Baretzar beltza (Arion ater), Euskal Herriko bare arrunta, handia eta bel-beltz
Izenak ez du oraingoan sekreturik ezkutatzen: handia bezain beltza da Euskal Herriko bareen artean ezagunena den Arion ater baretzar beltza.
Tarteka ale arreak ere ikus daitezke (beherago argazkia), baina gure basoetako ibileretan aurkitzen ditugunak gehientsuenak bel-beltz sakonak izan ohi dira eta luzeak, 10 cm-tik gorakoak (beldurtu eta uzkurtzen ez diren bitartean, behinipehin).
Ohiturei dagokienez, espezie gautarra da gehienbat, baina eguraldi heze edo euritsuarekin egunez ere erruz ikus daiteke, baita udan ere, hara-hona, beti oso aktibo, landare hondarrak karraskatzen ari delarik. Hermafrodita da (gaztetan arra eta zahartzean emea) eta eme bilakatzean 20-50 arrautza inguru jartzen ditu basoan aurkitzen dituen zirrikituetan (harri artean, zoruan, zur ustelean eta abar).
Toloño mendilerroan egin genuen azkenengo mendi-bueltan dozena inguru ikusi genituen, denak ere beltzak, sendo-sendoak eta oso aktiboak. Gure zaratarekin beldurtu eta kiribildu zen hauxe, adibidez, beste garai bateko animalia edo dinosauroen itxura hartu zuena ;)
Baretzar beltza (Arion ater), bare arrunta.
Baretzarra, neumostoma (arnasketa zuloa) agerian duela, buruaren eskuin aldean.
Arion ater barea hermafrodita da, bare guztiak bezalaxe. Hau da, arra eta emea da, baina ez aldi berean (hasieran arrak dira eta zahartzean eme bilakatzen dira).
Arion ater espezieko alerik gehienak beltz-beltzak izan arren, badira morfo arrea dutenak ere. Esango nuke Euskal Herrian ez direla arrotzegiak ere. Argazkiko hori Kalamuako magal azpiko iturrian aurkitu genuen 2024ko uztailaren 24an.