Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m), Izki mendilerroan #100mendi #83

Asier Sarasua 2019/10/11 12:05
Izki mendilerroko tontorrik ederrenetakoak dira San Justi (1.024) eta San Kristobal (1.057 m).

Araba hego-ekialdean dago Izki Parke Naturala, Arabako Mendialdea izeneko eskualdean eta Izki errekak sortzen duen ibarrean. 1998. urtean izendatu zuten Natur Parke eta 9.000 hektarea inguru ditu, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Kanpezu artean banatuta.

Basoz betetako ingurunea da Izki, hariztiak (%50) eta pagadiak (%25) nagusitzen direlarik. Oso ondo kontserbatutako oihanak dira gainera eta, besteak beste, Izki ingurua da Euskal Herrian okil ertaina (Dendrocoptes medius) aurkitzeko tokirik egokiena (eta ia bakarra).

Mendiei dagokionez, Izki mendilerroan kokatzen dira bere gailurrik gehienak, Gasteizko mendiak izeneko mendilerroraino. Tontorrik garaiena Kapildui da (1.175 m), baita ezagunena ere, Euskalmetek bertan daukan radar eta antenarengatik sarri aipatzen dutelako Euskal Telebistan, baina mendi-buelta bat emateko politagoak dira Arraia-Maeztutik eta Kanpezu ingurutik egiten diren igoerak.

Esate baterako, Arraia-Maeztuko Apinaiz auzotik gora egiten den 6-8 km inguruko ibilbide erraz eta ederra. Handik gora samur-samur igo daitezke San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m) mendiak, beharbada mendilerro honetan dauden tontorrik ederrenak, hegoalderago dagoen Muela (1.055 m) mendiarekin batera.

Eta halaxe egin genuen guk orain dela aste batzuk, 100 mendien lehiaketarako egiten ari garen igoeren artean. 2015ean hasi genuen Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen "lehiaketa" moduko hau (10 urteko epean Euskal Herriko 100 mendi ezberdin igotzearena), eta Izkin barrena egindako ibilbide hau izan da gure 83. mendia zerrenda horretan.

Esan bezala, Apinaiz (gazteleraz Apellaniz) auzunetik hasi genuen ibilbidea. Herrixka polita da, lasaia, 250 biztanletik gora izatera heldu zena, baina gaur egun erdiak-edo dituena. Parking bat dago eliza ostean, eta handik gora hainbat ibilbide daude markatuta Natur Parkean barrena.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 01

Apinaiz (Arraia-Maeztu, Araba).

Herri erditik igaro, eta seinalak jarraituz berehala aurkitu genuen gure ibilbidea. Ez du inon markatzen San Justi edo San Kristobal, baina bidea zabala da eta Mendiak APPa eskuan eramaten dugunez, hango mapekin ez dago galtzerik.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 02

Lehenengo metroak haritz eta pago artean egiten dira, bide zabal batean zehar, eta kilometro bat egin aurretik urtegi txiki honetara helduko zara. Ugaratxoz eta zapaburuz beteta zegoen. Putzua inguratuz, gora jarraitzen du bideak.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 03

Behin urtegia igarota, bidexka pixkat estutzen da eta basoa desagertuz doa gutxika-gutxika. Errekatxo baten arroari jarraituz egiten du gorantz bideak, haitzek sortzen dituzten egitura geologiko ederren magalean.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 04

Bideak ez dauka inolako zailtasunik. Garbia da, ez dauka malda handiegirik, eta luzea ere ez da, berehala helduko garelako goiko ordokira.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 05

Bidegurutze honetan hainbat mendi-bide ezberdin hartu daitezke. Gu aurrerantz egin genuen, zuzen, han barrenean zuhaitz artean ikusten den San Justira igotzeko asmoz.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 06

Zati luze batean igeltsuz (?) estalitako ingurua gurutzatu behar da. Ipurua eta txilarra dira landaretza nagusia. San Justira heldu ahala, ostera, berriro agertuko zaizkigu pagoak. Zabaluneetan durdurak (Turdus viscivorus) eta pirripioak entzun ditugu; behin basoetan sartuta, garrapoak, okilak eta kaxkabeltxak nagusitzen dira.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 07

San Justira garamatzan bidexkak hegoalderantz egiten du lehenengo eta, gero, bueltan-bueltan, tontorreraino eramango gaitu. Tontorra ez da nabarmenegia, baina ikuspegi ederra dago hegoalderantz, Bernedo ingururantz, eta bere atzean geratzen den Toloño mendilerrorantz.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 08

San Justiko (1.024 m) postontzian txartela laga eta gero, igotzeko erabili dugun bidea ezkerretara utzi, eta iparrerantz egingo dugu, goiko ordokian barrena. Txiri-txiri egiten da San Kristobalerainoko tartea. Oso gora-behera gutxirekin, eta ikuspegi ederra lagun. Beherago aurkitu ditugun ipuru eta txilarrekin batera, pinuak eta ametzak ere aurkituko ditugu bidean. Hegaztien artean, sai arreak bazka bila dabiltza; belatxingak beti bezain zalapartatsu, eta abenduren bat (Buteo buteo) ere igaro da gure gainetik.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 09

Ez dago galtzeko arriskurik. Eskuineko sakanetik igo gara, eta orain aurrera egiten dugu, goragotik, San Kristobaleraino (1.057 m). Oraingoan, Izkiko parkearen ekialdea ikusiko dugu parean, Arraia-Maeztuko haran zabal eta ederra.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 10

Hemen ere, ohiko argazkiak atera, txartela laga postontzian, eta beheranzko bidea hartuko dugu.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 11

Jaisteko ez dago inolako arazorik. Mendi zabala da San Kristobal, eta bakoitzak erabaki dezala nondik jaitsi nahi duen. Atzera egin eta malda txikiagoko lekutik, ezkerrerantz jo eta mendi-buelta luzatuz, edo zuzenean parkinerantz jo, guk egin genuen moduan.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 12

Gorago aipatu dugun moduan, Apinaiz ingurua eta San Justi eta San Kristobal mendiak ez dira mendilerroko garaienak ezta igoenak ere. Natur Parkerako sarrera "ofiziala" ere hegoalderago dago, Korres inguruan (eta han ere oso ibilbide politak daude), baina mendi-gailuerrei dagokienez, seguru asko hauexek izango dira parkeko igoerarik politenetakoak. 6-8 km inguru dira, malda gutxikoak, eta haurrekin ere eroso egiteko modukoak.  

Kartxela mendia (1.979 m), Belagua eta Juan Pitotik gora, Binbaletako zirkoan barrena

Asier Sarasua 2019/09/22 14:30

Euskal Herriko bosgarren mendirik garaiena da Kartxela, bere 1.979 metroekin. Baita ederrenetarikoa ere, Ezkieta (1.905m) eta Binbaletarekin (1.757 m) osatzen duen zirko txikia ikusgarria delako eta tontorretik bista ikaragarriak daudelako. Ia-ia Euskal Herriko gailur garrantzitsu guztiak ikus daitezke bertatik.

Santa Garazi (Zuberoa) eta Uztarroze (Erronkari, Nafarroa Garaia) artean dago, Otsogorrigañak, Barazeak, Ezkietak, Keletak eta Larrondok osatzen duten mendilerro zirkularrean.

Santa Grazitik zuzenean igo daiteke, 5 ordu inguruan; baita Uztarroze ingurutik ere Mintxateko ibarrean barrena (3-4 orduan), baina igoera ohikoena Belagua aldetik egiten da, autoa Juan Pitoko bentan edo goragoko aterpetxean lagata. Handik, GR-12 ibilbidearen ondotik igaroz, eta Binbaleta (1.757 m) magaletik zehar, nahiko erraz helduko gara Kartxelara, 5 km eta 2 ordu inguruko ibilbidean.

Igoera Juan Piton hasi genuen. Parkinetik Keleta (1.905 m) tontorra ikusten da. Kartxela bera atzerago ostenduta geratzen da. Harantz goaz!

2019-09-13_kartxela (1).jpg

Ibilbideak ez dauka galerarik. Parkinean bertan garbi adierazten da igoera. Bidea ere argia da, markaz josia eta jarraitzeko garbia. Lehenengo zatia baso batean zehar egingo dugu, pagoak nagusi.

2019-09-13_kartxela (2).jpg

Basotik irten bezain azkar, Keletak, Ezkietak eta Binbaletak osatzen duten zirko txikira helduko gara. Gutxinaka-gutxinaka gero eta ikuspegi zabalagoa izango dugu, metroetan gora egin ahala.

2019-09-13_kartxela (3).jpg

40' inguru igo ostean, igoerako lehenengo mugarrira helduko gara: Arrakogoitiko lepora. Iparraldera begiratuta, han behean barrenean, Kakuetako Arroila dakusagu, Zuberoan. Eskumatara eginez gero, Lakhura (1.877 m) ingururantz jo dezakegu, eta handik Eraizeko lepora. Guk, berriz, ezkerrerantz egingo dugu, mendebalderantz, Binbaleta azpitik igaro eta Kartxelako oinera eramango gaituen bidezidorretik. Zati hau GR-12a da.

2019-09-13_kartxela (4).jpg

Oraintxe dator ibilbidearen zatirik gogorrena, seguru asko. Aldapa gogortzen hasten da, parean Keleta eta Ezkieta ikusten ditugun bitartean. Hala ere, ez da ere munduko maldarik pikarrena; nork bere erritmoa hartu eta aise gainditzen da zati hau.

2019-09-13_kartxela (5).jpg

Behin Binbaletako lepoa gaindituta, azken zatia falta zaigu. Beste 15-20 minutuko igoera besterik ez da falta Kartxelako gailurra harrapatzeko.

2019-09-13_kartxela (6).jpg

Ikuspegia sekulakoa da une oro.

2019-09-13_kartxela (7).jpg

Orain bai, azkenean begien aurrean azaldu da Kartxela mendiaren tontor harritsua. Azken metroak dira.

2019-09-13_kartxela (8).jpg

2019-09-13_kartxela (9).jpg

2019-09-13_kartxela (10).jpg

Tontorretik dagoen ikuspegia demasa da. Pirinioak alde batera, itsasoa parean, Zuberoa eta Nafarroako gailurrak ez ezik, Gipuzkoako gehienak ere begi bistan ditugu.

