Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / eBird plataformak taxonomia eguneratu duela aprobetxatuta, euskarazko txori-izenen zerrenda ere berritu dugu (v. 2023)

eBird plataformak taxonomia eguneratu duela aprobetxatuta, euskarazko txori-izenen zerrenda ere berritu dugu (v. 2023)

Asier Sarasua 2023/11/11 12:35
Udazkenero eguneratzen du eBirdek munduko hegaztien zerrenda eta taxonomia, mundu osoko 40 hizkuntzatako txori-izenekin batera. Euskaraz ere halaxe egin dugu duela egun batzuk. Iazko zerrendan genituen hutsune batzuk betez eta azken urtean izan diren aldaketa taxonomikoei erantzunez, dozena erdi txori-izen egokitu ditugu eta beste 25 txoriren izenak gehitu ditugu eBirden zerrendara, orain arte euskarazko ordainik ez zutenak, hala nola, txio erregetxoa, papagai bulargrisa, zozo bekainzuria, mozolotxo eurasiarra, hegatxabal adarduna, buztanikara txukotkarra, antzandobi nubiarra edo leiotrix mokogorria. Bide batez, aplikazioaren euskarazko bertsioa ere eguneratu dugu.
eBird plataformak taxonomia eguneratu duela aprobetxatuta, euskarazko txori-izenen zerrenda ere berritu dugu (v. 2023)

eBird euskaraz

Sarri aipatu izan dut blog honetan eBird Plataforma (ebird.org weba, ebird appa eta Merlin aplikazioa). Hegaztien behaketak gordetzeko mundu mailan dagoen plataformarik zabal eta erabiliena da, Estatu Batuetako Cornell Unibertsitateak kudeatua. Nork bere datuak igo, gorde eta partekatzeko aukera ematen dizu, baina milioika lagunen datuak biltzen dituenez (herritarren zientzia deritzana), hegaztien egoera eta populazio-dinamiken inguruko datu-base erraldoi bat ere bada eBird. Plataforman jasotako informazio eta behaketen azterketek garrantzi izugarria daukate mundu mailako ikerketa zientifikoetarako zein kontserbaziorako.

eBird jatorriz ingelesez bakarrik zegoen arren, plataforma beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera ematen die Cornellek txorizale-komunitateei eta 2021. urteaz geroztik lan horretan dihardugu Itsas Enara Ornitologia Elkarteko zenbait kide. Hartara, eBird euskaraz dago harrezkero (plataformara gehitu zen 12. hizkuntza izan zen euskara) eta bi dira egiten ditugun lanak: 1) webgunearen eta apparen interfazea euskaratuta mantentzea eta 2) txorien euskarazko izenak taxuz ematea, txorien euskarazko izendegia nolabait estandarizatu eta egonkortzeko asmoz, Euskal Batzorde Ornitologikoaren laguntzarekin.

Azkenengo aldaketak joan den aste honetan burutu ditugu. Udazkenero egin ohi duen legez, eBird-ek bere zerrenda taxonomikoa eguneratu du, azken 12 hilabeteetan izan diren aldaketa taxonomikoei erantzun ahal izateko (espezie berriak gehitu, beste batzuk bateratu, izen zientifikoak eguneratu, azpiespeziak gainbegiratu, eta abar).

ebird - aztore eurasiarra

Aldaketa taxonomiko hori aprobetxatuta, guk ere gure eguneraketa egin dugu euskarazko alderdian. Batetik, ebird.org webguneko eta ebird aplikazioko zenbait atal berri euskaratu ditugu eta lehendik ere eginda genituen zenbait itzulpen egokitu eta eguneratu ditugu. Bestalde, eguneraketa taxonomikoa aprobetxatuta, txorien euskarazko izendegia ere eguneratu dugu. Izendegian egin ditugun aldaketak hiru motatakoak izan dira:

  • lehendik genituen zenbait akats txiki zuzendu ditugu (gailupa tronpetaria eta taigako antzara hankahoria adibidez);
  • aldaketa taxonomikoaren eraginez ere aldaketaren bat egin behar izan dugu, esate baterako, aztore arrunta 2 espezietan banatu da taxonomikoki eta horri erantzunez sortu zaizkigu euskaraz aztore eurasiarra eta aztore iparramerikarra, lehengo aztore arruntaren ordez;
  • eta bukatzeko, garrantzitsuena, Euskal Herrian ikusten diren eta eBirden oraindik euskarazko izenik ez zeukaten zenbait espezieren izenak gehitu ditugu eBird-eko zerrendara, Euskal Herriko hegaztien zerrendan oinarrituta eta Euskal Batzorde Ornitologikoak egindako proposamenak jarraituz. Horren adibide dira, besteak beste, papagai bulargrisa (Myiopsitta monachus), hegatxabal adarduna (Eremophila alpestris), leiotrix mokogorria (Leiothrix lutea), txirri lepagorrizta (Calidris subruficollis), buztanikara txukotkarra (Motacilla tschutschensis), antzandobi nubiarra (Lanius nubicus), zozo bekainzuria (Turdus obscurus), hegabera buztanzuria (Vanellus leucurus) edota txio erregetxoa (Phylloscopus proregulus). Guztira 25 izen inguru gehitu ditugu eBirdeko euskarazko izendegira.

Azken batean, helburua eta erronka beti berberak dira, eBird bezalako plataforma bat euskaraz erabiltzeko aukera eskaintzea eta txorien euskarazko izendegia eguneratuta eta estandarizatuta mantentzea, euskal txorizaleon mesederako.

Lehendik ere eBird APPa erabiltzen baduzu, hegazti-zerrenden paketeak eguneratzea komeni zaizu, azkenengo eguneraketa taxonomikoak aplikaziora ekartzeko. Eta orain arte ez baduzu ebird erabili edo erdaraz erabiltzen baduzu, badakizu: ebird euskaraz daukazu! Zatoz zu ere txoritara!

ebird - papagai bulargrisa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz