Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala), Europako ahateki berezi eta mehatxatuenetako bat

Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala), Europako ahateki berezi eta mehatxatuenetako bat

Asier Sarasua 2021/11/01 20:35
Buruzuri, mokourdin eta buztantentea, Europako anatidarik berezienetako bat da. Baita mehatxatuenetako bat ere.
Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala), Europako ahateki berezi eta mehatxatuenetako bat

Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala)

Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala) anatida berezi eta deigarria da. Oxyura generoak Paleartikoan daukan ordezkari bakarra da, monoespezifikoa da (ez dauka azpiespezierik) eta Eurasiako aintzira zabal eta sakon samarretan bizi da. Asiako populazioak migratzaileak dira, baina Mediterraneo ingurukoak ez, tartean Euskal Herritik hurbilean ditugun buruzuri espainiarrak.

Ahate buruzurietan, anatidetan ohikoa den bezala, dimorfismo sexual nabarmena dago eta ar-emeak nahiko ezberdinak dira. Bere izen zientifikoak (Oxyura leucocephala) oso garbi adierazten digu ahate hauek nolakoak diren, buztantente (oxys+oura) eta buruzuriak (leucos+kephalos). Tira, arrak dira horrelakoak, emeen burua arrea baita, gehienbat.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 04

Ahate buruzuri familia bat. Ar buruzuri mokourdina aurrean, eme arrea atzerago (bera arduratzen da kumaldi osoaz) eta bere lau txito, helduak baino ilunagoak eta bekain-marra zuri agerikoarekin. Alcázar de San Juan, 2021 (Ciudad Real, Espainia).

Arrak zein emeak pottoko samarrak dira eta lepo laburra dute. 45 cm inguru neurtzen dute, arrak beti emeak baino handi eta astunagoak diren arren. Hankak nahiko atzean dituzte eta horrek arintasuna ematen die igariketarako, baina ez lehorrean mugitzeko, non nahiko baldarrak diren (baita beste anatida batzuekin alderatuta ere).

Arraren buru zuria da, bere kaskogain ilunarekin, espezie honen bereizgarri nagusienetako bat (eta hizkuntza gehienetan izena ematen diona), baina baita bere moko sendo, borobildu eta urdina ere. Ezaugarri horiek nahastezin bihurtzen dute ahate buruzuria: Europa mendebaldean ez dago antzeko beste espezierik. Moko urdin hori ere arrek bakarrik dute, emeen mokoa arrea delako, nahiz eta forma aldetik arraren antzekoa den.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 07

Ahate buruzuri arra ezin da beste inolako ahaterekin nahastu: buru zuria, kaskogain beltza, buztan tentea eta moko urdina. Nahastezina.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 08

Ahate buruzuria (Oxyura leucocephala). Igeri egiteko orduan, buztana urazpian sartzen dute, igeriketan laguntzeko.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 09

Ahate buruzuri emea arra baino askoz diskretoagoa da. Arrea ia osorik, lepoa eta burua ilunagoak ditu.

Emeek marra ilun deigarria daukate euren aurpegi zurixkara gurutzatzen eta gazteek ere marra zuri nabarmena dute bekainean. Isatsa eta samaldea beltza dituzte eta, gainontzean, gorputz osoa arrea dute, emeek zein arrek. Kumalditik kanpo, kolore guztiak motelagoak dira eta kolore gris-arrek hartzen dituzte luma gehienak.

Taldean bizi ohi dira, kumaldian izan ezik, eta arriskuen aurrean ur azpian ezkutatzen dira, hegan egitea saihestuz. Izan ere, hegalari baino buzeatzaile trebeagoak dira eta elikatu ere ur azpian elikatzen dira, 2-3 metroko sakonerara. Landaretza akuatikoaz gain, ornogabe txikiak jaten dituzte elikatzeko (harrak, larba bentonikoak eta abar).

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 06

Ahate buruzuria Alcázar de San Juaneko urmaelean (Ciudad Real, Espainia).

Europako anatida mehatxatuenetako bat

Jatorriz Europako eta Asiako lurralde zabaletan bizi zen arren, gaur egun bere populazioak gainbehera daude. Arriskuak, betikoak: habitat galera, hezeguneak lehortzea, ehiza... Horien ondorioz, espezie hau desagertzeko arriskuan dago eta babes maila handia dauka herrialde askotan.

Europa mendebaldeko populazioak izan dira orain gutxira arte egoera txarrenean zeudenak. Espainian, adibidez, 20 bikote inguru bakarrik geratzen ziren duela 50 urte, guztiak ere Kordoban. Azken hamarkadetan, ostera, lan handia egin da Espainian ahate buruzuria babesteko eta bere bizilekuak zaintzeko eta gaur da eguna ahate buruzuriak ikustea nahiko ohikoa dena, besteak beste, Mantxa Hezeko urmaeletan, Andaluziako hainbat tokitan, Valentzian edota Baleareetan. Guztira 2.500 bikote baino gehiago daude gaur egun Espainian. Joan zen ekainean La Mantxara egindako bisitaldian ikusi nituen argazkietako hauek. Doñana inguruko zenbait urmaeletan ere ohiko dira.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 03

Atseden hartzeko, anatida gehienek burua hegoen azpian ezkutatzen dute. Buztan tentea, ostera, ezin du ezkutatu ahate buruzuriak.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 05

Ahate buruzuri emea. Mokoa beltza da, urdina izan beharrean, baina forma eta tamaina aldetik arraren parekoa da, hazia, sendoa eta borobildua.

Ahate buruzuria (Oxyhura leucocephala) - 02

Ahate buruzuri txikiak ilunak dira eta aurpegia gurutzatzen dien marra zuriak bihurri itxura ematen die.

etiketak: natura, txoriak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz