Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eguneraketa garrantzitsua eBirden, taxonomia zientifikoan eta euskarazko txorien izenetan (v. 2024)

Eguneraketa garrantzitsua eBirden, taxonomia zientifikoan eta euskarazko txorien izenetan (v. 2024)

Asier Sarasua 2024/11/10 14:40
eBird aplikazioan urtero egiten den eguneraketa taxonomikoa aprobetxatuta, munduko hegaztien euskarazko izendegia osatu eta zabaldu dugu, euskarazko 400 izen espezifiko berri proposatuz. Une honetan 1200 espezie dira euskarazko izen arrunta duten txori espezieak, horien artean Europako (ia-ia) denak. Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan Itsas Enara Ornitologia Elkartearekin lankidetzan egiten ari garen lanaren lekuko.

Ohar bat, ezertan hasi aurretik

Euskal txorizaleontzat gogorarazpena:

 

Euskarazko txorien izendegia osatzeko lanak

Iaz ere azaldu genuen bezala (v.2023), aurtengo urrian ere munduko hegaztien zerrenda ofizialak eguneratzeko ordua iritsi zaigu munduko txorizaleoi eta horretantxe jardun dugu azken egunotan Euskal Batzorde Ornitologikoak eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteak.

Udazkenero eguneratzen da munduko hegaztien zerrenda ofiziala. Mundu mailako erreferentzia taxonomikoa diren Clements eta IOC zerrenda eguneratzen dira sistematikoki eta, horren ondorioz, sarean dauden hainbat plataformatakoak ere eguneratu beharra dago, adibidez Wikipediako edota eBird-eko zerrenda, munduko 11.150 espezieen kokapen taxonomikoa eta izen zientifikoa egokituz (post honen amaieran azalpen gehiago).

Eta izen zientifikoak eguneratzearekin batera, eBird plataformak izen arrunten zerrenda guztiak ere eguneratzen ditu, ingelesezkoekin hasi eta munduko 50 hizkuntza baino gehiagotan, tartean euskarazkoak.

Hartara, hegaztien zerrendak aldatu eta handitu ahala, hegaztien euskarazko izen arruntak ere egokitu egin behar dira etengabe eta baita izen berriak proposatu ere, orain arte euskarazko izenik izan ez duten espezie horientzat. Kontuan izan, orain gutxira arte, 500 txori espezie besterik ez zirela euskarazko izen arrunt espezifiko ofizial bat zeukatenak, munduan dauden 11.000 espezieen artean.

Arazo historiko hori gainditzeko, Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan lantalde txiki bat ari gara lanean 2020. urteaz geroztik gai horretan, besteak beste, hegaztien izenak finkatzeko irizpideak zehazten, familia eta genero mailako txostenak eta proposamenak egiten (ikus Jacanidae familiarena, adibiderako) eta, azken batean, munduko hegaztien izen arrunten gaia sakon aztertzen. Hiru dira lantalde horren helburu nagusiak:

  1. Zerrendak egokitu urtero berritzen den taxonomia berrienera. 2024an, adibidez, enara ipurgorria 3 espezietan banatu da eta euskarazko izena eman behar izan zaie hirurei, Euskal Herrian ikusten denaren izen zientifikoa aldatzearekin batera (Cecropis rufula da, orain, Euskal Herrian ikusten dugun enara ipurgorria, "enara ipurgorri eurasiar" izendatu duguna).
  2. Izen oker edo desegokiak identifikatu eta zuzendu. Esate baterako, 2024an munduko Anseriforme guztiak gainbegiratu eta egokitu ditugu, Elhuyarrek 2001ean egindako proposamenean oinarrituta.
  3. Izenik ez duten txori espezieentzat proposamenak egin, Euskal Herritik hasi eta esparru geografikoa zabalduz (Iberiar Penintsula, Europa, Mendebaldeko Paleartikoa eta Mundua). Euskal Batzorde Ornitologikoaren webgunean dituzue orain arte hartutako erabaki guztien txostenak zuen esku.

eBird euskarazko izenak 2024 (01)

Enara ipurgorri eurasiarra (Cecropis rufula), mundu mailako aldaketa taxonomikoaren ondorioz egokitu behar izan dugun izenetako bat.

2023ko eguneraketan argitaratu genituen gure lehenengo proposamenak eta aldaketak, eta orduantxe jaso genituen, esate baterako, txio erregetxo, papagai bulargris, zozo bekainzuri, mozolotxo eurasiar, hegatxabal adardun, buztanikara txukotkar, antzandobi nubiar edo leiotrix mokogorri bezalako izen berriak.

Azken urteotan egindako lanaren jarraipen gisa, 2024an euskarazko beste 300 espezie-izen inguru gehitu ditugu zerrendetara, beti proposamen bezala, Europako hegazti guztien euskarazko izendegia osatzeko asmoz. Horrela, azken izen batzuen faltan, gure kontinentean inoiz behatu diren 1100 txori espezieek dute dagoeneko euskarazko izen arrunta. Zerrendari azkenengo ikutuak eman eta Gabonak aurretik emango dugu lan guzti horren informazio zehatzagoa sare eta hedabideetan.

Laburbilduz, beraz, eBirdeko zerrenda eguneratu dugu eta hantxe aurkituko dituzu lantalde honek egin dituen proposamenak. Gainera, Txoriak.eus webgunean ere gehitu dugu datu-base osoa, euskal txoriburuek bilaketak egin ditzaten, erreferentziak bilatzeko edota proposamenak eransteko.

eBird euskarazko izenak 2024 (02)

Matxardamoko beltza (Anastomus lamelligerus), Ciconiidae familiako 6 genero eta 20 espezieak izendatzeko egin ditugun proposamenen arteko bat.

2024ko eguneraketa taxonomikoa, urtero berritu behar baita munduko hegaztien zerrenda

Gorago aipatu dugun bezala, Clements eta IOC erakundeek urtero eguneratzen dute munduko hegaztien izendegia eta eBird plataforma ezagunak ere bere urteroko eguneraketa taxonomikoa egin du aste hauetan. Udazkenero egin ohi duen moduan, aurten ere bere plataformako espezie-izen guztien zerrendak eguneratu ditu, eta eBird plataformaren euskarazko atala daramagun taldekideok ere parte hartu dugu lan horretan.

Izan ere, Itsas Enara Ornitologia Elkartean zenbait urte daramatzagu dagoeneko eBirden euskarazko alderdia kudeatzen, bai webgunearen eta apparen interfazeak euskaratzen, bai munduko txorien euskarazko izendegia eguneratzen eta argitaratzen Cornellen zerbitzu guztietan (eBird, BOTW eta Merlin).

Aldaketa garrantzitsuena eguneraketa taxonomikoa izan ohi da. Urtero-urtero, urtearen lehenengo sei-hilabetekoan, hegaztien taxonomian aditu diren ikerlari eta erakundeek munduko espezie guztien errepasoa egiten dute, txorien sistematikan eta filogenian epe horretan izan diren ikerketak gainbegiratuz eta, alor horietan dagoen ezagutza berrian oinarrituta, munduan dauden hegazti espezie guztien zerrenda eguneratzen dute (izendegia eta hurrenkera).

Izan ere, kanpotik begiratuta kontrakoa dirudien arren, animalia-talde baten zerrenda ez da behin betikoa, eta uste baino aldaketa gehiago egiteko proposamenak izan ohi dira urtero ornitologoen aldetik. Espezie batzuk desagertutzat eman daitezke, beste batzuk 2-3 espezietan banatu ikerketa genetikoen ondorioz, beste batzuen kokapen taxonomikoa aldatu egiten da (gehienetan genero-izenean aldaketak eraginez, beste batzuetan baita familia mailakoak ere).

Aurtengo ehunka aldaketen arteko gehienak Asiako eta Ozeaniako txori-taldeetan gertatu dira, baina Europako eta Euskal Herriko zenbait espezie ezagunen taxonomia ere aldatu da. Esate baterako, hasieran aipatu dugun moduan, enara ipurgorria 3 espezietan banatu da eta Euskal Herrikoaren izen zientifikoa aldatu egin da (Cecropis rufula deitzen da orain), garai bateko 3 txoka txiki espezieak (Acanthis flammea, A. hornemanni eta A. cabaret) espezie bakarrean bateratu dira (A. flammea) eta orain arteko hontz zuria (Tyto alba) 6 espezietan banatu da. Ikusten duzuenez, espezie arruntetan ere gertatzen dira aldaketa taxonomikoak.

Etengabeko gainbegiratze eta berrantolatze horren ondorioz, beraz, munduan dauden 11.150 txori espezieen zerrenda aldatu egiten da (neurri batean) urtero-urtero eta ornitologiaren munduko Plataforma eta ikerlari guztiek zerrenda horietara egokitu beharra daukate, Cornell Unibertsitateak kudeatzen duen eBird Plataformak, adibidez.

Erreferentziazko zerrenda taxonomiko bakarrerantz

Kontu hau konplikatze aldera, ornitologoen artean ez dago erabateko batasunik eta mundu mailan erreferentziazko 3 zerrenda erabiltzen dira, eta horietako 2 urtero eguneratzen dira, Clements zerrenda eta IOC zerrenda.

Zorionez, azkenaldian lantalde zabal bat sortu da International Ornithologists' Union erakundearen barruan, Working Group Avian Checklist izenekoa, eta dagoeneko pare bat urte daramatzate elkarlanean erreferentziazko zerrenda bakarra osatzeko. Benetan berri pozgarria, hemendik epe laburrera munduko txorizale, ornitologo eta erakunde guztiak zerrenda bakar horren arabera antolatuko baikara.

eBird euskarazko izenak 2024 (03)

Itsas enara hegalzuria (Chlidonias leucopterus), 2024ko udazkenean Euskal Herrian izan dugun ezohiko bisitaria, Salburuan igaro baititu zenbait aste Europa ekialdeko espezie honek.

 

Gorka B.
Gorka B. dio:
2024/11/13 12:07
Lan bikaina egin duzuena! Askotan gertatzen zait, txori baten euskarazko izenaren bila hasi eta ez aurkitzea (ez Wikipedian, ez hiztegietan, ez Euskaltermen...). Benetan garrantzitsua egiten ari zaretena, mundua gero eta globalagoa delako eta gero eta premia handiagoa dugulako horrelako kontuetan. Zorionak Nafarroatik eta esker mile!
Ainhoa
Ainhoa dio:
2024/11/13 12:14
ebird erabiltzen dut, baina orain arte erderaz. Orain jarri dut euskeraz baina txorien izeank ez dira agertzen euskeraz. zer egin ahal dut? telefonoangatik da? nola konpondu dezaket?
asier sarasua
asier sarasua dio:
2024/11/13 16:22
Eskerrik asko Gorka! Jende askoren arteko lana izan da hau! ;)

Ainhoa, eBird-en ezarpenak 2 alderditan egin daitezke. Batetik erabaki dezakezu ea appa (edo weba) zein hizkuntzatan ikusi nahi duzun, eta hor euskara aukeratu behar duzu. Bestalde, txorien izenak zein hizkuntzatan ikusi nahi dituzun ere aukeratu behar duzu (eta hor ere euskara aukeratu, edota euskara + izen zientifikoa). Appa euskaraz izan dezakezu eta izenak zientifikoak bakarrik, edota appa ingelesez eta izenak euskaraz, edo nahi duzun moduan.

Izan ere, Merlin app-ean, adibidez, interfazea ezin da euskaraz jarri (oraindik ez digute eman baimenik euskaratu ahal izateko), baina txorien izenak bai ikusi daitezke euskaraz.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz