La Plana (1.337 m) eta Joar (1.417 m), Kodes mendilerroa eta Berrotza harana ezagutzeko aitzakia #100mendi
Kodesko mendilerroak Araba eta Nafarroa batzen ditu, Kanpetzu, Torralba del Río eta Aguilar udalerrien artean. Mendikate txiki samarra da eta hiru dira bertan aurkituko ditugun mendi ezagunenak: Joar (1.417 m), La Plana (1.338 m) eta Costalera (1.233 m).
Bizkaitar-giputzok ipar hegitik ikusten dugu normalean mendilerro hau, Arabako Santikurutze Kanpetzutik edo Nafarroako Zuñigatik eta, iparraldetik begiratuta garrantzi gutxiko eta itxura ez bereziki politeko mendilerroa ematen du, ametzek eta arteek estalitako gailur-segida txiki bat besterik ez. Baina Kodesko mendilerroaren edertasunaz erabat jabetzeko hegoaldetik begiratzea komeni da. Orduan konturatuko gara Araba-Nafarroa artean dagoen mendilerro hau Euskal Herriko politenetakoa dela, bere txikitasunean.
Handik egin diogu guk igoerari, uztaileko arratsalde eguzkitsu baina ez beroegi batean. Torralba del Rion dagoen Kodesko santutegitik. Santutegia bera egokia da ibilbidea hasteko eta amaieran berrindartzeko: iturria, mahaiak, itzala... erromesendako geldialdia ere bada.
Santutegi ostean abiatzen da bidea. Hasiera polita eta gozoa da: pista garbia, galbiderik gabea, erosoa. Ametzen gerizpean doa bidearen lehenengo heren hori, gutxi gorabehera.
Kodesko santutegia.
Bidearen hasiera samurra da, arteen eta ametzen gerizpean.
Igoeraren bigarren zatia da malkarrena, maldarik handiena daukana, harri txingorren artean. Deserosoagoa, bai, baina ederragoa ere bai, Los Cencerroseko eta La Planako harkaitz garauak ametzen osto artean ikusten direnean. Eta, bitartean, Berrotza ingurua daukagu bizkarrean, Otiñano, Mirafuentes, Ubago, Mues, Torralba, Esprontzeda, eta abar.
Bigarren zati hori Joar eta La Plana banatzen dituen lepo eta zabalunean amaitzen da. Ezkerretara Joar dago; eskuinetara La Plana. Biak errazak handik gora, 15 minutu inguruko igoera. Joarrera baso batetik barrena igotzen da; tontorrean panoramika ederra dauka baina antenaz josita dago.
Guk La Plana aukeratu dugu. Azken txanpa horren hasiera txilardi haizetsu batetik hasi dugu baina bizkor sartu gara basotxo batera. Erraz igotzen da. Amaieran berriz argitzen da ingurua eta bista zoragarriak ditu. Kodes mendilerro guztia dakusagu parean, Costaleraren hezurdura bereziarekin; hegoaldera Berrotza eta infiniturainoko begirada zabala; iparraldera Lokiz lehenengo planoan eta atzerago Nafarroa eta Arabako gainontzeko mendilerroak.
Nahi duenak La Planatik aurrera egin dezake, La Costaleraraino eta gero Nazar ingurura jaitsi. Guk igotako bidetik ekin diogu beherantz.
La Planak ez du beste euskal mendi batzuen izenik eta handitasunik, baina 100 mendien lehiaketarako egin ditugunen artean Top Ten zerrendan sartzeko hautagai handia da.
Gailur garbia; ikuspegi zabala. Ezkerretara Costaleraren hezurdura, hildako balea edo dragoia bailitzan, eta atzerago Lokiz mendilerroa.
Haizeari aurre eginez, Eibarko Klub Deportiboko txartela postontzian sartzen.
100 mendien lehiaketarako puntuagarria da La Plana. Igo ditugun guztien artean gehien gustatu zaigunetako bat.