Zimitorioa, herrietako bizitzaren erdigune
Egitura arkitektonikoen artean nire kuttunenak. Are gehiago Beuntzako hau bezain ederrak badira, Atetz bailaran (Nafarroa). Denborak dirdiratutako harlauzak, herritarrek moldatutako jarlekuak, urdinez jantzitako habeak...
Gizaldiz gizaldi herriko bilgune nagusi izan dira zimitorioak. Elizak zuen boterearen adierazle, bestalde. Jaio berriak aurkeztu eta hildakoak agurtzeko lekua zen; gaztetxoen jolastoki eta pilotarien frontoi; helduen topagune eta herriko erabakigune nagusi. Sarritan baita ehorztoki ere (jatorrizko esanahia horixe baitute, 'zementerio'), nahiz eta eliza katolikoak aspaldi atera zituen hildakoak eliz-atarietatik, osasun arrazoiak zirela eta.
Elizpea da gurean, Eibarren eta gure inguru honetan (Jose Angel Urkiak Twitterren gogoratu didan moduan); Goierri inguruko herriren batzuetan elizkristoa omen (ez dut aurkitu aipamenik inongo hiztegitan). 'Zimitayua', berriz, Getariako, Zumaiako eta Zarauzko euskara jasotzen jardun genuenean entzun nuen nik lehenengoz. Twitter bidez ere, inguru horretako erantzun asko jaso ditut eta Aiako, Zumaiako, Getariako eta Orioko irudiak ere bidali dizkidate, besteak beste.
Orion ere «zimitorio» («zimitayo») esaten zaiok; baten faltan, bi zeuzkeagu gainera: «zimitorio zaharra» eta «zimitorio berria», ederrak biak. Eta bien arteko pasabide dotorea! pic.twitter.com/mGxBVyaL6T
— Jabier Zabaleta (@ja2er) October 31, 2021
Zimitorio, zimitayo, zimetterio, zimeteri
Zimitorio, zimitayo, zimitoio, zimitterio edo zimeteri aldaerak ere baditu, gutxienez. Gipuzkeraren eremu handi batean eta Nafarroa iparraldeko zenbait eskualdetan erabili izan da berba hori. Baita argazkiko Atetz bailara inguruan ere, antza, Orotarikoaren arabera.
Goiko argazkiko zimitorioa, Beuntzako Jasokundearen parrokiakoa da, Atetz bailaran (Nafarroa Garaia). Inguru zoragarria, bide batez esanda.
Beuntzako pilotalekua eta eskola izandakoa (Atetz bailara, Nafarroa Garaia).
Jasokundearen parrokia (Atetz bailara, Nafarroa Garaia).
Beuntzako Jasokundearen parrokiako eliz-atari edo zimitorioa (Atetz bailara, Nafarroa Garaia).