Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Parrapar berbiaz, ohar eta datu batzuk parra-parra

Asier Sarasua 2020/12/19 23:35
Parraparra da Eibarren, beste leku batzuetako txirrista.

Beste euskalki eta hizkera batzuetako txirristari izen ezberdina ematen diogu Eibarren eta inguruko herrietan: parraparra. Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan zein Eibartarrak posta-zerrendan. Oraingoan, hemen berba horren inguruko ohar eta errefentzia gutxi batzuk.

Erreferentzia historikoak

  • Oinarri onomatopeiko garbiko berba da parra-parra (eta bere forma soila, parra).  Forma horretan edo antzeko ohikoagoetan (barra-barra eta farra-farra) nahi adina erreferentzia historiko ditugu hiztegi eta corpus zaharretan. Ikus Azkueren hiztegia edo Orotarikoa (barra-barra sarreran biltzen ditu aldaera guztiak), esate baterako.
  • Erreferentzia guztien arabera, ugaritasuna eta mugimendua adierazten dute parra-parrak eta antzeko aldaerek (barra-barrak eta farra-farrak); baita mugimenduak sortutako soinua ere, batez ere likikoek sortutakoa (urak, txixak,...), baina baita kanikek edo zerealek jaustean sortzen duten mugimendu eta soinu hori ere. Hortxe jausi jakuz kanikak parra-parra-parra...
  • Seguru asko erro horretatik eratorria da parrastada, bi adiera dituena. Batetik likido isurketa adierazten du (txixa-parrastada/farrastada ederra bota dut sagardotegitik irten eta berehala); gainera, labainkada ere esan nahi du parrastadak (edo parrast egiteak, txirrist egiteak bezala): labaindu eta erortzea, alegia.
  • Lehen begiratuan, txirrist, txirrist egin, txirristada eta txirrista formen parekoa osatuko lukete parra, parrast egin, parrastada eta parraparrak.

Parra-parra, Eibarko mutikoen jolas zaharra izatetik, txirrista berriagoaren sinonimo bihurtzera

Goiko erreferentzietan jaso ditudan ezaugarri guztiak bilduz sortu zen, seguru asko, beraz, parraparra (eta ondoren parrapar) sustantiboa.

Izan ere, ez elektronikarik, ez jostailurik, ez telebistarik ez zegoen sasoi bateko jokoa zen parraparrian jardutearena. Eta zer joko zen ba hori? Juan San Martinek halaxe azaldu zuen zer zen parra-parrean jardutea:

"Generalmente juego de chiquillos que preparaban una pendiente arcillosa con agua (en ocasiones orina) para patinar más rápidamente en el tramo preparado al efecto"

Gu ere halaxe ibiltzen ginen Itzio eskola pareko zelaietako aldapetan, 1975 inguruan: txixa-parrastada bota zelai-maldan behera, mendia lokatz labain bihurtu eta handik behera txirrist egiten jaitsi, parra-parra-parra. Likido-ixurketa eta goitik beherako mugimendu labainkorra, parra-parrean ibiltzearen funtsa.

Gure arbasoen Eibarko hizkeran ohiko berba izan behar zen parra-parra (edo parra-parrean) jaistea, gure inguruko hiztegi guztietan ondo dokumentatu delako. Goiko erreferentzia historikoen bidetik, Toribio Etxeberriak farra onomatopeia eta farrastada jaso zituen; eta horiekin batera, hiztegi berean Juan San Martinek parra-parrean jaistea zer den azaldu zuen (labantzen, txirristaka).

Juan Martin Elexpuruk ere jaso zuen Bergarako aitxitxa-amama nagusienen ahotan, Eibarko erreferentziarekin: "txikitan gonbidautzara Eibarrera joaten ginenean han parra-párran ibiltzen ginen, Maria Angela kaleko eskilaretan".

Gure amak ere gogoratzen du Maria Angela kaleko eskailera horietan jaisten zirela goitik behera parra-parra. Merkatu plaza zaharreko eskaileren albo banatara merkantziak igotzeko aldapadatxo labankorra omen zegoen, eta handik jaisten ziren txirrist eginez, parra-parra, ama eta lagunak. Horixe zen neskentzat leku bakarretakoa parra-parra jaisteko, arropa zikindu barik, jakina, 1950 inguru hartan.

Maria Angela kaleko merkatu plaza, Eibar (1950)

Maria Angelako merkatu plaza zaharra eraiki berria, 1950 inguruan.

Artean ezezagunak ziren Eibarren gaur egungo txirristak, toboganak. Gaur egun ezagutzen ditugun tramankuluak, lehenengo metalikoak (edo zurezkoak) zirenak eta gaur egun plastikozkoak, XX. mende erdia ondo igarota hasi ziren hedatzen gurean eta, batez ere, 1970ko hamarkadatik aurrera. Zanbuluak pixkat lehenxeago; ondoren parraparrak.

Trasto berri horiek Euskal Herrira heltzean txirrista izena hartu zuten lekurik gehienetan eta parrapar(ra) Eibarren. Ordura arte jolas bat (eta adizlaguna) zena, sustantibizatu egin zen parkeetako gailu hori izendatzeko; eta parrapar formarekin lexikalizatu zen, amaierako -a galduta. Ez dirudi zaila izango zenik aldaketa hori; izan ere, "jaitsi zaitte parraparrian" bi zentzutan ulertu daitekeelako: baja deslizándote eta baja por el tobogán.

Euskerazko berba zahar horrek, gainera, bizirik eutsi dio harrezkero Eibarren (zinbili-zanbuluak ez bezala). Forma eta adiera horrekin jaso da azken 20 urteotan gurean egindako azterlanetan: Deba Ibarretik euskararen herrira (Zuazo, 2002), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (Basauri eta Sarasua, 2003) eta Eibarko hiztegi digitala.

Urkuzuko parkia (Plazaola, 1962)

Urkizuko parkea 1962an, berriztu berri. Seguru asko hauxe izango zen Eibarko lehenengo parkea. Zibili-zabuluak ikusten ditut, baina parraparrik ez. Gerora etorri ziren Arrateko biak eta Sakun gainekoa, gure haurtzaroan.

 

Parrapar(ra) jatorrizkotik parrapas berrira

Azken belaunaldietan aldaera bat ere izan du jatorrizko parraparrak; parrapas aldaera ere eman du, berba amaierako -r > -s txandakatzearekin. Parrapas aldaera hori gehienbat erdarazko hiztunen artean gertatu da, non parrapas forma ohikoa den Eibarko erdaldunen artean (eta parrapar, ostera, erabat arrotza); azken belaunaldietako euskaldunen artean ere entzuten da parrapasa, gure aitxitxa-amamen sasoian ez bezala.

Jatorrizko parrapar(ra) forma eta parrapas berriagoa aztertuta, esango nuke bilakaera hori nahiko berria dela eta errazago ulertu daitekeela erdaratik edo erdararen (erdaldunen) eraginez, gutxienez. Bakarren bat haserretu egiten zait hori diodanean (Eibartarrak zerrendako hari honetan, esate baterako), hau da, parrapar(ra) > parrapas bilakaera berria dela, bigarren mailakoa eta erdararen eraginez hobeto ulertu daitekeela, baina tira, uste dut nabarmena dela. Gutxienez berria dela; berria behar du eta, derrigor. Hori adierazten duten datuak, nire ustez:

  • Forma biak jatorri berekoak dira eta parra-parra > parrapar > parrapas bilakaera gauzatu da. Hiztegi guztiak forma historiko bakarrera garamatzate (parra-parra). Jatorri onomatopeiko garbikoa eta ondo dokumentatua (goian aipatu ditut parra-parra / barra-barra / farra-farra formen hainbat erreferentzia). Parrapas ez da hiztegi zaharretan agertzen; Hiztegi Etnografikoan (2003) aldaera moduan jaso genuen.
  • Parrapas aldaera "berria" da. Nik uste 1965-1970 ingurutik honakoa dela, baina tira, 10 urteko gora-behera egon daiteke. Horren alde dago Eibar inguruko nagusien artean ezezaguna zela (Eibar, Elgoibar, Bergara...) eta erreferentzia historiko guztietan parraparra bakarrik agertzen dela. Are gehiago, parrapas aldaera "tobogan" berrien agerpenarekin lotuko nuke, garai bateko lokatz gainean parra-parrean ibiltzetik metalezko parrapar trasto berriak ezagutzera igaro ginenera. Horrek nahiko zentzuzko ematen du, parrapar > parrapas bilakaera gertatu ahal izateko, derrigorrezkoa delako lehenengo parrapar sustantiboa sortuta egotea; toboganak existitzea, alegia.
  • Parrapar > parrapas bilakaera errazago ulertu daiteke erdaratik (edo erdararen eraginaren ondorioz, behinipehin), euskaldun hutsen artean gertatutako fenomeno bat baino. Horren aldeko bi datu badaude (ez erabatekoak, egia da): 1) Eibarko erdaldunen artean forma bat eta bakarra erabiltzen da, parrapas (sekula ere ez parrapar); 2) berba amaierako -r > -s txandakatze hori zaila da euskaratik azaltzea  (ez dakit, hala ere, gaztelaniatik ere erraz ulertu daitekeen). Arraroa ere ez litzateke hau guztiau, besteak beste, erdaldunak zirelako Eibarko garai hartako eskolak eta kaleko giroa.

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Asier Sarasua 2020/11/20 22:05
Mendi-buelta polita Eibar eta Elgoibar arteko auzoetan zehar, Eibarko Urkizutik irten eta Urkizura bertara itzulita. Aasuatik gora irten, Santa Kurutz aldera, handik Akondia ostetik Kalamua magalera jo, Elgoibarko San Pedro - Idotorbe auzora jaitsi eta, Zaturixo erreka gaindituta, berriro Eibar aldera, lehenengo Arrateballeko Arizmendi auzunera eta handik behera berriz Azitain eta Urkizura.
Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Eibar eta Elgoibar artean.

Egungo egoera honek hegoak moztu dizkigula ematen du, ez daukagula nora jo eta ezin dugula ezer berririk ikusi, giltzapean itxi gaituztenetik. Andoni Egañak Zabaldu izendatu zuen, ostera, orain dela 10 egun inguruko bere iritzi-artikulua: "Udalerrira mugatu gaituztenez, balia dezagun aukera gure herriko kale eta errepideak ez ezik, estrata eta gurdi-bideak ere ezagutzeko; baserrien izenak ikasteko; landaredia identifikatzeko; hizkera, noiz-non-zein erabili taxutzeko; herriko historia eta istorioak ezagutu eta kontatzeko".

Halaxe gabiltza gu, behinik behin. Lehenago ere etxezale izan gara, egia esateko, baina azken hilabete honetan (edo hilabeteotan) are gehiago. Etxe inguruan gabiltza, halabeharrez baina gustura, gure zelai eta mendietan barrena, andabideak, erromarak eta heskerak gurutzatuz, pagadian gora eta errekan behera, hur-hurreko inguruak bisitatuz eta gertu-gertuko kontuak ikasiz.

Joan zen asteburuan, esate baterako, Eibar-Elgoibar arteko lau baserri-auzotan zehar eman genuen gure ostera. Patxadaz, bide bazterrean azaltzen zitzaizkigunak begiratu eta arnasten. Luze eta lasai.

 

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate

Pasiada ederra. Luzetxoa baina ez gogorregia (hasierako igoera izan ezik, bestela lasaia).

  • Ibilbidea: 19 km
  • Denbora: 7 ordu
  • Tracka: .... ea sortzen dudan! (baina mendian segi zure senari ;)
  • Bidea: Urkizu - Aasua erreka - Gorostaballe - Santa Kurutz - Usartza - Akondia - Pagola - Kalamuako laua - Urkiola (Idotorbe bailara) - San Pedro - Moru - Legarda - Zaturixo erreka - Arrateballe - Arizmendi - Sumendiaga - Eltzartzaga - Azitain - Urkizu.

Esan bezala, Urkizun hasi eta Aasua errekatik gora hasi genuen ibilbidea. Bere txikitasunean, oraindik ere pagadi polita dago hasierako zatian. Bideak ez dauka galbiderik, sasoi bateko andabide zabala da eta. Basoan zehar egiten da Naiorbe baserrietaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 01

Aasua errekako pagadia. Inguru horretan erraza da okilak, okiltxoriak eta eskinosoak ikustea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 02

Aasua errekako pasabidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 03

Naiorbera doan bide zatia. Naiorben txakurrak egoten dira, zaratatsuak baina normalean lotuta.

Naiorbetik aurrera porlanezko pistak ordezkatu du mendi-bide zaharra. Zati laburra da, 500 metro inguru. Lehenengo gurutzebidean eskumatara hartu eta handik gora berriz hartzen da antzinako estrata zaharra, Sagarbitsa baserri parean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 04

Porlanezko pistan egiten da zati bat, han barrenean eskumatara hartu eta berehala berriz mendi-bidean sartzeko.

Sagarbitsatik Santa Kurutzera doan bidezidorra oso polita da. Aurrerago esan dudan moduan, bide hau oso garrantzitsua izan da hainbat mendez Gorosta eta Mandiola bailarako baserritarrentzat. Gurdi-bidea izaki, nabarmenak dira gurdien joan-etorriek harri bigunean lagatako aztarrenak. Elusburu, Upartiño eta Adarratza parajeak gurutzatzen ditu, zuzen-zuzen, Santa Kurutzeraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 05

Santa Kurutzeko gurdi-bidea, Upartiño partean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 06

Gurdiek harrietan zizelkatutako markak, Adarratza inguruan.

Santa Kurutzeko ermitara heldu baino lehenago bertako eskola zaharra aurkituko dugu. Errepublika sasoian eraiki zuten, analfabetismoa gainditzeko eta hezkuntza landa-eremuetara eramateko egindako plangintza zabalaren barruan, eta 1960. hamarkadara arte Gorosta eta Mandiola bailaretako baserrietako ehundaka haurrek ikasi zuten bertan. Gazte ginenean oraindik egoera onean ezagutu genuen: teilatua osorik, barruko gelak nolabait tente, frontoi txikia atarian eta iturri freskoa aldamenean. Pelotan jardundakoak ere bagara atarian. Gaur egun behea jota dago, baina guretako leku ederra izaten jarraitzen du.

Santa Kurutzeko eskola zaharra, Eibar

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 07

Santa Kuruzko eskola, Eibarko Mandiola bailaran. 60ko hamarkadaraino bertan ikasten zuten inguruko baserrietako umeek. Eraikin ederra da, argitsua, leiho zabal eta bista ikusgarriarekin (Anboto aldeko mendiak irudika ditzakezu leihoetatik begiratzen baduzu). Ez da zaila imajinatzea 20 ikasleko talde bat, maistraren eskolak jarraitzen, leiho zabal horietatik sartzen zen eguzki-izpien azpian.

Santa Kurutz leku estrategikoa da. Eibar gainean kokatua, Gorosta eta Mandiola bailarek bat egiten duten tokian. Baserri-auzo horiek existitzen direnetik Santa Kurutz ingurua eta bertako ermita izan dira auzotarren topagune nagusietako bat. Niretzat Eibarko lekurik ederrena da eta makina bat arratsalde igarotzen ditugu bertan, lagunekin, familian, txoritan. Txorizaleen artean Local Patch deitzen zaio norbere txoritoki kuttunenari. Ba, hauxe da nire Local Patcha. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 08

Santa Kurutz, jendez lepo azkenaldiko konfinamendu-egun eguzkitsuetan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 27

Santa Kurutzeko ermita.

Santa Kurutzen ur pixkat edan, guk eta Iatsek, eta Usartzarako bidea jarraitu genuen. Lehenengo zatia, Illo izeneko parajean, berriz ere mendi-bide zaharrean zehar, Arrateko errepideraino; hortik aurrera, porlanezko pistan, Usartzaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 09

Illo inguruan haritz amerikar gutxi batzuk eta gaztaina-arbola banaka batzuk geratzen dira.

Santa Kurutzetik bertan dago Usartza, eta Usartzatik bertan Akondia baserria eta San Pedro ermita. Paraje eta izen historikoa da Akondia Eibarren. Izan ere, Eibar Eibar izan aurretik ere, dagoeneko azaltzen da Akondiako kofradia agiri zaharretan eta Akondiako 1390erako gudaren hotsak ere heldu zaizkigu kantuz kantu, Ibarguen-Katxopinek bere kroniketan jaso zuen bezala, Akondiako gudako kantan: "Akondia lexar baga...".

Mendi eta haran hauetako biztanleak biltzen zituen Akondiako kofradiak edo bailarak. Gaur egun Akondia izeneko baserria daukagu, Akondia mendia (749 m) bere gainean eta Akondiako San Pedro baseliza alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 10

Usartzatik Akondiara bidean.

Akondiako San Pedro baseliza. XVI-XVII. gizaldiko agirietan aipatzen da lehenengoz, nahiz eta gaur egungo eraikina 1800. urtekoa den, haizete batek bota baitzuen aurrekoa. San Pedron aspaldi ez da mezarik egiten, baina antzina-antzinako ohitura bat gordetzen da bertan: ekainean, San Pedro egun bueltan egiten den konjuroa. Abadeak baserrietako lur-sailak bedeinkatzen ditu hodeiak eta txingorrak jo ez ditzan.

Gaur egun dagoeneko galduta dagoen ohitura hori bizi-bizi egon zen, gutxienez, 1950-1960 ingurura arte. Abadeak auzorik auzo joaten ziren, euren ixipuak astindu ahala baserrietako ortu, gari-soro eta arto-sailak bedeinkatuz. Baita eskupeko ona jaso ere, baserritarren eskutik. Gaur egun oraindik konjuroaren oihartzunak entzun ditzakegu Akondia aldean, baina honezkero ez dago gari-sailik eta artasororik gurean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 11

San Pedro baseliza, Akondia, Eibar.

Akondiatik aurrera jo genuen, lau-lau, Pagolarantz. Gure asmoa ez zen Akondia tontorrera igotzea, magalean zehar bueltan-bueltan Kalamuako lautadara joatea baizik. Horretarako, lehenengo Pagolako Txabola baserriko atari paretik igaro behar da. Harraska eta lixibarri ederrak ditu atari alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 12

Pagolako Txabola baserria. Eibarko garaiena (645 metroko garaieran).

Akondia eta Garagoitti mendiak barrenetik inguratu ostean, berehala heldu ginen Kalamuko laura. Bertan egiten dute bat Eibarrek, Elgoibarrek eta Markinak, lautada txiki honen erdian; hortxe amaitzen da Eibar.

Kalamuko laua bidegurutze handi bat ere bada. Usartzatik, Akondiatik, Kalamuatik (eta Markinatik) eta San Pedrotik (Elgoibartik) datozen bideak elkartzen dira paraje honetan. Antzinaroan ere topagunea izan omen zen, edo hori iradokitzen dute inguru honetan aurkitu diren Kanpaizulo, Diruzulo eta Olaburuko trikuharriek. Deba eta Artibai ibarren arteko muga naturalean gaude, egon ere.

Gaur egun ere bidegurutze eta topagune handia izaten jarraitzen du. Are gehiago pandemia sasoi honetan, 100 lagunetik gora zenbatu genituelako hamaiketakoa jaten geunden bitartean! Gustura egoten zen, egia esateko. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 28

Kalamuko laua. Bertan elkartzen dira Eibar, Markina eta Elgoibar.

Hamaiketakoa egin eta Elgoibar alderantz hartu genuen. Inguru hau txikituta dago gaur egun. Pinua atera berri, pistak kamioien joan-etorriekin triskatuta, lokatza erruz. Hala ere, bidea nahiko polita da Urkiola alderaino. Lehenengo pago gutxi batzuen albotik, xuabe-xuabe; gero, Arrate-Krabelindik datorren bide-zidorrarekin elkartzen denean, pagadi txikian zehar, goitik behera.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 13

Kalamuatik Urkiolara (Idotorbe, Elgoibar) doan bidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 14

Pagadi baten hondarrak, Urkiolara heldu baino lehenago, pinuek inguratuta. Izpi-kerizak jolasti; pakea demasa.

Armaixo baserria da Elgoibarko parte honetan dagoen lehenengoa (edo azkena, bai). Ikuspegi zabala dago bertatik. Idotorbe (edo San Pedro) bailarako goiko zati guztia ikusten da eta barrenean Izarraitz eta Karakate-Irukurutzeta aldea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 15

Idotorbe auzoa, Elgoibar.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 16

Urkiola Txiki baserri parean, Iats eta hirurok.

Hemendik aurrera dena da zuzen eta beherantz, pistan zehar, San Pedroraino. Hantxe egin genuen bazkari-pasada txikia.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 17

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Ogitartekoa jan eta bidean aurrera jarraitu genuen, zapatu arratsalde fresko baina eguzkitsuan. Eibarrera itzultzeko bide nagusia San Pedron bertan hartzen da, zuzenean erreka-zulorantz hartuta. Guk, ostera, Moru mendira doan bidetxoa hartu genuen eta Moruko (458 m) tontorrera ere igo ginen, gure bide nagusitik pixkat aldendu behar izan baginen ere. Etxe alboan izan arren, sekula Morura igo gabeak ginen seirok. Morun bertan Burdin Aroko kastro bat omen dago, baina guk ez genuen aurkitu aztarnarik.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 21

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 20

Makina bat urte pinu artean ezkutatuta egon eta gero, une honetan garbi-garbi dago Moruko tontorra (385 m); Elgoibar aldeko ikuspegi ederra, arratsaldeko eguzki-printzekin.

Moruko igoeran berriz atzera egin eta gure bidera itzuli ginen. San Pedrotik Legarda baserrira doana, pistaz. Auzoko azkenengo baserria da Legarda eta baserrira heldu baino pixkat lehenago beherantz egiten du bideak, Zaturio errekara zuzenean.

Oharra: Legardako baserrikoak ezagunak dira (ibilaldi hau egin genuen arteko baten senideak) eta bisita egitera joan ginen, baina kontuan izan hau ez dela San Pedrotik Eibarrera itzultzeko bide ofiziala. Txakurrak solte izaten dituzte (eta azkenaldian sustoren bat eman omen dute) eta Zaturio inguruko larreetan behiak egoten dira. Hortaz, ibilaldi hau egitekotan, hobeto da Legardara jaitsi barik, San Pedrotik zuzenean Zaturiorantz jotea.

Hortxe dago Elgoibar eta Eibar arteko muga, Zaturio (Saturio edo Saturixo) errekan. Ur-emari handi samarrekoa, bere txikian, inguru honetan egoera onena duten erreketako bat da. Eibar aldeko azkenengo ur-txakur edo igaberak ere Zaturixo errekan ezkutatu ziren, Deba eta Ego errekak zikundu ostean, hainbat lekukok aipatu izan didatenaren arabera; baita 1960 ingurura arte ere.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 22

Legardatik behera (baserria ikusten da goian), Zaturixo errekara bidean, Arantzategi izeneko parajean.

Oraindik bertako landaredi apur bat geratzen da erreka zuloan kukututa, makinetatik ihesi. Haltzak, pagoak, urkiak, gorostiak... Leku zirraragarria da, garai bateko edertasunaren lekuko tristea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 23

Zaturixo erreka gurutzatzen.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 24

Zaturixo erreka. Sasoi batean 3 errota txiki mugiarazten omen zituzten erreka honetako urek. 

Behin Zaturixo gurutzatuta, bidea zabala da. Ondo markatuta dago PR marka zuri-horiekin. Maaldegi izeneko parajea gurutzatzen da (gaur egun gehiena pinua da) eta Arizmendi auzune parera heltzen da bidea, Altun eta Itolatza parean. 

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 29

Arizmendira heltzen, Itolatza izeneko inguruan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 25

Barrenetxe baserria, Eibarko ederrenetakoa, ilunabarrera bidean. Arizmendi auzunean 5 baserri daude, garai batean denak ere Arizmendi baserri nagusiari nolabait lotuta egon zirenak: Arizmendi bera, Arizmendi Zelaikua, Arizmendi Sanjuangua, Arizmendi Guena eta Arizmendi Barrenetxe.

Handik behera porlanezko baserri-bidea hartu genuen, Mendigoitti eta Sumendixa (Sumendiaga) ingurutik igaro eta Azitaingo Industrialdera doana. Eta industrialdetik, Untzeta - La Salle atzean laga eta txiri-txiri berriro Urkizura.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 26

Sumedixa baserri barrenean, bidearen azkenengo metroak egiten.

Pasialekuak

Asier Sarasua 2020/11/07 23:00
Egoeriak aginduta, herri erdixa Pasialekuan juan-etorrixan, orain dala 100 urteko aitxitxa-amamen moduan.
Pasialekuak

Amama Jesusa, Amañako pasialekuan (1933)

Kobidak agindutako taberna bariko lehenengo zapatu honetan, herrittik urtetzeko debekuakin, ohittura barrixetara joan gara herrittar guztiak. Ohittura barrixak... edo zaharrak! Izan be, irudittu jata orain dala 80-100 urteko gure aitxitxa-amamen ohitturetara itzuli garala gaur Eibarren (eta Euskal Herriko txoko askotan, seguru asko).

Danok herrixan, danok leku beretsuetan, danok pasiuan.

Orduan sasoian be bazeguan tabernarik, jakina, baina ohitturak oso desbardinak ziran eta jende gazte, lagun-talde eta bikotien plana ez zan izaten zapatu-domeketako arratsaldietan taberna-zuluetan sartzia 4-5 orduz. Batetik diru gitxi, bestetik emakumezkuak ezin sartu tabernetan; gainera, tabernetako girua be desbardina zan: baso haundixan eta sardandeixen sasoia zan. Txikiteua asmatu barik zeguan oindiokan, sinistia gatx eitten bajaku be.

Herrittik urtetzeko ahalmenik be ez zeuken orduan sasoian. Kotxerik ez, jakina, baina ezta garraio publiko ganorazkorik be edonora juateko. Eta dirua eta astixa be justua: zapatuetan biharra (zapatu inglesa orduan hasi zan zabaltzen) eta domeka goixetan be askotan biharrera. Ahal zebanak goizez mendira, eta arratsaldian herri guztia pasiora.

Herriko leku lauetan sortzen ziran pasialekuetan alkartzen ziran gazte gehixenak, lagun-talde eta bikotiak. Hantxe sozializatzen ziran herrittarrak, alkarrekin egon, barriketan jardun, txantxa eta barre egin, alkarren barri euki, planak egin...

Eibarren bi pasialeku zeguazen. Bata, Estaziño kalia, labur baina dotoria; bestia, zabal eta luziena, Ego errekian albotik Amañan barrena Ermura bidian zoiana. Hantxe pasiatzen zeben bikote hasi-barrixak, zestozain eta guzti. Hementxe nere aitxitxa-amamak, esate baterako, 1932ko eta 1933ko sanjuanetan, nobixotan hasi barri, arropa barrixa estreinatzen, eta tia Mari zestozain lanetan.

Amañako pasialekua, 1933 (02)

Aitxitxa eta amama, Amañako pasialekuan (Otaola inguruan). Atzian Torrekua eta Amañako ospittal zaharra. 1933ko sanjuan txiki eguna.

Amañako pasialekua, 1932 (01)

Amona Jesusa, zarauztarra bera. 1932ko San Juan egunian, 18 urtekin Eibarrera etorri eta nobixo barrixakin pasiuan, Amaña inguruan.

Amañako pasialekua, 1932 (02)

Amona ez zan bakarrik etorri Eibarrera. Bere ahizta Mari be etorri zan, jakina, zestozain eittera. Nobixua benetan serixua zala ziurtatu arte ez zan komeni neska gaztiak bakarrik ibiltzia. Nun eta Eibar gorrixan gainera!

Eta 100 urte beranduago, hementxe gaoz, gure aitxitxa-amamen sasoiko planak eitten ostera be. Tabernak itxitta eta Eibartik urten ezinda, herri erdixa alkartu gara gaur arratsaldian Eibarko pasialeku nagusixan, sasoi bateko pasialeku berian, oin barriztuta eta zatartuta, baina oindiokan be Legarretik pasa eta Amaña zihar Ermuraino doiana.

Hortxe ikusi dogu gure burua, Ainhoak eta bixok, Amañako pasialekuan, batekin topo, bigarrena agurtu, hirugarrenakin berba. Aitona Antoniok eta amona Jesusak zapaldutako bidian barrena. Ez gara hainbeste aldatu!

Erromerixia eta iluntzeko dantzia falta ;)

Amañako pasialekua, Eibar

Amañako pasialeku barrixa, Eibar. Argazkixa: Noticias de Gipuzkoa.

Asteburu bat Nafarroa hegoaldean hegaztien migrazio sasoian: pitxartxar nabarrak, bustazuriak, gangak, kutturlioak eta beste (Bardeak, La Mueda eta Arguedas artean).

Asier Sarasua 2020/10/12 18:10
Asteburu bat Nafarroa hegoaldean hegaztien migrazio sasoian: pitxartxar nabarrak, bustazuriak, gangak, kutturlioak eta beste (Bardeak, La Mueda eta Arguedas artean).

Bardeak

Irailean eguntxo batzuk igaro genituen Nafarroa hegoaldean. Sasoi ederra da mendiaz eta naturaz gozatzeko, eta baita hegaztiak behatzeko ere, udazkeneko migrazioa bete-betean egoten delako.

Oibarreko La Mueda urmaelean Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak ikusi genituen; Arketaseko arroz-sailetan espezie migratzaileen joan-etorria zoratzekoa zen; Bardeak ere ikusgarri zeuden, nola ez, urteko ia beste edozein garaitan bezala, orain gorri, orain berde, orain zuri... Eta Zaraitzu eta Erronkari aldetik transhumantzian hara joandako artzain euskaldunek belaunaldiz belaunaldi toponimian lagatako ondarea ere aurkitu genuen: Landazuria, Belcho, Txirimendia, Sardazuri... toponimia euskalduna Nafarroako Erriberan.

Oharra: zuzenketa txiki bat egin dit Mikel Belaskok Twitterren: Bardea iparraldean badago Erdi Aroko bertako euskal toponimoren bat. Txirimendia da horietako bat. Eskerrik asko Mikel.

Landazuria (Bardeak, Nafarroako Erribera)

Landazuria, Bardeetan (Nafarroako Erribera)

Hegaztiei dagokionez, basoiloak ikustea izan zen ezustekorik handiena. Dozenaren bat geratuko dira Euskal Herrian, bizi-iraun ezinda... ia-ia milagroa izan zen bikote bat ikusi ahal izatea. Ingurune idorretako beste espezie batzuk ere ikusi genituen, besteak beste, ganga azpibeltzak eta bustanzuri beltzak, Euskal Herrian beste inon ikus ezin daitezkeenak. Eremu honetan ugari samarrak diren alaudidoak ere aurkitu genituen (kalandria, hegatxabal, pirripio zein kutturlioak), baina iruditu zaitzaidan oraingoan dexente urriago ez ote ziren.

Harraparien antzera. Espezie nagusiak ikusteko aukera izan genuen (arrano sugezalea, mirotz urdina, zingira-mirotza, miru gorria, zapelatza, gabiraia, belatx gorria, arrano txikia...), baina ez ugariegi, beste urte batzuekin alderatuz gero.

Hezeguneetan txirriak, txirritxoak, kuliskak, ihi-txoriak, lezkariak eta benarrizak aurkituko genituen. Eta Afrikara joatekotan zeuden azkenengo erlatxoriak, Nauman belatzak eta pirripioak ere behatu ahal izan genituen. Gainera, buztanzuri arrunten eta pitxartxar nabarren pase izugarria zegoen. Larre-buztanikarak ere hamaika ikusi genituen, euli-txori beltzekin batera (horiek ere migrazio bizian).

Dozenaka espezie, joan-etorri amaigabean, paraje ezin dotoreagoan. Euskal Herriak ematen dizkigu aukera zoragarri horietako bat!

Saxicola rubetra, pitxartxar nabarra

Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Europako bisitari ugaria udaberriko eta udazkeneko pase-garaian.

Basoilo handia, Otis tarda

Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak, Nafarroa hegoaldean oraindik bizirik iraun nahian.

Mozoloa, Athene noctua

Mozolo sinpatikoak (Athene noctua), borda eta txabolen teilatuetan.

Ihi-txoria, Cisticola juncidis

Ihi-txoriak ehunka ikusi daitezke Erriberako leku askotan, besteak beste Arguedaseko arroz-sailetan.

Hona hemen asteburuan zehar behatutako hegaztien zerrenda.

Basahatea - Anas platyrhynchos
Eper gorria - Alectoris rufa
Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
Haitz-usoa - Columba livia
Txoloma - Columba oenas
Pagausoa - Columba palumbus
Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
Ganga azpibeltza - Pterocles orientalis
Basoilo handia - Otis tarda
Uroilanda handia - Rallus aquaticus
Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
Hegabera - Vanellus vanellus
Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
Txirri arrunta - Calidris alpina
Txirri txikia - Calidris minuta
Istingor arrunta - Gallinago gallinago
Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
Kuliska iluna - Tringa ochropus
Zikoina zuria - Ciconia ciconia
Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
Koartza hauskara - Ardea cinerea
Koartza gorria - Ardea purpurea
Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
Sai arrea - Gyps fulvus
Arrano sugezalea - Circaetus gallicus
Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
Mirotz urdina - Circus pygargus
Gabirai arrunta - Accipiter nisus
Miru gorria - Milvus milvus
Zapelatz arrunta - Buteo buteo
Mozolo arrunta - Athene noctua
Argi-oilarra - Upupa epops
Martin arrantzalea - Alcedo atthis
Erle-txoria - Merops apiaster
Naumann belatza - Falco naumanni
Belatz gorria - Falco tinnunculus
Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis
Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
Mika arrunta - Pica pica
Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax
Bele txikia - Corvus monedula
Belabeltza - Corvus corone
Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
Kaskabeltz handia - Parus major
Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla
Kalandria - Melanocorypha calandra
Pirripioa - Lullula arborea
Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae
Kutturlio arrunta - Galerida cristata
Ihi-txoria - Cisticola juncidis
Benarriz arrunta - Acrocephalus schoenobaenus
Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
Uhalde-enara - Riparia riparia
Enara arrunta - Hirundo rustica
Enara azpizuria - Delichon urbicum
Txio horia - Phylloscopus trochilus
Txio arrunta - Phylloscopus collybita
Errekatxindorra - Cettia cetti
Buztanluzea - Aegithalos caudatus
Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla
Txinbo burubeltza - Sylvia melanocephala
Sasi-txinboa - Sylvia communis
Etze-txinboa - Sylvia undata
Txepetxa - Troglodytes troglodytes
Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
Zozo arrunta - Turdus merula
Euli-txori grisa - Muscicapa striata
Txantxangorria - Erithacus rubecula
Papourdina - Luscinia svecica
Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca
Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus
Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
Pitxartxar nabarra- Saxicola rubetra
Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe
Buztanzuri beltza - Oenanthe leucura
Etxe-txolarrea - Passer domesticus
Buztanikara horia - Motacilla cinerea
Larre-buztanikara - Motacilla flava
Buztanikara zuria - Motacilla alba
Landa-txirta - Anthus campestris
Uda-txirta - Anthus trivialis
Txonta arrunta - Fringilla coelebs
Txorru arrunta - Chloris chloris
Txoka arrunta - Linaria cannabina
Kardantxiloa - Carduelis carduelis
Txirriskila arrunta - Serinus serinus
Gari-berdantza - Emberiza calandra

 

 

 

 

Isats txiki bat daukagu etxian

Asier Sarasua 2020/10/12 12:55
Isatsak, gisatsak eta iatsak... edo filologo baten ibilerak txakurrari izena ipintzeko orduan.

Abuztuan haundittu egin jaku familixia. Aspaldi ez-baixan ibili eta gero, abuztu hasieran, etxian zigortuta gendela, hara nun ikusi neban Eibarko basarri batian txakurkumiak eskintzen zittuela.

Ointxe da gure aukeria pentsatu eta hara juan giñan, Gisasola basarriko Jaione eta Mirenengana, gure txikixan bila. Ekainan jaixua, abuztu amaieran jaso genduan eta honezkero familixako kide bihurtu jaku, ziharo. Ardi-txakur, arratoi-txakur eta koli bizardun nahastia, derrigor urten bihar argi eta bizixa. Mimosa potxola bat, esanekua oso.

Dana izan da erreza berakin, izena ipintzia izan ezik. Hor bai bakotxak bere nahi eta gustuak zekazela! Batak Xipi bota zeban eta hurrenguak Nala; urliak Nas eta berendiak Leia. Nik Urrupin nahi neban eta ixa irabazi... baina azkenian kale. Zakurne sabinianua be pasatu jatan burutik, baina hobeto ez.

Azkenian, hamabost bat egunez izen barik egon eta gero, errora jo genduan: Gisasolaneko alabia izanda, Gisa edo Gisats izan biharko litzake bere izena, basarrixan errotik hartuta. Izan be, Gisasola izenan jatorrixa Gisats-ola da eta.

Gisatsa (Cytisus scoparius) gure mendixetan bizi dan landara lorahorixa da, euskera batuan isats izenakin ezagutzen dana. Adar luze eta malguak daukaz, ostro gitxi eta gure arbasuak erratzak (edo 'isatsak') eitteko erabiltzen zeben. Ez ahaztu, erratzeri 'isatsa' esaten detsela hainbat eskualdetan, itsuskixa Eibarren; animalixen buztanari 'isatsa' deitzia be balitteke jatorriz landaratik eta isats-erratzetik etortzia, hedaduraz.

Gisatsa Cytisus scoparius

Hara ba, bagenkan izen aproposa gure txakurrandako, bere jaiotetxia, naturia eta bere buztan balzuri kiribila batzen zittuana: Gisats!

Baina hor be ezin ados ipini familixako ordezkarixok eta orduan gisats landarian beste aldaera batzuen bila jo genduan Orotariko hiztegira: gisats, isats, isets, izitx, itxes... eta iats!

Eta halaxe izendatu dogu azkenian Gisats-olaneko alabia: Iats!

(bueno, eta Isats, eta Gisats, eta Sats... bakotxak nahi daben moduan deitzen jarraitzen dogu eta! ;)

Ondo etorri, polittori!

Isats 01

Gisasolan

Isats 04

Isats 02

Isats Tontorpen

Loiditik Katalangora, hara toponimo zahar bat zelan ordezkatu zan Eibarren

Asier Sarasua 2020/10/04 12:55
Post honetan kontatzen da zelan hainbat mendez Eibarko toponimo garrantzitsu bat izan zan Loidi; zelan eremu zabaleko toponimua zan, bere itturri, basarri eta errotiakin; eta zelan desagertu zan Joseph izeneko gizon baten eraginez, gaur egungo eibartarrondako ixa ezezagun bihurtzeraino.
Loiditik Katalangora, hara toponimo zahar bat zelan ordezkatu zan Eibarren

Katalangua (Loidi Etxebarri), 1968

Ba bai, gaur egungo eibartarrontzat ixa ezezaguna da Loidi leku-izena; kalian galdetuko bagendu, inork ez leuke Loidi mapa batian kokatuko. Baina bere sasoian, hainbat urtez eta mendez, garrantzi haundiko toponimua zan Loidi gure herrixan.

Garrantzitsua eta eremu zabalekua. Bolingua eta Txonta arteko ingurua zan Loidi, Arane eta Txomoneko etxien osteko ingurua, parrokixatik hasi eta Urkizuraino, ixa-ixa. Neurri batian Bidebarrixetatik gorako lur guztiak (esan leike Bidebarrixetak ordezkatu zebala jatorriz Loidiko bidia zana). Eta Loidi inguruan zeuazen Loidiburu, Loidiko bidia, Loidi errekia, Loidiko errotia, Loidiko ubidia, Loidiko itturrixa... Kontuan izan hori inguruori izugarri aldatu dala azkenengo 150 urtiotan eta erreferentzia batzuk ez dirala zehatz-zehatzak, baina XV-XVIII. mendeko dozenaka eta dozenaka agirittan agertzen dira horrek leku-izenok (Eibar: Orígenes y evolución XIV-XVI liburutik hartuta, esate baterako: 'huertas, heredades, molino, arroyo y camino de Loidi/Loydi', 20 agiri historikotan aittatuta).

Eibar, toponimia, mapa, XV. mendea (Xabier Untzeta, 2000)

Eibar XV. gizaldi inguruan. Xabier Untzetan marrazkixa (Eibar: Orígines y evolución, 2000). Loidiko errekia agertzen da (gaur egungo Txomo-Urtzaile ingurua) eta Loidiko bidia (neurri batian, gaur egungo Bidebarrixeta ingurua litzakiana).

Toponimua desagertu egin jaku, baina eraikinen aztarrenen bat heldu da gure garairaino. Esate baterako, Loidiko errotian aztarnak Urkuzuko lanekin agertu dira eta Loidiko itturrixa be balitteke Urtzaile kalian daukaguna izatia (edo haren itturriburua, biharbada). Izan be, ahoz jaso ahal izan dogun lekukotasun bakarra horixe izan da, 'Loidikoitturrixa' (Mari Tere Iturrikastillo, 1992; "Eibarko hiri-toponimia"). 1834ko agiri baten arabera, Urtzaile inguruan egon bihar zan hori itturrixori: "Término de Ibarreco Curuce Azpia, confinante por mediodía con el río de Loidi y por norte con el camino real".

Loidi - Urtzaileko iturria 2

Urtzaile kalian aspaldi agortuta dagon itturrixa. Sasoi bateko Loidiko itturrixan ondorengua?

Loidi Etxebarri basarrixa eta toponimo baten ordezkapen historikua

Toponimo garrantzitsua, hartara, antxiña-antxiñatik eta hainbat mendez. Zelan desagertu zan, ba, orduan, Loidi toponimua? Kulpia Joseph izeneko gizon batek euki zebala emoten dau.

Izan be, seguru asko, gaur egun Txomo edo Urtzaile kalia dagozen lekuan, Loidiko erreka eta itturrixan aldamenian, Loidi izeneko basarriren bat egongo zan auskalo-noiz. Nik dakidala ez dago basarri horren lekukotasunik (eta ez da agertzen XIV-XV. mendeko Eibarko basarri-zerrenda historikuetan), baina 1736ko dokumentu batian Loidi Etxebarri basarrixa aittatzen da lehenengoz pixkat goratxuago, Bolingua gainian; beste dokumenturen batian Loidigoiti izenakin be agertzen da hori basarrixori berori. 'Etxebarri' zein 'Goiti' espezifikatzailiak iradokitzen dabe lehenago beste Loidi basarri bat (edo etxe bat, behintzat) egon bihar zala, pixkat beherago, Urtzaile inguruan.

Esan doten moduan, XIX. gizaldira arte hainbat dokumentotan agertzen dira Loidi toponimua eta Loidi Etxebarri (edo Loidigoiti) basarrixa. Baina 1741. urteko erroldan aittatzen danez, Loidi Etxebarriko jauna Joseph "El Catalán" zan eta, hara nun, XIX. gizaldittik aurrera, Loidi toponimua desagertu eitten dan eta Katalangua bihurtuko dan, idatziz zein ahoz.

Aldaketa hori nahiko azkarra izan zan, gainera. 1812ko agiri batian agertzen da lehenengoz Katalangua basarri-izena idatzitta, baina lehenago be Katalangua izango zan eibartarren ahotan, jakina, Joseph "Katalanan" sasoittik. Handik gitxira basarri horren inguruko lurrak be halaxen agertzen dira: Katalanburu, Katalangoaldea, Katalangoetxeburua eta abar. XIX. mendeko agirixetan oindiokan Loidiko errekia eta itturrixa be aittatzen dira tarteka, baina gitxika-gitxika Katalan(gua) nagusittuko da eta Loidi desagertuko. Basarrixan izena ez ezik, inguru guztian izena be ordezkatuko dau eta gaur egungo basarrittar nausixentzat hori inguru guztiori Katalangua da, eta ez Loidi.

Eta halaxe, zelan bihurtu zan Katalango, oso denpora gitxixan, ordura arte gizaldiz gizaldi Loidi izan zana.

Egixa esateko, Katalanguak Loidi parajeko goiko zatixa ordezkatu zeban. Beheko partian, zuzen-zuzenian, desagertu egin zan, herriguniak janda. Holaxen, XX. mendeko urbanizaziñuak azkenengo ikutua emon zetsan Loidi inguruari eta bertako toponimixiari. Bidebarrixeta zabaldu zan, errekia estali, Urtzaile kalia eraiki, errotia tallar bihurtu, taillar barrixak jaso, itturrixa barriztu (eta lekuz aldatu?)... Eta gaur egun inguru horretan topatuko dittugun kale eta leku-izenak barrixak dira, azken mendeko aldaketen eta industrializaziñuan ondorixua: Urtzaile kalia (Aurrera fundiziñuan eraginez holan izendatu zebena), Txomoneko etxiak, parkia eta parkina ('Txomo' gatxizeneko gizon batek taillarra euki zebalako bertan), Bidebarrixeta (izenak berak diñuan moduan, "barrixa" dana), eta abar.

Katalangua be ezin esan bizi-bizirik dagon toponimua danik. Gerra ostian etxebizitzak egin zittuen Katalangua basarri gaiñian, Katalanguagoikua izenez ezagutzen ziranak (ikusi hemen azpiko argazkixa). Dozena erdi familixa bizi ziran bertan, baina etxebizitzak zein basarrixa 1970 inguruan bota zittuen autopistia eitteko (Iparragirre, Urkiguena, Tutulukua eta Kaskarrain basarrixekin batera).

Gaur egun ez Katalangok eta ez Loidik ez dauke ixa lurrik be existitzen jarraitzeko. Etxiak eta errepidiak ordezkatu dabe sasoi bateko inguru lohitsua. Ez lurrik eta ez erreka baztarrik bizirik jarraitzeko (ikusi OSM mapetan).

Katalango, behintzat, Santa Agedako kopla zaharretan geldittuko jaku betirako, sasoi bateko paraje haren eta bertako bizilagunen lekuko:

Bedeinkatua izan dadilla
Etxe hontako jendia
Pobre ta umillak izan arren
Badake borondatia.
Lekamendi ta Bolingo
Erdi–erdixan Katalan,
Etxe txikiak ei dira baiño
Hamen badago zer eman.

 

Azken-berbak eta eskaeria

Eibarko udalian kale-izenak berraztertzeko asmua dagonez, biharbada txarra ez Loidi berreskuratzia hor inguruko kale, pasabide edo parkeren batendako. Edo Loidiko itturrixa konpondu eta plaka txiki bat ipintzia, Joseph 'Katalana' eta inguru horretako lohigunia goguan.

.................................

Oharrak eta itturrixak: datu guztiak Eibartarren Ahotan proiekturako eta Eibarko mapa toponimikorako egindako ikerketetan batu genduzen; agiri historikuen inguruko informaziño osagarrixa Eibarko hiri-toponimia (1995) liburuan datoz (XVIII-XIX mendiak); Eibar: Orígenes y evolución XIV-XVI liburuan be sarri aittatzen da Loidi (XV-XVII mendiak); ahoz jasotako lekukotasunen artian Migel Zarrabe eta Mari Tere Iturricastillo aittatu bihar dira eta, gehixenbat, Katalanguan jaixotako Eloisa Narbaiza, Eibarko mapa toponimikua osatzeko orduan lekuko garrantzitsu izan genduna.

Post honetan kontatzen da zelan hainbat mendez Eibarko toponimo garrantzitsu bat izan zan Loidi; zelan eremu zabaleko toponimua zan, bere itturri, basarri eta errotiakin; eta zelan desagertu zan Joseph izeneko gizon baten eraginez, gaur egungo eibartarrondako ixa ezezagun bihurtzeraino.

Katalangua basarrixa (lehenago Loidi Etxebarri edo Loidigoiti), Bolingua gaiñian. Autopistia eitteko bota zan 1970 inguruan, goragoko etxebizitzekin batera.

Loidi - Txomoko parkea

Txomoneko etxiak, parkina eta parkia. Hamen inguruko lurrak ziran Loidi izenez ezagutzen ziranak. Ego errekia eta Loidi errekia alkartzen ziran inguru horretan eta ez da zaila paraje lohitsu bat irudikatzia bertan, mendi-magal horren azpiko lautadatxuan.

Loidi - Urtzaileko iturria 1

Urtzaile kaleko itturrixa. Hauxe izango zan sasoi bateko Loidiko itturrixan ondorengua, seguru asko. Garbitzeko premiñia be badaka, biharbada plakatxo bat gehittuta, Loidiko parajia eta Joseph 'Katalana' goguan.

Loidi Errota aztarnak

Urkuzuko Pedromango etxien inguruan etxe barrixa eraikitzeko orduan, Loidiko errota zaharran aztarrenak agertu dira (gaur egun Urkizu 2-4 zenbakixa). Loidiko errotia edo 'Valerionekua' Urkuzu hasieran egon zan XIX. mende amaierara arte eta Loidiko errotatik hartzen zittuan urak, Bidebarrixetako etxien azpittik doian ubide baten bidez. Ubide horren hondarrak agertu dira Urkuzuko obrekin. Ikusi Javier Martín Lapeyran bloga gai horretan sakontzeko.

Loidi ingurua gaur egun (OSM)

Loidi ingurua izango litzakiana, gaur egun (OSM mapetatik jaitsitta).

Errepublikan eta Gerra Zibilean Eibarko alkate izan zen Alejandro Telleriari (1876-1939) omenaldia

Asier Sarasua 2020/09/26 22:15
Errepublika sasoian eta Gerra Zibilean Eibarko alkate izandako Alejandro Telleria Estalari omenaldia egin dio Eibarko Udalak eta "Ahanzturarik ez" adierazpen ofiziala onartu du, gerra zibilaren ondorioak (gartzela, heriotza, erbesteratzea, zigorrak...) jasan zituzten eibartarrak gogoan. Telleriaren biografia ere osatu du Ego Ibarrak eta ikusentzunezko bat ere bai Eibartarren Ahotan proiektuko lekukotasunekin eta Itziar Sapsootham ikerlariaren lanarekin.

Eibarko Udalak ezohiko udalbatza egin zuen joan zen eguen arratsaldean Coliseo antzokian. Udala osatzen duten 4 alderdiek, aho batez, "Ahanzturarik ez" adierazpen ofiziala onartu zuten eta omenaldia egin zioten 1920ko hamarkadan eta 1930ekoan Eibarko alkate izan zen Alejandro Telleria "Alkate Txikixari".

Alejandro Telleria Estala 1876an jaio zen Eibarren, 5 anai-arrebako familia batean.  Grabatzailea lanbidez, gaztetatik murgildu zen langile-mugimenduan eta 1920an aukeratu zuten lehenengoz Eibarko alkate, ia-ia nahi ezta. Urte bete geroago kargugabetu egin zuten, sozialista gazteek argitaratutako agiri batean udalaren zigilua ezartzeagatik.

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskunde ezagunetan berriro izan zen Eibarko sozialisten hautagai eta, hauteskundeak irabazi ostean, bertatik bertara ikusi zuen zelan aldarrikatzen zen II. Errepublika Eibarko udaletxeko balkoitik. Dena dela, oraingoan ere ez zuen legegintzaldi osoa bete eta 1934ko urriko iraultzan Eibarren izan ziren istiluen ostean Iruñeko presondegira eraman zuten beste 238 eibartarrekin batera (Frantziara alde egiten saiatu zen, baina Irunen harrapatu zuten).

Fronte Popularrak 1936ko hauteskundeak irabazi ostean amnistiatu egin zuten eta alkatetzara itzuli zen gerran atxilotu zuten arte. 1938ko urrian harrapatu zuten anaia Simonekin batera, beste behin Frantziara ihes egitekotan zela. Burgosko espetxean eta Valdenocedako konzentrazio-esparruan egon zen urte betez, harik eta 1939ko urriaren 24an, hainbat hilabetez gaixorik egon ondoren, Burgosko ospitalean hil zen arte.

Alejandro Telleria (02)

Omenaldi-ekitaldia irailaren 24an egin zen, Alejandro Telleriak 144 urte beteko lituzkeen egunean (1876ko irailaren 24an jaio zen eta). Ezohiko udalbatza izan zen, gai bakarrarekin: Telleriari omenaldia egitea eta Ahanzturarik ez adierazpena onartzea (adierazpen osoaren transkripzioa amaieran aurkituko duzu). Udaleko ordezkariez gain, bizirik dauden Eibarko alkate ohi gehienak egon ziren (Larrañaga, Agirre eta Baskaran; Arriola ez zen egon), eta baita Eibarko elkarte eta erakundeetako ordezkariak eta Telleriaren senideak ere, 96 urte dituen Adela Telleria buru zelarik.

Adela Telleriaren lekukotasunak garrantzi berezia izan du bere osaba Alejandro Telleria "Ali txikixa" zenaren biografia osatzeko, artxiboetan nahiko material gutxi zegoelako Eibarko alkate txikixa izandakoaren bizitzaren hainbat pasarteren osatzeko. Niretzat plazer handia izan da Adela ezagutzea eta elkarrizketatu ahal izatea Itziarrekin batera Eibartarren Ahotan proiekturako. Emakume buruargi eta burujabea, gurekin hasiera-hasieratik samur eta laguntzeko prest egon dena. Eskerrik asko Adela!

Ego Ibarra batzordeak osatu du Alejandro Telleriaren biografia, Itziar Sapsoothamen eta Badihardugu elkartearen laguntzarekin. PDF honetan daukazue osorik irakurgai eta aste honetako ekitaldian aurkeztu zen 12 minutuko bideo labur bat ere osatu dute Telleriaren bizitzaren pasarte nagusiekin. Adela Telleriaren ahotsarekin batera, Eibartarren Ahotan proiektuko beste bi lekukotasun ere erabili dira, Jose Kareagari eta Candido Egureni jasotakoak. Zelako pozgarria den orain dela 10 edo 20 urte jasotako lekukotasunak ikustea horrelako ekitaldi eta ikusentzunezkoetan! Horixe delako lekukotasun historiko horiek jasotzearen helburu nagusia: sasoi bateko gertakizunak protagonisten ahotan jasotzea gure ondorengoen esku laga eta transmisioa ziurtatzeko. Ekitaldi honetan onartu zen "Ahanzturarik ez" testuarekin erabat bat datorren nahia.

Adela Telleria, Eibartarren Ahotan

Adela Telleria (1924)

Ekitaldia xumea izan zen, koronabirusak ezartzen dituen neurriek nolabait hoztua. Zinegotzi gazteenak (euskaraz) eta zaharrenak (gaztelaniaz) adierazpena irakurri ostean, alderdi bakoitzeko ordezkariek berba batzuk esan zituzten, neurtuak, loratuak, egoerak eskatzen zuenaren neurrira (EAJko Josu Mendikutek egunotan gure artean agertu den ustezko testu honi keinu eginez hasi zuen bere berriketaldia). Adierazpena aho batez onartu eta gero, ikusentzunezkoa ikusi ahal izan genuen eta, Telleriaren familiaren ordezkariei lore-sorta bana eman ondoren, Gerrako gure ibillerak koplak abestuz amaitu zen ekitaldia, Fran Lasuen gidari zelarik.

Esan bezala, Errepublika sasoian eta Gerra Zibilean Eibarko alkate izan zen Alejandro Telleria omentzea izan zen ekitaldiaren helburu nagusia, baina adierazpenean zehazten  denez, adierazpen honekin demokrazia eta justizia defendatzearren euren bizitza eman zuten eibartar guztiak omendu nahi izan dira, fusilatuak, gerran hildakoak, euren lana egiteagatik ostrazismora kondenatuak izan zirenak, zigorrak eta injustiziak jasan izan zituztenak, gerran ihes egin behar izan zutenak, beren herrian isiltasun astun derrigortu batean bizitzera behartutako eibartarrak. Toyosen berbak hona ekarrita, "justizia egiteko eguna da. Gertatutako hura aztertu eta egia ezagutzekoa, orain 100 urte alkate izendatu zuten hura gogoratuz. Atzera begirada bat, hausnarketarako eta gertatu zena ez ahazteko".

Alejandro Telleria (01)

Miren Baranguan, udalbatzako zinegotzirik gazteena, adierazpena irakurtzen.

Alejandro Telleria (06)

Ikusentzunezkoaren pasarte bat.

Alejandro Telleria - Itziar Sapsootham

Itziar Sapsootham

Alejandro Telleria - Jose Kareaga

Jose Kareaga

Alejandro Telleria (03)

 

Alejandro Telleria (04)

 

Alejandro Telleria, Ahanzturarik ez

Mikel Larrañaga, Jesus Mari Agirre eta Aurora Baskaran alkate ohiak, egungo alkate Miguel de los Toyosekin eta omenduaren senide diren Adela Telleriarekin eta Carmen Amutxastegirekin (lorekin). Azkenengo argazkia Diario de Noticiasetik hartu dut, Jabi Leonena da; beste guztiak nireak dira.

 

 

Eibarko Udalaren adierazpen instituzionala: Ahanzturarik ez.

Alejandro Telleria, Alkate Txikixa

Gizon txikia zen, Eibarko grabatzaile bat, eta beste askok bezala,  kezka sozialak eta herri hobe bat egiteko ilusioa zuen; horrela heldu zen 1920an herriko alkate izatera, harik eta, 1921eko otsailean, argitalpenen kontrola ez zuela bete eta sediziora bultzatu izanaren akusaziopean, kargutik kendu eta auzitegi militar batek epaitu zuen arte, Ejertzitoaren aurkako irainak zeuzkan orri solte batek Alkatetzaren zigilua zeramalako. Azkenean, 1922an absolbitu zuten. 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan berriro alkate hautatua, handik bi egunera Errepublika aldarrikatu zen Eibarko udaletxeko balkoian. Haren agintepean eraiki ziren baserri-auzoetako eskolak,  Txontako labaderoa, Untzagako musika-kiosko berria…

 Alkatetzan egon zen 34ko urriko iraultzara arte. Iraultza hartan, 238 eibartar gehiagorekin, 15 hilabetez egon zen Iruñeko espetxean giltzapetuta; azkenean, 1936an amnistia eman zioten. Alkate-makila berriz eskuratuta, Agirre lehendakari hautatzeko laugarren mahaiko hiru kide haietako bat izan zen. Mahai hori Santanderren 1937an fusilatu zuten Florencio Marquiegui Debako alkatearekin partekatu zuen.

Ondoren, gerra iritsi zen; alkateak Eibar hornitzeko eginahalak egin zituen, biztanleria zibil gehiena herritik atera eta tokiko industria mobilizatu zuen;  gero, Santanderrera abiatu zen, handik Sestaora eta, azkenik, Frantziara ihes egiteko ahalegin hura egin zuen, ezerezean geratu zena. Donostian atxilotu zuten, Burgosera eraman, eta, ondoren, Valdenocedako kartzelara; han gaixotu zen. Burgosko ospitalean hil zen 1939ko urriaren 24an. Handik aurrera, ahanztura eta frankismoaren gau iluna.

Ez ditugu gertakari haiek ahaztu nahi; ezin ditugu ahaztu alkate hura eta eskubide guztiak ostu zizkioten Udalbatza hura osatu zuten kide guztiak; gure obligazioa da fusilatu zituzten eibartarrak gogoratzea,  ez ahaztea beren obligazioa betetzeagatik ostrazismora kondenatuak izan ziren udal langileak, desterratu zituzten maistra haiek guztiak, Eibartik ihes egin eta erbestean bizi behar izan zuten pertsona guztiak, beren herrian isiltasun astun derrigortu batean bizitzera behartutako eibartarrak.

Min ematen duten ahanzturak daude, eta ez dute atzera bueltarik. Horregatik, horrenbesteko tristura eta hainbeste heriotza eragin zituzten gertaerak akorduan izateko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko, bidezkoa da Alejandro Telleria Estala Eibarko alkatea gogoratzea. Gure herriko alkate izandakoa, bere azertu eta akats guztiekin,  jendearen bizitza hobetzen ahalegintzen diren pertsona guztien ikurtzat har dezakegu;  modu zintzoan, ideal baten alde lan egiten duten pertsona guztien ikur. Inork jasan behar ez dituen egoeretan hil ziren pertsona guztiak gogoratu nahi ditugu, gure historia itsutzen duen ahanzturaren leizean sekula berriro erori ez daitezen.

Euskal Herriko txori batzuen kantuak eta izenak #TxoriaTxio traolarekin

Asier Sarasua 2020/09/16 18:40
Udaberriko etxealdian Twitterren osatu nuen haria ekarri dut blogera.

Martxoaren 28an, etxealdia hasi eta 15 egunera, ondorengo txioa bota nuen Twitterren: "Etxealdiak dirauen bitartean, Euskal Herriko txorien kantuak txiokatuko ditut #TxoriaTxio traolarekin. Labur-labur, txori bakoitzaren kantua nolakoa den, zelan ezberdindu edota txori horren izen onomatopeikoen laburpena".

Badakizue, etxealdiak bultzatuta, gutako bakoitzak bere irtenbideak bilatu zituen egoerari aurre egiteko, ez aspertzeko, jakin ezta zer egin ez egoteko, norbere zaletasunen proselitismoa egiteko. Nire kasuan, eta inguruko hainbat lagunen galderek bultzatuta ("zer txori da? kantu bat entzun dut leihotik? nola ezberdindu ez-dakit-ze espezie?"), Euskal Herriko txori espezie bereizgarrienen kantuak bildu nituen Twitterreko hari horretan eta #TxoriaTxio traolarekin etiketatu, sasoi hartan egunero leihoan abesten/entzuten genuen Laboaren Txoria Txori gogoan.

  • Helburu nagusia: gure inguruko espezie nagusien kantuak identifikatzeko baliabideak ematea.
  • Irizpide nagusia: arruntak diren eta erraz ezagutzeko moduko kantua daukaten espezieak lehenetsi nituen.
  • Baliabideak: 20-30 segunduko bideoak sortu nituen (Xeno-canto.org-eko audioak eta Wikipediako argazkiak erabilita) eta Txoriak.eus-eko fitxetako azalpenekin osatu nituen #TxoriaTxio hariko txioak (espezie bakoitzaren kantuaren ezaugarri nagusiak eta txori bakoitzak dituen euskarazko izenen azalpenekin, batez ere izen horiek onomatopeikoak direnean eta txoriaren kantuarekin nolabait lotu daitekeenean). Sortutako eduki guztia cc-by-sa lizentzia librearekin zabaldu dut eta bideoak Youtubeko playlist batean ere bateratu ditut.

Eta txioak haizeak eramaten dituenez, oraingo honetan blogera ekarri ditut udaberriko etxealdian argitaratutako txio haiek, udazkeneko hurrengo txanparen zain.

 

Euskarazko izenak bi motatakoak:
* Kantuarengatik: txarraskala, txirribirri, txirriskala, txirriskilo, txirriskla, txirristila, txurruskillo, ziringarro, zirrizkila, zirrizkla.
* Elikadura-ohiturengatik: arbitxori, arbiazitxori, nabazitxori...#txoriakhttps://t.co/i3fhzXBsI6

— Asier Sarasua (@asarasua) March 28, 2020

Izenak:
* TXEPETXA (epetxa, petxa, txapetxa...) onomatopeikoa(?) nagusi Hegoaldean.
* ERRE(GE)PETTITTA (erregetxopitta, pettittaerregea...) nagusi Iparraldean.
* ...eta txikikagarri batzuk (han-hemen): amiaputika, larrepittita, aiñarrapitterra...#txoriakhttps://t.co/JAsuUaSUBt

— Asier Sarasua (@asarasua) March 31, 2020

Goiko argazkia, A. Trepterena (Wikipedian).https://t.co/5Ck1e7oSbs

— Asier Sarasua (@asarasua) March 31, 2020

Birigarroa (Turdus philomelos): euskaraz izen bakarra (edo) duten txori gutxietako bat.
Izen bakarra... baina hamaika aldaera: begiarroa, bibilarroa, bidegarroa, bidigarroa, bigarroa, bilagarroa, biligarroa, miligarroa, miñagarroa, mirigarroa... #txoriakhttps://t.co/noibrJMDTz

— Asier Sarasua (@asarasua) April 9, 2020

Bere izenei dagokienez: ia izen bakarra du euskaraz, aldaera txikiekin.
* Zozoa eta xoxoa
* Sasi-zozoa eta zozobeltza
* Zozarra eta zozemea (erraz bereizten baitira)
* Marti-zozoa (martxoan ikusten direnak)

Onomatopeikoa ote? TXOR-TXOR bere kantutik?https://t.co/4OUfD2AdYL

— Asier Sarasua (@asarasua) April 12, 2020

OKIL BERDEA. #TxoriaTxio
Euskal Herriko okilik ugariena. Nahiko handia, deigarria; erraz ikusi ohi da (askotan lurrean, inurriak jaten). Ikusi ez ezik, entzun ere bai, maiz zabaltzen baitu bere irrintzi alai erdi-afonikoa: Kuui-kui-kui-kui-kuiiii.#Txoriakhttps://t.co/tFiLfYgVYZ pic.twitter.com/I82LaLVj75

— Asier Sarasua (@asarasua) April 14, 2020

Hamaika izen ditu euskaraz: txolarrea, txuerra, artatxoria, hormatxoria, murruxoria, dorretxoria, kaletxoria, eliztxoria, parratxoria, burgoia, pardela, mokomotza, metatxoria, patxizarra, lapurtxoria,...

Bakar bat ere ez (?) onomatopeikoa, antza.https://t.co/2plN6HkrWN

— Asier Sarasua (@asarasua) April 16, 2020

Kantu territorialaz gain, TXIN-TXIN ere kantatzen du maiz txontak. Hortik datorzkio hainbat izen: txintxina, pinpintxoria, txointxoina, txuina... eta, inguruko hizkuntzetan bezala (FR, ES, CAT, ARA): pintxana, pintzotea, pintxoea. #Txoriak
Izen guztiak 👇https://t.co/FAnu6YHgWy

— Asier Sarasua (@asarasua) April 19, 2020

Gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla).
Izenak: 👇
* Arbola-txoria, enbor-txoria, gerri-txoria...
* Arrastaloa, atxingorakoa, atzapar-txoria, tarraka-txoria.
* Katanarra (izenik hedatuena).
* Sagutxoria.
* Okiltxoria.https://t.co/ng5bCzhUQ5

— Asier Sarasua (@asarasua) April 24, 2020

Euskaraz makina bat izen dituen hegaztia, asko-eta-asko onomatopeikoak, zelan ez!

Txirri(n)txoria, txirriñoa, zirringiloa, txirrizkiloa, txorrongiloa, txirringiloa, txirritxaldoa, kirrizkiloa, kirriloa, krikua, irra-irra, irriyoa,...

Izen guztiak: 👇https://t.co/QoDvMWnest pic.twitter.com/XoRJfcZEIG

— Asier Sarasua (@asarasua) April 26, 2020

Izen gehientsuenek bularraldeko kolorea azpimarratzen dute: anttonpapargorria, antxogorria, bulargorria, lepogorria, papargorria, papogorria, txantxangorria, txotxolongorria... Bizkaiko 'txindorra' ahaztu barik. 👇#Txoriakhttps://t.co/ZnG4rfOH5l

— Asier Sarasua (@asarasua) May 3, 2020

ERREKATXINDORRA #TxoriaTxio
Gure hezeguneetako biztanle ohiko samarra. Txori lotsatia, gutxitan ikusiko duguna. Hala ere, zalapartaria da errekatxindorra eta ikusi ez arren, bizkor jakingo dugu gure inguruan ote dabilen, "txuki-txuki-txuki!". https://t.co/xtDGaDAM2W pic.twitter.com/nZBcy0DR83

— Asier Sarasua (@asarasua) May 10, 2020

Txoritan Mallorcan: zertzeta marmolairea, uroilo urdina, kopetazuri gandorduna, Eleonor belatza, txinbo balearra eta beste

Asier Sarasua 2020/09/04 22:30
Txoritan Mallorcan: zertzeta marmolairea, uroilo urdina, kopetazuri gandorduna, Eleonor belatza, txinbo balearra eta beste

S'Albufera, Mallorcan

Txori-urtea makal samar zihoan izurriteak ipini dizkigun mugengatik, baina abuztuan egun gutxi batzuk igaro ditugu Mallorcan, ezustean, eta une egokia izan da hegaztietaz gozatzeko eta Euskal Herrian gutxitan ikusten ditugun espezie batzuk bertatik bertara behatzeko.

Mallorca ez da uharte handia, baina hegaztientzat nahiko leku aproposa da eta edozein txoribururentzat erakargarria. Ez nuen ezagutzen eta ezusteko polita izan da libratu ahal izan ditudan ordu gutxietan ikusi ahal izan dudana. Behean ipini dut ikusitako espezieen zerrenda osoa eta bisitatutako naturguneak. Espezie azpimarragarrienen arten, ostera, goiburuan aipatu ditudanak sartuko nituzke: Eleonor belatza, zertzeta marmolairea, uroilo urdina, kopetazuri gandorduna eta txinbo balearra.

Eleonor belatza (Falco eleonore) eta txinbo balearra (Sylvia balearica) izan dira espezie berezienak, bizitzan lehenengoz ikusi ditudalako. Lehenengoak oso populazio politak ditu uhartean eta, Euskal Herrian ez bezala, aise eta ondo ikusi daiteke hainbat ingurutan, batez ere kostaldean. Txinbo balearra, berriz, endemikoa da Balear Uharteetan; hau da, ez dago beste inon munduan. Hemengo etze-txinboaren antzekoa da eta kostaldean ikusi ohi da gehienetan.

Uroilo urdina (P. porphyrio), zertzeta marmolairea (Marmaronetta angustirostris) eta kopetazuri gandorduna (Fulica cristata) Europako hegaztirik mehatxatuenen artean daude. Doñanarekin batera, Mallorcako Albufera dute bizileku egokienetako bat. Zertzeta marmolairea, esate baterako, izugarri ondo behatu daiteke Albuferan, espezie arrunt samarra ere bada eta.

(Hurrengo argazkiak Wikipediakoak dira)

Txinbo balearra

 

Zertzeta marmolairea

 

Kopetazuri gandorduna

Azken biak arriskuan dauden espezieak dira, zertzeta marmolairea zein kopetazuri gandorduna, baina Mallorcako albuferan aurkitu dute ugaltzeko tokirik egokienetako bat. Plangintza dago natur parke horretan horien populazioak igotzeko, ahate gorrizta (Netta rufina) eta ahate buruzuriarekin (Oxyura leucocephala) batera. Ahate gorrizta Euskal Herrian ere ikusi daiteke; buruzuriak Espainia erdi-hegoaldean ditu populazio ugarienak eta Mallorcan ezin izan dut ikusi.

Mallorcako naturguneak: Cap Salines, Vall de Bóquer (Tramontana), S'Albufera (Alcudia) eta S'Albufereta (Pollença)

Txoriak ikusi nahi dituenak hainbat txoko aurkituko ditu Mallorcan. Uharte iparraldea alde batetik bestera zeharkatzen duen Tramontana mendilerroa zoragarria da eta hango labar eta bailaretan ohikoak dira txinbo balearra eta Eleonor belatzak, esate baterako. Vall de Bóquer inguruan, adibidez, edo Cúber urtegi inguru osoan.

Vall de Boquer

Hego-ekialdeko kostaldea, berriz (Salobrar de Campos, Cap de Ses Salines, Cap Blanc, Mondragó...) itsas hegaztiak ikusteko leku ederra da eta baita beste espezie batzuk ere: kutturlio mokolaburra, harkaitz-txolarrea, belatxingak, Eleonor belatza eta beste hainbat.

S'Albufera (Sa Pobla)

Baina Mallorcako tokirik esanguratsuena S'Albuferako parkea da. Valentziako Albufera ezagunagoa da txorizaleon artean, baina Mallorcakoa ere leku ederra da eta hegaztientzat berebiziko garrantzia daukana. Muro, Sa Poble, Pollença eta Alcudia bezalako leku turistikoen artean kokatua, hezegune hau oraindik nahiko egoera onean dago eta ehunka hegazti-espezieren bizileku (eta pasabide) da.

S'Albufera (Mallorca) - 03

1988an izendatu zuten Parke Natural, Natura 2000 sarean dago, eta Ramsar eta SPA (Hegaztientzat Babes Bereziko Gune) ingurune ere bada. Baleareetako hezegunerik handiena da (1.647 hektarea) eta animalia talde askorentzat oso bizitoki garrantzitsua da (arrainak, odonatuak, lepidopteroak...). Hegaztiei dagokionez, 303 espezie ikusi ahal izan dira bertan, 64 habiagileak dira eta hegazti migratzaileentzat naturgune baliotsua da, izan neguan zein pase-garaian.

Parkeak sarrera bakarra dauka eta baimena eskatu behar da sartu ahal izateko (doakoa, harreragunean eskatzen da, Sa Rocan). Adi, urte-sasoiaren arabera ordutegia murritza izan daiteke (informatzea komeni da) eta harreragunea ez dago parkeko sarreran, aparkalekutik 1.200 metrora baizik, parkearen erdigunean. Hortaz, komeni da joan aurretik informatzea eta denborarekin joatea.

Parkeak azpiegitura eta behatoki egokiak ditu. Sa Rocako harreragune inguruan 3 ibilbide txiki daude (kilometro ingurukoak) eta 6 behatoki, guztiak ere zabalak, erosoak eta ondo seinalizatuta: Sa Roca, Cibollar, Ses Pardes, Gran Canal...

Gainera, parkearen perimetro guztia egin daiteke txirrindulaz (11 km) eta oso interesgarriak dira parkeko bazterretan dauden beste zenbait ingurune, hala nola, Es Forcadet, S'Amarador eta, batez ere, Son Bosc. Azken hori araztegi baten alboan dago eta izugarria izan zen ordu bete eskasean ikusi genuen hegazti multzoa, besteak beste, 18 argioilar, 12 abozeta eta 6 atalar, bertatik bertara.

S'Albufera (Mallorca) - 01

 

S'Albufereta (Pollença)

Albufera "handiaren" iparraldean, 6-8 kilometrora, Albufera txikia dago, S'Albufereta. Hedaduraz (eta babes mailaz) txikiagoa, baina hau ere oso interesgarria hegaztiak behatzeko. Izan ere, garai batean ingurune bakarra osatuko zuten biek, baina gizakiak banatu egin ditu urteetan zehar, errepideak eta etxebizitzak eraiki ahala.

Naturgune hau ere erosoa da bisitatzeko, behatoki gutxi baina egokiak ditu eta hegazti-espezie zerrenda behatu daiteke bertan.

S'Albufereta (Mallorca) - 01

S'Albufereta (Mallorca) - 02

Bukatzeko, hementxe duzue Mallorcan behatutako espezieen zerrenda, eBird aplikazioan kargatu eta bertatik jaitsita. Oraingoan, gainera, euskarazko izenekin, eBird euskaratzea lortu dugu eta! (horri buruz zabalago, hurrengo batean).

Mallorcan behatutako hegazti espezieak

Paita arrunta - Tadorna tadorna
Ahate mokozabala - Spatula clypeata
Ipar-ahatea - Mareca strepera
Basahatea - Anas platyrhynchos
Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris
Ahate gorrizta - Netta rufina
Murgilari arrunta - Aythya ferina
Eper gorria - Alectoris rufa
Flamenko handia - Phoenicopterus roseus
Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
Murgil handia - Podiceps cristatus
Haitz-usoa - Columba livia
Pagausoa - Columba palumbus
Usapal europarra - Streptopelia turtur
Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
Sorbeltz arrunta - Apus apus
Uroilanda handia - Rallus aquaticus
Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
Kopetazuri arrunta - Fulica atra
Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata
Uroilo urdina - Porphyrio porphyrio
Atalarra - Burhinus oedicnemus
Zankaluzea - Himantopus himantopus
Abozeta - Recurvirostra avosetta
Hegabera - Vanellus vanellus
Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus
Txirritxo txikia - Charadrius dubius
Txirri arrunta - Calidris alpina
Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
Kuliska iluna - Tringa ochropus
Bernagorri iluna - Tringa erythropus
Kuliska zuria - Tringa nebularia
Kuliska pikarta - Tringa glareola
Bernagorri arrunta - Tringa totanus
Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus
Audouin kaioa - Ichthyaetus audouinii
Kaio hankahoria - Larus michahellis
Txenada arrunta - Sterna hirundo
Ubarroi mottoduna - Phalacrocorax aristotelis
Koartza hauskara - Ardea cinerea
Koartza gorria - Ardea purpurea
Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
Koartzatxo karramarrozalea - Ardeola ralloides
Beltzarana - Plegadis falcinellus
Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus
Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
Miru gorria - Milvus milvus
Argi-oilarra - Upupa epops
Martin arrantzalea - Alcedo atthis
Erle-txoria - Merops apiaster
Belatz gorria - Falco tinnunculus
Eleonor belatza - Falco eleonorae
Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
Erroia - Corvus corax
Kaskabeltz handia - Parus major
Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae
Ihi-txoria - Cisticola juncidis
Benarriz kaskabeltza - Acrocephalus melanopogon
Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus
Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris
Enara arrunta - Hirundo rustica
Enara azpizuria - Delichon urbicum
Errekatxindorra - Cettia cetti
Txinbo burubeltza - Sylvia melanocephala
Txinbo balearra - Sylvia balearica
Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris
Zozo arrunta - Turdus merula
Euli-txori grisa - Muscicapa striata
Urretxindorra - Luscinia megarhynchos
Harkaitz-zozo urdina - Monticola solitarius
Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
Etxe-txolarrea - Passer domesticus
Larre-buztanikara - Motacilla flava
Txonta arrunta - Fringilla coelebs
Txorru arrunta - Chloris chloris
Txoka arrunta - Linaria cannabina
Kardantxiloa - Carduelis carduelis
Txirriskila arrunta - Serinus serinus
Hesi-berdantza - Emberiza cirlus

"Oriente Medio, Oriente roto" (M. Ayestaran, 2017) erabat hautsita dagoen Ekialde Hurbiletik idatzitako kronikak

Asier Sarasua 2020/08/29 15:10

Ekialde Hurbileko (eta Magrebeko) 14 herrialdetan kokatutako 14 kronika bildu ditu Mikel Ayestaranek Oriente Medio, Oriente roto liburuan. Siria, Iran, Afganistan, Yemen, Libia... Ayestaranek bizitza erdia darama munduko eremu liskartsuenean lanean eta bere begiek bistakoaren zati txiki bat dakarkigu Península argitaletxeak 2017an argitaratutako lan honetan.

Txatal solteak dira, Xavier Aldekoak "Océano África" hartan kiribildutakoaren antzera, garai eta herrialde ezberdinetan jasotako lekukotasunak, baina guztiak batzean Ekialde Hurbilean gertatzen ari denaren ikuspegi orokorra irudikatzen lagunduko digutena.

Beharbada ikuspegi orokorrago eta sakonago bat jasotzea nahiko genuke, gosez eta egarriz lagatzen gaitu Ayestaranek, baina ez da samurra Ekialde Hurbilean azken 20-30 urteotan gertatutako guztia biltzea 220 orrialde laburretan. Hala ere, esango nuke helburu hortatik gertuago dagoela Ayestaranen hau, Aldekoaren hura baino.

Euskaraz ere badu antzeko lan bat Ayestaranek, "Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak" (2017), Ane Irazabalekin eta Karlos Zurutuzarekin batera idatzia. Gaztelaniaz 2018ko beste bat, "Las cenizas del califato". Horiek ere kontuan hartu beharko hurrengorako.

Esan bezala, gustura irakurri dut eta ulertzeko zail egiten zitzaizkidan hainbat kontu argitzeko balio izan duten hainbat pista eman dizkit, Ekialde Hurbilean bizi duten kaosa ulertzen lagundu didatenak. 2017an idatzita egon arren, uste dut gaurkotasun osoz irakurri daitekeela, zoritxarrez egoera ez delako ia ezertxo aldatu harrezkero. Gomendagarria.

 

"Oriente Medio, Oriente roto", Ayestaran, 2017

Kandahar( Afganistán), 2010
Como si de una agencia de viajes se tratara, el Centro de Operaciones del Sur de Afganistán maneja cientos de solicitudes de periodistas de todo el mundo que quieren acompañar unos días a las fuerzas de la OTAN. Estados Unidos es el país que más promueve y respalda esta forma de trabajo en la que el informador se convierte en uno más dentro de las bases y sale a patrullar todos los días asumiendo los riesgos de cualquier soldado. (…). Después de nueve años de operación, el Pentágono ha resucitado la figura de Osama Bin Laden (…). Una motivación imprescindible para unos hombres a los que nueve años con los frentes afgano e iraquí abiertos están pasando una cara factura psicológica. No es la primera ocasión en que trabajo destro de unidades militares, pero ésta es la primera vez que accedo al corazón del territorio talibán con las fuerzas internacionales. Mientras que trabajar con los españoles es un dolor, porque tienen que pedir permiso para todo al Ministerio de Defensa de Madrid, con los estadounidenses el trabajo del periodista está perfectamente gestionado por el personal de comunicación dedicado a la información pública. España tiene a sus fuerzas en el oeste del país, zonas con insurgencia pero lejos de los bastiones talibanes. Los militares, a las órdenes de los políticos, se ven obligados en ocasiones a no recibir a los enviados especiales que aparecemos por allí y darnos con la puerta de la base en las narices. El Gobierno de Madrid no quiere muertos, no quiere utilizar la palabra “guerra”…; nada que ver con unos estadounidenses que desde el comienzo del conflicto saben que no pueden contar con aliados como los españoles, con tantas líneas rojas que no pueden casi ni disparar. Aquí el papel de cada país en la coalición se mide por el número de muertos, por la sangre que han derramado los ejércitos.


Jerusalén (Israel), 2017
Israelíes y palestinos libran el conflicto más longevo, pero no el de mayor intensidad. La invasión de Estados Unidos en 2003 dejó un Irak partido entre kurdos, suníes y chiíes, lo mismo que ocurre en la Siria posterior a 2011, donde se podrá reconstruir la destrucción causada por los años de guerra, pero será mucho más complicado recomponer la relación entre sectas y confesiones. Irán se ha erigido en la gran potencia en la sobra y ha extendido su influencia a Bagdad, Damasco, Beirut y Saná, siempre a través del apoyo a los grupos chiíes de cada país, una lección del imán Jomeini que los actuales dirigentes de la república islámica explotan a la perfección. Los iraníes participan en la guerra de forma indirecta: una fórmula más eficaz que el envío de tropas regulares. Arabia Saudí, el guardián de los dos lugares más santos para los musulmanes, Meca y Medina, recela del avance chií y, junto a Catar, no tiene reparo en financiar a cualquier grupo que le sirva para frenar a los iraníes, sin importar de quíen se trate o qué ideología promueva. Aparentemente, Israel permanece al margen, pero está en medio de esta guerra regional en la que se posiciona del lado saudí para formar un frente común ante los iraníes y no ha dudado a la hora de atacar objetivos en Siria, según denuncia el Gobierno de Damasco, para acabar con armas que llegan a Hizbulá, y que pueden representar una amenaza para su seguridad. Las autoridades judías ni confirman ni desmienten este tipo de ataques. “No nos gustaba lo que había, pero tampoco nos gusta lo que puede venir después de Al Asad, así que lo que más nos beneficia es que se sigan matando”, reconoció ante la prensa un alto mando militar israelí en los primeros años de la guerra de Siria. Sus deseos se han convertido en realidad. En Egipto y Túnez, las llamadas “primaveras árabes” del año 2011 no han conllevado el cambio democrático soñado y la inestabilidad crece; en Yemen y Libia ha sido aún peor, ya que esas primaveras han abierto las puertas a guerras abiertas que han destrozado ciudades enteras y los muertos se cuentan por miles. Las agendas regionales, políticas y religiosas, son las que mandan, pero Estados Unidos y Rusia toman también parte directa, lo que otorga a los conflictos una dimensión mundial que no se veía desde el final de la Guerra Fría. (…) Mientras unos y otros se acusan de haber lanzado la primera piedra, Oriente Medio se desangra, los muros crecen y todos aquellos que pueden emigran a Europa o a Estados Unidos. (...) Oriente Medio se parte en pedazos cada vez más pequeños.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz