2025. urtean behatutako hegaztien zerrenda
Euskal Herri inguruko hegaztietara ohituta, txori-urte berezia izan da amaitu berri den hau, lehenengoz Afrika aldean ibili naizelako txoritan. Negu amaieran Marokon izan ginen oporretan eta udazkenean Fuerteventuran pasa genituen egun gutxi batzuk. Horri esker, sekula ikusi barik nituen makinatxo bat espezie (eta genero) behatu ahal izan ditut azken 12 hilabeteetan.
Maroko hegoaldera egindako bidaiak adibidez, aukera paregabea eman zigun turismo lasaia eta txori-behaketa aberatsa egiteko. Turismo gutxiko eta tenperatura oso atsegineko sasoian, gainera, hegaztiak behatzeko aukera ere ziurtatuta zegoenean. Hantxe aurkitu genituen, beste dozenaka espezierekin batera, niretzat estreinako izan ziren gailupa hegalgorri afrikarra (Rhodopechys sanguineus), buztanzuri magrebtarra (Oenanthe halophila), txinbo sahararra (Curruca deserti), bulbul arrunta (Pycnonotus barbatus), ganga tandoduna (Pterocles senagallus), zata egiptoarra (Caprimulgus aegyptius), hego-belatza (Falco biarmicus), basamortuko erroia (Corvus ruficollis), txoriandre mokolodia (Ramphocoris clotbey), kalapitari arrea (Argya fulva)... eta horrela 33 estreinako espezieren zerrenda osatu arte.
Gailupa hegalgorri afrikarra (Rhodopechys sanguineus), Atlas mendietan.
Txinbo sahararra (Curruca deserti), Merzougako dunetan, Marokon.
Udazkenean Fuerteventurara egindako bidaia laburragoa izan zen, baina honek ere oso-oso une ederrak ekarri zizkigun, eta lehenago sekula ikusi barik nituen 5 espezie behatzeko aukera ere bai: sorbeltz kolorebakarra (Apus unicolor), bulbul ipurgorria (Pycnonotus cafer), pitxartxar kanariarra (Saxicola dacotiae), kanarioa (Serinus canaria) eta, ikusgarriena, hubara basoilo afrikarra (Chlamydotis undulata).
Hubara basoilo afrikarra (Chlamydotis undulata), Fuerteventurara egindako bidaiaren aitzakia nagusia. 200 ale inguru besterik ez dira geratzen uhartean, janari faltari eta habitat galerari aurre egin ezinda. Hala ere, behatzeko erraz samarrak dira eta ikusgarria da paraje basati berezi hartan basoilo handi hauek ikusi ahal izatea.
Pixartxar kanariarra (Saxicola dacotiae), Fuerteventurako sakanetako bizilaguna. Hemengo pitxartxarraren lehengusua, endemikoa da uhartean eta oraindik ere nahiko ugaria.
Euskal Herriari dagokionez, 3 espezie nabarmenduko nituzke beste guztien gainetik. Horietako bi hizpide izan ditut blog honetan, Txingudi inguruan negua igarotzen ari den beltxarga oihularia (C. cygnus) eta Gorramendi inguruan ikusi genuen txirri lepokoduna (Eudromias morinellus), sekulako ezustekoa eta denbora luzez ahaztuko ez zaigun behaketa. Eta horri gehitu beharko nioke Lekeitiotik irtenda Kantauri itsasoan ikusi genuen Desertaseko braiaren (Pterodroma deserta) eguna, joan zen azaroaren 16koa. Gure kostaldean sekula hain ondo behatu eta erabat ziur identifikatu ahal izan den lehenengo alea izan zen Pterodroma brai honena.
Beltxarga oihularia, Txingudin. Europa iparraldeko espeziea, ezohikoa Euskal Herrian. 2025eko udazkenean bi ale heldu ziren Plaiaundira. Bietako bat handik gutxira hil zen, baina besteak bertan jarraitzen du negua igarotzen.
Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) Gorramendin, abuztuaren 23an. Tundrako bisitari bakana; ale gutxi batzuk ikusi ahal izaten dira tarteka Euskal Herrian, migrazioan hegoalderantz doazela. Garai beretsuan beste 2 ale ere ikusi ziren Urkiolan.
Hara ba! Txori-urte oparoa 2025 amaitu berria! Hemen azpian lagako dut laburpena, aurreko urteetan legez (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021, 2022, 2023 eta 2024). Datu guztiak eBird aplikazioaren bidez jaso eta gordeak; euskaraz duzue eBird, gainera, ez ahaztu!
Laburpen orokorra:
- Guztira, urtean zehar: 282 espezie.
- Estreinakoak: 51 espezie.
- Euskal Herrian: 199 sp.
- Gipuzkoan: 135 sp.
- Araban: 102 sp.
- Nafarroa Garaian: 98 sp.
- Bizkaian: 88 sp.
- Ipar Euskal Herrian: 51 sp.
Moussier buztangorria, Marokoko txori nazional ofiziala. Zein ote Euskal Herrikoa?
| Antzara hankagorrizta (Anser anser) |
| Branta musubeltza (Branta bernicla) |
| Beltxarga arrunta (Cygnus olor) |
| Beltxarga oihularia (Cygnus cygnus) |
| Paita gorrizta (Tadorna ferruginea) |
| Paita arrunta (Tadorna tadorna) |
| Ahate musketaduna (Cairina moschata) |
| Ahate mokozabal zuria (Spatula clypeata) |
| Ipar-ahatea (Mareca strepera) |
| Ahate txistulari eurasiarra (Mareca penelope) |
| Basahatea (Anas platyrhynchos) |
| Ahate buztanluzea (Anas acuta) |
| Zertzeta arrunta (Anas crecca) |
| Ahate gorrizta (Netta rufina) |
| Murgilari arrunta (Aythya ferina) |
| Murgilari mottoduna (Aythya fuligula) |
| Murgilari handia (Aythya marila) |
| Murgilari txikia (Aythya affinis) |
| Ahatebeltz eurasiarra (Melanitta nigra) |
| Galeper eurasiarra (Coturnix coturnix) |
| Eper afrikarra (Alectoris barbara) |
| Eper gorria (Alectoris rufa) |
| Haitz-usoa (Columba livia) |
| Pagausoa (Columba palumbus) |
| Usapal europarra (Streptopelia turtur) |
| Usapal turkiarra (Streptopelia decaocto) |
| Usapal senegaldarra (Spilopelia senegalensis) |
| Ganga tantoduna (Pterocles senegallus) |
| Ganga koroaduna (Pterocles coronatus) |
| Hubara basoilo afrikarra (Chlamydotis undulata) |
| Kuku eurasiarra (Cuculus canorus) |
| Zata egiptoarra (Caprimulgus aegyptius) |
| Sorbeltz arrunta (Apus apus) |
| Sorbeltz kolorebakarra (Apus unicolor) |
| Sorbeltz arrea (Apus pallidus) |
| Sorbeltz txikia (Apus affinis) |
| Sorbeltz ipurtzuria (Apus caffer) |
| Uroilanda handia (Rallus aquaticus) |
| Uroilo arrunta (Gallinula chloropus) |
| Kopetazuri arrunta (Fulica atra) |
| Kurrilo arrunta (Grus grus) |
| Atalarra (Burhinus oedicnemus) |
| Zankaluze eurasiarra (Himantopus himantopus) |
| Abozeta kaskabeltza (Recurvirostra avosetta) |
| Txirri grisa (Pluvialis squatarola) |
| Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus) |
| Txirritxo handia (Charadrius hiaticula) |
| Txirritxo txikia (Thinornis dubius) |
| Hegabera eurasiarra (Vanellus vanellus) |
| Txirritxo hankabeltza (Anarhynchus alexandrinus) |
| Kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus) |
| Kurlinta handia (Numenius arquata) |
| Kuliska gorria (Limosa lapponica) |
| Kuliska buztanbeltza (Limosa limosa) |
| Istingor arrunta (Gallinago gallinago) |
| Kuliska txikia (Actitis hypoleucos) |
| Kuliska iluna (Tringa ochropus) |
| Kuliska pikarta (Tringa glareola) |
| Bernagorri arrunta (Tringa totanus) |
| Bernagorri iluna (Tringa erythropus) |
| Kuliska zuria (Tringa nebularia) |
| Harri-iraulari arrunta (Arenaria interpres) |
| Borrokalaria (Calidris pugnax) |
| Txirri kurlinta (Calidris ferruginea) |
| Temminck txirria (Calidris temminckii) |
| Txirri zuria (Calidris alba) |
| Txirri arrunta (Calidris alpina) |
| Txirri txikia (Calidris minuta) |
| Txirri pektorala (Calidris melanotos) |
| Marikaka handia (Stercorarius skua) |
| Martin pottorroa (Uria aalge) |
| Antxeta hankabeltza (Rissa tridactyla) |
| Bonaparte antxeta (Chroicocephalus philadelphia) |
| Antxeta mokogorria (Chroicocephalus ridibundus) |
| Audouin kaioa (Ichthyaetus audouinii) |
| Antxeta burubeltza (Ichthyaetus melanocephalus) |
| Kaio mokohoria (Larus canus) |
| Kaio kaspiarra (Larus cachinnans) |
| Kaio domingotarra (Larus dominicanus) |
| Kaio hauskara europarra (Larus argentatus) |
| Kaio hankahoria (Larus michahellis) |
| Kaio beltza (Larus marinus) |
| Kaio iluna (Larus fuscus) |
| Itsas enara beltza (Chlidonias niger) |
| Ipar-txenada (Sterna paradisaea) |
| Txenada arrunta (Sterna hirundo) |
| Txenada hankabeltza (Thalasseus sandvicensis) |
| Flamenko handia (Phoenicopterus roseus) |
| Txilinporta txikia (Tachybaptus ruficollis) |
| Murgil mottoduna (Podiceps cristatus) |
| Txilinporta lepabeltza (Podiceps nigricollis) |
| Wilson ekaitz-txoria (Oceanites oceanicus) |
| Ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) |
| Ekaitz-txori handia (Hydrobates leucorhous) |
| Desertas Petrel (Pterodroma deserta) |
| Gabai arre atlantikoa (Calonectris borealis) |
| Gabai arre mediterraneoa (Calonectris diomedea) |
| Gabai handia (Ardenna gravis) |
| Gabai iluna (Ardenna grisea) |
| Gabai arrunta (Puffinus puffinus) |
| Gabai balearra (Puffinus mauretanicus) |
| Zikoina beltza (Ciconia nigra) |
| Zikoina zuria (Ciconia ciconia) |
| Zanga arrunta (Morus bassanus) |
| Ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) |
| Ubarroi mottoduna (Gulosus aristotelis) |
| Beltzaran arrunta (Plegadis falcinellus) |
| Mokozabal zuria (Platalea leucorodia) |
| Amiltxori arrunta (Nycticorax nycticorax) |
| Koartzatxo txikia (Egretta garzetta) |
| Koartzatxo itzaina (Ardea ibis) |
| Koartza zuria (Ardea alba) |
| Koartza hauskara (Ardea cinerea) |
| Koartza gorria (Ardea purpurea) |
| Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) |
| Elano urdina (Elanus caeruleus) |
| Sai zuria (Neophron percnopterus) |
| Liztorjale eurasiarra (Pernis apivorus) |
| Sai beltza (Aegypius monachus) |
| Sai arrea (Gyps fulvus) |
| Sugezale eurasiarra (Circaetus gallicus) |
| Arrano txikia (Hieraaetus pennatus) |
| Bonelli arranoa (Aquila fasciata) |
| Gabirai arrunta (Accipiter nisus) |
| Aztore eurasiarra (Astur gentilis) |
| Zingira-mirotz eurasiarra (Circus aeruginosus) |
| Mirotz zuri eurasiarra (Circus cyaneus) |
| Mirotz urdina (Circus pygargus) |
| Miru gorria (Milvus milvus) |
| Miru beltza (Milvus migrans) |
| Zapelatz arrunta (Buteo buteo) |
| Zapelatz handia (Buteo rufinus) |
| Hontz zuri eurasiarra (Tyto alba) |
| Apo-hontz arrunta (Otus scops) |
| Basamortuko hontza (Bubo ascalaphus) |
| Mozolo arrunta (Athene noctua) |
| Urubi arrunta (Strix aluco) |
| Argi-oilar arrunta (Upupa epops) |
| Erle-txori eurasiarra (Merops apiaster) |
| Martin arrantzalea (Alcedo atthis) |
| Lepitzulia (Jynx torquilla) |
| Okil ertaina (Dendrocoptes medius) |
| Okil handia (Dendrocopos major) |
| Okil txikia (Dryobates minor) |
| Okil berde magrebtarra (Picus vaillantii) |
| Okil berde iberiarra (Picus sharpei) |
| Okil beltza (Dryocopus martius) |
| Etxe-belatza (Falco naumanni) |
| Belatz gorria (Falco tinnunculus) |
| Zuhaitz-belatz eurasiarra (Falco subbuteo) |
| Hego-belatza (Falco biarmicus) |
| Belatz handia (Falco peregrinus) |
| Urretxoria (Oriolus oriolus) |
| Antzandobi arrunta (Lanius collurio) |
| Antzandobi handi iberiarra (Lanius meridionalis) |
| Antzandobi handi arrunta (Lanius excubitor) |
| Antzandobi kaskagorria (Lanius senator) |
| Eskinoso eurasiarra (Garrulus glandarius) |
| Mika urdin iberiarra (Cyanopica cooki) |
| Mika magrebtarra (Pica mauritanica) |
| Mika arrunta (Pica pica) |
| Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) |
| Belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus) |
| Belatxiki arrunta (Coloeus monedula) |
| Ipar-belea (Corvus frugilegus) |
| Belabeltza (Corvus corone) |
| Basamortuko erroia (Corvus ruficollis) |
| Erroi handia (Corvus corax) |
| Pinu-kaskabeltza (Periparus ater) |
| Amilotx mottoduna (Lophophanes cristatus) |
| Kaskabeltz txikia (Poecile palustris) |
| Amilotx urdin europarra (Cyanistes caeruleus) |
| Amilotx urdin afrikarra (Cyanistes teneriffae) |
| Kaskabeltz handia (Parus major) |
| Dilindari eurasiarra (Remiz pendulinus) |
| Ibis-txoriandrea (Alaemon alaudipes) |
| Txoriandre mokolodia (Ramphocoris clotbey) |
| Txoriandre buztanbeltza (Ammomanes cinctura) |
| Basamortuko txoriandrea (Ammomanes deserti) |
| Pirripioa (Lullula arborea) |
| Hegatxabal arrunta (Alauda arvensis) |
| Kutturlio mokolaburra (Galerida theklae) |
| Kutturlio arrunta (Galerida cristata) |
| Hegatxabal adarduna (Eremophila alpestris) |
| Hegatxabal sahararra (Eremophila bilopha) |
| Txoriandre arrunta (Calandrella brachydactyla) |
| Txoriandre pispoleta mediterraneoa (Alaudala rufescens) |
| Ihi-txoria (Cisticola juncidis) |
| Sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta) |
| Benarriz arrunta (Acrocephalus schoenobaenus) |
| Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaceus) |
| Benarriz nabarra (Locustella naevia) |
| Uhalde-enara arrunta (Riparia riparia) |
| Haitz-enara eurasiarra (Ptyonoprogne rupestris) |
| Enara arrunta (Hirundo rustica) |
| Enara ipurtzuri eurasiarra (Delichon urbicum) |
| Enara ipurgorri eurasiarra (Cecropis rufula) |
| Bulbul arrunta (Pycnonotus barbatus) |
| Bulbul ipurgorria (Pycnonotus cafer) |
| Txio lepazuria (Phylloscopus bonelli) |
| Txio horia (Phylloscopus trochilus) |
| Txio arrunta (Phylloscopus collybita) |
| Txio iberiarra (Phylloscopus ibericus) |
| Scrub Warbler (Scotocerca inquieta) |
| Errekatxindor eurasiarra (Cettia cetti) |
| Buztanluze arrunta (Aegithalos caudatus) |
| Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla) |
| Txinbo sahararra (Curruca deserti) |
| Atlaseko txinboa (Curruca deserticola) |
| Txinbo burubeltza (Curruca melanocephala) |
| Txinbo papargorrizta iberiarra (Curruca iberiae) |
| Sasi-txinboa (Curruca communis) |
| Ezkai-txinboa (Curruca conspicillata) |
| Etze-txinboa (Curruca undata) |
| Leiotrix mokogorria (Leiothrix lutea) |
| Kalapitari arrea (Argya fulva) |
| Mendi-erregetxoa (Regulus regulus) |
| Erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilla) |
| Garrapo eurasiarra (Sitta europaea) |
| Gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla) |
| Txepetx eurasiarra (Troglodytes troglodytes) |
| Ur-zozo eurasiarra (Cinclus cinclus) |
| Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris) |
| Arabazozo beltza (Sturnus unicolor) |
| Garraztarro eurasiarra (Turdus viscivorus) |
| Birigarro arrunta (Turdus philomelos) |
| Birigarro txikia (Turdus iliacus) |
| Zozo arrunta (Turdus merula) |
| Durdula (Turdus pilaris) |
| Zozo paparzuria (Turdus torquatus) |
| Euli-txori grisa (Muscicapa striata) |
| Buztantente eurasiarra (Cercotrichas galactotes) |
| Txantxangorria (Erithacus rubecula) |
| Urretxindor arrunta (Luscinia megarhynchos) |
| Euli-txori beltza (Ficedula hypoleuca) |
| Moussier buztangorria (Phoenicurus moussieri) |
| Buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus) |
| Buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros) |
| Harkaitz-zozo urdina (Monticola solitarius) |
| Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra) |
| Pitxartxar kanariarra (Saxicola dacotiae) |
| Pitxartxar burubeltza (Saxicola rubicola) |
| Buztanzuri arrunta (Oenanthe oenanthe) |
| Basamortuko buztanzuria (Oenanthe deserti) |
| Mendebaldeko buztanzuri horia (Oenanthe hispanica) |
| Buztanzuri ipurgorria (Oenanthe moesta) |
| Buztanzuri beltza (Oenanthe leucura) |
| Buztanzuri kaskazuria (Oenanthe leucopyga) |
| Buztanzuri nubiarra (Oenanthe lugens) |
| Mendi-tuntuna (Prunella collaris) |
| Tuntun arrunta (Prunella modularis) |
| Etxe-txolarrea (Passer domesticus) |
| Txolarre iluna (Passer hispaniolensis) |
| Txolarre sahararra (Passer simplex) |
| Landa-txolarrea (Passer montanus) |
| Harkaitz-txolarre arrunta (Petronia petronia) |
| Buztanikara horia (Motacilla cinerea) |
| Larre-buztanikara (Motacilla flava) |
| Buztanikara zuria (Motacilla alba) |
| Landa-txirta (Anthus campestris) |
| Txirta kanariarra (Anthus berthelotii) |
| Negu-txirta (Anthus pratensis) |
| Uda-txirta (Anthus trivialis) |
| Mendi-txirta (Anthus spinoletta) |
| Txonta arrunta (Fringilla coelebs) |
| Txonta afrikarra (Fringilla spodiogenys) |
| Gailupa eurasiarra (Pyrrhula pyrrhula) |
| Gailupa hegalgorria (Rhodopechys sanguineus) |
| Gailupa tronpetaria (Bucanetes githagineus) |
| Txorru arrunta (Chloris chloris) |
| Txoka arrunta (Linaria cannabina) |
| Txoka txikia (Acanthis flammea) |
| Kardantxiloa (Carduelis carduelis) |
| Txirriskila arrunta (Serinus serinus) |
| Kanarioa (Serinus canaria) |
| Tarina (Spinus spinus) |
| Gari-berdantza (Emberiza calandra) |
| Mendi-berdantza (Emberiza cia) |
| Hesi-berdantza (Emberiza cirlus) |
| Berdantza horia (Emberiza citrinella) |
| Berdantza sahararra (Emberiza sahari) |
| Zingira-berdantza eurasiarra (Emberiza schoeniclus) |
Buztanzuri magrebtarra (Oenanthe halophila)
Hegatxabal adarduna (Eremophila alpestris)
Zata egiptoarrak (Caprimulgus aegyptius)
Berriatuko Herri Ondarearen webgunea, inguruko beste herrientzat eredu
Egitasmoaren helburua eta edukiak
Duela aste batzuk aurkeztu zuten Goikolau elkarteak eta CodeSyntaxek https://ondarea-berriatua.eus/ webgune berria. Helburu nagusia herriko ondarea eta historia modu digitalean eskaintzea da, urteetan pilatutako ezagutza eta materiala herritar eta interesa duen edozeinen eskura jartzea. Garai batean sutondoan egiten zen jakintzaren transmisioari internet bidez jarraipena eman nahi dio egitasmo honek.
Berriatuko ondarearen inguruko webgune berrian hainbat kategoriatan antolatutako edukiak aurki daitezke: ondare eraikia eta naturala, ahozko memoria eta historia, mapak eta argazki historikoak, eta herritarren ekarpenak. Lan ikaragarria Goikolau elkarteak hainbat urtez egin duena eta atari eredugarria, egitura eta eduki aldetik, inguruko herri eta elkarteentzat. Zorionak lan eder honengatik!
Goikolau Kultur Elkartearen lana
Egitasmoak hiru oinarri izan ditu. Lehenik, Goikolau Kultur Elkarteak jasotako materiala aztertu eta artxibo antolatu bat bezala eraiki zuen. Bigarrenik, Nere Erkiaga dokumentazio aholkulariaren laguntzarekin, datu-base baten egitura eta funtzionamendua diseinatu zuten (Laratza datu-basea). Azkenik, CodeSyntax enpresak garapen teknologikoa gauzatu du, Django framework-a erabiliz.
2012an sortutako elkarteak herri ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazteko xedea du. Haien iritziz, "komunitaterik gabe, ondarerik ez litzateke egongo" eta ondarea "herritarren sareak eraikitzeko tresna" da. Urteotan hitzaldiak, erakusketak, elkarrizketak, dokumentalak eta herritarren jaiak bultzatu ditu. Informazioa zabal irakurri daiteke Berrian atera zuten albiste honetan.
Etorkizunera begira
Tresna bizia da Ondarea-Berriatua.eus atari berria; etengabe eraikitzen jarraituko duena. Goikolau Kultur Elkarteak fitxetan dagoen informazioa osatu eta aberasten jarraituko du, herritarren elkargunea sortuz, bakoitzak bere ezagutza partekatu eta bestena jaso dezan. Udalarekin lortutako hitzarmenari esker, udalak bildutako ondareari buruzko informazioa eta dokumentazioa ere jasoko dute plataforman.
Berriatuko ondarearen inguruko informazio guztia Ondarea-berriatua.eus helbidean.
Beltxarga oihularia (C. cygnus), Artikoko ezohiko bisitaria Txingudin
Beltxarga arruntak (Cygnus olor) ezagunak dira denontzat, besteak beste gure hiriburuetako parke eta lorategietan ere ikus ditzakegula aske, gizakiak askatuta. Bestelakoa da, ostera, egunotan Txingudiko Plaiaundin ikusi dezakegun beltxarga espeziea: beltxarga oihularia (C. cygnus).
Eurasia iparraldean kumatzen den hegaztia da, Groenlandia eta Islandian hasi eta Siberiaraino. Neguan hegorantz egiten du, Kaspiora, Itsaso Beltzera, Mediterraneoko eremu zehatz batzuetara... eta, Europa mendebaldeari dagokionez, Norvegia eta Herbereen arteko kostaldera.
Ale gehienek nekez egiten dute hegorago, baina urtero ikusten da bikoteren bat edo beste Kantauri itsasoko lurraldeetan, batez ere Galizian. Euskal Herrian, aldiz, nahiko ezohikoa da. 2012ko maiatzean ale bat izan genuen Pitillasko urtegian (Nafarroa Garaia); 2022ko azaro-abenduan bikote bat Gixunen (Lapurdi); eta 2023ko abenduan beste ale bakarti bat Urdaibain (Bizkaia).
Oraingo honetan Gipuzkoako Txingudira heldu ziren 2 ale urriaren 27an (Josetxo Esparciak aurkitu zituen). Euretako bat, zoritxarrez, handik gutxira hil zen, baina besteak Txingudin jarraitzen du.
Asteburuan ikusi ahal izan dugu, euripean, ur gezako aintziran elikatzen. Ustez, behintzat, itxura onarekin. Espezie honen ohiturak ezagututa, ez litzateke arraroa zenbait egunez gure artean jarraitzea.
Animalia ederra, adiera guztietan. Arrek 1,65 m altuera har dezakete, 11-12 kiloko pixua eta 2 metrotik gorako hego-zabalera. Zuri-zuriak dira eta mokoaren oinarria hori-horia da, punta beltzarekin.
Beltxarga oihularia (Cygnus cygnus)
Bidaia ornitologikoa Maroko hegoaldera
Aspaldi Maroko bisitatzeko gogoz, aurten izan dugu aukera herrialde eder horretako hegoaldera bidaiatzeko. Turismo kulturalaz gain, turismo ornitologikoa egiteko ere aprobetxatu dugu (Ainhoaren pazientziari esker ;).
Izugarri gustatu zitzaigun ikusitako guztia. Bilbotik Marrakexera hartu genuen hegaldia eta hiri zalapartatsu eta zoro horretan pare bat egun egin ondoren, hegoalderantz jo genuen, lekurik ezagunenetara, besteak beste Essauirara, Atlasera, Ouarzazate ingurura, Ait-Ben-Haddour herrixkara, Todghara, Merzougako basamortura, Erg Chebbiko dunetara..., bidean hegaztiak behatzeko oso toki aproposak diren beste paraje ezezagunago batzuetan geratuta, esate baterako, Oukaimeden eski-estazioan, Boumalne Dadesen, Tagdilt basamortuan eta Draa Tafilalet bailaran. Marrakexeko eromenaren ostean, natura neurrigabea eta bake ikaragarria hegoalderagoko ordokietan.
Gozada bat aukera hori izatea, 10 egunez turismo lasaia eta txori-behaketa aberatsa egiteko aukera. Turismo gutxiko eta tenperatura oso atsegineko sasoian, gainera, hegaztiak behatzeko aukera ere ziurtatuta zegoenean. Negu amaierarako kumaldia oso aurreratuta dago Maroko hegoaldean, migrazioa ere hasita dago eta espezie gehienak oso aktibo daude egun guztian zehar. %100 gomendagarria!
Atlas mendikatean, gailupa hegalgorriaren bila.
Gailupa hegalgorri afrikarra (Rhodopechys sanguineus)
Tajina, bereber sukaldaritzako jakia eta ontzia.
Atlas mendikatean. Atzean Tubkal (4.167 m).
Moussier buztangorria, Marokoko txori nazional ofiziala. Zein ote Euskal Herrikoa?
Assif Amerzgane ordokia, basamortuko buztanzuri eta hegatxabalen bila.
Buztanzuri magrebtarra (Oenanthe halophila)
Psammomys obesus arratoia, nahiko ugaria ingurumari honetan.
Tinghir inguruko palmondo-sail eta ortu ederrak. Udaberrian berdeak ere badu tokia klima desertiko lehorrean.
Tizgaghine inguruan, Scotocerca inquietaren xerkan, bidaia honetako espezierik bilatuenetako bat, familia horretako kiderik ez baita Europan.
Scotocerca inquieta
Zata egiptoar parea. Behaketa zoragarria, 3 ex. aurkitu genituen Merzouga alboko paraje harritsu batean, bertako giden laguntzari esker.
Ilunabarra Erg Chebbiko dunetan. Marokoko duna-sistemarik handienetakoa (28 km luze; 150 metroko garaierako dunak), Saharako basamortuaren atean. Turista gehienon helmuga eta bilgune, bidaia egin genuen garaiagatik ia-ia bakarrik egon ginen.
Txinbo sahararra (Curruca deserti), 2 gaztetxo gurasoei elikagaia eskatzen. Potxolo batzuk. Negua oraindik amaitu barik, baina ugalketa-sasoia oso aurreratuta zegoen basamortuan.
Hantxe atzean dago Mos Eisley ;))
Atlaseko mugan, mendi garauak, herrixka ederrak eta palmondo-sailak.
Ait-Ben-Haddour, pelikuletako Kasbah tipikoa.
Bulbul arruntak (Pycnonotus barbatus), Afrika eta Asia hegoaldean bizi diren Pycnonotidae familiako kideen arteko espezie ugarienetakoa, Marokoko herri eta lorategi gehienetako bizilaguna.
Zokoa.
Jemaa el-Fnaa, mila urte dituen topagunea. XX. mende amaieran plaza urbanizatzeko plana aurkeztu zuten, baina herritarren borondatez Gizateriaren Kultura Ondare Inmaterial izendatu zuten eta plazak jarraitzen du duela 1000 urte bezala Marrakexeko bihotza izaten, turismoak erabat hartu badu ere.
Bahia jauregia, Marrakexen.
Bidaiaren erdian, laupabost bat egunez, Hamid izan genuen bidaide, gida ornitologiko lanak eginez. Lehenengoz bizi izan genuen horrelako esperientzia bat, gida baten laguntzarekin bidaiatzearena eta, oro har, esperientzia oso aberasgarria izan zen. Hamiden esperientzia ikaragarria da, txoko eta txori guztiak ezagutzen ditu, eta espezie berezi guztiak behatzeko ahalegin izugarria egin zuen, gu pozik gera gintezen.
Bere laguntzarik gabe nekez helduko ginen heldu ginen bailara, basamortu, duna eta ingurumarietara, eta nekez ikusiko genituen ikusi genituen espezie guztiak eta hain gertutik. Bestalde, horrelako bidaiak argazkilaritzari oso bideratuta daude, hau da, espezieak lasai behatzera baino, txoriei argazkiak ateratzera eta checklist zerrendak betetzera, eta hori ez zitzaidan hain erakargarri egin.
Guri patxada gehiagoz ibiltzea gustatzen zaigu, presarik gabe, espezie erdiak behatuta ere, txori horien ibilerak lasai disfrutatuta. Baina tira, esan bezala, lehenengo esperientzia moduan gustatu zitzaigun eta esango nuke helburu bezala espezie jakin batzuk behatzea eta, batez ere, argazkiak ateratzea dituen txorizalearentzat gidari aparta dela Hamid, Birdwatching Morocco enpresakoa.
Bidaia ornitologikoa Maroko hegoaldera
Hementxe bidaia ornitologikoaren laburpena, eBirden, behaketa-puntu eta ikusitako espezie guztien zerrendarekin.
Ez dira espezie asko (87 espezie erraz ikus daitezke Euskal Herrian, baita egun bakarrean ere), baina bai oso bereziak niretako, horietako ia erdia estreinakoak zirelako, bizitzan lehenengoz behatuak. Espezieak ez ezik, kasu batzuetan taldea edo generoa ere estreinakoak ziren guretzat, Argya generoko kalapitariak eta Scotocerca inquieta zoragarria, adibidez.
Hementxe, bada, eBirden apuntatu genituen txorien zerrenda eta espezie berezienen argazki batzuk.
| 1 | Paita gorrizta | Tadorna ferruginea | 2 |
| 2 | Eper afrikarra | Alectoris barbara | 7 |
| 3 | Haitz-usoa | Columba livia | 1 |
| 4 | Pagausoa | Columba palumbus | 2 |
| 5 | Usapal turkiarra | Streptopelia decaocto | 20 |
| 6 | Usapal senegaldarra | Spilopelia senegalensis | 2 |
| 7 | Ganga tandoduna | Pterocles senegallus | 19 |
| 8 | Ganga koroaduna | Pterocles coronatus | 1 |
| 9 | Zata egiptoarra | Caprimulgus aegyptius | 3 |
| 10 | Sorbeltz arrea | Apus pallidus | 10 |
| 11 | Sorbeltz txikia | Apus affinis | 60 |
| 12 | Kopetazuri arrunta | Fulica atra | 2 |
| 13 | Antxeta mokogorria | Chroicocephalus ridibundus | 3 |
| 14 | Kaio hankahoria | Larus michahellis | 100 |
| 15 | Kaio iluna | Larus fuscus | 100 |
| 16 | Zikoina zuria | Ciconia ciconia | 5 |
| 17 | Ubarroi handia | Phalacrocorax carbo | 11 |
| 18 | Mokozabal zuria | Platalea leucorodia | 1 |
| 19 | Koartzatxo txikia | Egretta garzetta | 1 |
| 20 | Koartzatxo itzaina | Ardea ibis | 5 |
| 21 | Koartza hauskara | Ardea cinerea | 2 |
| 22 | Zapelatz handia | Buteo rufinus | 1 |
| 23 | Basamortuko hontza | Bubo ascalaphus | 2 |
| 24 | Okil handia | Dendrocopos major | 3 |
| 25 | Okil berde magrebtarra | Picus vaillantii | 1 |
| 26 | Belatz gorria | Falco tinnunculus | 2 |
| 27 | Hego-belatza | Falco biarmicus | 1 |
| 28 | Belatz handia | Falco peregrinus | 1 |
| 29 | Antzandobi handi arrunta | Lanius excubitor | 2 |
| 30 | Mika magrebtarra | Pica mauritanica | 12 |
| 31 | Belatxinga mokogorria | Pyrrhocorax pyrrhocorax | 25 |
| 32 | Belatxinga mokohoria | Pyrrhocorax graculus | 3 |
| 33 | Basamortuko erroia | Corvus ruficollis | 1 |
| 34 | Amilotx urdin afrikarra | Cyanistes teneriffae | 2 |
| 35 | Kaskabeltz handia | Parus major | 1 |
| 36 | Ibis txoriandrea | Alaemon alaudipes | 1 |
| 37 | Txoriandre mokolodia | Ramphocoris clotbey | 1 |
| 38 | Txoriandre buztanbeltza | Ammomanes cinctura | 1 |
| 39 | Basamortuko txoriandrea | Ammomanes deserti | 2 |
| 40 | Kutturlio mokolaburra | Galerida theklae | 30 |
| 41 | Kutturlio arrunta | Galerida cristata | 3 |
| 42 | Hegatxabal adarduna | Eremophila alpestris | 25 |
| 43 | Hegatxabal sahararra | Eremophila bilopha | 7 |
| 44 | Txoriandre arrunta | Calandrella brachydactyla | 3 |
| 45 | Haitz-enara eurasiarra | Ptyonoprogne rupestris | 3 |
| 46 | Enara arrunta | Hirundo rustica | 1 |
| 47 | Bulbul arrunta | Pycnonotus barbatus | 9 |
| 48 | Txio arrunta | Phylloscopus collybita | 2 |
| 49 | *Scrub Warbler | Scotocerca inquieta | 2 |
| 50 | Txinbo kaskabeltza | Sylvia atricapilla | 1 |
| 51 | Txinbo sahararra | Curruca deserti | 7 |
| 52 | Basamortuko txinboa | Curruca deserticola | 1 |
| 53 | Txinbo burubeltza | Curruca melanocephala | 2 |
| 54 | Ezkai-txinboa | Curruca conspicillata | 3 |
| 55 | Kalapitari arrea | Argya fulva | 6 |
| 56 | Erregetxo bekainzuria | Regulus ignicapilla | 2 |
| 57 | Arabazozo beltza | Sturnus unicolor | 8 |
| 58 | Garraztarroa | Turdus viscivorus | 2 |
| 59 | Zozo arrunta | Turdus merula | 4 |
| 60 | Txantxangorria | Erithacus rubecula | 1 |
| 61 | Moussier buztangorria | Phoenicurus moussieri | 2 |
| 62 | Buztangorri iluna | Phoenicurus ochruros | 3 |
| 63 | Harkaitz-zozo urdina | Monticola solitarius | 1 |
| 64 | Pitxartxar burubeltza | Saxicola rubicola | 4 |
| 65 | Buztanzuri arrunta | Oenanthe oenanthe | 1 |
| 66 | Basamortuko buztanzuria | Oenanthe deserti | 1 |
| 67 | Buztanzuri ipurgorria | Oenanthe moesta | 4 |
| 68 | Buztanzuri beltza | Oenanthe leucura | 1 |
| 69 | Buztanzuri kaskazuria | Oenanthe leucopyga | 3 |
| 70 | Buztanzuri magrebtarra | Oenanthe lugens | 4 |
| 71 | Mendi-tuntuna | Prunella collaris | 2 |
| 72 | Etxe-txolarrea | Passer domesticus | 20 |
| 73 | Basamortuko txolarrea | Passer simplex | 4 |
| 74 | Harkaitz-txolarrea | Petronia petronia | 50 |
| 75 | Buztanikara horia | Motacilla cinerea | 2 |
| 76 | Buztanikara zuria | Motacilla alba | 1 |
| 77 | Negu-txirta | Anthus pratensis | 25 |
| 78 | Txonta afrikarra | Fringilla spodiogenys | 3 |
| 79 | Gailupa hegalgorria | Rhodopechys sanguineus | 50 |
| 80 | Gailupa tronpetaria | Bucanetes githagineus | 1 |
| 81 | Txorru arrunta | Chloris chloris | 2 |
| 82 | Txoka arrunta | Linaria cannabina | 30 |
| 83 | Txirriskila arrunta | Serinus serinus | 1 |
| 84 | Gari-berdantza | Emberiza calandra | 3 |
| 85 | Mendi-berdantza | Emberiza cia | 1 |
| 86 | Hesi-berdantza | Emberiza cirlus | 1 |
| 87 | Berdantza sahararra | Emberiza sahari | 4 |
Basamortuko txolarrea, haima batean
Etxe-ehunzangoa, 'Scutigera coleoptrata'
Etxe-ehunzangoa (Scutigera coleoptrata) agertu zaigu sukaldeko harraskan. Argazki batzuk atera eta hantxe askatu dugu kanpoaldean.
Leku hezeak gustatzen zaizkio (ehunzango guztiei bezala) eta gizakion eraikuntzetara egokitu da. Ohikoa da etxe barruan aurkitzea. Hortik datorkio inguruko hizkuntza gehienetan daukan izena, ciempiés doméstico, house-centipede, centpeus domèstic, centopeia caseira, eta abar.
Mediterraneo inguruko lurraldeetako espeziea da, nahiz eta azken mendean ia mundu osora zabaldu den gizakiari jarraituz.
Neurriz nahiko handia da eta ohiko dira 4-5 cm inguruko aleak, gure sukaldean agertu zen hau bezalakoak. Gainera, bere hanka luuuzeek itxura handiagoa ematen diote.
Hamabost hanka-pare izan ohi ditu eta hanka horiek erabiltzen ditu antenekin aurkitzen dituen harrapakinak harrapatzeko. Ehiztari nekaezina, etengabe ari da armiarma eta intsektu txikiak ehizatu eta jaten.
'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingearen dantza koloretsua
Bertizko parkean paseatzen ari ginela, 5-6 txoritxo ikusi genituen urrunera, gau-lore batzuen inguruan. Bertaratu ahala konturatu ginen ez zirela txoriak, ezkerte-esfingeak baizik, Agrius convolvuli.
Esfingidoen familia zabal eta ezaguneko kidea da ezkerte-esfingea edo ezkerte-sitsa (1). Geldirik dagoela sits arras apala ematen du, arre-grisa eta bereizgarri nabarmenik gabea, baina hegan hasten delarik piztuko da sinfonia, kolore, soinu eta dantza ederrekoa.
Hasmentan bere neurriak harrituko gaitu, arrunt hazia baita; ondoren, bere gorputz gorri-zuriaren dirdirari begira geratuko gara; akabailan, bere dantzari so.
Halaxe egon ginen gau-loreen inguruan hegan eta elikatzen aritu ziren bitartean, mugikorrarekin 5-6 aleko taldetxoaren goiti-beheitiei begira. Ikusgarriak iruditzen zaizkit abiadura normalean eta are harrigarriago abiadura motelean grabatutako irudietan (bideoaren erditik aurrera).
Ezkerte-esfingea, Agrius convolvuli
Eurasian eta Afrikan nahiko hedatuta dago, baita Australian ere, eta espezie migratzailea da. Esan bezala, neurri handikoa da, Europako lepidoptero handienetakoa baita (85-105 mm bitarteko hego-zabalera). Kolorez grisaxka da, baina bizkarraldean marra arrosa, beltz eta zuri deigarriak ditu. Marka horiek ez dira ikusten animalia atseden hartzen ari den bitartean eta bere kolore gris nabarra lagungarri zaio enborren edo harrien gainean pausatu eta kamuflatzeko.
Bere gorputza bezain luzea den proboszidea dauka eta nektarra xurrupatuz elikatzen da. Ikaragarria da proboszidea mugitzeko eta loretxoen barruan sartzeko daukan trebetasuna.
Esfinge honek konbolbulazeoen taldeko landareetan erruten ditu arrautzak, ezkerte beltzaren (Convolvulus arvensis) eta ezkerte zuriaren (Calystegia sepium) gainean, adibidez, eta hortik datorkio bere latinezko izena, Agrius convolvuli. Beldarrak kolore bizikoak dira, marroi, zuri edota berdeak, eta nahiko handiak, eta elikatzeko ere ezkertearen hostoak jaten dituzte maiz.
Ezkerteei lotutako espeziea izenik, gure inguruko hizkuntzetan ere ezaugarri horretatik abiatu dira izen arrunta ezartzeko orduan, izen zientifikoari segika: esfinge de la correhuela, borinot de les corretjoles, sphinx du liseron, Windenschwärmer, convolvulus hawk-moth, sfinge del convolvolo eta abar.
...
(1) Euskaraz ez diot izen arrunt espezifikorik aurkitu, baina esango nuke ezkerte-esfinge edo ezkerte-sits egokiak izan daitezkeela. Halaxe erabili dut artikulu honetan, baina jakina, proposamen txiki bat besterik ez da eta askoz hobeto aztertu beharko da proposamen zehatzago bat egin ahal izateko (edo beharbada lepidopterologoek dagoeneko badute beste izenen bat!).
Txirri lepokoduna (Eudromias morinellus), tundrako eta mendi garaietako hegazti zangaluze berezi hori
Atzo goizean, nafar Pirinioan genbiltzala, hegazti txiki bat agertu zitzaigun hanka artean. Hegaldi laburtxo bat egin ondoren 5 metro ingurura geratu zitzaigun, lasai asko, adi-adi gure ibilerei begira. Harrituta begiratu nion, ezustean harrapatu ninduelako: Txirri lepokoduna da barren!
Pultsua bizitu zitzaidan eta harrapataka jo nuen mugikorra hartu eta kamera piztera. Bizitzan estreinakoz ikusten nuen txori zangaluze bakan eta berezi hau.
Berezia baita txirri lepokoduna (Eudromia morinellus, lehen Charadrius morinellus). Bere taldeko hegazti zangaluze gehienak kostaldean eta hezeguneetan aurkituko ditugun bitartean, txirri txiki hau tundran kumatzen da (Eskandinavia eta Errusia iparraldean) eta Euskal Herrian batez ere mendi garaietan aurkituko dugu, migrazio sasoian, Pirinioetako goi larreetan (baita Nafarroa hegoaldeko lautada idorretan ere).
Txori polita da, batez ere kumaldiko jantziak prest dituenean. Moko motz beltza, hanka ez-oso-luze berdexkak, sabelalde gorria eta bekain argi zabala buru grisean nabarmen, kokoteraino luzatuz; horrekin batera, espezieari izena ematen dion lepoko marra zurikaila ere deigarria da (batez ere kumaldiko lumajean).
Euskal Herrian ikusten ditugunek, normalean, lumaje apalagoa dute, gazteek bezala, neguko jantziekin heltzen direlako gurera. Gorramendin aurkitu genuen txirria adibiderako.
Tundratik Euskal Herrira, Afrikarako bidaian pausaleku. 25.000 txirri lepokodun geratzen omen dira Europa osoan; gure begien aurrean txori berezi horietako bat ikustea zorte eta espektakulu zoragarria izan ziren.
Oso leku bakartietan kumatzen denez, ez da gizakiaren beldur eta ez du ihesik egiten. 10 minutuz egon ginen bere ondoan, argazkiak eta bideoak ateratzen. Eta hantxe laga genuen, aurkitutako toki berean, atseden hartzen eta elikatzen, Afrikara eramango duen hurrengo etaparen zain.
Txirri lepokoduna, Eudromias morinellus, habitata, ugalketa eta elikadura
Txirri lepokodunak Eurasiako tundran kumatzen dira, leku isolatu eta bakartietan. Intsektuz eta armiarmaz elikatzen dira batez ere, nahiz eta noizean behin moluskuak, lur-zizareak eta landareak ere jaten dituzten. Janari gehiena lurrean aurkitzen du, landaretza edo harri artean, eta bere moko laburra baliatuz harrapatzen du.
Espezieak alderantzizko sexu-dimorfismoa erakusten du, hau da, emearen koloreak arrarenak baino deigarriagoak dira. Kumaldiko dantzaldia ere emeak egiten du, arrak erakartzeko. Ez bakarra, gainera, sarritan hainbat arrekin parekatzen delako aldi berean. Lurrean egindako zulo txiki bat besterik ez da habia, belarrez erdi-estalia. Bikoteak bakarka edo kolonia solteetan ugaltzen dira.
Emeak 3 arrautza inguru erruten ditu eta arrari uzten dizkio txitaldiaren lan nagusiak (arrautzak berotu eta txitoak haztea). Emeek ere laguntzen dute tarteka lanbide horretan, baina gehienetan beste eme batzuekin taldetxoak osatzen dituzte eta firin-faran aritzen dira, ugalketa-lanak alde batera utzita. Inkubazioak 24-28 egun irauten du eta txiten garapena oso azkarra izan ohi da. Hilabetera txirri gazteak prest daude euren kabuz bizi izateko eta heldu zein gazteek Afrikarako bidea hartuko dute abuztua orduko.
Esan bezala, espezie eurosiarra da eta Eskandinavia iparraldeko eta Errusiako tundran ditu populazio nagusiak. Eskozian ere kumatzen da eta Mongolian ere bada beste populazio bereizi bat. Alpeetan eta Pirinioetan ere geratzen dira populazio erreliktiko txiki-txiki batzuk eta bikote banaka batzuk kumatzen dira oraindik bertan.
Negua Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko eskualde idorretan igarotzen du, Magreben hasi eta Iraneraino.
Abuztua eta iraila bitartean, ugaltze osteko migrazioan, ale gutxi batzuk ikus ditzakegu Euskal Herrian, gehienbat Pirinioetan edo Nafarroa hegoaldeko ordoki lehorretan. Hala ere, ez da maiz eta erraz ikusten den espezie eta esan liteke gure lurraldean ezohiko espeziea dela (are gehiago Bizkaian eta Araban). Udaberriko migrazioa oraindik eta ixilagoa du eta arraroa da gure inguruan alerik ikustea apiril-maiatzeko pasean.
Zortedun, beraz, atzo izandako bizipen eder honekin!
Baso-barraskiloa (Cepea nemoralis)
Aurrekoan aipatu genituen hemen barraskilo arruntaren gora-beherak, baina Euskal Herrian dozenaka 'molusku gastropodo lehortar' ditugu, alegia, dozenaka barraskilo edo marraskilo edo barekurkuilu edo karkoil..., nahiago duzuen moduan.
Ugari eta ikusgarrienen artean beste hauxe dugu, baso-barraskiloa (Cepea nemoralis). Barraskilo arrunta baino pixkat txikiagoa, hau ere Europa osoan bizi da. Askoz koloretsuagoa da eta oso aldakorra izan liteke kolore aldetik, marra hori, gorri, arre, larrosa edota beltzekin. Oskolaren ertza beltza izan ohi da.
Birigarroen jaki gogokoenetako bat ;)
Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa)
Seguru asko hauxe da Euskal Herrian dugun barraskilorik ugari eta arruntena, izenak iradokitzen duen moduan: barraskilo arrunta. Gure ortuetan gehien ikusten duguna izateaz gain, gure sukaldaritzako elementu garrantzitsu ere izan da azken belaunaldietan (tira, belaunaldi gazteagoek horrelako gutiziak baztertzen hasi diren arte, behintzat).
Ohiko den guztia bezalaxe, halaxe gertatzen zaigu animaliarik arruntenekin ere, euren xarma eta edertasuna ez dugula behar bezala apreziatzen (beharbada, ezta "ikusten" ere, ohikotasunak ezkutatuta).
Gaur goizean gure kalendulak jaten zebilen barekurkuilu eder honi begira ibili naiz. Izan ere, barraskiloak hipnotikoak dira, euren antena-erro mugikor horiek, oin gihartsu sendo eta ibilera kaotiko hori, aho txikitxo karraskari hori... Hipnotikoak! Ornitologoa ez banintz, malakologoa nintzateke ;)
Euskarazko izenei dagokionez, hiru forma nagusi daude Euskal Herrian molusku hauek izendatzeko:
- barraskilo (barraskil, marraskilo, marrakilo, marrakulu...)
- barekurkuilu (barakuilu, barakorkoil, barekukula...)
- karakol (karakoil, kakol, karkoil, kurkuil...)
Barraskilo arrunta, Cornu aspersum
Helicidae familiako moluskua da barraskilo arrunta; Gastropodoen klasekoa (oskol bakarra daukaten moluskuen taldekoa, alegia). Gure ikasketa garaian Helix aspersa deitzen zen, baina duela pare bat urte, azterketa genetikoei esker, ikerlariak konturatu dira ez dela Helix generokoa eta izena moldatu diote, Cornu aspersum da orain.
Europan bada oso-oso antzekoa den beste espezie bat, Helix pomatia, baina Euskal Herrian ohikoagoa da Cornu aspersum. Esango nuke argazkikoa horixe dela, Cornu aspersum barraskilo arrunta.
Europa osoan bizi da eta Euskal Herrian ere ohikoa da eskualderik gehienetan, Nafarroa hegoaldeko lekurik idorrenetan izan ezik.
Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak
Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak hauexek dira (ingelesezko Wikipediatik jaso eta euskarazko Wikipediara igo ditugu).
Helduek 25-40 mm-ko diametroa duten oskol gogorra dute, lau edo bost kiribil dituena. Oskola marroi iluna izan ohi da, gaztain koloreko ikutuekin eta lerro eta orbanekin. Ahoa handia dute, ertz zurixka eta tolestua duena. Oskola ia beti eskuinera kiribilkatuta dago, eta ezaugari taxonomikoa da, baina ezkerraldeko adibide arraroak ere ezagutzen dira.
Gorputz bigun eta mukitsua du, marroi-grisa; oskolaren barruan erabat ezkutatu dezake. Erasotzen dutenean, muki sendo bat jariatzen du erasotzaileak uxatzeko. Ez du operkulurik, baina tenperatura baxuetan edo lehorrean epifragma deritzon mukizko mintz mehe lehorra sortzen du oskolaren ahoa itxi eta babesteko.
Udako bero eta lehorraldian estibazio izeneko lo-egoeran sartzen da eta neguan, berriz, hibernatu egiten du. Gainera, deshidratazioa kontrolatzeko mekanismoak ditu.
Buruan lau erro edo "antena" ditu: goikoak handiagoak dira eta argi-sentsoreak dituzte (begiak); behekoak ukimen eta usaimen-organoak dira. Ahoa buruaren azpiko aldean dago, aurrean, eta erradula izeneko kitinazko egitura dauka janaria marraskatzeko (hortz txikiak dituen mihi sendo baten antzeko egitura).
Eibarko TUPI tabernian historixia eta izenan jatorrixa, 'Petit Tupinamba'
Gure gazte sasoian Eibarko tabernarik ezagunenetakua zan Tupixa. Berez, 'Tupi-azpi' zan guk ezagutu genduan tabernian benetako izena, aurrerago leku beretsuan egondako 'Tupi' tabernian azpixan zabaldu zebelako 'gure' Tupixa 1970-1980 inguruan.
Eibarko beste hainbat tabernatara moduan, eskilara pikar batzuk jaitsitta sartzen zan bertara, eta andra haundi bat zan ugazaba. Barria eskumatara zekan eta egurrezko mahai eta aulki bajuak erdixan, jaixetan baztartu eitten zittuenak. Sartu eta ezkerretara sukaldia zekan, metalezko pertsiana batekin ixten zan leiho zabal batekin (sukaldia tarteka zabaltzen zan). Hilbera eta Katu-kaliakin batera, esango neuke gure lehelengo ibileretako topagune garrantzitsua izan zala Tupixa guretako (eta gure belaunaldiko askorendako).
Sekula ez detsat buelta askorik emon tabernian izenan jatorrixari. Baina hara nun, egunotan 'La colmena' eleberrixa irakortzen, eta oin-ohar batian hauxe topatu dot:
TUPÍ: establecimiento en que se sirve café y otras bebidas. El nombre procede inicialmente, por abreviación, de una de las marcas - Tupinamba- de una cafetera catalana que instaló en Madrid puntos de degustación en los que se servía café a precio módico como propaganda.
RAE-n hiztegixan ez dago aipamenik. Izan be, izen komertzial bat zan Tupí hori, frankizia moduko bat, Tupinamba kafe markiak zabaldutako kafeterixak edo, nahiz eta Tupí marka-izena orokortu egin zan eta edozein kafeterixa txiki izendatzeko balio zeban 1900 inguru haretan (arrakasta komertziala, bistan da). Baqué be ahalegindu zan oin dala urte batzuk antzerako estrategixa komertziala erabiltzen, Hemen, kafeari Baqué esaten diogu.
Aspaldi desagertu zan kafeterixeri 'Tupí' deitzeko ohitturia, baina kafe marka horrek bizirik jarraitzen dau eta gaur egun be laburdura hori darabil publizidaderako, Ponme un Tupí!
Hortxe, ba, Eibarko Tupixan izena nundik datorren, kafe-marka kataluniar batek XX. mende hasieran sortutako kafetegi eta tabernetatik; nahiz eta eibartarrok euskerazko doinu, azentu eta fonetikara ekarri genduan, Tupí erdaldunetik, Túpixa esdrujulara.
1908an zabaldu zeben Petit Tupinamba tabernia Untzaga kalian
XX. mende hasieran zabaldu zeben Tupi tabernia Calbeton kaleko 1. peoran, Untzagako plaziakin hirutxurra eitten, Calbeton kalia oindiokan Untzaga kalia zanian (Fermin Calbetonek oindiokan ez zeban nahikua merito egin Eibarren kale bat izateko; Eskola Armerixia eraikitzeko emon zeban laguntziagaittik jaso zeban bere omenezko kalia 1915 inguruan).
1908ko apirilian izan zan inauguraziñuori eta albiste izan zan Eibarren. Sarian bila hasi eta Facebooken topatu dot inauguraziñuan inguruko artikulua, Tomas Etxaluzen eskutik (errata eta guzti, zelan ez ;) ).
En la calle de Unzaga se inauguró un Petit Tupinamba, siendo bautizado con el nombre de "Tupí-Bar", a cuyo acto su dueño, don Francisco Bueno, invitó a todos los corresponsales de la Prensa, celebrando una gran afaire-merienda (sic). - Tomás Echaluce
Pueblo Vascon be lerro batzuk idatzi zittuen:
Anteanoche, en la calle Unzaga, frente al Salón Teatro, se inauguró un pequeño establecimiento, arreglado con sumo gusto y el cual creemos hará negocio, por ser de nueva creación. Es un diminuto Tupinamba, donde se despachan copas de cerveza por 10 céntimos, café y variados comestibles á precios muy reducidos.
Klub Deportibuan lokaletako bat be hantxe egon zan 20 urtez, 1932ko martxuan 6xan inauguratu eta 1951 arte, Kluba Toribio Etxeberria kaleko lokalera (orduan Dos de Mayo kalia) eruan zeben arte.
Untzagako arkupietan beste taberna bat be bazeguan, 'Gau-txorixa' (gero Kutxan bulegua eta Guridi tabernia egon dira bertan); eta errepidian bestekaldian 'Nocheneko tabernia' (1960 amaieran Untzagako torria jaso zeben bertan).
Tupixan jatorrizko egurrezko etxe zaharra bota egin zan 1960 hasieran, eraikin barrixa jasotzeko. Tupi tabernian tokixan Margola tintorerixia ipini zeben (gaur egun Ikatz) eta azpixan gure 'Tupi-azpixa' zabaldu zeben handik gitxira, gure gazte denporako oroitzapen mordua ekartzen deskuzena.
San Juan kaleko Jazman tabernia itxi zanian, 2004ko udan, Tupira eruan zeben bertako plantxia eta Tupixan jarraittu zeben Akondia berde famosuak eitten; ordurako gu ya nagusittuta, eta sasoi hori ez genduan hainbeste ezagutu. Tabernian egituria, itxuria eta girua be aldatuta zeren harrezkero, barria ezkerretara mobiduta eta abar. Ordurako gu ya beste paraje batzuetan mobitzen giñan.
Handik gitxira, Tupi tabernia eskuz aldatu zan, eta gaur egun Akara deitzen da sasoi bateko Tupixa, leku berian dagon arren.
Hara ba! Tupinamba kafia erosteko gogua sartu jata, horraitiok!
........................
Erretrato zahar batzuk erreferentzia moduan
Hementxe inguru hori 1910 - 2025 bittartian.
Untzaga plazia 1910 inguruan. Gau-txoriko etxiak jaso barik, kiosko atzian Alfonso X. zine-aretua ikusten da ('Pabelloia' izenez ezagutzen zana) eta eskumatara Tupixa. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.
Fermin Calbetón Eibarren (eskumatik bigarrena) 1915 inguruan, Untzaga kaliari bere izena emon zetsenian. Atzian Tupixa, egurrezko atari polittakin. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.
Calbeton kalia (1935 inguru). Ezkerretara Salón Teatrua; eskumatara, ertza eitten, Tupixa eta, 1. pisuan, banderekin, Klub Deportibuan lokala. Argazkixa: Indalecio Ojanguren.
Tupixa, Petit Tupinamba, Untzagako plazako kantoian, Calbeton kaliakin ertza eitten (1955 inguru?). Marradun oihalak dakaz zabalduta, kerizia eitteko. Eskumatara Nocheneko tabernia zanan hondarrak. Handik gitxira, 1960. hamarkada amaieran, Untzagako torria eraiki zeben bertan.
Eibartar kuadrillia Gau-txorixan, Untzagako arkupietan, Tupi aldamenian (1948). Argazkixa: Antonio Sarasua.
Tupixan etxe zaharra botatzen, 1961. urtian. Argazkixa: Benigno Plazaola.
Gazte kuadrillia Tupixan, 1987. urteko udan.
Tupineko ertza, 2025. urtian.
Untzaga plazia, 2025eko udan. Hiru eraikin ikusten dira bertan. Gautxorineko etxia, Tupinekua eta Untzagako torria.
- Gautxorixa: XX. mende hasieran Alfonso X. zinema-aretua egon zan bertan, "Pabelloia". Erre egin zan eta 1930 inguruan hasi ziran Gautxoriñeko etxia jasotzen eta gerra ostian amaittu. Gau-txori tabernia egon zan bertan pare bat hamarkadaz; gero, Kutxa, Guridixa eta Kerizpia.
- Tupixa: erdiko eraikina. Lehen azaldu dogun moduan, 1960 hamarkada hasieran eraiki zeben gaur egungo eraikina. Tupi-azpixaz gain, Eibarresa, Margola tintorerixia eta Ikatz egon dira bertan. Gaur egun Eibarresa itxitta dago eta Tupi-azpixa Akara bihurtuta.
- Untzagako torria. Gerra aurretik Nocheneko tabernia egon zan bertan eta gerra ostian Salon Teatrua atzeko partian. Salon Teatrua 1953. urtian jausi zan; 1960. hamarkada amaieran Untzagako torria eraiki zeben.
