Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Harjo, harjua: harrak jandako fruta... eta fruta jaten duen harra

Asier Sarasua 2021/10/23 22:20
Harrak jandako frutari esaten zaio "harjoa". Gure eskualdean, baina, fruta jaten duen harrari berari ere esaten zaio (jatorrizko "harrak jo" sintagmatik sustantibo bihurtua, pare bat txiribuelta linguistiko eman eta gero).

Eibarren eta inguruko herrietan elkarrizketak eta inkesta etnolinguistikoak egiten jardun izan dudanean, animalien izenak jasotzea izan da nire zaletasunetako bat. Gehienbat txori-izenak jasotzea, jakina, baina baita beste edozein animalia, koko eta mamorrorena ere.

Jasotako izenen artean atentzioa deitu zidan izenetako bat "harjoa" izan zen. Harrak jandako frutari esaten zaio harjoa. Jatorrizko "harrak jo" perifrasitik dator gaur egun darabilgun harjo hori. Sagarra harjua dago (harrak joa edo harrak janda, alegia). Nolabait "lokartu" diogunean bezala (jatorriz "loak hartu" denean).

Euskalki gehienetan (eta euskara batuan) izenondoa da, hortaz, harjoa (ikus Elhuyarren); frutaren ezaugarri bat.

Eibar inguruko eskualdeetan, ostera, harjo berba horrek beste txiribuelta linguistiko bat eman du eta izenondo izatetik, ekintza hori egiten duen eragilea izendatzera igaro da. Hau da, harjua da fruta jaten duen harra bera. Sustantiboa, beraz. Harjua edo harkua, zomorro bat, orduan: sagar, madari, okaran, piku eta gereziak jaten dituzten harrak.

Deba Ibarrean eta Bizkaia sortaldean hartzen du (gutxienez) bigarren adiera hori. Eibarko, Bergarako eta Oñatiko hiztegietan jasota geratu zen. Orotariko hiztegian ere agertzen dira adiera horien hainbat adibide.

Eibarko hiztegi digitalean 2 esangurak agertzen dira (modu ez oso argian):

harjo (harko). iz. (EEE). Gusano de fruta; agusanado,-a. "Harrak eginda dagoen fruta" (EEE, 83). / Frutian harra. Aurtengo sagarra, gehixenak harjua. / Aurtengo sagarrak harjua dauka.

Bergarakoan ere antzera:

arkúa: Frutaren harra. Gusano de la fruta.

Alderdi linguistiko bitxi honetaz gain, eta erdi-galdutako berba baten xarma izateaz gain, niri neuri ilusio berezia egiten didate harjuek eurek. Intsektizidaz eta plagizidaz betetako mundu honetako azkenengo mohikanoek. Berdin letxuga-orri artean agertzen diren marraskilo, txantxurkilo eta koko txikiek ere. Superbibienteak! Afaria alaitzen didate. ;))

Harjua eta sagarra

La Mancha hezea, txoritarako inguru berezi eta aberatsa

Asier Sarasua 2021/10/03 13:15
Kuku mottodunak, gangak, basoiloak, ahate buruzuriak, zertzeta marmolaireak... hegazti esteparioak zein urtarrak behatzeko leku ederra dira Ciudad Real inguruan sakabanatuta dauden urmael eta ordoki hauek.
La Mancha hezea, txoritarako inguru berezi eta aberatsa

Tablas del Záncara

La Mancha Húmeda deitzen diote Ciudad Realen (eta Mantxako inguruko probintzietan) bizirik dirauten hainbat aintzira, 'tabla' eta hezeguneri. Babes bereziko naturguneak dira, bertan aurkitu daitezkeen animalia eta landare komunitate aberats eta bereziengatik.

Daimielgo Tablak dira inguru zabal honetako naturgunerik ezagunenak, baina dozenaka toki gehiago ere badaude, txorizaleentzat oso interesgarri direnak. Hezeguneak eurak ez ezik, baita inguruko landa-lur eta sailak ere. Esate baterako, kuku mottodunak, ahate buruzuriak, ardeidoak, gangak, karrakak edo basoiloak ikusteko leku aparta da ingurumari hau.

Gizakiaren jardunak ia desagertzeraino idortu ditu Mantxako hezegunerik gehienak, baina oraindik bada nora joan eta zer behatu. Alcazar de San Juan, Manjavacas, lagunas de Pedro Muñoz, Navaseca, Tablillas del Záncara... txoriketan jarduteko leku on-onak dira (webgune teknikoki kaskar honetan aurkitu dut hezegune hauen inguruko informaziorik zehatz, zabal eta praktikoena).

2021eko ekainean 5 egun pasatu nituen txoritan Alcázar de San Juan eta inguruko lautadetan eta hementxe azal-azaleko laburpen bat, egondako tokiak eta ikusitako espezie nagusiak. Uda ez da sasoirik onena bisita hau egiteko, seguru asko, baina edozein garaitan aurkituko dugu zer beha eta zer goza Mantxa aldeko hezegune hauetan (amaieran zerrendatu ditut egonaldi honetan ikusi eta identifikatutako espezieen zerrenda).

Mantxa hezea 18

Beltzaranak (Plegadis falcinellus). Navasecako urmaeletan (Ciudad Real).

Complejo lagunar de Alcázar de San Juan

La Veguilla (Alcazar de San Juan). Mantxako urmaelik ezagun eta garrantzitsuenetakoa. Uretan ez ezik, inguruko lurretan ere espezie interesgarri franko aurki daitezke. Txori-behaketarako nahiko ondo prestatuta dago La Veguilla (behatoki egoki samarrak, ibilbideak markatuta...). Espezie interesgarri batzuk ikusteko primerakoa da Veguillako urmaela (flamenkoak, koartza mota ugari, zingira-mirotzak, lezkariak,...), bereziki galtzeko zorian izan ziren eta oraindik mehatxatuta dauden ahate buruzuriak eta zertzeta marmolaireak.

La Veguilla ondoan, Complejo lagunar de Alcázar de San Juan izeneko naturgune babestuan, beste 2 aintzira ere badaude. Laguna de las Yeguas (udan lehortu egiten da, zeharo) eta Laguna del Camino de Villafranca. Azken hori oso zabala da eta primerakoa zankaluzeak (limikoloak) eta larido-esternidoak (itsas enarak, txenadak, kaioak, antxetak...) behatzeko. Hala ere, hezegune honetan hegaztiak behatzea zailagoa da, ez dagoelako behatokirik eta errepideak ur-bazterretik urrun samar geratzen direlako, oro har.

Mantxa hezea 04

La Veguillako aintzirak dozena erdi behatoki ditu, gehienak nahiko toki egokian kokatuta eta egoera onean.

Mantxa hezea 07

Lezkari arruntak (Acrocephalus scirpaceus) La Veguillako bazter guztiak betetzen ditu bere kantuarekin.

Mantxa hezea 17

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) galzorian egon zen duela urte gutxi. Azkenaldian bere populazio egonkortzen eta hazten ari da. Mantxa Hezea da espezie hau behatzeko tokirik onenetakoa.

Mantxa hezea 26

Zertzeta marmolairea (Marmaronetta angustirostris) ere mehatxatutako espeziea da. Alcazar de San Juanen eta aldameneko Pedro Muñozen espeziea berriro sartzeko programak arrakasta izaten ari da.

Mantxa hezea 28

500 flamenko baino gehiagoko taldea La Veguillan lotaratzen.

Tablas edo Tablillas del Záncara

Alcázar de San Juan hegoaldean dago Tablas del Záncara naturgunea, Záncara eta Gigüela ibaiek bat egiten duten lekua (Junta de los ríos izenez ere ezaguna). Lehenengoak ur geza darama, bigarrenak gazia, eta biak elkartzean, ezaugarri ekologiko berezi eta aberatsak dituen naturgune zoragarria sortzen da inguru zabal honetan.

Zoritxarrez, gaur egun erabat txikituta dago jatorrizko urmaela. Garai batean 3.500 hektarea estaltzen zituen urak bi ibaien arteko eremu honetan; gaur egun 150 hektarea besterik ez dira, urterik euritsuenetan.

Jatorrizko altxorraren adibide txiki bat besterik ez da geratzen, beraz, gizakion eraginaren ondorioz, baina hegaztientzat oraindik leku garrantzitsua da, bere txikitasunean. Karrakak, argi-oilarrak, basoilo txikiak, erle-txoriak, Naumann etxe-belatzak, atalarrak, galeperrak, eperrak, usapalak... erruz ikusten dira bazterrotan. Gehienbat goizeko lehenengo orduetan, jakina. Gipuzkoar batentzat, leku exotikoa, zeharo.

Mantxa hezea 01

Ugaztunen artean untxiak dira ugarienak. Ehunka ikus daitezke edozein parajetan. Hainbeste untxi egonda, arraroa egin zitzaidan hain harrapari gutxi ikustea (arrano ertain eta handientzat paraje egokia izan zitekeen, baina ez nuen bakar bat ikusi; beharbada habia egiteko leku egokiak faltako zaizkie).

Mantxa hezea 30

Naumann belatza (Falco naumanni), espezie migratzailea, iberiar penintsulako harrapari txikienetakoa. Kolonia txikietan kumatzen dira, batez ere gizakion eraikuntzetako zuloetan (etxe-belatza ere deitu izan zaio Naumann belatzari; izen egokia iruditu zait beti).

Mantxa hezea 31

Karraka europarra (Coracius garrulus), nire espezie gustukoenetako bat. Jatorri afrikarreko espezie honen urdin dirdaitsuak kolorez betetzen ditu Europa hegoaldeko ordokiak.

Mantxa hezea 32

Atalarra (Burhinus oedicnemus), gure "Juanito txistularia", halaxe entzuten delako goizalde eta ilunabarretan, txistulari, liruli-liruli.

Mantxa hezea 27

Esango nuke azkenengo kuku mottodunak XX. mendean ikusi nituela. Ederra izan da espezie hau berriz ikusi ahal izatea (6-8 ale ikusi nituen), espezie iheskor hau ondo behatzea gaitza den arren.

Manjavacas (Mota del Cuervo, Cuenca)

Hezegune gehienak Ciudad Realeko probintzian dauden arren, salbuespen den Manjavacas (Mota del Cuervo, Cuenca) da lurralde hauetako naturgunerik gomendagarrienetariko bat. Babestutako naturgunea da, batez ere hegazti negutar eta migratzaileentzat duen garrantziagatik.

Bizpahiru arrazoi aipatuko nituzke Manjavacaserako bisita aholkatzeko. Garrantzitsuena: txenada mokobeltz (Gelochelidon nilotica) kolonia ikusgarria dauka eta espezie hau ikusteko leku paregabea da. Gainera, inguru osoa ere aberatsa da, alboan dituen landa eta lur-sailekin, eta bionaniztasun handia dauka. Bukatzeko, 8 kilometroko perimetroari itzulia emateko bidexka bat dauka (oinez, bizikletaz edo kotxez) eta pare bat behatoki ere baditu. Leku eder bat txoritan jarduteko.

Manjavacaseko hezegunea da Mota del Cuervoko urmaelik zabalena eta ur gehien izaten duena (udan gutxi), baina bere inguruan beste 4-5 aintzira txikiago ere badaude, tarteka baizik ureztatzen ez direnak: Sánchez Gómez, Alcahozo, La Dehesilla, Navaluenga eta Maljarejo. Aintzira-multzo osoa eta bere inguruko eremu guztia daude babestuta.

Mantxa hezea 12

Txirritxo handia (Charadrius hiaticula), Europa iparraldean, Eskandinabian, Siberian, Groenlandian... kumatzen den espeziea, lotsabako eta lasai, Manjavacasen.

Mantxa hezea 14

Complejo Lagunar de Manjavacas (Mota del Cuervo, Cuenca). Udan nabarmena da aintzira hauetako gehienen gazitasuna.

Mantxa hezea 20

Mantxako hezegune gehienetan aurkituko ditugu flamenkoak, aintzira gazi hauetan ingurune egokia aurkitzen baitute elikatzeko eta ugaltzeko.

 

Daimiel eta Navaseca

Mantxa heze honetako padura eta hezeguneen arteko izen nagusia eta ustezko izarra da Daimiel. Parke Nazionala, ZEPA, Biosferaren erreserba... babes teoriko guztiak ditu eta sekulako potentziala daukan eremua da... baina burua altxatu ezinda dago 1990. hamarkadatik. Lehorreko labore tradizionalen ordez sail ureztatuak ezarri dira azken hamarkadetan Mantxako eskualderik gehienetan eta Daimielgo Tablak urez hornitzen dituzten akuiferoak gero eta okerrago daude. Daimiel urik gabe ari da geratzen; eta, urik gabe, bizitza ere badoa.

Horren ondorioz, garai bateko aberastasuna galtzen jarraitzen du Daimielek eta itxura pobrea dauka ia beti, zer esanik ez udan.

Daimiel pobrearen alboan, ostera, ezusteko ederra ematen du bere arreba txikiak, Navasecak. Daimiel herri alboan dago eta, urte guztian zehar daukanez ur-maila egonkorra (E.D.A.R.eko urak jasotzen ditu), une honetan oso leku egokia da Navaseca txoriketarako. Perimetro guztia egin daiteke oinez (4-5 km) eta hagitz ongi dago egokituta hegaztiak behatzeko, behatoki on bezain ugariak dituelako. Ingurumari hauetara hurreratzen den txoriburuarentzat must bat da Navaseca.

Navasecan oso erraz ikus daitezke hainbat espezie urtar interesgarri (flamenkoak, beltzaranak, ahate buruzuriak, uroilo urdinak, abozetak, mota guztietako zankaluzeak...) eta bere inguruko lur-sailak ere oso erakargarriak dira txorizaloentzat, gangak, atalarrak, erle-txoriak, mozoloak... eta abar ikusteko. Ezusteko ederra izan zen Navaseca.

Mantxa hezea 15

Navasecako naturgunea, leku aparta txoriketarako.

Mantxa hezea 16

Mozolo arrunta (Athene noctua).

Mantxa hezea 19

Uroilo arrunta (Gallinula chloropus), espezie ugaria hezegune guztietan. Uroilo urdinik ez nuen ikusi, ostera.

Mantxa hezea 21

Antzara hankagorriztak (Anser anser) habiagile arruntak dira Manjavacasen.

Mantxa hezea 22

Mantxako hezegunerik egokiena da Manjavacas txoriak behatzeko. Perimetro guztia egin daiteke oinez eta dozena erdi behatoki daude bertan. Ur-maila egonkorra da urte guztian zehar eta hegazti populazio handiak ikus daitezke urtaro guztietan, ber-bertan.

Mantxa hezea 23

Daimiel lehor zegoen 2021 uda honetan. Zoritxarrez ohikoa da hori Daimielen, baita beste urtaro batzuetan ere, naturgunearen kudeaketa negargarria dela eta.

Mantxa hezea 24

Murgilari arrea (Aythya nyroca). Galzorian dagoen espezie. Daimielen hazi egiten dituzte eta inguruko hezeguneetan askatzen.

Mantxa hezea 25

Behatokia Daimielen.

Lagunas de Villacañas

Alcázar de San Juan eta Villacañas arteko pareje zabaletan 3 urmael edo aintzira daude, hirurak ere elkarren ondoan eta oinez bisitatzeko moduan. Taray, Peñahueca eta Tirez dira hiru aintzirok.

Azkenengo biek, Peñahuecak eta Tirezek, ur gutxi izaten dute eta udan erabat lehortzen dira. Laguna del Taray, ostera, Mantxa osoko hezegunerik garrantzitsuena da, bai hedaduraz, bai balio ekologikoei dagokionez. 

Tarayko aintzira oso egokia da sternidoak behatzeko, adibidez. Txenada, antxeta eta itsas enara espezie mordoxka beha daiteke bertan, besteak beste, itsas enara musuzuria (Chlidonias hybrida) aintzira hauetan kumatzen den eta oso ugaria den sternido txikia.

Hala ere, Tarayko aintzira honek baditu zenbait arazo, hegazti-behaketa zailtzen duena. Ez nuen aurkitu ez behatokirik, ez ibilbide zehatzik; distantziak handiak dira; ur-bazterra landaretzaz beteta dago eta oso zaila da hezegunea ganoraz ikustea eta hegaztiak aurkitzea; enpresa pribatu batek kudeatzen ditu hezegune honetako behatoki egoki bakarretakoak (sarbideak kontrolatuta dituzte); uraren kalitatea eta kudeaketa, Mantxako gainontzeko hezeguneetan bezala, ez da behar bezain ona.

Hori esan ondoren, esan behar dut goiz ederra igaro nuela paraje hauetan eta Taray eta Peñahueca arteko lurrak ere oso interesgarriak direla Euskal Herrian ugariegiak ez diren zenbait espezie lasai eta gustura behatzeko, hala nola, atalarrak, alaudidoak, erle-txoriak, argil-oilarrak, karrakak, gangak, hegaberak, zingira-mirotzak, bele txikiak eta abar.

Itsas enara musuzuria

Itsas enara musuzuriak (Chlidonias hybrida) ikusteko toki ezin hobea da Tarayko aintzira. Argazkia: J.M. Garg, CC BY-SA 4.0.

Mantxa hezea 03

Hegabera (V. vanellus) Tarayko aintzira inguruan. Hiruzpalau ale ikusi nituen eta, euren jarreragatik, esango nuke euren kumeak inguruan zebiltzala eta zaintzen ari zirela. Hegaberek lurrean egiten dute habia.

Mantxa hezea 06

Peñahuecako aintzira. Udan gatza besterik ez da geratzen. Hala ere, toki polita da txoritan egiteko, estetikoki ez ezik, baita hegazti ugari ikus daitezkeelako ere. Alaudidoak, karrakak, erle-txoriak, argi-oilarrak... dozenaka ikusi ahal izan nituen.

Mantxa hezea 08

Landa-txolarrea (Passer montanus), nahiko espezie ugaria oraindik Ciudad Realeko landa eremuetan, Euskal Herrian ez bezala.

Campo de Criptana eta Pedro Muñoz  arteko parajeak

Alcázar de San Juanetik ekialdera, Cuencako mugaraino, labore-sail zabalak aurkituko ditugu, Campo de Criptana eta Pedro Muñoz herrien bueltan. Hiru herri horiek osatzen duten eremua ere toki ona da txoritan ibiltzeko.

Negu partean (eta udaberrian), zalantza barik, Pedro Muñoz herrian dauden hezeguneak dira lekurik interesgarrienak. Hiru aintzira dira: Laguna del Pueblo, Retamar eta Navalafuente. Jatorriz aintzira endorreiko gaziak ziren hirurak. Azkenengo biak halaxe dira oraindik, jausitako euriaren arabera betetzen direnak (ez urtero) eta udan idor-idor geratzen direnak. Pedro Muñoz herrian bertan dagoen Laguna del Puebloren ezaugarri fisiko-kimikoak eta ur-emaria, ostera, erabat aldatuta daude. Ur gezarekin betetzen da, EDAReko emariarekin. Horren ondorioz, urte guztian dauka ura eta fauna interesgarria, baina jatorrizko ezaugarriak erabat ditu galduta. Inguru hau, beraz, batez ere azarotik apirilera bisitatzea aholkatzen da.

Pedro Muñozeko aintzirekin batera, beste hainbat ere aurkituko ditugu Alcázar de San Juan, Campo de Criptana eta Pedro Muñoz artean. Esate baterako, Salicor, Carros eta Pajares. Udan lehortu egiten dira, baina neguan leku interesgarriak izan ohi dira.

Uda partean, hezeguneak baino interesgarriagoak dira hiru herri hauen inguruko landa-soroak eta labore-sailak. Paraje horietako espezieak behatzeko toki aparta da eta erraz aurkituko ditu txoriburuak basoilo handia eta txikia, ganga azpizuriak, atalarrak, mirotz urdinak, arrano txikiak...

Mantxa hezea 09

Basoilo handia (Otis tarda).

Mantxa hezea 29

Basoilo txikia (Tetrax tetrax).

Mantxa hezea 10

Azeria Pedro Muñoz herriko aintziran. Ez ninduen ikusi eta ia-ia hanketaraino hurreratu zitzaidan. Ederra sustoa hartu zuena!

Mantxa hezea 02

Bele "begiurdin" txikia (Corvus monedula).

Mantxa hezea 11

Haize-erroten herria da Campo de Criptana (Ciudad Real). Ezin esan Mantxako herri gehienak politak direnik; Campo de Criptanako alde zaharra eta goikaldea gozagarriak dira, ordea.

Beste hezegune, urmael eta paraje batzuk: Quero, Villafranca, Lillo, Villacañas eta Campo de Calatrava eskualdea

Nire 5 eguneko egonaldiak ez zidan eman aukerarik Mantxako hezegune eta paraje guztiak miatzeko, jakina. Goian aipatu ditudan tokietaz aparte, beste hauek ere interesgarriak izan daitezke..

  • Lillo herri inguruko aintzirak, iparraldean, Toledoko probintziaren mugan: Longar, Altillo Chica, Altillo Grande eta Albardiosa.
  • Humedales de Villafranca de los Caballeros. Gizakiak erabat moldatuta, hondartza, jatetxe eta beste hainbat azpiegiturarekin. Neguan interesgarriagoak izan daitezke, jenderik gabe. Udan familien aisialdirako gune dira.
  • Villafranca: bainurako eta aisialdirako egokitutako aintzirak dira, hegaztien ikuspegitik ez bereziki interesgarriak.
  • Laguna grande de Quero. Normalean lehor dago eta landa-lurrez inguratuta dago.
  • Ciudad Real erdi-hegoaldean badira hegaztiak ikusteko beste leku batzuk ere (lautadetako hegaztiekin eta urtarrekin batera, baita errupikola eta harrapariak ere, esate baterako), baina ez nuen astirik izan. Hurrengorako gelditu dira Poblete ingurua eta Calatrava eskualde osoa.

 

Mantxa hezea 05

Behatokia Tablas del Záncarako hezegunean. 1960 arte lautada hauek urez estaltzen ziren euri-sasoian. Garai hartako 3500 hektareetatik, gaur egun 150 hektarea soilik dira neguan ureztatzen direnak. Desastre bat.

Mantxa hezea 13Ekaitza Manjavacaseko pasabidean.


Mantxa hezean behatutako hegaztiak (2021eko ekainean)

eBird aplikaziotik erauzitako laburpena.

# Espeziea
1 Antzara hankagorrizta - Anser anser
2 Antzara egiptoarra - Alopochen aegyptiaca
3 Paita arrunta - Tadorna tadorna
4 Ahate mokozabala - Spatula clypeata
5 Ipar-ahatea - Mareca strepera
6 Basahatea - Anas platyrhynchos
7 Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris
8 Ahate gorrizta - Netta rufina
9 Murgilari arrunta - Aythya ferina
10 Murgilari arrea - Aythya nyroca
11 Ahate buruzuria - Oxyura leucocephala
12 Galeperra - Coturnix coturnix
13 Eper gorria - Alectoris rufa
14 Flamenko handia - Phoenicopterus roseus
15 Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
16 Murgil handia - Podiceps cristatus
17 Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis
18 Haitz-usoa - Columba livia
19 Pagausoa - Columba palumbus
20 Usapal europarra - Streptopelia turtur
21 Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
22 Ganga azpizuria - Pterocles alchata
23 Basoilo handia - Otis tarda
24 Basoilo txikia - Tetrax tetrax
25 Kuku mottoduna - Clamator glandarius
26 Sorbeltz arrunta - Apus apus
27 Uroilanda handia - Rallus aquaticus
28 Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
29 Kopetazuri arrunta - Fulica atra
30 Atalarra - Burhinus oedicnemus
31 Zankaluzea - Himantopus himantopus
32 Abozeta - Recurvirostra avosetta
33 Hegabera - Vanellus vanellus
34 Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus
35 Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
36 Txirritxo txikia - Charadrius dubius
37 Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
38 Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
39 Kuliska iluna - Tringa ochropus
40 Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus
41 Kaio iluna - Larus fuscus
42 Txenada mokobeltza - Gelochelidon nilotica
43 Itsas enara beltza - Chlidonias niger
44 Itsas enara musuzuria - Chlidonias hybrida
45 Zikoina zuria - Ciconia ciconia
46 Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
47 Koartza hauskara - Ardea cinerea
48 Koartza gorria - Ardea purpurea
49 Koartza zuria - Ardea alba
50 Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
51 Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
52 Beltzarana - Plegadis falcinellus
53 Mokozabal zuria - Platalea leucorodia
54 Sai arrea - Gyps fulvus
55 Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
56 Arrano beltza - Aquila chrysaetos
57 Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
58 Mirotz urdina - Circus pygargus
59 Miru beltza - Milvus migrans
60 Zapelatz arrunta - Buteo buteo
61 Mozolo arrunta - Athene noctua
62 Argi-oilarra - Upupa epops
63 Erle-txoria - Merops apiaster
64 Karraka europarra - Coracias garrulus
65 Naumann belatza - Falco naumanni
66 Belatz gorria - Falco tinnunculus
67 Urretxoria - Oriolus oriolus
68 Mika arrunta - Pica pica
69 Bele txikia - Corvus monedula
70 Belabeltza - Corvus corone
71 Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
72 Kaskabeltz handia - Parus major
73 Dilindaria - Remiz pendulinus
74 Kalandria - Melanocorypha calandra
75 Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis
76 Kutturlio arrunta - Galerida cristata
77 Ihi-txoria - Cisticola juncidis
78 Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
79 Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus
80 Benarriz gorrizta - Locustella luscinioides
81 Uhalde-enara - Riparia riparia
82 Enara arrunta - Hirundo rustica
83 Enara ipurgorria - Cecropis daurica
84 Enara azpizuria - Delichon urbicum
85 Errekatxindorra - Cettia cetti
86 Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
87 Zozo arrunta - Turdus merula
88 Urretxindorra - Luscinia megarhynchos
89 Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
90 Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
91 Etxe-txolarrea - Passer domesticus
92 Txolarre iluna - Passer hispaniolensis
93 Landa-txolarrea - Passer montanus
94 Larre-buztanikara - Motacilla flava
95 Buztanikara zuria - Motacilla alba
96 Txonta arrunta - Fringilla coelebs
97 Txorru arrunta - Chloris chloris
98 Txoka arrunta - Linaria cannabina
99 Kardantxiloa - Carduelis carduelis
100 Txirriskila arrunta - Serinus serinus
101 Gari-berdantza - Emberiza calandra

"Gauzetan", Koldo Izagirre (Ustela, 1979)

Asier Sarasua 2021/09/26 18:20
"Gauzetan", Koldo Izagirre (Ustela, 1979)

"Gauzetan" (Izagirre, 1979)

Gauzetan
Koldo Izagirre
Ustela, 1979

Gauzetan oinarritutako narrazio liriko laburrak, Koldo Izagirrek garai hartan lantzen zuen narratiba esperimentalaren ildotik. Arboletan, Elurretan, Teilatuetan, Izarretan, Uretan... izeneko ataletan dago antolatuta liburu labur hau eta, elementu arrunt horiek oinarri hartuta, ipuin poetikoak eta gogoeta fantastikoak sortzen ditu idazleak, Ramon Sanchez Lasa eta Joxan Arretxeren marrazkiekin.

Aspaldi bere bila, eta bigarren eskuko liburu zaharren artean aurkitu nuen orain dela aste batzuk.

70. hamarkadako liburu bat, euskal literatura modernoaren garai gazte eta berde hura. Isturitzetik Tolosan barruren oinordekoa; Pott Ustel eta Hordagoen sasoia; Izotza hizotz idazten zenekoa eta ilargia hilargi.

Gauzetan (Izagirre, 1979)

Hlargia nahi zuen harrapatu eta arbola gainera igan zen.

Neguan arbolak biluzik bizi izaten dira, eta hotzak daude gau eta egun.

Hilargia nahi zuen harrapatu eta negu gorria zen.

Hotzikara batek astindu zituen arbolaren beso ihartuak, eta haien artean geratu zen gatibu.

Arbola gainera igan zen negu gorria izanik.

Biharamon goizean hezur izoztu batzuk aurkitu zituzten arbola inguruan.

Arbolak ezin baitzuen hilargia neguan traizionatu.

..................

Batzuek ezpatak irensten dituzte, irentsi behar izaten dituzte; besteak trenbideetan jartzen dira arrainketan; nik berriz izarrak enboteilatzen ditut, adibidez: aukeratzen dut izarra, bibote muturretik heltzen diot eta beherantz erakartzen dut, kometa bat biltzen ari banintz bezala edo, mozten dizkiot bibotearen bi adarrak guraizeekin eta sagardo boteila huts batetan sartzen dut.

Zenbaitetan itsasoaren hondoan bilatu behar izaten dira izarrak; halakoetan arreta handiagoa eduki behar: amuan gau pusketa bat ipini eta Haizkibel atzean jarri arrantzan, goiz aldean hobe. Boteila han bertan eduki, eta sartu baino lehen ongi lehortu izarra.

Izar boteilekin keinuak egiten dizkiet urrunean doazen untziei, eta denak, bat banaka, nire ateondoraino datoz eta hementxe jotzen dute azpia, eta benetan esan ahal dut kapitainak direla untzia lehenik abandonatzen dutenak.

Tinto ibaia eta Río Tintoko meategia (Huelva): leku berezi eta eder bat

Asier Sarasua 2021/09/19 20:55
Erreka harrigarria da Río Tinto, Espainiako Huelvan dagoen ibai gorria. Hain da harrigarria eze, munduan ez duela parekorik. Inguruko lurren ezaugarri geologikoek egiten dute berezi Tinto ibaia; ezaugarri berezi horiek beroriek bihurtu dute eskualde hau, 5000 urtez, Europako meategirik zabal eta handienetakoa. #RioTinto #Ondarea #Huelva
Tinto ibaia eta Río Tintoko meategia (Huelva): leku berezi eta eder bat

Tinto ibaia (Huelva)

Herrira heldu eta lehenengo momentuan konturatuko zara leku berezi eta ederra dela Tinto ibaiaren arroa eta izen bereko herria, Minas de ríotinto. Lurzoruaren ezaugarri geologiko bakanek bihurtzen dute Río Tinto eskualdea hain berezi eta, horrekin batera, 5000 urteko giza ustiaketak ere lagundu du ingurua eraldatzen eta moldatzen, irudi harrigarriak sortuz. Neurri batean, zabortegi handi bat ere bada Río Tintoko meatzeen eta herriaren inguruan mendez mende pilatu den mineral-hondar, meatze-hobi eta garai bateko azpiegitura industrialen pilaketa erraldoi, basati eta desordenatua, baina hala ere edertasuna (edo/eta bakantasuna) ezbairik gabeak dira.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 06

Tinto ibaia, el río Tinto.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 04

Orain dela 100 urteko makinek tiratutako tren turistiko bat hartu daiteke Tinto ibaiaren arroa bisitatzeko. Udan ur gutxi dago, baina hala eta guztiz ere, erreka gorri xelebre honek marrazten dituen irudiak berezi-bereziak dira beti.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 09

Kontuz ibili oinetakoak eta arropa errekan sartzearekin. Ez dute kolorea berreskuratuko.

XIX. mende amaieran eta XX. hasieran izan zuen garairik oparoena bailara honek, meategiak enpresa ingelesen esku geratu zirenean eta baldintza negargarrietan bizi ziren 20.000 behargin bildu zituenean. Harrezkero, Europako meategirik handienetakoa izan da 150 urtez, eta bada oraindik ere.

Eskualde honetako mineralen ustiaketa askoz lehenago hasi zen, ordea, bertan bizi izan diren herri guztiek atera izan dituztelako lehengaiak lur hauetatik, izan iberiar, feniziar, erromatar zein musulman.

Meategiak bizi-bizi daude oraindik (90. hamarkadan izandako krisialdia gainditu ostean). Besteak beste kobrea ateratzen da Río Tintoko meategietatik, eta kobrea gai apreziatua da teknologiaren garai hauetan. Historia ez ezik, etorkizuna ere ba ei dute oraingoz meatze hauek.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 17

Mina de Cerro Colorado, une  honetan ustiatzen diren guneetatik handiena. Argazkia: Gabri Solera, Flickr, CC-BY-SA.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 15

Mina de Corta Atalaya. Argazkian ez dirudien arren, zulo erraldoia da, Europako handiena (eta munduko handienetakoa): 1200 m x 900 m luze-zabal eta 400 metroko sakonera.

Bisitaldia oso ondo antolatuta dago, ia egun osoko egitarauarekin: Museo txiki baina argigarria daukate herri erdian, Casa 21 etxebizitza britainiarra ere bisitatzen da sarrera berarekin, eta 2 meatze ikusteko aukera ere badago, lur azalekoa bata (Corta Atalaya) eta lurrazpikoa bestea (Peña de Hierro). Amaitzeko, postrea: Tinto ibaiaren arroan ordu t'erdiko tren-bidaia egiteko aukera dago. Orain dela 100 urteko tren batean, garai bateko trenbidearen ibilbidea jarraituz (minerala kostara zeramana eta kostaldeko jan-edanak meategietara igotzen zituena).

Denboran atzera egiten du bidaiariak, esatariaren berbekin txundituta eta Tinto ibaiaren koloreekin erdi-zorabiatuta. Azken batean Tinto ibaia bera baita, el río Tinto, bisitariak sekula ahaztuko ez duena; bere uren kolore-mosaiko aluzinante eta nahastezinak izango dira gure begi-ninietan betirako iltzatuta geratuko direnak. Hori garbi daukagu.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 18

Minas de ríotinto herrian dago museoa.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 01

Casa 21 etxe-museoa. Meategien ugazaba eta teknikari britainiarrek XX mende hasieran eraikitako auzo kolonialean bisitatu daiteke etxea hau. 1950. hamarkadan zegoen bezala dago. 10 minutuan ikus daiteke.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 16

Peña de Hierro meatzea.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 05

Tintoko trena. Trena hartu eta arro osoa bisitatzeko aukera dago (23 km inguru).

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 12

Meategien inguruan trenbide-sare txiki bat eraiki zuten britainiarrek XIX. mende amaieran. Irudi fantasmak sortzen dituzte gaur egun edozein ertzetan geratu diren tren, etxola, mea-hobi eta gainontzeko hondarrek.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 11

Minerala jaso, pilatu eta lantzeko garai bateko azpiegiturak.

Tinto ibaiak 100 km-ko luzera du eta Huelvako itsasadarrean itsasoratzen da, Odiel
ibaiarekin bat egin ostean. Izena bere kolore gorri bereizgarritik datorkio, zelan ez ba; ardo beltzarena, alegia. Ibaiaren arroan dauden metal astun sulfuroen meteorizazioak sortzen dute kolore gorri ilun hori. Prozedura hori bakterio azidofilek (Acidithiobacillus ferrooxidans, Leptospirillum ferrooxidans...) egiten dute, muturreko habitatetara egokitu diren mikroorganismoak, mineraletatik elikatzen direnak.

Horren ondorioz, Tinto ibaiaren pHa oso-oso azidoa da (1,7 eta 2,5 artekoa) eta metal astun ugari daude, halaber, bere uretan: kobrea, kadmioa, manganesoa, burdina... Hala ere, eta habitataren ezaugarriak hain muturrekoak izan arren, milioika urteko adaptazio eta eboluzioaren ondorioz, ur super-azido hauetan bizi daitezkeen hainbat organismo aurki daitezke Tinton, prokariotoak zein eukariotoak: dela bakterioak, algak zein onddoak, horietako asko endemikoak, mundu osoan hemen besterik bizi ez direnak.

Ezaugarri fisiko-kimiko eta organiko horiek bihurtzen dute horren bakar, bakan eta eder Tinto ibaia, munduan parekorik ez duena. Nonbait parekorik izatekotan, Marteko lurrazpian aurkituko omen ditu gizakiak antzeko bakterio eta bizidunen aztarnak.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 07

Tinto ibaiak edozein osin eta ur-bazterretan sortzen ditu irudi magnetikoak.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 08

pH super-azidoa izan arren, ura ikutu ikutu daiteke, baina gero ondo garbitu behar. Basahuntzak eta basurdeak uretan sartzen omen dira freskatzeko eta desparazitatzeko.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 10

Gorria more eta beltz bilakatzen da txoko eta errebuelta batzuetan.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 13

Rio Tintoko meategiak eta urlasterra.

Tinto ibaia eta eskualdea (Rio Tinto, Huelva) - 14

Corta Atalaya. Une honetan ez da mineralerik ateratzen gune honetatik, baina eremua handitzeko eta Cerro Coloradorekin lotzeko egitasmoa dago.

Eibarko mendi guztiak igotzea, #PandemiaChallenge

Asier Sarasua 2021/07/31 22:40
Orain dela urtebete nire buruari ipinitako erronka txikia: "Eibarko mendiak" izeneko mendilerroko mendi guztiak igotzea. 38 gailur izan dira azkenean, guztiak ere etxetik hasita 7 km-ko erradioan. Mendia eta kirola uztartuz, gure ingurua hobeto ezagutzea izan da helburu nagusia.
Eibarko mendi guztiak igotzea, #PandemiaChallenge

Berano errekaren sorburua, Mallabian.

Urte gora-beheratsu eta itogarria izan dugu. Orain etxealdia, orain irteteko aukera, orain udalerritik irten ezina... Hainbat fase igaro ditugu azken urte t'erdian, baina mugikortasuna murriztuta izan dugu denborarik gehienean.

Denbora nolabait bete beharra izan dugu eta, gehiago edo gutxiago, gehienok ipini diogu erronka modukoren bat gure buruari: telesailak ikustea, musika gehiago entzutea edo irakurtzea (ez nire kasuan), txori-kantuen hariak idaztea Twitterren, itxialdi perimetralak aprobetxatu eta gure herriko bazterrak hobeto ezagutzea...

Eibarko mendiak erronka 01

San Salbadorreko ermita (Eibar), Kiñarraballean.

Nire kasuan, beste erronka txiki bat ere ipini nion nire buruari, Josu Azpillaga lankidearen ideia kopiatuz: Eibarko mendi guztiak (edo hobeto, Eibarko mendiak mendilerroko mendi guztien tontorrak) zapalduta izatea urtebeteko epean. Eta horretan jardun dugu iazko maiatzetik aurtengo ekainera, gehienbat Eibartik irten ezinda egon garen aldi horietan, gure inguruko haran eta mendiak arakatzen. Horixe baitzen helburu nagusia gailurrak igotzea baino: oraindik ezagutzen ez genituen paraje, erreka, iturburu, haran eta ermitak aurkitzea. Azken batean, inguruan daukaguna hobeto ezagutzea eta naturaz gozatuz burua freskatzea, betiere gure Isats txikiaren laguntzarekin.

Eibarko mendiak erronka 05

Ilunabarra Kalamuan (Maaxa, 771 m).

Eibarko mendiak erronka 24

Arrajolatik Sosolarako harbide zaharra, delizia bat.

Eibarko mendien mendilerroa

Mendiak aplikazioa erabili dut jarraipena egiteko (CodeSyntaxen garatu dugun tresna). Hantxe agertzen dira Eibarko mendiak izeneko mendilerroa eta mendilerro horren barruan dauden 34 mendiak.

Mendilerro txikia da, ganora mugatukoa, Eibarko hau. Gutxi gorabehera, Oiz, Arno, Izarraitz eta Irukurutzeta mendilerroen artean geratzen diren mendiek osatzen dute, hainbat herriren artean sakabanatuta eta ez benetako mendikate zuzen bat osatzen. Esan bezala, 34 mendi dira, horietatik gehienak tontor txikiak, garrantzi gutxikoak eta 500-700 metro ingurukoak. Urko da garaiena 795 metrorekin eta beste 11 tontor ere agertzen dira Mendi Federazioaren katalogoan eta puntuagarri dira 100 mendien lehiaketan.

Gure etxetik hasita 7 km-ko erradioan sartzen dira 34 mendi horiek. Erronka borobiltzeko, inguruko beste mendilerro batzuetako (Arno eta Irukurutzeta) mendi banaka batzuk ere igotzea erabaki genuen, betiere 7 km-ko erradio horren barruan bazeuden. Azkenean, 38 gailur izan dira igo ditugunak.

Eibarko mendiak erronka 03

Goimendiko plaza, gure paraje hauetako ederrenetakoa (Elgeta - Bergara - Eibar artean), Azurtzamendi magalean.

Eibarko mendiak erronka 16

Amezti eta Mutegi ingurua, Elorretaburun (Ermua eta Eibar artean), Urko magalean. Eibarko mendi gehienak ikus daitezke bertatik.

Eibarko mendiak erronka 15

Saratsu baserria, arbasoen jaiotetxea (Markina Etxebarri). Ibilbide ederra egin genuen, Markina-Etxebarritik igo Kalamuara, Elgoibarko Iruitturrira jaitsi, eta Saratsun barrena berriz Etxebarrira.

Igo ditugun 38 mendi horien artean badira etxetik irtenda igotakoak eta badira kotxez hurreratuta egindakoak; batzuk Eibarren bertan daude, baina gehienak inguruko herrietan (Elgeta, Elgoibar, Markina, Ermua, Mallabia...); badira lehenengoz igo ditugunak, badira lehendik igota genituenak edota azken urtean 3-4 aldiz igotakoak.

Esan bezala, Mendiak APPak laguntzen dit mendiak ezagutzen eta igoerak apuntatzen. Oso aplikazioa erabilgarria da guretzat, bai Euskal Herriko mendien info praktikoa jasotzeko, zein norbere igoerak markatu eta estatistika historikoak gordetzeko. Ez baduzu ezagutzen, hementxe Android, Apple eta Mendiak.eus webgunea.

Eibarko mendi guztiak erronka Mendiak APP

Eibarko mendiak eta guk egindako igoerak, Mendiak APPean.

Amaitzeko, hementxe igotako mendien zerrenda (*asterisko batekin Eibarko mendilerrokoak ez direnak, baina 7 km-ko erradio horren barruan sartzen direnak):

  • Aingeru guarda (Bergara, 585 m)
  • Aizketa (Eibar, 700 m)
  • Akondia (Eibar, 749 m)
  • Arantzamendi (Etxebarria, 522 m)
  • Ariznabar (Mallabia, 594 m)
  • Armendigana (Elgeta, 602 m)
  • Arrate (Eibar, 536 m)
  • Artaluze (Ermua, 514 m)
  • Artarrai (Ermua, 406 m)
  • Asentsiomendi (Elgeta, 583 m)
  • Asurtzamendi (Elgeta, 659 m)
  • Azkonabieta (Elgeta, 728 m)
  • Baldaburu (Markina-Xemein, 469 m)
  • Egoarbitza (Elgeta, 733 m)
  • Erdella (Elorrio, 682 m)
  • Galdaramuño (Elgeta, 664 m)
  • Garagoiti (Eibar, 702 m)
  • Garbe (Bergara, 513 m)
  • Gaztelumendi (Elgeta, 718 m)
  • Goikomendi (Elgeta, 652 m)
  • Illordo (Eibar, 541 m)
  • Intxorta (Elgeta, 743 m)
  • Intxortatxiki (Elgeta 715 m)
  • Kalamua / Maaxamendi (Elgoibar, 771 m)
  • Krabeliñaitz (Bergara, 607 m)
  • Lindari (Eibar, 443 m)
  • Mendibil (Markina-Xemein, 613 m)
  • Morkaiko (Elgoibar, 533 m)
  • Moru (Elgoibar, 458 m)
  • Mundio (Eibar, 723 m)
  • Santamariñazar (Zaldibar, 676 m)
  • Topinburu (Eibar, 596 m)
  • Tranku (Elgeta, 642 m)
  • Urko (Eibar, 795 m)
  • *Akelarre (Irukurutzeta mendilerroa, Soraluze, 763 m)
  • *Atxolin (Irukurutzeta mendilerroa, Elgoibar, 841 m)
  • *Karakate (Irukurutzeta mendilerroa, Soraluze, 756 m)
  • *Ziardamendi (Arno mendilerroa, Elgoibar, 468 m)


Eibarko mendiak erronka 04

Intxorta (Elgeta, 743 m).

Eibarko mendiak erronka 06

Santa Kurutz (Eibar). Ez gara aspertzen leku honekin.

Eibarko mendiak erronka 07

Arrate (Eibar).

Eibarko mendiak erronka 08

Pagadia Irukurutzetarako bidean, Karakate inguruan.

Eibarko mendiak erronka 09

Arribiribilletako zutarria, Karakaten dagoen Dolmenen ibilbideko aztarnarik ikusgarriena.

Eibarko mendiak erronka 10

Harbidea Upartiño inguruan. Gorosta auzoko andabide nagusia izan da gizaldiz gizaldi (Eibar).

Eibarko mendiak erronka 11

Pagolan (Eibar), lagun artean. Erronka honek ez luke zentzurik izango eurak barik.

Eibarko mendiak erronka 12

Pagadia Kalamuatik Elgoibarrerako bidean, Urkiola gainean (Elgoibar).

Eibarko mendiak erronka 18

Gure Iats, azken urteko ibilaldi guztietako gidari (Akondia, 749 m).

Eibarko mendiak erronka 13

Idotorbe auzoan, Elgoibarren. Atzean Izarraitz.

Eibarko mendiak erronka 14

Kalamuara igotzen, Markinako alderditik, Mundio (723 m) inguruan.

Eibarko mendiak erronka 17

Drogeten itturrixa, Ermuan (Berano auzorako bidean). Horixe da Ermuko herri-aldizkariaren izena, Drogetenitturri.

Eibarko mendiak erronka 19

Santa Kurutz behelainopean (Mandiola auzoa, Eibar).

Eibarko mendiak erronka 20

Aizketa (700 m).

Eibarko mendiak erronka 21

Anboto, Alluitz, Untxillatx, Mugarra... Santamariñazarretik (Zaldibar, 676 m)

Eibarko mendiak erronka 22

Erdellako tontor txikia (682 m), Aixolako urtegi gainean, Elgeta eta Elorrio artean.

Eibarko mendiak erronka 23

Garbe (513 m), Sagarrerreka gainean dagoen tontor ezkutua.

Eibarko mendiak erronka 25

Baldaburu edo Baldako txuntxurra (Iturreta auzoa, 469 m). Markina-Xemein eta Etxebarri inguruko bista ederrak daude bertatik.

Eibarko mendiak erronka 26

Goikomendiko txirrindula (Elgeta, 652 m).

Eibarko mendiak erronka 02

Artarrai (406 m), Ermuko lurretan dagoen mendi-tontor bakanetakoa.


Eibarko mendi guztiak, "Eibarko mendiak" mendilerroa

Klik egin handiago ikusteko edo Mendiak.eus webgunean Eibarko mendi guztiak ikusteko.


La Plana (1.337 m) eta Joar (1.417 m), Kodes mendilerroa eta Berrotza harana ezagutzeko aitzakia #100mendi

Asier Sarasua 2021/07/10 17:10
100 mendien lehiaketa egiteak horrelako gauzetara bultzatzen gaitu, Kodes eta Berrotza inguru ederrak ezagutzera.

Kodesko mendilerroak Araba eta Nafarroa batzen ditu, Kanpetzu, Torralba del Río eta Aguilar udalerrien artean. Mendikate txiki samarra da eta hiru dira bertan aurkituko ditugun mendi ezagunenak: Joar (1.417 m), La Plana (1.338 m) eta Costalera (1.233 m).

Bizkaitar-giputzok ipar hegitik ikusten dugu normalean mendilerro hau, Arabako Santikurutze Kanpetzutik edo Nafarroako Zuñigatik eta, iparraldetik begiratuta garrantzi gutxiko eta itxura ez bereziki politeko mendilerroa ematen du, ametzek eta arteek estalitako gailur-segida txiki bat besterik ez. Baina Kodesko mendilerroaren edertasunaz erabat jabetzeko hegoaldetik begiratzea komeni da. Orduan konturatuko gara Araba-Nafarroa artean dagoen mendilerro hau Euskal Herriko politenetakoa dela, bere txikitasunean.

Handik egin diogu guk igoerari, uztaileko arratsalde eguzkitsu baina ez beroegi batean. Torralba del Rion dagoen Kodesko santutegitik. Santutegia bera egokia da ibilbidea hasteko eta amaieran berrindartzeko: iturria, mahaiak, itzala... erromesendako geldialdia ere bada.

Santutegi ostean abiatzen da bidea. Hasiera polita eta gozoa da: pista garbia, galbiderik gabea, erosoa. Ametzen gerizpean doa bidearen lehenengo heren hori, gutxi gorabehera.

La Plana, Kodes 08

Kodesko santutegia.

La Plana, Kodes 01

Bidearen hasiera samurra da, arteen eta ametzen gerizpean.

Igoeraren bigarren zatia da malkarrena, maldarik handiena daukana, harri txingorren artean. Deserosoagoa, bai, baina ederragoa ere bai, Los Cencerroseko eta La Planako harkaitz garauak ametzen osto artean ikusten direnean. Eta, bitartean, Berrotza ingurua daukagu bizkarrean, Otiñano, Mirafuentes, Ubago, Mues, Torralba, Esprontzeda, eta abar.

La Plana, Kodes 02

La Plana, Kodes 03

La Plana, Kodes 04

Bigarren zati hori Joar eta La Plana banatzen dituen lepo eta zabalunean amaitzen da. Ezkerretara Joar dago; eskuinetara La Plana. Biak errazak handik gora, 15 minutu inguruko igoera. Joarrera baso batetik barrena igotzen da; tontorrean panoramika ederra dauka baina antenaz josita dago.

Guk La Plana aukeratu dugu. Azken txanpa horren hasiera txilardi haizetsu batetik hasi dugu baina bizkor sartu gara basotxo batera. Erraz igotzen da. Amaieran berriz argitzen da ingurua eta bista zoragarriak ditu. Kodes mendilerro guztia dakusagu parean, Costaleraren hezurdura bereziarekin; hegoaldera Berrotza eta infiniturainoko begirada zabala; iparraldera Lokiz lehenengo planoan eta atzerago Nafarroa eta Arabako gainontzeko mendilerroak.

Nahi duenak La Planatik aurrera egin dezake, La Costaleraraino eta gero Nazar ingurura jaitsi. Guk igotako bidetik ekin diogu beherantz.

La Planak ez du beste euskal mendi batzuen izenik eta handitasunik, baina 100 mendien lehiaketarako egin ditugunen artean Top Ten zerrendan sartzeko hautagai handia da.
 

La Plana, Kodes 05

Gailur garbia; ikuspegi zabala. Ezkerretara Costaleraren hezurdura, hildako balea edo dragoia bailitzan, eta atzerago Lokiz mendilerroa.

La Plana, Kodes 06

Haizeari aurre eginez, Eibarko Klub Deportiboko txartela postontzian sartzen.

La Plana, Kodes 07

100 mendien lehiaketarako puntuagarria da La Plana. Igo ditugun guztien artean gehien gustatu zaigunetako bat.

Ekosferan, Txoriak.eus webgunearen eta txorizaletasunaren inguruan barriketan

Asier Sarasua 2021/06/30 18:55

Guillermo Roak gidatutako Ekosfera saioan egon nintzen duela egun batzuk, Euskadi Irratian. Gustura eta eroso egon nintzen Guillermorekin berriketan, txoriak eta klima aldaketa hizpide, besteak beste.

Hementxe saioa entzuteko aukera.

 

Legunbeko haitza eta zuloa, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia #100mendi

Asier Sarasua 2021/06/17 14:55

100 mendien lehiaketaren bidean, azkenaldian Nafarroa eta Araba arteko mendilerroak ezagutzen ibili gara. Lokiz, Entzia, Izki, Urbasa, Kodes... Oraingoan, Legunbeko haitza (1.128 m) izan da igo dugun mendia, Nafarroak eta Arabak bat egiten duten muga-mugan kokatutako mendi-biki ederra. Bikia, bi tontor dituelako (herrialde bakoitzean bana) eta erdian Legunbeko zulo ezaguna.

Legunberako bidea erraza eta polita da. Gure kasuan Urbasako kanpinetik ekin genion ibilaldiari. Ibilbide gehiena galbide bariko bide zabaletik egiten daiteke (gu zati batean ibilbide nagusitik desbideratu baginen ere). Bide nabarmena eta ondo markatuta da, Urbasa osoa gurutzatu eta Arabako Entziara eta Opakuaraino doana.

Lehenengo 500 metroak zelai artetik egiten dira, artzain-bordaz eta ganaduz betetako paisaje eta ikuspegi politekin. Hortik aurrera, beste 2 km inguru ere bide nagusian zehar egin genituen, pagadian sartuta.

Legunbeko haitza 01

Ibilbidearen hasiera, Urbasako larreetan zehar.

Legunbeko haitza 06

Ibilbidearen zatirik handiena oso garbia eta jarraitzeko samurra da. Aldats handirik ez eta bide garbia, Urbasa eta Opakua arteko bide nagusia jarraituz.

Momentu batean bidegurutze bat dago. Bide nagusiak aurrerantz jarraitzen du, baina guk eskumakoa hartu genuen, bide txingor batetik. Hortik aurrera, pagadian barrena doan bidea asko estutzen da eta norabidea ez da horren garbia. Ez dago margo-markarik zuhaitzetan; tarteka azaltzen diren harri-koskorrek adierazten digute norantz jo behar dugun eta oso adi joan behar da bidea galdu nahi ez badugu. Hala ere, ez dago benetako kezkarik, pagadia garbia delako eta nahikoa delako mendebalderantz jarraitzea, aurrera eta aurrera, Legunberaino.

Legunbeko haitza 07

Bidegurutze honetan eskumarantz egin genuen, bide nagusitik aldenduta. Itzulera egin genuen gero bide nagusitik.

Legunbeko haitza 02

Harri-koskorrek adierazten dute bidea, nolabait. Erraza da bidea galtzea, baina ez kezkagarria, aurrera eginez bat egiten delako Legunbeko azkenengo igoerarekin.

Pagadian zehar, ia konturatu barik, maldak gora egiten du. Bidetxingor hori galdu egiten da orbel, pagatxa eta pago txikien artean. Bidean sagutxoak, orkatzak eta txori asko ikusiko ditugu (katanarrak, okiltxoriak, parandak, eskilasoak...); baita sasi-mitxoleta hori (Meconopsis cambrica) ugari ere, Europa mendebaldeko mendilerro eta baso gutxi batzuetan aurkituko dugun espezie erreliktiko berezia.

Legunbeko haitza 03

Sasi-mitxoleta horia (Meconopsis cambrica), espezie erreliktikoa.

Azkenean, bidetxingor honek bat egiten du behetik datorren bide nagusiarekin (guk atzean laga dugunarekin). Puntu honetatik aurrera ber-bertan dago tontorra. Harririk harri, aldapa pikarrean gora egin eta hantxe aurkituko ditugu Legunbeko bi haitzak, bata Araban eta bestea Nafarroan.

Eta erdian, zuloa.

Legunbeko haitza 04

Legunbeko haitzetako lehenengoa, mendebaldekoa, Arabako lurretan dagoena; atzean, ondo-ondoan, Nafarroan dagoen beste tontorra.

Legunbeko haitza 05

Nafarroa aldeko tontorra; bertan dago postontzia. Atzean Legunbeko bigarren tontorra, lauburua daukana eta, atzerago, Entzia eta Arabako lautadaren hasiera.

Legunbeko haitza 08

Legunbeko zuloa, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia. Ezker-eskuma dauzka tontor biak.

Delikako arroila eta ur-jauzia (Amurrio, Araba)

Asier Sarasua 2021/05/19 06:30
Gorobel mendilerroak (eta Gibillo mendilerroaren buztanak) sortzen duten zirku hau, Nerbioi ibaiaren ur-jauzi ikusgarriarekin, Euskal Herriko inguru ederrenetakoen artean dago. Guk behekaldetik egin genuen ibilbidea, arroilan barrena sartu eta ur-jauziraino.
Delikako arroila eta ur-jauzia (Amurrio, Araba)

Delika arroilako bidezidorra (Amurrio, Aiaraldea)

Arabako Amurrion (Aiaraldea) aurkituko ditugu Delikako arroila eta Delikako ur-jauzia (Nerbio ibaiaren ur-jauzia). Gorobel mendilerroaren magalean sortzen du Nerbioi ibaiak ingurune eder hau eta bi ibilbide egin daitezke bisitatzeko: goitik, Gorobel mendilerroan barrena, edo behetik, Delikako arroilan zehar. Guk bigarren hori egin genuen duela aste batzuk, Nerbioi ibaiaren iturburu eta ur-jauziraino eraman gintuena.

Ibilbidea Delika izeneko herritxoan hasten da (Amurrioko udalerriko herriguneetako bat). Aparkalekua herri sarreran dago; txikia da eta garaiz heldu beharra dago. Herrian ere aparkatu daiteke, baina batzuetan sarbidea itxita dago, garaiaren arabera turista larregi jasotzen duelako herriak. Herri osoa gurutzatu eta Delikako Bidezidorra izeneko ibilbidearen hasiera herri barrenean bertan dago.

Delika herria (Amurrio, Aiaraldea)

Delika herrigunea (Amurrio).

Ibilbidea ondo seinalizatuta dago (puntu berdexka batekin, 2021eko udaberrian). 6-7 km inguruko ibilbidea da (joan-etorria), haurrekin ere erraz egitekoa, azkenengo zatia harri artean egiten den arren (haur txikienentzat zailagoa eta oinetako egokiak beharrezko, errekaren egoeraren arabera).

Lehenengo zatia erraza da, harrizko pista bati jarraituz, kotxeentzat erdi-prestatua. Itzuleran horixe egingo zaizu astunena. Kilometro batera, aldiz, harrizko zubi bat gurutzatzen da eta hantxe hasten da benetako ibilbidea. Mendi-bide zoragarria: landak, zelaiak, ganadua, errekaren soinua... eta Gorobel mendilerroa parean, labar konparaezinekin. Hegaztiak erruz ikusiko ditugu ibilbide osoan zehar: belatxingak eta erroiak; txioak, buztangorriak eta fringilidoak; harrapariak (sai arre eta zuriak, zapelatzak, miruak, belatz gorriak, arrano txikiak...), hegazti-fauna aberatseko ingurunea da hau.

Delikako arroila - 01

Harrizko zubia igarota hasten da benetako ibilbidea. Atseden hartzeko mahai batzuk ere badaude inguru honetan.

Delikako arroila - 02

Hemendik aurrerako ibilbidea oso ederra da, Nerbioi ibaiaren ibilbidea jarraituz, Gorobel mendilerroaren magalean.

Delikako arroila - 03

Basotxoak, landazabalak, belardiak, heskerak, labarrak... 

Errekaren ur-mailaren arabera, hasieratik bizpahiru kilometrora bideak kitto esaten du; ez dago aurrera joaterik. Ur gutxi badago, ostera, aurrera jarraitzeko aukera izango duzu; erreka bazterretik edo errekan barrena jarraitzen du bideak. Ibilbidearen zatirik zailena da, nolabait, baina baita politena ere. Zati honetan paisaia berriro aldatuko da, itxiagoa da, añubea, eta harkaitz-labarrak dira nagusi. Ibilbidea nabarmena da, nahiko masifikatuta dagoen leku honetan egunero aurrera-atzera dabiltzan ehundaka zangoen urratuak ondo markatuta.

Delikako arroila - 04

Aurrera egin ahala, bidezidorra estutu egiten da, arroila ixtearekin batera.

Ur gutxi dagoenean, jakina, ur-jauzia agor egoten da (halaxe egokitu zitzaigun), baina bestalde, ur gutxi izateak bide osoa egiteko aukera ematen dizu, ur-jauziaren oinetaraino, zati askotan errekaren ibilbidean barrena, edo errekaren zigi-zaga behin eta berriz gurutzatuz. Amaieran, ur-jauziaren horma ikaragarriak, Delikako ur-jauzi hau ez baita alperrik iberiar penintsulako garaiena, 220 metrorekin.

Delikako arroila - 05

Nerbioi ibaiaren ur-jauzia, Delika - 02

 

Euskal Herriko ikuspegi ederrenetakoen artean dago Gorobel mendilerroak eta nerbioi ibaiak sortzen duten zirku hau.

Nerbioi ibaiaren iturburua

Nerbioi ibaiaren ur-jauzia eta Delikako Arroila (Amurrio, Araba). Argazkia: Eider Palmou (Wikipedia).


Muela mendia (1.055m), Izkiko parke naturalean #100mendi

Asier Sarasua 2021/05/10 23:15
Mendi-buelta zoragarria Izkiko parke naturalean zehar. Korreseko parkinetik abiatuta eta Muela tontorreraino (Bernedo, 1.055m), ibilbide semi-zirkularrean. Haurrekin egiteko modukoa.

Arabako Mendialdean aurkituko dugu Izkiko Parke Naturala, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Santikurutze Kanpetzu artean kokatuta. 1998az geroztik da parke naturala eta 10.000 hektarea hartzen ditu Izki ibaiak sortutako ibarrean.

Korresen (Arraia-Maeztu) dauka sarbide nagusia baina ez bakarra. Besteak beste Apinaiz aldetik (iparralderago) zein Durruma ingurutik (hegoalderagotik) ere sartu ahalko gara parke natural honetan dauden hamaika mendi-ibilbideetara, maila eta itxura guztietakoak (haurrekin egiteko, bizikletan egiteko, hegaztiak ikusteko...).

Lehenago ere idatzi dugu blog honetan Izkiko mendilerroaren inguruan, Apinaizen hasita San Justi eta San Kosme mendietara egindako ibilbidea aipatu genuenean.

Oraingo honetan Korresetik irten ginen, Izkiko parke naturalak daukan sarbide nagusitik eta, azken 6 urteotan 100 mendien lehiaketarako egin ditugun igoeren artean politenetakoa izan da, zalantza barik, hemen aipatuko duguna. Izan ere, Korresetik Muelara (1.055 m) doan ibilbideak denetarik dauka mendiaz eta Izkiko parkeaz gozatzeko, zoragarria baita.

Korres - Muela (1.055 m), Izkiko parke naturalean

Gorago esandako moduan, ibilbideari parke naturalak daukan sarrera nagusian ekin genion, Korresko parkinean. Ondo hornitutako berdegunea da Izkiko harreragune nagusi hau, eta handik abiatzen diren ibilbideen artean ohikoena da Muelara daramana.

Ibilbidea ondo markatuta dago eta ez dago galtzeko beldurrik. Aparkalekuan Izki ibaia gurutzatzen du eta pista oso nabarmen batetik egiten du bideak. Berehala ezkerretara egin eta ibilbideko lehenengo baso irekietan sartuko gara: ametzak, ezpelak, ipuruak... Araba eta Nafarroako latitude hauetako flora ohikoena izango dugu bidailagun. Basoa tarteka mehaztu egiten da, zabalgune irekiak sortuz eta bista paregabeak ekarriz.

Muela (Izki, 1055m) - 01

Izki ibaia, parke naturalari izena ematen diona.

Muela (Izki, 1055m) - 02

Ibilbidearen hasieran pista nabarmen bat jarraitu behar da 500 metro inguruan; laster egiten du ezkerrerantz eta gorantz, parke naturalean barrena.

Muela (Izki, 1055m) - 03

Lehenengo zati honetako basoa ez da batere itxia. Zuhaizti txikiak dira.

Bidegurutze bat aurkitu dugu ordu erdi ingurura. Hemendik aurrera ibilbide zirkularra egingo dugu: ezkerretik igo gara (Casillako lepora eta Durrumara daraman bidetik) eta gero eskumatik jaitsi (Atxamuino izeneko begiratokitik igaroz).

Muela (Izki, 1055m) - 16

Hasierako ameztia, garaiera batetik aurrera, pagadi bihurtzen da. Guk udaberri hasieran egin dugu ibilbidea, inguru honetako zuhaitzak oraindik ostutsik daudela. Udako basoen berde freskoa zoragarria den arren, neguko soiltasun honek ere txunditu egin gaitu.

Muela (Izki, 1055m) - 04

Ordu bete eskaseko ibilbidearen ostean La Casillako lepora heldu gara. Makaleko ikuspegia dugu gure aurrean: Durruma herri polita oinetara, Bernedo atzerago eta Toloñoko mendilerro ia osoa argazkiari markoa ipintzeko (Castillo de Lapoblacion, Peñalta, San Tirso, Cruz del Castillo, Toloño bera...). EHko bistarik ederrenetakoa iruditzen zait niri neuri.

Muela (Izki, 1055m) - 05

La Casillako lepoan hamarretakoa hartu eta gero ezkerretara egin dugu, Muelako tontor hurbilerantz, pala harritsu eta zabal batean zehar, ipuru artean. 10-15 minutuan heldu gara tontorrera eta oraingo honetan Nafarroa eta araba artean dauden mendiak agertu zaizkigu pare-parean, batez ere Kodes mendilerroa eta bere tontor nabarmenenak diren Joar eta La Plana, edota Lokizko mendilerroa apur bat atzerago. Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau.

Muela (Izki, 1055m) - 07

Muelara igotzen, azkenengo zatia. Atzean Lokizko mendilerroa.

Muela (Izki, 1055m) - 08

Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau. Irudian, eskumatara Kodes mendilerroa eta ezkerretara Lokiz.

Muela (Izki, 1055m) - 09

Muela (Bernedo), 1.055 metro.

Muela (Izki, 1055m) - 10

Muelako tontorra, Durruma ederraren gainean; eta, barrenean Toloño.

Tontorrean ohiko argazki eta bideoak atera eta gero, La Casillara jaitsi gara berriro eta, oraingoan, mendebalderantz egin dugu mendi-labarrean. Peña del Santo mendi-tontorraren magaletik igaro gara, haitzean zulatuta dagoen San Roman (Durruma) baseliza bisitatuz, eta aurrera egin dugu tontortxoraino.

Muela (Izki, 1055m) - 11

Peña del Santo tontorraren magala. Santu hori San Roman da, beheko herriari izena ematen diona: Durruma, euskaraz.

Muela (Izki, 1055m) - 12

San Roman (Durruma).

Muela (Izki, 1055m) - 13

Peña del Santo inguruan bazkaldu eta beherantz egin dugu, betiere oso garbi jarraitzen den bidetxingor batetik. Ibilbidearen zati hau marabilli da. Atxamunioko begiratokitik igarotzen da eta handik behera, pagoz, ametzez eta ezpelez inguratuta egiten duzu igoeran atzean laga duzun bidegurutzeraino. Basoan barrena egiten den kilometro bateko bide-puska hau zoragarria da.

Muela (Izki, 1055m) - 14

Atxamuinoko lepotik beherako bidetxingorra.

Muela (Izki, 1055m) - 15

Okilentzat habitat apropos-aproposa da Izki. Okil berde, txiki eta handiez gain, okil ertaina (Dendrocopos medius) da ingurumari honetako altxorra. Bertan daude Euskal Herriko populazio garrantzitsuenak (eta ia bakarrak).

Atxamuniotik behera egin eta bidegurutzera iristean, ibilbide zirkularra bukatzen da eta berriz hasierako igoera egiteko bidetik jaitsi gara, aparkalekuraino.

Azken 6-7 urteotan egin ditugun mendi ibilaldien artean, gehien gustatu zaigunetako bat izan da. TopTen zerrendan dago, ziur-ziur.

Muela (Izki, 1055m) - 17

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz