La Plana (1.337 m) eta Joar (1.417 m), Kodes mendilerroa eta Berrotza harana ezagutzeko aitzakia #100mendi
Kodesko mendilerroak Araba eta Nafarroa batzen ditu, Kanpetzu, Torralba del Río eta Aguilar udalerrien artean. Mendikate txiki samarra da eta hiru dira bertan aurkituko ditugun mendi ezagunenak: Joar (1.417 m), La Plana (1.338 m) eta Costalera (1.233 m).
Bizkaitar-giputzok ipar hegitik ikusten dugu normalean mendilerro hau, Arabako Santikurutze Kanpetzutik edo Nafarroako Zuñigatik eta, iparraldetik begiratuta garrantzi gutxiko eta itxura ez bereziki politeko mendilerroa ematen du, ametzek eta arteek estalitako gailur-segida txiki bat besterik ez. Baina Kodesko mendilerroaren edertasunaz erabat jabetzeko hegoaldetik begiratzea komeni da. Orduan konturatuko gara Araba-Nafarroa artean dagoen mendilerro hau Euskal Herriko politenetakoa dela, bere txikitasunean.
Handik egin diogu guk igoerari, uztaileko arratsalde eguzkitsu baina ez beroegi batean. Torralba del Rion dagoen Kodesko santutegitik. Santutegia bera egokia da ibilbidea hasteko eta amaieran berrindartzeko: iturria, mahaiak, itzala... erromesendako geldialdia ere bada.
Santutegi ostean abiatzen da bidea. Hasiera polita eta gozoa da: pista garbia, galbiderik gabea, erosoa. Ametzen gerizpean doa bidearen lehenengo heren hori, gutxi gorabehera.
Kodesko santutegia.
Bidearen hasiera samurra da, arteen eta ametzen gerizpean.
Igoeraren bigarren zatia da malkarrena, maldarik handiena daukana, harri txingorren artean. Deserosoagoa, bai, baina ederragoa ere bai, Los Cencerroseko eta La Planako harkaitz garauak ametzen osto artean ikusten direnean. Eta, bitartean, Berrotza ingurua daukagu bizkarrean, Otiñano, Mirafuentes, Ubago, Mues, Torralba, Esprontzeda, eta abar.
Bigarren zati hori Joar eta La Plana banatzen dituen lepo eta zabalunean amaitzen da. Ezkerretara Joar dago; eskuinetara La Plana. Biak errazak handik gora, 15 minutu inguruko igoera. Joarrera baso batetik barrena igotzen da; tontorrean panoramika ederra dauka baina antenaz josita dago.
Guk La Plana aukeratu dugu. Azken txanpa horren hasiera txilardi haizetsu batetik hasi dugu baina bizkor sartu gara basotxo batera. Erraz igotzen da. Amaieran berriz argitzen da ingurua eta bista zoragarriak ditu. Kodes mendilerro guztia dakusagu parean, Costaleraren hezurdura bereziarekin; hegoaldera Berrotza eta infiniturainoko begirada zabala; iparraldera Lokiz lehenengo planoan eta atzerago Nafarroa eta Arabako gainontzeko mendilerroak.
Nahi duenak La Planatik aurrera egin dezake, La Costaleraraino eta gero Nazar ingurura jaitsi. Guk igotako bidetik ekin diogu beherantz.
La Planak ez du beste euskal mendi batzuen izenik eta handitasunik, baina 100 mendien lehiaketarako egin ditugunen artean Top Ten zerrendan sartzeko hautagai handia da.
Gailur garbia; ikuspegi zabala. Ezkerretara Costaleraren hezurdura, hildako balea edo dragoia bailitzan, eta atzerago Lokiz mendilerroa.
Haizeari aurre eginez, Eibarko Klub Deportiboko txartela postontzian sartzen.
100 mendien lehiaketarako puntuagarria da La Plana. Igo ditugun guztien artean gehien gustatu zaigunetako bat.
Ekosferan, Txoriak.eus webgunearen eta txorizaletasunaren inguruan barriketan
Guillermo Roak gidatutako Ekosfera saioan egon nintzen duela egun batzuk, Euskadi Irratian. Gustura eta eroso egon nintzen Guillermorekin berriketan, txoriak eta klima aldaketa hizpide, besteak beste.
Hementxe saioa entzuteko aukera.
Legunbeko haitza eta zuloa, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia #100mendi
100 mendien lehiaketaren bidean, azkenaldian Nafarroa eta Araba arteko mendilerroak ezagutzen ibili gara. Lokiz, Entzia, Izki, Urbasa, Kodes... Oraingoan, Legunbeko haitza (1.128 m) izan da igo dugun mendia, Nafarroak eta Arabak bat egiten duten muga-mugan kokatutako mendi-biki ederra. Bikia, bi tontor dituelako (herrialde bakoitzean bana) eta erdian Legunbeko zulo ezaguna.
Legunberako bidea erraza eta polita da. Gure kasuan Urbasako kanpinetik ekin genion ibilaldiari. Ibilbide gehiena galbide bariko bide zabaletik egiten daiteke (gu zati batean ibilbide nagusitik desbideratu baginen ere). Bide nabarmena eta ondo markatuta da, Urbasa osoa gurutzatu eta Arabako Entziara eta Opakuaraino doana.
Lehenengo 500 metroak zelai artetik egiten dira, artzain-bordaz eta ganaduz betetako paisaje eta ikuspegi politekin. Hortik aurrera, beste 2 km inguru ere bide nagusian zehar egin genituen, pagadian sartuta.
Ibilbidearen hasiera, Urbasako larreetan zehar.
Ibilbidearen zatirik handiena oso garbia eta jarraitzeko samurra da. Aldats handirik ez eta bide garbia, Urbasa eta Opakua arteko bide nagusia jarraituz.
Momentu batean bidegurutze bat dago. Bide nagusiak aurrerantz jarraitzen du, baina guk eskumakoa hartu genuen, bide txingor batetik. Hortik aurrera, pagadian barrena doan bidea asko estutzen da eta norabidea ez da horren garbia. Ez dago margo-markarik zuhaitzetan; tarteka azaltzen diren harri-koskorrek adierazten digute norantz jo behar dugun eta oso adi joan behar da bidea galdu nahi ez badugu. Hala ere, ez dago benetako kezkarik, pagadia garbia delako eta nahikoa delako mendebalderantz jarraitzea, aurrera eta aurrera, Legunberaino.
Bidegurutze honetan eskumarantz egin genuen, bide nagusitik aldenduta. Itzulera egin genuen gero bide nagusitik.
Harri-koskorrek adierazten dute bidea, nolabait. Erraza da bidea galtzea, baina ez kezkagarria, aurrera eginez bat egiten delako Legunbeko azkenengo igoerarekin.
Pagadian zehar, ia konturatu barik, maldak gora egiten du. Bidetxingor hori galdu egiten da orbel, pagatxa eta pago txikien artean. Bidean sagutxoak, orkatzak eta txori asko ikusiko ditugu (katanarrak, okiltxoriak, parandak, eskilasoak...); baita sasi-mitxoleta hori (Meconopsis cambrica) ugari ere, Europa mendebaldeko mendilerro eta baso gutxi batzuetan aurkituko dugun espezie erreliktiko berezia.
Sasi-mitxoleta horia (Meconopsis cambrica), espezie erreliktikoa.
Azkenean, bidetxingor honek bat egiten du behetik datorren bide nagusiarekin (guk atzean laga dugunarekin). Puntu honetatik aurrera ber-bertan dago tontorra. Harririk harri, aldapa pikarrean gora egin eta hantxe aurkituko ditugu Legunbeko bi haitzak, bata Araban eta bestea Nafarroan.
Eta erdian, zuloa.
Legunbeko haitzetako lehenengoa, mendebaldekoa, Arabako lurretan dagoena; atzean, ondo-ondoan, Nafarroan dagoen beste tontorra.
Nafarroa aldeko tontorra; bertan dago postontzia. Atzean Legunbeko bigarren tontorra, lauburua daukana eta, atzerago, Entzia eta Arabako lautadaren hasiera.
Legunbeko zuloa, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia. Ezker-eskuma dauzka tontor biak.
Delikako arroila eta ur-jauzia (Amurrio, Araba)
Arabako Amurrion (Aiaraldea) aurkituko ditugu Delikako arroila eta Delikako ur-jauzia (Nerbio ibaiaren ur-jauzia). Gorobel mendilerroaren magalean sortzen du Nerbioi ibaiak ingurune eder hau eta bi ibilbide egin daitezke bisitatzeko: goitik, Gorobel mendilerroan barrena, edo behetik, Delikako arroilan zehar. Guk bigarren hori egin genuen duela aste batzuk, Nerbioi ibaiaren iturburu eta ur-jauziraino eraman gintuena.
Ibilbidea Delika izeneko herritxoan hasten da (Amurrioko udalerriko herriguneetako bat). Aparkalekua herri sarreran dago; txikia da eta garaiz heldu beharra dago. Herrian ere aparkatu daiteke, baina batzuetan sarbidea itxita dago, garaiaren arabera turista larregi jasotzen duelako herriak. Herri osoa gurutzatu eta Delikako Bidezidorra izeneko ibilbidearen hasiera herri barrenean bertan dago.
Delika herrigunea (Amurrio).
Ibilbidea ondo seinalizatuta dago (puntu berdexka batekin, 2021eko udaberrian). 6-7 km inguruko ibilbidea da (joan-etorria), haurrekin ere erraz egitekoa, azkenengo zatia harri artean egiten den arren (haur txikienentzat zailagoa eta oinetako egokiak beharrezko, errekaren egoeraren arabera).
Lehenengo zatia erraza da, harrizko pista bati jarraituz, kotxeentzat erdi-prestatua. Itzuleran horixe egingo zaizu astunena. Kilometro batera, aldiz, harrizko zubi bat gurutzatzen da eta hantxe hasten da benetako ibilbidea. Mendi-bide zoragarria: landak, zelaiak, ganadua, errekaren soinua... eta Gorobel mendilerroa parean, labar konparaezinekin. Hegaztiak erruz ikusiko ditugu ibilbide osoan zehar: belatxingak eta erroiak; txioak, buztangorriak eta fringilidoak; harrapariak (sai arre eta zuriak, zapelatzak, miruak, belatz gorriak, arrano txikiak...), hegazti-fauna aberatseko ingurunea da hau.
Harrizko zubia igarota hasten da benetako ibilbidea. Atseden hartzeko mahai batzuk ere badaude inguru honetan.
Hemendik aurrerako ibilbidea oso ederra da, Nerbioi ibaiaren ibilbidea jarraituz, Gorobel mendilerroaren magalean.
Basotxoak, landazabalak, belardiak, heskerak, labarrak...
Errekaren ur-mailaren arabera, hasieratik bizpahiru kilometrora bideak kitto esaten du; ez dago aurrera joaterik. Ur gutxi badago, ostera, aurrera jarraitzeko aukera izango duzu; erreka bazterretik edo errekan barrena jarraitzen du bideak. Ibilbidearen zatirik zailena da, nolabait, baina baita politena ere. Zati honetan paisaia berriro aldatuko da, itxiagoa da, añubea, eta harkaitz-labarrak dira nagusi. Ibilbidea nabarmena da, nahiko masifikatuta dagoen leku honetan egunero aurrera-atzera dabiltzan ehundaka zangoen urratuak ondo markatuta.
Aurrera egin ahala, bidezidorra estutu egiten da, arroila ixtearekin batera.
Ur gutxi dagoenean, jakina, ur-jauzia agor egoten da (halaxe egokitu zitzaigun), baina bestalde, ur gutxi izateak bide osoa egiteko aukera ematen dizu, ur-jauziaren oinetaraino, zati askotan errekaren ibilbidean barrena, edo errekaren zigi-zaga behin eta berriz gurutzatuz. Amaieran, ur-jauziaren horma ikaragarriak, Delikako ur-jauzi hau ez baita alperrik iberiar penintsulako garaiena, 220 metrorekin.
Euskal Herriko ikuspegi ederrenetakoen artean dago Gorobel mendilerroak eta nerbioi ibaiak sortzen duten zirku hau.
Nerbioi ibaiaren ur-jauzia eta Delikako Arroila (Amurrio, Araba). Argazkia: Eider Palmou (Wikipedia).
Muela mendia (1.055m), Izkiko parke naturalean #100mendi
Arabako Mendialdean aurkituko dugu Izkiko Parke Naturala, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Santikurutze Kanpetzu artean kokatuta. 1998az geroztik da parke naturala eta 10.000 hektarea hartzen ditu Izki ibaiak sortutako ibarrean.
Korresen (Arraia-Maeztu) dauka sarbide nagusia baina ez bakarra. Besteak beste Apinaiz aldetik (iparralderago) zein Durruma ingurutik (hegoalderagotik) ere sartu ahalko gara parke natural honetan dauden hamaika mendi-ibilbideetara, maila eta itxura guztietakoak (haurrekin egiteko, bizikletan egiteko, hegaztiak ikusteko...).
Lehenago ere idatzi dugu blog honetan Izkiko mendilerroaren inguruan, Apinaizen hasita San Justi eta San Kosme mendietara egindako ibilbidea aipatu genuenean.
Oraingo honetan Korresetik irten ginen, Izkiko parke naturalak daukan sarbide nagusitik eta, azken 6 urteotan 100 mendien lehiaketarako egin ditugun igoeren artean politenetakoa izan da, zalantza barik, hemen aipatuko duguna. Izan ere, Korresetik Muelara (1.055 m) doan ibilbideak denetarik dauka mendiaz eta Izkiko parkeaz gozatzeko, zoragarria baita.
Korres - Muela (1.055 m), Izkiko parke naturalean
Gorago esandako moduan, ibilbideari parke naturalak daukan sarrera nagusian ekin genion, Korresko parkinean. Ondo hornitutako berdegunea da Izkiko harreragune nagusi hau, eta handik abiatzen diren ibilbideen artean ohikoena da Muelara daramana.
Ibilbidea ondo markatuta dago eta ez dago galtzeko beldurrik. Aparkalekuan Izki ibaia gurutzatzen du eta pista oso nabarmen batetik egiten du bideak. Berehala ezkerretara egin eta ibilbideko lehenengo baso irekietan sartuko gara: ametzak, ezpelak, ipuruak... Araba eta Nafarroako latitude hauetako flora ohikoena izango dugu bidailagun. Basoa tarteka mehaztu egiten da, zabalgune irekiak sortuz eta bista paregabeak ekarriz.
Izki ibaia, parke naturalari izena ematen diona.
Ibilbidearen hasieran pista nabarmen bat jarraitu behar da 500 metro inguruan; laster egiten du ezkerrerantz eta gorantz, parke naturalean barrena.
Lehenengo zati honetako basoa ez da batere itxia. Zuhaizti txikiak dira.
Bidegurutze bat aurkitu dugu ordu erdi ingurura. Hemendik aurrera ibilbide zirkularra egingo dugu: ezkerretik igo gara (Casillako lepora eta Durrumara daraman bidetik) eta gero eskumatik jaitsi (Atxamuino izeneko begiratokitik igaroz).
Hasierako ameztia, garaiera batetik aurrera, pagadi bihurtzen da. Guk udaberri hasieran egin dugu ibilbidea, inguru honetako zuhaitzak oraindik ostutsik daudela. Udako basoen berde freskoa zoragarria den arren, neguko soiltasun honek ere txunditu egin gaitu.
Ordu bete eskaseko ibilbidearen ostean La Casillako lepora heldu gara. Makaleko ikuspegia dugu gure aurrean: Durruma herri polita oinetara, Bernedo atzerago eta Toloñoko mendilerro ia osoa argazkiari markoa ipintzeko (Castillo de Lapoblacion, Peñalta, San Tirso, Cruz del Castillo, Toloño bera...). EHko bistarik ederrenetakoa iruditzen zait niri neuri.
La Casillako lepoan hamarretakoa hartu eta gero ezkerretara egin dugu, Muelako tontor hurbilerantz, pala harritsu eta zabal batean zehar, ipuru artean. 10-15 minutuan heldu gara tontorrera eta oraingo honetan Nafarroa eta araba artean dauden mendiak agertu zaizkigu pare-parean, batez ere Kodes mendilerroa eta bere tontor nabarmenenak diren Joar eta La Plana, edota Lokizko mendilerroa apur bat atzerago. Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau.
Muelara igotzen, azkenengo zatia. Atzean Lokizko mendilerroa.
Nafarroak eta Arabak bat egiten duten parajea da hau. Irudian, eskumatara Kodes mendilerroa eta ezkerretara Lokiz.
Muela (Bernedo), 1.055 metro.
Muelako tontorra, Durruma ederraren gainean; eta, barrenean Toloño.
Tontorrean ohiko argazki eta bideoak atera eta gero, La Casillara jaitsi gara berriro eta, oraingoan, mendebalderantz egin dugu mendi-labarrean. Peña del Santo mendi-tontorraren magaletik igaro gara, haitzean zulatuta dagoen San Roman (Durruma) baseliza bisitatuz, eta aurrera egin dugu tontortxoraino.
Peña del Santo tontorraren magala. Santu hori San Roman da, beheko herriari izena ematen diona: Durruma, euskaraz.
San Roman (Durruma).
Peña del Santo inguruan bazkaldu eta beherantz egin dugu, betiere oso garbi jarraitzen den bidetxingor batetik. Ibilbidearen zati hau marabilli da. Atxamunioko begiratokitik igarotzen da eta handik behera, pagoz, ametzez eta ezpelez inguratuta egiten duzu igoeran atzean laga duzun bidegurutzeraino. Basoan barrena egiten den kilometro bateko bide-puska hau zoragarria da.
Atxamuinoko lepotik beherako bidetxingorra.
Okilentzat habitat apropos-aproposa da Izki. Okil berde, txiki eta handiez gain, okil ertaina (Dendrocopos medius) da ingurumari honetako altxorra. Bertan daude Euskal Herriko populazio garrantzitsuenak (eta ia bakarrak).
Atxamuniotik behera egin eta bidegurutzera iristean, ibilbide zirkularra bukatzen da eta berriz hasierako igoera egiteko bidetik jaitsi gara, aparkalekuraino.
Azken 6-7 urteotan egin ditugun mendi ibilaldien artean, gehien gustatu zaigunetako bat izan da. TopTen zerrendan dago, ziur-ziur.
2020an behatutako hegaztien zerrenda #eBird
Azken urteotako ohiturari jarraituz (2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019), hementxe laburbiltzen dut azkenengo 12 hilabeteotan behatutako (eta eBird aplikazioari esker zenbatutako) hegaztien zerrenda.
Lehen begiratuan, pandemia urtea ez zen egokiena hara-hona ibili eta hegazti larregi ikusteko, baina mugikortasuna oso mugatuta izan dugunez, Euskal Herritik ia irten ezinda egon gara urte osoan eta, horren eraginez, gure lurraldean inoiz baino hegazti-espezie gehiago ikusi ditut 2020an, 200 espezie inguru. Nafarroarantz jo dut ahal izan dudanero eta hortxe igarri da gehien (152 espezie ezberdin). Eibar inguruan eta Txingudin ere ohi baino gehiago ibili behar izan naiz eta hor ere nabaritu da (92 eta 82 espezie, hurrenez hurren). Guretik kanpo, Mallorcako oporrek lagundu zuten ikusitako espezieen zerrenda luzatzen, gurean ezohikoak diren txori klaseak behatzeko aukera eman zidalako.
Ikusitako espezieen artean bakarren batzuk azpimarratzekotan, bizitzan lehenengo aldiz behatu ditudan Kuliska hankahori txikia (Txingudin), berdantza miarritza (Oibarren, Nafarroan), Eleonor belatza eta txinbo balearra (Mallorcan) azpimarratuko nituzke.
Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Europako bisitari ugaria udaberriko eta udazkeneko pase-garaian.
Buztanzuri horia (Oenanthe hispanica), Nafarroako Oibarren.
Euskal Herriko azkenengo basoilo handiak, Nafarroa hegoaldean oraindik bizirik iraun nahian.
.....................................................................
2020an zehar ikusitako hegaztien laburpena #eBird
Hauxe, beraz, 2020an ikusitako espezieen zerrenda eta kopuruak, zuzenean eBird aplikazioak ematen didan laburpena moztitsatsita.
- Behatutako espezieak: 221
- Zenbatutako hegaztiak: 27.668
- Gordetako behaketa-zerrendak: 173
- Euskal Herrian: 200 espezie inguru:
- Nafarroan 152;
- Gipuzkoan 133;
- Araban 98;
- Bizkaian 97;
- Deba Ibarrean 92 eta Eibarren 64.
Antzara hankagorrizta - Anser anser |
Branta musubeltza - Branta bernicla |
Beltxarga arrunta - Cygnus olor |
Beltxarga beltza - Cygnus atratus |
Paita arrunta - Tadorna tadorna |
Ahate karolinarra - Aix sponsa |
Ahate mokozabala - Spatula clypeata |
Ipar-ahatea - Mareca strepera |
Ahate txistularia - Mareca penelope |
Basahatea - Anas platyrhynchos |
Ahate buztanluzea - Anas acuta |
Zertzeta arrunta - Anas crecca |
Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris |
Ahate gorrizta - Netta rufina |
Murgilari arrunta - Aythya ferina |
Murgilari arrea - Aythya nyroca |
Murgilari mottoduna - Aythya fuligula |
Galeperra - Coturnix coturnix |
Eper gorria - Alectoris rufa |
Flamenko handia - Phoenicopterus roseus |
Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis |
Txilinporta urrebelarria - Podiceps auritus |
Murgil handia - Podiceps cristatus |
Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis |
Haitz-usoa - Columba livia |
Txoloma - Columba oenas |
Pagausoa - Columba palumbus |
Usapal europarra - Streptopelia turtur |
Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto |
Ganga azpibeltza - Pterocles orientalis |
Basoilo handia - Otis tarda |
Kukua - Cuculus canorus |
Malkar-sorbeltza - Apus melba |
Sorbeltz arrunta - Apus apus |
Uroilanda handia - Rallus aquaticus |
Uroilo arrunta - Gallinula chloropus |
Kopetazuri arrunta - Fulica atra |
Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata |
Uroilo urdina - Porphyrio porphyrio |
Kurrilo arrunta - Grus grus |
Atalarra - Burhinus oedicnemus |
Zankaluzea - Himantopus himantopus |
Abozeta - Recurvirostra avosetta |
Itsas mika - Haematopus ostralegus |
Txirri grisa - Pluvialis squatarola |
Hegabera - Vanellus vanellus |
Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus |
Txirritxo handia - Charadrius hiaticula |
Txirritxo txikia - Charadrius dubius |
Kurlinta bekainduna - Numenius phaeopus |
Kurlinta handia - Numenius arquata |
Kuliska gorria - Limosa lapponica |
Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa |
Harri-iraularia - Arenaria interpres |
Borrokalaria - Calidris pugnax |
Txirri kurlinta - Calidris ferruginea |
Txirri arrunta - Calidris alpina |
Txirri txikia - Calidris minuta |
Istingor arrunta - Gallinago gallinago |
Kuliska txikia - Actitis hypoleucos |
Kuliska iluna - Tringa ochropus |
Bernagorri iluna - Tringa erythropus |
Kuliska zuria - Tringa nebularia |
Kuliska hankahori txikia - Tringa flavipes |
Kuliska pikarta - Tringa glareola |
Bernagorri arrunta - Tringa totanus |
Marikaka isatsbihurra - Stercorarius pomarinus |
Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus |
Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus |
Audouin kaioa - Ichthyaetus audouinii |
Delaware kaioa - Larus delawarensis |
Kaio hankahoria - Larus michahellis |
Kaio iluna - Larus fuscus |
Kaio beltza - Larus marinus |
Txenada arrunta - Sterna hirundo |
Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis |
Aliota txikia - Gavia stellata |
Aliota handia - Gavia immer |
Ekaitz-txori txikia - Hydrobates pelagicus |
Gabai arrea - Calonectris diomedea |
Gabai iluna - Ardenna grisea |
Zikoina zuria - Ciconia ciconia |
Zanga arrunta - Morus bassanus |
Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo |
Ubarroi mottoduna - Phalacrocorax aristotelis |
Koartza hauskara - Ardea cinerea |
Koartza gorria - Ardea purpurea |
Koartza zuria - Ardea alba |
Koartzatxo txikia - Egretta garzetta |
Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis |
Koartzatxo karramarrozalea - Ardeola ralloides |
Amiltxori arrunta - Nycticorax nycticorax |
Beltzarana - Plegadis falcinellus |
Mokozabal zuria - Platalea leucorodia |
Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus |
Elano urdina - Elanus caeruleus |
Sai zuria - Neophron percnopterus |
Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus |
Sai arrea - Gyps fulvus |
Arrano sugezalea - Circaetus gallicus |
Arrano txikia - Hieraaetus pennatus |
Arrano beltza - Aquila chrysaetos |
Zingira-mirotza - Circus aeruginosus |
Mirotz zuria - Circus cyaneus |
Mirotz urdina - Circus pygargus |
Gabirai arrunta - Accipiter nisus |
Miru gorria - Milvus milvus |
Miru beltza - Milvus migrans |
Zapelatz arrunta - Buteo buteo |
Hontz zuria - Tyto alba |
Apo-hontza - Otus scops |
Mozolo arrunta - Athene noctua |
Urubi arrunta - Strix aluco |
Argi-oilarra - Upupa epops |
Martin arrantzalea - Alcedo atthis |
Erle-txoria - Merops apiaster |
Lepitzulia - Jynx torquilla |
Okil handia - Dendrocopos major |
Okil berdea - Picus sharpei |
Okil beltza - Dryocopus martius |
Naumann belatza - Falco naumanni |
Belatz gorria - Falco tinnunculus |
Eleonor belatza - Falco eleonorae |
Belatz txikia - Falco columbarius |
Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo |
Belatz handia - Falco peregrinus |
Urretxoria - Oriolus oriolus |
Antzandobi arrunta - Lanius collurio |
Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis |
Antzandobi kaskagorria - Lanius senator |
Eskinosoa - Garrulus glandarius |
Mika arrunta - Pica pica |
Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax |
Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus |
Bele txikia - Corvus monedula |
Belabeltza - Corvus corone |
Erroia - Corvus corax |
Pinu-kaskabeltza - Periparus ater |
Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus |
Kaskabeltz txikia - Poecile palustris |
Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus |
Kaskabeltz handia - Parus major |
Dilindaria - Remiz pendulinus |
Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla |
Kalandria - Melanocorypha calandra |
Pirripioa - Lullula arborea |
Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis |
Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae |
Kutturlio arrunta - Galerida cristata |
Tximutxa - Panurus biarmicus |
Ihi-txoria - Cisticola juncidis |
Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta |
Benarriz kaskabeltza - Acrocephalus melanopogon |
Benarriz arrunta - Acrocephalus schoenobaenus |
Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus |
Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus |
Uhalde-enara - Riparia riparia |
Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris |
Enara arrunta - Hirundo rustica |
Enara azpizuria - Delichon urbicum |
Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli |
Txio horia - Phylloscopus trochilus |
Txio arrunta - Phylloscopus collybita |
Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus |
Errekatxindorra - Cettia cetti |
Buztanluzea - Aegithalos caudatus |
Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla |
Baso-txinboa - Sylvia borin |
Txinbo papargorrizta - Sylvia cantillans |
Txinbo burubeltza - Sylvia melanocephala |
Sasi-txinboa - Sylvia communis |
Etze-txinboa - Sylvia undata |
Txinbo balearra - Sylvia balearica |
Mendi-erregetxoa - Regulus regulus |
Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla |
Garrapoa - Sitta europaea |
Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla |
Txepetxa - Troglodytes troglodytes |
Ur-zozoa - Cinclus cinclus |
Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris |
Arabazozo beltza - Sturnus unicolor |
Garraztarroa - Turdus viscivorus |
Birigarro arrunta - Turdus philomelos |
Birigarro hegagorria - Turdus iliacus |
Zozo arrunta - Turdus merula |
Euli-txori grisa - Muscicapa striata |
Txantxangorria - Erithacus rubecula |
Urretxindorra - Luscinia megarhynchos |
Papourdina - Luscinia svecica |
Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca |
Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus |
Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros |
Harkaitz-zozo urdina - Monticola solitarius |
Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra |
Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola |
Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe |
Buztanzuri horia - Oenanthe hispanica |
Buztanzuri beltza - Oenanthe leucura |
Mendi-tuntuna - Prunella collaris |
Tuntun arrunta - Prunella modularis |
Etxe-txolarrea - Passer domesticus |
Landa-txolarrea - Passer montanus |
Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia |
Buztanikara horia - Motacilla cinerea |
Larre-buztanikara - Motacilla flava |
Buztanikara zuria - Motacilla alba |
Landa-txirta - Anthus campestris |
Negu-txirta - Anthus pratensis |
Uda-txirta - Anthus trivialis |
Mendi-txirta - Anthus spinoletta |
Txonta arrunta - Fringilla coelebs |
Gailupa - Pyrrhula pyrrhula |
Txorru arrunta - Chloris chloris |
Txoka arrunta - Linaria cannabina |
Kardantxiloa - Carduelis carduelis |
Txirriskila arrunta - Serinus serinus |
Tarina - Spinus spinus |
Gari-berdantza - Emberiza calandra |
Hesi-berdantza - Emberiza cirlus |
Berdantza miarritza - Emberiza hortulana |
Zingira-berdantza - Emberiza schoeniclus |
Eper gorria (Alectoris rufa) Leontz inguruan, Nafarroa Garaia.
Txoka bikotea putzu batean freskatzen.
Ihi-txoriak ehunka ikusi daitezke Erriberako leku askotan, besteak beste Arguedaseko arroz-sailetan.
2020an ikusitako pelikulen zerrenda
Azken urteotan egin dudan moduan, hemen gehitzen ditut urtean zehar ikusitako pelikulak (Letterbox bidez jasota, 2018an eta 2019an moduan). Gehienak familiako beste kideren batekin ikusita, gustuak ahal den moduan uztartzen saiatzen. Betiko moduan, zorretan genituen klasiko batzuk, seme-alabekin berrikusitakoren bat, saga ezagunenetako aleak eta nobedade gutxi, egia esteko. Oro har, uzta polita.
2020an irakurritako liburuen zerrenda
Pandemia bizian, ustez denbora soberan, eta inoiz baino gutxiago irakurri dut. Ez dakit zeozer koiunturala izan den, urduritasunak ez didala irakurtzen laga, edo zeozer orokorragoa. Izan ere, gero eta gehiago kostatzen zait liburu batean murgiltzea, erabat erakartzen, harrapatzen, gustatzen zaidan liburu bat aurkitzea.
Aitzakiak aitzaki, zenbakiak garbiak dira: pandemiaren urtean sekula baino gutxiago irakurri dut (ikus 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019). Egia da argazki zaharrak digitalizatzen eta antolatzen ere ordu askotxo egin ditudala, baita beste kontu batzuetan ere, baina tira, nik uste beste zeozer dela, irakurketan kontzentratzea gero eta zailagoa egiten zaidala.
Hementxe aurtengo uzta apala.
- Notas al pie de Gaza, Joe Sacco (Reservoir books, 2010) Blogean
- Elkarrekin esnatzeko ordua, Kirmen Uribe (Susa, 20)
- Las aves ibéricas en la cultura popular, Antonio Pestana (Tundra, 2017)
- Denbora galdu alde, Bitoriano Gandiaga (Erein, 1985)
- Pajarero, Carlos Lozano (Tundra, 2019) Blogean
- Gran sol, Ignacio Aldecoa (Noguer, 1969)
- Pájaros y pajareros, Francisco Grajera (Tundra, 2020) Blogean
- Oriente Medio, Oriente roto Mikel Ayestaran (Península, 2017) Blogean
- El halcón maltés, Dashiell Hammett (1929)
- Batita Haundia, Daniel Landart (1994)
Parrapar berbiaz, ohar eta datu batzuk parra-parra
Beste euskalki eta hizkera batzuetako txirristari izen ezberdina ematen diogu Eibarren eta inguruko herrietan: parraparra. Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan zein Eibartarrak posta-zerrendan. Oraingoan, hemen berba horren inguruko ohar eta errefentzia gutxi batzuk.
Erreferentzia historikoak
- Oinarri onomatopeiko garbiko berba da parra-parra (eta bere forma soila, parra). Forma horretan edo antzeko ohikoagoetan (barra-barra eta farra-farra) nahi adina erreferentzia historiko ditugu hiztegi eta corpus zaharretan. Ikus Azkueren hiztegia edo Orotarikoa (barra-barra sarreran biltzen ditu aldaera guztiak), esate baterako.
- Erreferentzia guztien arabera, ugaritasuna eta mugimendua adierazten dute parra-parrak eta antzeko aldaerek (barra-barrak eta farra-farrak); baita mugimenduak sortutako soinua ere, batez ere likikoek sortutakoa (urak, txixak,...), baina baita kanikek edo zerealek jaustean sortzen duten mugimendu eta soinu hori ere. Hortxe jausi jakuz kanikak parra-parra-parra...
- Seguru asko erro horretatik eratorria da parrastada, bi adiera dituena. Batetik likido isurketa adierazten du (txixa-parrastada/farrastada ederra bota dut sagardotegitik irten eta berehala); gainera, labainkada ere esan nahi du parrastadak (edo parrast egiteak, txirrist egiteak bezala): labaindu eta erortzea, alegia.
- Lehen begiratuan, txirrist, txirrist egin, txirristada eta txirrista formen parekoa osatuko lukete parra, parrast egin, parrastada eta parraparrak.
Parra-parra, Eibarko mutikoen jolas zaharra izatetik, txirrista berriagoaren sinonimo bihurtzera
Goiko erreferentzietan jaso ditudan ezaugarri guztiak bilduz sortu zen, seguru asko, beraz, parraparra (eta ondoren parrapar) sustantiboa.
Izan ere, ez elektronikarik, ez jostailurik, ez telebistarik ez zegoen sasoi bateko jokoa zen parraparrian jardutearena. Eta zer joko zen ba hori? Juan San Martinek halaxe azaldu zuen zer zen parra-parrean jardutea:
"Generalmente juego de chiquillos que preparaban una pendiente arcillosa con agua (en ocasiones orina) para patinar más rápidamente en el tramo preparado al efecto"
Gu ere halaxe ibiltzen ginen Itzio eskola pareko zelaietako aldapetan, 1975 inguruan: txixa-parrastada bota zelai-maldan behera, mendia lokatz labain bihurtu eta handik behera txirrist egiten jaitsi, parra-parra-parra. Likido-ixurketa eta goitik beherako mugimendu labainkorra, parra-parrean ibiltzearen funtsa.
Gure arbasoen Eibarko hizkeran ohiko berba izan behar zen parra-parra (edo parra-parrean) jaistea, gure inguruko hiztegi guztietan ondo dokumentatu delako. Goiko erreferentzia historikoen bidetik, Toribio Etxeberriak farra onomatopeia eta farrastada jaso zituen; eta horiekin batera, hiztegi berean Juan San Martinek parra-parrean jaistea zer den azaldu zuen (labantzen, txirristaka).
Juan Martin Elexpuruk ere jaso zuen Bergarako aitxitxa-amama nagusienen ahotan, Eibarko erreferentziarekin: "txikitan gonbidautzara Eibarrera joaten ginenean han parra-párran ibiltzen ginen, Maria Angela kaleko eskilaretan".
Gure amak ere gogoratzen du Maria Angela kaleko eskailera horietan jaisten zirela goitik behera parra-parra. Merkatu plaza zaharreko eskaileren albo banatara merkantziak igotzeko aldapadatxo labankorra omen zegoen, eta handik jaisten ziren txirrist eginez, parra-parra, ama eta lagunak. Horixe zen neskentzat leku bakarretakoa parra-parra jaisteko, arropa zikindu barik, jakina, 1950 inguru hartan.
Maria Angelako merkatu plaza zaharra eraiki berria, 1950 inguruan.
Artean ezezagunak ziren Eibarren gaur egungo txirristak, toboganak. Gaur egun ezagutzen ditugun tramankuluak, lehenengo metalikoak (edo zurezkoak) zirenak eta gaur egun plastikozkoak, XX. mende erdia ondo igarota hasi ziren hedatzen gurean eta, batez ere, 1970ko hamarkadatik aurrera. Zanbuluak pixkat lehenxeago; ondoren parraparrak.
Trasto berri horiek Euskal Herrira heltzean txirrista izena hartu zuten lekurik gehienetan eta parrapar(ra) Eibarren. Ordura arte jolas bat (eta adizlaguna) zena, sustantibizatu egin zen parkeetako gailu hori izendatzeko; eta parrapar formarekin lexikalizatu zen, amaierako -a galduta. Ez dirudi zaila izango zenik aldaketa hori; izan ere, "jaitsi zaitte parraparrian" bi zentzutan ulertu daitekeelako: baja deslizándote eta baja por el tobogán.
Euskerazko berba zahar horrek, gainera, bizirik eutsi dio harrezkero Eibarren (zinbili-zanbuluak ez bezala). Forma eta adiera horrekin jaso da azken 20 urteotan gurean egindako azterlanetan: Deba Ibarretik euskararen herrira (Zuazo, 2002), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (Basauri eta Sarasua, 2003) eta Eibarko hiztegi digitala.
Urkizuko parkea 1962an, berriztu berri. Seguru asko hauxe izango zen Eibarko lehenengo parkea. Zibili-zabuluak ikusten ditut, baina parraparrik ez. Gerora etorri ziren Arrateko biak eta Sakun gainekoa, gure haurtzaroan.
Parrapar(ra) jatorrizkotik parrapas berrira
Azken belaunaldietan aldaera bat ere izan du jatorrizko parraparrak; parrapas aldaera ere eman du, berba amaierako -r > -s txandakatzearekin. Parrapas aldaera hori gehienbat erdarazko hiztunen artean gertatu da, non parrapas forma ohikoa den Eibarko erdaldunen artean (eta parrapar, ostera, erabat arrotza); azken belaunaldietako euskaldunen artean ere entzuten da parrapasa, gure aitxitxa-amamen sasoian ez bezala.
Jatorrizko parrapar(ra) forma eta parrapas berriagoa aztertuta, esango nuke bilakaera hori nahiko berria dela eta errazago ulertu daitekeela erdaratik edo erdararen (erdaldunen) eraginez, gutxienez. Bakarren bat haserretu egiten zait hori diodanean (Eibartarrak zerrendako hari honetan, esate baterako), hau da, parrapar(ra) > parrapas bilakaera berria dela, bigarren mailakoa eta erdararen eraginez hobeto ulertu daitekeela, baina tira, uste dut nabarmena dela. Gutxienez berria dela; berria behar du eta, derrigor. Hori adierazten duten datuak, nire ustez:
- Forma biak jatorri berekoak dira eta parra-parra > parrapar > parrapas bilakaera gauzatu da. Hiztegi guztiak forma historiko bakarrera garamatzate (parra-parra). Jatorri onomatopeiko garbikoa eta ondo dokumentatua (goian aipatu ditut parra-parra / barra-barra / farra-farra formen hainbat erreferentzia). Parrapas ez da hiztegi zaharretan agertzen; Hiztegi Etnografikoan (2003) aldaera moduan jaso genuen.
- Parrapas aldaera "berria" da. Nik uste 1965-1970 ingurutik honakoa dela, baina tira, 10 urteko gora-behera egon daiteke. Horren alde dago Eibar inguruko nagusien artean ezezaguna zela (Eibar, Elgoibar, Bergara...) eta erreferentzia historiko guztietan parraparra bakarrik agertzen dela. Are gehiago, parrapas aldaera "tobogan" berrien agerpenarekin lotuko nuke, garai bateko lokatz gainean parra-parrean ibiltzetik metalezko parrapar trasto berriak ezagutzera igaro ginenera. Horrek nahiko zentzuzko ematen du, parrapar > parrapas bilakaera gertatu ahal izateko, derrigorrezkoa delako lehenengo parrapar sustantiboa sortuta egotea; toboganak existitzea, alegia.
- Parrapar > parrapas bilakaera errazago ulertu daiteke erdaratik (edo erdararen eraginaren ondorioz, behinipehin), euskaldun hutsen artean gertatutako fenomeno bat baino. Horren aldeko bi datu badaude (ez erabatekoak, egia da): 1) Eibarko erdaldunen artean forma bat eta bakarra erabiltzen da, parrapas (sekula ere ez parrapar); 2) berba amaierako -r > -s txandakatze hori zaila da euskaratik azaltzea (ez dakit, hala ere, gaztelaniatik ere erraz ulertu daitekeen). Arraroa ere ez litzateke hau guztiau, besteak beste, erdaldunak zirelako Eibarko garai hartako eskolak eta kaleko giroa.
Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain
Egungo egoera honek hegoak moztu dizkigula ematen du, ez daukagula nora jo eta ezin dugula ezer berririk ikusi, giltzapean itxi gaituztenetik. Andoni Egañak Zabaldu izendatu zuen, ostera, orain dela 10 egun inguruko bere iritzi-artikulua: "Udalerrira mugatu gaituztenez, balia dezagun aukera gure herriko kale eta errepideak ez ezik, estrata eta gurdi-bideak ere ezagutzeko; baserrien izenak ikasteko; landaredia identifikatzeko; hizkera, noiz-non-zein erabili taxutzeko; herriko historia eta istorioak ezagutu eta kontatzeko".
Halaxe gabiltza gu, behinik behin. Lehenago ere etxezale izan gara, egia esateko, baina azken hilabete honetan (edo hilabeteotan) are gehiago. Etxe inguruan gabiltza, halabeharrez baina gustura, gure zelai eta mendietan barrena, andabideak, erromarak eta heskerak gurutzatuz, pagadian gora eta errekan behera, hur-hurreko inguruak bisitatuz eta gertu-gertuko kontuak ikasiz.
Joan zen asteburuan, esate baterako, Eibar-Elgoibar arteko lau baserri-auzotan zehar eman genuen gure ostera. Patxadaz, bide bazterrean azaltzen zitzaizkigunak begiratu eta arnasten. Luze eta lasai.
Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate
Pasiada ederra. Luzetxoa baina ez gogorregia (hasierako igoera izan ezik, bestela lasaia).
- Ibilbidea: 19 km
- Denbora: 7 ordu
- Tracka: .... ea sortzen dudan! (baina mendian segi zure senari ;)
- Bidea: Urkizu - Aasua erreka - Gorostaballe - Santa Kurutz - Usartza - Akondia - Pagola - Kalamuako laua - Urkiola (Idotorbe bailara) - San Pedro - Moru - Legarda - Zaturixo erreka - Arrateballe - Arizmendi - Sumendiaga - Eltzartzaga - Azitain - Urkizu.
Esan bezala, Urkizun hasi eta Aasua errekatik gora hasi genuen ibilbidea. Bere txikitasunean, oraindik ere pagadi polita dago hasierako zatian. Bideak ez dauka galbiderik, sasoi bateko andabide zabala da eta. Basoan zehar egiten da Naiorbe baserrietaraino.
Aasua errekako pagadia. Inguru horretan erraza da okilak, okiltxoriak eta eskinosoak ikustea.
Aasua errekako pasabidea.
Naiorbera doan bide zatia. Naiorben txakurrak egoten dira, zaratatsuak baina normalean lotuta.
Naiorbetik aurrera porlanezko pistak ordezkatu du mendi-bide zaharra. Zati laburra da, 500 metro inguru. Lehenengo gurutzebidean eskumatara hartu eta handik gora berriz hartzen da antzinako estrata zaharra, Sagarbitsa baserri parean.
Porlanezko pistan egiten da zati bat, han barrenean eskumatara hartu eta berehala berriz mendi-bidean sartzeko.
Sagarbitsatik Santa Kurutzera doan bidezidorra oso polita da. Aurrerago esan dudan moduan, bide hau oso garrantzitsua izan da hainbat mendez Gorosta eta Mandiola bailarako baserritarrentzat. Gurdi-bidea izaki, nabarmenak dira gurdien joan-etorriek harri bigunean lagatako aztarrenak. Elusburu, Upartiño eta Adarratza parajeak gurutzatzen ditu, zuzen-zuzen, Santa Kurutzeraino.
Santa Kurutzeko gurdi-bidea, Upartiño partean.
Gurdiek harrietan zizelkatutako markak, Adarratza inguruan.
Santa Kurutzeko ermitara heldu baino lehenago bertako eskola zaharra aurkituko dugu. Errepublika sasoian eraiki zuten, analfabetismoa gainditzeko eta hezkuntza landa-eremuetara eramateko egindako plangintza zabalaren barruan, eta 1960. hamarkadara arte Gorosta eta Mandiola bailaretako baserrietako ehundaka haurrek ikasi zuten bertan. Gazte ginenean oraindik egoera onean ezagutu genuen: teilatua osorik, barruko gelak nolabait tente, frontoi txikia atarian eta iturri freskoa aldamenean. Pelotan jardundakoak ere bagara atarian. Gaur egun behea jota dago, baina guretako leku ederra izaten jarraitzen du.
Santa Kuruzko eskola, Eibarko Mandiola bailaran. 60ko hamarkadaraino bertan ikasten zuten inguruko baserrietako umeek. Eraikin ederra da, argitsua, leiho zabal eta bista ikusgarriarekin (Anboto aldeko mendiak irudika ditzakezu leihoetatik begiratzen baduzu). Ez da zaila imajinatzea 20 ikasleko talde bat, maistraren eskolak jarraitzen, leiho zabal horietatik sartzen zen eguzki-izpien azpian.
Santa Kurutz leku estrategikoa da. Eibar gainean kokatua, Gorosta eta Mandiola bailarek bat egiten duten tokian. Baserri-auzo horiek existitzen direnetik Santa Kurutz ingurua eta bertako ermita izan dira auzotarren topagune nagusietako bat. Niretzat Eibarko lekurik ederrena da eta makina bat arratsalde igarotzen ditugu bertan, lagunekin, familian, txoritan. Txorizaleen artean Local Patch deitzen zaio norbere txoritoki kuttunenari. Ba, hauxe da nire Local Patcha. ;)
Santa Kurutz, jendez lepo azkenaldiko konfinamendu-egun eguzkitsuetan.
Santa Kurutzeko ermita.
Santa Kurutzen ur pixkat edan, guk eta Iatsek, eta Usartzarako bidea jarraitu genuen. Lehenengo zatia, Illo izeneko parajean, berriz ere mendi-bide zaharrean zehar, Arrateko errepideraino; hortik aurrera, porlanezko pistan, Usartzaraino.
Illo inguruan haritz amerikar gutxi batzuk eta gaztaina-arbola banaka batzuk geratzen dira.
Santa Kurutzetik bertan dago Usartza, eta Usartzatik bertan Akondia baserria eta San Pedro ermita. Paraje eta izen historikoa da Akondia Eibarren. Izan ere, Eibar Eibar izan aurretik ere, dagoeneko azaltzen da Akondiako kofradia agiri zaharretan eta Akondiako 1390erako gudaren hotsak ere heldu zaizkigu kantuz kantu, Ibarguen-Katxopinek bere kroniketan jaso zuen bezala, Akondiako gudako kantan: "Akondia lexar baga...".
Mendi eta haran hauetako biztanleak biltzen zituen Akondiako kofradiak edo bailarak. Gaur egun Akondia izeneko baserria daukagu, Akondia mendia (749 m) bere gainean eta Akondiako San Pedro baseliza alboan.
Usartzatik Akondiara bidean.
Akondiako San Pedro baseliza. XVI-XVII. gizaldiko agirietan aipatzen da lehenengoz, nahiz eta gaur egungo eraikina 1800. urtekoa den, haizete batek bota baitzuen aurrekoa. San Pedron aspaldi ez da mezarik egiten, baina antzina-antzinako ohitura bat gordetzen da bertan: ekainean, San Pedro egun bueltan egiten den konjuroa. Abadeak baserrietako lur-sailak bedeinkatzen ditu hodeiak eta txingorrak jo ez ditzan.
Gaur egun dagoeneko galduta dagoen ohitura hori bizi-bizi egon zen, gutxienez, 1950-1960 ingurura arte. Abadeak auzorik auzo joaten ziren, euren ixipuak astindu ahala baserrietako ortu, gari-soro eta arto-sailak bedeinkatuz. Baita eskupeko ona jaso ere, baserritarren eskutik. Gaur egun oraindik konjuroaren oihartzunak entzun ditzakegu Akondia aldean, baina honezkero ez dago gari-sailik eta artasororik gurean.
San Pedro baseliza, Akondia, Eibar.
Akondiatik aurrera jo genuen, lau-lau, Pagolarantz. Gure asmoa ez zen Akondia tontorrera igotzea, magalean zehar bueltan-bueltan Kalamuako lautadara joatea baizik. Horretarako, lehenengo Pagolako Txabola baserriko atari paretik igaro behar da. Harraska eta lixibarri ederrak ditu atari alboan.
Pagolako Txabola baserria. Eibarko garaiena (645 metroko garaieran).
Akondia eta Garagoitti mendiak barrenetik inguratu ostean, berehala heldu ginen Kalamuko laura. Bertan egiten dute bat Eibarrek, Elgoibarrek eta Markinak, lautada txiki honen erdian; hortxe amaitzen da Eibar.
Kalamuko laua bidegurutze handi bat ere bada. Usartzatik, Akondiatik, Kalamuatik (eta Markinatik) eta San Pedrotik (Elgoibartik) datozen bideak elkartzen dira paraje honetan. Antzinaroan ere topagunea izan omen zen, edo hori iradokitzen dute inguru honetan aurkitu diren Kanpaizulo, Diruzulo eta Olaburuko trikuharriek. Deba eta Artibai ibarren arteko muga naturalean gaude, egon ere.
Gaur egun ere bidegurutze eta topagune handia izaten jarraitzen du. Are gehiago pandemia sasoi honetan, 100 lagunetik gora zenbatu genituelako hamaiketakoa jaten geunden bitartean! Gustura egoten zen, egia esateko. ;)
Kalamuko laua. Bertan elkartzen dira Eibar, Markina eta Elgoibar.
Hamaiketakoa egin eta Elgoibar alderantz hartu genuen. Inguru hau txikituta dago gaur egun. Pinua atera berri, pistak kamioien joan-etorriekin triskatuta, lokatza erruz. Hala ere, bidea nahiko polita da Urkiola alderaino. Lehenengo pago gutxi batzuen albotik, xuabe-xuabe; gero, Arrate-Krabelindik datorren bide-zidorrarekin elkartzen denean, pagadi txikian zehar, goitik behera.
Kalamuatik Urkiolara (Idotorbe, Elgoibar) doan bidea.
Pagadi baten hondarrak, Urkiolara heldu baino lehenago, pinuek inguratuta. Izpi-kerizak jolasti; pakea demasa.
Armaixo baserria da Elgoibarko parte honetan dagoen lehenengoa (edo azkena, bai). Ikuspegi zabala dago bertatik. Idotorbe (edo San Pedro) bailarako goiko zati guztia ikusten da eta barrenean Izarraitz eta Karakate-Irukurutzeta aldea.
Idotorbe auzoa, Elgoibar.
Urkiola Txiki baserri parean, Iats eta hirurok.
Hemendik aurrera dena da zuzen eta beherantz, pistan zehar, San Pedroraino. Hantxe egin genuen bazkari-pasada txikia.
San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).
Ogitartekoa jan eta bidean aurrera jarraitu genuen, zapatu arratsalde fresko baina eguzkitsuan. Eibarrera itzultzeko bide nagusia San Pedron bertan hartzen da, zuzenean erreka-zulorantz hartuta. Guk, ostera, Moru mendira doan bidetxoa hartu genuen eta Moruko (458 m) tontorrera ere igo ginen, gure bide nagusitik pixkat aldendu behar izan baginen ere. Etxe alboan izan arren, sekula Morura igo gabeak ginen seirok. Morun bertan Burdin Aroko kastro bat omen dago, baina guk ez genuen aurkitu aztarnarik.
San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).
Makina bat urte pinu artean ezkutatuta egon eta gero, une honetan garbi-garbi dago Moruko tontorra (385 m); Elgoibar aldeko ikuspegi ederra, arratsaldeko eguzki-printzekin.
Moruko igoeran berriz atzera egin eta gure bidera itzuli ginen. San Pedrotik Legarda baserrira doana, pistaz. Auzoko azkenengo baserria da Legarda eta baserrira heldu baino pixkat lehenago beherantz egiten du bideak, Zaturio errekara zuzenean.
Oharra: Legardako baserrikoak ezagunak dira (ibilaldi hau egin genuen arteko baten senideak) eta bisita egitera joan ginen, baina kontuan izan hau ez dela San Pedrotik Eibarrera itzultzeko bide ofiziala. Txakurrak solte izaten dituzte (eta azkenaldian sustoren bat eman omen dute) eta Zaturio inguruko larreetan behiak egoten dira. Hortaz, ibilaldi hau egitekotan, hobeto da Legardara jaitsi barik, San Pedrotik zuzenean Zaturiorantz jotea.
Hortxe dago Elgoibar eta Eibar arteko muga, Zaturio (Saturio edo Saturixo) errekan. Ur-emari handi samarrekoa, bere txikian, inguru honetan egoera onena duten erreketako bat da. Eibar aldeko azkenengo ur-txakur edo igaberak ere Zaturixo errekan ezkutatu ziren, Deba eta Ego errekak zikundu ostean, hainbat lekukok aipatu izan didatenaren arabera; baita 1960 ingurura arte ere.
Legardatik behera (baserria ikusten da goian), Zaturixo errekara bidean, Arantzategi izeneko parajean.
Oraindik bertako landaredi apur bat geratzen da erreka zuloan kukututa, makinetatik ihesi. Haltzak, pagoak, urkiak, gorostiak... Leku zirraragarria da, garai bateko edertasunaren lekuko tristea.
Zaturixo erreka gurutzatzen.
Zaturixo erreka. Sasoi batean 3 errota txiki mugiarazten omen zituzten erreka honetako urek.
Behin Zaturixo gurutzatuta, bidea zabala da. Ondo markatuta dago PR marka zuri-horiekin. Maaldegi izeneko parajea gurutzatzen da (gaur egun gehiena pinua da) eta Arizmendi auzune parera heltzen da bidea, Altun eta Itolatza parean.
Arizmendira heltzen, Itolatza izeneko inguruan.
Barrenetxe baserria, Eibarko ederrenetakoa, ilunabarrera bidean. Arizmendi auzunean 5 baserri daude, garai batean denak ere Arizmendi baserri nagusiari nolabait lotuta egon zirenak: Arizmendi bera, Arizmendi Zelaikua, Arizmendi Sanjuangua, Arizmendi Guena eta Arizmendi Barrenetxe.
Handik behera porlanezko baserri-bidea hartu genuen, Mendigoitti eta Sumendixa (Sumendiaga) ingurutik igaro eta Azitaingo Industrialdera doana. Eta industrialdetik, Untzeta - La Salle atzean laga eta txiri-txiri berriro Urkizura.
Sumedixa baserri barrenean, bidearen azkenengo metroak egiten.