Sabino Ormazabal Elola bizi izan da
Sabino Ormazabalen agur ekitaldi jendetsuan egon nintzen pasa den ostiralean. Kronikak badira hainbat komunikabidetan. Adibidez, Berrian eta Garan. Bideoa ere badago ikusgai.
Sabino Ormazabal Elola ha vivido, este apunte en castellano
Bertan parte hartu zuten hiru pertsonaren tarteak transkribatu ditut eta ondoren doaz. Argituz-eko bi kidek ere hitz egin zuten, besteak beste, baina ez ditut haien hitzak transkribatu. Nire aholkua da Argituz elkarteak duen webgunean arakatzea, txostenen atalean adibidez. Bertan dago azken boladan Sabinok egindako hainbat lan.
David Fernàndez
Kantari hasi zuen bere parte-hartzea: I un ram de flors vermelles, Abril 74, Lluís Llach.
Arratsalde on denoi. Qui canta els mals espanta. Los males se conjuran cantando, eso decimos en catalán siempre que vienen mal dadas o que llueven chuzos de punta.
Pero el nudo en la garganta esta vez da afonía, casi afasia, porque cómo cantaremos esto y como afinaremos este zarpazo.
Nola abesten da hau?
Era sábado, fue domingo y el lunes Sabino Ormazabal Elola se nos iba de repente, inesperadamente, y antes de tiempo, pero nació canturreando, cantando ha vivido y se nos ha ido coherente hasta el último suspiro y el último requiebro tarareando en Ikatz kalea.
Seguirá cantando porque siempre afinaba y siempre afinó, abriendo grietas en cada muro y caminos en cada vacío. A Sabino volveremos, y tanto que volveremos, y no solo por nostalgia, también por necesidad.
Sabino, el desobediente persistente, el antimilistarista de fondo, el insumiso infinito, el ecofeminista arraigado, el ecopacifista desbordante, el ingeniero silencioso, callado, humilde, inteligente, paciente.
El ingeniero silencioso de puentes y caminos por los que transitamos hoy, incluso sin saberlo todavía. La persona cansada, cansada de tantas violencias, pero que nunca se cansó de sabotearlas, interrumpirlas y probar de pararlas.
Hiroshima, Gernika, Kiev, Gaza, Palestina... Gerrarik ez, ez, ez, ez inoiz, eta ez inon.
Sabinok esango zuen bezala, saiatzen segitu behar dugu. Euskal Herrian euskaraz!
-Martxelo Otamendiren itzulpena irakurri zuen ondoren-
Sabino Ormazabal parafraseatu behar dugu parke honetan bertan Mariano Ferrerri agur esan zionean: hemen eta orduan eskatu eta proposatu zuen sekula gertatu behar ez duten agurretan albiste ofizialen ohiko titularra aldatzea. Eta dena hankaz gora jartzea dolua ospakizun bihurtzeko. Mariano bizi izan da, hori da albistea, esan zuen.
Sabino Ormazabal Elola bizi izan da. Hori da albistea. Maitasuna, umorea, errespetua, Sabinoren edabe garaiezina.
Kantu bat gara, memoria intsumisoak ez zuen segundo bakar bat ere behar izan hainbeste partituraren abesti korala adierazteko.
Sabino beti etxea izango da. Euskal etxea. Maixabel, Markel, Garazi, Manex, Nora, Martin, Josune, Mikel. Eta nire euskal etxea, euskal hiria, euskal herria.
Soto del Real eta Valdemoro espetxeak, Egin egunkariko iritzi saila, 18/98 sumarioa, desobedientzia zibilaren aurkako pieza kafkianoa. Silencio en la sala eta kamiseta bat: Quosque tandem abutere, Kafka, patientia nostra.
Aulki hutsak Bulebarrean. Itxoiten, Godot. Itxoiten bakea eta justizia. Antigona Euskal Herrian. Bakea xuxurlatu zien euskal herritarrei.
Tutera, 1979. Bertan, zuzenean, Gladys del Estal. Atzo, gaur eta beti.
Ekologismo soziala, Eguzkiren itzaletik Zumalaberen aldera. Eta Lemoiz, Bardeak eta Urdaibai. Herri mugimendua eta autonomia soziala eta solidarioa. J'accuse. Kaleko afari solidarioak. Edo kapitalismo harrapari umiliatzaile eta suntsitzailea. Baseen aurkako egunerako mila alternatiba demokratiko.
Egunkariaren itxierari gaur egun arte irauten duen kantarekin erantzun zenioten.
Argituz, sufrimendu guztien mapa amaitu gabea. Ahanzturaren zoko ezkutuak eta beste etorkizun posibleak.
Gau batean Sabinoren etxeko atea jo eta semea esnatzera joan zenean esateko berriro haren bila zebiltzala, poliziak: «gaur zure bila gatoz». Eta beraiekin eraman zuten. Sabino atxilotzera zetozen. Garzón, zein bestela.
Què volen aquesta gent? Que truquen de matinada?
Orduan, August Gil Matamala abokatu katalanak esan zuen: «lehendabizi armarik gabeko terroristaren figura asmatu zuten eta aurki terrorista bakezalea asmatuko dute». Kafka berriro. Prozesua zigorra zen.
Disidentziaren aurkako milaka ostiko, tartean berak jaso zituenak, santu handiaren arrazoiarekin orduan ere kantuz erantzun baitzuen: instrumentuak eramango dituzue, baina sekula ez duzue musika garaituko. Itaka berriro. Seguimos, seguiremos.
Kantatzeari inoiz utzi ez dion herria inoiz hiltzen ez den arren gaur negar eginez kantatzen du, Juan Karlos Izagirrek esana. Eta herrialde katalanak ere kantatzen dio inork posible ikusten ez zituen zubiak irudikatzen eta eraikitzen zituelako.
Sabino beti izango da erdian jartzeko arte iraunkorra, mundu guztiko erdibide guztietan.
Eta horregatik segitu beharko da desobeditzen, eta begiak zabal-zabal kantari, zaila denean batik bat, izuak beldurra eragiten digunean, isiltasunak tentazioa jartzen digunean, geure buruari ere desobeditu beharko diogu.
Ez dakit oraindik zenbat galdu dugun abuztuko zoritxarreko astelehen honetan, baina badakigu zenbat irabazi dugun denok berarekin. Horrela da, bai, ez badugu dena esaten, ez dugu ezer esango.
Gogorra izango da, laberintikoa, Donostiara itzultzea eta ez aurkitzea bera Alde Zaharreko zoko batean. Grândola, vila morena, en cada rostro, igualdade.
Baina beti edukiko dugu zirimiriaren ziurtasuna, Sabino badelako jada abestuko dugun hurrengo kanta, Pirinioetako alde bateko zein besteko edozein bazterretan esango dugun hurrengo poema. Erran nahi baita, Mario Benedettiren bertso haiek, hain zureak zenituenak: «cantamos porque somos militantes de la vida y porque los supervivientes y nuestros muertos quieren que cantemos».
Harrapa gaitzazu beti, Ormazabal, harrapa gaitzazu beti, kantari. Bizitzaren korapiloan eta borrokaren sareetan zuri kantatzen segituko dugu, Sabino. Ho tornarem a fer.
Beti arte, artesano. T'estimem. Maite zaitut. Esperantzara kondenatua.
Kantatzen segituko dugu eta kantatuko diogu haizeari: abestia zara jada, abestia zara jada, Sabino.
Mari Luz Esteban
-Memoriaz ari naiz, baina Mari Luzek esan zuen gutxi aipatutako hiru kontu nabarmendu nahi zituela. Bideoan moztuta dago hasiera-.
Lehenengo kontua da Sabinok bazuela sentsibilitate feminista. Bere sentsibilitate feminista ikusten genuen bere ikerketak egiteko moduan. Bere ikerketa metodoa super zorrotza zen, azken datua lortu arte, azken jendea edo pertsonarekin hitz egin arte.
Berak bazekien feminismoa azkenengo denboran Euskal Herrian biolentziak eta gatazkak esangura estua duela gaur egun eta zabaldu behar diogula. Sexualitatea eta biolentzia sexuala hartu behar dira kontuan. Eta berak hori egin zuen. Adibidez, Errenterian nola jaso zituen kasu guztiak sentsibilitate feministarekin.
Ikusten da ere azken liburuan, nola orriz orri emakumeen izenak aipatzen dituen, atentatuak eta horrelako kasuetan, nola jasotzen dituen emakumeen adierazpenak. Eta horri esaten diot sentsibilitate feminista.
Sabinok bazekien mundu guztiarekin egoten. Bazekien egoten emakumeekin, lasai asko. Niri galdetzen didatenean, baina nola egin behar dut? Ba gizonok egon behar duzue lasai asko, ez da gehiago behar. Sabinok bazekien emakumeekin egoten lasai asko, baina bazekien ere gizonen munduan kritiko izaten.
Adibide bat emango dizuet. Aspaldi gertatu zena horrelako gauzak normalak ez zirenean. Bera deitu zuten plataforma bateko lehenengo bilerara. Eta heldu zenean ez zegoen emakumerik. «Hemen ez dago emakumerik eta emakumerik ez bada banoa». Eta lortu zuen hurrengo bileretan emakumeak egotea.
Hemen gauden emakumeok eta gizon batzuk badakigu gizonen munduak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, ze boterea duten, ze boterea duzuen. Ze presentzia duzuen eta ze zaila den botere hori neutralizatzea.
Ekarpen txikia egin zuen Sabinok ere maila horretan eta eskertu behar zaio.
Bigarren gaia aipatu nahi dudana da... Aipatu da aste honetan zubiak egiteko zuen abilezia eta hori argi dago. Baina nik uste dut horrekin batera bazuela beste ezaugarri bat oso inportantea dena politika egiteko bere moduan zein zen. Bera zen nire ustez taldeen zaintzailea.
Hemen egon izan balitz gaur taldea zaintzen ibiliko zen: ea nork behar duen eserlekuren bat, eta abar.
Berak bazituen bere iritziak, askotan egokiak, baina maila berean jartzen zuen taldea, taldearen protagonismoa, eta nik ikusi dut jendeari esaten, jendeak senti zezan leku bat zeukala taldean.
Taldeen zaintzaile izatea ere bada politika egiteko modu bat.
Eta bukatzeko, beste gai bat da Sabino Ormazabalen beste marka bat: zuzentasuna. Hitz horrek duen adiera guztietan.
Nik aipatuko dut gauza bat seguruenik zuei huskeria irudituko zaizuena, baina niretzat bazen modu bat ulertzeko zer nolako pertsona zen Sabino: komunikatzeko era.
Sabinok zerbait behar bazuen zuregandik telefonoz deitzen zizun. Zergatik aipatzen dut hau? Gaur egun, guztiok izango zarete kontziente nola jokatzen dugu: zurekin hitz egin behar dut telefonoz, noiz geldituko gara? Ez dakit zenbat mezu elkar trukatzen ditugu, gero hiru edo bost minutuko deia egiteko zenbat prolegomeno.
Ba Sabino ez zen horrelakoa. Sabino zuzena zen, deitzen zizun eta kito. Eta nire ustez horrek ere irakasten du, zuzentasunak erakusten du nolako pertsona zen eta zenbat lezio utzi zizkigun.
Bukatzeko esango dut nik ere telefono dei horiek faltan botako ditudala. Eskerrik asko.
Markel Ormazabal
Gure aita ez zen bidaia luzeak egitekoa, sustraiak ondo errotutako zuhaitza izatea nahiago zuen eta, hala ere, Euskal Herria alderik alde zeharkatu zuen. Hamaika aldiz zeharkatu ere.
Euskal herrietako bidaia horietako asko eta asko elkarrekin egin genituen: Itoizeko akanpadetara, gorraiztarrekin egotera, Bardeetako martxara, Urdaibairen aldeko Gernikako manifestazioetara edo Herri Urratsera.
Eta bidaia horietako asko, nola ez, taberna edo txosna baten bueltan amaitzen genituen. Halakoetan, hau ere nola ez, beti topatzen genuen ezagunen bat eta beti abesti bera kantatzen ziguten, nik uste aitari eta bioi gehien kantatu diguten abestia dena: Aita semeak tabernan daude...
Sabinok beti modu berean erantzuten zuen, ohiko ahapaldia moldatuz: ama alabak ere bai...
Kantua, edozein kantu, mundua bera bezala, hobetzeko edo injustiziak emendatzeko baldin bada, aldatu egin behar delako. Horrela irakatsi zigun aitak.
Eta zer ez dugun ikasi Garazik eta biok Maixabel eta Sabinorekin etxean. Asko dira ikasiak eta asko irakaspenak.
Baina guzti horien artean badago bat nire bizitzan oso-oso presente izan dudana eta daukadana: egin ezazu, baina egin aurretik ezagutu aurrekoek egin zutena.
Aitak egiten irakatsi zidan, kantua, bizia eta mundua. Eta nork bere erara egiteko, baita aurretik desegin behar izaten dela, errespetuz beti ere.
Duela zortzi urte edo idatzi genuen Eta segi aurrera liburua. Eta liburuaren zutoina den Eduardo Galeanoren kontakizunak ezin argiago irudikatzen du aitaren irakaspen hau:
A orillas de otro mar, otro alfarero se retira en sus años tardíos. Se le nublan los ojos, las manos le tiemblan, ha llegado la hora del adiós. Entonces ocurre la ceremonia de la iniciación: el alfarero viejo ofrece al alfarero joven su pieza mejor. Así manda la tradición, entre los indios del noroeste de América: el artista que se va entrega su obra maestra al artista que se inicia.
Y el alfarero joven no guarda esa vasija perfecta para contemplarla y admirarla, sino que la estrella contra el suelo, la rompe en mil pedacitos, recoje los pedacitos y los incorpora a su arcilla.
Portzierto, aipatu dudan liburu honetako hitzaurrea aitak egin zuen, baina nahiago izan zuen ez sinatu. Eta hau diot ohartarazteko uste duguna baino legatu handiagoa utzi digula.
Aitak egiten, desegiten eta berriro egiten irakatsi zigun. Kantua, bizitza eta mundua.
Erretiroa hartu duen eltzegileak utzitako pieza ederra mila puskatxotan hautsi, puskatxoak bildu eta eskura dugun buztinarekin nahasi eltze berri bat egiteko. Baina ez hori bakarrik. Kantua, bizitza eta mundua ona eta justua izan dadin, eltze barruan egosi beharreko osagaiak ere utzi zizkigun: enpatia eta errespetua, pertseberantzia, irudimena, umorea noski, eta, batez ere, Davidek aipatu duen bezala, koherentzia, zeren gure aita zerbaitek ezaugarritzen baldin bazuen, edo baldin badu, hori zalantzarik gabe koherentzia da.
Asko eta asko dira utzi dizkigun irakaspenak eta horiek denak altzoan hartuta jarraituko dugu egiten kantua, bizitza eta mundua hobeagoa, justuagoa eta askeagoa.
Gure aldetik, sendiaren aldetik, esker ona ematea besterik ez Maixabel eta Sabinori eta esker ona zuoi guztioi ematen ari zareten babes eta maitasun guztiarengatik.
Nire aldetik, lizentzia eta mandatu txiki bat, Sabinoren bilobei. Para los navegantes con ganas de viento, la memoria es un puerto de partida, esan zuen poetak.
Manex, Nora eta Martin, idatzi itzazue aitonarekin bizitakoak orain, presente dituzuela. Aitonari sartutako ziriak, aitonarekin egindako bihurrikeriak, eta aitonari ikasitakoak. Utzi idatziak, ez dira gutxi izan behar. Ez dakizue zenbat gustatuko litzaiokeen, ez dakizue zenbat eskertuko lukeen.
Eskerrik asko berriro ere ematen ari zareten maitasun guztiagatik. Gaurkoa ez da azken kanta bat. Mundua, ze arraio, aldatuko dugu, eta kito.
Seguimos, seguiremos. Aupa alegría eta gora bizipoza! Gora bizitza!
Osakidetza: sei hilabete ekografia bat egiteko
Otsailaren amaieran goiz batean esnatu nintzen eskuin eskuko behatz bateko azken falangea "erorita". Hau da, ezin nuen behatzaren azken muturrarekin goranzko mugimendurik egin. Gaztelaniaz "dedo martillo" esaten omen zaio.
Osakidetza: seis meses para hacer una ecografía, este apunte en castellano.
Osteguna izango zen, otsaileko azkena. Arratsaldean gertukoek gomendatuta Donostiako Bengoetxea kaleko mediku gunera joan nintzen eta kontatu nien zer nuen. Artatu ninduen medikuari esan nion martxoaren 2an hartua nuela hitzordua familia-medikuarekin. Bitartean itxoiteko esan zidan. Ariketa batzuk egiteko eta behatza ez immobilizatzeko aholkatu zidan.
Astelehenean, martxoaren 2an, hartu ninduen familia-medikuak. Esan zidan beharrezkoa zela ekografia bat egitea, baina Osakidetzan luze joango zela proba hori egin ahal izatea. Galdegin nion ea zer egin behar nuen bitartean: behatza immobilizatu? Hasiera batean ez zekien zer esan, baina bere ustez ez zela komenigarria immobilizazioa.
Handik bi astera beste kontu batengatik hitz egin nuen aipatu familia medikuarekin eta, berretsi zidan, bere ustez eta inguruko beste lankide batzuekin kontsulta egin ondoren, ez zela beharrezkoa immobilizazioa.
Behatzak ez zidan bizitza normala oztopatzen eta aguantatu nuen nire fisioarengana hilean behin dudan hitzordura iritsi arte. Urteak dira Edurne Grijalbarekin harremanetan nagoela eta tokiz mugitu denean ere haren atzetik mugitu naiz ni. Orain Fisioterapia Zarautzen hartzen du jendea.
Martxoaren 24an egin nion ohiko bisita eta erakutsi nola nuen behatza. Kontsulta bat egin zuen fisioterapia guneko arduradunarekin eta aholkatu zidaten Beasaingo Eskura Osasun Zentrora joatea. Hitzordua azkar samar lortu nuen: martxoaren 27an.
Nik ez nuen zentroa ezagutzen, baina esan zidaten puntako jendea dela eskuarekin lotutako kontuetan. Alexekin eman zidaten hitzordua.
Martxoaren 27an, ostirala, eguerdiko 12:15ean hartu ninduen Alexek. Berehala egin zidan ekografia eta esan zidan behatzaren bukaerako tendoiak ez zuela nahikoa tentsioa bere lana egiteko. Gomendatu zidan ferula bat jartzea eta sei astez horrela egotea.
Hasiera batean kostatu zitzaidan ohitzea, baina egia esateko ia ohiko bizimodua eramaten utzi ninduen delako ferulak. Kontuz jokatu behar nuen eskuak bustitzerakoan, baina lanerako ere ez zen oztopo handia izan.
Sei aste pasa ondoren bueltatu nintzen, maiatzaren 8an. Berriro ekografia egin eta esan zidan prozesua ondo zihoala. Beste bi astez aguantatzea gomendatu zidan.
Maiatzaren 22an berriro pasa nintzen Eskuratik. Beste ekografia bat eta ferula txiki hori albo batera utzita atera nintzen bertatik.
Bitartean Osakidetzaren aldetik inolako berririk ez.
Ostiralera arte. Abuztuaren 14an jaso nuen etxean gutuna. Zabaldu eta irailaren 8an hitzordua dudala Donostiako Ospitalean. Sei hilabete ondoren konbokatzen naute ekografia ziztrin bat egiteko.
Ez dut esango sutan jarri nintzela gutuna zabaldu nuenean, baina bai haserretu nintzela.
Eskerrak baliabideak, ez bakarrik ekonomikoak, ditugula horrelako egoera bati aurre egiteko. Diru aldetik ez da garestia izan: 150 bat euro.
Fisioterapeutek hasiera-hasieratik esan zidaten komeni zela azkar samar immobilizatzea behatza, aste edo hilabete batzuk utzita agian ezinezkoa izango zela behatzaren funtzionaltasun guztiak errekuperatzea.
Galdera: baliabiderik ez duen jendeak ze ostia egin behar du horrelako egoera bati aurre egiteko?
Lazaro, altxa zaitez
Beraien parean ez nintzen konturatu bigarrena lurrean zegoenik, baina hurrengo irteeran eskuinera jo eta atzera egin nuen.
Lázaro, levántate, este apunte en castellano.
Bus geltokian aparkatu nuen autoa. Zutik zegoen gizonak esan zidan duela ia hamar minutu deitu zuela 112 telefono zenbakira. Irungo Udaltzaingoarekin jarri omen zuten harremanetan. Eta sututa zegoen gizona haien erantzunarekin. «Lazaro, altxa zaitez» esateko lurrean zegoenari.
«Beltza denez ematen du ez duela artatua izateko eskubiderik», gehitu zuen.
Lurrean etzanda zegoena mugitzen hasi zen eta, halako batean, bien artean lagundu genion altxatzen. Eskerrak eman zizkigun kasu egiteagatik. Esan genion konprobatzeko ea zerbait falta ote zuen. Ezetz berak. Mugikorrak, bi, eta kartera soinean zituela.
Paperak erakutsi zizkigun. Tartean, karneta. Izena: «Lazaro Y».
Berak hartu beharreko autobusa beste aldean zegoela adierazi genion. Era berean, 112 telefono zenbakira hots egin nuen esateko gizona ondo zegoela eta ez zuela ezeren beharrik, itxura guztien arabera.
Agur esan bikoteari eta jarraitu nuen nire bidea, amari kasu egin behar niolako.
Unean bertan ez nintzen konturatu, baina egunean zehar bai.
Irungo udaltzainek bazuten Lazaroren berri eta horregatik esan zioten deitzaileari «Lazaro, altxa zaitez» esateko.
Hau da, tartean ez zegoela arrazakeria eta xenofobia konturik. Hala baieztatu dit lagun batek.
Argentinako diktadurapean lapurtutako haurra
Guerrieroren erreportajea kronika bat da, 2026ko maiatzaren 10ean argitaratu zena El País Semanalen. Izenburua: Una sangre común. Eta María Eugenia Sampallo Barragánen istorioa kontatzen du.
Una niña robada por la dictadura argentina, este apunte en castellano
María Eugeniaren gurasoak bahitu egin zituzten militarrek, eta geroztik ez dago haien berri -gogoratu 30.000 hildako edo desagertu eragin zituela Argentinako diktadurak 1976 eta 1983 bitartean-. Mirta Barragán, ama, eta Leonardo Sampallo, aita, 1977ko abenduan atzeman zituzten. Sampallo 1978ko otsaileko egun batean jaio zen.
2001eko uztailean, Maiatzeko Plazako Amonen eskutik ezagutu zuen María Eugeniak familia. Hots, amona, izebak, anaia...
Sampalloren kasua ezaguna bihurtu zen herrialdean bere eskuratzaileen (apropiatzaile) aurka jo zuelako bide penaletik. Bera izan zen bide hori jorratu zuen diktadurak lapurtutako lehen haurra. Epaiketa 2008an izan zen eta epaileek 8 eta 7 urteko zigorra eman zieten guraso plantak egin zituen bikoteari. 10 urteko kondena ezarri zioten María Eugenia lapurtu zuen militarrari.
Pare bat bider irakurri nuen kronika eta behin entzun dut bi ordu pasatxo dituen narrazioa, Leilak berak egindakoa hainbat laguntzailerekin.
El País egunkariko zutabegile gisa ezagutu nuen Leila Guerriero. Behin baino gehiagotan entzun izan ditut bere zutabeak larunbatean Ser katean. Revista 5W-k Ander Izagirrerekin batera elkartu zuen eta solasaldi hartatik liburuxka bat argitaratu zuten.
Idazle gisa hainbat liburu plazaratu ditu Anagrama argitaletxearekin. Horien artean arrakasta gehiena esango nuke azkenak lortu duela, La llamada izenekoak. Baten batek esan izan dit Una sangre común kronika liburu honen ildotik jotzen duela.
Aipatu liburuan, ESMA tortura eta hilketa gunetik pasa ondoren bizirik atera zen Silvia Labayruren istorioa eman zuen ezagutzera Guerrierok. Gutxienez hamasei edizio ditu Espainiako Estatuan, 2024ko urtarrilaren hasieran plazaratu zuenetik Anagramak.
Los Ágaros taldea gogoratzeko eguna
Duela aste batzuk inauguratu zuten Okendo Kultur Etxeko eraikin zaharrean Ayestaran anaiei buruzko erakusketa bat: Oharra: artistak ez du bisitarik nahi. Maiatzaren 8a arte dago bertan ikusgai.
Un día para recordar a Los Ágaros, este apunte en castellano.
Anaien artean ezagunena Popotxo izan zen, Orquesta Mondragón taldean egindako ibilbideagatik. Beste biak Iñaki (Txiki) eta Jesus (Jesusín) ziren.
Hiruren lanak gorde ditu Mayi Ayestaran ahizpak. Emakume hau ezaguna da Realeko belar hockey taldeko alma materra izana delako. Instituzio bat eremu horretan.
Erakusketak 1950 eta 1960ko hamarkadetako familia ugariko pisuei egiten die gorazarre. Joxean Muñoz eta Cheli Lanzagorta komisarioen hitzetan, «erakusketak Ayestaran anaien marrazkigintzari eta margogintzari begiratzen dio, omen egiten die kultur asmo askoren sorburu izan ziren etxe haiei, eta artea plazer eta premia hutsez egiten duten guztiei».
Inaugurazio egunean, Frantxis Lopez Landatxek esan zidan Ayestaran-Amunarriz familia Groseko San Frantzisko kalean bizi zela, Ortiz-Estévez sendiaren etxetik gertu. Hots, Javier Ortizen jaiotetxetik hurbil.
Goian aipatutako bi komisarioez gain, Ricardo Aldarondok ere jokatu du bere rola dena posible egiteko. Adibidez, bera izan zen Los Ágaros taldeari buruzko kontzertu-hitzaldia gidatu zuena. Eta berak gidatuko maiatzaren 6an Orquesta Mondragóni buruzko beste mahai-inguru bat.
Los Ágaros taldea lau lagunek osatu zuten 1960ko hamarkada hasieran: Antonio eta Alejandro Pro, Iñaki Ayestaran (bateria) eta Miguel Ángel Chua Vega (baxua). Pro anaiak bertan aritu ziren zuzenean, baterian Oriol Flores eta baxuan Carlos Subijana (Donostiako beste musikari mitiko bat) alboan zituztela.
Beñat Parrak kronika egin du Irutxulo Hitzan. Ezquiagak ere idatzi zuen DVn. Ni ez nintzen bertan egon, baina ostiral arratsaldea aprobetxatu nuen bideo hau ikusteko.
Egia esatea nahi baduzue interes berezia nuen auzoko pertsona bat ikusi nuelako argazki batean. Eta bera Antonio Pro da, kasualitatez.
Goian aipatutako Beñaten kronikaz gain, Jon Garziak sinatu zuen 2020ko maiatzean Aitzindariak izan ziren artikulua Irutxulon.
Badago ere nabarmendu beharreko beste pertsona bat, Jose Luis Olabeaga musikazalea. Garai hartako taldeak biltzeko gaitasuna, gogoa eta denbora izan duena.
Mahai-inguruan Antonio Pro gitarra erritmikoa da gehien hitz egiten duena. Alejandro gitarra solistak ere esaten ditu hainbat gauza, baina gusturago dago isilik anaiak dioena entzuten, gero errematea egiteko.
Bien artean 300 kanta baino gehiago konposatu eta grabatu dituzte, instrumentalak gehienak. Interesa baduzu, jarri Antonio y Alejandro Pro zure gustuko plataforman.
Txuri-urdinak txapeldun Sevillan
Ez naiz Sevillan egon aste bukaeran. Besteak beste, ezin nuelako. Baina nahi izanez gero ere, ez dut uste joango nintzenik: goi mailako kirol eta kultur jarduera (ebento) horiek zer bihurtu diren gustuko ez dudalako.
La Real Sociedad se trae su cuarta Copa a casa, este apunte en castellano
Atzoko partidaren inguruan irakurri dut antolaketa eskasa egon zela, 25.000 ikusle zeuden lekuan 15.000 lagunentzako edukiera zuen fan zone-a (zaleentzako gunea), prezio izugarri garestiak, eta abar, eta abar.
Realaren kanpoko partidak auzoko taberna batean ikusten ditut eta atzo ere plan berbera egin nuen, gertuko lagunez inguratuta afaldu bainuen bertan.
Sufrituta irabazi zuen Realak eta guk ere ederki sufrituz gozatu genuen.
Realarekiko zaletasuna ez zitzaidan etxetik etorri: ume mokoa nintzela Arconada, Zamora, Lopez Ufarte eta enparauek irabazitako bi liga haiek izango zuten zerikusia.
Gero etorri zen Kopa irabaztea Zaragozan Atletico Madrilen kontra 1987an, 1-0 galtzea Bartzelonaren aurka urtebete beranduago Madrilen, 1992an bazkide bihurtzea, 2003an ia liga irabaztea, 2007an Bigarren Mailako hiru urteko zeharkaldia gainditzea, Lehen Mailarako igoera 2010ean, Championsa 2013an eta 2023an, eta abar, eta abar.
2021eko apirilean, pandemia tarteko, 2020ko Kopa irabazi zuen Realak bostehun lagunen aurrean Sevillako Cartuja estadioan Athleticen aurka. Atzo, aldiz, 25.000 lagunen bultzada izan zuen zelai barruan.
Esan bezala, bigarren aldia da Realak Kopa irabazten diola Atletico Madrid taldeari. Hirugarrena, hobeto esanda, 2019ko maiatzean Zaragozan eskuratu baitzuen garaikurra emakumezkoen taldeak.
Eta hementxe gaude, poz-pozik. Izan ere, futbolaren inguruan gauza nazkagarri asko baitaude, baina baita beste zoragarri batzuk ere.
Messi Etxe Zurian
Jarraitzen ditudan podkastak eguneratu egin nituen aurreko batean eta Ezequiel Fernández Moores kazetari argentinarrak Buenos Aireseko irrati batean gidatzen duen Era por abajo programaren saio berri bat agertu zitzaidan: Trump eta Messiren arteko topaketa jorratzen zuten bertan.
Messi en la Casa Blanca, este apunte en castellano
Fernández Moores 68 urteko kirol kazetari zentzuduna da, orain gogoan ez ditudan arrazoiak direla medio, duela zenbait urte ezagutu eta geroztik jarraitzen dudana. Futbol kontuak jorratzen dituzte aipatu irratsaioan eta noizean behin entzun egiten ditut haien esanak, gaia interesgarria iruditzen zaidanean.
Fernández Mooresek La Nación egunkarian ere argitaratzen ditu zutabeak. Kasu honetan, gainera, gai berbera aipatu zuen joan den asteko kolaborazioan. Hasiera esanguratsua du:
Hubo un acto público en el que, deliberadamente, Leo Messi decidió no aplaudir. Sucedió el 16 de mayo de 2019, en el Auditorio Forum de Barcelona. Messi, junto a muchos más, recibía la Creu de Sant Jordi por sus servicios a Cataluña. Por ser “el mejor futbolista de todos los tiempos”. Y por su “humildad, honestidad, aprendizaje, creatividad, sentido de equipo y respeto”. El presidente de la Generalitat, Quim Torra, cerró el acto pidiendo por líderes independentistas encarcelados. El público (unas 3000 personas) y los premiados aplaudieron unidos al grito de “libertad a los presos políticos”. Pero Leo, ubicado en el centro de la escena, a la vista de todos, cerró su boca y bajó las manos. “Muy bien”, felicitaron su gesto hasta en El Chiringuito, el programa de TV que cuida los intereses de Real Madrid.
Argentinan zeresan handia eman du Messi Etxe Zurian agertu izana Trump-ekin batera. Ángel Cappari, adibidez, ez zaio batere gustatu. Esan bezala, eta zehatzago esanda, taldeak egin zion bisita Trumpi. Inter Miamik irabazi baitzuen iaz MLS txapelketa. Horregatik joan ziren presidentearengana.
Une esanguratsuan gertatu zen topaketa: Estatu Batuek eta Israelek egun batzuk lehenago hasi baitzuten Iranen aurkako erasoa. Besteak beste, dozenaka haur hil zituzten eskola baten kontra eginiko erasoan. Eta betiko moduan aritu baitzen gizon laranja denen aurrean.
Inter Miami, Floridako taldea, 2018an sortu zuen David Beckham kide zuen inbertsore talde batek. Gaur egun, Mas Canosa anticastrista ezagunaren seme den Jorge Mas da jabe nagusia. New York Times egunkariaren kirol kazetan, The Athletic, agertutako elkarrizketa batean esan berri du 70-80 milioi dolar pagatzen dizkiotela urtero Argentinako izarrari. Ez dena dirutan, tartean klubeko akzioak ere baitaude.
Esan beharra dago David Beckham ez zela Etxe Zuritik pasa, Europan lehendik hartutako konpromisoak zituela argudiatu baitzuen.
Era por abajo saioan Fernández Mooresek berak aipatu zuen Financial Timeseko kazetari den Simon Kuper-ek New York Timesen hilabete hasieran sinatutako artikulua. Simon Kuper, Oxford eta Harvard unibertsitatean ikasitakoa, da Football Against the Enemy eta Soccernomics liburuetako egilea. Azkena Stefan Szymanski-rekin batera idatzitakoa da eta biblia moduko bat da kirol honi dagokionez. Gauza da Kuperrek diola ez duela inoiz ikusi munduan zehar gaur egun estatubatuarren kontra dagoen giro hau.
Fernández Mooresen saioan Adrián Paenza izan zen gonbidatu nagusia. Ez nuen ezagutzen, baina entzunaldian jakin nuen matematikari, unibertsitate irakasle eta kirol kazetari argentinarra dela. 77 urte ditu eta bizitza Argentina eta AEBen artean egiten du. Saskibaloia eta futbola ditu gustuko eta harreman handia izan du Maradona, Guardiola eta enparauekin, besteak beste.
Paenzarekin eginiko solasean aipatu zuten udan AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatzekoa den gizonezkoen munduko futbol txapelketa. Oker ez banago, AEBek 13 egoitza izango ditu. Horietako 11 hirik Alderdi Demokratako alkatea dute, beste batek demokrata izandako eta gaur egun errepublikarra dena; azkena, berriz, ez bateko ez besteko politikaria da. Beraz, esan daiteke udako norgehiagoka AEBetako alde demokratan jokatzekoa dela, baina ikusteko dago Trumpek zer nolako interesak dituen hiru hilabete barru.
Hainbat hiri egoera zailean daude. Eta horretan Gobernu federalaren itxierak badu zerikusia, Washington baita dirua jarri behar duena hirietako hainbat azpiegitura garatzeko.
Estatu Batuetan futbolak zer interesa piztu dezakeen ere aipatu zuten solaskideek. Are gutxiago (edo gehiago) bertako taldea hasierako fasean kanporatua izanez gero.
Gogoratu beharra dago ere Irango selekzioa sailkatuta dagoela, baina ezin jakin AEBetara joango ote diren, han jokatzea tokatuz gero.
Amaitzeko, gogoratu beharra dago 2030eko txapelketa Espainia, Maroko eta Portugalek antolatuko dutela. Donostia eta Bilbo daude egoitza izateko zerrendan. Egun hauetan, FIFAko ordezkariak bisitak egiten ari dira. Ez dirudi Donostia aukeratua izango denik. Urtea amaitu aurretik izango dugu horren berri.
Bonus Track: Fernández Mooresen azken zutabean aipatzen du futbolaren mezenas diren Golkoko petrodolar ugari horiek kolokan daudela une honetan. AEB eta Israelen erasoaren beste zeharkako ondorio bat.
ABCk Parisko korrespontsala kaleratu du
Larunbatean A vivir irratsaioan korrespontsalen tartean gonbidatu zuten Quiñonero. Bukaeran entzun nuen tarte horren despedida eta bertan kaleratzearen berri eman zuen Del Pino esatariak.
Igandean jaitsi eta entzun nuen saioa. Quiñonerok kontatu zuen liburu bat kaleratu zuela udazkenean: De la Europa de las libertades a la Europa de las extremas derechas. Madrilgo aurkezpena egiteko ABCko zuzendariarengana, Julián Quirós, jo zuela. Quiñoneroren arabera, hark erantzun zion ez zuela liburua aurkeztuko, ez baitu bat egiten ultraeskuinari buruz duen ikuspegiarekin.
Handik gutxira, Madrilen oker ez banago, ABCko topaketa batean, nazioarte saileko buruak esan omen zuen ultraeskuina hitza baztertu beharra zegoela. Quiñonerok ihardetsi ei zion Frantzian denek asumituta dutela ultraeskuinekoa dela Marine Le Pen. Astebeteren bueltan, gutxi gora behera, kaleratua izan zen. Bere ustez, Europan eta Madrilen trumpismoak medioetan duen penetrazioa aintzat hartu beharrekoa da eta erabakiaren atzean egon daiteke.
ABC-k komentario bat argitaratu du esanez kaleratu zutela ezin zuelako egunkari baten behar informatiboak asetu gabezia fisikoak direla medio. Gehitu dute ea zergatik Del Pinok ez dion galdera bera luzatzen Alfredo Relaño kazetariari, bizitza guztia El País, AS eta Prisaren medioetan ibili ondoren, kaleratua izan dena.
Honen guztiaren berri ematen ari da Quiñonero Una temporada en el infierno blogean. Goian aipatu bezala blogari beteranoa ere baita.
Aste honetan Madrilen aurkeztuko du liburua, Madrilgo Prentsaren egoitzan.
Ur nahasiak.
Stephen Miller, Trumpen aholkularia
Jonathan Blitzer elkarrizketatu zuen Silvia Viñasek El Hilo izeneko podkastean, gaztelaniaz. Hura transkribatzeko erreminta bat erabili dut eta gaztelaniazko blogean jarri dut transkripzioa: Miller y la política del enemigo interno.
Trumpen inguruan izen batzuk besteak baino ezagunagoak egiten zaizkit niri: J.D. Vance presidenteordea, Marco Rubio estatu idazkaria, Pete Hegseth, Defensa idazkaria...
Dena den, podkast honetan atera zait izen bat niretzat erabat ezezaguna zena: Stephen Miller. Kalifornian 1985ean jaiotakoa, Trump-engandik oso gertu egon da Donaldek Estatu Batuetako presidente izateko lehia abiatu zuenetik.
2020an Blitzerek Miller-en profila egin zuen eta podkastean horri buruz galdetu zion Silvia Viñasek New Yorkerreko kazetariari.
Jonathan Blitzer: [Millerek] oso ikuspegi pertsonala du, bera pertsonalki sentitu delako migrazioagatik mehatxatua. Erridikulua da, baina, Los Angeleseko haurtzarotik, berak pentsatu izan du herrialdea urtzen ari zela Estatu Batuetako usadioak eta tradizioak asimilatzeko gai ez ziren beste herrialdeetako migranteen etorreragatik.
Trumpen lehen administrazioan boterera iritsi aurretik, pailazo moduko bat zen komunitatearentzat, baita errepublikanoentzat ere, migrazioari buruzko ikuspegi hain desitxuratua izateagatik. Trumpekin batera Etxe Zurira iristerakoan, abantaila bat zuen, presidentearen aholkulari fidelenetako bat izategatik, Trumpen kanpainaren lehen unean, denek iseka egiten ziotenean, Millerrek Trumpen alde egin baitzuen erabat. Eta hori oso garrantzitsua zen Trumpen zirkuluetan, boterea kontsolidatzeko balio izan ziolako eta migrazio kontuetan Trumpen lehen gobernuan aditu nagusia bihurtu zelako.
Trumpen lehen gobernuan gauza asko lortu zituen: errefuxiatuak prozesatzeko sistema aldatu zuen, Estatu Batuetako migrazio sistemaren legeriako hainbat kontu ere aldatu zituen.
Azken finean, Trumpen lehen administrazioan, Millerrek bazuen bisioa, baina eskarmentua falta zitzaion.
Urteak pasa ditu orain bizi duen une honetarako prestatzen, boterea hartzeko une honetarako.
Gainera, [lehen agintaldian] administrazioko beste kide batzuk, konbentzionalagoak edota Estatu Batuetako burokrazian pisu nabarmena zuten hainbat funtzionariok, aurre egin zezaketen Millerren inpultso oldarkorrenen aurrean. Gaur egun ez dago halako filtrorik eta berak nahi duena egin dezake. Eta ikusten ari gara zeintzuk diren ondorioak.
(...)
Berak orain eragin paregabea dauka Etxe Zuriaren baitan eta administrazioa ari da exekutatzen agenda aurkariak kriminal eta terrorista bihurtzeko. Eta honek jasotzen du zein den Millerren ikuspegia.
Kirol kazetari frantses bat preso Aljerian
Ez nuen Christophe Gleizes auzia ezagutzen eta aurreko batean Panenka aldizkariaren Brazalete negro izeneko podkastean iritsi zitzaidan berria. Aitor Lagunasek gidatzen duen programak saio berezia eskaini baitzion gaiari. Horretarako Sofoot aldizkariko erredakzio burua, Javier Prieto-Santos, eta abokatua, Emmanuel Daoud, elkarrizketatu zituen.
Prieto-Santosek kontatu zuen Gleizes 2024ko maiatzean bidali zuela Tizi Ouzoura bertako JS Kabylie futbol taldeari buruzko erreportaje bat egitera. Kazetaria ez dago plantillan eta free lance moduan aritzen da.
Nik Aljeriaz gutxi dakit, bertako futbolaz are gutxiago. Diotenez, JS Kabylie da Aljeriako ligako talderik indartsuenetako bat. Nortasun berezia dauka Kabiliak eta hori ere nabaritzen da klubean.
Iritsi eta berehala poliziak atxilotu egin zuen kazetaria, entrenamendu bat ikusten ari zenean. Libre utzi zuten, baina goizero eta gauero sinatzera joan behar izaten zuen polizia-etxera edo. Epaiketa egin eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten terrorismoaren apologia argudiatuta. 2025aren amaieran helegitea ez zioten onartu eta bere horretan utzi zuten epaia. Gleizes gaur egun kartzela batean dago.
Diotenez, hainbat kontu nahasten dira: alde batetik, kazetari honek segimendu berezia egin zuen 2014ko abuztuan Kabylie taldeko jokalari zen Albert Ebossé Bodjongo kamerundarraren heriotzaz. Harmailetatik «zale» batek harria bota, buruan jo eta handik ordu batzuetara hil egin zen.
Bestetik, eta hau izan daiteke gakoa, Kabiliaren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideekin izan omen zituen harremanak kazetariak aurreko bi bisitatan. Mugimendu hori Aljeriako estatuarentzat erakunde terrorista da 2021etik. Sofoot-eko buruak zein abokatuak diote beti ere kazetari baten lanean eginiko kontaktuak direla.
Horretaz gain, Frantzia eta Aljeriaren arteko harremanak ez daude unerik onenean. Horregatik dio abokatuak presoa bahitu bat dela kromo aldaketetarako. Duela aste batzuk Aljeriako presidenteak askatu egin zuen Boualem Sansal idazle frantziarra.
Sofoot-eko erredakzio burua, Prietos-Santos, oso negatibo zegoen Aitor Lagunasek elkarrizketatu zuenean. Errudun sentitzen zen kazetaria Aljeriara bidali izanagatik erreportaje hori egitera. Eta oso kritiko agertzen da Frantziako politikariekin, baita bertako futbol erakundeekin ere. Adibide moduan, Parisko PSGko zalea omen da Gleizes eta hain klub indartsuak apenas agertu duen bere babesa txio ziztrin baten bidez.
Mugarik Gabeko Kazetariak dio bera dela kartzela batean dagoen kazetari frantses bakarra.
Arraroa iruditu zait gai honek gurean ez izatea inolako oihartzunik. Edo agian da ni ez naizela enteratu.

