Apolo tximeleta (Parnassius apollo), mendi-larreetako mitxelekote ederra
Mitxelekote ederra da Apolo tximeleta (Parnassius apollo). Tamaina ertain-handikoa, 60-80 mm ingurukoa, hego zuriak ditu, orban beltz eta gorriekin (gorriak atzeko hegoetan; hegan dagoela bakarrik ikusten zaizkio). Gorputza iletsua da eta antenak beltzak.
Mendi inguruneetako espeziea da eta 800 - 2.300 metro arteko altueran bizi da, hantxe aurkituko duelako beretzat egokia den habitata: harkaiztiak, larreak eta, batez ere, mendiko belardi irekiak. Ezinbesteko du inguruan Sedum sp. generoko landareak izatea, horixe baita tximeleta honen beldarraren elikagai nagusia. Helduek maiatza eta uztaila bitartean egiten dute hegan (lekuaren, garaieraren eta sasoiaren arabera) eta loreetako nektarra xurrupatuz elikatzen dira.
Eremu zabalean bizi den arren, Europa eta Asiako mendilerro nagusietan, gero eta urriagoa da, bizitzeko behar duen habitata desagertzen ari delako. Horregatik egin zigun ilusio berezia Pirinioetan geundela kapelean pausatu zitzaigunean, lasai-lasai, bideo eta argazkiak ateratzeko baimena emanik.
Esan bezala, gure inguruko mendilerro gehienetan aurkituko dugu, Pirinio, Alpe, Karpato eta abarretan. Euskal Herriari dagokionez, Pirinioetan ez ezik, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mendilerroetan ere ikus daiteke, Aizkorriko Parke Naturalean, adibidez, betiere 800 metrotik gorako altueran.
Irudietako alea Tena ibarrean ikusi genuen, 2.000 metroko garaierara, Anayet mendiaren magalean.
IUCNren Zerrenda Gorrian "Ia mehatxatua" gisa sailkatuta dago, bere populazioak nabarmen murriztu direlako azken hamarkadetan. Habitat galera eta klima aldaketa dira bere mehatxu nagusiak eta Europar Batasunean babestutako espeziea da
Apolo tximeleta (Parnassius apollo), Tena ibarrean.
Apolo tximeleta (Parnassius apollo), Tena ibarrean.