Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa", Eibarko 100 emakumeri jasotako lekukotasunekin osatutako bideoa

Asier Sarasua 2022/05/06 15:55
1905 eta 2003 bitartean jaiotako 100 emakume, berbetan, andrazkoek azken 100 urteotan bizitako trabetaz eta gainditutako oztopoetaz.
"Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa", Eibarko 100 emakumeri jasotako lekukotasunekin osatutako bideoa

Eibarko emakumeak

2022ko martxoan "Berdintasunaren bide luzea" izeneko erakusketa egon da ikusgai Eibarko Portalean. 1900etik 1985era bitartean euskal emakumeek igotako aldapak eta bidean aurkitutako zailtasunak islatu ditu Eibarko Udalak, Ego Ibarrak eta EHUk antolatutako erakusketa honek.

Erakusketarako ikusentzunezko bat ere osatu du Egoibarrak, Badihardugu Elkartearen laguntzarekin, Emakumeen hitza ez da ur gaineko bitsa, Eibarko 100 emakume ingururi jasotako lekukotzetan oinarritutako bideoa.

Bideoaren montajea xumea da, nahita. Ez dago musikarik, ez testu gehigarririk, ez argazkirik...; ez dago txiribita eta parafernaliarik. Hitza bakarrik, berbia: 100 emakume eibartar, berbetan, haretaz eta honetaz. Andrazkoen jarioa, azken 100 urteetan izan dituzten oztopoak bistaratuz, egungo gazteen diskurtsoarekin alderatuz, gogoetarako tartea irekiz, lehengoak eta gaurkoak parez pare ipinita. Ikusleon esku geratzen da hariak lotzea, 100 urteko ibilbidearen mataza osatzea.

1905ean jaiotakoa da hizlari nagusiena; 2003koa gazteena. Lekukotasun gehienak nagusienei jasotakoak dira eta XX. mendearen lehenengo erdian jaiotako andrazkoen bizitza, bizimodua eta ikuspegia ematen digute; baina tarteka gaur egungo gazteenak ere sartzen dira. Krak! Ehun urteko aldea, Eibarko emakumeen bizimoduan, diskurtsoan, oztopoetan, aukeretan. 

Gerra zibila Eibarren: testuingurua eta garaia ulertzeko baliabideak

Asier Sarasua 2022/04/29 19:55
Joan zen astean 85 urte bete ziren Eibarko, Durangoko eta Gernikako bonbardaketetatik. 1937ko udaberrian bonbardatu zituzten matxinatu frankistek 3 herriok. Gernikakoa da ezagunena (latzena ere izan zen), baina Eibarkoa ere ez da ahaztekoa. Herria txiki-txiki eginda geratu zen. Aitzakia hori hartuta, sareko esteka eta baliabide batzuk zerrendatu ditut gaiaren inguruan.

Data esanguratsua izan da aurtengo apirilaren 24a. Orain dela 85 urte bonbardatu eta hartu zuen gudaroste frankistak, Mola generalaren agindupean, Eibarko herria. Gernikan eta Durangon moduan, Eibarren ere hainbat ekitaldi antolatu dira aurten urteurrena gogoratzeko, Jesus Gutierrez historialariak koordinatuta.

1936ko irailean hasi ziren lehenengo bonbardaketak; 7 hilabetez eutsi zioten Eibarko miliziano eta gudariek erasoari; apirilaren 24-25 bitartean Eibar lurrez eta airez bonbardatu ondoren sartu ziren frankistak Eibarrera, herria birrinduta laga ostean, "herriaren %75 txiki-txiki eginda geratu zen".

Ondorengo lerroetan laburpen historiko txiki bat egin dut eta zenbait esteka eta baliabide zerrendatu ditut gai honen inguruan: Gerrak Eibarren izan zituen ondorioak, lekukotasunak, Eibartarren Ahotan eta Ahotsak proiektuetan protagonistei egindako elkarrizketak, Ahotsak.eus proiektuko gerrako baliabideak, adituen hitzaldiak, ikusentzunezkoak, eta abar.

Zorionez material asko daukagu gai honen inguruan. Ea gutxinaka denon artean ezagutarazten dugun, batez ere gertatutakoa ahaztu ez dezagun.

Gerra zibila Eibarren: Eibarko frontea

1936ko uztailean gerra zibila piztu eta gutxira, Frankistek Gipuzkoa ia-ia osoa hartu zuten, nahiko modu erraz eta azkarrean. Matxinatuen helburua Eibarrera lehenbailehen sartzea zen, herri errepublikazale sinbolikoa zelako eta arma-lantegiak zituelako, baina hain zuzen horrexegatik, errepublikazaleek ere Eibar gogor defendatzeko ahalegina egin zuten, eta baita lortu ere. 1936ko iraila amaieran gerrako frontea Ondarroa-Eibar-Elgeta-Otxandio artean egonkortu zen eta hantxe eutsi zioten Errepublikaren aldeko miliziano eta gudariek Frankoren armadari, 6 hilabetez, tiro eta bonba azpian. 1937ko apirilera arte.

Esan bezala, Gipuzkoa gehiena frankisten esku zegoen, Irunen hasi eta Elgoibar eta Bergararaino. Arrate, Kalamua eta Karakate ere matxinatu frankisten esku geratu ziren gerra hasi eta nahiko bizkor; Santa Kurutz errepublikazaleen esku zegoen; Akondiako tontorrean, berriz, 100 metroko tartean ezarri zituzten euren lubakiak batzuek zein besteek, parez pare. Hortaz, Gipuzkoa osoa galdu ondoren, errepublikazaleek Eibarren eta Elgetan eutsi zioten frankisten erasoari. Eta ez zen makala izan eraso hori.

Matxinatuen lehenengo bonbardaketa abuztuaren 29an izan zen eta, zetorkiena aurreikusita, eibartarrek 16 babesleku inprobisatu behar izan zituzten hurrengo hileetako erasoetaz babesteko. Hortik aurrera, 7 hilabetez, hegazkin italiar eta alemaniarrek sarri bonbardatu zuten Eibar, Arratetik jaurtitzen zituzten bonba eta tiroak ahaztu barik. Ez dago datu ofizial zehatzik, baina ehunka pertsona hil zirela kalkulatzen da.

Eibarko frontea edo guda deitu izan zaio 7 hilabetez Eibar inguruan izan zen liskargune eta erresistentzia-puntu honi. Miliziano eta gudariek egindako defentsa horri esker, lehenengo Euskal autonomia estatutua onartu ahal izan zen eta Jose Antonio Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen.

1937ko apirilaren 24-25eko bonbardaketa eta Frankistak Eibarrera sartzea

Erasoek iraun zuten 7 hilabete horietan Eibarko herria husten joan zen. Zibil gehienak, gutxinaka-gutxinaka Durangalderantz eta Bilborantz joan ziren, ihesi eta babes bila, kasurik gehienetan senide eta lagunen etxeetara. Eibar babesten zeuden soldaduek ere Durangon eta Bilbon zituzten euren agintari nagusiak.

Negu osoa eutsi ondoren, martxoa-apirilean heldu zen frankisten azkenengo erasoa. Hegazkin alemaniar eta italiarren laguntzarekin, frankistek lehenengo Durango bonbardatu zuten martxoa amaieran eta apiril hasieran, herria txiki-txiki eginez. Apirilaren 20an, berriz, Molaren armadak gogor erasotu zituen Intxorta eta Elgeta. Eibar inguratuta geratuko zen beldurrez, agintari errepublikazaleek herria ebakuatzeko agindua eman zuten eta Eibarren geratzen ziren azkenengo zibilek Bizkai alderantz egin behar izan zuten, euren etxeak atzean utzita.

1937ko apirilaren 24 eta 25 bitartean frankistek gogor bonbardatu zuten Eibar eta herrian geratzen ziren azkenengo soldaduek ere herria utzi behar izan zuten, horietako batzuk Durango eta Bilborantz; beste batzuk Gernikarantz (non biharamunean beste bonbardaketa batek harrapatuko zituen). Azken eraso horretan 75 lagun inguru hil ziren Eibarren, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.

Herria sutan zegoela, apirilaren 26an sartu zen Molak eta Soltxagak gidatutako gudaroste matxinatu frankista Eibarrera, alemaniarrek Gernika bonbardatzen zuten bitartean.

Eibar eta Elgeta galduta, Errepublikaren aldeko gudari eta milizianoek atzera egin behar izan zuten eta apirilaren 30erako Ermua, Markina, Lekeitio, Durango, Gernika eta Bermeo ere erori ziren. Frankistak Bilboko burdin hesiraino heldu ziren eta ez zuten askorik behar izan Bilbo eta Euskal Herri osoa euren menpe hartzeko.

"Gerrako gure ibillerak" (Pepe Bolunburu)

Ihesaldi honen lekuko dira Pepe Bolunburuk idatzitako kopla adarjotzaile hauek, "Gerrako gure ibillerak":

Oraintxe kontatuko dizuet
gure gerrako historia:
egin genduan bizimodu bat
guztiz ikaragarria,
denbora dana pasatu degu
hegazkiñen igesian;
purga beharrik ez degu izan
gerra denbora guztian.

Guregatikan ez dute esango
balientiak geranik,
zaratatxo bat entzun orduko
hasitzen giñan igesik;
gu geran baiño azkarragorik
oraindik ez da ikusi,
Kiputxaneko Periko berriz
danon artian nagusi.

Eibar aldetik urten genduan
antxitxiketan Deustura,
Deustutik berriz estu ta larri
joan giñan Cabezónera
Cabezóndikan Borinesera
Borinestikan Navara,
Navatik berriz Candasera ta
sartu ginduzten barrura.

Izugarrizko bizimodua,
jarri digute oraintxe,
ondo neurtuta daukagu ura,
ogirikan ez sobrante,
eskabetxeko sardiña latak,
txorizo ta txokolate;
berriro ere "kalabazia"
haziko jaku bastante.

Gerra zibila Eibarren: lekukotasunak eta baliabideak

Hona hemen gaiarekin lotutako zenbait material, baliabide eta esteka.

Errepublikaren aldarrikapena, Eibar 1931 (Eibarko Udala, 2001)

Gerra Zibila Eibarren (Badihardugu Elkartea - 2013)

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena, Jesus Gutierrezen hitzaldia

Harek umiak (gerrako umeen inguruko ikusentzunezkoa (Egoibarra, 2017)

Frankistak Eibarrera sartzen

 

Hegaztien inguruko nire saiorik gogokoenak: Somormujo, Moixons eta Subalpine

Asier Sarasua 2022/04/28 14:55
Podcast, VOD plataforma eta Twitch kanalen sasoi honetan, hiru saio hauek dira astero-astero nire arreta jasotzen dutenak: "La radio del somormujo" irratsaioa, "Subalpine Live" Twitch saioa eta "Parlem de moixons" podcasta. Gehiago ere badira, baina hiru horiek dira sekula galtzen ez ditudanak.

La radio del somormujo

 

Subalpine Live Twitchen

Aipatu nahi ditudan 3 saioen artean berriena da Twitcheko Subalpine izeneko hau (2021eko abenduan hasi ziren), baina oso denbora gutxian arrakasta handia lortu du. Eta ez da arritzekoa, saio honen hiru gidariak bikainak direlako, ezagutza demasekoak eta dibulgatzaile apartak.

Esan behar dut zain-zain egoten naizela, ea eguazten gaua noiz helduko, Twitcheko euren kanala telebistara bota eta nire asteroko dosia zuzen-zuzenean irensteko. Delizia bat.

Saio honen kasuan, 4 atal finko ditu emankizun bakoitzak: azken asteko berri ornitologikoak, hurrengo asterako aurreikuspena, identifikazioaren txokoa eta bere Local Patch-az jarduten duen gonbidatua (orain arteko gehienak oso-oso ondo aukeratutakoak izan dira, gainera).

Guille Rodríguez, Marcel Gil eta Ana Rivas daude egitasmo honen atzean, garai bateko SubalpineBlog proiektuarekin hasi eta orain Twitchen aurkituko ditugunak astero. Youtuben eta Ivooxen ere aurki ditzakezu orain arteko saio guztiak. Hona hemen azkena (lehenengo 30 segunduak ez dira entzuten; gero bai):

 

Parlem de moixons

Ornitologiari buruzko beste podcast interesgarri bat, Katalunian sortua eta katalanez, Parlem de moixons. Màrius Domingol eta Enric Pàmies-ek ordu t'erdiko saioa egiten dute hilean behin. Hau ere Ivooxen eta Spotifyn entzungai. Antolaketa eta gai aldetik beharbada oinarrizkoagoa da podcast hau, baina gidari onak ditu eta gonbidatuak ere, oro har, interesgarriak. Oso gustura entzuten dut, audioaren kalitatea nahiko justutxoa izaten den arren. Katalana praktikatzeko aukera ere bada, aizuek.

Zer aurkituko dugun Parlem de moixons podcastean? Ba, una mica de tot: quins ocells es mouen a cada època, actualitat, com reconèixer els cants de diferents espècies, com diferenciar ocells similars, quins llibres són els més recomanables, significat d'algunes paraules ornitològiques, etimologia dels noms dels ocells, llocs on observar aus a Catalunya i entrevistes a ornitòlegs i aficionats del país.

 

"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak)

Asier Sarasua 2022/02/24 21:35
"Anjel Markano jauna degu pilotua, gazte-gaztetatikan estudiatua; harek hartzen duanian martxa diretua, laster izango gera Amerikatuak".
"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak)

"Ardurabakuen aeroplanua" (Esti Gonzalezek lagatako erretratua)

Eibarko Aratustiak ez dake Tolosakuen izenik, baina gure herriko jairik garrantzitsuenetakuak izan dira beti. Gaur egungo gaztiak pentsau leikie gauza modernua dirana, baina ezta hurrik emon be! Orain dala 100 urte be, bardin-bardin alkartzen ziran kuadrillak, bardin-bardin aukeratzen koko-jantzixa, bardin-bardin urtetzen zeben kalera jai-giruan, eguen zurixan hasi eta hausterre eguneraino.

Izan be, esango neuke 1920-1936 arteko sasoia izan zala aratustiak gure herrixan euki zeben garairik aberatsena. Eibartarren Ahotan proiektuan jasotako lekukotasunak entzun eta ikustia besterik ez dago; edo Indalezio Ojangurenek Eibarko kuadrilla eta konpartseri ataratako erretratuak.

Gerra aurreko sasoi haretako aratustiak gogoratzeko orduan, Anjel Markanon izena agertuko jaku beste guztien gainetik. Anjel Markanok eta beran kuadrilliak, "Ardurabakuen aeroplanua" eraiki zeben eta Anbrosio Atxa "Itsasok" bertsuak ipini kuadrilla horren konpartsiari. Bertso-sorta luzia da Anbrosio Atxak idatzittakua, handik askora Oskorrik ezagun bihurtutakuak; hementxe zatirik ezagunena (eta oso-osorik orrialde honen amaieran).

"Ardurabakuen aeroplanua" (1929ko Eibarko aratustiak) Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.

Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.

Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.

Itxuria danez 1929ko aratustietan izan ziran Markano eta kuadrillian ibilerak, Eibarko kalietan barrena, kantuan eta diru-batzen (baitta Ermuan be); halaxe agertzen da goiko erretratuan atzeko aldian, "Carnavales de 1929". Eibarko Udalak argitaratutako "Eibar kantuz kantu" kantu-liburuan diñuenez, ostera, 1930eko aratustietan izan ei zan. Urtebeteko gora-beheriak ez dauka garrantzi berezirik, 100 urte geruago be oindiokan eibartarron (eta ermuarren) ondare izaten jarraitzen dabelako Atxak sortutako bertsuok.

Markanon semiak diñuanez, Isasi kaleko 23an eraiki zeben aeroplanuori. Haundiegixa egin be: atetik ezin pasatu eta kalera ataratzeko orduan berriz desmontatu bihar izan zeben, kalian ostera be zatixak batu eta hegazkina bigarrengoz josteko.

Zer eukiko ete zeben buruan Markanok, Regilek, Etxeberriak eta Esnaolak? Zergaittik erabagiko zeben aeroplano bat eraikitzia? Ez jatan arrarua irudittuko euren umetzaruan Eibarren izandako hegaldi ezagun bat eukitzia goguan Ardurabakuen aeroplanua eraikitzeko orduan, Marius Tercé pilotuak Tutulutik Otaolaerdira egindako hegaldixa, Eibarren sekula ikusi zan lehenengo abioiana. Demasa!

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (01)

Marius Tercé pilotu frantsesa, Eibarko Otaolaerdiko (Otolerdiko) zelaixan, 1913ko San Juan egunian. Argazkixa Indalecio Ojangurenena ei da eta Kutxa Fototekan ei dago, baina ez dot topatu benetako erreferentziarik eta orijinalik. Saretik hartutako irudixak dira.

Marius Tercé pilotu frantsesak 1913an Eibarren egindako hegaldixa goguan

Markano 1902an jaixo zan (beran lagunak be antzera, seguru asko) eta hamaika urte zittuanian, 1913. urtian, eibartar guztiak harrittuta laga zittuan ikuskizuna ezagutu zeben: lehenengo aeroplanua agertu zan Eibarko zeruan. Urtietara be, euren zahartzaruan, 1913an ume ziran harek guztiak ahaztu ezinda zeuken Tercén hegaldixana.

Eibarren ikusittako lehenengo makina hegalarixa! Seguru nago Markanok eta kuadrilliak sarri aittatuko zebela Marius Tercén hegaldixa, Isasi kalian aeroplanua eitten zeren bittartian, "gogoratzen dok Zezenplaza gainetik pasau zanian! Zelan dominatzen zeban aeroplanua, gora-ta-behera, ezker-eta-eskuma? Ze zuan ha!". Zelan ahaztu 10 urtekin bizi izandako holakorik?

Antonio Iturriozek (1900-1985) be antzerako ipoiña idatzi zeban 1958an, Egazkiña izenburukua. Bertan kontatzen dau, 10 urte besterik ez zekezela, 1910eko San Antoniuetan, zelan juan ziran Eibartik Durangora beste aeroplano bat ikustera (Durangoko harek metro gitxi batzuk besterik ez zittuan egin hegan, lurrera jausi eta erre aurretik).

Noticias de Gipuzkoako albiste honetan oso ondo jaso zeben 2013an, erretrato eta guzti, ehun urte lehenagoko San Juanetan gertatutakua. Herrixan diru-batzia egon zan aurreko hilabetietan Marius Tercé pilotua eta bere Deperdussin monoplanua Eibarrera ekartzeko. Casino Amistad eta Casino Artista arduratu ziran antolaketiaz eta  "Comisión para la Fiesta de la Aviación" izeneko batzordia be sortu zan dana ondo juan zein.

Tutuluko basarrixan pareko zelaixa lautu zeben hegazkina bertatik aireratu zein (gaur egungo San Kristobal auzo gainian), eta hangarra eta harmailak be jaso zittuen. Ganoraz, jakizue!

Hegazkina trenian heldu zan, horraittiok; trenian eta zatika, San Juan bezperan. Handik Tutuluko hangarrera eruan zeben, Eibarko gazte-kuadrilla guztiak atzian zittuala, dultzaineruen pare, eta Tutulun bertan montau zeben Deperdussin izeneko tramankulu hegalarixa.

Eta 1913ko junixuan 24an, arratsaldeko 6etan, heldu zan eibartar guztiak espero zeben momentua: Tercé aeroplanora igo, motorra ixotu, eta hantxe urten zeban hegan Tutuluko zelaittik Untzagako plaza aldera, txalo-zaparrada artian.

Kroniken arabera, istripu txikiren bat be euki zeban hegazkinak, baina halan da be, arratsalde osua egin zeban Eibarren jira-bueltaka, Tutulutik urten eta Otaolaerdiko gari-sailetan lurra hartzeraino. Handik burdi gainian atzera Tutulura igo eta berriz hegan hasteko.

Eibartarrak pozarren; Cayetano Kareagak damaskinautako erlojua erregalau zetsen frantsesari, eskertza moduan. Erregular!

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (02)

Eibarren ikusittako lehenengo aeroplanua, Tutuluko zelaittik urten eta Zezenplaza gainian. Atzian parrokixia. Eibartarrak harmailetan eta zelaixetan, begira eta txaloka.

Marius Terce pilotua, aeroplanoa Eibar, 1913 (03)

Donostia aldian be ibili zan Marius Tercé.

 

"Ardurabakuen aeroplanua" (Anbrosio Atxa 'Itsaso', 1930)

Kanta berri batzuek
dittugu atara,
aitzen emoten gatoz
herri honetara;
Aeroplanuan juateko
asmuetan gara,
bihar urtetzen degu
Ameriketara.

Guk ez degu izango
Gauza hoberikan,
Bihar ondo armozau
Goizian-goizetikan;
Ez degu eramango
Barrutik hotzikan,
Bildur gabe joateko
Lañu gañetikan.

Hamairu lagun gera,
Guztiok argiak,
Ez gaittu bildurtuko
Hotzak eta euriak.
Bizirikan etortzen
Bagera erdiak,
Kontatuko dittuguz
Guk hango berriak.

Bihar urtetzen degu
Guziok aidian,
Ikusiko gaittuzu
Agurka bidian;
Ondo urtetzen besku,
Daukagun idian,
Ez gera etorriko
Beste urte bian.

Anjel Markano jauna
Degu pilotua,
Gazte-gaztetatikan
Estudiatua;
Harek hartzen duanian
Martxa diretua
Laster izango gera
Amerikatuak.

Benito Rejil jauna,
Gizona justua,
oserbaziorako
dago nonbratua,
Austin Etxeberria
Mekanikakua,
Serafin Esnaola
Koziñarakua.

Nueva Yorkera guaz
Lehelengo runbuan,
Handik Brasileraño
Berriz hurrenguan;
gero, Polo Nortera,
hirugarrenguan.
Bazterra billaukogu,
Badago munduan.

Polo Norten ei daude
hain paraje baltzak,
harako egin dittuguz
aproposko galtzak;
Eskuetan harturik
galtzairuzko lantzak;
ez gaittezan han galdu
hotzak edo hartzak.

Izotzez eiñda ei dago
Hango mendi dana,
Hara gora igotzen
Izangou lana;
edukitzen badegu
Edana ta jana,
Esperantza badegu
Llegauko gerana.

Igotzen badegu hango
Mendi tontorrera,
Begiratukou handik
Zer daon bestaldera;
Biderikan ikusten
Badegu aurrera,
Laster llegauko gera
Mundu baztarrera.

Aparatugiñan eiñ dogu
urte bixan lana,
hortan gastatu dogu
geure diru dana;
oin berriz biderako
bihar dogu jana,
horregatik eskatzen dogu
errialtxo bana.

Horra, berri-berriak
Guk hamabi bertso,
Esanaz nola diran
Gure paradiso.
Jainkoari eskatzen diogu
Osasuna oso,
Berriz hona etortzeko
Danok animoso.

"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021), Hernaniko natura, ondarea eta hizkera

Asier Sarasua 2022/02/13 01:05
Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea: euskara, ezagutza, sinesmenak...

Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek urteak daramatzate Hernani inguruko naturarekin loturiko ahozko ondarea biltzen. Ziraba ingurumen-proiektuarekin hasi ziren lehenengo (2013); Burbunak eta etsayak dokumentala izan zen ondoren (2015); eta Gure faunari eta florari begira (2021) liburuarekin borobildu dute duela 10 urte hasitako lana. 

Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki jaso eta gizarteratu dituzten bi egileek, horretarako gaitasun bereziz hornituak biak. Liburua erosgai duzue liburudendetan eta hitzaldiak ere ari dira ematen herririk herri.

Gure faunari eta florari begira liburuaren sarrerarako berba batzuk eskatu zizkidaten eta plazer handiz idatzi nituen hemen azpian datozenak (Zalduaren dekalogoa hankaz gora jarrita, aix, seguru asko!). Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtuko da, honezkero bihurtu ez bada, Eñautek eta Iñakik osatu duten proiektu-sorta zoragarri hau. Bejondeizuela!

 

"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021)

Abiada bizian doan bizi zoro honek gutxitan ematen digu astirik patxadarako eta atzera begiratzeko, gure nagusiekin elkartu, euren ezagutza jaso eta gureganatzeko. Transmisioa deitzen zaion horri bidea emateko. Horregatik maite ditut, esku artean duzuen liburu honek bezala, gure arbasoek gizaldiz gizaldi metatutako jakintza jaso eta gureganatzen digutenak. Are gehiago, emaitza hain ederra denean.

Gogoratzen dut Iñaki ezagutu nuen eguna, nola elkartu ginen Eibarko taberna batean eta zelan kontatu zidan buruan zeukaten proiektua, Hernani inguruko natur ondarea eta ahozkotasuna uztartzen zituena. Hasiera batean herriko animalia eta landareen inguruko izenak eta gaiak biltzea zen helburua, baina hori baino askoz gehiago da 10 urteko lan honen emaitza. Izan ere, desagertzear den mundu baten ikusmira damaigute, begi bistakoa baita azken bi belaunaldietan izandako aldaketa itzela eta ondarearen transmisioan izan den etena. Agirrek eta Sanz-Azkuek tradizio haren azken elur malutak jaso dituzte eta guztion esku ipini, betirako urtu aurretik.

Egileek ondo dioten bezala, ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena, eta hari horri tiraka jardun dute Hernaniko ondare natural eta linguistikoaren hariak batzen eta guri erakusteko moduan josten. Animalia eta landareen izenetatik eta hitz solteetatik hasi eta arbasoen mintzoa jaso arte, On Joxemiel Barandiaranek bere garaian azpimarratu zuen bezala, hitzak beren mamiarekin jaso behar baitira, ez huts eta azal.

Eta zein mami zoragarria ondu diguten, alajaina! Flora, fauna, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa... zenbat gai interesgarri eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Ogirik onena bezalakoa, sendoa bezain arola eta zaporez betea.

Beharleku horretan bide erdia eginda zuten egileek, egia esateko. Irakasle eta narturzalea bata eta hizkuntzalaria bestea, biak ere biak ahozkotasunaren eta ondarearen zale eta dibulgaziorako gaitasun berezkoarekin. Ezagutza eta trebetasun hori nabarmena da orriotan, irakurleak berehala ikusiko duen moduan. Gainera, hori nahikoa ez eta beste hainbat laguni ere eman diete ahotsa orriotan barrena, ogi-orea haziz hazi aberastuz: Txomin Agirre, Orixe, Lazkao Txiki, Txirrita, Arrese-Beitia, Mokoroa, Damaso Intza.. eta batek daki zenbat gehiagoren oihartzuna ere bildu digute Hernaniko egungo lekukoen doinuarekin batera. Horren guztiorren emaitza, alderdi zientifikoa eta dibulgatiboa uztartzen dituen azterlana, zehatza bezain gertuko eta herrikoa, harrapatzen zaituen luma biziz idatzia.

Sarri aipatu izan da Juan Garmendia Larrañaga etnografoak esaten ohi zuena: hiztun bat hiltzen den oro, hiztun horren ahotsa itzaltzen den oro, herri-jakituriaz beteriko liburu oso bat erretzen dela berekin. Gurean ere urteek euren lana egingo dute, baina esango nuke hernaniarren begi-bihotzetan dagoen ezagutza eta jakintzaren entziklopedia osoa salbatu dutela Iñakik eta Eñautek ahanzturaren su-garretatik.

Duela 80 urte inguru argitaratu zuen Resurrección Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan erreferentziala. Orain hau daukagu, ia mende bete geroago Agirrek eta Sanz-Azkuek ondu duten hau; Hernaniko herriaren yakintza biltzen duen eta etorkizuneko antzeko lanetarako eredu izango den Burbunak eta etsayak. Atzera begiratzeko ez ezik, baita aurrera begiratzeko ere.

 

Amaritu (786 m), Arrato mendilerroa (Araba)

Asier Sarasua 2022/02/09 10:10
Apodakatik abiatuta, igoera erosoa Arrato mendilerroan barneratzeko.

Gasteiz ipar mendebaldean aurkituko dugu Arrato mendilerroa, Zuia eta Urkabustaiz udalerrien lurretan. Mendilerro txikitxoa da, mendi ez oso garaiekin eta ez oso ezagunekin, baina inguru polita iruditu zitzaigun larunbat goiza igarotzeko.

Amaritu mendia (786 m) aukeratu genuen semeak eta biok neguko goiz eguzkitsu batean igotzeko. Apodakatik abiatuta bide garbi, eroso eta atsegina da, baita haur txikiekin egiteko ere. Bizpahiru bidezidor eta mendibide daude gailurrera igo eta jaisteko; eskuinaldekotik igo eta ezkerraldetik jaitsi ginen gu.

Arrato mendilerroa eta Gasteiz ipar ekialdeko inguru hau ezagutzeko aitzakia bat. Hurrengorako apuntatuta daukagu Armikelo (888 m), mendilerro bereko gailur nagusi eta altuena.

 

Amaritu (Araba) - 06

Apodaka (Zigoitia, Araba).

Amaritu (Araba) - 01

Apodaka inguruan amezti txikiak daude.

Amaritu (Araba) - 02

Bidea garbia da, erosoa eta malda txikiarekin; ez dago galtzerik. 

Amaritu (Araba) - 03

Amaritu (786 m) tontorrean; parean Gorbeia.

Amaritu (Araba) - 04

Amaritu gailurra (786 m), Arrato mendilerroan. Parean Armikelo (888 m), mendilerroko tontorrik garrantzitsu eta garaiena (Zuia-Gorbeialdea, Araba).

Amaritu (Araba) - 05

Gasteiz iparraldeko bista ederra dago Amaritu tontorretik. Inguruko gailur eta mendilerro nagusiak ere pare-parean geratzen dira: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Elgea, Entzia, Gasteizko mendiak, eta abar. 

100 mendien lehiaketa - 2021eko igoerak

Asier Sarasua 2022/01/31 21:40

Mendiko gure erronka txikiarekin jarraitzen dugu. 2015ean hasi genuen 100 mendien lehiaketa eta, txiri-txiri, Euskal Herriko mendiak ezagutzen jarraitzen dugu. Familiako kide bakoitza bere erritmoan, nik honezkero lehenengo 100 mendiak igota eta besteak, gutxi-asko, 100 mendien zerrenda osatzen eta helmugara heltzen.

Euskal Mendizale Federazioaren oinarrien arabera, 100 mendien lehiaketan urtean 20 mendi igo daitezke lehenengo ekitaldian. Behin lehenengo 100 mendiak igota, hortik aurrera 25 markatu ditzakezu urtean. Zaharrontzat abantaila txiki bat, pentsatzen dut ;)

2021eko mendiak - Alkaxuri

Alkaxuri (edo Hirubelakaxkoa). Inguru zoragarria, Baztan iparraldean, Urritzate eta Aritzakun bailara ezkutuen gainean.

Hauexek dira 2021ean igo ditudan 25 mendiak (eta 2 extra):

  • Erdella (682)
  • Oketa (1031)
  • Lagarte-Almitxuri (811)
  • Krabeliñaitz (607)
  • Muela (1055)
  • Baldaburu (469)
  • Girizu (1279)
  • Urkulu (1423)
  • Txurruko punta (991)
  • Legunbeko haitza (1128)
  • Aratz (1445)
  • Itxogana (1063)
  • Monjardin (Deio) (894)
  • Montejurra (1045)
  • La Plana (1388)
  • Larraineta (1118)
  • Tellamendi (834)
  • Elosumendi (886)
  • Lapazarra (1785)
  • Ütziagaina (1621)
  • Tontorramendi (386)
  • Babio (583)
  • Hirubelakaskoa (965)
  • Jarindo (895)
  • Mandoegi (1046)
  • Izazpi (973)
  • Munagirre (781)

2021eko mendiak - Leunbe

Legunbeko haitza, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia (Urbasa-Entzia mendilerroa).

2021eko mendiak - Mandoegi

Mandoegi eta Urepel, lehengusu-loibekin. Leitzalarreatik gora, oso-oso mendi-buelta polita egin genuen udazkenean.

2021eko mendiak - Txurruko punta

Oso sorpresa polita izan zen Altzania mendilerroan egin genuen ibilaldia. Otzaurtetik hasita, buelta eder eta erraza. Han barrenean Txurruko punta, guztiz gomendagarria.

2021eko mendiak - Montejurra

Montejurraren silueta nahastezina da Lizarraldeko edozein txokotatik. Udako egun gris batean igo genuen.

2021eko mendiak - Girizu

Behorren jakinmin infinitu hori. Girizu tontorrean (Orreaga, Nafarroa Garaia), 2021eko maiatzean.

2021eko mendiak - La Plana

Kodesko mendilerroa ez da oso ezaguna gipuzkoar gehienontzat, baina bista zoragarriak ditu. Kodesko santutegitik igo ginen La Plana eta Joar aldera. Oso ederra, igoera, paisaia, pareko mendien panoramika.

2021eko mendiak - Babio

Amurrio, Babio tontorretik. Haur txikiekin ere egin daitekeen tontor txiki baina erakargarria.

2021eko mendiak - Lapazarra

Larra aldeko paisaia karstiko nahastezina. Belaguatik Lapazarrarako itzulia nahiko erraza da, uneoro ikuspegi ederrak begi parean.

Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak

Asier Sarasua 2022/01/30 21:50
Azken hilabeteotan Euskal Herriko harrespil edo mairu-baratze ederrenetako bi ezagutuko ditugu: Oieleku (Gipuzkoa) eta Okabe-Ilarrita (Nafarroa Beherean). Egitura megalitikoak eurak ez ezik, inguruak ere eder-ederrak dira.

Euskal Herrian ditugun monumentu megalitikoen artean ugarienak dira harrespil edo cromlechak. Orain dela 4.000-5.000 urte inguru eraikitako egiturak dira, zutarriekin edo menhirrekin sortutako monumentu zirkular-eliptikoak. Euskal mitologiaren arabera jentilak (edo mairuak) izan omen ziren harrespil hauek sortu zituztenak eta horregatik ezagutzen ditugu jentil-baratze edo mairu-baratze izenez.

Kromletxak egitura funerarioak ziren, antzinako hilobiak, eta erabilera erligiosoa omen zuten. Hala ere, badirudi garai hartako gizakien bilgune ere izan zitezkeela, nolabaiteko topagune eta bizitza sozialaren erdigune; nahiko sakabanatuta bizi ziren komunitateen topaleku.

Kromletx hitza galesetik dator (crwm+lech, 'harri zapalen zirkunferentzia'); euskarazko harrespil, aldiz, harri + hespil elkartzetik (hespila, esparrua, artegia edo itxitura).

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (1).jpg

Oielekuko kromletxa edo mairu-baratzea (Bianditz mendilerroa, Oiartzun).

Europa mendebaldeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan aurkituko ditugu antzekoak, Frantzian eta Erresuma Batuan hasi eta Eskandinabiaraino (denok ezagutzen dugu Stonehengeko harrespil ezaguna) eta Euskal Herrian ere nahiko ugariak dira, nahiz eta gure lurraldeko ekialdean bakarrik aurkituko ditugun, Pirinioetan hasi eta Oria eta Leitzaran eskualdeetaraino.

Azken hilabeteetan Euskal Herrian ondoen kontserbatuta dauden jentil-baretzeetako bi ezagutzeko aukera izan dugu: Oielekuko harrespila (Gipuzkoan) eta Okabe-Ilarritako harrespila (Nafarroa Beherean).

Oielekuko harrespila Bianditz mendilerroan dago, Aiako Harriak parke naturalean. Inguruan hainbat harrespil edo cromlech aurkituko ditugu, baina Oieleku Iparra izenez ezagutzen dugun hau da guztien artean zabal eta ikusgarriena.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (2).jpg

'Oieleku iparra' izeneko harrespil edo kromletxa, Euskal Herriko handi, zaindu eta ikusgarrienetakoa. Mairu-baratze honetako harriek erdian elkartzen diren bi elipse osatzen dituzte.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (3).jpg

Oielekuko jentil-baratzea. Barrenean Aiako Harriak.

oieleku-txabola-2021-abendua.jpg

Leku ederra da Oieleku, harrespilak ez ezik, baita inguruko paraje, mendi eta basoak ere, Bianditz mendilerroan (Oiartzun).

Toponimo honek hainbat forma ditu (Oieleku, Oienleku, Oihanleku...), baina Oiartzungo udalak egindako azterketa toponimikoaren arabera, Oieleku da bere forma estandarizatua.

Esan dugun moduan, Oieleku Iparra izeneko harrespila handienaren inguruan beste zenbait monumentu megalitiko ere badaude, horien artean Basateko beste harrespil hau.

basate-kromletxa-2021-abendua (1).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun). Atzean Munagirre mendia (781 m).

basate-kromletxa-2021-abendua (2).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun).

Okabeko edo Ilarritako harrespilak

Eta Gipuzkoatik Nafarroa Beherera, hantxe aurkituko ditugulako Ilarritako harrespilak, Okabeko harrespila izenez ere ezagunak, Okabe mendiaren magalean daudelako (Lekunberri, Nafarroa Beherea), Iratiko basoaren gainean.

Harrespil edo cromlech asko isolaturik agertu ohi dira, baina Ilarritako harrespilak bereziak dira, 26 harrespil baitaude elkarrekin. 1956. urteaz geroztik monumentu historiko izendapena daukate.

Oielekun gertatzen den moduan, Okabe-Ilarrita aldean ere, mairu-baratzeak ez ezik, inguru guztia da benetan ikusgarria eta bisita gozagarri baterako leku aproposa.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (2).jpg

Ilarritako kromletx nagusia, Okabe mendiaren magalean (Nafarroa Beherea).

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (1).jpg

Ilarrita inguruko bista orokorra Okabe mendi tontorretik. Atzean Lapurdi inguruko itsasalde, lautada eta mendiak.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (3).jpg

Okabe mendia (1466 m); Lekunberri, Nafarroa Beherea.

"Sasi artean Elgeta" komikian jaso dute 'Elgeta' trikitilariaren bizitza Fanok eta Izagirrek

Asier Sarasua 2022/01/17 21:55
Ai ene! Zelako oparia egin diguten Fanok eta Izagirrek eibartarroi!

Udazkenean aurkeztu zen Donostian Sasi artean Elgeta komikia (Dani Fano, Koldo Izagirre eta Garluk Agirre), Jacinto Rivas Elgeta trikitilariaren ibilerak jasotzen dituen liburu ederra. 2019tik Xabiroi aldizkarian zatika argitaratutako komikia da, oraingoan album formatuan kaleratu dena, egokitzapen txiki batzuekin. Donostiako aurkezpen orokorraren ostean Elgetan ere aurkeztu zen eta, ondo bidean, apirilean etorriko dira egileak Eibarrera.

Liburuaren azkenengo fasean, hizkera-egokitzapenetan, gure ekarpen txikia egiteko zortea izan dugu Aintzane Agirrebeñak eta biok eta, benetan ere, izugarri eskertzen diegu egileei aukera hori eskaini izana.

Sasi artean Elgeta
Dani Fano (marrazkiak), Koldo Izagirre (testua), Garluk Agirre (koloreztatzea).
Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea (2021)
48 orrialde | ISBNa: 978-84-124067-6-4

Jacinto Rivas "Elgeta" umezurtza zen eta Bergarako Intsuzabal baserrian hartu zuten ume zela XX. mende hasieran. Basalgo-Goimendi auzoan dago Intsuzabal baserria, Bergarak, Soraluzek, Elgetak eta Eibarrek bat egiten duten ingurumarian, eta hortik jaso zituen Jacinto Rivasek bere gaitzizen biak: Elgeta eta Intxuzabal.

Trikitilari-belaunaldi oso baten eredu eta irakasle izan zen Elgeta eta, bere doai musikaletatik kanpo ere, izaera bizi eta berezia zituen eta publikoki garbi adierazten zituen bere ideia politiko ezkertiarrak. Komiki honek Elgetaren bizitza laburbilduko digu, batez ere Eibarren kokatutako istorio batean. Eta esan behar dut, liburu zoragarria dela, are gehiago eibartarrontzat.

Azken hilabeteetan irakurri ditudan liburuen artean gozagarrienetakoa izan da, zalantza barik, Sasi artean Elgeta. Izugarri gustatu zait, eta ez naiz bakarra izan, nire inguruan komikia irakurri duten guztiek goraipatu dutelako Fanok eta Izagirrek egindako lana.

 

"Sasi artean Elgeta" Fano eta Izagirre (01)

Dani Fanoren marrazkiak bikainak dira, zehatzak eta detalle ezkutuz beteak, Izagirreren gidoia ere egoki-egokia iruditu zait, bizia eta zorrotza, eta historia bera ere oso erakargarria. Eibartarrondako benetako altxorra da, gainera, hau liburuau: hur-hurreko pertsonaiak aurkituko ditugu liburuan (Akilino amuategi, Toribio Etxeberria, Txapasta pilotaria, Agirre Lehendakaria...), Eibarko (eta inguruko) tokiak identifikatuko ditugu orrialdeetan aurrera egin ahala eta 1920-1950 bitarteko Eibarko gertakizun historiko nagusiak ere ezagutuko ditugu. Laburbilduz, altxor txiki bat gu guztiondako!

Eibarko ikastetxeetako gazteek irakurtzen dituzten beste liburu batzuen ordez, hauxe aukeratu beharko lukete gure herriko irakasleek DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Benetan diot.

Irakurleari ere lantxoa eskatzen dio komiki honek. Izan ere, egileek elipsirako hautua egin dute (ez dago testu lagungarririk, ez informazio historikorik edo data zehatzik) eta irakurlearen esku ere geratzen da askotan, liburua berrirakurriz, falta diren datuak osatzea eta Izagirrek lagatako zuriuneak betetzea, bai datu historikoak ezagutzen dituelako, bai jakinminak zirikatuta datu horien bilaketa-lana egitera animatzen gaituelako. Aitzakia polita izan da liburua berrirakurtzeko eta, bide batez, Dani Fanoren marrazkietan kukututa dauden hainbat detalle ezkutu topatzeko.

"Sasi artean Elgeta" Fano eta Izagirre (02)

Alderdi pertsonaletik, gainera, gorago aipatu dugun moduan, proiektu honetan parte hartzeko aukera ere izan dugu, oso modu xumean bada ere, eta hori bai izan dela opari handi bat niretako. Komikia euskalkian dago idatzita eta, pertsonaia nagusiak eibartarrak izanda, testuetako hizkera orrazten laguntzeko eskatu ziguten egileek Aintzane Agirrebeñari eta bioi (Oh.: Intxuzabal baserri parean dagoen Bergaretxe baserriko alaba da Aintzane, bera ere trikitilaria; historiaren txiribuelta politak, 100 urte geroago Intxuzabal pareko trikitilari batek ipini dio berbakera Jacinto Rivasi).

Gure meritua ezereza izan da, garbi laga dezadan, Izagirreren hitzak eibartartzea besterik ez, baina oso abentura polita izan da guretako, duda barik! Izan ere, lexiko eta grafia zuzenketa txikietaz aparte, beste kontu batzuk ere aztertu behar izan ditugulako eta jolaserako aukera eman digulako: noiz erabili hika, noiz ez, zeintzuen artean... eta berorika? Eta noiz erabili Eibarko euskara, noiz gipuzkera (eta zer gipuzkera?), noiz bizkaiera "klasikoago" bat (Agirre Lehendakariaren kasuan, esate baterako)...

Tira, beharleku polita jarri zigutela Danik eta Koldok eta oso eskertuta gaudela abentura txiki honetan parte hartzeko aukera eskaini zigutelako. Eskerrik asko!

Bonum vinum et avanti popolo!

...................................

"Sasi artean Elgeta", iruzkinak, aurkezpenak eta estekak

Hemen liburuaren inguruko esteka batzuk:

"Elgeta", soinu txikiaren maisua

(Hurrengo lerroak Goiena-tik hartuta daude)

Jacinto Rivas Elgeta trikitilaria (1906-1964) da komikiko protagonista nagusia, umezurtza izanik, Intxuzabal baserrian hartu zutena. Koldo Izagirrek bazuen egina Elgeta-ri buruzko biografia (Elgeta, sasiaren sustraiak), eta hura izan zen komikiaren abiapuntua. Trikitilariaren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ematen du, Larraitz Zeberio Lekuonak nabarmendu bezala Goiena aldizkarian: “Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen”.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak proposatu zion Xabiroi aldizkariari Jacinto Rivas Elgeta-ren figura gero album bihurtuko zen sail bat martxan jartzeko. Eta horrela izan da.

Koldo Izagirrek eginda zeukan Elgeta-ri buruzko biografia Elgeta, sasiaren sustraiak izenburupean, eta abiapuntua izan da. Elgeta-ren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ere ematen du. Umezurtza zen eta Intxuzabal baserrian hartu zuten.

Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen.

 

2021ean behatutako hegaztien zerrenda

Asier Sarasua 2022/01/15 17:45
Azken urteak txori kontuetan eman didanaren laburpen txiki bat. Nahiko urte ederra hegaztiei dagokienez, oro har higuingarri samarra izan den 2021 hau.

Aurten ere ezin hutsik egin azken urteotako ohiturari (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2020) eta hementxe nator iaz behatu (eta eBird aplikazioan apuntatu) ditudan txorien zerrendarekin. Azken 12 hilabeteotako nire txorizale ibileren laburpena.

Oso urte ederra izan da azkenengo hau txoriketa kontuei dagokienez. Hasteko, pare bat bidaia txiki egin ditut kanpora: ekainean Mantxa hezera joan nintzen (eBirden ere ikusgai laburpena) eta udako oporrak Doñana aldean egin genituen (Cadizen eta Huelvan igaro nituen 15 egun familiarekin). Euskal Herritik kanpoko bidaia horiek beti eskaintzen dituzte momentu bereziak, espezie ezohikoak, behaketa bakanak. Esate baterako, aspaldi ikusi gabe nengoen kuku mottoduna ikusi nuen Ciudad Realen (hainbat ale, gainera), ahate buruzuria eta zertzeta marmolairea moduko espezie urriak patxadaz eta erosotasun handiz behatu genituen, basoilo txiki eta handiak bertatik bertara ikusi genituen egunsenti zoragarri batean, karrakak, atalarrak eta usapalak erruz ikusi zitezkeen... Bidaia politak izan ziren biak, Mantxakoa zein Doñanakoa.

Txoriak 2021 08

Ahate buruzuria (Oxyura leucochepala), arra.

Txoriak 2021 14

Kuku mottoduna (Clamator glandarius). Migratzaile afrikarra, kukuaren senide urruna eta, huraxe bezala, bizkarroia. Miken eta arabazozoen habietan erruten ditu arrautzak. Argazkia eskasa da (espezie beldurti eta oso mugitua da) baina ilusio berezia egin zidan kuku mottodunak ikustea, aspaldi ez nituelako ikusten.

Txoriak 2021 15

Eguzkiaren batera jaiki eta goizeko lehen ordu fresko horietan basoilo txikiak (Tetrax tetrax) eta basoilo handiak (Otis tarda) ikustea zereal sail zabaletan pasiatzen ari zaren bitartean. Sentsazio bete zoragarri hori.

Euskal Herritik kanpora egindako bidaia txiki horietaz aparte, esango nuke aurten Euskal Herrian ibili naizela inoiz baino gehiago. Halaxe diote urtean zehar eBirden pilatzen joan naizen estatistikek, besteak beste, Euskal Herrian inoiz baino espezie gehiago ikusi ditudala, lehenengo aldiz 200 espezieko langa gaindituta (207 espezie). Horien artean, adibidez, Euskal Herrian lehenengoz ikusi ditudan 15 txori espezieak, hala nola, karraka, murgilari urrebegia, murgilari lepokoduna, uroilanda hankaberdea, pottorro txikia, arabazozo gorrizta eta mendebal-txori mokolodia (azken laurak, gainera, Euskal Herritik kanpo ere ikusi barikoa nintzen).

Euskal Herri Hegoaldeko lau herrialdeetan ibili naiz, gainera. Gure ohiko mendi-ibilaldi txikietaz aparte, martxoan Araban igaro nituen egun batzuk, aste santua ere Araban pasatu genuen, udan astebete Berrotza-Lizarraldean, Nafarroako landa-eremuetara ere sarri joan naiz, Pirinioetara bezala, eta kostaldera ere ohi baino gehiagotan itsas hegaztiak ikustera. 

Txoriak 2021 21

Zanga gaztea (Morus bassanus). 'Verballenas' enpresarekin itsasora egindako irteeretako batean ateratako argazkia.

Txoriak 2021 25

2021eko ezustekoetako bat euskal txorizaleen artean. Uroilanda hankaberde (Zapornia parva) eme bat izan dugu hainbat astez bisitari Osinbiribilen (Txingudi). Bizitzan lehenengoz ikusi dut espezie hau.

Txoriak 2021 16

Nire hegazti faboritoetako bat? Seguru asko. Karrakaren (Coracius garrulus) kolore biziak eta izaera indomitoa oso erakargarriak dira niretako. Argazkiko ale hau Ciudad Realen ikusi nuen; 2021ean Nafarroan ere ikusi nuen ale bat, Berrotza bailaran.

Txoriak 2021 17

Larra inguruan (Nafarroa Garaia), Lapazarra tontorrean (1785 m). Belatxingak, mendi-txirriskilak, mendi-berdantzak... Gipuzkoan urri diren espezieak, Nafarroan ere bizitzan lehenengoz ikusi ditut azkenengo biak, Lapazarrako magaletan hain zuzen ere.

2021eko behaketen laburpena: 243 txori espezie eta 9 espezie lehenengoz

Eta horrelaxe joan da etxean itxita hasi genuen urtea! Izan ere, halaxe geundelako orain dela urtebete, gure herrietatik ia irten ezinda. Gogoratzen! Beharbada horregatik harritu nau 2021ean guztira ikusitako espezieen kopuruak. Ustez larregi mugitu ez naizen urtean 243 txori klase ezberdin ikusi ditudalako, sekula baino gehiago! Horietatik guztietatik, 9 espezie lehenengoz ikusi ditut bizitzan.

Dena dela, kopuruak gutxienekoa dira. Txorizaletasuna naturzaletasunarekin lotzen dut nik beti, mendira irten, leku berriak ezagutu, lautada eta mendiak bisitatu... eta naturak bakarrik eskaintzen didan bake eta zoriontasuna aurkitzearekin. Horren guztiagatik, 2021 annus horribilis honetan, esango nuke txoriek lagundu didatela iluntasunean argi apur bat topatzen.

Laburbilduz, hauxe 2021ean ikusitako espezieen zerrenda eta kopuruak, zuzenean eBird aplikazioak ematen didan laburpena moztitsatsita.

  • Behatutako espezieak: 243
  • Gordetako behaketa-zerrendak: 181
  • Euskal Herrian: 207 espezie:
    • Gipuzkoan 148; horietako 18 espezie lehenengoz lurralde honetan, esate baterako, uroilanda hankaberdea, mendebal-txori mokolodia, aliota txikia, txirri iluna, txirri lodia, txilinporta urrebelarria, kaio kaspiarra, murgilari lepokoduna, pottorro txikia, borrokalaria, arabazozo gorrizta...
    • Araban 131; 9 espezie lehenengoz (okil beltza, itsas enara musuzuria, udako zertzeta, txoloma, arrano arrantzalea...)
    • Bizkaian 108; 11 espezie lehenengoz (murgilari urrebegia Oletan, okil beltza Saldropon, kaio kaspiarra Bermeon, buztangorri argia Urdaibain...).
    • Nafarroan 82; 3 espezie lehenengoz (mendi-txirriskila, mendi-berdantza, karraka europarra).
    • Deba Ibarrean 89 eta Eibarren 58.

 

Txoriak 2021 24

Kuliska txikia (Actitis hypoleucos), Txingudin 2021eko abenduan.
# Espeziea
1 Antzara hankagorrizta - Anser anser
2 Beltxarga arrunta - Cygnus olor
3 Beltxarga beltza - Cygnus atratus
4 Antzara egiptoarra - Alopochen aegyptiaca
5 Paita arrunta - Tadorna tadorna
6 Ahate karolinarra - Aix sponsa
7 Mandarin-ahatea - Aix galericulata
8 Udako zertzeta - Spatula querquedula
9 Ahate mokozabala - Spatula clypeata
10 Ipar-ahatea - Mareca strepera
11 Ahate txistularia - Mareca penelope
12 Basahatea - Anas platyrhynchos
13 Ahate buztanluzea - Anas acuta
14 Zertzeta arrunta - Anas crecca
15 Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris
16 Ahate gorrizta - Netta rufina
17 Murgilari arrunta - Aythya ferina
18 Murgilari lepokoduna - Aythya collaris
19 Murgilari arrea - Aythya nyroca
20 Murgilari mottoduna - Aythya fuligula
21 Ahatebeltz arrunta - Melanitta nigra
22 Murgilari urrebegia - Bucephala clangula
23 Ahate buruzuria - Oxyura leucocephala
24 Galeperra - Coturnix coturnix
25 Eper gorria - Alectoris rufa
26 Flamenko handia - Phoenicopterus roseus
27 Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
28 Txilinporta urrebelarria - Podiceps auritus
29 Murgil handia - Podiceps cristatus
30 Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis
31 Haitz-usoa - Columba livia
32 Txoloma - Columba oenas
33 Pagausoa - Columba palumbus
34 Usapal europarra - Streptopelia turtur
35 Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
36 Ganga azpizuria - Pterocles alchata
37 Basoilo handia - Otis tarda
38 Basoilo txikia - Tetrax tetrax
39 Kuku mottoduna - Clamator glandarius
40 Kukua - Cuculus canorus
41 Malkar-sorbeltza - Apus melba
42 Sorbeltz arrunta - Apus apus
43 Uroilanda handia - Rallus aquaticus
44 Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
45 Kopetazuri arrunta - Fulica atra
46 Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata
47 Uroilanda hankaberdea - Zapornia parva
48 Kurrilo arrunta - Grus grus
49 Atalarra - Burhinus oedicnemus
50 Zankaluzea - Himantopus himantopus
51 Abozeta - Recurvirostra avosetta
52 Itsas mika - Haematopus ostralegus
53 Txirri grisa - Pluvialis squatarola
54 Hegabera - Vanellus vanellus
55 Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus
56 Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
57 Txirritxo txikia - Charadrius dubius
58 Kurlinta bekainduna - Numenius phaeopus
59 Kurlinta handia - Numenius arquata
60 Kuliska gorria - Limosa lapponica
61 Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
62 Harri-iraularia - Arenaria interpres
63 Txirri lodia - Calidris canutus
64 Borrokalaria - Calidris pugnax
65 Txirri kurlinta - Calidris ferruginea
66 Txirri zuria - Calidris alba
67 Txirri arrunta - Calidris alpina
68 Txirri iluna - Calidris maritima
69 Txirri txikia - Calidris minuta
70 Istingor arrunta - Gallinago gallinago
71 Mendebal-txori mokolodia - Phalaropus fulicarius
72 Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
73 Kuliska iluna - Tringa ochropus
74 Kuliska zuria - Tringa nebularia
75 Kuliska pikarta - Tringa glareola
76 Bernagorri arrunta - Tringa totanus
77 Marikaka handia - Stercorarius skua
78 Marikaka isatsbihurra - Stercorarius pomarinus
79 Marikaka isatslaburra - Stercorarius parasiticus
80 Marikaka isatsluzea - Stercorarius longicaudus
81 Pottorro txikia - Alle alle
82 Martin arrunta - Uria aalge
83 Pottorro arrunta - Alca torda
84 Lanperna-musua - Fratercula arctica
85 Antxeta hankabeltza - Rissa tridactyla
86 Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus
87 Antxeta txikia - Hydrocoloeus minutus
88 Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus
89 Kaio mokohoria - Larus canus
90 Kaio hauskara - Larus argentatus
91 Kaio hankahoria - Larus michahellis
92 Kaio kaspiarra - Larus cachinnans
93 Kaio iluna - Larus fuscus
94 Kaio beltza - Larus marinus
95 Txenada txikia - Sternula albifrons
96 Txenada mokobeltza - Gelochelidon nilotica
97 Itsas enara beltza - Chlidonias niger
98 Itsas enara musuzuria - Chlidonias hybrida
99 Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis
100 Aliota txikia - Gavia stellata
101 Aliota handia - Gavia immer
102 Ekaitz-txori handia - Hydrobates leucorhous
103 Gabai arrea - Calonectris diomedea
104 Gabai iluna - Ardenna grisea
105 Gabai arrunta - Puffinus puffinus
106 Gabai balearra - Puffinus mauretanicus
107 Zikoina zuria - Ciconia ciconia
108 Zanga arrunta - Morus bassanus
109 Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
110 Ubarroi mottoduna - Gulosus aristotelis
111 Koartza hauskara - Ardea cinerea
112 Koartza gorria - Ardea purpurea
113 Koartza zuria - Ardea alba
114 Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
115 Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
116 Amiltxori arrunta - Nycticorax nycticorax
117 Beltzarana - Plegadis falcinellus
118 Mokozabal zuria - Platalea leucorodia
119 Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus
120 Elano urdina - Elanus caeruleus
121 Sai zuria - Neophron percnopterus
122 Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus
123 Sai arrea - Gyps fulvus
124 Arrano sugezalea - Circaetus gallicus
125 Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
126 Arrano beltza - Aquila chrysaetos
127 Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
128 Mirotz zuria - Circus cyaneus
129 Mirotz urdina - Circus pygargus
130 Gabirai arrunta - Accipiter nisus
131 Miru gorria - Milvus milvus
132 Miru beltza - Milvus migrans
133 Zapelatz arrunta - Buteo buteo
134 Mozolo arrunta - Athene noctua
135 Urubi arrunta - Strix aluco
136 Argi-oilarra - Upupa epops
137 Martin arrantzalea - Alcedo atthis
138 Erle-txoria - Merops apiaster
139 Karraka europarra - Coracias garrulus
140 Lepitzulia - Jynx torquilla
141 Okil handia - Dendrocopos major
142 Okil txikia - Dryobates minor
143 Okil berde iberiarra - Picus sharpei
144 Okil beltza - Dryocopus martius
145 Naumann belatza - Falco naumanni
146 Belatz gorria - Falco tinnunculus
147 Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo
148 Belatz handia - Falco peregrinus
149 Urretxoria - Oriolus oriolus
150 Antzandobi arrunta - Lanius collurio
151 Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis
152 Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
153 Eskinosoa - Garrulus glandarius
154 Mika urdina - Cyanopica cooki
155 Mika arrunta - Pica pica
156 Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax
157 Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus
158 Bele txikia - Corvus monedula
159 Belabeltza - Corvus corone
160 Erroia - Corvus corax
161 Pinu-kaskabeltza - Periparus ater
162 Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus
163 Kaskabeltz txikia - Poecile palustris
164 Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
165 Kaskabeltz handia - Parus major
166 Dilindaria - Remiz pendulinus
167 Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla
168 Kalandria - Melanocorypha calandra
169 Txoriandre pispoleta mediterranearra - Alaudala rufescens
170 Pirripioa - Lullula arborea
171 Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis
172 Kutturlio arrunta - Galerida cristata
173 Ihi-txoria - Cisticola juncidis
174 Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta
175 Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
176 Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus
177 Benarriz gorrizta - Locustella luscinioides
178 Benarriz nabarra - Locustella naevia
179 Uhalde-enara - Riparia riparia
180 Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris
181 Enara arrunta - Hirundo rustica
182 Enara ipurgorria - Cecropis daurica
183 Enara azpizuria - Delichon urbicum
184 Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli
185 Txio horia - Phylloscopus trochilus
186 Txio arrunta - Phylloscopus collybita
187 Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus
188 Errekatxindorra - Cettia cetti
189 Buztanluzea - Aegithalos caudatus
190 Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla
191 Baso-txinboa - Sylvia borin
192 Txinbo burubeltza - Curruca melanocephala
193 Sasi-txinboa - Curruca communis
194 Etze-txinboa - Curruca undata
195 Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla
196 Garrapoa - Sitta europaea
197 Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla
198 Txepetxa - Troglodytes troglodytes
199 Ur-zozoa - Cinclus cinclus
200 Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris
201 Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
202 Arabazozo gorrizta - Pastor roseus
203 Garraztarroa - Turdus viscivorus
204 Birigarro arrunta - Turdus philomelos
205 Birigarro hegagorria - Turdus iliacus
206 Zozo arrunta - Turdus merula
207 Euli-txori grisa - Muscicapa striata
208 Txantxangorria - Erithacus rubecula
209 Urretxindorra - Luscinia megarhynchos
210 Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca
211 Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus
212 Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
213 Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra
214 Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
215 Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe
216 Buztanzuri horia - Oenanthe hispanica
217 Txori ehule burubeltza - Ploceus melanocephalus
218 Euplectes afer
219 Tuntun arrunta - Prunella modularis
220 Etxe-txolarrea - Passer domesticus
221 Txolarre iluna - Passer hispaniolensis
222 Landa-txolarrea - Passer montanus
223 Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia
224 Buztanikara horia - Motacilla cinerea
225 Larre-buztanikara - Motacilla flava
226 Buztanikara zuria - Motacilla alba
227 Negu-txirta - Anthus pratensis
228 Uda-txirta - Anthus trivialis
229 Mendi-txirta - Anthus spinoletta
230 Txonta arrunta - Fringilla coelebs
231 Negu-txonta - Fringilla montifringilla
232 Gailupa - Pyrrhula pyrrhula
233 Txorru arrunta - Chloris chloris
234 Txoka arrunta - Linaria cannabina
235 Kardantxiloa - Carduelis carduelis
236 Mendi-txirriskila - Carduelis citrinella
237 Txirriskila arrunta - Serinus serinus
238 Tarina - Spinus spinus
239 Gari-berdantza - Emberiza calandra
240 Mendi-berdantza - Emberiza cia
241 Hesi-berdantza - Emberiza cirlus
242 Berdantza horia - Emberiza citrinella
243 Zingira-berdantza - Emberiza schoeniclus

 

Txoriak 2021 01

Txirriskila (S. serinus)

Txoriak 2021 02

Txinbo burubeltza (Sylvia melanocephala)

Txoriak 2021 03

Guardia (Araba).

Txoriak 2021 04

Udako zertzeta (Anas querquedula), aurtengo ezustekoetako bat, Guardiako paduretan dozena erdi ale aurkitzea udaberriko pasean.

Txoriak 2021 05

Beletxikia (Corvus monedula), gero eta urriagoa Euskal Herrian.

Txoriak 2021 06

Hegabera (V. vanellus)

Txoriak 2021 07

Gaztela Mantxako ordokiak, landaketak eta aintzira gaziak. Paisaia magnetikoa niretako. 

Txoriak 2021 10

Hegaztiak ez ezik, narrasti eta ugaztunak ere agertzen dira tarteka kameraren aurrean. Azeri txiki hau despistatuta zebilen, bere gauzetan pentsatzen, eta hanketaraino hurreratu zitzaidan! Ederra sustoa hartu zuena! ;)))

Txoriak 2021 11

Txirritxo handia (Charadrius hiaticula)

Txoriak 2021 12

Navasecako urmaela, Daimiel ondoan (Ciudad Real). Leku humanizatu bat, araztegi bateko uren bidez elikatzen dena, EDAR baten alboan, eta hala ere, hegaztiak ikusteko oso toki egokia. Aurkikuntza txiki bat izan zen.

Txoriak 2021 13

Beltzaranak (Plegadis falcinellus)

Txoriak 2021 18

Odiel ibaiaren paraje naturala eta gatzagak (Huelva). Zankaluze eta migratzaileentzat leku aparta. Abuztua ez da sasoirik onena, baina 40 txenada txiki (Sternula albifrons) ikusi genituen, dozenaka txirri kurlinta, txirri txiki, borrokalari, txirritxo hankabeltz, flamenko, kurlinta eta kuliskarekin batera.

Txoriak 2021 19

Hirubelakaskoa (965 m), Baztanen. Miruz eta sai arrez inguratuta ibili ginen.

Txoriak 2021 20

Gabai iluna (Ardenna grisea) bermeo parean.

Txoriak 2021 22

Gure kostaldeko beste bisitari ohiko bat, Europa iparraldean kumatu arren gurean ere erraz samar ikus daitekeena, marikaka handia (Sterkorarius skua).

Txoriak 2021 23

Mendebal-txori mokolodi (Phalaropus fulicarius) txiki hau Osinbiribilen agertu zen 2021eko abenduan, abendu hasierako ekaitzen ostean. Zenbait egunez oso aktibo eta lasai ikusi ondoren, handik gutxira hil egin zen.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz