Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean izan gara, "Txorien izenak nola erabakitzen dira?" izenburuko saioan
Zientzia dibulgazioarekin lotutako irratsaiorik garrantzitsuena dugu Norteko Ferrokarrilla, astero Euskadi Irratian entzun dezakeguna, Guillermo Roa eta Elhuyarren eskutik.
Duela aste batzuk Willyren gonbita jaso nuen eta hantxe izan naiz aste honetan, animalien euskarazko izen arrunten inguruan berriketan. Nola eta nork ezartzen ditu animalien izen arruntak? Noiz eta zergatik? Berdina da euskaraz eta munduko hizkuntza nagusietan? Bada irizpide orokorrik? Eta munduko animalia guztiek behar ote dute euskarazko izen arruntik?
Eta gai orokorren ostean, batez ere hegaztien euskarazko izen arrunten inguruan jardun dugu, azkenaldian Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan antolatu dugun "hegaztien euskarazko izen arrunten lantaldean" zertan gabiltzan azaltzeko, hainbat erakundetako dozena bat ornitologo ari baikara gaiaren inguruan lanean. Ordu erdik ez du ematen xehetasun guztiak kontatzeko, jakina, baina oso gustura aritu naiz azken 3-4 urteotan egin dugun lana eta, batez ere, txorien izen arrunten inguruko kontuei buruz berriketan Guillermorekin. Beti geratzen zaizu xehetasun eta azalpen gehiago emateko gogo-nahia, baina tira, nik uste errepaso polita egin dugula. Elkarrizketatzailea ona denean beti da dena errazagoa ;)
Hegaztien euskarazko izen arrunten egoera zein den jakin nahi duenak, historia pixka bat eta egungo egoera, aurrera begirako premia eta asmoak eta, oro har, Euskal Batzorde Ornitologikoan zertan gabiltzan ezagutu nahi duenak, irratsaioan aurkituko du argibideren bat eta Batzordearen webgunean informazio zabalagoa, noski.
Hementxe, irratsaioaren podcasta, Nahieran plataforman eta Guau plataforman.