2019-09-13_kartxela (11).jpg

Postontzian Eibarko Klub Deportiboko txartela laga (100 mendien lehiaketa egiten dihardugu eta), eta mokadutxoa. Hamaiketakoa ondo irabazita daukagu. Ez da leku txarra indarberritzeko.

2019-09-13_kartxela (12).jpg

Beheranzko bidea gailurrerian zehar egingo dugu, gailurrez gailur. Ezkieta (1.905) eta Keleta (1.906 m) dira hurrengo tontorrak. Malkartsuak, baina ez bereziki zailak gailurreria guztia egiteko.

2019-09-13_kartxela (13).jpg

2019-09-13_kartxela (14).jpg

Ezkietan ere ireki dugu Mendiak APPa eta igoera markatzeko aprobetxatu dugu, zelan ez!

2019-09-13_kartxela (15).jpg

Bide nagusiak aurrera egiten du, bueltan-bueltan Arrakogoitiko leporaino. Guk zuzenean jaistea erabaki dugu, legar artetik. Bernek igarriko dute bihar!

2019-09-13_kartxela (16).jpg

Ahuntz-bidea da, eta sarrioak agertu zaizkigu ezker-eskuma, ea zertan gabiltzan euren ingurumarietan.

2019-09-13_kartxela (17).jpg

Azken zatia besterik ez da falta. Belarrak eta txilarrak agertzen dira harri txingarren ordez, beherago belargune zabalak. Handik behera, berriro helduko gara Arrakogoitiko lepora, eta igotzeko erabili dugun bide beretik jaitsiko gara autoraino.

2019-09-13_kartxela (18).jpg

Egun ederra izan da. Leku ikusgarria, eta lagun artean. Ezer hoberik!

Ganekogorta (999 m) Laudiotik #100mendi #79

Asier Sarasua 2019/09/14 00:00

Euskal Herriko mendi igo eta ezagunen artean dago Ganekogorta (Arrankudiaga, 999 m), jakina. Bilbo gainean egoteak, eta bere kokapen isolatu samarrak, ikuspegi ederrak eskaintzen ditu Euskal Herriko mendebalde hartan.

Aspaldi igotzekotan eta aurtengo udan egin dugu. Bilbotik edo Laudiotik ditu igoera arruntenak, eta guk Laudioko Hermuko Santa Maria (edo Santa Luzia) baselizatik ekin genion.

Leku ederra da Santa Luzia baseliza, hain berezia bere lorontzi, geranio eta aparteko kanpandorre txiki horrekin.

ganekogorta-laudio (17).jpg

Aparkelakua baseliza ondoan dago (Laudiotik gora 4 bat kilometroz igoera pikarra gainditu ondoren), eta Ganekogortarako igoera baseliza ondoan hasten da. Ez dago galtzerik: Ganekogortaraino zuzenean eramango gaitu.

ganekogorta-laudio (1).jpg

Hasierako metroek malda gogor samarra, baina 15 minutu egin ondoren, asko lautzen da eta mendi-bide garbi eta erosoa jarraituz egiten da hurrengo tarte luzea.

ganekogorta-laudio (3).jpg

Bidegurutze honetatik aurrera, aldapa berriro handitzen da, eta horrela izango da ia-ia tontorreraino.

ganekogorta-laudio (4).jpg

Zatirik latzena tontorrera heldu baino pixkat lehenago dago, Arrabatxu eta Ganekogorta bitartean dagoen lepora heltzeko. Arnasa lasai hartu, izerdi apur bat bota... eta gora!

ganekogorta-laudio (8).jpg

Behin lepoa eta lautadatxo hau gainditu ondoren, pare-parean ikusiko dugu Ganekogortaren gailurra.

ganekogorta-laudio (9).jpg

Tontorrera hurreratzen joan ahala, ikuspegia zabaltzen da; Bilboko itsasadarra eta Kantauri itsasoa ditugu aurrean.

ganekogorta-laudio (11).jpg

ganekogorta-laudio (12).jpg

Beheruzkoan Arrabatxutik (987 m) igaro gara eta bertan bazkaldu dugu, postontzian txartela laga eta gero.

ganekogorta-laudio (13).jpg

ganekogorta-laudio (15).jpg

Arrabatxu, 987 m.

Urbasako Maiza (1.182 m) eta San Adrian (1.111 m), umeekin #100mendi #75

Asier Sarasua 2019/09/13 00:00
Eder bezain erraza, ia edonork egiteko moduko ibilbide ikusgarria da Lizarragako lepotik San Adrian eta Maiza ingururaino doana.

Urteak ziren Urbasa ingurura joan barik, eta duela aste batzuetako eguraldi zoragarria aprobetxatuta itzuli ginen Sakana eta Lizarralde artean dagoen mendilerro honetara.

Urbasako mendilerroan nahi adina ibilbide aurkituko ditu mendizale eta naturzaleak, zail bezain errazak, baina beti gomendagarriak. Guk 10 km inguruko ibilbide zirkular txiki bat egin genuen, Lizarragako lepoa eta Maiza (1.182 m) lotzen dituena, bidean Ollide (1.134 m) ezezaguna eta San Adrian (1.114 m) ikusgarria igoz.

Autoa Lizarragako aparkalekuan laga genuen. Goiz erdian heldu gara eta lepo dago. Handik mendebaldera txiri-txiri egiten du bideak, inolako zailtasunik gabe, mendi-bide nabarmen batean barrena.

maiza-san-adrian-urbasa (1).jpg

Nahi bada, pista hori jarraituz kilometroak egin daitezke, Altsasutik Lizarrara doan errepidearekin bat egin arte, hainbat kilometro aurrerago, Urbasako kanpin inguruan. Guk geuk, Ollide mendiaren parera heldu baino pixkat lehenago, maldan gora egin genuen, Sakana gainean geratzen den mendi-ahora.

maiza-san-adrian-urbasa (2).jpg

Igoera txiki baten ostean, leihoa ireki eta ikuspegi ahantzezina dakusagu. Sakana dago barrenean; Aralar atzerago. Itzela!

maiza-san-adrian-urbasa (3).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (4).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (5).jpg

Ekialdera begiratuta, Ergoiena ingurua eta Beriain mandoa.

maiza-san-adrian-urbasa (9).jpg

Hortik aurrera, ez da ezer falta Ollideko tontorra zapaltzeko. Hori bai, komeni da bertigo handiegirik ez izatea, zati batzuetan lurra desagertu eta amildegira jausiko zarela ematen du eta. Izan ere, mendi tranpatia da Ollide: alfonbra berdea hegoaldetik begiratuta, baina ehundaka metrotako amildegia iparraldeko hegian.

maiza-san-adrian-urbasa (8).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (10).jpg

Sakana aldeko ikuspegiak beti gure begien parean ditugula, aurrera egiten dugu mendilerroan barrena, eta berehala agertuko da gure begien aurrean San Adrian (1.114 m), paraje hauetako mendirik ezagunenetakoa.

maiza-san-adrian-urbasa (11).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (12).jpg

Bide-txindorrak harri artean egiten du ibilbidearen zatirik gehienetan, baina pagadi txiki batean sartzen da San Adrianera heldu baino pixkat lehenago. Hortxe dago, gure zain.

maiza-san-adrian-urbasa (13).jpg

Hamaiketakoa ondo merezi dugu. Nekez aurkituko dugu leku hoberik begiraleku hau baino.

maiza-san-adrian-urbasa (15).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (16).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (17).jpg

San Adriango baseliza dago tontorrean, Bakaikuko lurretan. Postontzi txiki bat ere bai, Eibarko Klub Deportiboko txartela lagatzeko erabili duguna.

maiza-san-adrian-urbasa (18).jpg

Ordu bete inguru behar izan dugu San Adrianera heltzeko, erritmo apalean. Ia-ia beste horrenbeste dago Maizaraino. Huraxe dugu jomuga, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra hori baita gaur igoko ditugun hiru gailurren artean.

Bidea pagadi batean sartzen da aurrera egiten dugunean, baina laster heldu gara leku irekiago batera. Pirripioentzako leku aproposa dela dirudi eta, bai, talde polita dabil kantuan, bakoitza bere eremuan, ipuru eta ezpelen gainean, nor bere lurraldea aldarrikatuz. Sai arreak ere ugariak dira eta beste harrapakari batzuk ere ikusten ditugu, abendu zein miru, belatxinga, buztangorri eta buztanzuriekin batera.

maiza-san-adrian-urbasa (19).jpg

Maizara igotzeko azkenengo zatia bidexka batean gora egin behar da. Azkenengo metroak dira. Bitartean, Beriain hortxe dago, adi, beti guri begira.

maiza-san-adrian-urbasa (20).jpg

Eta heldu gara tontorrera. Maiza, bere 1.182 metroekin, ingurune honetako tontorrik garaiena da, eta baita 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra ere. Heldu gara. Mendebalderantz ikuspegi zabala irekitzen da, Urbasa-Andia mendilerro eta parke naturaleko larre eta pagadi amaigabeekin.

maiza-san-adrian-urbasa (21).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (22).jpg

Itzultzea bakarrik falta da. Oraingoan bide guztia beheko partetik egingo dugu, tontorrik tontor ibili barik. 

Gure 75. tontorra da 2015ean hasi genuen 100 mendien bidaian. Merezi izan du.

maiza-san-adrian-urbasa (24).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (25).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (26).jpg

Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Asier Sarasua 2019/08/08 16:55
Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Opilioia

Aurrekoan, mendian bazkaltzen geniharduela, kili-kiliak igarri genituen bernetan. Mahai azpian kuku egin eta hantxe, ehundaka opilioi guri begira.

Opilioiak araknidoen taldeko (Arachnida klasea) orden berezi bat dira, gainontzeko araknidoetatik (armiarmak, eskorpioiak, akaroak,...) aparte sailkatzen direnak Opiliones ordenaren barruan.

6.500 espezie inguru deskribatu dira mundu osoan barrena, gehienbat alderdi tropikal eta hezeetan. Euskal Herrian ere, batez ere ingurune hezeetan bizi dira. Araknidoak diren arren, euren gorpuzkera ez da armiarmena. Izan ere, buruaren (prosomaren) eta gorputzaren (opistosomaren) arteko bereizketa ez da garbia (armiarmetan bezala), eta gorpuzkera esferikoa daukate. Gorputzez txiki samarrak dira (zentimetro batetik beherakoak, oro har), baina oso hanka luzeak dituztenez, 10-15 cm arteko diametroa izan dezakete.

Hankak oso fin, luze eta malguak dituzte. Arrisku egoeretan autoanputazioa egiten dute, hankak nahita "askatuz". Sugandilek buztana nola, opilioiek hankak hola. Hortaz, kontuz hartu eta erabili behar dira, hankak galtzerik nahi ez badugu.

Espezierik gehienak orojaleak dira. Armiarmek ez bezala, ez dute pozoirik.

opilioiak 01

opilioiak 02

opilioiak 03

EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Asier Sarasua 2019/08/05 10:10
Eibarko emaitzen behin-behineko aurrerapena.
EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Eibar-Elgoibar laukitxoa, 10*10 km.

2016. urteaz geroztik Euskal Autonomia Elkarteko atlas ornitologikoa osatzen aritu gara hainbat erakunde, elkarte eta bolondres. Aranzadi Elkartea da sustatzaile nagusia, eta herrialde bakoitzean elkarte bat dago koordinazio-lanak egiten (Itsas Enara Ornitologia Elkartea Gipuzkoan, Sociedad Ornitológica Lanius Bizkaian eta Arabako Natur Institutua Araban).

Euskal Erkidegoa 10*10 km-ko laukitxoetan banatu da eta horietako bakoitzak arduradun bat dauka, gehienetan ornitologo bolondres bat, beste kasu batzuetan Aldundiko Basozainak. Arduradun horrek, metodologia jakin bat jarraituz, bertan habia egiten duten hegazti espezieak detektatu behar ditu, datu kualitatibo eta kuantitatiboak lortuz. Ondoren datu guztiak gurutzatuko dira, beste behaketa batzuetako datuak ere erantsiko zaizkie, eta Euskal Herriko hegazti habiagileen inguruan sekula izan dugun argazkirik zehatzena jasoko dugu.

Euskal Atlas Ornitologikoa

Horretan jardun dugu 2016-2019 artean hainbat eta hainbat lagunek, 4 udaberritako goizetan mendira joan eta datuak jasotzen. Gipuzkoa ia erabat amaituta dago eta Bizkaia ere bideratuta. Arabako behaketa bukatzeko beste urte bete beharko da, ziurrenik, eta agian beste bat datuak argitaratu ahal izateko. Baina bilketaren zatirik handiena eginda daukagu dagoeneko.

Albiste zoragarria da, hortaz, euskal ornitologoentzat, gure lurraldean bizi diren espezieen egoera ezagutzeko datu apartak emango dizkigulako sekula egin den behaketa zabalena den honek. Zer espezie bizi diren gurean, zein habitatetan eta zein kopurutan. Lehenago ere egin dira antzeko zenbait zentso eta atlas, baina sekula ere ez hain bilketa sakon, zehatz eta orokorrik.

Pena bakarra, betikoa: EAEko datuak bakarrik lortuko ditugula. Oker ez banago, Nafarroan ere bada antzeko egitasmoren bat. Iparraldean, aldiz, ez daukagu datu berezirik, beti Akitaniako datuen barruan jasotzen ditugulako hango datuak. Hegaztiek ez dute mugarik ezagutzen, baina gurean mugak hertsiak dira gero!

Esan bezala, oraindik pare bat urte beharko ditugu emaitzak jasotzeko, baina behin-behineko datuak baditugu honezkero. Esate baterako, hona hemen niri egokitu zaidan eremukoak (Eibar-Elgoibar-Markina arteko 10*10 km-ko alderdi hau).

 

WN48 kuadrikularen behin-behineko datuak (Eibar-Elgoibar-Markina)

Labur-labur, hona hemen zenbait datu:

  • Orain arteko behaketa eta ikerketen arabera, 95-100 espezie inguru ikusi daitezke urtean zehar ingurumari honetan. Horietatik 50-60 dira arruntak eta bertan kumatzen direnak. Azken 4 urteotan jasotako datuen arabera, 60 espezieko langa ere gaindituko da.
  • Espero ziren 50 ohiko eta arruntenak agertu zaizkit Eibarko laukitxoan (Sacin eta Sacre programetan aipatu izan ditut horietako gehienak).
  • Beste 25 espezie "zail" edo zalantzazkoen artean zeuden. Horietatik 10 gurean kumatzen direla baieztatu ahal izan dugu: pagausoa, hesi-berdantza, okil txikia, uhalde-enara, ur-zozoa, etze-txinboa, txio arrunta, errekatxindorra eta, beharbada, baita gabiraia eta baso-txinboa ere.
  • Gainera, beste 6 espezie ere behatu ditugu Eibarren azken 4 urteotan eta kumatze-sasoian, baina nekez kumatuko dira gurean, batez ere habitat egokirik ez dadoelako: sai arrea, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, okil beltza eta euli-txori beltza.
  • Horietaz gain, baliteke beste espezie bakanago batzuk ere tarteka alderdi honetan bizitzea eta, agian, ugaltzea. Nik neuk ez dut lortu horien aztarrenik, baina beste behatzaile batzuen datuak ere gehitu behar direnez, baliteke azkenean hauetarikoren bat ere agertzea, esate baterako, ihi-txoria (Eibartik hurrean ikusi izan dugu), hontz zuria (ziur nago bikoteren bat badela gurean), ur-martina (kumatze-garaitik kanpo sarri ikusten da gurean), haitz-enara (garai batean urtero kumatzen zen Eibarren bertan) edo kaskabeltz txikia (Akondia inguruko pagadiak inguru aproposa izan daitezke espezie honentzat).

Laburbilduz: 64 espezie ikusi ditugu Eibarren eta horietako 55-60 espezie kumatzaile izango dira gure laukitxoan. Beste dozena bat ere, beharbada, tarteka kumatuko dira gurean. Behin-betiko emaitzen zain!

Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Asier Sarasua 2019/08/01 13:50
Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.
Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Armaku mendilerroa, Araba

Euskal Mendizale Federazioaren 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu eta, horri eskerrak, besteak beste, Euskal Herriko hainbat eskualde eta paraje eder (eta guretzat ezezagun) ari gara bisitatzen. Udaberriko irteeren artean, esate baterako, Arkamu mendilerroa ezagutu genuen. Arkamuko Repico (1.188 m), Peña Colorada (1.131 m) eta Coronas (1.168 m) tontorrak igo genituen.

Arkamu mendilerroa Araba mendebaldean dago, Burgosko mugatik nahiko hurrean. Kuartangotik eta Gaubeatik ditu igoera edo sarrera nagusiak eta guk Kuartangoko Arriano auzunetik ekin genion igoerari.

Arriano dozena erdi etxeko herrigunea da. XIII. mendeko Done Erroman eliza polita dauka erdian, eta aparkaleku txiki bat ondoan. Hantxe laga genuen autoa eta herri amaieran dagoen pistatik gora egin genuen, sakanean barrena.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 01

Malda dago, baina bide erraza da (mendi-bidea, abeltzain eta ehiztarien ibilgailuentzat pentsatua), pinu eta pago artean. Bista ederra dago une oro, parean Corona gailurra eta Arkamu mendilerro osoa ikusten ditugularik. Mendi-inguruneetako hegaztiak dabiltza gure buruen gainean, sai, belatxinga, okela-bela, haitz-enara eta abarrak.

Repico eta Arkamu mendilerroa

45 minutu inguruko igoera tentearen ostean Arkamu mendilerroko lautadara helduko gara, Melaria edo Pozo Portillo izeneko lepoa gaindituta. Hemendik aurrera ez dago bide nabarmen-nabarmenik, inguru zabala da, goi-lautada tipikoa, ipuruz, elorriz eta txilarrez estalita. Parean ditugu Arkamu mendilerroko gailur guztiak. Repico (1.188 m) da garaiena, baina gainontzekoak ere ez zaizkio gelditzen urrutiegi. Behin lautadara helduta, gailurrak bertan daude, 15-20 minutuko igoera besterik ez da behar.

Peña Colorada da gainditu dugun mendi-lepotik hurren geratzen zaigun gailurtxoa eta hantxe hartuko dugu hamarretakoa, igo berri dugun sakonunea begien aurrean daukagula. Han barrenean, Kuartango ingurua.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 02

Pirripioak kantuan entzuten ditugu eta, behin hamarratekoa hartuta, aurrera jarraituko dugu. Arkamuko lautada osoa inguratzea erabaki dugu, lehenengo iparralderantz eta gero, pareko maldatik gora, Repico eta Coronas gailurretarantz. Ttipi-ttapa, ordu bete inguruan eman diogu itzulingurua lautadari eta Repicoraino heldu gara.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 05

Goiko lautadan tuntunak, pirripioak eta pitxartxarrak bizi-bizi ari dira kantuan, udaberriak hala eskatuta. Arrano eta miruak dabiltza hegan, azeriak eta basahuntzak ere ikusi ditugu sari artean. Leku ederra da pasiatzeko. Aztarna etnografikoak ere ugariak dira, otsoak harrapatzeko tranpak eta artzainek ehunka urtean lagatako ondare etnografiko eta historikoa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 03

Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 06

Argazki gehiago Flickr-eko bilduman: Repico (Arkamu).

Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Asier Sarasua 2019/07/21 10:25
Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Argazkia: Wikipedia.

Adin batetik gorakoak zaretenok ondo gogoratuko duzue zelan jaisten ziren gure erreka eta ibaiak orain dela 40-50 urte. Deba ibarrean, esate baterako, kolorez janzten ziren Deba eta Ego errekak astero, gaur gorri, bihar berde, etzi beltz,... aste horretan izandako isurketa eta kutsaduraren arabera. Gure erreka guztiak zeharo kutsatuta zeudelako garai haretan.

Beste hainbat esparrutan ez dugu asko aurreratu, zoritxarrez, baina ibaietako uren kalitatea izugarri hobetu da azken hamarkadotan, eta hobekuntza horrekin batera itzuli dira gure erreka-bazterretara uhalde-enarak (Riparia riparia), Europako beste hainbat eskualdetan ikusi den joeraren antzera (zabalkundean dagoen espeziea dela ematen du).

Enara arrunten antzekoa da, baina txikitxoagoa, arreagoa, bere iduneko nabarmenarekin. Ibai inguruetan bizi da, erreka-bazterretan aurkitzen dituen zuloetan kumatuz eta ur gainean aurkitzen dituen zomorroak janez.

Hemen Elgoibarren jasotako irudi batzuk:

 

Ugaritzeko arrazoietako bat uraren kalitatea hobetzea izan da, baina egoera berrira egokitzeko gaitasunak ere lagundu die uhalde-enarei, gizakiak sortutako egituretara ohitu baitira. Jatorriz erreka aldamenetan aurkitzen dituen lubakietan egindako zuloetan egiten du habia, baina azken urteotan porlanezko hormetan aurkitzen dituen zuloetan hasi da kumatzen.

Horrela, enara espezie gehienak gure inguruan urritzen ari diren bitartean (enara arruntak, azpizuriak eta haitz-enarak), erreketako enaratxo txiki hau nabarmen ugaritu da azken 20 urteotan. Gure eskualdean, esate baterako, ia-ia ezezaguna izatetik, herri guztiak kolonizatzera igaro da. Bergarako koloniak baditu zenbait urte, baita Markinakoak ere, Elgoibarkoa ere ugari samarra da (kolonia bi badira, barrena) eta Soraluzen ere aise ikusten dira Deba ibaiaren bazterretan. Eta, hara non, aurten Eibarren ere aurkitu dugu kolonia txikitxo bat, Otaola inguruan, Ego errekan xixtrinean, Mercadona berriaren ostean. 10-15 enara ikusi ditugu egunero eta kumaldiak ere atera dituzte aurrera, ale jaio berriak ere ikusi ditugulako. Ego errekan, aizuek!

Ugaritzen ari zaigula erreketako enara, hartara. Baina tira, oraindik ez gara heldu Araba-Nafarroa erdi eta hegoaldean ikusi daitezkeen kolonietara, begiratu bestela ondorengo bideoa ;)

Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2019

Asier Sarasua 2019/07/20 15:55
Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2019

SACRE, Eibar 2015-2019

Azken urteotako ohiturari jarraituz (hemen 2018ko datuak), aurten ere ekin diogu SACRE programari. Espainiako SEO (Sociedad Española de Ornitología) elkarteak gidatzen du SACRE programa (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras).

2015ean hasi nintzen bertan parte hartzen, Gipuzkoako WN4080 laukiko datuak jasoz, Eibar-Elgoibar-Etxebarri inguruko laukitxoa, alegia (10*10 km-ko lauki bat da behatzaile bakoitzak aztertu beharrekoa).

Metodologia erraz bat jarraituz, eta 20 behaketa-puntu zehaztuta, urtero ibilbide berdina egin behar da, norbere eremuan bizi diren hegaztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).

Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, esan bezala, SACRE. Bata eta bestea eginez, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiten da, euren bilakaera aztertzeko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko.

 

SACRE 2019, Eibar-Etxebarri-elgoibar

Hona hemen aurten jasotako datuak. Ez da egon ezusteko handirik: ohiko espezie-kopurua (44 espezie aurtengoan) eta txori-kopurua eta ohiko zenbakietan (688 txori).

Zeozer aipatzekotan, uda-txirtarik eta garraztarrorik ez dudala ikusi aurtengoan, lehenengoz, baina gainontzean ohiko datu eta behaketak izan ditugu 2018ko udaberrian. Urtero bezala, espezie arruntenak dira ugarienak, jakina: txepetxak, txioak, txantxangorriak, zozoak, sorbeltzak, belabeltzak, eta abar.

Hemen zerrenda guztia.

Espeziea 2015 2016 2017 2018 2019 Guztira
Basahatea 34 41 74 55 34 238
Miru gorria 0 0 2 0 0 2
Sai arrea 8 3 6 10 5 32
Gabiraia 0 0 1 0 0 1
Zapelatza 2 3 3 3 5 16
Arrano txikia 0 0 0 2 0 2
Uroiloa 3 4 3 2 1 13
Kaio hankahoria 1 0 6 2 0 9
Etxe-usoa 26 69 32 45 27 199
Pagausoa 3 0 0 4 3 10
Usapal turkiarra 6 10 8 7 7 38
Kukua 4 2 3 2 3 14
Sorbeltza 87 191 105 121 155 659
Okil berdea 3 2 5 4 3 17
Okil handia 1 0 1 0 2 4
Uhalde-enara 0 31 20 12 28 91
Haitz-enara 3 0 0 0 0 3
Enara arrunta 4 5 7 0 9 25
Enara Azpizuria 14 19 16 24 15 88
Uda-txirta 6 5 1 1 0 13
Buztanikara horia 4 7 6 2 4 23
Buztanikara zuria 10 7 6 5 4 32
Ur-zozoa 0 2 0 0 1 3
Txepetxa 29 38 38 46 39 190
Txantxangorria 18 18 17 30 25 108
Buztangorri iluna 8 7 5 19 15 54
Pitxartxarra 0 4 5 3 3 15
Zozoa 45 37 37 49 35 203
Birigarroa 9 8 13 5 12 47
Garraztarroa 0 1 1 0 0 2
Erreka txindorra 0 0 0 0 2 2
Sasi-txoria 3 0 1 3 3 10
Txinbo burubeltza 0 19 18 6 13 56
Txio arrunta 0 0 0 1 0 1
Txio iberiarra 14 16 11 13 15 69
Erregetxoa bekainzuria 3 5 5 5 2 20
Euli-txori grisa 2 1 1 0 2 6
Euli-txori beltza 0 2 0 0 0 2
Buztanluzea 0 3 2 2 0 7
Amilotx mottoduna 3 2 0 0 0 5
Pinu-kaskabeltza 1 1 2 1 1 6
Amilotx urdina 0 2 0 1 0 3
Kaskabeltz handia 13 18 17 25 11 84
Garrapoa 1 0 0 0 1 2
Gerritxoria 4 5 3 4 5 21
Antzandobi arrunta 1 3 0 3 1 8
Eskinosoa 2 2 0 2 2 8
Mika 0 0 0 1 2 3
Belea 31 32 41 26 36 166
Erroia 0 0 1 0 0 1
Hormatxoria 29 39 43 29 60 200
Txonta 36 37 42 39 48 202
Txirriskila 21 10 8 5 11 55
Berdeloia 0 0 1 3 2 6
Kardantxiloa 18 25 23 12 22 100
Txoka 0 3 0 0 1 4
Fruta-batzailea, gailupa 2 0 3 1 1 7
Espezieak 40 42 43 45 44 58
Aleak 512 739 643 635 688 3.217

Beruak jotako frutabatzaile (P. pyrrhula) gaztia topatu genduanekua

Asier Sarasua 2019/07/19 08:45
Seguru gogoratzen dozuela orain dala aste batzuetako beroaldixa. Sargori erria egin zeban egun batzuetan, eta hara nun topatu genduan frutabatzaille gaztia beruak ittota.

Frutabatzailliak (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) baso umeletan bizi dira eta leku freskuak gustatzen jakuez. Herrigunietan be gitxittan ikusten dira, ez dira eta asfaltozaliak. Hartara, normala beruak jotako txori ar gazte hau iparra galduta ibiltzia. Lurrian topatu genduan, Eibar erdixan, porlan gaiñian geldi-geldi, kopin bat edo fosil lumatsua zirudixala. Arnas estuka. Erdi-hilda.

"Honenak ein jok!", pentsatu genduan, baina kerizpera eruan eta berpizten ahalegindu giñan. Leku frexko moduko batera eruan, ur pixkat emon, lasai-lasai laga,... eta kostau bajakon be, gure pozerako, berrindartu zan txikixa eta ordu bete ingurura hantxe juan zan hegan.

 

Frutabatzaillia (gailupa, P. pyrrhula)

Gure basuetako biztanlia da gailupa edo frutabatzaillia (hementxe txori honen izen mordoxkia, Txoriak.eus webgunian). Europa osuan bizi da, zuhaizti eta basuetan, baina lurralderik beruenetan nekez ikusten da (Euskal Herriko hegoaldian, esate baterako).

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 02

Fringiliduen familixakua da, kardantxillo eta paranden taldekua. Ez hain kantari ona, ostera; fiuu motel eta melankolikotxo batzuk besterik ez dittu botatzen gehixenetan. Arra kolore bizi ederretakua da (burubaltz, papargorri, hegourdin, orban zurixekin); emia dexente apalagua kolorez. Bixak be ederrak, pottokuak, euren begi baltz ilunekin eta hazixak txikitzeko darabilen moko lodi-motzakin. Bata ikusten badozu, bestia be inguruan ibiliko da, gehixenetan alkarren onduan dabizelako ar-emiak.

Ixil samarrak dira, eta ez ugariegixak, baina ez da zaila frutabatzailliak ikustia Euskal Herriko eskualderik gehixenetan, lotsabako samarrak be badira eta.

Frutarbolen ernamun eta pipittak jaten amorratua da gero, frutabatzaillia. Izan albertxigo, frixku, okaran edo txori-keixa, txori txiki honek goittik behera lumatuko dittu topatzen dittuan frutarbola guztiak. Bestela, hazixak, lorak eta frutak be jaten dittu, urte-sasoian arabera.

Izena be hortitxik jaso dau herririk gehixenetan, bere zaletasun horretatik: brisko-txori, frutabatzaile, hazibatzaile, lorebatzaile, lorejale, loretxori, mertxika-txori, motabatzaile, motatxori, muxikatxori, pipitajale... edo baitta bere papar gorri deigarrixagaittik be: azpigorri, neguta gorri, paranda gorri, txorigorri, eta abar.

Hamentxe, Roberto Isasi zanari jasotako pasarte txiki bat: "Joe! Honek frutabatzailliok... Basarrittarrak jetsek amorro bat...! Loria jaten jok horrek, udabarrixan melokotoiak loran, eta honek, "ttuk-ttuk", dana barrura. Eta kardua be bai. Nik txakurrak dakarazen lekuan, han karduak urten, eta frutabatzailliak beti han dagozak".

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 03

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 01

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 04



Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz