Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Ondarruko berbak eta Urdulizko berbalapikokoa

Ondarruko berbak eta Urdulizko berbalapikokoa

Asier Sarasua 2024/11/25 19:20
Sareko baliabide berri(tu) bi, aurrez edo ostean liburu ere badirenak. Urdulizko Non.eus eta Ondarruaberbetan.

Herri hizkeren eta ahozko ondarearen lekukotasuna jasotzen dituzten bi baliabide berri(tu) ezagutu ditut gaur, biak ere lan ederrak eta interesgarriak, bi egile nekaezinen urteetako lanaren ondorio.

Batek liburutik webgunera egin du jauzia aurten Urdulizen; besteak webgunetik libururakoa Ondarroan, Durangoko Azokarako nobedadea.

Urdulizko berbalapikokoa, liburutik webgunera

XX. mende amaieran hasi zen Iñaki Gilisasti bilbotarra Urdulizko berbak, hizkera eta gramatika jasotzen. Egindako lan guztiaren ondorio izan zen 2003an argitaratutako "Urduliz aldeko berba lapikokoa".

Liburu izandakoa webgune bihurtu du oraingoan eta sarean daukazue kontsultagai Non.eus helbidean.

Maiatzean izan zen webgunearen aurkezpena eta bertan esandakoaren arabera, "bizirik dirauen gure hizkeraren ahozko biltegi erraldoi bat daukagu orain eskura. Egilearen esanetan, ipar bizkaieraren sartaldean diren Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz, Lemoiz, Jatabe-Maruri, Laukiz, Gatika eta Urdulizko aldaera erakusten du non.eus honek, uriboztarren itsasaldean. Urdulizko Udalaren ekimenez, sarean da honezkero 54 orduko soinu artxiboen biltegia, 13.200 berba eta 7.500 esaldigaz. Bertako berbaeratik, euskara batutik zein erderazko sarreratik abiatuta egin daiteke kontsulta".

Ondarruko berba eta istorioak, webgunetik liburura

Josu Arrizabalaga ondarrutarra ere aspalditxo hasi zen bere herriko berbak, esakerak eta abarrak jasotzen. Azken hamarkadetan jasotako guztia sarean online argitaratzea lortu zuen Arrizabalagak iaz, 2023ko urtarrilean, Ondarruberbetan webgunean.

Aurkezpenean esandakoaren arabera, "Ondarroan erabiltzen diren eta erabili izan diren berba, lokuzio, esaera, eta metaforak eskaintzen ditu. Gainera, orrialdeak deskargatzeko aukera ere eskaintzen du. Ez dira, ordea, berbak soilik jaso dituenak, testigantza eta istorioak daude atzetik, ingurukoei galderak egitean grabagailua martxan jarri eta testigantzak jaso baizituen".

Dena dela, oraingoan albistea ez da webgunea bera, webguneko informazio guztia liburu batean ere jaso duela baizik.

Liburu berria Durangoko Azokarako egongo da prest eta Badihardugu Elkartearen mahaian erosi ahalko da. Esku artean izateko gogotsu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz