Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Errialtabaso (Eskuagatx, 1.018 m), Urkiola aldeko tontor ezkutua #100mendi

Errialtabaso (Eskuagatx, 1.018 m), Urkiola aldeko tontor ezkutua #100mendi

Asier Sarasua 2024/12/18 19:05
Dimatik Errialtabasora, Ezkoaga zelaietan barrena. Urkiola natur parkeko leku ez hain ezagunak.
Errialtabaso (Eskuagatx, 1.018 m), Urkiola aldeko tontor ezkutua #100mendi

Errialtabaso (Eskuagatx, 1018 m)

Arratiarrak izango dira salbuespen, baina esango nuke bestela, euskaldun gehienontzat, Urkiola eta Durangaldeko mendien artean ezezagunenetakoa dela Eskuagatx alderdia, Urkiolatik Dima alderantz geratzen den paraje hau.

Guretzat, behintzat, halaxe da. Mugarra, Anboto, Astxiki, Atxarte... sarri bisitatu ditugu, baina beste alderdi honetara ez horrenbeste, ezta 100 mendien lehiaketan gabiltzanetik ere.

Uda hasierako egun ederrean egin dugu ibilbidea. Pinadi askotxo hasieran eta egurretarako irekitako mendi-pista zatarrak ere bai, baina oro har gozatzeko moduko parajea da Ezkoaga zelaien eta Eskuagatx mendilerroaren bueltan dagoen hau.

Dimako Baltzola auzoko San Lorentzo baseliza alboan hasi genuen ibilbidea, autoa eliza parean dagoen parkinean lagata.

Oso baseliza ederra da San Lorentzoko hau, ondo zaharberrituta, atari edo zimitario ederrarekin, itzal zabaleko belardia inguruan... Iturria ere badauka, joanean edo etorrikoan egarria asetu eta geldialdia aprobetxatzeko.

Errialtabaso, Urkiola (10)

San Lorentzotik gora pista zabala dago Eskuagatx mendilerrorantz. Pinu-landaketak eta basogintzaren albo-kalteak, hasiera hau ez da oso ederra, baina txiri-txiri gorantz egin dugu, 45 minutu inguruan Ezkoagako zelaietara heldu arte.

Ezkoagan ireki eta edertu egiten da ikusmira. Eskuagatx alde batera eta Arratia bestera, atseden hartzeko toki ederra da.

Errialtabaso, Urkiola (01)

Aurrera eginez gero Urkiola alderantz jo dezakegu (pare bat ordu bertaraino), baina guk ezkerretara jo dugu, zuzenean Errialtabaso dioen geziari jarraituz.

Eskuagatx mendilerro txikiko tontor-lerroa daukagu begien parean. Errialtabaso / Arrietabaso (1.011 m), Ezkobaratz / Eskuagatx (1.003 m), Kanpantorreta (997) eta abar. Elkarren segidan daude, elkarri pega-pega eginda, bereizgarri handirik gabe; elkarrengandik bereizten nahikoa lan.

Errialtabaso, Urkiola (02)

Zelaian gora doa bidea. Ez dago oso ondo markatuta eta inguru harritsu honetan erraza da bidea galtzea, baina eguraldi onarekin ez dago beldurrik, aise aurkitu daiteke gorako bidea.

Errialtabaso, Urkiola (04)

Eskuagatx mendilerroko gainekaldea laberinto karstiko txiki bat da. Tontor batetik besterako bidea nabarra da ingurua ezagutzen ez duenarentzat. Baita deserosoa ere, kareharrizko haitz zorrotzen artean.

Errialtabaso, Urkiola (05)

Baretzat beltza (Arion ater) ere aurkitu dugu beheranzkoan, kasu honetan arre kolorekoa.

Errialtabaso, Urkiola (06)

Berriz Ezkoagan, parean dugun Ezkumin / Izoztegui (915 m) igotzeko ere aprobetxatu dugu.

Errialtabaso, Urkiola (07)

Izoztegitik pare-parean geratzen da Eskuagatxeko harresi karstiko osoa.

Errialtabaso, Urkiola (08)

Eta Ezkoaga atzean lagata, bide beretik egin dugu San Lorentzorako itzulera.

Errialtabaso, Urkiola (09)

etiketak: natura, 100mendi, mendiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz