Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Si menges una llimona sense fer ganyotes, Sergi Pàmies (Quaderns crema, 2006)

Asier Sarasua 2018/09/29 10:35
Eguneroko gertaera arrunt soiletan oinarritutako ipuinak, baina begirada berezi zorrotz batekin (eta modu ezberdinean) kontatuak. #datsegit #liburuak

Si menges una llimona sense fer ganyotes, Sergi Pàmies idazle katalanaren ipuin-bilduma (Quaderns crema, 2006). Hainbat sari irabazitakoa, besteak beste, Barcelona Hiria eta Premi Lletra d'Or.

Abentura edo akzio ikaragarririk bilatu nahi duenak ez du hemen horrelakorik aurkituko. Arrunt gertaera sotilak dira ipuinen abiapuntu, sarri askotan lehenengo parrafoan bukaera ere ematen zaigularik eta, aitzitik, idazlearen begirada zorrotzak eta idazmolde pertsonal horrek orrietara lotuta mantentzen zaituzte.

Gai unibertsalak lantzen dira ipuinik gehienetan, bakardadea, enbidia, zoriontasun(ez)a,  bikote eta familia harremanak... Baina beti begirada bereziarekin eta ikuspegi pertsonalarekin, idazmoldeak ere harrotuz, Orain lehenengo pertsonan, orain bigarrenean edo hirugarrenean; lehenbizi zoom handiarekin, hurrengoan makroa erabiliz; hasi ironiarekin eta bukatu absurduarekin... Azken batean, guztiak ere limoiaren zaporearekin kontatuak, garratz bezain gozo. Imintzioa eginez, baina dastatuz.

Hogei bat ipuin labur (eta oso labur) dira liburukoak. Beharbada ez denak neurri eta maila berekoak. Gustatu zaizkit, esate baterako, La nostra guerra, Monovolum, Sang de la nostra sang edo Escabetx.

Si menges una llimona sense fer ganyotes (Sergi Pàmies, 2006)

No sents cap simpatia pel veí del segon primera. No t’ha fet res, tot i que l’experiència t’ha demostrat que no cal que algú faci res per caure’t antipàtic. D’ençà que el veí ha arribat a l’edifici l’has observat a distància, només per confirmar una impressió inicialmente negativa. Potser tens una actitud poc madura, però et fa l’efecte que si no projectessis certes dèries sobre el teu entorn la vida et seria més difícil. Si tens preferències de paladar que ni tu mateix t’expliques, i t’estimes més un plat de llenties que no, posem per cas, un d’espinacs, ¿per què no ser igualmente arbitrari amb els veïns? (Monovolum)

Després de molts anys de no fumar, el pare encén una cigarreta. Ho va deixar quan va neixer la seva filla i, d’ençà d’aleshores, ha estat massa ocupat per trobar-ho a faltar. El fum li crema els pulmons amb una boira aspra que, en comptes de combatre, reactiva amb pipades compulsives. Fa una estona, la filla li ha explicat les raons per tant de temps de silenci, mal humor, problemes, insomni i discussions: no suporta ser l’única noia de l’institut amb pares no separats i els ha demanat, sisplau, que se separin. “Vull ser normal”, els ha dit poc abans de sortir de l’habitació amb llàgrimes als ulls. (Sang de las nostra sang)

No m’afeito. No agafo el teléfon. Per la manera com sona, penso que deu ser ella. Però si l’agafés i fos una altra persona, ¿com em sentiria? A la ràdio, he sentit que si menges una llimona sense fer ganyotes, s’acomplirá tot el que desitgis, però em fa por provar-ho, fer ganyotes i que cap desig no es faci mai més realitat. (Precisament parlàvem de tu)

Peña del Castillo (Araba, 1.431) #100mendi #66

Asier Sarasua 2018/09/25 08:00
Toloño mendilerroko tontorra (Araba), Lagran eta Laguardia artean kokatua. Mendi ederra.
Peña del Castillo (Araba, 1.431) #100mendi #66

Peña del Castillo (Lagran, Araba)

Arabako mendirik ederrenetakoa dugu Peña del Castillo. (Araba, 1.431 m), Toloño mendilerroko kareharrizko erpin zorrotza. Lurraldeko garaienetakoa ere bada, Gorbeia eta Palomares ezagunagoen alboan. 1963an burdinazko gurutze handi bat jaso zuten tontorrean eta harrezkero "Cruz del Castillo" izenez ere ezagutzen da, nahiz eta jatorrizko izena Peña del Castillo den.

Mendi ederra da mendizale arruntarentzat, nahiko erraza baina bere zailtasun puntutxoarekin, ez luzeegia eta, gainera, paisaia, fauna eta flora ugari eta anitzaz gozatzeko aukera ematen diguna.

100 mendien lehiaketaren akuluarekin, inguru horretarantz joan ginen ekainean.

Lagrandik irteten da bide arruntena (edota Laguardiatik, mendiaren beste hegaletik), zekale soro zabalen artean. Hegatxabalak, mirotzak eta gari-berdantzak kantuan dabiltza.

Peña del Castillo (1.431 m)

Kilometro ingurura, aparkaleku bat dago eta handik gora, berehala, pagadian sartuko gara. Pare bat kilometro egingo ditugu pagoen kerizpean, bide zabal eta ondo seinalizatua jarraituz; ez dago galerarik. Marka zuri-gorriek "ardoaren eta arrainaren bidea" markatzen digute, Laguardiatik itsasoraino doana. Parandek, erregetxoek, kaskabeltzek eta zozo-birigarroek hartzen dute orain abesbatzaren gidaritza.

Peña del Castillo (1.431 m)

Mendilerroa banatzen duen lepora heltzean zabalune txiki bat dago, atseden hartzen lagako diguna. Tontorra ikusten da handik, ber-bertan.

Peña del Castillo (1.431 m)

Hortik aurrera, marka zuri-gorriak alde batera laga (Laguardiaraino darraitenak) eta zuri-horiei segika hasiko gara. Lehenengo baso itxi batean, besteak beste, ezpel eta urritz artean, bide zidor txiki batean barrena. Ederra, maldatxoarekin, beste 500 metro inguru eginda, basotik irten eta kareharraziko molearen oinarria harrapatu arte.

Peña del Castillo (1.431 m) Peña del Castillo (1.431 m)

Hortik gora azkenengo zatia bakarrik falta. Harrietan gora, ti-ta, tontorreraino. Gailurreria eta bista polita daukagu begien aurrean. Iparraldera heze, hegoaldera lehor, eta gailurrean gurutze ezaguna, ibilbide polita gaindituta. Sai arreak eta belatxingak lagun.

Peña del Castillo (1.431 m)

 

Peña del Castillo (1.431 m)

 

Peña del Castillo (1.431 m)

 

Antzandobi txikia (Lanius minor) salbatzeko proiektu interesgarria Katalunian

Asier Sarasua 2018/09/23 10:15
Trenca elkartea lan ikaragarria ari da egiten Lleidako azken antzandobi txikiak salbatzeko. Bikote parea besterik geratu ez arren, bada itxaropenerako tarterik.
Antzandobi txikia (Lanius minor) salbatzeko proiektu interesgarria Katalunian

Antzandobi txikia

Europa mendebaldeko hegaztirik mehatxatuenetakoa da antzandobi txikia (Lanius minor). Iberiar penintsulan, esate baterako, ale gutxi-gutxi batzuk besterik ez dira geratzen Lleidan.

Trenca Elkarteak espezie txiki hau berreskuratzeko proiektu "ezinezko" bat abiatu zuen 2009an, eta itxaropenerako emaitzak izaten hasi da.

RTVEko dokumental honi esker ezagutu nuen. Oso interesgarria iruditu zait.

.......................

El alcaudón chico es el vertebrado más amenazado de nuestro país. Un ave de pequeño tamaño que realiza una larga migración para criar, cada año, en la provincia de Lérida. Hoy les mostramos la singularidad de esta especie y su proyecto de conservación, con el que técnicos y biólogos han conseguido recuperar esta especie del mismo borde de la extinción. Con las escasas parejas que aún llegaban de África cada primavera, arrancó a principios de siglo un complejo programa de cría en cautividad. En los últimos años se ha llevado a cabo en paralelo una cuidada reintroducción de ejemplares en libertad. Estas son las claves de un exitoso proyecto de colaboración entre la administración catalana y la Asociación Trenca ¿quieren conocerlo?

 

......................

Argazkia: Wikipediatik.
By Daniel Bastaja, http://www.birdingfaqs.com/ - Uploaded by Donkey shot with kind permission of the photographer, CC BY 3.0, Lotura.


Plazentzian ibaixa... eta Eibarren errekia

Asier Sarasua 2018/09/22 12:35
"Bai ba, Eibarren errekia, eta Plazentzian ibixa. Igarixan be, plazentziarrak hobiak beti."
Plazentzian ibaixa... eta Eibarren errekia

Estropadak, Soraluze 1965.

Plazentziarren betiko txantxa eibartarrei: "Plaentxian ibaixa, Eibarren errekia". Garai bateko argazki zahar honetan ere txantxa hori "ofizialtzen" dute nolabait, argi lagata Eibarrek daukan hutsune konponezin hori: "En Eibar no hay río" gaineratu zuen norbaitek orain dela ia 50 urte ateratako argazki honetan (egin klik eta handitu argazkia, gorriz idatzitako ohar hori hobeto ikusteko).

Bestela ere, argazkia kuriosoa da. Estropadekin teoriaz zerikusirik ez duen lehorreko herri batean, Soraluzen, trainerillen estropadak egin ziren zenbait urtez (lekukotasuna Ahotsaken). Argazkian, 1965eko ekainaren 13an egindakoa. Pasai San Pedro eta Jaizkibel lehiatu ziren (epaileen txalupa dago eskumarago). 

Ibairik ez Eibarren, baina hitza ezaguna da, gutxi bada ere (eta gehienetan "ibixa" formarekin). Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko Hiztegian ere jaso genuen, sarri-sarri horrelako komentarioekin: "Eibar eta Plazentzia artian beti pikia egon dok, ia zein gehixago. Eta errekiagaittik be esaten eskuen: 'Ixildu zaittie! Eibarren errekia besterik ez dakazue-eta!'. Bai ba, Eibarren errekia, eta Plazentzian ibixa. Igarixan be, plazentziarrak hobiak beti".

Ba horixe, Plazentziako ibixa..., Eibarren errekia. ;)

"En Eibar no hay río"

 

Oharra: Whatsappez edo Twitter bidez pasatu zidaten goiko argazkia... baina ez dut gogoratzen nork, sentitzen dut!

Hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2018

Asier Sarasua 2018/09/08 18:45
Hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2018

SACRE programa, Eibar (2015-2018)

Hegaztien behaketaren munduan hainbat jarraipen-programa daude, gehienbat euren populazioak ezagutzeko eta bilakaerak aztertzeko, eta horietako askotan txorizale arruntok ere hartu dezakegu parte, ornitologo profesionalekin batera. Are gehiago, ehundaka eta milaka ornitologoren parte hartzeari esker egiten dira mundu mailako hegazti-errolda eta jarraipen-programa asko eta asko.

Esate baterako, SEOk gidatzen duen SACRE programa (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras). Duela lau urtetik hartzen dut parte SACREn, Gipuzkoako WN4080 laukiko datuak jaso eta partekatuz. Eibar-Etxebarri-Elgoibar hartzen dituen 10*10 km-ko lauki bat aztertzen dut, urtero ibilbide berdina eginez (20 behaketa punturekin) eta ibilbide horretan behatutako hegazti guztien datuak hartuz, metodologia zehatz bat jarraituz.

Lehenago ere aipatu izan dut blog honetan SACIN programa. Hegazti negutarren jarraipen-programa da SACIN (hemen, esate baterako, 2017-2018ko azken negu honetan jasotako datuak). Bada, SACRE da udako programa, gure inguruan uda igarotzen duten eta bertan kumatzen diren hegaztien jarraipen-programa. Bi programen artean, SACIN eta SACRE, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiten da, euren bilakaera aztertzeko eta populazioen dinamika orokorra behatuz.

SACRE 2018, Eibar-Etxebarri-elgoibar

Hauxe da, hortaz, aurten jasotako hegazti habiagile edo udatiarren zerrenda, aurreko urteetako datuekin batera. Urteroko kopuru eta espezieetan ibili gara aurten ere (oro har ez da alde handirik izaten urte batetik bestera). Zeozer aipatzekotan, arrano txikia behatu dudala aurten lehenengoz, eta ez dudala enara bakar bat ere ikusi udaberrian egindako 2 irteeretan. Bestela, urtero bezala, espezie arruntenak dira ugarienak, jakina: txepetxak, txioak, txantxangorriak, zozoak, sorbeltzak, belabeltzak, eta abar.

Hemen zerrenda guztia.

2015 2016 2017 2018
basahatea 34 41 74 55
miru beltza 0 0 2 0
sai arrea 8 3 6 10
gabirai arrunta 0 0 1 0
zapelatz arrunta 2 3 3 3
arrano txikia 0 0 0 2
uroiloa 3 4 3 2
kaio hankahoria 1 0 6 2
etxe usoa 26 69 32 44
pagausoa 3 0 0 4
usapal turkiarra 6 10 8 7
kukua 4 2 3 2
sorbeltz arrunta 87 191 105 121
okil berdea 3 2 5 4
okil handia 1 0 1 0
uhalde-enara 0 31 20 12
haitz-enara 3 0 0 0
enara arrunta 4 5 7 0
enara azpizuria 14 19 16 24
uda-txirta 6 5 1 1
buztanikara horia 4 7 6 2
buztanikara zuria 10 7 6 5
ur-zozoa 0 2 0 0
txepetxa 29 38 38 46
txantxangorria 18 18 17 30
buztangorri iluna 8 7 5 19
pitxartxar burubeltza 0 4 5 3
zozo arrunta 45 37 37 49
birigarro arrunta 9 8 13 5
garraztarroa 0 1 1 0
sasi-txori arrunta 3 0 1 3
txinbo kaskabeltza 0 19 18 6
txio arrunta 0 0 0 1
txio iberiarra 14 16 11 13
erregetxo bekainzuria 3 5 5 5
euli-txori grisa 2 1 1 0
euli-txori beltza 0 2 0 0
buztanluzea 0 3 2 2
amilotx mottoduna 3 2 0 0
pinu-kaskabeltza 1 1 2 1
amilotx urdina 0 2 0 1
kaskabeltz handia 13 18 17 25
garrapoa 1 0 0 0
gerri-txori arrunta 4 5 3 4
antzandobi arrunta 1 3 0 3
eskinosoa 2 2 0 2
mika 0 0 0 1
belabeltza 31 32 41 26
erroia 0 0 1 0
etxe-txolarrea 29 39 43 29
txonta arrunta 36 37 42 39
txirriskil arrunta 21 10 8 5
txorru arrunta 0 0 1 3
karnaba 18 25 23 12
txoka arrunta 0 3 0 0
gailupa 2 0 3 1
ESPEZIEAK 40 42 43 44
TXORI KOPURUA 512 739 643 635

Jarraitu sorbeltz bikote honen gora-beherak, habian jarritako webcamari esker #txoriak

Asier Sarasua 2018/05/15 21:10

Esperientzia polita Jerezko (Andaluzia, Espainia) ikastetxe bateko hau. Webcama ipini dute euren ikastetxeko teilatupean, sorbeltz habia batean gertatzen dena jarraitzeko eta ikasgelan aztertzeko. Liburuek diotena ikastea baino eraginkorragoa, ala?

Kamera horri esker 24 orduz jarraitu ditzakegu Youtuben sorbeltz-bikote baten ibilerak, arrautzak nola zaintzen dituzten, ar-emeen arteko zirriak, habiako sartu-irtenak,... Sorbeltzen habiak leku ezkutuetan egoten dira eta ez da erraza bertatik bertara aztertzea. Kamera honi esker, ostera, sorbeltzen portaera aztertzeko aukera paregabea daukagu. Oharra: Youtubera sartzen zaren unean txoriak ez badaude habian, bota pixkat atzera eta aurkituko dituzu.

Nabarmentzekoa zein goxo zaintzen duten elkar, nola deitzen dioten elkarri eta nola laztantzen diren. Hegoen luzeera handia ere garbi ikusten da; begira noraino heltzen zaizkien, hegaldirako erabat moldatuta dagoen espezie baten ezaugarri behinena.

2012. urtean hasi zuten Jerez de la Fronterako ikastetxean sorbeltzak ezagutzeko programa hau. Harrezkero, urtero urtero ekimen gehiago antolatu dituzte sorbeltzen inguruan, "ezagutzen dena hobeto zaintzen delako". Emaitzak berez etorri dira: 5 urtean sorbeltzen kolonia sendotu egin da (bi bikotetik zazpira igaro dira, eta 7 kumetik 25era). Aurten webcama jarri dute SEO elkartearen laguntzarekin.

Sorbeltzei jarraipena Jerezgo ikastetxe batean

Sorbeltz arruntak eta sorbeltz arreak

Irudietako horiek sorbeltz arreak dira (Apus pallidus), Andaluzia aldean nahiko ohiko direnak, Euskal Herrian ez horrenbeste. Gurean, berriz, sorbeltz arruntak (Apus apus) dira herri guztietan aurkituko ditugunak. Duela egun batzuk etorri dira Afrikatik bueltan eta Euskal Herrikoak ere habia prestatzen eta arrautzak zaintzen daude une honetan (geroz eta zailagoa duten beharlekua, Iñaki Sanz-Azkue biologoaren artikulu honetan ondo azaltzen den moduan).

Sorbeltzak hegazti ezagunak dira, udaberria eta giro ona iragartzen dutenak, udako soinu dira bere krrrriiiii-krrriiiii-krrriiiiiii garraxiak... Beharbada horregatik jaso ditu hainbeste izen Euskal Herrian zehar. Txoriak.eus-en makinatxo bildu ditugu: Abijoi, Ainhara beltz, Apeztxori, Arrantxori, Artxilloi, Belentzario, Beltxijoi, Bentzajo, Brintzario, Elai beltz, Elizelai, Eliztxori, Enara beltz, Enara handi, Erlai, Ermitario, Hegabera beltz, Irrigo, Kañabra, Kanpantxori, Kataka, Kirrillo, Kirriskillo, Kirrizkarro, Kriku, Martin, Mitxigu, Sorbeltz, Txenara beltz, Txio, Txirri, Txirribirri, Txirrin, Txirriño, Txirrio, Txirritxaldo, Xoribeltx, Zirringilo, Zirrizkilo.


Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Asier Sarasua 2018/05/12 14:55
Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Okil beltza (Dryocopus martius), Alastair Rae, CC-BY-SA

Azkenaldian hegaztien inguruko albiste gehienak oso kezkagarriak dira, espezie eta populazio gehienek beheranzko joera bizkorra daukatelako azken urteotan (asteotakoak dira, esate baterako, 3 albiste hauek, antzandobien %95a desagertu dela EAEn, basoilo txikia ia-ia desagertu dela Euskal Herritik, edota urtean 600.000 enara gutxiago daudela Espainian). Hala ere badaude egoera kezkagarri horretan euren populazioak eta eremu geografikoak zabaltzen dituzten espezieak. Adibiderik aipagarriena okil beltzarena da, gu gazte ginela Pirinioetan bakarrik ikusten genuena, eta orain egun batzuk Eibarren bertan aurkitu duguna!

Okil beltzaren zabaltze harrigarria

Orain hamarkada gutxi batzuk arte okil beltza (Dryocopus martius) mendi garaietako espeziea zen gure inguruan, 2 populazio bereizi zituelarik, Pirinioetakoa eta Europako Mendietakoa. Zuberoa eta Nafarroara joan beharra genuen hegazti hau ikusteko. 1985eko EAEko atlasean diote (hemen lana PDFan) bere presentzia Gipuzkoan anekdotikoa dela (Aralarreko baso batean behin ikusia). Eta ez dago beste zitarik Bizkaian eta Araban.

Harrezkero, baina, eremua zabalduz joan da eta azken urteotan izugarrizko hedapena izan du, naturan gutxitan ikusten den horietakoa. Aralarretik barrena Gipuzkoara zabaltzen hasi zen lehenengo, mendirik mendi eta basorik baso (2001eko Gipuzkoako Atlasean 4 kuadrikulatan aipatzen da, Leitzaranen eta Aralarren). Arabarantz hedatu zen ondoren, eta azken urteotan Bizkaian ere gero eta ohikoago bilakatu da. 1985ean EAEn anekdotikoa izatetik, 2013an 39 kuadrikulatan aurkitu zuten ("Black woodpecker Dryocopus martius recent range expansion leads to the coalescence of the two former distribution areas in northern Spain", PDF). 2013ko albiste honek ere ondo azaltzen du hedatze-fase hori (Itsasenara Elkartearen blogean).

Okil beltzaren mapa 2013

2013ko mapa, Gainzarain eta Fernández-García. Bi populazio historikoen artean (Europako Mendietakoa eta Pirinioetakoa) zubi-lana egiten duten hainbat lurralde hasi da okupatzen okil beltza, gehienbat Gipuzkoa eta Arabako mendilerroetan.

2013tik hona izan duen hedatzea are bizkorragoa da. Gehienetan pinadi eta pagadi helduei lotuta hedatzen da, baina badirudi bere behar ekologikoak ez direla uste genuena bezain zorrotzak (edo ondo egokitu dela azkenaldian "utzita" dauden pinu landaketetara) eta apurka-apurka ia-ia eskualde guztietara ari da zabaltzen.

Mendilerro nagusietan ohiko bilakatu da (Aralar, Aiako Harriak, Aizkorri-Aratz parkea, Arabako mendilerroak, Urkiolako parke naturala...), eta dagoeneko kostalderantz ere zabaldu du bere eremua. Donostian edo Baionan bertan ikusi dute, esate baterako, eta ezaguna da Bilbo ondoko okil bikote honen istorioa, txorizaleek bere ibilerak zuzenean jarraitu ondoren ehiztari batzuek kumatze-garaian erahila. Euskal Herrian ez ezik, inguruko lurraldeetan ere antzekoa izan da zabalkundea, bai Burgosen zein Landetan.

Zabalkunde bizkor hori ederto irudikatzen du Ornitho.eus webgunean jasotako datu bildumak: dagoeneko EAEko 70 kuadrikula ingurutan daude behaketak.

Okil beltza EAEn

Okil beltzaren presentzia EAEn Ornitho.eus webgunearen arabera (2018ko maiatzean).

Ez daukat datu zehatzik, baina esango nuke Nafarroa hegoalde idorra, Arabako lautada eta Errioxa, eta Aturri inguruko eremu lauak direla okil beltzik gabeko lurralde bakarrak gaur egun Euskal Herrian (ikus banaketa orokorra eBird-en datuen arabera). Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeko eskualdeetan ere falta zen orain gutxira arte (pagadi gutxi, inguru industrializatu eta humanizatua...), baina hor ere gero eta arruntagoak dira behaketak. Esate baterako, Eibar moduko ingurune txiro eta industrializatuan!

Okil beltza Eibarren lehenengoz

Eibartik gertuen Debagoieneko eta Durangaldeko aipamenak genituen orain gutxira arte. Urkiolatik jaitsita, Mallabian ere ikusi izan da azken urtean, besteak beste.

Eta hara non, duela pare bat aste Eibarren ere agertu den. J.M. Altuna txorizaleak 2 ale aurkitu zituen apirilaren 21ean Unbe gaineko basoetan, Galdaramiñoko maldetan. Biharamunean igo nintzen ni ere, eta hantxe zegoen okil bikotea, pinudi txiki batean.

Hara ba albiste pozgarria! Orain dela 20 urte ezta amestu ere egingo ez genuena: Pirinioetako okil beltz ederra Eibarko mendietan! Ongi etorri laguna!

Okila Galdaramiñoko pinudi batean

Galdaramiño magaleko pinudia. Bertan ikusi dugu pare bat aldiz okil beltz bikotea. Ezin esan habia bertan ote daukan edo mendiaren beste magalean, Elgeta-Bergara aldean, baina zalantzarik ez okil beltza honezkero Debabarrenera ere hedatzen hasi dela.

Eibarko kale-izen zaharren (eta "barrixen") eskugida moduko bat (1980 ingurukua)

Asier Sarasua 2018/05/02 20:17
"Relación de nuevos nombres de calles de Eibar".

Etxeko paper zaharren artian 1980 ingurukua izan bihar dan "txartel" bat topatu dot. Sasoi horretan aldatu zittuan udalak Eibarko kale-izenak. Frankismo sasoian ipinittako izen batzuk kendu, eta barrixak ipini jakuezen.

Kasu batzuetan toponimo zaharrak berreskuratu ziran (Artegieta, Mutiola,...); beste batzuetan, pertsona-izen barrixak aukeratu ziran, neurri bateko kontsentsu politikoz (eta Frankismo sasoiko beste batzuk kenduta, Carlos Larrañaga, Justo Oria, Esteban Orbea,...).

Izendegi aldaketia "traumatiko" samarra izan bihar ei zan orduko eibartarrendako (nik neuk ez dot gogoratzen). "Bizi guztiko" izenak kendu eta izen barrixak ikasi bihar. Aukera komertziala ikusiko zeben Salaberrianekuak, eta hamengo txartel edo eskugida txikixa kaleratu zeben.

Eibarko kale-izen zaharrak 01

Eibarko kale-izen zaharrak 02

30-40 urte igaro dira harrezkero. Eta oindiokan jarraitzen dogu Dos de Mayo (eta Generalisimo?) esaten. Bittartian, 1980 inguru horretan "kendutako" kale-izenak gainbegiratziak hausnarketa txiki baterako tartia be emoten dau: Plaza de los Mártires (de la tradición!), Avda. (sic) del Generalísimo, Amaña C, E, F eta G... Amañan benetako izenik biharko ez balitz moduan; eta abar.

Seme-alabekin eitteko moduko ariketia, zerrendiori gainbegiratziana. ;)

 

"The genius of birds" (J. Ackerman, 2017), hegaztiak uste genuena baino askoz azkarragoak direlako

Asier Sarasua 2018/04/22 00:30
"The genius of birds" (J. Ackerman, 2017), hegaztiak uste genuena baino askoz azkarragoak direlako

"The genius of birds", Ackerman 2016

The genius of birds
Jennifer Ackerman
Penguin Press 2016 (US), Corsair 2016 (UK)

Hegaztien gaitasun eta trebetasunen inguruan azken 30 urteotan egin diren aurkikuntzen errepaso bikaina. Horixe da, laburbilduz, The genius of birds azpimarragarri honen funtsa. Txoriak animalia xinple samartzat jo izan ditugu historikoki, ugaztunak baino "atzeratuagoak" hainbat esparrutan; aurreiritzi hori iraultzen digu modu trebean Jennifer Ackermanek, liburu sakon, erreferentziaz bete, gustagarri eta erritmo oneko honekin. Ez ditu alperrik jaso hainbat sari eta aipamen: New York Times bestseller, TopTen books Wall Street Journal zerrendan, best book of the year (The Spectator), nature book of the year (London Sunday Times) eta best science book of 2016 (Science Friday), eta abar.

Erresuma Batuko edizioa irakurri dut nik (Corsair, 2016); gaztelaniaz ere badago, baina oso itzulpen kaskarrarekin, antza.

Intelligence is a slippery concept, even in our own species, tricky to define and tricky to measure” esaldiarekin abiatzen du liburua idazleak. Azken batean, zer da "argia" eta "inteligentea" izatea? Nola neurtzen da? Eta nola konparatu daitezke ebolutiboki hain urrun dauden hegaztien eta ugaztunen burmuinak? Inteligentziaren ordez genius hitza aukeratzen du izenbururako egileak, "nothing more nor less than doing well what anyone can do badly".

Izan ere, oso azkarrak baitira hegaztiak. Eta azken urteotako ikerketek diote, gainera, uste genuena baino askoz azkarragoak direla. Beste modu batean dira buru-argiak, beharbada, eta horregatik ez gara orain arte konturatu, baina itzelak dira hegaztiek dituzten gaitasunak, kantutik hasi eta migrazioetara, harreman sozialetatik hasi eta ikasteko gaitasunera.

Hegaztien inguruko hainbat ezaugarri aztertzen dira liburuan, 8 kapitulutan banatuta. Hegaztiek ikasteko daukaten gaitasunarekin hasten da eta burmuinaren tamainak ezaugarri horretan daukan garrantziaz luze jarduten du. Kantatzeko gaitasunak ere leku zabala dauka, jakina, naturan aurkitu dezakegun fenomenorik harrigarriena delako, konplexutasun handiko eta ejekuzio zehatzeko tresna izugarria. Horrekin batera, habiagintza, txorien arteko harremanak, erremintak erabiltzeko gaitasuna eta beste makina bat kontu ere aipatuko ditu, lekurik handiena migrazioari eskainiz, ugaztun batek nekez egingo duena egiten baitute miloika hegaztik urtero-urtero, oraindik erabat ulertzen ez ditugun mekanismoak erabilita orientatzeko (ikusmena, usaimena, nabigazio-mapak, lurraren magnetismoa...).

Eta gai bakoitzaren inguruan dozenaka adibide eta datu zehatz irakurri ahalko ditugu, modu landu eta interesgarrian azalduta, idazkera biziarekin, batez ere ezaugarrion jaiotza eta eboluzioa aipatuz eta hautespen naturalak eta sexualak eboluzio horretan izandako eragin posibleak aipatuz.

Esan bezala, azken 30 urteotan hegaztien gaitasunen inguruan egindako ikerketen laburpen moduko bat da The genius of birds. Beharbada horregatik, irakurketa amaitzean itomen moduko bat sentitzen duzu, konturatzen zarelako ezinezko egingo zaizula jasotako informazio guztia barneratzea; hala ere, ez da liburu astuna eta erritmo, enfoke zein hizkera egokiak ditu.

Azken batean, liburuan jasotzen direnak erabat ez ulertzearen gakoa gugan baitago, inteligentzia eta azkartasuna ulertzeko eta azaltzeko daukagun ikuspegi antropozentrikoan. Hain zilborrari begira bizi gara eze, kosta egiten zaigula erabat ulertzea hegaztien azkartasun horren oinarriak eta ezaugarri kognitiboak.

Perhaps, it's because they're so unlike people that it's difficult for us to fully appreciate their mental capabilities. Birds are dinosaurs, descended from the lucky, flexible few that survived whatever cataclysm did in their cousins. We are mammals, related to the timid, diminutive shrewlike creatures that emerged from the dinosaurs' shadows only after most of those beasts died off. While our mammal relatives were busy growing, birds, by the same process of natural selection, were busy shrinking. While we were learning to stand up and walk on two feet, they were perfecting lightness and flight.

Liburuaren azken esaldiak ematen dio, beharbada, erantzun zuzena ikuspegi oker horri: "One has only to consider the extraordinary genius packed tightly into that tiny puff of feathers to lay the mind wide open to the mysteries of a bird's knowing - the what and the way. These are wonderful puzzles to keep around on our intellectual bookshelf, to remind us how little we still know".

 

............

The genius of birds, (Jennifer Ackerman, 2016)

In judging the overall intelligence of animals, scientist may look at how successful are at surviving and repoducing in many different environments. By this mean, birds trump nearly all vertebrates, including fish, amphibians, reptiles, and mammals. They are the one form of wildlife visible nearly everywhere. (...) As a class, birds have been around for more than 100 million years. They are one of nature's great success stories, inventing new strategies for survival, their own distinctive brands of ingenuity that, in some respects at least, seem to far oustspace our own. (...) Now there are some 10.400 different bird species - more than double the number of mammal species (...) (There are) roughly 30 to 60 live birds per person. To say that humans are more successful or advanced really depends on how you define those terms. After all, evolution isn't about advancement; it's about survival. It's about learning to solve the problems of your environment, something birds have done surpassingly well for a long, long time. (...) Perhaps, it's because they're so unlike people that it's difficult for us to fully appreciate their mental capabilities. Birds are dinosaurs, descended from the lucky, flexible few that survived whatever cataclysm did in their cousins. We are mammals, related to the timid, diminutive shrewlike creatures that emerged from the dinosaurs' shadows only after most of those beasts died off. While our mammal relatives were busy growing, birds, by the same process of natural selection, were busy shrinking. While we were learning to stand up and walk on two feet, they were perfecting lightness and flight. While our neurons were sorting themselves into cortical layers to generate complex behavior, birds were devising another neural architecture altogether, different from a mammal's but, in some ways, at least, equally sophisticated. They, like us, were figuring out how the world works, and all the while, evolution was fine-tuning and sculpting their brains, giving their minds the magnificent powers they have today.

Anfibio gaua Elgoibarren Morkaikoren eskutik: arrabioa, uhandre marmolairea, txantxikua eta beste

Asier Sarasua 2018/04/15 21:20
Izarraitz, 2018ko apirilaren 13 gauean. Arrabioa, uhandre palmatua, uhandre marmolairea, apo arrunta eta txantxikua.
Anfibio gaua Elgoibarren Morkaikoren eskutik: arrabioa, uhandre marmolairea, txantxikua eta beste

Txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), arra arrautzak gordetzen

Iluntze-gau ederra igaro genuen ostiralean Elgoibar aldean. Morkaiko Mendizale Elkarteak hainbat jarduera eta irteera antolatu ditu aurtengo urterako, Elgoibarko natura eta ondarea ezagutzeko asmoz. Irteera horien artean, anfibioak ikusteko asmoarekin antolatutakoa zegoen herenegun.

Izarraitz aldera igo ginen, 25 laguneko taldetxo bat, ea ugaratxo, arrabio eta antzeko beste anfibiorik aurkitzen genuen. Ander Izagirre Naturzalia geneukan gidari eta gau ederra igaro genuen bere esanetara. Eguraldia ere lagun izan genuen (heze eta euritsua, anfibioak ikuskatzeko perfektoa) eta ikusi zitezkeen 6 espezieetatik 5 ikusi ahal izan genituen: arrabioa, apo arrunta, txantxikua, uhandre palmatua eta uhandre marmolairea (gaueko izarra izan zena, bere dragoi itxura ederrarekin). Baso-igel gorriak "ihes" egin zigun, baina tira, hurrengoan!

Esperientzia ederra izan zen, nagusi zein umeentzat. Hemen laburpen bideo txiki bat. Eskerrik asko Morkaikoko lagunei eta, batez ere, Ander Izagirre eta bere laguntzaileei, irteera osoan erakutsitako pazientzia eta ezagutza infinitoarengatik ;)

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz