2023-2024an irakurritako liburuen zerrenda
Ezingo dut ba 10 urteko ohitura zaharra hautsi! 2023an egin ez nuela, eta aurtengoan hementxe doa 2023an eta 2024an irakurritako liburuen laburpen-zerrenda (aurrekoak: 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021 eta 2022).
Aipagarrienen artean (ez onenak derrigor, baina bai gehien gustatu zaizkidanak edo gusturen irakurri ditudanak), euskarazkoetan Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Agirreren Sua falta zaigu; gaztelaniazkoetan Vallejoren El infinito en un junco eta Galdosen Doña Perfecta, esate baterako; txoriburuentzako lanen artean Craigen Birdgirl; eta, ororen gainetik, Elizegiren Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua.
2023/2024 tartean irakurritako liburuen zerrenda
Libro de las maravillas del mundo, Marco Polo (1298)
Nire txikitako heroia, Marco Polo.
Caligrafía de los sueños, Juan Marsé (2011)
Ez da Marséren onena. Ezta 4-5 onenen artekoa ere. Baina berdin dio.
El vuelo del ángel, Michael Connelly (1999)
Eleberri beltz ganorabako samar bat. Akzioari eusten dio eta abar, baina tira.
***El infinito en un junco, Irene Vallejo (2019)
Zoragarria. Liburuei eta literaturari omenaldi handia, izugarri ondo idatzia, erudizioz eta jakituriaz betea. Beharbada luzexka, hainbat kontzeptu errepikatuta daudelako eta lasai asko kendu daitezkeelako 60-80 orrialde, baina berdin-berdin gozagarria. Aukeran, ekialdeko kulturetako aipamenak falta izan zaizkit (Txinako literatura tradizionalaren ingurukoak, esate baterako); liburua Grezian eta Erroman dago oinarrituta ia oso-osorik, idazlearen ezagutzaren esparruak.
Aulki bat elurretan, Uxue Alberdi (Elkar, 2007)
Tira. Uxuerenak gustura irakurri ditut beste batzuk.
Pardals al cap: La fascinació humana pels ocells, Stanislaw Lubienski (2016)
Stanisław Łubienskik txoriengan duen lilura kontatzen digu, batzuetan benetako erokeria bihurtzen dena. historian zehar hegaztien munduari buruz egin diren irudikapen artistikoez hausnartzen du. Prosa goxoaren bitartez, Łubienskik bere behaketaren esperientzia eta txorien balentrien aurrean sentitzen duen miresmena nahasten ditu, pertsonaia historikoei buruzko istorioekin edo inspirazio hori gorpuzten duten une historikoekin. Eta fintasun handiz deskribatzen du soinuz, kolorez eta esanahiez betetako mundua.
El último barco, Domingo Villar (Siruela, 2019)
Domingo Villarrek Vigon (Galiza) girotutako eleberri arrakastatsuen arteko hirugarrena.
Konplikazio narratibo handiegirik gabeko idazlana da. Erabat modu linealean kontatua, pertsonaia nagusi bakar baten ibilerak jarraituz (eszena eta elkarrizketa guzti-guztietan agertzen da Leo Caldas inspektorea). Hala ere, polizia eleberrien ezaugarri klasikoak ondo betetzen ditu eta bere grazia dauka. Trama erakargarria, bilakaera arina, bizi kontatuta, deskribapen labur eta erakargarriekin eta, batez ere, elkarrizketa egokiz josia. Egia da, baina, azken batean, akatsez betetako ikerketa polizial baten kronika hutsa besterik ez dela 'El último barco'. Izan ere, akatsez akats, hanka-sartzez hanka-sartze baitabil Leo Caldas inspektorearen ikerketa-taldea hasieratik amaierara. Eta, gainera, %75 irakurri orduko nahiko nabarmen geratzen da hiltzailea nor den (niri, behintzat, oso nabarmena iruditu zait). Dena dela, esan bezala, irakurketa arin eta bizia da Leo Caldasen hirugarren abentura hau; udako hamakan harrapatzen zaituen eta askatzen ez duzun liburu horietako bat.
***Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua, Mikaela Elizegi eta Antonio Zavala (Auspoa bilduma, 1963).
Entzuna nion Atxagari eta irakurria han-hemen nonori, euskaraz sekula idatzi diren liburuen artean aipagarria zela Auspoa bildumako hau, garai bateko ahozkotasunaren oihartzun burrunbatsuak dakarzkigulako. Eta halaxe da, marabilli. XIX. mendeko bizimodua, sineskerak eta ahotsa entzungo ditugu bilduma eder honetan, zoragarri-zoragarri jaso eta transkribatuta. Lanaren berezitasuna da testuan kontalariaren ahozko solasa jasotzen dela, hizkuntza idatziaren ohiko artifiziorik gabe. Liburuaren hirugarren argitalpenean, zera dio Bernardo Atxagak hitzaurrean: "Zenbat balio dute, poetikoki, Mikela Elizegik hurbileko heriotzen aurrean esandakoek? Zakur amorratuak hozka egindako neskatoaren pasarteak, kasu, edo hemeretzi urterekin hildako ahizparenak? Ezin da neurtu". Atxaga ez ezik, beste hainbat ere erakarri ditu Mikaela Elizegiren kontakizunak, Gabriel Aresti, esate baterako. Jabier Kaltzakortak idatzi zuenez "Arestiren ustez, euskaraz idatzi den testurik hoberenetako bat da". Mastodonen.
Mi viaje diario, Jose de Arteche (Itxaropena, 1950)
Zarauztik Donostiara egunero egiten duen bidean idazleak zuzenean hartutako oharrak; ikusten dituen paisaiak eta pertsonajeak, trenaren bueltan bizitako anekdotak eta jasotako kontakizunak. Bere garaiko idazkera arol eta puztuan idatzitako liburua. Ez estiloak, ez kontakizunek, ez didate gaur egun ezer esan.
***Birdgirl, Mya-Rose Craig (Cape, 2022)
Txoriak, bidaiak, aktibismoa, osasun mentala... eta txori gehiago. Txoriak baitira medizinarik eraginkorrena. 'To engage with birds is to engage with landscape and with nature'. 😊
Las minas del rey Salomón, Ridder Haggard (1885)
Exploratzaile ingeles talde bat altxor baten bila Kukuana tribuaren lurretan (lekuak asmatuak dira, baina Hego Afrikan dago kokatuta, guti goiti-beheiti). XIX. mende amaierako abentura-eleberri bat, Indiana Jonesen aitzindari moduko bat. Bere garaian sekulako arrakasta izan zuen eta Best Seller narbamen bat izan zen. Bere muga guztiekin (eta garaiko ezinbesteko ikutu arrazista eta matxistekin), oraindik gordetzen du nolabaiteko interesa. Baina horixe, nolabaitekoa.
Abarrak, Ebaristo Bustintza "Kirikiño" (1918)
Kuriositate historikoz irakurri dut Kirikiñoren 'Abarrak' ezaguna, XX. mende hasierako lan nabarmena, bere garaian irakurle (bizkaitar) saldoa izan zuena. Interes historiko horretatik kanpo ez diot zera berezirik aurkitu.
***Doña Perfecta, Benito Pérez Galdós (1876)
Hipokresia, intolerantzia eta integrismoa; inoiz ezer gertatzen ez den Espainia sakon eta beltz horri kritika bikaina. XIX. mende amaieran girotua, baina sekulako egunerokotasuna daukana, 2024an ere antzera-antzera dagoelako eleberrian islatzen den giro espainiar itxi ultrakontserbadorea. > Blogean iruzkin zabalagoa.
Tintin en el país de los soviets, Hergé (1930)
Tintinen 1. abentura. Hurrengo liburuekin alderatuta, abentura moduan eskasa eta marrazki aldetik oraindik "iradokitzailea", baina Tintinen unibertsoa ezagutzeko ezinbesteko lana.
Aitaren etxea, Karmele Jaio (Elkar, 2019)
Ederra. Amaren eskuak gehiago gustatu zitzaidan arren.
Ars amatoria, Publio Ovidio Nason (K.o. 1. urtea)
Erudizioz borbor, aipamenak klasikoei erruz. Gaur egun naiv samarra, baina duela 2000 urte modernoa halabeharrez, berdintasuna aldarrikatuz, gorputz helduen alde eginez gaztetasunaren aldean. Eta, gehienbat, berdinen arteko harremana azpimarratuz, biek gozatu beharra, ezohikoa orduko gizarte erromatar klasista, esklabista, misogino eta hierarkizatuan.
***Las tres bodas de Manolita, Almudena Grandes (Tusquets, 2014)
Gerra zibilean eta Madrilen girotutako eleberria dugu hau, baina ia tiro hotsik gabea, alderdi belikoa baino, gerraren (gerra aurrearen eta gerra ostearen) alderdi politikoa eta, batez ere, soziala duelako ardatz. Almudena Grandesek gerra zibilaren inguruko gaietan oinarrituta sortu zituen 5 eleberrietako hirugarrena da hau, kasu honetan gartzela giroan eta gerra osteko jazarpenean zentratzen dena. Galtzaileen eleberri bat, baina baita esperantzari eusten saiatzen den giza talde borrokalari batena ere. Manolita gaztea umezurtz geldituko da gerra aurreko Madrilen, familia pobre batean. Gerra nola-hala igaro ostean, frankistek aita fusilatuko diote eta amaordea gartzelaratuko. Anaia nagusia ihesi dagoen bitartean, bere 4 anai-arreba txikien ardura hartu beharko du Manolitak, eta egundokoak eta bi egin beharko ditu familia aurrera ateratzeko gerra osteko Madril frankistan. Manolitaren irudiaren inguruan beste hainbat pertsonaia interesgarri harilkatzen dira eleberri erabat korala den honetan. Almudena Grandesek puzle itxuran egituratuko du kontakizuna, denboran aurrera eta atzera eginez, gertakizunak pertsonaia bataren eta bestearen ikuspegitik kontatuz, ikuspegi kaleidoskopikoarekin. Gerraren atzeko alderdia erakusten digu eleberri honek, asko eta askotan emakumezkoen begiradarekin. Emakume borrokalari horiek aurre egin beharko diete 1930-1950 inguruko sasoi hartan sortuko diren arazoei, betiere itxaropen printzaren bat aurkitu nahian, hemen ez bada han.
Sua falta zaigu, Katixa Agirre (Elkar, 2007)
10 bat narrazio. Oro har, gomendagarria.
33 ezkil, Miren Gorrotxategi (Elkar, 2016)
Nahiko best seller estilora idatzita, %80 elkarrizketak, deskribapen gutxi, oso modu linealean idatzita, estilo aldetik berrikuntza gutxirekin... Flashbackak badaude, baina ez kontakizun orokorrean txertatuta, aparteko kapitulu batzuetan baizik (gainera letra etzanez markatuta, irakurlea "gal ez dadin"). Arrisku gutxikoa, alderdi horretatik. Baloratzekoa idazkera eta hizkera aldetik egindako ahalegina. Eleberri beltz bezala ere, nolabait funtzionatzen du, erritmo aldetik, baina eleberriaren zatirik handienean ez dago ezusteko edo jira-bira handirik trama nagusian. Tarteka badirudi zeozer gertatuko dela, baina erdizka geratzen da dena. Polizien garapena ere ez da sinesgarriegia, ezta euren lerro argumentala ere. Tira, erraz irakurtzen den liburu horietako bat.
Orbanak, Pello Lizarralde (Erein, 2012)
Lizarralderekin maiteminduta nagoenez, nere guztia gustatzen zait. Hau ere ez dago txarto, baina Lizarralderen hobeak irakurri ditut (seguru asko orain arte irakurritako guztiak).
***Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez (Susa 2021).
Bizitza berrordenatzeko material bila ari da protagonista/idazlea, baina ez da erraza berreraikuntza horretarako osagaiak lotsa, harrokeria eta herra direnean, eta piezak itsasteko behar diren sentimenduak eta emozioak halabeharrez kukututa daudenean, ixiltasun irmo baten azpian. Heriotzak lagun dezake, beharbada. Eta ixiltasunetik idazteak. Aita laztantzen jarraitzeko, bederen. Mastodonen.
Nora ez dakizun hori, Irati Jimenez (Elkar, 2009)
Ondo dago.
El mal de Montano, Enrique Vila-Matas (Anagrama, 2002)
Aspertu egin nau. Zenbat gainera. Hori erakutsi beharra!
Viento del este, viento del oeste, Pearl S. Buck (1930)
Pearl S. Buck nobel saridunaren lehenengo eleberria. Estatu Batuetan jaio arren, Txinan igaro zituen bere bizitzako aurreneko 34 urteak eta bi munduen arteko desberdintasun eta tira-biren inguruan idatzi zituen bere lan asko eta asko. Viento del este, viento del oeste honetan, goi mailako familia txinatar baten historia jasoko dugu. Gurasoak antzinako tradizio mugiezinei lotuta dauden bitartean, seme-alaben bizitzek beste norabide bat hartuko dute, ohitura eta belaunaldi arteko talka gaindiezina sortaraziz.
Mugarri estaliak, Castillo Suarez (Susa, 2000)
Ahalegindu naiz, berriz, baina poesiak orain ere gainditu egin nau.
Bar Gloria, Nerea Ibartzabal (Susa, 2022)
Taberna bat, herri txiki batean. Hiru protagonista, euren bizipenen motxilarekin. Denboran atzera eta aurrera, oroitzapenak nola, hara-hona zirimolan, bizipen-txatalekin osatutako kontakizun aberatsa, idazleak aitortzen duen memoria linguistikoari arreta zorrotza eskainiz. Kosta egin zitzaidan kontakizunean, idazkeran, erritmoan sartzea. Erabat harrapatu nau kontakizunak, idazkerak, erritmoak. Markinaldeko doinu nireak. Mastodonen.