano bat ikustera (Durangoko harek metro gitxi batzuk besterik ez zittuan egin hegan, lurrera jausi eta erre aurretik).
Noticias de Gipuzkoako albiste honetan oso ondo jaso zeben 2013an, erretrato eta guzti, ehun urte lehenagoko San Juanetan gertatutakua. Herrixan diru-batzia egon zan aurreko hilabetietan Marius Tercé pilotua eta bere Deperdussin monoplanua Eibarrera ekartzeko. Casino Amistad eta Casino Artista arduratu ziran antolaketiaz eta "Comisión para la Fiesta de la Aviación" izeneko batzordia be sortu zan dana ondo juan zein.
Tutuluko basarrixan pareko zelaixa lautu zeben hegazkina bertatik aireratu zein (gaur egungo San Kristobal auzo gainian), eta hangarra eta harmailak be jaso zittuen. Ganoraz, jakizue!
Hegazkina trenian heldu zan, horraittiok; trenian eta zatika, San Juan bezperan. Handik Tutuluko hangarrera eruan zeben, Eibarko gazte-kuadrilla guztiak atzian zittuala, dultzaineruen pare, eta Tutulun bertan montau zeben Deperdussin izeneko tramankulu hegalarixa.
Eta 1913ko junixuan 24an, arratsaldeko 6etan, heldu zan eibartar guztiak espero zeben momentua: Tercé aeroplanora igo, motorra ixotu, eta hantxe urten zeban hegan Tutuluko zelaittik Untzagako plaza aldera, txalo-zaparrada artian.
Kroniken arabera, istripu txikiren bat be euki zeban hegazkinak, baina halan da be, arratsalde osua egin zeban Eibarren jira-bueltaka, Tutulutik urten eta Otaolaerdiko gari-sailetan lurra hartzeraino. Handik burdi gainian atzera Tutulura igo eta berriz hegan hasteko.
Eibartarrak pozarren; Cayetano Kareagak damaskinautako erlojua erregalau zetsen frantsesari, eskertza moduan. Erregular!
Eibarren ikusittako lehenengo aeroplanua, Tutuluko zelaittik urten eta Zezenplaza gainian. Atzian parrokixia. Eibartarrak harmailetan eta zelaixetan, begira eta txaloka.
Donostia aldian be ibili zan Marius Tercé.
"Ardurabakuen aeroplanua" (Anbrosio Atxa 'Itsaso', 1930)
Kanta berri batzuek
dittugu atara,
aitzen emoten gatoz
herri honetara;
Aeroplanuan juateko
asmuetan gara,
bihar urtetzen degu
Ameriketara.
Guk ez degu izango
Gauza hoberikan,
Bihar ondo armozau
Goizian-goizetikan;
Ez degu eramango
Barrutik hotzikan,
Bildur gabe joateko
Lañu gañetikan.
Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.
Bihar urtetzen degu
Guziok aidian,
Ikusiko gaittuzu
Agurka bidian;
Ondo urtetzen besku,
Daukagun idian,
Ez gera etorriko
Beste urte bian.
Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.
Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.
Nueva Yorkera guaz
Lehelengo runbuan,
Handik Brasileraño
Berriz hurrenguan;
gero, Polo Nortera,
hirugarrenguan.
Bazterra billaukogu,
Badago munduan.
Polo Norten ei daude
hain paraje baltzak,
harako egin dittuguz
aproposko galtzak;
Eskuetan harturik
galtzairuzko lantzak;
ez gaittezan han galdu
hotzak edo hartzak.
Izotzez eiñda ei dago
Hango mendi dana,
Hara gora igotzen
Izangou lana;
edukitzen badegu
Edana ta jana,
Esperantza badegu
Llegauko gerana.
Igotzen badegu hango
Mendi tontorrera,
Begiratukou handik
Zer daon bestaldera;
Biderikan ikusten
Badegu aurrera,
Laster llegauko gera
Mundu baztarrera.
Aparatugiñan eiñ dogu
urte bixan lana,
hortan gastatu dogu
geure diru dana;
oin berriz biderako
bihar dogu jana,
horregatik eskatzen dogu
errialtxo bana.
Horra, berri-berriak
Guk hamabi bertso,
Esanaz nola diran
Gure paradiso.
Jainkoari eskatzen diogu
Osasuna oso,
Berriz hona etortzeko
Danok animoso.
"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021), Hernaniko natura, ondarea eta hizkera
Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek urteak daramatzate Hernani inguruko naturarekin loturiko ahozko ondarea biltzen. Ziraba ingurumen-proiektuarekin hasi ziren lehenengo (2013); Burbunak eta etsayak dokumentala izan zen ondoren (2015); eta Gure faunari eta florari begira (2021) liburuarekin borobildu dute duela 10 urte hasitako lana.
Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki jaso eta gizarteratu dituzten bi egileek, horretarako gaitasun bereziz hornituak biak. Liburua erosgai duzue liburudendetan eta hitzaldiak ere ari dira ematen herririk herri.
Gure faunari eta florari begira liburuaren sarrerarako berba batzuk eskatu zizkidaten eta plazer handiz idatzi nituen hemen azpian datozenak (Zalduaren dekalogoa hankaz gora jarrita, aix, seguru asko!). Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtuko da, honezkero bihurtu ez bada, Eñautek eta Iñakik osatu duten proiektu-sorta zoragarri hau. Bejondeizuela!
"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021)
Abiada bizian doan bizi zoro honek gutxitan ematen digu astirik patxadarako eta atzera begiratzeko, gure nagusiekin elkartu, euren ezagutza jaso eta gureganatzeko. Transmisioa deitzen zaion horri bidea emateko. Horregatik maite ditut, esku artean duzuen liburu honek bezala, gure arbasoek gizaldiz gizaldi metatutako jakintza jaso eta gureganatzen digutenak. Are gehiago, emaitza hain ederra denean.
Gogoratzen dut Iñaki ezagutu nuen eguna, nola elkartu ginen Eibarko taberna batean eta zelan kontatu zidan buruan zeukaten proiektua, Hernani inguruko natur ondarea eta ahozkotasuna uztartzen zituena. Hasiera batean herriko animalia eta landareen inguruko izenak eta gaiak biltzea zen helburua, baina hori baino askoz gehiago da 10 urteko lan honen emaitza. Izan ere, desagertzear den mundu baten ikusmira damaigute, begi bistakoa baita azken bi belaunaldietan izandako aldaketa itzela eta ondarearen transmisioan izan den etena. Agirrek eta Sanz-Azkuek tradizio haren azken elur malutak jaso dituzte eta guztion esku ipini, betirako urtu aurretik.
Egileek ondo dioten bezala, ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena, eta hari horri tiraka jardun dute Hernaniko ondare natural eta linguistikoaren hariak batzen eta guri erakusteko moduan josten. Animalia eta landareen izenetatik eta hitz solteetatik hasi eta arbasoen mintzoa jaso arte, On Joxemiel Barandiaranek bere garaian azpimarratu zuen bezala, hitzak beren mamiarekin jaso behar baitira, ez huts eta azal.
Eta zein mami zoragarria ondu diguten, alajaina! Flora, fauna, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa... zenbat gai interesgarri eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Ogirik onena bezalakoa, sendoa bezain arola eta zaporez betea.
Beharleku horretan bide erdia eginda zuten egileek, egia esateko. Irakasle eta narturzalea bata eta hizkuntzalaria bestea, biak ere biak ahozkotasunaren eta ondarearen zale eta dibulgaziorako gaitasun berezkoarekin. Ezagutza eta trebetasun hori nabarmena da orriotan, irakurleak berehala ikusiko duen moduan. Gainera, hori nahikoa ez eta beste hainbat laguni ere eman diete ahotsa orriotan barrena, ogi-orea haziz hazi aberastuz: Txomin Agirre, Orixe, Lazkao Txiki, Txirrita, Arrese-Beitia, Mokoroa, Damaso Intza.. eta batek daki zenbat gehiagoren oihartzuna ere bildu digute Hernaniko egungo lekukoen doinuarekin batera. Horren guztiorren emaitza, alderdi zientifikoa eta dibulgatiboa uztartzen dituen azterlana, zehatza bezain gertuko eta herrikoa, harrapatzen zaituen luma biziz idatzia.
Sarri aipatu izan da Juan Garmendia Larrañaga etnografoak esaten ohi zuena: hiztun bat hiltzen den oro, hiztun horren ahotsa itzaltzen den oro, herri-jakituriaz beteriko liburu oso bat erretzen dela berekin. Gurean ere urteek euren lana egingo dute, baina esango nuke hernaniarren begi-bihotzetan dagoen ezagutza eta jakintzaren entziklopedia osoa salbatu dutela Iñakik eta Eñautek ahanzturaren su-garretatik.
Duela 80 urte inguru argitaratu zuen Resurrección Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan erreferentziala. Orain hau daukagu, ia mende bete geroago Agirrek eta Sanz-Azkuek ondu duten hau; Hernaniko herriaren yakintza biltzen duen eta etorkizuneko antzeko lanetarako eredu izango den Burbunak eta etsayak. Atzera begiratzeko ez ezik, baita aurrera begiratzeko ere.
Amaritu (786 m), Arrato mendilerroa (Araba)
Gasteiz ipar mendebaldean aurkituko dugu Arrato mendilerroa, Zuia eta Urkabustaiz udalerrien lurretan. Mendilerro txikitxoa da, mendi ez oso garaiekin eta ez oso ezagunekin, baina inguru polita iruditu zitzaigun larunbat goiza igarotzeko.
Amaritu mendia (786 m) aukeratu genuen semeak eta biok neguko goiz eguzkitsu batean igotzeko. Apodakatik abiatuta bide garbi, eroso eta atsegina da, baita haur txikiekin egiteko ere. Bizpahiru bidezidor eta mendibide daude gailurrera igo eta jaisteko; eskuinaldekotik igo eta ezkerraldetik jaitsi ginen gu.
Arrato mendilerroa eta Gasteiz ipar ekialdeko inguru hau ezagutzeko aitzakia bat. Hurrengorako apuntatuta daukagu Armikelo (888 m), mendilerro bereko gailur nagusi eta altuena.
Apodaka (Zigoitia, Araba).
Apodaka inguruan amezti txikiak daude.
Bidea garbia da, erosoa eta malda txikiarekin; ez dago galtzerik.
Amaritu (786 m) tontorrean; parean Gorbeia.
Amaritu gailurra (786 m), Arrato mendilerroan. Parean Armikelo (888 m), mendilerroko tontorrik garrantzitsu eta garaiena (Zuia-Gorbeialdea, Araba).
Gasteiz iparraldeko bista ederra dago Amaritu tontorretik. Inguruko gailur eta mendilerro nagusiak ere pare-parean geratzen dira: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Elgea, Entzia, Gasteizko mendiak, eta abar.
100 mendien lehiaketa - 2021eko igoerak
Mendiko gure erronka txikiarekin jarraitzen dugu. 2015ean hasi genuen 100 mendien lehiaketa eta, txiri-txiri, Euskal Herriko mendiak ezagutzen jarraitzen dugu. Familiako kide bakoitza bere erritmoan, nik honezkero lehenengo 100 mendiak igota eta besteak, gutxi-asko, 100 mendien zerrenda osatzen eta helmugara heltzen.
Euskal Mendizale Federazioaren oinarrien arabera, 100 mendien lehiaketan urtean 20 mendi igo daitezke lehenengo ekitaldian. Behin lehenengo 100 mendiak igota, hortik aurrera 25 markatu ditzakezu urtean. Zaharrontzat abantaila txiki bat, pentsatzen dut ;)
Alkaxuri (edo Hirubelakaxkoa). Inguru zoragarria, Baztan iparraldean, Urritzate eta Aritzakun bailara ezkutuen gainean.
Hauexek dira 2021ean igo ditudan 25 mendiak (eta 2 extra):
- Erdella (682)
- Oketa (1031)
- Lagarte-Almitxuri (811)
- Krabeliñaitz (607)
- Muela (1055)
- Baldaburu (469)
- Girizu (1279)
- Urkulu (1423)
- Txurruko punta (991)
- Legunbeko haitza (1128)
- Aratz (1445)
- Itxogana (1063)
- Monjardin (Deio) (894)
- Montejurra (1045)
- La Plana (1388)
- Larraineta (1118)
- Tellamendi (834)
- Elosumendi (886)
- Lapazarra (1785)
- Ütziagaina (1621)
- Tontorramendi (386)
- Babio (583)
- Hirubelakaskoa (965)
- Jarindo (895)
- Mandoegi (1046)
- Izazpi (973)
- Munagirre (781)
Legunbeko haitza, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia (Urbasa-Entzia mendilerroa).
Mandoegi eta Urepel, lehengusu-loibekin. Leitzalarreatik gora, oso-oso mendi-buelta polita egin genuen udazkenean.
Oso sorpresa polita izan zen Altzania mendilerroan egin genuen ibilaldia. Otzaurtetik hasita, buelta eder eta erraza. Han barrenean Txurruko punta, guztiz gomendagarria.
Montejurraren silueta nahastezina da Lizarraldeko edozein txokotatik. Udako egun gris batean igo genuen.
Behorren jakinmin infinitu hori. Girizu tontorrean (Orreaga, Nafarroa Garaia), 2021eko maiatzean.
Kodesko mendilerroa ez da oso ezaguna gipuzkoar gehienontzat, baina bista zoragarriak ditu. Kodesko santutegitik igo ginen La Plana eta Joar aldera. Oso ederra, igoera, paisaia, pareko mendien panoramika.
Amurrio, Babio tontorretik. Haur txikiekin ere egin daitekeen tontor txiki baina erakargarria.
Larra aldeko paisaia karstiko nahastezina. Belaguatik Lapazarrarako itzulia nahiko erraza da, uneoro ikuspegi ederrak begi parean.
Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak
Euskal Herrian ditugun monumentu megalitikoen artean ugarienak dira harrespil edo cromlechak. Orain dela 4.000-5.000 urte inguru eraikitako egiturak dira, zutarriekin edo menhirrekin sortutako monumentu zirkular-eliptikoak. Euskal mitologiaren arabera jentilak (edo mairuak) izan omen ziren harrespil hauek sortu zituztenak eta horregatik ezagutzen ditugu jentil-baratze edo mairu-baratze izenez.
Kromletxak egitura funerarioak ziren, antzinako hilobiak, eta erabilera erligiosoa omen zuten. Hala ere, badirudi garai hartako gizakien bilgune ere izan zitezkeela, nolabaiteko topagune eta bizitza sozialaren erdigune; nahiko sakabanatuta bizi ziren komunitateen topaleku.
Kromletx hitza galesetik dator (crwm+lech, 'harri zapalen zirkunferentzia'); euskarazko harrespil, aldiz, harri + hespil elkartzetik (hespila, esparrua, artegia edo itxitura).
Oielekuko kromletxa edo mairu-baratzea (Bianditz mendilerroa, Oiartzun).
Europa mendebaldeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan aurkituko ditugu antzekoak, Frantzian eta Erresuma Batuan hasi eta Eskandinabiaraino (denok ezagutzen dugu Stonehengeko harrespil ezaguna) eta Euskal Herrian ere nahiko ugariak dira, nahiz eta gure lurraldeko ekialdean bakarrik aurkituko ditugun, Pirinioetan hasi eta Oria eta Leitzaran eskualdeetaraino.
Azken hilabeteetan Euskal Herrian ondoen kontserbatuta dauden jentil-baretzeetako bi ezagutzeko aukera izan dugu: Oielekuko harrespila (Gipuzkoan) eta Okabe-Ilarritako harrespila (Nafarroa Beherean).
Oielekuko harrespila Bianditz mendilerroan dago, Aiako Harriak parke naturalean. Inguruan hainbat harrespil edo cromlech aurkituko ditugu, baina Oieleku Iparra izenez ezagutzen dugun hau da guztien artean zabal eta ikusgarriena.
'Oieleku iparra' izeneko harrespil edo kromletxa, Euskal Herriko handi, zaindu eta ikusgarrienetakoa. Mairu-baratze honetako harriek erdian elkartzen diren bi elipse osatzen dituzte.
Oielekuko jentil-baratzea. Barrenean Aiako Harriak.
Leku ederra da Oieleku, harrespilak ez ezik, baita inguruko paraje, mendi eta basoak ere, Bianditz mendilerroan (Oiartzun).
Toponimo honek hainbat forma ditu (Oieleku, Oienleku, Oihanleku...), baina Oiartzungo udalak egindako azterketa toponimikoaren arabera, Oieleku da bere forma estandarizatua.
Esan dugun moduan, Oieleku Iparra izeneko harrespila handienaren inguruan beste zenbait monumentu megalitiko ere badaude, horien artean Basateko beste harrespil hau.
Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun). Atzean Munagirre mendia (781 m).
Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun).
Okabeko edo Ilarritako harrespilak
Eta Gipuzkoatik Nafarroa Beherera, hantxe aurkituko ditugulako Ilarritako harrespilak, Okabeko harrespila izenez ere ezagunak, Okabe mendiaren magalean daudelako (Lekunberri, Nafarroa Beherea), Iratiko basoaren gainean.
Harrespil edo cromlech asko isolaturik agertu ohi dira, baina Ilarritako harrespilak bereziak dira, 26 harrespil baitaude elkarrekin. 1956. urteaz geroztik monumentu historiko izendapena daukate.
Oielekun gertatzen den moduan, Okabe-Ilarrita aldean ere, mairu-baratzeak ez ezik, inguru guztia da benetan ikusgarria eta bisita gozagarri baterako leku aproposa.
Ilarritako kromletx nagusia, Okabe mendiaren magalean (Nafarroa Beherea).
Ilarrita inguruko bista orokorra Okabe mendi tontorretik. Atzean Lapurdi inguruko itsasalde, lautada eta mendiak.
Okabe mendia (1466 m); Lekunberri, Nafarroa Beherea.
"Sasi artean Elgeta" komikian jaso dute 'Elgeta' trikitilariaren bizitza Fanok eta Izagirrek
Udazkenean aurkeztu zen Donostian Sasi artean Elgeta komikia (Dani Fano, Koldo Izagirre eta Garluk Agirre), Jacinto Rivas Elgeta trikitilariaren ibilerak jasotzen dituen liburu ederra. 2019tik Xabiroi aldizkarian zatika argitaratutako komikia da, oraingoan album formatuan kaleratu dena, egokitzapen txiki batzuekin. Donostiako aurkezpen orokorraren ostean Elgetan ere aurkeztu zen eta, ondo bidean, apirilean etorriko dira egileak Eibarrera.
Liburuaren azkenengo fasean, hizkera-egokitzapenetan, gure ekarpen txikia egiteko zortea izan dugu Aintzane Agirrebeñak eta biok eta, benetan ere, izugarri eskertzen diegu egileei aukera hori eskaini izana.
Sasi artean Elgeta
Dani Fano (marrazkiak), Koldo Izagirre (testua), Garluk Agirre (koloreztatzea).
Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea (2021)
48 orrialde | ISBNa: 978-84-124067-6-4
Jacinto Rivas "Elgeta" umezurtza zen eta Bergarako Intsuzabal baserrian hartu zuten ume zela XX. mende hasieran. Basalgo-Goimendi auzoan dago Intsuzabal baserria, Bergarak, Soraluzek, Elgetak eta Eibarrek bat egiten duten ingurumarian, eta hortik jaso zituen Jacinto Rivasek bere gaitzizen biak: Elgeta eta Intxuzabal.
Trikitilari-belaunaldi oso baten eredu eta irakasle izan zen Elgeta eta, bere doai musikaletatik kanpo ere, izaera bizi eta berezia zituen eta publikoki garbi adierazten zituen bere ideia politiko ezkertiarrak. Komiki honek Elgetaren bizitza laburbilduko digu, batez ere Eibarren kokatutako istorio batean. Eta esan behar dut, liburu zoragarria dela, are gehiago eibartarrontzat.
Azken hilabeteetan irakurri ditudan liburuen artean gozagarrienetakoa izan da, zalantza barik, Sasi artean Elgeta. Izugarri gustatu zait, eta ez naiz bakarra izan, nire inguruan komikia irakurri duten guztiek goraipatu dutelako Fanok eta Izagirrek egindako lana.
Dani Fanoren marrazkiak bikainak dira, zehatzak eta detalle ezkutuz beteak, Izagirreren gidoia ere egoki-egokia iruditu zait, bizia eta zorrotza, eta historia bera ere oso erakargarria. Eibartarrondako benetako altxorra da, gainera, hau liburuau: hur-hurreko pertsonaiak aurkituko ditugu liburuan (Akilino amuategi, Toribio Etxeberria, Txapasta pilotaria, Agirre Lehendakaria...), Eibarko (eta inguruko) tokiak identifikatuko ditugu orrialdeetan aurrera egin ahala eta 1920-1950 bitarteko Eibarko gertakizun historiko nagusiak ere ezagutuko ditugu. Laburbilduz, altxor txiki bat gu guztiondako!
Eibarko ikastetxeetako gazteek irakurtzen dituzten beste liburu batzuen ordez, hauxe aukeratu beharko lukete gure herriko irakasleek DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Benetan diot.
Irakurleari ere lantxoa eskatzen dio komiki honek. Izan ere, egileek elipsirako hautua egin dute (ez dago testu lagungarririk, ez informazio historikorik edo data zehatzik) eta irakurlearen esku ere geratzen da askotan, liburua berrirakurriz, falta diren datuak osatzea eta Izagirrek lagatako zuriuneak betetzea, bai datu historikoak ezagutzen dituelako, bai jakinminak zirikatuta datu horien bilaketa-lana egitera animatzen gaituelako. Aitzakia polita izan da liburua berrirakurtzeko eta, bide batez, Dani Fanoren marrazkietan kukututa dauden hainbat detalle ezkutu topatzeko.
Alderdi pertsonaletik, gainera, gorago aipatu dugun moduan, proiektu honetan parte hartzeko aukera ere izan dugu, oso modu xumean bada ere, eta hori bai izan dela opari handi bat niretako. Komikia euskalkian dago idatzita eta, pertsonaia nagusiak eibartarrak izanda, testuetako hizkera orrazten laguntzeko eskatu ziguten egileek Aintzane Agirrebeñari eta bioi (Oh.: Intxuzabal baserri parean dagoen Bergaretxe baserriko alaba da Aintzane, bera ere trikitilaria; historiaren txiribuelta politak, 100 urte geroago Intxuzabal pareko trikitilari batek ipini dio berbakera Jacinto Rivasi).
Gure meritua ezereza izan da, garbi laga dezadan, Izagirreren hitzak eibartartzea besterik ez, baina oso abentura polita izan da guretako, duda barik! Izan ere, lexiko eta grafia zuzenketa txikietaz aparte, beste kontu batzuk ere aztertu behar izan ditugulako eta jolaserako aukera eman digulako: noiz erabili hika, noiz ez, zeintzuen artean... eta berorika? Eta noiz erabili Eibarko euskara, noiz gipuzkera (eta zer gipuzkera?), noiz bizkaiera "klasikoago" bat (Agirre Lehendakariaren kasuan, esate baterako)...
Tira, beharleku polita jarri zigutela Danik eta Koldok eta oso eskertuta gaudela abentura txiki honetan parte hartzeko aukera eskaini zigutelako. Eskerrik asko!
Bonum vinum et avanti popolo!
...................................
"Sasi artean Elgeta", iruzkinak, aurkezpenak eta estekak
Hemen liburuaren inguruko esteka batzuk:
- Barruak astintzen dittuan komikixa (Oier Gorosabel)
- Sasi arteko lore (Goiena)
- Sasien gainetik Elgeta (Komikeri)
- Musikaren munduan ikono handi bat izan beharko luke Jacinto Rivas Elgetak (Goiena)
- Paparra erakusteko moduan dago komikigintza (Berria)
- Elgetaren bizia bineta artean (Berria)
- ''Sasi artean Elgeta'': Elgeta trikitilariaren ibilerak jasotzen dituen komiki-albuma (EITB)
"Elgeta", soinu txikiaren maisua
(Hurrengo lerroak Goiena-tik hartuta daude)
Jacinto Rivas Elgeta trikitilaria (1906-1964) da komikiko protagonista nagusia, umezurtza izanik, Intxuzabal baserrian hartu zutena. Koldo Izagirrek bazuen egina Elgeta-ri buruzko biografia (Elgeta, sasiaren sustraiak), eta hura izan zen komikiaren abiapuntua. Trikitilariaren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ematen du, Larraitz Zeberio Lekuonak nabarmendu bezala Goiena aldizkarian: “Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen”.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak proposatu zion Xabiroi aldizkariari Jacinto Rivas Elgeta-ren figura gero album bihurtuko zen sail bat martxan jartzeko. Eta horrela izan da.
Koldo Izagirrek eginda zeukan Elgeta-ri buruzko biografia Elgeta, sasiaren sustraiak izenburupean, eta abiapuntua izan da. Elgeta-ren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ere ematen du. Umezurtza zen eta Intxuzabal baserrian hartu zuten.
Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen.
2021ean behatutako hegaztien zerrenda
Aurten ere ezin hutsik egin azken urteotako ohiturari (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2020) eta hementxe nator iaz behatu (eta eBird aplikazioan apuntatu) ditudan txorien zerrendarekin. Azken 12 hilabeteotako nire txorizale ibileren laburpena.
Oso urte ederra izan da azkenengo hau txoriketa kontuei dagokienez. Hasteko, pare bat bidaia txiki egin ditut kanpora: ekainean Mantxa hezera joan nintzen (eBirden ere ikusgai laburpena) eta udako oporrak Doñana aldean egin genituen (Cadizen eta Huelvan igaro nituen 15 egun familiarekin). Euskal Herritik kanpoko bidaia horiek beti eskaintzen dituzte momentu bereziak, espezie ezohikoak, behaketa bakanak. Esate baterako, aspaldi ikusi gabe nengoen kuku mottoduna ikusi nuen Ciudad Realen (hainbat ale, gainera), ahate buruzuria eta zertzeta marmolairea moduko espezie urriak patxadaz eta erosotasun handiz behatu genituen, basoilo txiki eta handiak bertatik bertara ikusi genituen egunsenti zoragarri batean, karrakak, atalarrak eta usapalak erruz ikusi zitezkeen... Bidaia politak izan ziren biak, Mantxakoa zein Doñanakoa.
Ahate buruzuria (Oxyura leucochepala), arra.
Kuku mottoduna (Clamator glandarius). Migratzaile afrikarra, kukuaren senide urruna eta, huraxe bezala, bizkarroia. Miken eta arabazozoen habietan erruten ditu arrautzak. Argazkia eskasa da (espezie beldurti eta oso mugitua da) baina ilusio berezia egin zidan kuku mottodunak ikustea, aspaldi ez nituelako ikusten.
Eguzkiaren batera jaiki eta goizeko lehen ordu fresko horietan basoilo txikiak (Tetrax tetrax) eta basoilo handiak (Otis tarda) ikustea zereal sail zabaletan pasiatzen ari zaren bitartean. Sentsazio bete zoragarri hori.
Euskal Herritik kanpora egindako bidaia txiki horietaz aparte, esango nuke aurten Euskal Herrian ibili naizela inoiz baino gehiago. Halaxe diote urtean zehar eBirden pilatzen joan naizen estatistikek, besteak beste, Euskal Herrian inoiz baino espezie gehiago ikusi ditudala, lehenengo aldiz 200 espezieko langa gaindituta (207 espezie). Horien artean, adibidez, Euskal Herrian lehenengoz ikusi ditudan 15 txori espezieak, hala nola, karraka, murgilari urrebegia, murgilari lepokoduna, uroilanda hankaberdea, pottorro txikia, arabazozo gorrizta eta mendebal-txori mokolodia (azken laurak, gainera, Euskal Herritik kanpo ere ikusi barikoa nintzen).
Euskal Herri Hegoaldeko lau herrialdeetan ibili naiz, gainera. Gure ohiko mendi-ibilaldi txikietaz aparte, martxoan Araban igaro nituen egun batzuk, aste santua ere Araban pasatu genuen, udan astebete Berrotza-Lizarraldean, Nafarroako landa-eremuetara ere sarri joan naiz, Pirinioetara bezala, eta kostaldera ere ohi baino gehiagotan itsas hegaztiak ikustera.
Zanga gaztea (Morus bassanus). 'Verballenas' enpresarekin itsasora egindako irteeretako batean ateratako argazkia.
2021eko ezustekoetako bat euskal txorizaleen artean. Uroilanda hankaberde (Zapornia parva) eme bat izan dugu hainbat astez bisitari Osinbiribilen (Txingudi). Bizitzan lehenengoz ikusi dut espezie hau.
Nire hegazti faboritoetako bat? Seguru asko. Karrakaren (Coracius garrulus) kolore biziak eta izaera indomitoa oso erakargarriak dira niretako. Argazkiko ale hau Ciudad Realen ikusi nuen; 2021ean Nafarroan ere ikusi nuen ale bat, Berrotza bailaran.
Larra inguruan (Nafarroa Garaia), Lapazarra tontorrean (1785 m). Belatxingak, mendi-txirriskilak, mendi-berdantzak... Gipuzkoan urri diren espezieak, Nafarroan ere bizitzan lehenengoz ikusi ditut azkenengo biak, Lapazarrako magaletan hain zuzen ere.
2021eko behaketen laburpena: 243 txori espezie eta 9 espezie lehenengoz
Eta horrelaxe joan da etxean itxita hasi genuen urtea! Izan ere, halaxe geundelako orain dela urtebete, gure herrietatik ia irten ezinda. Gogoratzen! Beharbada horregatik harritu nau 2021ean guztira ikusitako espezieen kopuruak. Ustez larregi mugitu ez naizen urtean 243 txori klase ezberdin ikusi ditudalako, sekula baino gehiago! Horietatik guztietatik, 9 espezie lehenengoz ikusi ditut bizitzan.
Dena dela, kopuruak gutxienekoa dira. Txorizaletasuna naturzaletasunarekin lotzen dut nik beti, mendira irten, leku berriak ezagutu, lautada eta mendiak bisitatu... eta naturak bakarrik eskaintzen didan bake eta zoriontasuna aurkitzearekin. Horren guztiagatik, 2021 annus horribilis honetan, esango nuke txoriek lagundu didatela iluntasunean argi apur bat topatzen.
Laburbilduz, hauxe 2021ean ikusitako espezieen zerrenda eta kopuruak, zuzenean eBird aplikazioak ematen didan laburpena moztitsatsita.
- Behatutako espezieak: 243
- Gordetako behaketa-zerrendak: 181
- Euskal Herrian: 207 espezie:
- Gipuzkoan 148; horietako 18 espezie lehenengoz lurralde honetan, esate baterako, uroilanda hankaberdea, mendebal-txori mokolodia, aliota txikia, txirri iluna, txirri lodia, txilinporta urrebelarria, kaio kaspiarra, murgilari lepokoduna, pottorro txikia, borrokalaria, arabazozo gorrizta...
- Araban 131; 9 espezie lehenengoz (okil beltza, itsas enara musuzuria, udako zertzeta, txoloma, arrano arrantzalea...)
- Bizkaian 108; 11 espezie lehenengoz (murgilari urrebegia Oletan, okil beltza Saldropon, kaio kaspiarra Bermeon, buztangorri argia Urdaibain...).
- Nafarroan 82; 3 espezie lehenengoz (mendi-txirriskila, mendi-berdantza, karraka europarra).
- Deba Ibarrean 89 eta Eibarren 58.
# | Espeziea |
1 | Antzara hankagorrizta - Anser anser |
2 | Beltxarga arrunta - Cygnus olor |
3 | Beltxarga beltza - Cygnus atratus |
4 | Antzara egiptoarra - Alopochen aegyptiaca |
5 | Paita arrunta - Tadorna tadorna |
6 | Ahate karolinarra - Aix sponsa |
7 | Mandarin-ahatea - Aix galericulata |
8 | Udako zertzeta - Spatula querquedula |
9 | Ahate mokozabala - Spatula clypeata |
10 | Ipar-ahatea - Mareca strepera |
11 | Ahate txistularia - Mareca penelope |
12 | Basahatea - Anas platyrhynchos |
13 | Ahate buztanluzea - Anas acuta |
14 | Zertzeta arrunta - Anas crecca |
15 | Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris |
16 | Ahate gorrizta - Netta rufina |
17 | Murgilari arrunta - Aythya ferina |
18 | Murgilari lepokoduna - Aythya collaris |
19 | Murgilari arrea - Aythya nyroca |
20 | Murgilari mottoduna - Aythya fuligula |
21 | Ahatebeltz arrunta - Melanitta nigra |
22 | Murgilari urrebegia - Bucephala clangula |
23 | Ahate buruzuria - Oxyura leucocephala |
24 | Galeperra - Coturnix coturnix |
25 | Eper gorria - Alectoris rufa |
26 | Flamenko handia - Phoenicopterus roseus |
27 | Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis |
28 | Txilinporta urrebelarria - Podiceps auritus |
29 | Murgil handia - Podiceps cristatus |
30 | Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis |
31 | Haitz-usoa - Columba livia |
32 | Txoloma - Columba oenas |
33 | Pagausoa - Columba palumbus |
34 | Usapal europarra - Streptopelia turtur |
35 | Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto |
36 | Ganga azpizuria - Pterocles alchata |
37 | Basoilo handia - Otis tarda |
38 | Basoilo txikia - Tetrax tetrax |
39 | Kuku mottoduna - Clamator glandarius |
40 | Kukua - Cuculus canorus |
41 | Malkar-sorbeltza - Apus melba |
42 | Sorbeltz arrunta - Apus apus |
43 | Uroilanda handia - Rallus aquaticus |
44 | Uroilo arrunta - Gallinula chloropus |
45 | Kopetazuri arrunta - Fulica atra |
46 | Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata |
47 | Uroilanda hankaberdea - Zapornia parva |
48 | Kurrilo arrunta - Grus grus |
49 | Atalarra - Burhinus oedicnemus |
50 | Zankaluzea - Himantopus himantopus |
51 | Abozeta - Recurvirostra avosetta |
52 | Itsas mika - Haematopus ostralegus |
53 | Txirri grisa - Pluvialis squatarola |
54 | Hegabera - Vanellus vanellus |
55 | Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus |
56 | Txirritxo handia - Charadrius hiaticula |
57 | Txirritxo txikia - Charadrius dubius |
58 | Kurlinta bekainduna - Numenius phaeopus |
59 | Kurlinta handia - Numenius arquata |
60 | Kuliska gorria - Limosa lapponica |
61 | Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa |
62 | Harri-iraularia - Arenaria interpres |
63 | Txirri lodia - Calidris canutus |
64 | Borrokalaria - Calidris pugnax |
65 | Txirri kurlinta - Calidris ferruginea |
66 | Txirri zuria - Calidris alba |
67 | Txirri arrunta - Calidris alpina |
68 | Txirri iluna - Calidris maritima |
69 | Txirri txikia - Calidris minuta |
70 | Istingor arrunta - Gallinago gallinago |
71 | Mendebal-txori mokolodia - Phalaropus fulicarius |
72 | Kuliska txikia - Actitis hypoleucos |
73 | Kuliska iluna - Tringa ochropus |
74 | Kuliska zuria - Tringa nebularia |
75 | Kuliska pikarta - Tringa glareola |
76 | Bernagorri arrunta - Tringa totanus |
77 | Marikaka handia - Stercorarius skua |
78 | Marikaka isatsbihurra - Stercorarius pomarinus |
79 | Marikaka isatslaburra - Stercorarius parasiticus |
80 | Marikaka isatsluzea - Stercorarius longicaudus |
81 | Pottorro txikia - Alle alle |
82 | Martin arrunta - Uria aalge |
83 | Pottorro arrunta - Alca torda |
84 | Lanperna-musua - Fratercula arctica |
85 | Antxeta hankabeltza - Rissa tridactyla |
86 | Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus |
87 | Antxeta txikia - Hydrocoloeus minutus |
88 | Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus |
89 | Kaio mokohoria - Larus canus |
90 | Kaio hauskara - Larus argentatus |
91 | Kaio hankahoria - Larus michahellis |
92 | Kaio kaspiarra - Larus cachinnans |
93 | Kaio iluna - Larus fuscus |
94 | Kaio beltza - Larus marinus |
95 | Txenada txikia - Sternula albifrons |
96 | Txenada mokobeltza - Gelochelidon nilotica |
97 | Itsas enara beltza - Chlidonias niger |
98 | Itsas enara musuzuria - Chlidonias hybrida |
99 | Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis |
100 | Aliota txikia - Gavia stellata |
101 | Aliota handia - Gavia immer |
102 | Ekaitz-txori handia - Hydrobates leucorhous |
103 | Gabai arrea - Calonectris diomedea |
104 | Gabai iluna - Ardenna grisea |
105 | Gabai arrunta - Puffinus puffinus |
106 | Gabai balearra - Puffinus mauretanicus |
107 | Zikoina zuria - Ciconia ciconia |
108 | Zanga arrunta - Morus bassanus |
109 | Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo |
110 | Ubarroi mottoduna - Gulosus aristotelis |
111 | Koartza hauskara - Ardea cinerea |
112 | Koartza gorria - Ardea purpurea |
113 | Koartza zuria - Ardea alba |
114 | Koartzatxo txikia - Egretta garzetta |
115 | Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis |
116 | Amiltxori arrunta - Nycticorax nycticorax |
117 | Beltzarana - Plegadis falcinellus |
118 | Mokozabal zuria - Platalea leucorodia |
119 | Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus |
120 | Elano urdina - Elanus caeruleus |
121 | Sai zuria - Neophron percnopterus |
122 | Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus |
123 | Sai arrea - Gyps fulvus |
124 | Arrano sugezalea - Circaetus gallicus |
125 | Arrano txikia - Hieraaetus pennatus |
126 | Arrano beltza - Aquila chrysaetos |
127 | Zingira-mirotza - Circus aeruginosus |
128 | Mirotz zuria - Circus cyaneus |
129 | Mirotz urdina - Circus pygargus |
130 | Gabirai arrunta - Accipiter nisus |
131 | Miru gorria - Milvus milvus |
132 | Miru beltza - Milvus migrans |
133 | Zapelatz arrunta - Buteo buteo |
134 | Mozolo arrunta - Athene noctua |
135 | Urubi arrunta - Strix aluco |
136 | Argi-oilarra - Upupa epops |
137 | Martin arrantzalea - Alcedo atthis |
138 | Erle-txoria - Merops apiaster |
139 | Karraka europarra - Coracias garrulus |
140 | Lepitzulia - Jynx torquilla |
141 | Okil handia - Dendrocopos major |
142 | Okil txikia - Dryobates minor |
143 | Okil berde iberiarra - Picus sharpei |
144 | Okil beltza - Dryocopus martius |
145 | Naumann belatza - Falco naumanni |
146 | Belatz gorria - Falco tinnunculus |
147 | Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo |
148 | Belatz handia - Falco peregrinus |
149 | Urretxoria - Oriolus oriolus |
150 | Antzandobi arrunta - Lanius collurio |
151 | Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis |
152 | Antzandobi kaskagorria - Lanius senator |
153 | Eskinosoa - Garrulus glandarius |
154 | Mika urdina - Cyanopica cooki |
155 | Mika arrunta - Pica pica |
156 | Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax |
157 | Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus |
158 | Bele txikia - Corvus monedula |
159 | Belabeltza - Corvus corone |
160 | Erroia - Corvus corax |
161 | Pinu-kaskabeltza - Periparus ater |
162 | Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus |
163 | Kaskabeltz txikia - Poecile palustris |
164 | Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus |
165 | Kaskabeltz handia - Parus major |
166 | Dilindaria - Remiz pendulinus |
167 | Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla |
168 | Kalandria - Melanocorypha calandra |
169 | Txoriandre pispoleta mediterranearra - Alaudala rufescens |
170 | Pirripioa - Lullula arborea |
171 | Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis |
172 | Kutturlio arrunta - Galerida cristata |
173 | Ihi-txoria - Cisticola juncidis |
174 | Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta |
175 | Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus |
176 | Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus |
177 | Benarriz gorrizta - Locustella luscinioides |
178 | Benarriz nabarra - Locustella naevia |
179 | Uhalde-enara - Riparia riparia |
180 | Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris |
181 | Enara arrunta - Hirundo rustica |
182 | Enara ipurgorria - Cecropis daurica |
183 | Enara azpizuria - Delichon urbicum |
184 | Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli |
185 | Txio horia - Phylloscopus trochilus |
186 | Txio arrunta - Phylloscopus collybita |
187 | Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus |
188 | Errekatxindorra - Cettia cetti |
189 | Buztanluzea - Aegithalos caudatus |
190 | Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla |
191 | Baso-txinboa - Sylvia borin |
192 | Txinbo burubeltza - Curruca melanocephala |
193 | Sasi-txinboa - Curruca communis |
194 | Etze-txinboa - Curruca undata |
195 | Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla |
196 | Garrapoa - Sitta europaea |
197 | Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla |
198 | Txepetxa - Troglodytes troglodytes |
199 | Ur-zozoa - Cinclus cinclus |
200 | Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris |
201 | Arabazozo beltza - Sturnus unicolor |
202 | Arabazozo gorrizta - Pastor roseus |
203 | Garraztarroa - Turdus viscivorus |
204 | Birigarro arrunta - Turdus philomelos |
205 | Birigarro hegagorria - Turdus iliacus |
206 | Zozo arrunta - Turdus merula |
207 | Euli-txori grisa - Muscicapa striata |
208 | Txantxangorria - Erithacus rubecula |
209 | Urretxindorra - Luscinia megarhynchos |
210 | Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca |
211 | Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus |
212 | Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros |
213 | Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra |
214 | Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola |
215 | Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe |
216 | Buztanzuri horia - Oenanthe hispanica |
217 | Txori ehule burubeltza - Ploceus melanocephalus |
218 | Euplectes afer |
219 | Tuntun arrunta - Prunella modularis |
220 | Etxe-txolarrea - Passer domesticus |
221 | Txolarre iluna - Passer hispaniolensis |
222 | Landa-txolarrea - Passer montanus |
223 | Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia |
224 | Buztanikara horia - Motacilla cinerea |
225 | Larre-buztanikara - Motacilla flava |
226 | Buztanikara zuria - Motacilla alba |
227 | Negu-txirta - Anthus pratensis |
228 | Uda-txirta - Anthus trivialis |
229 | Mendi-txirta - Anthus spinoletta |
230 | Txonta arrunta - Fringilla coelebs |
231 | Negu-txonta - Fringilla montifringilla |
232 | Gailupa - Pyrrhula pyrrhula |
233 | Txorru arrunta - Chloris chloris |
234 | Txoka arrunta - Linaria cannabina |
235 | Kardantxiloa - Carduelis carduelis |
236 | Mendi-txirriskila - Carduelis citrinella |
237 | Txirriskila arrunta - Serinus serinus |
238 | Tarina - Spinus spinus |
239 | Gari-berdantza - Emberiza calandra |
240 | Mendi-berdantza - Emberiza cia |
241 | Hesi-berdantza - Emberiza cirlus |
242 | Berdantza horia - Emberiza citrinella |
243 | Zingira-berdantza - Emberiza schoeniclus |
Txirriskila (S. serinus)
Txinbo burubeltza (Sylvia melanocephala)
Guardia (Araba).
Udako zertzeta (Anas querquedula), aurtengo ezustekoetako bat, Guardiako paduretan dozena erdi ale aurkitzea udaberriko pasean.
Beletxikia (Corvus monedula), gero eta urriagoa Euskal Herrian.
Hegabera (V. vanellus)
Gaztela Mantxako ordokiak, landaketak eta aintzira gaziak. Paisaia magnetikoa niretako.
Hegaztiak ez ezik, narrasti eta ugaztunak ere agertzen dira tarteka kameraren aurrean. Azeri txiki hau despistatuta zebilen, bere gauzetan pentsatzen, eta hanketaraino hurreratu zitzaidan! Ederra sustoa hartu zuena! ;)))
Txirritxo handia (Charadrius hiaticula)
Navasecako urmaela, Daimiel ondoan (Ciudad Real). Leku humanizatu bat, araztegi bateko uren bidez elikatzen dena, EDAR baten alboan, eta hala ere, hegaztiak ikusteko oso toki egokia. Aurkikuntza txiki bat izan zen.
Beltzaranak (Plegadis falcinellus)
Odiel ibaiaren paraje naturala eta gatzagak (Huelva). Zankaluze eta migratzaileentzat leku aparta. Abuztua ez da sasoirik onena, baina 40 txenada txiki (Sternula albifrons) ikusi genituen, dozenaka txirri kurlinta, txirri txiki, borrokalari, txirritxo hankabeltz, flamenko, kurlinta eta kuliskarekin batera.
Hirubelakaskoa (965 m), Baztanen. Miruz eta sai arrez inguratuta ibili ginen.
Gabai iluna (Ardenna grisea) bermeo parean.
Gure kostaldeko beste bisitari ohiko bat, Europa iparraldean kumatu arren gurean ere erraz samar ikus daitekeena, marikaka handia (Sterkorarius skua).
Mendebal-txori mokolodi (Phalaropus fulicarius) txiki hau Osinbiribilen agertu zen 2021eko abenduan, abendu hasierako ekaitzen ostean. Zenbait egunez oso aktibo eta lasai ikusi ondoren, handik gutxira hil egin zen.
"Miñan" (Susa, 2019), Ibrahima Baldek ahoz idatzia eta Amests Arzallusek eskuz idatzia
Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Irungo Harrera Sarean egin zuten topo 2018an eta han sortutako harremanaren fruitua da idazlana. Arzallus Irungo aterpetxera joaten zen tarteka laguntzera, besteak beste, errefuxiatuekin solasaldi bat izan eta euren egoera jasotzeko, ondoren asilo-prozeduran lagungarri izan zedin. Horrela ezagutu zuen Ibrahima Balde ginearra eta hartu-eman hori indartzen joan zen asteak igaro ahala.
Amets berehala konturatu zen Ibrahimaren kontakizuna berezia zela, besteak beste, Balde ez zelako ohiko migratzailea, batetik, berak ez zuelako nahi izan Europara etorri eta, bestetik, Ibrahimak ahozko jario berezia zuelako, kontatzeko modu oso propio bat, logika, gramatika, poetika pertsonal bat, edertasun aparteko bat.
Asteetako solasaren ondorio da Miñan izeneko liburua, Ibrahima Baldek idatzia, ahoz, eta Amets Arzallus Antiak idatzia, eskuz, liburuaren hasieran azpimarratzen denez. Susa argitaletxeak 2019an argitaratu zuen, 2020ko Zilarrezko Euskadi Saria irabazi zuen eta gutxienez beste bost hizkuntzatara itzuli da. CC lizentziapean banatu da.
Konakryko Thiankoi herrixkatik Euskal Herrira
Ibrahima Balde Ginea-Konakryn jaio zen 1994an. Ume-umetatik hasi zen aitari lanean laguntzen, anai-arreba eta amarengandik halabeharrez banatuta, eta bere ametsa mekanikari eta kamioi-gidari izatea zen. Halaxe ibili zen aprendiz lanetan hiruzpalau urtez, gazte-gaztetatik. Ezbeharrak, baina, bata bestearen ostean etorri zitzaizkion: aita hil zitzaion, ama gaixotu eta, bat-batean, anaia txikia desagertu egin zen. 14 urte besterik ez zituela, Europarako bidaia hasi zuen, bere kabuz, Alhassane anaia gazteak.
Anaia txiki horren bila egindako bidaia da Ibrahimarena. Ikasketak, familia eta ametsak betirako utzi eta Alhassaneren bila egindako odisea. Basamortua gurutzatuz; polizia, terrorista, bahitzaile eta mafiosoen hatzaparretatik igaroz; neurtu ezineko gosea, egarria eta mina ezagutuz; tortura, esklabotza, kolpeak, arrazismoa sufrituz. Urteetako bidaia, Konakrytik Europara, Mali, Aljeria eta Libian barrena, Miñan anaia txikiaren bila, miñan horixe delako pula hizkuntzan, fula etniaren mintzairan: anaia txikia.
Migrantearen kontakizuna jasotzea izan da Amets Arzallusen lana eta, ondoren, "benetako protagonistari itzalik egin gabe, forma ematea eta migrantea bere ezintasunetatik baino, bere gaitasunetatik erakustea", Ametsek berak esandako hitzetan.
Urteak daramatzagu migranteen irudiak telebistan entzuten eta migranteen inguruko albisteak irakurtzen. Gutxi gorabehera imajina dezakezu zer izan daitekeen pertsona anonimo horien ibilbidea, bidean pairatzen dituzten zailtasunak eta sufrimenduak. Baina Ametsek aukera eman dio Ibrahimari hori guztiori lehenengo pertsonan kontatzeko, zer den afrikar baten bidaia gureganaino heltzeko, zein den milaka kilo horien gogortasuna, edozein unetan heriotzera eramango zaituzten basamortu, gartzela, muga eta itsasoak zeharkatzea. Eta irakurlea plaust lagatzen du, itota.
Izan ere, liburuaren kontra-azalean aipatzen den moduan, Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da; esperientzia horietako bakoitza ezberdina. Eta liburu honek horixe azpimarratu nahi du.
Liburua lehenengo pertsonan dago idatzita, Ibrahimaren beraren hitzetan, eta zu bati kontatuta. Hasiera batean Amets bera da zu hori, Balderen kontakizunaren aurreneko entzulea, baina berehala konturatzen zara zu hori gu guztiok garela, bereziki europarrak, ez garenak inoiz bere historia erabat ulertzera helduko horretarako bere esperientzia berberak izan beharko genituzkeelako.
Baina zu horrek beste forma batzuk ere baditu, Ibrahimak liburuaren amaierako poeman zerrendatzen dituenak, adibidez, "zu hori polizia zara, nire ama zara, zu zara Ismail edo zu zara Emi, edo zu zara orain basamortua zeharkatzen ari zarena, edo honaino iristen lagundu didazuna, edo zu, orain poema hau irakurtzen ari dena".
Ibrahimak ele soilez helarazten digu bere bizitzaren historia. Nota gutxirekin sortzen du, sortu ere, kontakizunaren partitura, floritura eta arpegio konplikatuen beharrik gabe. Nota bat bestearen ostean ipiniz, migratzaile batek Europara heltzeko eman behar dituen urratsak bezala. Bere ametsak, bidaiaren zergatiak, atzean utzitako familiak sortzen dion arrangura, bidearen latza aipatuz, doinu eta estilo berezi eta ederrean, baina apaingarririk gabe. Betiere kontakizun xumea erabiliaz, arpegio konplikatuak ez batizaizkio interesatzen Balderi, eta Arzallusek ez baitu haren ahotsa apropiatu eta eraldatu nahi izan.
Are gehiago, bidaiaren zatirik konplikatuenak, morbosoenak, gogorrenak... epikoeenak izan zitezkeenak, ez ditu kontatu nahi Ibrahimak. Ez du gure pena bilatu nahi; ez du heroiaren protagonismorik gura. Aitzitik, Ibrahimak ez du "hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guztia. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik, ez nizuke hitz egin nahi holako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena". Nuria Canok dioen moduan, Miñanen ez dago metaforarik, ezta trikimailurik ere. Idazleak aditu eta idazten du. Hitzak soilak eta gardenak; narrazioa bizia.
Tragedia kontatzean duenean, hartara, Ibrahimak ez ditu gertakariak areagotzen, ez ditu sufrikarioak handitzen, "bizitza hola da, eta ezin duzu inoiz esan: nik inork baino gehiago sufritzen dut". Ezta juzkatzen ere, hori irakurlearen esku geratuko baita.
Azken batean, barrua lehertzear duen pertsona baten kontakizuna da Balderena, barrua husteko bere bizitza kontatu beharra sentitzen duenarena. Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharraren lekua hartuko du. Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer. Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.
Poztuko ginateke liburu honek, zati batean gutxienez, armairua husteko balio izan badio! Irakurlearentzat, bederen, balio handikoa izanen da.
Miñan, barrua betirako astinduko dizun kontakizuna, zure ingurukoen artean gomendatuko eta oparituko duzun liburu horietako bat.
Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde (Susa, 2019)
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Ni Ginean sortu nintzen, baina ez Ginea Bissaun, ez Ekuatore Ginean. Bada beste Ginea bat Konakry duena hiriburutzat. Sei herrialderekin egiten du muga. Hiru esango dizkizut: Senegal, Sierra Leona eta Mali. Han gertatu nintzen sortzean.
Ni fula etniakoa naiz, eta gure hizkuntza pularra da, baina hitz egin nezake malinkez. Susuz ere moldatzen naiz. Ginean hogeita bost hizkuntza hitz egiten dira. Frantsesa ere bai. Hogeita sei. Hori ere badakit, eskolan ikasi nuelako. Baina ni fula naiz, pularrez hitz guztiak dakizkit. Susuz mila hitz baino gehiago. Eta malinkez susuz baino pixka bat gutxiago. Frantsesez ez dakit zenbat hitz dakizkidan.
Nire erditzea Konakryn izan zen, aita han bizi zelako, baina sortu bezain laster herrixkara itzuli ginen, Thiankoira. Thiankoi itsasotik urrun dago, eta Kankalabetik hurbil. Eskualdearen izena Mamu da, eta prefekturarena Dalaba. Ni han bizi izan nintzen bost urtera arte, amarekin. Aita euri garaian etortzen zen, martxoan, amari lurra lantzen laguntzera. Eta nire atzetik beste hiru anai-arreba sortu ziren.
Gure etxean hamabi edo hamahiru behi genituen, eta nik amari laguntzen nion horiek gobernatzen. Beste batzuetan, amak ur bila bidaltzen ninduen, eta putzura joaten nintzen, puiser de l’eau. Bestelako lanak ere egiten nituen, arropak garbitu eta bere ondoan egon. Gutxi gorabehera horiek dira nik amarekin ditudan oroitzapenak. Bost urte nituenean aita etorri zen nire bila.
...............................
Nik, aukeran, nahiagoko nuen seme zaharrena ez izan. Beharbada bigarrena, edo azkena, baina zaharrena ez. Horrek gauzak pixka bat aldatuko zituen. Baina hori jainkoak erabaki du, eta nik ezin dut ezer esan. Gure etxera ni lehen posizioan iritsi nintzen, eta bigarren posizioan Alhassane.
Liberiatik itzuli nintzenean Alhassane haurra zen artean, baina gauzak ulertzen hasia. Falta izan nintzen denboran asko handitu zela iruditu zitzaidan. Etxeko zaharrena zarenean askotan gertatzen da hori, ardurak gorputza luzatzen du. Gainera bere irakasle denek esaten zuten, “haur honek gauzak azkar ulertzen ditu”.
Ama ospitalera eraman genuen egunean, “koto, zuk zer egingo duzu orain?” galdetu zidan. Koto, gure hizkuntzan, anaia handia da. “Ama gaixo dagoen artean ni etxean geratuko naiz”, erantzun nion, “ez naiz Liberiara joango”. Alhassanek ez zuen ezer esan, baina oso pozik jarri zen. Irri egin zuen, ezpainekin. Eta begiekin.
................................
Azkenean bi urte pasatu nituen etxean. Egun askotan ama indarrik gabe jaikitzen zen, eta hamaka batean etzan behar izaten nuen. Orduan ni bihurtzen nintzen ama. Ur bila joaten nintzen putzura, eta egurra ekartzen nuen. Gero behiak gobernatzen nituen, eta arreba txikien katiluak garbitzen. Etxeko lanak holatsu dira. Etxe gehienetan amak egiten ditu baina gurean nik egiten nituen.
Lan horien artean bazen bat nik maite nuena. Arreba txikiak bizkarrean hartzea. Horretarako oihal batekin korapiloa egin behar da. Hemen ez da asko ikusten, baina Afrikan denek ezagutzen dute haurrak lepora lotzeko korapiloa. Pixka bat konplikatua ematen du, baina bi aldiz egiten baduzu hirugarrenez lotzea ez da oso zaila. Inportanteena oihala luzea izatea da.
Nik bi arreba txiki ditut, Fatumata Binta eta Rouguiatou. Uste dut hori lehenago ere esan dizudala. Rouguiatou txikiena da eta hola idazten da: Rou-gui-a-tou. Fatumata Binta pixka bat zaharragoa da, hiru edo lau urte, eta idazteko ere luzeagoa da. Baina ahoz esaten denean Fatumata jaten da, eta Binta bakarrik esaten da.
Nire bi arreba txikiak ez dira sekula eskolara joan, baina azkena telefonoz hitz egin nuenean Bintak esan zidan ikasten hasi nahi zuela. Nik, “noski”, erantzun nion, “orain handitzen ari zara, eta eskolara joan behar duzu, eta gero ofizio bat ikasi”. “Adibidez zer?” galdetu zidan. “Beharbada josten, edo brodatzen, gustatzen zaizu hori?”. Baietz erantzun zidan.
..........................
Hamahiru urterekin zamak eramatea ez da lan erraza. Ni artean txikia nintzen eta garraiatzen nituen kartoiak ordurako handiak ziren. Kartoiak fruituz beteta zihoazen, batzuetan ananaz eta besteetan ahuakatez. Edo bestela jantziz. Eta baziren beste batzuk, nik ez dakit zer zeramaten barruan, baina indarrik gabe uzten ninduten. “Ezin dut”, esaten nion jendeari, “kartoi hau ni baino indartsuagoa da”. “Oke”, erantzuten zidaten, “beste norbait bilatuko dugu”, eta ez zidaten sosik ematen.
Azkenerako Watazaiko jendeak nirekin konfiantza hartu zuen, eta nire izenez deitzen ninduen. “Ibrahima, etorri colis hau eramaten laguntzera”, edo, “Ibrahima, tori dirua”. Hori niretzat garrantzitsua da, hurbiltasuna erakusten du. Baina gauero ni ezagutzen ninduten denak desagertu, eta bakarrik gelditzen nintzen. Orduan geltokira itzultzen nintzen. Han, lurrean kartoiak zabaldu eta ohe txiki bat egiten nuen. Liberian kalean lo egiten ikasi nuen.
Hiru hilabetean hala bizi izan nintzen, lana merkatuan eta loa geltokian. Azkenean denboraren kontzientzia pixka bat galdu nuen. Beraz, orain kontatu nahi dudana ez dakit zehazki zein egunetan zen, baina badakit asteburua zela, larunbata edo igandea.
Gizon bat ikusi nuen garaje batean. Mekanikan ari zen, eta eskuak zikinak zituen. Ni hari begira gelditu nintzen, eta hura niri. “Ginearra zara?” galdetu zidan. “Bai”, nik. “Bagara bi”, hark. Bizkarra eman eta lanean segitu zuen. Bi minutu, beharbada hiru. Atzera begiak jiratu eta, “zertara etorri zara Liberiara?” galdetu zidan. “Nire etorkizuna planifikatzera”, erantzun nion. “Gurasorik baduzu hemen?”. “Ez”. “Lan egiten duzu?”. “Merkatuan jendeari laguntzen diot zamak eramaten”. “Eta uste duzu modu horretan planifika zenezakeela etorkizuna?”. “Ez, baina ez daukat beste aukerarik”. Berriro isildu zen, eta hala egon ginen luzaroan, ni hari begira eta hura lanean.
“Nik ere nahiko nuke lan bat”, ausartu nintzen. Ez zidan erantzun. Kamioi baten motorra konpontzen ari zen. Bukatu zuenean burua altxatu eta, “zer lan egin nahiko zenuke?” galdetu zidan. “Gidaria izan nahiko nuke, txikitatik gustatzen zaizkit kamioi astunak, gazte bat ikusten badut kamioia gidatzen begira-begira egoten naiz”. Hori dena segidan eta gelditu gabe esan nion. “Ni kamioi gidaria naiz”, erantzun zidan, “baina zu txikiegia zara aprendiz hartzeko. Zenbat urte dituzu?”. “Hamahiru”. “Txikiegia zara”. “Badakit, baina moldatuko naiz, zuk nik egin nezakeen guztia eskatu eta egingo dut”. Bi aldiz errepikatu nion hori, beharbada hirutan, eta itxaroteko esan zidan, denbora pixka bat behar zuela pentsatzeko. “Oke”, erantzun nion. Eta merkatura itzuli nintzen.
...........................................................
Nik ez bainuen abenturara abiatzeko intentziorik. Ni kamioiak gidatzen ikasten ari nintzen, eta pentsatzen dut pixka bat segitu banu laster lanean hasiko nintzela. Ofizio horrekin nire familia mantentzeko modua izango nuen Gineatik atera gabe. Hori zen nire helburua. Baina anaia txikiak alde egin zuen eta nire destinoa aldatu zen.
(...)
Eta badakit zer galdetuko didaten, ea zergatik ez nintzen etxera itzuli, nire destinoa ez bazen Europa. Nik ere askotan galdetzen diot hori neure buruari, eta ez da esplikatzen erraza. Baina esango dizut. Bat, kulpa batek kolpatzen zaituenean zaila da zure bidea aurkitzea. Bi, Aljeriaraino edo Libiaraino iritsi zarenean, atzera egiteko beranduegi da, etxea urrunegi gelditu zaizu. Eta hiru, nik ez dut nire amaren begiek ni ikusterik merezi. Hori da egiazki pentsatzen dudana.
..................................................
Tuaregen eskuetan gelditzen zarenean ez zaude ez aurrean, ez atzean, erdian zaude, ezerezaren erdian. Eta halako batean kartzela bat ikusten duzu, basamortuaren bihotzean. Kartzela bat helduek eta haurrek zaindua. Han, denek dituzte kalaxnikovak soinean. “Non nago?” galdetzen duzu, eta Taalandan zaude.
(...)
Zu zure txokoan zaude, lurrean etzanda, edo eserita. Lurra hondarrezkoa da. Norbaitek zure izena esango du, edo bestela izenik gabe deituko zaitu, “toi, viens ici”. Orduan, erdira atera beharko duzu. Erosi nahi zaituena haraino sartuko da eta zuri begira hasiko. Goitik behera. Behetik gora. Gero, “oke”, esango du.
Beste bati deituko diote. Erosleak hari ere goitik behera begiratuko dio, zuri bezala. Eta itzuli osoa bukatutakoan, esango du, “nik hau eta hura nahi ditut”. Tuaregak prezio bat proposatuko dio, eta hark berriz begiratuko dizu. Goitik behera, eta behetik gora. Eta dirua emango dio tuaregari.
Baina ni ez ninduten erosi. Etorri ziren ni begiratzera, behin, bi aldiz, hirutan, baina ez ninduten eraman. Eta han gelditu nintzen, hiru egunez, Taalandan.
..................
Basamortuan zoazenean, batzuetan, haize handiak jotzen du. Ezin zara ibili ere egin. Gelditu egin behar duzu, eta babestu, hondarrak minik ez emateko. Han egongo zara ordubetez. Edo bi orduz. Haizea nekatzen bada zuk zure bideari segituko diozu.
Hiru egun egin nituen oinez. Hirurogeita hamabi ordu. Ura edanez bakarrik. Beti bideari ihesi. Batzuetan izutzen nintzen, “hor zerbait dago”, pentsatzen nuen, eta makurtzen nintzen. Gero, “hor ez dago ezer”, ikusten nuen, eta berriz abiatzen nintzen, nekatu arte. Begiak ixten nituen, ireki arte. Eta berriz abiatzen nintzen, nekatu arte. Azkenean argi batzuk ikusi nituen. “Hori Timiauine da”, pentsatu nuen. Eta hala zen.
........................
Bordj ehun eta berrogeita hamabost kilo. Baina Timiauinetik Bordjera ez da Taalandatik Timiauinera bezala. Hondarra berdina da, eta haizea ere bai, baina bidea gudroizkoa da, eta hola errazagoa da, azkarrago ibiltzen zara. Bordj ehun eta hogei kilo. Hiru lagun ginen, ni, Ismail txikia, eta Maliko bat. Tarteka beste norbait ikusten genuen, hondarretan, gorpu, postura arraroan. Aurpegian egarria, egarri handia. Basamortua hola da. Bordj laurogeita hamar kilo. Maliarrak ezin zuen gehiago, eta bide ertzean gelditu zen. Guk aurrera egin genuen, zer egingo genuen bestela? Bordj hirurogei kilo. Ismail txikiak suge luze bat ikusi zuen, bidea zeharkatzen. Zain egon ginen, erdi ezkutuan, sugea desagertu arte. Gure herrian sugeari zerbait eginez gero zorte txarrari deitzen diozu, beraz, bidean zoazenean sugeak du lehentasuna. Bordj berrogei kilo.
Gauez lo egiten genuen, hondarretan etzan, eta lo. Loa garrantzitsua da, indarra hartzeko, eta pixka bat ahazteko. Ahazten duzunean zure gorputza arinagoa da, eta errazago ibiltzen zara. Bordj hogeita bost kilo. Lau egun egin genituen bidean, eta bosgarrenean Bordjera iritsi ginen.
............................
Tarteka taza erdi bat ur ematen zidan. Orduan, egarri bizia lotzen zitzaidan gorputzean, eta taza ahotik kentzen zidan. Ur gehiago eskatu eta zafrako bat jasotzen nuen. Egarria kentzeko. “Nahikoa edan duzu”. Taza erdi bat ur.
Nahikoa, ez hiltzeko. Haren helburua hori zelako, nik sufritzea, baina ez hiltzea. Hilez gero ez nuen bost zentimo balioko, eta ez nion inori deituko dirua bidal zezan erregutuz. Horregatik ematen zidan, noizbehinka, taza erdi bat ur.
Bi taza erdi ur, hiru egun.
Hiru egun oso pasatu nituen han, hogeita lau orduan pertsona bat ni torturatzen. Baina ez nintzen ni bakarrik. Nirekin batera beste ehun zeuden, edo ehun baino gehiago, ez dakit, ez nituen kontatu. Baina entzuten nituen, gizonak eta emakumeak. Haurrik ez. Emakumeek negar egiten zuten, eta garrasi, gau guztian, gelditu gabe. Bat isiltzen zenean bestea hasten zen, eta hura isiltzean bestea. Eta au suivant.
Gure torturatzaile guztiak zibilak ziren, zu eta ni bezalako jendea. Torturatuak ere berdin, emakumeak eta gizonak, denak nire trazakoak. Inork ez zuen ezer egin han egoteko. Ni nire anaia txikiaren bila joan nintzen Libiara, beste guztiak Europarako programa baten ametsean. Baina gu torturatzen ari zirenei hori dena bost.
Nik ez nuke hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guztia. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik, ez nizuke hitz egin nahi holako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena.
.........................
Libian stock handia dago, trankilo-ak beteta daude, presondegiak ere bai.
Taf-taf-taf, “egun batean zuek denak hilko zaituztegu”. Haur batek esan zidan hori, begietara begira. Uste dut kontatu dizudala lehenago, baina berdin du, orain berriz esaten dizut, zuk ez ahazteko, zuk jakiteko Libia zer den. Hango arabiarrak politak dira, larruazal argia dute, baina haien barrua harpe ilun bat da. Eta kalaxnikova, orain, haien gorputza da. Berdin dio mutiko izan edo neska, zahar edo haur, denek pentsatzen dute taf-taf-taf.
Itsasoak ere laguntzen die horretan. Baina itsasoa ez da itsasertzean hasten. Trankilo-etan hasten da. Immigrazioa stockatzen duen campo bakoitzak bere programa propioak antolatzen ditu. Zuk dirua kotizatuko duzu, hiru mila, edo hiru mila eta bostehun, nahi baduzu gehiago. Baba Hassanek nahiago du gehiago bada. Orduan zerrenda batean sartuko zaitu eta zerrenda betetzean zodiak bat antolatuko du.
Zodiaka ez bada Europara iristen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Abiatu aurretik soldaduak ur ertzean geldiarazten badu, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Edo abiatzean, zu, izutu eta ez bazara zodiakera igotzen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere kalaxnikova, eta taf, hil zaitu. Bai, tiro bat aski. Hori hola da.
Esplikatuko dizut.
Zodiaka beti da gauez. Puztu ere itsasertzean eta azken momentuan egiten da. Bien bitartean zu zain zaude, bazter batean. Puzten bukatzean libiarrak, “yallah yallah”, esango dizu, “azkar-azkar”, abiatzeko ordua da. Batzuetan guba motz bat jantziko duzu, baina gehienetan guba-k ehun dira eta programa-k ehun eta berrogeita hamar, eta berrogeita hamar pertsona ezer gabe abiatuko dira. Baina momentu horretan dena da yallah yallah, ez duzu galderarik egin behar.
Libiarra zodiakari bultzaka hasiko da, eta motorra piztuko du. Zuretzat mugimendu hori arrotza da, zeren eta zu ez zara inoiz uraren gainera igo. Agian ez duzu sekula itsasoa zeure begiez ikusi, baina ez da galderak egiteko momentua, orain hor zaude, uraren gainean eserita, eta abiatzeko unea da.
Hemen dago Libia, hor Tunisia, eta han Italia, tarteko dena itsasoa da. Eta itsasoa tonbola bat da. Zuk badakizu jende asko ez dela beste aldera iristen, baina libiarrak, “yallah yallah”, esango dizu. Itsasoa zakarra bada ere berdin du, zodiakari sakatzen segituko du, ez du begiratuko zer aro datorren. Hark nahi duen bakarra da zodiaka jendez betetzea, eta gainezka egiten badu nahiago.
Batzuek, ikaraturik, ezetz esaten dute, ez dutela nahi, eta azken orduan ontzira igo gabe gelditzen dira. Arabiarrak oihu egingo du, “igo nahi duena igo dadila, yallah, azkar”, eta ikaratu dena ontzitik kanpo geldituko da, hondarretan, bere guba jantzita.
Hura da erortzen lehena, taf, tiro bat aski da. Ur ertzean hilko dute, ez dezan bere dirua erreklama. Edo ez dadin trankilo-ra itzuli, eta portu horretan ikusi duena besteei kontatzen hasi. Horrek beldurra zabalduko duelako eta Baba Hassanek klienteak galduko dituelako. Hori Baba Hassanentzat ez da ona. Beraz, libiarrek ez dute inor behartzen zodiakera igotzera, baina igotzen ez dena bertan hiltzen dute, besteen begien aurrean, taf.
Batzuetan pentsatzen dut, lortuko ote dut hau dena ahaztea? Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharraren lekua hartuko du. Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer.
Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.
..................................
Inoiz, etxera itzultzen banaiz, eta ama eta arreba txikiak han badaude, kontatu nahiko nieke zuri kontatzen ari naizen guztia. Pixka bat uler nazaten, haiek ere. Ez baitakite ezer. Telefonoko kreditua motza da eta bidea luzea. Baina egun batean, hara itzultzen banaiz, eta han badaude, haien alboan eseri, eta kontatuko diet.
Bizitza ez da esaten erraza. Lehenik Mali, gero Libia. Taf-taf, eta torturak. Bai, hori dena egia da, hola ibili nintzen Alhassaneren bila. Baina hura, zodiak batean enbarkatu, eta itsasora abiatu zen. Ehun eta berrogeita hiru pertsona, eta bera. Nik ez nekien ezer. Harik eta ostiral batez, otoitzetik itzultzean, naufrage hitza entzun nuen arte. Orduan ulertu nuen, “c’est fini, erori zait eskuetatik”.
Hori dena kontatuko diet.
Eta badakit zer galdetuko didaten, ea zergatik ez nintzen etxera itzuli, nire destinoa ez bazen Europa. Nik ere askotan galdetzen diot hori neure buruari, eta ez da esplikatzen erraza. Baina esango dizut. Bat, kulpa batek kolpatzen zaituenean zaila da zure bidea aurkitzea. Bi, Aljeriaraino edo Libiaraino iritsi zarenean, atzera egiteko beranduegi da, etxea urrunegi gelditu zaizu. Eta hiru, nik ez dut nire amaren begiek ni ikusterik merezi. Hori da egiazki pentsatzen dudana.
...............................
Lehenik helikopteroa, gero barku bat. Salvamento marítimo. Koloretik antzeman nion, basoan esplikatu zidatelako, “zuek salbatzera etorriko den barkua laranja baten kolorekoa izango da”. Huraxe zen. Denak oihuka hasi ginen: “Boza! Boza! Boza!”.
Oihu hori afrikarren arteko kantua da. Itsasoko abentura ongi bukatzen denean egiten da. “Boza! Boza! Boza!”. Tangerreko edo Nadorreko basoan, programa bat Europara iritsi dela jakiten denean, azkar zabaltzen da berria, “atzo ehun lagunek boza kantatu zuten”.
Miñán, Arzallus eta Balde