Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

2017ko Xakearen Legeak euskaraz

Mikel Larreategi 2017/07/12 08:38
Aurrekoan egin nuen bezala, 2017ko uztailaren 1ean indarrean sartu diren Xakearen Legeak euskaraz argitaratu ditut.
Hemen duzue itzulpena, jatorrizko ingelesezko testuarekin parekatuta, OpenOffice eta PDF formatuentan. 
2014ko Legeen bertsioa ere kontsultatu dezakezue hemen:

 

Itzulpenaren inguruko komentarioak, hobekuntza-proposamenak edo akats-zuzenketak egiteko erabili erantzunen formularioa edo idatzi mezu bat larreategi a-bildua eibar.org helbidera.

Eskola kirola: Gipuzkoa eta Bizkaia

Mikel Larreategi 2017/06/20 14:40
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri du 14 urtera arteko gaztetxoek euren herriko kirol egituretan bakarrik parte hartu dezaketela etorkizunean.

Hori diote behintzat komunikabideetan gaur agertu diren albisteek. Foru Dekretu berri bat argitaratuko omen da hemendik gutxira hori guztia arautzen.

Gaur, honako bi albiste hauek datoz Radio Eibar - Cadena SERen webgunean:

Eta albisteen testutik parrafo pare bat aterako ditut hona:

Lehenengotik hau:

La nueva orden foral de deporte escolar de Gipuzkoa impedirá que los niños hasta 14 años puedan inscribirse en clubes de fuera de su municipio, lo que pondrá fin a la política de fichajes en edades tempranas que practican algunas entidades del territorio.

Bigarrenetik beste hau:

El plazo de inscripción para la escuela se mantiene abierto hasta el 30 de junio con niños y niñas que hayan nacido desde 2013. En la escuela toman parte escolares de Ermua y de otras localidades vecinas como Eibar.

Kontraesana da guztiz! Baten 14 urtera artekoek ezin dutela herritik kanpo parte hartu. Bestean 4 urtetik gorakoek parte har dezaketela eta eibartarrek ere hartzen dutela parte.

Ez dut ezer ulertzen.

S.D. Eibar: Quo vadis? (hauteskundeetaz berriro)

Mikel Larreategi 2017/05/24 20:35
Azken egunotan Eibar K.E.Aren administrazio kontseilurako hautagaitzen arteko hitzak gogortu egin dira, elkarri gauzak leporatzen dizkiete: batzuk besteei gezurretan ari direla, besteak batzuei akziodunen datuak erabili dituztela, hirugarrena beste biei ez direla leial jokatzen ari eta kanpoan utzi dutela... Ba niri gaur hautagai batek telefonoz deitu dit akzioak lagatzeko eskatuz.

Gaur asteazkena 14:30ak inguruan telefono dei bat jaso dut, horrelako zerbait izan da:

9XXXXXXXX: ¿Hola? ¿Mikel Larreategi?
Mikel: Sí, soy yo. ¿Quién es?
9XXXXXXXX: Hola, soy YYYYYY, la secretaria de XXXXXXX. Le llamo en relación a la Junta de Accionistas de la S.D. Eibar que se va a celebrar... A XXXXXXX le gustaría saber si está informado y si le delegaría sus acciones para la votación de la Junta.
Mikel: Eh.... Sí, estoy informado y voy a ir a la Junta, así que no voy a delegar las acciones.
9XXXXXXXX: Ah, muy bien. Muchas gracias por la información. Adiós.
Mikel: Perdone una cosa: ¿cómo han contactado conmigo? ¿quién le ha dado mi teléfono?
9XXXXXXXX: Yo solo soy la secretaria. El teléfono me lo ha dado XXXXXXX. Como se presenta en la plancha, supongo que tendrá acceso a esos datos.
Mikel: Ah, vale. Solo quería saberlo porque no conozco a XXXXXXX, y era por eso.
9XXXXXXXX: Ah bien. Muchas gracias, adios.
Mikel: Adios.

Harrituta, flipatuta gelditu naiz deiarekin.

Zer gertatzen da elkartean administrazio kontseiluko kide izateko hainbeste nahi egoteko? Orain dela 5 urte inork ez zuen hor egon nahi. Hor lan egitea marroi bat zen. Orain guztiek egon nahi dute, eta kanpaina betean dabiltza.

Diruak zer egiten duen, beste arrazoirik ez dut ikusten. Dirua irabaziko dute, edo dirua irabazteko aukerak ikusiko dituzte. Edo negozioa egitea egongo da atzean. Bestela ez dut ezer ulertzen.

Eibar Kirol Elkartea K.E.A.ren administrazio kontseilua izendatzeko prozedurari buruz bi hitz

Mikel Larreategi 2017/05/11 19:25
Azken aste eta egunotan Eibarzaleen artean komentario asko dabiltza Elkartearen administrazio kontseilua izendatzeko prozedurari buruz. Botoa emateko txartelak ikusi ostean, hemen nire iritzia.

Aurten lehenengo aldiz "hauteskundeak" egongo dira Eibar Kirol Elkartean administrazio kontseiluko kideak izendatzeko. Komatxo artean jarri dut, hhituta gauden hauteskunde prozesuen guztiz besteko prozedura izango delako jarraituko dena, izan ere Elkartearen Estatutuetan ez baitago ezer horren inguruan, eta ondorioz Legeak dioena jarraitu behar da.

Ez dut zalantzarik prozesura aurkeztu diren "plantxa" edo "zerrenda itxiek" dituzten abokatuek prozedura goitik behera gainbegiratu dutela eta legezkoa izango dela, horrek baina ez du kentzen prozesua argiagoa izan ezin zitekeenik.

Batetik, hasiera hasieratik egungo administrazio kontseiluak izendatutako "antolaketa batzordeak" garbi utzi zuen (lehenengo prentsaurrekoa hemen Youtuben eta bigarrena ere bai), bozketa ezin zela "plantxaka" edo "zerrenda itxia" erabiliz egin, ez Estatutuek eta ez Legeak ez zutelako hori horrela aurreikusten.

Pentsa daiteke modu garbiena horixe dela: hautagaitza bat aurkeztu administrazio kontseilu osoa betetzeko, bati eman botoa eta boto gehien duena irabazle. Baina hori zehazten den araurik ez dago.

Aurkako prozedura, "zerrenda irekien" antzerako sistema bat, ere ez dago inon zehaztuta (hautagai guztien zerrenda aurrean izanda hortik 13 aukeratu).

Nola jokatu orduan? Bada, administrazio kontseilua bazkideen batzar nagusiak aukeratu behar duenez, aurkeztu den hautagaietako bakoitza batzar nagusiak onartu beharreko proposamen gisa bozkatzea, hau da, hautagai bakoitzeko galdera bat egin beharko litzateke: "XXXX jauna/anderea administrazio kontseiluko kide izendatu nahi duzu?" eta horren aurrean akziodunek 4 erantzun posible dituzte: alde bozkatu, aurka bozkatu, zuriz bozkatu edo ez bozkatu -abstentzioa- (edo boto-paperarekin bozkatuz gero, boto baliogabea eman).

Hala ere, ez egungo administrazio kontseiluak ezta aurkeztu diren hiru hautagai-taldetako bik ere prozesua ez dute horrela bideratu nahi, edo hori dirudi behintzat. Euren artean adostu dutenez "goiko moduan bai, baina plantxaka ere bai" erako bozketa sistema bat antolatu dute: akziodunok boto txartel bat jaso dugu, eta bertan A moduan edo B moduan eman dezakegu bozka:

  • A moduan plantxa bateko kide guztiei ematen diegu aldeko bozka eta aurkakoa beste plantxetako kide guztiei.
  • B moduan bakarka aukeratu beharko ditugu aldeko botoak, aurkakoak, abstentzioak edo boto zuriak.

"B modua da orduan egokiena zuk diozuna egiteko" esan dezakezu irakurle. Bai baina ez.

B moduan bozkatu nahi duenak, zera ikusiko du boto-txartelean: hautagai bakoitzaren ondoan X bat egiteko laukitxo bat. Bat eta bakarra. Bere gainean azalpena, eta hauxe da:

  • Hautagai baten alde bozkatzeko, jarri X laukian.
  • Hautagai baten aurka bozkatzeko, ez idatzi ezer laukian.
  • Hautagai baten aurrean abstenitzeko, AB idatzi laukian.
  • Hautagai baten aurrean boto zuria emateko, VB idatzi laukian.

Niretzat, hori ez da botoa era garbian eta ulerterrazean azaltzeko modua. Legezkoa izango da, baina ez da gardena (ez duelako inork azaldu zergatik egin den hori horrela) eta ez da azaltzen erraza. Noiztik zerbaiten aurka bozkatzeko txartel baten ez da ezer idazten? Noiztik adierazi behar da espresuki abstenitzeko nahia?

Errazagoa izango litzateke hautagai baten izenaren ondoan 3 lauki agertzea: alde bozkatzeko, aurka bozkatzeko eta zuriz bozkatzeko. Abstentzioa, hautagai horren izenaren ondoan ezer ez jartzea izango litzateke.

Lehen esan dudan bezala, nire ustez bi hautagai-talde nagusiek ez dute nahi administrazio kontseilu pluralik, euren neurriko "amen-amen" erako kontseilu bat baizik. Hori, baina, ez da legeak aurreikusten duena, eta zirrikituak erabiltzen ari dira eurek nahi dutena lortzeko. Nire ustez oso aberasgarria izan beharko litzateke administrazio kontseilu plural bat lortzea, udalerako bozketak izaten direnean bezala: 21 zinegotzi daude, baina denak ez dira alderdi berekoak.

Bestalde, zerbait ere esan daiteke hauteskunde prozesua antolatzeko egungo administrazio kontseiluak izendatutako antolaketa-batzordeari buruz, bertan klubeko langile batez gain, hautagaitza jakin bateko bi kide baitzeuden. Badakit abokatuak direla, euren profesionaltasuna zalantzan jartzeko arrazoirik ez dut, legeetaz badakite, baina horrek ez du kentzen prozesua kontaminatu ezin dezaketenik.

Urrutitik botoa eman behar dutenen inguruan ere esan daiteke zerbait. Orain hiru urte kapital handitzea egin zenean, Elkarteak munduan zeharreko ehundaka akziodun berri lortu zituen. Dirua eta laguntza eskatu bakarrik ez, Elkartearen erabakietan eskuhartzeko aukera ere erraztu egin behar zaie. Prozedura konplexu bat ezarri da horretarako: boto-papera bete, ordezkari baten izen-abizenekin bete eta notaritza batera bidali. Horrek ere plantxa baten aldeko botoa bultzatzen du erraza delako notaritzara hautagaitza talde baten buruaren izenean ordezkaritza bidaltzea, ez ordea era "irekian" bozka eman nahi baduzu, nork ordezkatuko zaitu kasu horretan? Noren izena jarri ez baduzu inor ezagutzen? Eta garaiz iritsiko dira sobreak notaritzara munduko bazter guztietatik?

Ulertzen dut gure Estatutuetan ezer ezarrita ez dagoenez hori ere arautzea zaila dela, baina irtenbide errazagoren bat egongo zen, ala?

Hauteskundeen inguruan, administrazio antolatzaileak izan behar duen inpartzialtasunaren ispilu Erresuma Batuko Hauteskunde Batzordea jarri daiteke. Beren webgunean argi eta garbi azaltzen dute (eta hainbat txostenetan azaldu), nola erabaki zuten Brexit-aren inguruko erreferendumeko galdera. Laburbilduz:

Gobernuak proposatutako galdera hauxe zen:  "Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izan beharko litzateke?".

Lehenengo pauso gisa, hitzak aldatu egin zizkion proposatutako galderari: "Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izaten jarraitu behar du?" galdera erabiliz, Erresuma Batua jada bazelako Europar Batasuneko kide.

Ordura arte Bai/Ez erako galdera planteatzen zen. Hala ere, ulertu zuten "Bai" eta "Ez" erako galdera bat jarriz, jendea erantzun jakin bat ematera bideratzen zela. Askotan esan ohi da, erreferendumetako galdera berau egiten duenaren aldeko erantzuna emateko eran idazten dela, gehietan Bai esateko gainera. Hori horrela, hainbat proba egin ostean berriz aldatu zuten galdera, eta azkenean boto paperetan idatzi zena hauxe izan zen:

"Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izaten jarraitu behar du ala Europar Batasuna utzi egin behar du?

  • [ ] Europar Batasuneko kide izaten jarraitu
  • [ ] Europar Batasuna utzi"

Eta horretarako, hainbat lan-saio, ikerketa eta inkesta egin zituzten, beti ere gauza batzuk buruan izanik: administrazioak ezin zuela aukeretako baten ere aldeko jarrera erakutsi, galdera guztiz neutrala eta lerratzerik gabekoa izan behar zela, eta galdera era erraz eta ulergarrian idatzita egon behar zela.

Galderaren aukeraketari buruzko datu gehiago lortzeko, webgunean argitaratuta ditu Hauteskunde Batzordeak txosten eta dokumentu guztiak.

Zer esan nahi dudan honekin? Horrelako erabakiak hartzeko prozesu batek ezin duela zalantzarik eragin boto-emaleengan. Eta Eibarren kasuan, ez da boto-emale bat zalantza duena, asko dira.

Hau guztia ikusita, nire iritzian, hobe izango litzateke prozesu hau egin beharrean, lehenengo benetako hauteskunde prozesu garden bat antolatzeko modua aztertu izan balitz. Adibidez batzar nagusi bat deitu eta hauteskunde arau garbi batzuk prestatu eta Estatutuak aldatuz.

Ez dirudi horrelakorik ikusiko dugunik eta bai ordea bi plantxa nagusietako baten aldeko boto asko (bataren edo bestearen). Azkenean hasiera-hasieratik izen behar ez zena esan zutena egi bihurtu dutelako prozedura okertuz: plantxakako bozketa izan ezin zena, plantxakako bozketa bihurtuz.

EITB Nahieran ikusi Kodin

Mikel Larreategi 2016/11/28 09:45
Kodi Media Center bat edukitzeko software bat da. Zure 'media' eduki guztia (bideoak, irudiak, audioa, ...) toki batetik atzitzeko programa bat da, zure ordenagailuan instalatu daiteke eta HDMI kable batekin telebistara lotu. Gainera Interneteko hainbat zerbitzu (Youtube esaterako) erabiltzeko aukera ematen du telebistatik irten gabe. Kodin EITB Nahieran zerbitzuko bideoak eta audioak nola erabili azalduko dut hemen.

Plugina Kodin erabiltzeko prest
Plugina Kodin erabiltzeko prest

Orain dela hilabete batzuk azaldu nuen hemen nola ikusi ditzakegun EITB Nahieraneko bideoak tvalacarta pluginaren bidez Kodin. 

Han egindako lanetik abiatuta EITB Nahieranen APIa egin nuen eta EuroPython 2016n Bilboneta UEUk antolatutako Software eta Teknologia Librearen III. Euskal Mintegian Donostian aurkeztu nuen.

Azken honetan, Igor Leturiak galdetu zidan eta APIa erabiltzen zuen Kodirako pluginik bazegoen, eta ezetz esan nion baina APIak erabiltzen zituen tresna guztiak (HTMLa parseatzea, URLak sortzeko javascript kodea, eta abar) tvalacarta pluginean integratuta zeudela.

Hala ere interesgarria iruditu zitzaidan ideia eta asteburuan prestatu egin dut plugina. Pluginaren kodea GitHuben dago eta instalazio-argibideak ere hantxe jarri ditut: zip-a deskargatu, Kodira kargatu eta kitto. Kodi arduratuko da dependentziak instalatzeaz.

Momentuz oinarri-oinarrizko gauzak egiten ditu: telebista eta irrati-programa guztien zerrenda erakutsi eta ikusteko aukera eman. Momentu batzuetan geldo dabilela igartzen baduzu, APIa doako zerbitzari baten ostatatuta dagoelako da.

Plugina probatu edo hobekuntzaren bat proposatu nahi baduzu, eskertuko dizut! Idatzi hemen komentario bat edo ireki ticket bat GitHuben.

Eibar inguruan oinez: Untzaga - Urki - Lekamendi - Txonta - Arane - Errekatxu - Portalea

Mikel Larreategi 2016/10/17 10:00
Urki eta Txonta arteko bidean zehar, Eibarren beste ikuspegi bat eta askok ezagutzen ez duten inguruan zehar ibiltzeko aukera izango dugu.

Untzagan hasiko dugu ibilaldi hau, jubilatu-etxearen ondoan. Bi aukera ditugu hemen: eskilara mekanikoak erabiltzea, ala oinez Txaltxa Zelaiko parkean zehar igotzea. Goazen tokitik goazela, Armagin kalearen hasieran dauden eskilara mekanikoetara iritsiko gara. Eskilara horiek ala arruntak igota Urki kalera iritsiko gara, Cepa taberna ondora. Han hilerriraino joango gara eta espaloiari jarraituz Jose Antonio Iturrioz kalean zehar Arrateko Amaren ikastetxeraino helduko gara.

Aldapari jarraitu eta Urki kurutzekuako etxeak eskuman utzita, autopista gaineko zubia gurutzatuko dugu. Hementxe hasten da Txontarainoko bide ederra. Lekamendi baserria pasatuta, beste pare bat txabola ere ikusiko ditugu eta baita Eibarren beste ikuspegi bat ere. Tekniker alde baten, Legarreko dorrea bestean, eta Jardineta-Urkizu-Azitain inguru guztia ikusteko aukera.

Pixka bat aurrerago, jada ia Txontan gaudela, pagadi txiki bat ikusiko dugu bide bazterrean.

Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean
Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean

Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean
Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean

Pistatik jarraituta, Txontatik Salbadorrera doan bidearekin bat egingo dugu. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kaleraino jeitsiko gara. Han, ezkerrera egin eta Galizia pasealekuan zehar Arane kaleraino iritsiko gara. Han, zuzen jarraituko dugu Arane eta Errekatxu arteko errepidetik. Errekatxura iristean, eskumara egin eta Portalea kultura etxera iritsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Jardineta - Sakun - Miraflores - Arrajola - Sosola - Amaña

Mikel Larreategi 2016/10/14 17:00
Iparraldean orain ere, Arrajola eta Sosola baserrien arteko bide zoragarrian zehar.

Ignazio Zuloaga institutuan hasiko dugu ibilbidea, eskilara mekanikoen ondoan. Eskilarak igo eta Sakunetik zehar bidean gora eginda Arratera doan errepidera helduko gara.

Errepidea gurutzatu eta Miraflores kalean gora egingo dugu etxeetara iritsi arte. Bi etxeen artetik pasatzerakoan aurrera doan bidea hartuko dugu beherantz doana ezkerrean utzita. Pistari jarraituz Arrajola baserrira iritsiko gara.

Arrajola eta Sosola arteko harrizko bidea

Arrajola eta Sosola arteko bidea

Hesia gurutzatu eta handik gutxira beste hesi bat ikusiko dugu. Bidea utzi eta bigarren hesi hau gurutzatu egingo dugu, bidezidor hestu baten zuhaitzen artean errekasto batera iritsi arte. Bidezidorra jarraituko dugu basoan zehar, harrizko bide eder baten zehar. Euria egiten duen egunetan erreka urez beteta egoten da.

Eibar iluntzean, Arrajola eta Aritxuleta arteko bidetik

Iluntzea Eibarren Arrajola eta Aritxuleta arteko bidetik

Bidean zehar beste hesi batera helduko gara, Sosola baserritik gertu. Han baserrira doala dioen kartelari jarraitu eta eraikin baten ondotik pistara helduko gara Sosola baserria ondoan dugula. Pistan zehar Amaña auzora jaitsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Azitain - Altzubarren - Agarre - Naiorbe - Asua Erreka - Barakaldo

Mikel Larreategi 2016/10/12 17:00
Gaur iparraldean ibiliko gara, Azitaindik gora jarraituz.

Azitaingo gasolindegi ondoan hasiko gara, Barrena kalean zehar, Lidl supermerkatua dagoen etxeetatik aurrerantz sahiesbidera iritsi arte. Han, sahiesbide gainetik La Salle ikastetxera doan bidea hartuko dugu.

Behin ikastetxea pasatuta, ezkerreko pistatik jarraituko dugu industrialdera joan beharrean. Pistatik zehar Altzubarren baserrira eta haren ondoko frontoira iritsiko gara. Frontoia pasatuta, garbigunea ere pasatu egingo dugu eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu: eskumara beherantz doan bidea hartuta industrialdearen goiko aldera eta Arrateko bidera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartuko dugu, gorantz doan pista.

Pistari jarraituz, bidegurutze bat ere hartu gabe, Agarre gainekoa eta Agarre azpikoa baserrien sarrerara iritsiko gara. Bertatik Eibar luze-luze ikusi dezakegu Ego ibaiaren ibarrean.

Agarre eta Azaldegi baserri ingurua Iparragirretik
Agarre eta Azaldegi baserri inguruak Iparragirretik

Pistatik jarraituko dugu Azaldegi gainekoa eta Azaldegi azpikoa baserrietan zehar, Naiorberaino iritsi arte. Hemen, baserria pasatu eta berehala beherantz doan bidea hartu behar dugu. Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka gorri-zuriak ikusiko ditugu eta eurei jarraitu behar zaie. Bidea beste baserri batera helduko da, eta baserriaren bi eraikinen artetik doa beherantz. Txakur nahiko zaratatsuak aurkituko ditugu bertan, baina normalean lotuta egon ohi dira beraz, lasai pasatu ahal baduzue.

Mendi bidean zehar, inguru eder batetik Asua baserrira helduko gara. Hemen bi aukera ditugu: ezkerrera egin eta pistatik zehar Txarakua deritzon ingurunetik sahiesbideraino iritsiko gara. Baserria ezkerrean lagata beherantz doan mendi bidea hartuta (berriz ere GRaren marka gorri-zuriak dituena), Asua Erreka kalera iritsiko gara sahiesbidearen azpitik pasatuta, eta bertatik Barakaldo kalera.

Inguru hau oso ederra da, batez ere Naiorbetik Asua Erreka kalerako bide guztia. Basoa da, eta inguru benetan ederra herrigunetik bertan. Agarretik Naiorbera doan bidetik ikusten den Eibarren ikuspegia ere ederra da benetan.

Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Sautsi - Iparragirre

Mikel Larreategi 2016/10/10 17:00
Salbador gainera pistatik igo, eta gero GRaren markei segika Sautsira jeitsiko gara.

Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.

Baselizaren aurrean dagoen hesia gurutzatuko dugu iparralderantz, eta Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri-gorriei jarraituz Sautsi gaineko Gisastu-depositu etxeraino. Jeisten ari garela, justu Gisastu baserriaren gainean gaudela, Eibarren bista ederra ikusi daiteke, herri guztia, Urko, Lindari eta Ermua ere ikusten da (mapan agertzen den bidea gutxi gora-beherakoa da, ez da bidea ondo apreziatzen-eta, baina bideak ez du galbiderik: marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez da egin behar).

Eibar Gisastu baserriaren gainetik ikusita
Eibar Gisastu baserriaren gainetik

Hor bi aukera ditugu: ezkerrera eginez Gisastu baserria zegoen lekuraino iritsi gaitezke eta han pistari jarraituz Txontara jeitsi. Eskumara eginez, Eibar gaineko begiralekuan egongo gara, depositu-etxearen terrazan. Bertan Eibartik igarotzen den Gipuzkoako Itzuliari dagokion azalpenaren kartela ikusi dezakegu.

Eibarko ikuspegia Gisastuko depositotik
Eibarko ikuspegia Gisastuko depositotik

Pistari beherantz jarraituta, Sautsi auzunera iritsiko gara. Autopistaren zubia azpitik pasatu eta ezkerrera eginez, Iparragirre kalean zehar Urkusuko parkera jeitsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Asurtza - Unbe - Txonta

Mikel Larreategi 2016/10/06 17:00
Gaurkoan, Txontan zehar, Salbadorrera igo eta handik Asurtzara joango gara Unbera jeisteko.

 

Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.

Oiz eta Urko Salbador gainetik
Oiz eta urko Salbador gainetik

Baselizaren atzean dagoen hesia gurutzatu, eta txabola eta baserriaren artean dauden bi mendi-bideetako eskumakoa hartuko dugu (ezkerrekoa Topinburu gainera iristen da pinudian zehar) Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri eta gorriei jarraituz. Uneoro marka horiei jarraituta, Asurtzako bidera iritsiko gara. Une horretan, Bergararaino joan garela esan dezakegu :)

Salbadorretik Asurtzarako bideko zuhaitz koloretsuak
Salbadorretik Asurtzarako bideko zuhaitzak Txontatik ikusita

Bidera iristeaz bat eskumara egin eta beherantz doan mendi bidea hartuko dugu. Bidean behera eginda, Unbe gainean amaituko dugu. Han aurrerantz egin eta Altamira goikoa baserriraino iritsiko gara. Bideari beherantz jarraitu eta Txontatik Salbadorrera doan pistara helduko gara metalezko txabola baten ondoan. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kalera iritsiko gara gure ibilbidea bukatuz.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.

Flicker-en
www.flickr.com
Elementos de erral Ir a la galería de erral
Twitterren