2021ean behatutako hegaztien zerrenda
Aurten ere ezin hutsik egin azken urteotako ohiturari (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2020) eta hementxe nator iaz behatu (eta eBird aplikazioan apuntatu) ditudan txorien zerrendarekin. Azken 12 hilabeteotako nire txorizale ibileren laburpena.
Oso urte ederra izan da azkenengo hau txoriketa kontuei dagokienez. Hasteko, pare bat bidaia txiki egin ditut kanpora: ekainean Mantxa hezera joan nintzen (eBirden ere ikusgai laburpena) eta udako oporrak Doñana aldean egin genituen (Cadizen eta Huelvan igaro nituen 15 egun familiarekin). Euskal Herritik kanpoko bidaia horiek beti eskaintzen dituzte momentu bereziak, espezie ezohikoak, behaketa bakanak. Esate baterako, aspaldi ikusi gabe nengoen kuku mottoduna ikusi nuen Ciudad Realen (hainbat ale, gainera), ahate buruzuria eta zertzeta marmolairea moduko espezie urriak patxadaz eta erosotasun handiz behatu genituen, basoilo txiki eta handiak bertatik bertara ikusi genituen egunsenti zoragarri batean, karrakak, atalarrak eta usapalak erruz ikusi zitezkeen... Bidaia politak izan ziren biak, Mantxakoa zein Doñanakoa.
Ahate buruzuria (Oxyura leucochepala), arra.
Kuku mottoduna (Clamator glandarius). Migratzaile afrikarra, kukuaren senide urruna eta, huraxe bezala, bizkarroia. Miken eta arabazozoen habietan erruten ditu arrautzak. Argazkia eskasa da (espezie beldurti eta oso mugitua da) baina ilusio berezia egin zidan kuku mottodunak ikustea, aspaldi ez nituelako ikusten.
Eguzkiaren batera jaiki eta goizeko lehen ordu fresko horietan basoilo txikiak (Tetrax tetrax) eta basoilo handiak (Otis tarda) ikustea zereal sail zabaletan pasiatzen ari zaren bitartean. Sentsazio bete zoragarri hori.
Euskal Herritik kanpora egindako bidaia txiki horietaz aparte, esango nuke aurten Euskal Herrian ibili naizela inoiz baino gehiago. Halaxe diote urtean zehar eBirden pilatzen joan naizen estatistikek, besteak beste, Euskal Herrian inoiz baino espezie gehiago ikusi ditudala, lehenengo aldiz 200 espezieko langa gaindituta (207 espezie). Horien artean, adibidez, Euskal Herrian lehenengoz ikusi ditudan 15 txori espezieak, hala nola, karraka, murgilari urrebegia, murgilari lepokoduna, uroilanda hankaberdea, pottorro txikia, arabazozo gorrizta eta mendebal-txori mokolodia (azken laurak, gainera, Euskal Herritik kanpo ere ikusi barikoa nintzen).
Euskal Herri Hegoaldeko lau herrialdeetan ibili naiz, gainera. Gure ohiko mendi-ibilaldi txikietaz aparte, martxoan Araban igaro nituen egun batzuk, aste santua ere Araban pasatu genuen, udan astebete Berrotza-Lizarraldean, Nafarroako landa-eremuetara ere sarri joan naiz, Pirinioetara bezala, eta kostaldera ere ohi baino gehiagotan itsas hegaztiak ikustera.
Zanga gaztea (Morus bassanus). 'Verballenas' enpresarekin itsasora egindako irteeretako batean ateratako argazkia.
2021eko ezustekoetako bat euskal txorizaleen artean. Uroilanda hankaberde (Zapornia parva) eme bat izan dugu hainbat astez bisitari Osinbiribilen (Txingudi). Bizitzan lehenengoz ikusi dut espezie hau.
Nire hegazti faboritoetako bat? Seguru asko. Karrakaren (Coracius garrulus) kolore biziak eta izaera indomitoa oso erakargarriak dira niretako. Argazkiko ale hau Ciudad Realen ikusi nuen; 2021ean Nafarroan ere ikusi nuen ale bat, Berrotza bailaran.
Larra inguruan (Nafarroa Garaia), Lapazarra tontorrean (1785 m). Belatxingak, mendi-txirriskilak, mendi-berdantzak... Gipuzkoan urri diren espezieak, Nafarroan ere bizitzan lehenengoz ikusi ditut azkenengo biak, Lapazarrako magaletan hain zuzen ere.
2021eko behaketen laburpena: 243 txori espezie eta 9 espezie lehenengoz
Eta horrelaxe joan da etxean itxita hasi genuen urtea! Izan ere, halaxe geundelako orain dela urtebete, gure herrietatik ia irten ezinda. Gogoratzen! Beharbada horregatik harritu nau 2021ean guztira ikusitako espezieen kopuruak. Ustez larregi mugitu ez naizen urtean 243 txori klase ezberdin ikusi ditudalako, sekula baino gehiago! Horietatik guztietatik, 9 espezie lehenengoz ikusi ditut bizitzan.
Dena dela, kopuruak gutxienekoa dira. Txorizaletasuna naturzaletasunarekin lotzen dut nik beti, mendira irten, leku berriak ezagutu, lautada eta mendiak bisitatu... eta naturak bakarrik eskaintzen didan bake eta zoriontasuna aurkitzearekin. Horren guztiagatik, 2021 annus horribilis honetan, esango nuke txoriek lagundu didatela iluntasunean argi apur bat topatzen.
Laburbilduz, hauxe 2021ean ikusitako espezieen zerrenda eta kopuruak, zuzenean eBird aplikazioak ematen didan laburpena moztitsatsita.
- Behatutako espezieak: 243
- Gordetako behaketa-zerrendak: 181
- Euskal Herrian: 207 espezie:
- Gipuzkoan 148; horietako 18 espezie lehenengoz lurralde honetan, esate baterako, uroilanda hankaberdea, mendebal-txori mokolodia, aliota txikia, txirri iluna, txirri lodia, txilinporta urrebelarria, kaio kaspiarra, murgilari lepokoduna, pottorro txikia, borrokalaria, arabazozo gorrizta...
- Araban 131; 9 espezie lehenengoz (okil beltza, itsas enara musuzuria, udako zertzeta, txoloma, arrano arrantzalea...)
- Bizkaian 108; 11 espezie lehenengoz (murgilari urrebegia Oletan, okil beltza Saldropon, kaio kaspiarra Bermeon, buztangorri argia Urdaibain...).
- Nafarroan 82; 3 espezie lehenengoz (mendi-txirriskila, mendi-berdantza, karraka europarra).
- Deba Ibarrean 89 eta Eibarren 58.
# | Espeziea |
1 | Antzara hankagorrizta - Anser anser |
2 | Beltxarga arrunta - Cygnus olor |
3 | Beltxarga beltza - Cygnus atratus |
4 | Antzara egiptoarra - Alopochen aegyptiaca |
5 | Paita arrunta - Tadorna tadorna |
6 | Ahate karolinarra - Aix sponsa |
7 | Mandarin-ahatea - Aix galericulata |
8 | Udako zertzeta - Spatula querquedula |
9 | Ahate mokozabala - Spatula clypeata |
10 | Ipar-ahatea - Mareca strepera |
11 | Ahate txistularia - Mareca penelope |
12 | Basahatea - Anas platyrhynchos |
13 | Ahate buztanluzea - Anas acuta |
14 | Zertzeta arrunta - Anas crecca |
15 | Zertzeta marmolairea - Marmaronetta angustirostris |
16 | Ahate gorrizta - Netta rufina |
17 | Murgilari arrunta - Aythya ferina |
18 | Murgilari lepokoduna - Aythya collaris |
19 | Murgilari arrea - Aythya nyroca |
20 | Murgilari mottoduna - Aythya fuligula |
21 | Ahatebeltz arrunta - Melanitta nigra |
22 | Murgilari urrebegia - Bucephala clangula |
23 | Ahate buruzuria - Oxyura leucocephala |
24 | Galeperra - Coturnix coturnix |
25 | Eper gorria - Alectoris rufa |
26 | Flamenko handia - Phoenicopterus roseus |
27 | Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis |
28 | Txilinporta urrebelarria - Podiceps auritus |
29 | Murgil handia - Podiceps cristatus |
30 | Txilinporta lepabeltza - Podiceps nigricollis |
31 | Haitz-usoa - Columba livia |
32 | Txoloma - Columba oenas |
33 | Pagausoa - Columba palumbus |
34 | Usapal europarra - Streptopelia turtur |
35 | Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto |
36 | Ganga azpizuria - Pterocles alchata |
37 | Basoilo handia - Otis tarda |
38 | Basoilo txikia - Tetrax tetrax |
39 | Kuku mottoduna - Clamator glandarius |
40 | Kukua - Cuculus canorus |
41 | Malkar-sorbeltza - Apus melba |
42 | Sorbeltz arrunta - Apus apus |
43 | Uroilanda handia - Rallus aquaticus |
44 | Uroilo arrunta - Gallinula chloropus |
45 | Kopetazuri arrunta - Fulica atra |
46 | Kopetazuri gandorduna - Fulica cristata |
47 | Uroilanda hankaberdea - Zapornia parva |
48 | Kurrilo arrunta - Grus grus |
49 | Atalarra - Burhinus oedicnemus |
50 | Zankaluzea - Himantopus himantopus |
51 | Abozeta - Recurvirostra avosetta |
52 | Itsas mika - Haematopus ostralegus |
53 | Txirri grisa - Pluvialis squatarola |
54 | Hegabera - Vanellus vanellus |
55 | Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus |
56 | Txirritxo handia - Charadrius hiaticula |
57 | Txirritxo txikia - Charadrius dubius |
58 | Kurlinta bekainduna - Numenius phaeopus |
59 | Kurlinta handia - Numenius arquata |
60 | Kuliska gorria - Limosa lapponica |
61 | Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa |
62 | Harri-iraularia - Arenaria interpres |
63 | Txirri lodia - Calidris canutus |
64 | Borrokalaria - Calidris pugnax |
65 | Txirri kurlinta - Calidris ferruginea |
66 | Txirri zuria - Calidris alba |
67 | Txirri arrunta - Calidris alpina |
68 | Txirri iluna - Calidris maritima |
69 | Txirri txikia - Calidris minuta |
70 | Istingor arrunta - Gallinago gallinago |
71 | Mendebal-txori mokolodia - Phalaropus fulicarius |
72 | Kuliska txikia - Actitis hypoleucos |
73 | Kuliska iluna - Tringa ochropus |
74 | Kuliska zuria - Tringa nebularia |
75 | Kuliska pikarta - Tringa glareola |
76 | Bernagorri arrunta - Tringa totanus |
77 | Marikaka handia - Stercorarius skua |
78 | Marikaka isatsbihurra - Stercorarius pomarinus |
79 | Marikaka isatslaburra - Stercorarius parasiticus |
80 | Marikaka isatsluzea - Stercorarius longicaudus |
81 | Pottorro txikia - Alle alle |
82 | Martin arrunta - Uria aalge |
83 | Pottorro arrunta - Alca torda |
84 | Lanperna-musua - Fratercula arctica |
85 | Antxeta hankabeltza - Rissa tridactyla |
86 | Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus |
87 | Antxeta txikia - Hydrocoloeus minutus |
88 | Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus |
89 | Kaio mokohoria - Larus canus |
90 | Kaio hauskara - Larus argentatus |
91 | Kaio hankahoria - Larus michahellis |
92 | Kaio kaspiarra - Larus cachinnans |
93 | Kaio iluna - Larus fuscus |
94 | Kaio beltza - Larus marinus |
95 | Txenada txikia - Sternula albifrons |
96 | Txenada mokobeltza - Gelochelidon nilotica |
97 | Itsas enara beltza - Chlidonias niger |
98 | Itsas enara musuzuria - Chlidonias hybrida |
99 | Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis |
100 | Aliota txikia - Gavia stellata |
101 | Aliota handia - Gavia immer |
102 | Ekaitz-txori handia - Hydrobates leucorhous |
103 | Gabai arrea - Calonectris diomedea |
104 | Gabai iluna - Ardenna grisea |
105 | Gabai arrunta - Puffinus puffinus |
106 | Gabai balearra - Puffinus mauretanicus |
107 | Zikoina zuria - Ciconia ciconia |
108 | Zanga arrunta - Morus bassanus |
109 | Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo |
110 | Ubarroi mottoduna - Gulosus aristotelis |
111 | Koartza hauskara - Ardea cinerea |
112 | Koartza gorria - Ardea purpurea |
113 | Koartza zuria - Ardea alba |
114 | Koartzatxo txikia - Egretta garzetta |
115 | Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis |
116 | Amiltxori arrunta - Nycticorax nycticorax |
117 | Beltzarana - Plegadis falcinellus |
118 | Mokozabal zuria - Platalea leucorodia |
119 | Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus |
120 | Elano urdina - Elanus caeruleus |
121 | Sai zuria - Neophron percnopterus |
122 | Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus |
123 | Sai arrea - Gyps fulvus |
124 | Arrano sugezalea - Circaetus gallicus |
125 | Arrano txikia - Hieraaetus pennatus |
126 | Arrano beltza - Aquila chrysaetos |
127 | Zingira-mirotza - Circus aeruginosus |
128 | Mirotz zuria - Circus cyaneus |
129 | Mirotz urdina - Circus pygargus |
130 | Gabirai arrunta - Accipiter nisus |
131 | Miru gorria - Milvus milvus |
132 | Miru beltza - Milvus migrans |
133 | Zapelatz arrunta - Buteo buteo |
134 | Mozolo arrunta - Athene noctua |
135 | Urubi arrunta - Strix aluco |
136 | Argi-oilarra - Upupa epops |
137 | Martin arrantzalea - Alcedo atthis |
138 | Erle-txoria - Merops apiaster |
139 | Karraka europarra - Coracias garrulus |
140 | Lepitzulia - Jynx torquilla |
141 | Okil handia - Dendrocopos major |
142 | Okil txikia - Dryobates minor |
143 | Okil berde iberiarra - Picus sharpei |
144 | Okil beltza - Dryocopus martius |
145 | Naumann belatza - Falco naumanni |
146 | Belatz gorria - Falco tinnunculus |
147 | Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo |
148 | Belatz handia - Falco peregrinus |
149 | Urretxoria - Oriolus oriolus |
150 | Antzandobi arrunta - Lanius collurio |
151 | Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis |
152 | Antzandobi kaskagorria - Lanius senator |
153 | Eskinosoa - Garrulus glandarius |
154 | Mika urdina - Cyanopica cooki |
155 | Mika arrunta - Pica pica |
156 | Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax |
157 | Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus |
158 | Bele txikia - Corvus monedula |
159 | Belabeltza - Corvus corone |
160 | Erroia - Corvus corax |
161 | Pinu-kaskabeltza - Periparus ater |
162 | Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus |
163 | Kaskabeltz txikia - Poecile palustris |
164 | Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus |
165 | Kaskabeltz handia - Parus major |
166 | Dilindaria - Remiz pendulinus |
167 | Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla |
168 | Kalandria - Melanocorypha calandra |
169 | Txoriandre pispoleta mediterranearra - Alaudala rufescens |
170 | Pirripioa - Lullula arborea |
171 | Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis |
172 | Kutturlio arrunta - Galerida cristata |
173 | Ihi-txoria - Cisticola juncidis |
174 | Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta |
175 | Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus |
176 | Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus |
177 | Benarriz gorrizta - Locustella luscinioides |
178 | Benarriz nabarra - Locustella naevia |
179 | Uhalde-enara - Riparia riparia |
180 | Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris |
181 | Enara arrunta - Hirundo rustica |
182 | Enara ipurgorria - Cecropis daurica |
183 | Enara azpizuria - Delichon urbicum |
184 | Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli |
185 | Txio horia - Phylloscopus trochilus |
186 | Txio arrunta - Phylloscopus collybita |
187 | Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus |
188 | Errekatxindorra - Cettia cetti |
189 | Buztanluzea - Aegithalos caudatus |
190 | Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla |
191 | Baso-txinboa - Sylvia borin |
192 | Txinbo burubeltza - Curruca melanocephala |
193 | Sasi-txinboa - Curruca communis |
194 | Etze-txinboa - Curruca undata |
195 | Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla |
196 | Garrapoa - Sitta europaea |
197 | Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla |
198 | Txepetxa - Troglodytes troglodytes |
199 | Ur-zozoa - Cinclus cinclus |
200 | Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris |
201 | Arabazozo beltza - Sturnus unicolor |
202 | Arabazozo gorrizta - Pastor roseus |
203 | Garraztarroa - Turdus viscivorus |
204 | Birigarro arrunta - Turdus philomelos |
205 | Birigarro hegagorria - Turdus iliacus |
206 | Zozo arrunta - Turdus merula |
207 | Euli-txori grisa - Muscicapa striata |
208 | Txantxangorria - Erithacus rubecula |
209 | Urretxindorra - Luscinia megarhynchos |
210 | Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca |
211 | Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus |
212 | Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros |
213 | Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra |
214 | Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola |
215 | Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe |
216 | Buztanzuri horia - Oenanthe hispanica |
217 | Txori ehule burubeltza - Ploceus melanocephalus |
218 | Euplectes afer |
219 | Tuntun arrunta - Prunella modularis |
220 | Etxe-txolarrea - Passer domesticus |
221 | Txolarre iluna - Passer hispaniolensis |
222 | Landa-txolarrea - Passer montanus |
223 | Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia |
224 | Buztanikara horia - Motacilla cinerea |
225 | Larre-buztanikara - Motacilla flava |
226 | Buztanikara zuria - Motacilla alba |
227 | Negu-txirta - Anthus pratensis |
228 | Uda-txirta - Anthus trivialis |
229 | Mendi-txirta - Anthus spinoletta |
230 | Txonta arrunta - Fringilla coelebs |
231 | Negu-txonta - Fringilla montifringilla |
232 | Gailupa - Pyrrhula pyrrhula |
233 | Txorru arrunta - Chloris chloris |
234 | Txoka arrunta - Linaria cannabina |
235 | Kardantxiloa - Carduelis carduelis |
236 | Mendi-txirriskila - Carduelis citrinella |
237 | Txirriskila arrunta - Serinus serinus |
238 | Tarina - Spinus spinus |
239 | Gari-berdantza - Emberiza calandra |
240 | Mendi-berdantza - Emberiza cia |
241 | Hesi-berdantza - Emberiza cirlus |
242 | Berdantza horia - Emberiza citrinella |
243 | Zingira-berdantza - Emberiza schoeniclus |
Txirriskila (S. serinus)
Txinbo burubeltza (Sylvia melanocephala)
Guardia (Araba).
Udako zertzeta (Anas querquedula), aurtengo ezustekoetako bat, Guardiako paduretan dozena erdi ale aurkitzea udaberriko pasean.
Beletxikia (Corvus monedula), gero eta urriagoa Euskal Herrian.
Hegabera (V. vanellus)
Gaztela Mantxako ordokiak, landaketak eta aintzira gaziak. Paisaia magnetikoa niretako.
Hegaztiak ez ezik, narrasti eta ugaztunak ere agertzen dira tarteka kameraren aurrean. Azeri txiki hau despistatuta zebilen, bere gauzetan pentsatzen, eta hanketaraino hurreratu zitzaidan! Ederra sustoa hartu zuena! ;)))
Txirritxo handia (Charadrius hiaticula)
Navasecako urmaela, Daimiel ondoan (Ciudad Real). Leku humanizatu bat, araztegi bateko uren bidez elikatzen dena, EDAR baten alboan, eta hala ere, hegaztiak ikusteko oso toki egokia. Aurkikuntza txiki bat izan zen.
Beltzaranak (Plegadis falcinellus)
Odiel ibaiaren paraje naturala eta gatzagak (Huelva). Zankaluze eta migratzaileentzat leku aparta. Abuztua ez da sasoirik onena, baina 40 txenada txiki (Sternula albifrons) ikusi genituen, dozenaka txirri kurlinta, txirri txiki, borrokalari, txirritxo hankabeltz, flamenko, kurlinta eta kuliskarekin batera.
Hirubelakaskoa (965 m), Baztanen. Miruz eta sai arrez inguratuta ibili ginen.
Gabai iluna (Ardenna grisea) bermeo parean.
Gure kostaldeko beste bisitari ohiko bat, Europa iparraldean kumatu arren gurean ere erraz samar ikus daitekeena, marikaka handia (Sterkorarius skua).
Mendebal-txori mokolodi (Phalaropus fulicarius) txiki hau Osinbiribilen agertu zen 2021eko abenduan, abendu hasierako ekaitzen ostean. Zenbait egunez oso aktibo eta lasai ikusi ondoren, handik gutxira hil egin zen.